Iragarkia
213. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
128/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2025eko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak onesten dituena.
Nafarroako Foru Ogasunari dagokio, Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa den aldetik, zerga-sistema eraginkortasunez eta ekitatez aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.
Funtsezko misio hori oinarrizko bi helbururen inguruan ardazten da: alde batetik, kalitatezko informazio eta laguntza zerbitzuak ematea pertsona eta entitate zergadunei, asmoa baita zerga-betebeharrak borondatez eta behar bezala bete ditzaten erraztu eta sustatzea; eta, bestetik, estrategia integral eta proaktibo bat garatzea iruzur fiskala prebenitzeko, detektatzeko, erregularizatzeko eta haren aurka borrokatzeko. Helburu horiek lortzea funtsezkoa da bermatu dadin herritarrek gaitasun ekonomikoaren araberako ekarpena egiten dutela gastu publikoei eusteko, eta ziurtatu dadin, orobat, behar diren baliabideak nahikoak direla zerbitzu publikoak finantzatzeko, zerga-sistemaren ekitatea eta justizia babesteko eta operadore ekonomikoen arteko lehian iruzurrezko jardunbideek eragiten dituzten distortsioak saihesteko.
Helburu horiek garatzeko, eta bat etorriz Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2025-2027 Planean ezarritakoarekin, zeinak Nafarroako Foru Ogasunak urte horietan izandako jardunaren orientazioa jasotzen baitu, eta, ikuspegi globala eta urte anitzekoa duenez, plangintzarako tresna nagusia baita, ebazpen honen bidez onesten dira Zergen Kontrolerako 2025eko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak, zeinek koordinatu behar baitituzte zergen kudeaketa, ikuskapen eta bilketako faseetan egiten diren jarduketak, bat etorriz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoarekin eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Tributu Ikuspenari buruzko Erregelamenduaren 10.4 artikuluan xedatutakoarekin.
Zergen Kontrolerako 2025eko Planaren jarraibide orokorretan, erreferentzia zehatza egiten zaie informazioa eta laguntza emateko eta iruzurra prebenitu eta kontrolatzeko jarduketa-ildo garrantzitsuenei. Helburua da aurreko urteetan eraginkortasuna erakutsi duten jarduera-ildoak finkatzea; beste batzuk sartzea, Foru Ogasunak bere ohiko jarduera egiten duen testuinguru ekonomiko, sozial eta araudira egokituta; eta mekanismoak indartzea informazioa eta laguntza emateko eta iruzurra prebenitu, egiaztatu eta ikertzeko.
Azaldutakoaren arabera, eta aipatutako xedapenetan ezarritako betebeharrak betez, Zergen Kontrolerako 2025eko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak onesten eta argitaratzen dira.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Zergen Kontrolerako 2025eko Plana gidatzen duten jarraibide orokorrak onestea, ondotik zehazten diren jarduketa-ildoekin.
1.–Zergadunarentzako laguntza eta argibideak.
Nafarroako Foru Ogasunaren ustez, funtsezko helburua da nork bere zerga-betebeharrak borondatez bete ditzan sustatzea. Horretarako, kalitatezko laguntza eta informazioa eman behar zaie pertsona eta entitate zergadunei. 2025ean egin beharreko jarduketen helburua da laguntza eta informazio kanalak eta zerbitzuak hobetzea, aurrez aurreko arretarako bitarteko tradizionalak erabiliz eta eskura dauden teknologia berrien bidez aurrez aurrekoa ez den laguntza ahalbidetuz, efikazia handiagoa lortzeko eta eskura dauden baliabideak eraginkortasun handiagoz esleitzeko. Horrela, herritarrak aukeratuko du bere beharretara hobekien egokitzen den arreta modalitatea.
Bulegoetan zergadunari aurrez aurreko arreta ematea funtsezkoa da oraindik Nafarroako Foru Ogasunarentzat; izan ere, herritarrei arreta ematen zaie hitzordu sistema baten bidez, baita hitzordurik gabe ere, ordu-tarte jakin batean. Aurrez aurrekoa ez den arretari dagokionez, Nafarroako Foru Ogasunak zenbait aukera eskaintzen ditu: telefono bidezko arreta, bideodeia, web-formularioen bidezko kontsulta eta laguntza birtuala.
