215. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1069E/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Horren bidez, ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egiten da Ribaforada Energy Ribaforada SLU enpresak Ribaforadako udalerrian sustaturiko "Híbrido Ribaforada" parke eolikoaren eta hari lotutako baterien bidezko biltegiratze sistemaren proiektuari buruz, 13,20/66 kV-ko Ribaforada TAEra bitarteko ebakuazio azpiegitura barne.

Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 3. taldean (industria energetikoa), j) letran, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar du.

1.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera, 2019ko abuztuan, Nordex Energy Spain SAUk eskaera bat aurkeztu zuen, Ribaforadako udal-mugarteko azterketa eremuan dagoen haize-sorgailu baten ingurumen inpaktuaren azterketaren irismen dokumentua egiteko, eta 2019ko abenduaren 18an irizpena eman zen.

Ribaforada Energy Ribaforada SLUk 2023ko uztailaren 21ean aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari "Híbrido Ribaforada" parke eolikoaren eta hari lotutako baterien bidezko biltegiratze sistemaren proiektua, 13,20/66 kV-ko Ribaforada TAEra bitarteko ebakuazio azpiegitura barne, bai eta dagokion ingurumen inpaktuaren azterketa (IIA) ere.

21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, organo substantiboak espedientea jendaurrean jarri zuen 30 egunez, 2023ko abuztuaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (211. zk.) iragarkia argitaratuta. Aldi berean, kontsultak egin zitzaizkien proiektuak ukitzen zituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ezarritako epea igarota, lau alegazio eta sei txosten jaso ziren, horietako bi epez kanpo, eta I. eranskinean laburbildu dira.

Jendaurreko aldia akitu ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako alegazio eta txosten sektorialak bidali zizkion sustatzaileari. 2023ko abenduaren 11n, Ribaforada Energy Ribaforada SLUk txosten eta alegazio horiei emandako erantzunak aurkeztu zizkion organo substantiboari.

Ondoren, 2024ko azaroaren 4an, eta egindako txosten sektorialak kontuan hartuta, sustatzaileak proiektu eta ingurumen inpaktuaren azterketa aldatuak aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Proiektu berrian, haize-sorgailua lekualdatzen da; horregatik, aldatutako proiektu horretarako aurretiazko administrazio baimena, ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eta lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko baimena eskatu zituen.

Organo substantiboak beharrezkotzat jo zuen informazio publikoaren eta dokumentazio berriaren kontsulten bigarren izapide bat egitea. Hori dela eta, dokumentazioa jendaurrean jarri zuen, 2024ko abenduaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (130. zk.) iragarkia jarrita, eta kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Ezarritako epea igarota, alegazio bat eta zazpi txosten jaso ziren (I. eranskinean laburbildu dira), eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileari bidali zizkion.

Azkenik, 2025eko apirilaren 2an, Ribaforada Energy Ribaforada SLUk organo substantiboari aurkeztu zizkion jendaurreko informazioaren bigarren izapidean aurkeztutako txosten eta alegazioei emandako erantzunak, aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa, eta eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenari ekiteko.

2.–Proiektuaren deskribapena.

Proiektu osoa Ribaforadako udalerrian eginen da, eta haize-sorgailuaren kokapena zera da, gutxi gorabehera: X: 622.767, Y: 4.646.892 (UTM ETRS89 (HUSO 30) koordenatu sistema).

Proiektuak haize-sorgailu bakarra hartzen du barne, 170 metroko diametroko eta 165 metroko altuerako errotorea duen Nabrawind dorre baten gainean. Energia baterien bidez biltegiratzeko modulu bat izanen du haize-sorgailuaren ondoan, sortutako energia biltegiratzeko. Nabrawind dorrea saretazkoa izanen da, eta altzairuzko hiru dorretan zimendatuko da. Energia biltegiratzeko moduluak 675 m²-ko azalera hartuko du, 2,3 metroko altuerako sare metalikoz hesituta egonen da, eta haren zutoinak hormigoizko dadoen bidez finkatuko dira lurrera.

Haize-sorgailuaren eta energia biltegiratzeko moduluaren erdi tentsioko zirkuituak kontrol, babes eta neurketa zentroan bilduko dira, eta hortik abiatuko da 13,20 kV-ko lurpeko konexio elektrikoa. Horren bidez, haize-sorgailuan sortutako edo biltegiratze sisteman biltegiratutako energia garraiatuko da I-DEren 13,20-66 kV-ko Ribaforada TAE banaketa azpiestazioraino. Linea elektriko hori sarbideen barrualdetik joanen da, edo haiekiko paraleloan, albotik.

Ribaforadako Valcarce gasolina-zerbitzugunearen atzeko sarbidetik sartuko da parkera, zeina NA-3042 Cascante-Ablitas-Ribaforada errepidearekin lotzen baita. Sarbideen sare bat diseinatu da. Sare horrek beharrezko baldintzetara egokitu beharreko lehendik dauden bideen 2,2 km inguru erabiltzen ditu, eta 0,9 km inguru bide berriak izanen dira.

Materiala biltzeko eremu osagarriak eta obra txabolak laborantzako lursailetan paratuko dira, eta lursailok obra zibila azkendu ondoren lehengoratuko dira.

Proiektua eraikiko den gunea legar-hobi abandonatu zahar batek okupatzen du erabat. Legar-hobi horrek landare geruza urria du, eta ez da nekazaritzarako erabiltzen. Gaur egun, eremu narriatuetako ohiko espezie erruderalen larreek estaltzen dute. Harrobia ureztatuko belarki laboreen alor landuz inguratuta dago, eta eremu osoak orografia laua du, %3tik beherako maldekin.

3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

–Alternatiben azterketa:

Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentuak barnean hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Sustatzaileak 0 alternatiba baztertu egiten du eragin negatiboa duelako energia berriztagarrien sustapenean, eta ez duelako energia berriztagarriak sortzeari dagokionez proposatutako hobekuntza helburuak betetzen laguntzen. Horrek kutsadura eta mendekotasun energetiko handiagoa ekarriko luke, bai eta berotegi-efektuko gasen ekoizpena handitzea ere.

Beste hiru aukerak elkarrengandik nahiko hurbil daude, eta kasu guztietan eragin bakarra nekazaritzarako lurzoruen gainekoa da, natura intereseko eta/edo babestutako guneak aldatzea eta gauzatzeko lur-mugimendu handiak egitea saihestuz.

