2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANGUREN
Gutxieneko zerbitzuak, urriaren 15eko greba deialdia dela eta
Arangurengo udalak, urriaren 13an, 2025eko urriaren 15eko 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara iragarritako lanuztea dela eta, 950/2025 Ebazpena eman zuen, gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena eta haiek betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.
"2025eko urriaren 10ean, jakinarazpen bat jaso zen (sarrera erregistroa: 8802), 2025eko urriaren 15ean lanuzte orokorren deialdiari buruzkoa, aurretik behar bezala eta garaiz, estatu mailan egindako greba orokorraren hainbat deialdi direla-eta. Udalean, lanuzteak goizeko txandan 11:00etatik 15:00etara izanen dira, eta arratsaldeko txandan 18:00etatik 22:00etara.
Greba egiteko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua) bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta bermeak ezarri behar dira horretarako. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.
Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.
Bertzalde, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), udalek eman beharrekoak; eta lanuzteen deialdiaren aurrean, Arangurengo Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak ezin dira erabat gelditu, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.
Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago (betiere errespetatuz grebarako eskubide konstituzionala), bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, eta hala beteko dira botere publikoei ezarri zaizkien eginbeharrak, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluetan ezarri ere.
Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, jarraikiz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da behar diren neurriak hartzea oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).
Horrenbertzez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikulua, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta jarraikiz eman zaizkidan eskudantziei, hots, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerakoek eman dizkidaten eskudantziei (7/1985 Legeak arautzen ditu Toki Araubidearen Oinarriak),
EBATZI DUT:
1. Arangurengo Udaleko langileek greba eskubidea erabiliko dute 2025eko urriaren 15ean. Betiere, errespetatuko dira Udalaren eta sindikatu-ordezkaritzaren artean adostu diren eta jarraian zehazten diren gutxieneko zerbitzuak:
–Idazkaritza: 1 pertsona lanaldi osoan.
–Erregistro Zibila: 1 pertsona lanaldi osoan.
–Herritarren arretarako zerbitzua: 2 pertsona lanaldi osoan.
–Oinarrizko Gizarte Zerbitzua: 1 administrari-ofizial lanaldi osoan, 1 gizarte langile lanaldi osoan, 5 familia-langile euren ohiko lanaldian.
–Kiroldegia: irekitzeko, hesteko eta kiroldegiko erabiltzaileen sartu-irtenetan laguntzeko beharrezkoak diren langileak.
–Mantentze-lanak: igerileku klimatizatuak irekitzeko, hesteko eta haien araudia betetzeko beharrezkoak diren langileak.
–Ikastetxe publikoak: irekitzeko, hesteko eta eskola jarduerak iraun bitarteko ikasleen sartu-irtenetan laguntzeko beharrezkoak diren langileak.
–Udal eraikinen garbiketa: 3 pertsona lanaldi osoan, San Pedro ikastetxean.
2. Ebazpen hau jakinaraztea udal zerbitzuen langile arduradunei, behar diren neurriak har ditzaten, ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera. Halaber, honako hauek adieraztea:
–Greba hasi baino lehen, zerbitzu edo arlo bakoitzak udal honi idatziz jakinarazi beharko dio udalean nork eginen duen lan 2025eko urriaren 15ean deituriko lanuzteen ordutegian.
–Soldatatik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, lanuzteek iraun bitartean ez baitute lan eginen udalean.
3. Ebazpen hau komunikatzea Batzordeari, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran".
Administrazio-egintza honen aurka, errekurtso hauek jar daitezke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Mutiloan, 2025eko urriaren 13an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
Iragarkiaren kodea: L2513263