215. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, nekazaritzako elikagaien sektorera zuzendutako SIAL 2026 azokan parte hartzeko.

Azoka Parisen izanen da 2026ko urriaren 17tik 21era.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, hobetu nahi du Nafarroako Foru Komunitateak eta haren enpresek nazioartean duten posizionamendua. Plan horretan, identifikatu da zer herrialdetan jarri behar duten indarra nazioartekotze-ekintzek. Herrialde horien artean, Frantzia da lehentasuna duenetako bat, aukera handiak eskaintzen baitizkio nekazaritzako elikagaien sektoreari.

Frantzia Europar Batasuneko herrialde garrantzitsuenetako bat da merkatuari dagokionez, Espainiako elikagaien esportaziorako lehen merkatua baita. Portugalekin, Italiarekin, Alemaniarekin eta Erresuma Batuarekin batera, esportazioen %60 baino gehiago biltzen dute bost herrialde horiek.

Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2026rako ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea SIAL 2026 nazioarteko azokan. Azoka hori Parisen eginen da, urriaren 17tik 21era.

Nekazaritzako elikagaien sektorean, munduko hitzordurik garrantzitsuena da SIAL. Parisen egiten da bi urtean behin, eta profesionalei soilik dago zuzenduta. Bertan izan ohi dira 130 herrialdetatik gorako 7.500 erakusketari. Bisitariak (265.000) –nekazaritzako elikagaien sektoreko profesionalak– azoka horretara joaten dira teknologia berriak eta produktu zein hornitzaile berriak ezagutzeko asmoz. Bisitarien %85 Frantziatik kanpokoak dira, eta horrek erakusten du azoka gehienbat nazioartekoa dela.

SIAL Paris azokaren 2026ko edizioan, Nafarroako Gobernuak gune bat izanen du Gourmet eremuan.

–Ekintzaren helburuak:

  • "Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreko irudi batu, profesional eta erakargarria eskaintzea azokan.
  • Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen nekazaritzako elikagaien sektorea nazioartean.
  • Laguntza instituzionala ematea nekazaritzako elikagaien sektoreari, nazioartean garatu dadin.
  • Negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen bai egungo bezeroekin bai etorkizunean bezero izan daitezkeenekin ere.

Sektorea/segmentua:

  • Nekazaritzako elikagaien sektorea.

–Ekintzaren edukia:

1. Nafarroako enpresentzako tokia, Gourmet eremuan egonen den "Nafarroa" erakustokiaren barruan.

2. Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera ematea, jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioarteratzeko.

3. Parte hartzen duten entitateak sustatzea eta zabaltzea, "Nafarroa" erakustokiaren barruan.

4. Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

Nafarroako Gobernuak ez du ordainduko azokako entitate koerakusketariaren tasa. Gainera, enpresa bakoitzaren bidaia-, otordu- eta ostatu-gastuak edo bestelako gastu berekiak entitate parte-hartzaileek ordainduko dituzte.

–Parte hartzeko baldintzak:

1. Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreko balio-kateko entitatea izatea. Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

2. Nafarroan izatea egoitza bat, edo helbide soziala, eta bertan garapen edo ekoizpen lanak gauzatzea.

3. Web orria ingelesez eta frantsesez izatea izena emateko unean.

4. Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez eta frantsesez dakiena, SIAL azokaren aurretik, arreta emanen duena azoka bitartean eta bukatu ondoren (curriculuma erantsi).

–Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2025eko abenduaren 1eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.

–Jakingarriak:

SIAL azokako ekintza honetan gehienez ere hamabi eta gutxienez ere sei parte-hartzaile izanen dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

SIAL azokan beren kasa eta Nafarroako erakustokitik kanpo dauden enpresek "Nafarroa" erakustokian parte hartzeko aukera izanen dute baldin toki hutsik badago.

Taldean, produktu-tipologia bereko bi enpresa izanen dira, gehienez ere. Baldin eta gehieneko enpresa kopurua betetzen ez bada, tipologia bereko enpresa gehiago onartzen ahalko dira, eskaera-ordenaren arabera, onartutako enpresen gehieneko kopurura iritsi arte.

Hiru edizio jarraian Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez azoka honetan parte hartu duten enpresak itxaron zerrendan geldituko dira, baldin eta izena eman duten enpresa kopurua hamabitik gorakoa bada.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

  • Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
  • Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.
  • Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
  • Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.
  • Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2513304