Alternatiba aukeratzeko, sustatzaileak irizpide anitzeko azterketa bat egin du, ingurumeneko hainbat alderdi kontuan hartuta. 2. alternatiba aukeratu da, ingurumenean eragin txikiena duena delako, 13,20-66 kV-ko Ribaforada TAE azpiestaziotik hurbil dagoelako, interkonexio linea lurperatuta eginen delako, eta jatorrizko lurzoruaren erabilerak eta lehendik dauden azpiegiturek asko aldatu duten eremu batean eraikiko delako.

–Atmosfera: airearen kalitatea eta soinuak.

IIAren arabera, eraikuntza fasean hauts partikulen emisioak dira nabarmentzekoak, baita atmosferara isuritako gasak ere, obra zibila egitearen ondorioz. Hala ere, horien eragina bukatuko da obrak bukatzean, eta, IIAn adierazten den bezala, lur-mugimendu gutxi egonen direnez eta obretan esku hartuko duten makinak egoera onean egonen direla kontuan hartuta, sustatzaileak bateragarritzat jo du inpaktu hori, eta hondar-inpaktua ez esanguratsutzat. Eraispen faseko eragina antzekoa izanen da, eta funtzionamendu fasean ez da esanguratsua izanen.

Zaratari dagokionez, eraikitzeko eta eraisteko fasean makina astunak erabiltzeak inguruko zarata mailak handitzea ekarriko du. Hala ere, zarataren eragina mugatua eta ezarritako mugen barrukoa izanen denez eta biziguneekiko eta jendea bizi den eremuekiko distantzia nahikoa egonen denez, fase horietan izandako eragina bateragarritzat jo du IIAk, eta hondar-inpaktua ez esanguratsutzat.

Ustiapen fasean, haize-sorgailuak eta energia metatzeko eremuak (hozte ekipoen ondorioz) sortutako soinuak zarata maila handitzea ekarriko du. Hala ere, IIAren arabera, haize-sorgailuak eta biltegiratze eremuko eta transformazio zentroetako baterien hozte ekipoek funtzionatzeko teorikoki kalkulatutako soinu mailetako batek ere ez ditu indarreko araudian ezarritako atalaseak gaindituko. Gainera, biziguneekiko eta jendea bizi den eremuekiko distantzia kontuan hartuta, sustatzaileak bateragarritzat jo du inpaktua, eta hondar-inpaktua ez esanguratsutzat.

–Geologia, geomorfologia eta edafologia:

Ingurumen dokumentuaren arabera, jarduketak 2,29 ha okupatuko ditu guztira. Horietatik, 1,22 ha berritu beharreko bideei dagozkie, 0,54 ha lehendik dagoen bide asfaltatuari, eta gainerako 0,47 ha-ak instalatu beharreko ekipoek okupatuko lituzkete. Okupazio horiek hondar-okupazioaren ehuneko bat dakarte eremu degradatu batean (legar-hobi zaharra).

Okupazioaz gain, detektatutako inpaktu nagusiak lurraren aldaketa morfologikoak, higadura arriskua indartzea (lur-mugimenduen eta landare estalkia kentzearen ondorioz) eta lurzoruen trinkotzea eta kalitatea aldatzea dira.

Ezarpen eremuaren morfologia, funtsean, laua da, edo malda txikikoa (< %3); beraz, instalazioa eraikitzeko lur-mugimenduak eta eragindako aldaketa geomorfologikoak eta higadura arriskua oso txikiak dira. Gainera, bide berriak egitearen ordez, lehendik dauden bideak birgaitzea proposatu da, eta haize-sorgailuaren eta energia biltegiratzeko eremuaren plataformak eremu ez-produktibo lau batean eraikiko dira, intereseko landaredi naturalik gabekoa (legar-hobi zaharra). Era berean, ebakuazio azpiegitura lehendik dauden bideen bazterretatik edo barrualdetik igaroko da, malda txikiko lurretan.

Ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, faktore horietan izanen diren eraginak bateragarritzat jo behar dira.

–Europar Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Ingurumen dokumentuaren arabera, ezarpen eremua abandonatutako legar-hobi zahar bat da, eta ez da nekazaritzarako erabiltzen. Bertan, gainazaleko landare-geruza urria dago, eta beraz landaredi naturala interes gutxikoa da. Espezie kolonizatzaile eta erruderalez osatutako larre-geruza urria da nagusi, sisailo edo isats sastrakadiren batekin, bai eta milazka eta kanaberadi batzuekin ere eremu hezeenetan.

Bestalde, ebakuazio linearen trazadura lehendik dauden bideei atxikita eginen da osorik, eta, beraz, ez da aurreikusten landaredi naturalari eragitea. Nolanahi ere, komunitate erruderal nahiko degradatuak dira, interes ekologiko handirik gabeko urteko espezie bizikorrez osatuak.

Proiektuak ez du Europar Batasunaren intereseko ezein habitatetan eraginen, ez eta intereseko edo mehatxatutako floran ere.

IIAn detektatutako inpaktu handienak eraikuntza fasean gertatuko dira, alegia: ukitutako azalera guztietan landare estalkiak alterazioa izanen du eta obra eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatu eginen da. Hala ere, dagoen landarediaren ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu handienak bateragarritzat jo dira, eta hondar-inpaktuak, berriz, ez esanguratsutzat.

–Fauna eta eremu babestuak:

Ingurumen dokumentuan, proiektuaren eragin eremuan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, mota bakoitzerako argitaratutako ornodunen atlasen arabera, eta Espainiako lehorreko espezieen inbentarioaren datu-basearen arabera, 10 km-ko aldea duen UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoa kontuan hartuta. Iturri horien arabera, proiektua kokatzen den laukian 122 ornodun espezie aipatzen dira (3 arrain, 6 anfibio, 11 narrastia, 16 ugaztun eta 86 hegazti).

2022ko azarotik 2023ko azarora bitartean, abifaunaren urteko zikloa aztertu zen. Azterketa horretan, laginak hartu ziren behaketa estazioetatik, oinezko ibilaldiak egin ziren eta ezarpen eremuaren inguruko 5 kilometroko ingurunean ibilgailuen ibilaldiak egin ziren aldizkako geldialdiekin; gainera, abifauna talde jakin batzuentzat azterketa espezifikoak egin ziren, 5 km-tik gorako inguruneetan.