1.1. Zergadunari arreta emateko kanalak optimizatzea.
–Aurrez aurreko arreta. Aurrez aurreko arretak Nafarroako Foru Ogasunaren funtsezko zutabea izaten jarraituko du. Herritarren arreta-eskaera kudeatzen jarraituko da, aldez aurreko hitzorduaren sistema baten bidez, zeina optimizatuko baita baliabideen plangintza hobetzeko eta arreta azkarragoa izateko. Hitzordurik gabeko arreta ez da bazter utziko bulegora 8:30etik 9:30era bitarteko tartean joaten diren pertsonentzat. Bestalde, Iruñean dagoen arreta-bulegoa birmoldatuko da, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeko; izan ere, helburua da herritarrei arreta pertsonalizatua eta eraginkorragoa ematea modu erosoago batean, eta herritarrek zerbitzuen eta zerga-betebeharren gainean duten pertzepzioa hobetzea. Lan eginen da zerbitzu-katalogo bat prestatzeko, hura tresna egokia baita pertsonek eta enpresek jakin dezaten zer egin dezaketen modu erraz eta gardenean beren zerga-betebeharrak betetzeko.
–Arreta ez-presentziala. Kanal ez-presentzialak bultzatuko dira, hala nola telefonoa, bideodeiak eta web-formularioen eta laguntzaile birtualen bidezko kontsultak, xedea baita aukera eraginkorrak eta eskuragarriak eskaintzea zalantzak argitzeko eta izapideak egiteko. Hala, herritarrak berak erabakiko du nolako arreta nahi duen.
–Eten digitala murriztea. Bulegoetan zuzeneko arretarako lehen maila bat edukitzen jarraituko da, izapideak egin aurreko informazio orokorra emateko. Eten digitala murrizteko ekintzak egiten jarraituko da, hala nola Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan laguntza pertsonalizatua ematea izapide jakin batzuk egiteko. Gainera, dauden ordezkaritza motak aplikazio eta izapide telematiko guztietara hedatuko dira, profesional eta erakunde laguntzaileen jarduna errazteko eta aukera emateko, oro har, zerga administraziora hirugarrenen bidez sartzeko.
1.2. Aurkezpen-aplikazioen eta laguntza eta informazio zerbitzuen bilakaera teknologikoa.
–ATHANA plataforma eta aurkezpen telematikoa. Aurrera egiten jarraituko da autolikidazioak eta aitorpen informatiboak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aplikazioen bilakaera teknologikoarekin. ATHANA plataforma sendotuko da, funtzionalitate berriak ezarriko baitira zergadunen eta, bereziki, erakunde laguntzaileen erabiltzaile-esperientzia hobetzeko eta bezeroen aitorpenen kudeaketa errazteko. Era berean, aurkezpen telematikoko eredu berriak prestatu dira, hala nola Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren eredua edo Plataforma-operadoreek informazioa emateko aitorpen informatiboa.
–Laguntza eta informaziorako tresna berriak. Web-orriaren bilakaerarekin jarraituko da, asmoa baita Nafarroako Foru Ogasunaren informazio orokorrerako sarbidea sinplifikatzea. Karpeta fiskala eboluzionatuko da, informazio pertsonalizatu berria sartuz. Karpeta fiskalaren bertsio mugikorra mantenduko da. Bultzatuko da dibulgazio-materialak egitea, eduki digital interaktiboak sortzeko bidea ematen duten tresnak erabiliz, zerga-betebeharrak errazago ulertzeko.
–Aurreaitorpena egiteko sistema. Aurreaitorpena egiteko sistema bat sendotuko da ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ereduetan, bai eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eredu jakin batzuetan ere. Horrek jasotako aitorpenen datuen kalitatea hobetzen du, eta aurkezpen erraza egiteko aukera ematen du.
1.3. Ordainbideak eta beste zerbitzu osagarri batzuk:
Bultzatuko da txartel eta Bizum bidezko ordainketa-sistema garatzea, zerga-zorrak ordaintzeko.
2.–Iruzurraren gaineko informazioa eskuratzeko eta prebenitzeko jarduketak.
Iruzur fiskalaren aurkako borroka eraginkorra izanen bada eta nork bere betebeharrak borondatez betetzea sustatuko bada, neurri handi batean, zerga administrazioak gaitasuna izan behar du zerga arloan garrantzia duen informazioa modu eraginkor eta efizientean lortu, kudeatu eta aztertzeko, eta prebentzio-neurriak hartu behar dira zerga arloko legez kontrako ekintzak eragozteko eta zerga-betebeharrak behar bezala betetzea errazteko.
