214. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

216/2025 EBAZPENA, urriaren 2koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, argitara ematen dituena Haur eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen zonifikazioa eta departamentu honen mendeko ikastetxe eta programetako plantillak, eta zehazten dituena, alde batetik, plazak ezabatzeko eta plaza ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedurak, eta bestetik, 2025-2026 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko plaza hutsak (maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako irakasleei dagozkienak).

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 2ko 214/2025 Ebazpenaren bidez, esparru autonomikoko lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin da kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistrak, Bigarren Hezkuntzako katedradunak eta irakasleak, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak (iraungitzeko kidegoa), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak, hizkuntza eskola ofizialetako katedradunak eta irakasleak, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak eta irakasleak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunak, irakasleak eta lantegiko maisu-maistrak, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak ere, atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten plazetarako izendatuak.

Ebazpen horren laugarren oinarrian ezartzen da ezen deialdi horretan beteko diren plaza hutsak, hala behin-behinekoak nola behin betikoak, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko direla, eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko direla: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen zonifikazioa eta departamentu honen menpeko ikastetxe eta programetako plantillak.

Bestalde, beharrezkoa da zehaztea plazak formalki ezabatzeko eskaeren prozedura kasuan kasuko plantillan plaza aurreikusia ez duten maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako irakasleentzat, baita plaza ibiltariei atxikitzeko eskaeren prozedura ere.

Halaber, bidezko da zehaztea 2025-2026 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko plaza hutsak (maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako irakasleei dagozkienak).

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratzea Haur eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen zonifikazioa.

Zonifikazio hori aplikatuko da urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako egoeretan dauden maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako irakasleek erabil dezaten lehentasunezko eskubidea, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatuko lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazak betetzeko beste prozedura batzuk arautu ziren.

2. Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plantillak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailetakoak eta beste ikastetxe eta programa batzuetakoak, eta zehaztea zein diren 2025-2026 ikasturteko lekualdatze-lehiaketaren deialdian bete beharreko behin-behineko plaza hutsak (maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako irakasleei dagozkienak).

Plaza hutsen zutabean agertzen den minus ikurrak esan nahi du lehiaketaren ondoriozko plazak amortizatu eginen direla, eta, hortaz, bete beharreko plaza kopurua ez dela handituko.

Ebazpen honetan aurreikusitako plazei lekualdatze-lehiaketaren deialdia ebaztearen ondorioz sortzen direnak gehituko zaizkie. Horiez gain, gutxienez 2025eko abenduaren 31ra arte erretiroengatik, heriotzengatik edo plaza gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentziengatik sortzen diren plaza hutsak ere sartuko dira. Plaza horiek guztiek eskola plangintzan aurreikusiak egon beharko dute.

3. Deialdia ebatzi eta gero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailetan esleitu gabe geratzen diren plaza hutsak, baita deialdiaren ondorioz hutsik gelditzen direnak ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioei eskainiko zaizkie, betiere eskola plangintzan aurreikusiak baldin badaude.

4. Ebazpen honen bidez onesten diren plantilletan ez da plazarik ezabatuko. Horrela, onetsitako plantillatik gora gelditzen diren plazak, "(+)" ikurra daukatenak, erretiroak, eszedentziak edo lanpostua galtzea dakarten ezabaketak direla-eta amortizatuko dira, hutsik gelditzen badira lehiaketaren, heriotzaren edo antzeko arrazoien ondorioz.

5. Behin betiko destinoa duten maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako funtzionarioek, baldin eta beren plaza onetsitako plantilletan aurreikusita ez badago, beren plaza ezabatzeko eskatzen ahalko dute, prozedura honen arabera:

a) Kasuan kasuko plantillan aurreikusi ez diren edo murriztu diren plazei atxikiak dauden maisu-maistrek plazak ezabatzeko eskaera egiten ahalko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, eta, horretarako, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen den agiria beteko dute. Eskaera hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Murriztutako espezialitateko edo hizkuntzako plazei atxikitako maisu-maistra eskatzaileak gehiago badira murriztutako plazak baino, hurrengo irizpideak bata bestearen ondoren aplikatzetik ateratzen diren maisu-maistrei eraginen die ezabaketak:

1. Behin betiko langile gisa etengabeko antzinatasun handiena izatea ikastetxean edo eskualdean, plaza bereziei atxikitako maisu-maistren kasuan.

2. Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa edo atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten plazetarako izendapena izanik benetan emandako zerbitzualdi luzeena izatea.

Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren langileei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

3. Kidegoan lehenago sartu zena, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten plazetarako irakasle funtzionario lehenago izendatu zutena.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten plazetarako izendatutako irakasleen kidegoan edo funtzionario gisa sartzeko erabili zen hautapen prozeduran lortutako zerrenda-zenbaki txikiagoa edo puntuazio handiena izatea.

Langilea sartu zeneko hautapen prozeduran finkatutako gehieneko puntuazioa ez bazen hamar puntukoa, puntu-berdinketa hautsi behar bada, sarrera-nota gehienez ere hamar puntuko eskalara ekarri beharko da.

c) Plaza ezabatzeak 5 egun balioduneko epearen azken egunean izanen ditu ondorioak, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, interesdunek ikasturte honetako lekualdatze-lehiaketan erabiltzen ahalko dute plazak betetzeko araudian aurreikusitako lehentasunezko eskubidea, bat etorriz Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 2ko 214/2025 Ebazpenean ezarritako baldintzekin. Ebazpen horren bidez, lekualdatze-lehiaketa autonomikorako deialdia egiten da kidego hauetako irakasle funtzionarioentzat: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (iraungitzekoa), Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialistak, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak ere, atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten plazetarako izendatu direnak.

6. Maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako irakasleek behin betiko destinoa ikastetxe bateko plaza arrunt batean baldin badute, plantillan ibiltari gisa ageri dena, plaza ibiltari berriari atxikitzea hautatzen ahalko dute, ikastetxean duten antzinatasuna ondorio guztietarako mantenduz, edo, bestela, plaza ezabatzea hautatu, aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

Plaza ibiltariari atxikitzea erabakitzen badute, IV. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura igorri beharko dute, 5 egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Plaza berriko atxikipenak 2026ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Destinoa ikastetxe bati atxikitako plaza ibiltari batean duten maisu-maistren kidegoko edo horiekin parekatutako lanpostuetako funtzionarioen kasuan, plaza hori ikastetxeko plaza arrunt gisa ageri bada plantillan, ofizioz atxikiko zaizkio ikastetxeko plaza arrunt berriari, eta horrek 2026ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta eranskinak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/) argitara daitezela agintzea.

8. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko urriaren 2an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

Iragarkiaren kodea: F2512979