Era berean, 2019ko uztailetik 2020ko uztailera bitartean, abifaunaren urteko zikloa aztertu zen egungo proiektutik oso hurbil dagoen eremu batean. Azterketan, proiektu honen bestelako neurriak dituen baina oso antzeko habitata duen haize-sorgailu baten inguruko fauna ebaluatu zen. Aztertutako eremuko espezieen kopurua eta behaketa maiztasuna egungo proiektuaren azterketan lortutakoak baino txikiagoak izan ziren, ziurrenik laginketa maiztasun txikiagoagatik eta detekzio metodologien desberdintasunengatik.

IIAren arabera, hauek dira eraikuntza faseko eragin nagusiak: habitatak kaltetzea edo galtzea, faunari eragozpenak eragitea, harrapaketen ondorioz hiltzea eta hesi efektua edo konektibitatea galtzea. Inpaktu nagusiak bateragarritzat jo dira.

IIAren arabera, ustiapen fasean sortuko da inpakturik handiena, batez ere hegaztiei begira. Sustatzailearen iritziz, fase horretako eragin nagusiak hauek dira: faunari eragozpenak eragitea eta harrapatzea, habitata aldatzea, hesi efektua eta haize-sorgailuarekin talka egiteko arriskua. Inpaktu nagusiak bateragarritzat jo dira, talka egiteko arriskua izan ezik; hori moderatu-larritzat jo da.

Azterketa eremuan, matrize orokorra Ebro ibaiaren haran-hondoko eremuetako labore ureztatuak dira. Ebro ibaia migrazio igarobide garrantzitsua da, lurraldekoak ez diren harraparien bizi-eremua, eta Ebro ibaiaren ertzetan eta inguruko beste putzu eremu batzuetan habiak egiten dituzten uretako espezieen elikadura eremu alternatiboa. Egindako landa-lanean, 90 hegazti espezie identifikatu ziren, gehienak kontserbazio arazorik gabeko tamaina txikiko espezie arruntak, nekazaritza inguruneetan eta eremu irekietan ohikoak. Era berean, 90 espezie horien artean, azterketan helburu espezietzat hartu diren 38 espezie daude: 16 harrapari, 2 planeatzaile eta 19 urtar.

Harrapariei dagokienez, aztergai den eremuak espezie harrapakinentzako, batez ere untxientzako, egokiak diren habitatak ditu. Eremuan untxi asko daudenez, hegazti horietako askorentzat erakarpen-iturri garrantzitsua da. Begiztatze kopurua aintzat hartuta, honako hauek nabarmentzen dira: sai arrea, zingira-mirotza, miru beltza eta zapelatz arrunta.

Sai arrea da begiztatze gehien dituen helburu espeziea. Batez ere A-68 eta E-804 errepideen artean dagoen gunean erregistratu dira, eta proiektuaren ezarpen eremua bertan dago. IIAren arabera, eremuan ez dago elikagaiak lortzeko punturik, habia egiteko gunerik edo aleen kontzentrazio handiko tokirik; aitzitik, erregistroak hegan ikusitako hegaztiei buruzkoak izan ziren, umatze kolonien eta elikadura puntu posibleen artean.

Kontuan hartuta haize-sorgailuaren inguruko 50 km-ko erradioan dagoen tokiko populazioaren tamaina, kolonia bakoitzak haize-sorgailuaren eragin eremuari begira atzematen duen azalera, espeziearen portaera ereduak, talka egiteko arriskuaren altueran hautemandako hegaldien ehunekoa eta abar, sustatzaileak kalkulatu du haize-sorgailuarekin talka egiteko probabilitatea urteko 3-4 putrekoa dela. IIAren arabera, talka egiteko arriskua duten putreak pasatzean haize-sorgailua geldituko duen detekzio eta etete sistema automatiko bat ezarriz gero, espero daitekeen benetako heriotza-tasa urtean sai batekoa izanen litzateke.

Zingira-mirotza kaltebera gisa katalogatuta dago Nafarroan, baina biztanleria nabarmen handitu da azken urteotan, eta gaur egun hedatzen ari da. Inguruan ez da habiarik ikusi, baina bizi-eremu gisa erabiltzen da urte osoan. Populazioa negualdian handitu egiten da. IIAk ez ditu Nafarroa osorako populazio-datuak esanguratsutzat hartzen. Horregatik, eta kontuan hartuta proiektua ezarriko den eremurako onartu berri den lurzati berrantolamendua gauzatuta sortuko den ingurunearen sinplifikazioa eta talka egiteko arriskuaren altueran detektatutako hegaldien ehuneko txikia, sustatzaileak irizten dio interakzio-arrisku txikia egonen dela eta inpaktua moderatua izanen dela.

Zapelatz arruntari dagokionez, landa-lanak 316 ale jaso ditu guztira, urteko ziklo osoan zehar banatuta. Parke eolikotik eta elkarrengandik gutxi gorabehera kilometro batera habia egiten duten bi bikote detektatu dira. Haize-sorgailutik hurbil egoteak eta hegaldien %50etik gora talka egiteko arriskuaren altueran izateak arrisku moderatua dakarte; beraz, IIAk detekzio eta etete sistema automatiko bat jartzea gomendatzen du, kalteak murrizteko.

Miru beltzaren begiztatzeak A-68 errepidearen hegoaldean izan dira, ziurrenik zona gizatiartuenak saihesteko (herriak, industrialdeak, etab.). Haize-sorgailuaren inguruan ikusitako ale kopuru handiaren eta talka egiteko arriskuaren altueran ikusitako aleen ehunekoaren ondorioz, eta aztertutako eremuan habiarik aurkitu ez bada ere, espezieak istripuak izateko probabilitate handia du, eta, beraz, sustatzaileak hilkortasuna murriztuko duen detekzio eta etete sistema automatiko bat instalatzea gomendatu du.

Bestalde, miru gorriaren presentzia nabarmendu behar da, estatu mailan "galzorian" katalogatuta dagoelako. Begiztatzeak negualdian eta A-68 errepidetik hegoalderanzko migrazioan egin ziren, eta ez ziren oso ugariak izan espezie horri begira. Horren ondorioz, eta talka egiteko arriskuaren altueran ikusitako espezieen ehuneko txikia kontuan hartuta, sustatzaileak talka egiteko arriskua txikitzat jo du, baina espeziearen katalogazio maila dela-eta arrisku hori murriztuko duen detekzio eta etete sistema automatiko bat instalatzea gomendatu du.

Nabarmentzekoa da, halaber, 2020ko ekainean Bonelli arrano bat ikusi zela. Horri begira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen espezie horrek aztertutako eremua noizean behin erabiltzen duela, eta Nafarroan galzorian katalogatuta dagoela. Ale gazteak edo sakabanatuak dira, eta nahikoa elikagai duten aldi baterako lekuak bilatzen dituzte. Sustatzaileak detekzio eta etete sistema automatiko bat ezartzea gomendatu du, ezbeharrak saihesteko.

Sustatzaileak espezie harkaiztarren (putrea eta sai zuria) mugimenduak aztertu ditu parkearen kokalekuaren iparraldean eta hegoaldean dauden kolonien artean, bai eta estepako espezieen mugimenduak ere haize-sorgailuaren iparraldean eta hegoaldean dauden estepako habitatak dituzten eremuen artean, zona eremu horien arteko konektagarritasun-igarobidea izan daitekeela jo delako.

IIAk espezie harkaiztarren konektagarritasunari eraginen zaiola onartzen du, bereziki sai arrearen kasuan, lehen aipatu dugun bezala.

Estepako hegaztiei dagokienez, ezarpen eremua Natura 2000 Sareko estepako bi eremuren artean dago: Peñadil, Montecillo eta Monterrey KBEa eta Errege Bardea KBEa. Abifauna aztertzean, migrazio bidean zegoen mirotz zuri batekin bakarrik egin da kontaktua, hegalen ekorketa-eremuaren azpitik hegan zebilela. Horrek berretsi egiten du dauden habitatak ez direla hegazti talde horrentzat egokiak, eta, gainera, beren potentzialtasuna are gehiago murriztuko da eremurako onartu berri den lurzati berrantolamenduaren ondorioz. Bestalde, konektibitatea etenda dago dagoeneko, ziurrenik laboreak labore ureztatu bihurtzeagatik eta eremu horien artean hesi efektua sor lezaketen zenbait azpiegitura egoteagatik (linea elektrikoak eta errepideak, industrialdeak, parke eolikoak, etab.). Sustatzaileak uste du proiektua gauzatzea ez dela oztopo espezieak bi KBE horien artean naturalki aldatzeko, eta ez duela eraginik eremu horien eta bertako espezieen mantentze ekologikoan.

Era berean, haize-sorgailuaren inguruko 5 km-ko bufferrak Ebro ibaia KBEa atzemanen luke. Haren funtsezko elementuen artean uretako hegaztiak daude, eta horien fluxu bat hauteman da azterketa eremuan. Ibai horren ertzei lotutako beste harrapari batzuk ere ikusi dira, hala nola miru beltza eta zingira-mirotza, lehen aipatutako eremuan ohikoak. Espezie horiek egoteak iradokitzen du KBEan habiak egiten dituzten hegazti horietako batzuek aztertutako eremua elikatzeko erabiltzen ahal dutela. Ebro ibaia KBEarekin lotutako hurbileko parke eolikoetako espezieen hilkortasun datuek adierazten dutenez, hilkortasuna eremu horretan erregistratutako aleen oso proportzio txikia da. Era berean, KBE horren eta Bajabon urmaelaren artean fluxu bat hauteman da, eta haize-sorgailuaren irismenetik kanpo dagoela dirudi. Horregatik guztiagatik, IIAk jo du proiektuak ez duela eraginik eremu horren eta bertako espezieen mantentze ekologikoan.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta instalazioaren berezitasuna aintzat hartuta (martxan dauden beste parke eoliko batzuen artean libre geratzen den igarobidean kokatuko da haize-sorgailu bakarra), proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak betez gero, IIAk faunaren gaineko benetako inpaktua moderatu-larritzat jo du.

Kiropteroei dagokienez, 2019ko abuztutik 2020ko uztailera bitartean egindako azterlanean 10 espezie detektatu ziren, eta horietatik hiru izan ziren esanguratsuenak (saguzar arrunta, saguzar mediterranearra eta kuhl saguzarra), ziurrenik inguruko herrietatik edo inguruko laborantza etxoletatik etorriak. Aldi horretan, sustatzaileak hegaldi tasa ertaintzat jo du, eta jarduera oso eskasa; beraz, ez da espero populazioei eragitea, abuztuan izan ezik, jarduera handia izan baitzuten.

2022-2023an egindako azterketan, 20 kiroptero espezie detektatu ziren; horietatik bost estatu mailan katalogatuta zeuden, eta zazpi maila autonomikoan. Saguzar hankahandia (Myotis capaccinii) da estatu mailan "arriskuan" dagoen espezie katalogatu bakarra. Bildutako datuak aztertuta, ikusi da erabilera eremu nagusiena haize-sorgailutik 500-1.000 metrora dagoela hego-ekialdera, eta haize-sorgailua, berriz, erabilera moderatu-eskasa duen eremu batean dagoela. Orduetan zeharreko jarduera aztertuta, ikusi da 08:00etatik 19:00etara ez dela jarduerarik detektatzen, eta 20:00etatik aurrera handitzen dela potentzialki. 2:00etatik aurrera, jarduera konstante eta intentsitate gutxirekin mantentzen da, eta gorakada txiki bat izaten da 5:00etatik 6:00etara.

Kiropteroen eta, bereziki, espezie ugarienen edo babes maila handiena dutenen heriotza tasa murrizteko prebentzio neurri gisa, IIAk gomendatzen du haize-sorgailua 21:00etatik 06:00etara gelditzea tenperatura 10 ºC-tik gorakoa den eta haizea 6 m/s-tik beherakoa den gauetan.

Azaldutakoaren arabera, espedientea aztertu ondoren, ingurumen organo honek ikusi du haize-sorgailua ezartzea aurreikusten den eremuan zenbait harrapariren hegaldi tasa esanguratsuak detektatu direla, eta ehuneko handi bat talka egiteko arriskuaren altueran egindako hegaldiak direla. Era berean, beste espezie batzuk ere detektatu dira, urriagoak izan arren, babes maila handia dutenak. Sai arrea da, zalantzarik gabe, talka egiteko arrisku handiena duen espeziea. Instalazioaren berezitasuna kontuan hartuta –haize-sorgailu bakarra izanen du, eta gutxi gorabehera 2 km-ko zerrendak utziko ditu bere eta alde bakoitzean dauden parke eolikoen artean–, eta proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak betez gero, ebazpen honen baldintzetan ezarritakoez gain, proiektua gauzatzea faunarekin eta eremu babestuekin bateragarria izan daitekeela irizten da.

–Kultur ondarea.

IIAren arabera, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari egindako kontsultaren arabera, proiektua eginen den eremuan ez dago aztarnategi arkeologikorik katalogatuta, eta, beraz, ez da aurreikusten ondare horri eragitea. Hala ere, sustatzaileak baimena eskatu dio erakunde horri gainazaleko azterketa arkeologikoak egiteko. Bestalde, haize-sorgailutik hurbilen dagoen interes kulturaleko ondasuna 5 km baino gehiagora dago.

Ezarritako neurriak eta proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatuta, IIAk kultur ondarearen elementuen gaineko inpaktua bateragarritzat jo du eraikuntza fasean, eta ez esanguratsutzat ustiapen eta eraispen faseetan. Hala ere, proiektua gauzatzeko, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezarritako zehaztapenak bete beharko dira.

–Paisaia.

Aztergai dugun eremuak oso paisaia antropizatua du, eta, beraz, azpiegitura hartzeko ahalmen handia du; izan ere, ez da azpiegitura berri eta isolatua izanen, baizik eta eraikuntza elementuek eta elementu artifizialek nabarmen aldatutako eremu batean instalatutako beste bat. Gainera, proiektuaren kokapen eremua ez da paisaia natural edo berezia, ez da ikusizko eta/edo paisaia eragin handiko leku nabarmena, ez du elementu berezirik eta ez du behatzaileen kontzentrazio punturik.

IIAk proiektuaren eragin eremuko paisaiaren karakterizazioa egiten du, eta kalitate txikikotzat eta hauskortasun txikikotzat jotzen du. Horrek esan nahi du harrera gaitasun handia duela, eta beraz jarduera ez oso atseginak edo inpaktu handikoak hartzen ahal dituen eremua dela. Jarraian, behatzaile kopuru handiena biltzen den hainbat puntu eta eremutatik paisaia oztopatzearen eragina eta ikuseremua aztertzen dira, eta parke eolikoak proiektuaren 15 km-ko inguratzailean duen ikuspen ehunekoa azaleraren %85 da.

Paisaiaren gaineko inpaktu handiena ustiapen fasean gertatuko da, eta IIAk moderatutzat jo du.

Hala ere, proiektuak paisaian izanen dituen eraginei buruzko aldeko txostena eduki beharko da. Txosten hori Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalak egin beharko du.

–Sinergiak.

Sustatzaileak proiektuaren sinergien azterketa aurkeztu du IIArekin batera, eranskin gisa. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluaren c) letran aipatutako faktoreen gaineko sinergia eta metatze ondorioak identifikatu eta baloratu ondoren, sinergien azterketan ondorioztatu da proiektuak bukaerako inpaktu metagarria eta/edo sinergikoa duela, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren, eta bateragarritzat jo da eraikuntza fasean, eta moderatutzat ustiapen fasean.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen inpaktua ebaluatzeko prozedura behar bezala gauzatu dela, eta uste du proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela; beraz, azaldutakoarekin bat etorriz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egitea Ribaforadako udalerrian Ribaforada Energy Ribaforada SLUk sustatutako "Híbrido Ribaforada" parke eolikoaren eta hari lotutako baterien bidezko biltegiratze sistemaren proiektuari buruz, 13,20/66 kV-ko Ribaforada TAEra bitarteko ebakuazio azpiegitura barne.

2.–Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

i) Proiektuaren baldintza orokorrak:

1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan, haren eranskinetan eta espedienteko gainerako dokumentazioan jasotako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, baita ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.

2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo substantiboari aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betez. Dokumentazio horrek ingurumen organoaren oniritzia izan beharko du, aipatu 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren arabera. Era berean, lanak bukatzean eta funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen aldirako zehaztutako neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu edo abiarazi direla.

3. Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalaren aldeko txostena eduki beharko da paisaiaren gaineko eraginei dagokienez.

4. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eduki beharko da.

Nolanahi ere, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).

5. Proiektua bertan behera uzteko eta desegiteko fasean, proiektu espezifiko bat aurkeztu behar du sustatzaileak, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena ere beharko du.

6. Lanak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

ii) Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak.

7. Proiektuaren diseinu eta exekuzioa lurzorua eta lurzoruaren morfologia ahalik eta gutxien ukituz egin beharko dira. Horretarako, baldintza hauek beteko dira:

–Exekuzio proiektuan, malda txikieneko eta lur-mugimendu txikieneko eremuetan diseinatu behar dira haize-sorgailuaren, muntaketa plataformaren eta bideen maniobra eremuen kokapenak.

–Aldi baterako bideak edo plataformak egiteko beharrezkoak diren lur erauzketak eta betelanak lehengo egoera topografikora ekarriko dira eta landareztatu eginen dira.

8. Lanak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta ezin ukitzen ahal diren eremuak balizatuko dira. Landaredi naturaleko eremuetan ez da inolako material bilketarik edo isuririk eginen, eta makinak ez dira eremu horietan kokatuko. Lurzatien arteko banaketen mugak eta bertan dagoen landaredia mantentzeaz gain, egon daitezkeen harri metak errespetatuko dira, faunarentzako intereseko lekuak izaten ahal direlako. Neurri hau aplikagarria izanen da lurpeko linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan.

9. Lur naturala edo soro landuak dituzten jarduketa eremuetan, landare lurreko geruza aurretiaz kendu beharko da, gutxienez 30 cm-ko sakoneraraino. Material hori berariaz hautatutako tokietan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, lanak bukatutakoan lehengoratze lanetan erabiltzeko.

10. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko eta obra horretan bertan erabiltzeko ahalegina eginen da. Hondeaketak eta zangen exekuzioa bukatzean sobera dauden lurrak nekazaritzako lurzatietan zabaltzen ahalko dira, baina ez landaredi naturala duten eremuetan, ezta hurbileko etzeetan ere. Lur soberakinik egotekotan, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

11. Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, eta saihestuko da higadura gune berriak sortzea eta urak solidoak drainatze sare naturalera eramatea.

12. Lanak egin bitartean Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edota Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

13. Kiropteroen heriotza tasa murrizteko prebentzio neurri gisa, haize-sorgailua abiarazten hasteko haizearen abiadura atalasea 6 m/s-ra igoko da, eguzkia sartzen denetik egunsentira arte, uztailetik urrira, biak barne, tenperatura edozein dela ere. Neurri hori berrikusten ahalko da saguzarren altuerako jarduera aztertzen bada, egiten dituzten hegaldiak noiz eta zer egoeratan egiten dituzten zehatz-mehatz zehazteko (egunak, baldintza atmosferikoak…); horretarako, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da.

14. Proiektatutako haize-sorgailuan talken aurkako detekzio eta etete gailu bat instalatuko da. Eraginkorrenak 3Dko zaintza sistemak dira, hau da, ikusmen estereoskopikoa lortzen duten bereizmen handiko kamerak edo radar bidezko detekzio gailuak. Gailu horiek hegaztien joan-etorrien bektoreak aztertzen dituzte, ibilbideak aurreikusten dituzte, eta, talka egiteko aukera dagoela uste badute, banakako etete seinaleak bidaltzen dituzte behar besteko denborarekin, talka egitea saihesteko edo talka egiteko probabilitatea murrizteko.

15. Neurri osagarri gisa, saguzarrentzako babesleku bat eraiki beharko da; hormigoizko etxola bat izanen da, termikoki isolatua, eta, ahal dela, itzala duen eremu batean jarriko da. Kanpoko hormek lauak izan beharko dute, lurreko harrapariak ez igotzeko, eta barrualdea zimurtsua, saguzarrak errazago heltzeko. Babeslekuaren inguruan dauden saguzar espezieak kontuan hartuta, komenigarria izan liteke etxolaren kanpoko horman habia kutxaren bat instalatzea. Babeslekuaren kokapenak eta ezaugarri espezifikoek Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren oniritzia izan beharko dute instalatu aurretik.

16. Sustatzaileak etxeko abere hilak proiektuaren ingurunean uztearen gaineko jarraipen zorrotza eginen du, hegazti sarraskijaleak erakartzea eta kontzentratzea ekiditeko. Kontrol hori proiektuaren balio-bizitza osoan egin beharko da. Sustatzaileak abere hilak behar bezala kendu behar dituztela jakinaraziko die abeltzaintzako ustiategietako titularrei edo haize-parkearen eragin eremuetako larreak erabil ditzaketenei, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez, basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu zen, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri, eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.

17. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko du obra eta funtzionamendu faseetarako. Plan horrek Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren onespena izan beharko du, eta egin beharreko jarduketen metodologiarako proposamena jaso beharko du, eta, zehazki, ebazpen honen II. eranskinean jasotako jarraibideak.

18. Proiektuaren jarraipena egiten den bitartean ikusten bada baimendutako haize-sorgailuak arazoak sortzen dituela hegaztien edo kiropteroen talkek/barotraumak eragindako hilkortasuna dela eta, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako baldintzetan, III. eranskin horretan jasotako jarduketa protokoloari jarraituko zaio.

19. Proiektuaren elementuen argiztapena ezinbestekoa bakarrik izanen da, ez gehiago. Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

20. Ingurumen inpaktuaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada haize-parkea eraikitzen hasten, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da abifaunaren eta kiropteroen espazioaren erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.

21. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak ingurumena lehengoratzeko proiektu xehatua eta aurrekontuduna aurkeztu beharko du. Proiektu hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak gainbegiratu eta baliozkotu beharko du, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15.1 artikulua betez. Inguruko landaredi serieko eta geoserieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak ingurukoak bertakoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Obrak azkendu eta 6 hilabete igaro baino lehen akitu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak eta hidroereiteak garai onuragarrien, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, lanak bukatu eta hurrengo aldeko aldi begetatiboan eginen dira. Landaketen, ereiteen eta hidroereiteen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, proiektuaren bizitza baliagarri osoan barna.

22. Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta lanen hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Lanek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak azkentzen direnetik sei hilabete igaro baino lehenago, gainazal horietan belardiko inguruko espezie autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da, lurrak laborantzarako erabili ezean.

23. Proiektuaren balio bizitza bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratuko dira. Uzte eta eraiste aldiak lehengoratze proiektu espezifiko baten xede izan behar du. Sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena beharko du.

3.–Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.–Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Ribaforadako Udala

Ingurumen Eraginaren Atala

X (epez kanpo)

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

X

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

X

Ehiza Atala

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

X (epez kanpo)

La Dehesako Ureztatzaileen Erkidegoa

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

X

Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia

X

Eólica Ablitas SLU

Eólica Pestriz SLU

Sistemas Energéticos El Valle SLU

Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulten eta jendaurrean jartzearen fasearen ondoren aurkeztuko den ingurumen inpaktuaren azterketan zuzendu beharko diren zenbait alderdi adierazi ditu, zehazki abifaunaren urteko zikloaren azterketari eta ustiapen fasean "tokiko abifaunaren talken" inpaktuaren balorazioari buruzkoak. Era berean, obren eta funtzionamenduaren faseetan jarraipen eta zaintza plan bat ezarri behar dela adierazi du, eta onartu egin beharko duela.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak Nafarroan parke eolikoak ezartzean kontuan hartu beharko diren lurralde eta hirigintza antolamenduaren arloko araudia eta tresnak adierazi ditu, eta instalazioa arau xedapenekin bateragarria den baloratu du, jarduketaren paisaia eta sektore eraginen balorazioa kontuan hartu gabe.

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak adierazi duenez, proiektuak eragin moderatua du egungo ureztatzeetan eta Nafarroako Foru Komunitatearen Ureztatzeen Planean, eta, beraz, ez da bateragarria Ureztatzeen Foru Planean eremu horretarako ezarritako balio eta erabilerekin.

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak proiektuak abelbideetan izanen dituen eraginak zehaztu ditu, eta aplikatu beharreko araudia eta bide horiek zer tresnaren bidez deklaratu ziren adierazi du. Era berean, proiektua baimentzeko modukotzat jo du bere eskumenen esparruan, eta eraginpeko abelbideei ahalik eta gutxien eragiteko kontuan hartu beharreko baldintzak adierazi ditu.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du proiektuak ez duela eraginik sortzen bere eskumenen esparruan.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi duenez, proiektuak ukitutako lurzatietan ez dago katalogatutako aztarnategi arkeologikorik.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ingurumen Kudeaketako Arloak ezarpen eremuko sare hidrografikoa deskribatu du, eta lanak egiteko kontuan hartu beharreko baldintzaren bat zehaztu du. Era berean, jabari publiko hidraulikoari edo ibilguen polizia-eremuari eraginez gero baimena behar dela adierazi du, eta kasuan kasu kontuan hartu beharreko jarraibideak adierazi ditu. Azkenik, jabari publiko hidraulikoan eta polizia-eremuan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak adierazi ditu.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk proiektuko elementuek bere sareetan dituzten eraginak aztertu ditu, eta adierazi du, kasuren batean, eremuan aldez aurretik zuinketa bat egitea komeni dela, obrekin hasi aurretik. Era berean, lanak egin bitartean tentsiopean dagoen elementu batera hurbiltzeko gehieneko distantzia gogorarazi du. Azkenik, eta aurrekoa kontuan hartuta, lanak egiteko baimena eman du, eta adierazi du ezen, lanen segurtasuna bermatzeko enpresaren sareetan jardun behar bada, espediente bat ireki beharko dela, eta kostuak proiektuaren sustatzaileak ordaindu beharko dituela.

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziak (AESA) aeronautikako zortasunen esparruan oztopoak baimentzeko dituen eskumenak jakinarazi ditu, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Lodosa Ubideko Ureztatzaileen Ribaforadako Erkidegoak jakinarazi du erkidegoaren lursailetan edozein jarduketa egiteko Nekazaritzako Azpiegituren Departamentura jo beharko dela. Gainera, adierazi du ezin dutela proiektua baimendu, erretenen sareari eragiten ahal diolako eta ureztatzea modernizatzeko prozesuan dauden lurzatietan eginen delako, eta ez dute horri buruzko txostenik ez jakinarazpenik jaso.

Sustatzaileak zenbait aldaketa egin ondoren, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak beste kontsulta izapide bat egin zien ukitutako erakunde hauei, eta hurrengo taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Ribaforadako Udala

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala

Herri-lurren Atala

Ehiza Kudeaketarako Atala

X

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Ribaforadako Ureztatzaileen Erkidegoa

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

Red Eléctrica de España SAU

X

Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia

X

Enagas SA

Sistemas Energéticos Boyal SL

Ingurumen Eraginaren Atalak, berriz ere, kontsulten eta jendaurrean jartzearen bigarren fasearen ondoren aurkezten den ingurumen inpaktuaren azterketan zuzendu beharko diren zenbait alderdi adierazi ditu. Zehazki, adierazi du aztertutako ingurunean egindako abifaunari buruzko bi azterlanetan (2019ko uztailetik 2020ko ekainera eta 2022ko azarotik 2023ko azarora) bildutako datuak txertatu eta aztertu behar direla, aurkeztutako 4. eranskinean ("Faunaren (hegaztiak eta kiropteroak) azken azterketa") putreek talka egiteko duten probabilitatea nola kalkulatu den azaldu behar dela, eta probabilitate hori murrizteko prebentzio neurri eraginkorrak ezarri behar direla. Gainera, gogorarazi du "Errege Bardea" KBEaren (ES2200037) eta "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEaren (ES2200042) arteko konektibitateari eragiten ahal zaiola, eta eremu horietako funtsezko elementu batzuen gainean talka egiteko arriskua areagotzen ahal dela.

Ehiza Kudeaketarako Atalak jakinarazi du proiektua Ribaforadako NA-10.263 barrutiaren barruan dagoela, eta alderdi garrantzitsuenak eta barrutiko ehiza espezieei kalte egiten ahal zaiela adierazi du, bai eta alderdi horiek kontuan hartzeko beharra ere prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak proposatzerako orduan.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du proiektuak ez duela eraginik sortzen bere eskumenen esparruan.

Ribaforadako Lodosako Ubideko Ureztatzaileen Erkidegoak lehen kontsulta aldian jakinarazitakoa errepikatu du.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak jakinarazi du Híbrido Ribaforada parke eolikoaren proiekturako espedientea ireki duela, eta adierazi du izapidetzeari buruzko edozein informazio eskuratzeko konfederazioko Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrol Arlora jo daitekeela.

Red Eléctrica de España SAUk, Híbrido Ribaforada parke eolikoaren proiektuari dagokionez, jakinarazi du ez dagoela horren aurka, bere jabetzako lineekiko arauzko distantziak betetzen dituelako. Era berean, sarera konektatuko diren instalazio guztietarako sarbide eta konexio prozesuen alde ebatzi behar dela jakinarazi du.

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziak (AESA) aurrekoan jakinarazitakoa errepikatu du, eta, horrez gain, jakinarazi du organo substantiboa dela, 21/2013 Legearen arabera, interes orokorreko aireportuen zerbitzu eremuaren barnean egiten diren proiektuei dagokienez.

Jose Manual Perez Garde jaunak alegazio bat aurkeztu du. Proiektuak ukitutako lurzatietako baten jabea dela adierazi du, eta proiektuak bere lurzatian izanen duen eragina argitzeko eskatu du. Era berean, jakinarazi du lurzatiak berrantolatzeko prozesu bat abian jarri nahi dela eta Híbrido Ribaforada parke eolikoaren proiektuak eragiten ahal diola, horrek ekar ditzakeen eragozpenekin eta gastu gehigarriarekin.

II. ERANSKINA.–HAIZE-PARKEAK USTIATZEKO FASEAN HEGAZTIAK ETA KIROPTEROAK INGURUMENEAN ZAINTZEKO PLANA

Haize-parkeak ustiatzeko fasean, inguruko abifaunaren eta kiropteroen jarraipena egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.

Gutxieneko neurrien dokumentu bat da, non parke guztiek bete beharreko jarraibide komunak ezartzen diren, horien guztien emaitzak konparagarriak izan daitezen.

1.–Espazioaren erabilera.

1.1. Abifauna:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, abifaunak espazioa nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, martxan jarri aurreko metodologia berarekin, aurreko eta ondorengo egoerak alderatzeko. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.

Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan eginak, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.

1.2. Kiropteroak:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen inpaktuaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.

Jarraipen osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da etengabe, gutxienez 5 haize-sorgailutik 1ean; saguzarrentzat egokienak diren eremuetan daudenak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua duten eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen haize-sorgailuren bat sartu beharko da. Lan hori parkea martxan jarri eta hurrengo bost urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.

Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotutako hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen azterketarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako zuzenketa neurriekin.

Koloniak berrikustea: parkearen inguruko 5 km-ko erradioan haize-sorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak ezagutzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia ezagutzen den estazioetan eginen da. Talde horretan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, baita parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.

ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN
HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

2.–Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren kontrola.

2.1. Haize-sorgailuak:

Haize-parkea martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, instalazioko haize-sorgailu guztietan izandako gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira haize-sorgailuak.

Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da, baina inoiz ez da izanen instalatutako haize-sorgailuen %40 baino gutxiago, eta hilean behin berrikusiko dira.

Haize-sorgailu bakoitzaren azterketa eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izan behar da, gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, haize-sorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da azterketa eremuaren barruan.

Laginketak oinez eginen dira. Haize-sorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten trantsektu paraleloen bidez eginen dira. Trantsektuak elkarrengandik gehienez 15 metro bereizita egonen dira. Haize-sorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.

Haize-sorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.

Laginketetatik kanpo hautemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.

Hautemandako gorpuzki bakoitzerako, bai laginketetan, bai haietatik kanpo, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:

–Parke eolikoa.

–Ustez zer haize-sorgailutan gertatu den gorabehera.

–Zer egunetan aurkitu den.

–Espeziea.

–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.

–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.

–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden haize-sorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).

–Zaurien deskribapena.

–Gorpuzki mota (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak, etab.).

–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…

–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.

–Nork aurkitu duen gorpuzkia.

2.2. Linea elektrikoak:

Lehenengo bi urteetan, gutxienez hiru hilean behin, linea elektrikoetan talka egin duten edo elektrokutatu diren hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitzen ahalko da, jarraipena egiteko ahalegina handituta edo murriztuta.

Azterketak sigi-saga ibiliz eginen dira, abiadura konstantean, linea elektrikoaren trazaduran zehar eta alde bakoitzean 25 m hartuta. Luzera handiko linea elektrikoen kasuan, gorabeheren bilaketa 5 km-ko sekzioetan egin daiteke. Sekzio horiek sistematikoki aztertuko dira trazadura osatu arte.

2.3. Dorre meteorologikoak:

Bilaketa metodoa haize-sorgailuetakoa bera da, baina bilaketa eremua dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da. Haize-sorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira azterketak.

3.–Gorpuzkiak desagertzeko tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa.

Gorpuzkien desagertze-tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren «Parke eolikoek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak» dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.

4.–Gorabeheren berri ematea.

Espezie katalogatuak: mezu elektronikoa berehala igorri Ingurumen Ebaluazioaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Gorabeherak hilero bidaltzea: Ingurumen Ebaluazioaren Atalak Accessen datu-base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu-base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.

III. ERANSKINA.–ARAZOAK SORTZEN DITUZTEN HAIZE-SORGAILUEKIN JARDUTEKO PROTOKOLOA

Jarraipenak erakusten badu haize-sorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.

1.–Espezie mehatxatuen estatu mailako eta Nafarroa mailako katalogoan "galzoriko espezie" edo "espezie ahul" gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten haize-sorgailuak.

1.1. Haize-sorgailu batekin aurreko bost urteetan ez badu talka egin arriskuan dagoen ezein espeziek: talka detektatu bezain laster sustatzaileak haize-sorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), ingurumen organoa denez gero. Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta ingurumen organoari neurri aringarri batzuk proposatuko dizkio, haize-sorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, baita konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Hori guztia egin ondoren eta ingurumen organoak ezartzen dituen neurri gehigarriak aplikatu ondoren (ezarriz gero), sustatzaileak berriz ere abian jartzen ahalko du haize-sorgailua, horrek ontzat emanez gero. Halaber, haize-sorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.2. Aurreko bost urteetan haize-sorgailu berean beste talka bat izan bada espezie mehatxatu batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak haize-sorgailuaren ingurunean erasandako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera) urteko ziklo batean, espeziaren migrazio igarobideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (iraungitze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea, edo haize-sorgailua eraistea) eta mehatxatutako espeziearen populazioari eragindako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, haize-sorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1. TAULA.–KATALOGATUTAKO ESPEZIEEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN
HARTU BEHARREKO

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

1.3. Aurreko bost urteetan haize-sorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka hauteman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta mehatxatutako espeziearen populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Haize-sorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu berririk gertatu ezin diren baldintza berrietan.

2.–Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (estatu mailakoa edo foru komunitatekoa) espezieekin talka eragiten duten haize-sorgailuak.

2.1. Urte batean haize-sorgailu batek 2. taulan adierazitako heriotza atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko heriotza tasaren analisiaren emaitza emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, haize-sorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak haize-sorgailuaren talka-arriskua aztertuko du, eta organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari istripu gehiagoren arriskua nabarmen murrizten edo baztertzen duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren ingurumen organoak espresuki horretarako baimena emanez gero soilik jartzen ahalko du haize-sorgailua berriz martxan. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak jarraipena eginen dio ezarritako neurri aringarri gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, sustatzaileak urtebeteko hurrengo bost aldietan areagotu eginen du haize-sorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri arintzaile gehigarrien gauzatzea eta haien eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.2. Aurreko apartatuan adierazitako haize-sorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko aldian horrela jarraitzen duela egiaztatzen bada, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan (estatu mailakoan edo foru komunitatekoan) sartutako mehatxatu gabeko espezieen talka eragiten jarraitzen badu, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, neurri aringarri gehigarriak hartu arren, haize-sorgailua behin betiko gelditu eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitaterako organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik gerta ez daitekeen baldintza berri batzuetan funtziona dezan.

2. TAULA.–HAIZE-SORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN DUTEN BBEBZ-KO ESPEZIEEN
(MEHATXATU GABEKOAK) TALKEN KOPURUA, URTEAN

Talde taxonomikoa

Talka kop. urteko

Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik

3

Sai arrea (Gyps fulvus)

5

Itsas hegaztiak (gabiformeak, prozelariformeak eta pelekaniformeak), uretakoak (antseriformeak, podizipediformeak, zikoniformeak eta fenikopteriformeak), larolimikolak (karadriformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak

5

Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak

10

Kiropteroak

5

Iragarkiaren kodea: F2512846