Zerga administrazio ororen helburu nagusia da zergadunei erraztasunak eta laguntza ematea beren zerga-betebeharrak borondatez bete ahal izan ditzaten, ondoren berrikusi eta zuzendu behar diren akatsak edo disfuntzioak minimizatzeko. Horretarako, funtsezkoa da Nafarroako Foru Ogasuna elika dadin eskura dituen eta tributuen arloan garrantzia duten informazio guztiez eta ahalik eta hobekien administratu eta kudea ditzan, ahal den guztietan zergapekoaren eskura jartzeko. Horrek, era berean, disuasio eragina sortzen du errentak, etekinak eta jarduera ekonomikoen garapena ez aitortzeko edo ezkutatzeko jarreren aurrean, enpresakoak zein profesionalak izan. Horrek, beste prebentzio-jarduketa batzuekin koordinatuta, iruzur fiskala minimizatzen du, eta horri esker, erregularizazioaren eta kobrantzaren jarduketa intentsiboak metatzen ahal dira, hautaketa egoki baten ondoren, zerga-betebeharrak nahita eta insolidarioki ez betetzea erabakitzen duten pertsonen eta erakundeen kolektibo txikian.
2.1. Informazioa lortzeko jarduketak.
Jarduketa horien helburua da zergadunen ondasunei, errentei, jarduera ekonomikoei eta harremanei buruzko datuak biltzea, hainbat informazio-iturritatik lortzen direnak: zergadunen zerga-aitorpenak; arauek eskatutako aitorpen informatiboak; banakako errekerimenduen bidez informazioa biltzeko jarduketa selektiboak; informazioa eranstea beste zerga administrazio eta erakunde batzuekin informazioa trukatzeko prozedura automatikoen bidez; eta beste jurisdikzio batzuetatik nazioarteko informazio-truke automatikoen bidez jasotako informazioa.
Jarduketa horiek, lehenik eta behin, prebentzio eta disuasio eragina dute; izan ere, herritarrek baldin badakite Nafarroako Foru Ogasunak datu garrantzitsuak dituela edo izan ditzakeela, beharbada, beren kabuz erabaki dezakete zerga-betebeharrak betetzea bestela iruzurraren hautua egin lezaketen pertsonek. Era berean, Nafarroako Foru Ogasuna kontrolak ezartzen ari da iruzurrak detektatu eta saihestu ahal izateko iruzurra gertatu aurretik, eta, horretarako, tributuen aldetik garrantzia duen informazioa lortu, normalizatu eta aztertuta, errazago detektatzen dira arrisku fiskalak eta inkongruentziak eta hobeki hautatzen da zer zergapekori egin egiaztapena.
2025. urtean zehar Nafarroako Foru Ogasunak lan ildo horietan jarraituko du informazioa lortzeko jarduketei dagokienez, eta ahalegin nabarmena bideratuko du honako arlo hauetara:
–Zerga-informazioa trukatzea Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin. Zerga-informazioaren trukeari dagokionez, oso garrantzitsuak dira Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin egindako informazio-trukeak.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziaz bezainbatean, zerga kontuetarako informazioa trukatzeko hitzarmena garatzen jarraituko da, hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko gehigarri bat sinatu baita 2025eko ekainaren 25ean. Gehigarri horren bidez, erabaki da informazio-truke jakin batzuk gehitzea eta hobetzea, hala nola nazioarteko informazioari buruzkoak, eta berriki sortutako zerga-figura berrietara egokitzea: zehazki, zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga berezira; finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zergara; eta talde multinazionalei eta talde nazional handiei zuzendutako gutxieneko zergapetze-maila global bat bermatzeko zerga osagarrira. Izan ere, haien ordainarazpena Nafarroako Foru Ogasunari dagokio, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa berriki aldatu ondoren.
Era berean, akta bakarrak urtero trukatzen jarraituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin. Eta jarraituko da aldizkako koordinazio-bilerak egiten bi administrazioetako ikuskapen-arloetan.
–Nazioarteko informazio-trukea. Indartuko da zerga-informazioa automatikoki trukatzeko tresnen bidez jasotako informazioa erabiltzea Nafarroako zergapekoen ondasunak, errentak eta eskubideak atzerrian detektatzeko, hala nola finantza-kontuei buruzko informazioa (FATCA AEBrekin, CRS/DAC2 jurisdikzio anitzekin), Europar Batasuneko ondasun higiezinen titulartasunari eta errentei, lan-errentei, administratzaileen eta kontseilarien errentei eta pentsioei buruzko informazioa (DAC 1), aurretiazko balorazio akordioak (APA) eta mugaz haraindiko eragina duten kontsulta lotesleak (DAC3/BEPS 5. ekintza), talde multinazional handien herrialdekako txostenak (CbCR) (DAC4/BEPS 13. ekintza) eta potentzialki oldarkorra den planifikazio fiskaleko mugaz haraindiko mekanismoak (DAC6-234, 235, 236 ereduak).
Plataforma digitalen operadoreei dagokienez (DAC7-238 eredua), 2025ean 2024ko ekitaldiari buruzko lehen informazio osoa jasoko da. Datu horiek kontrastatzeko eta ustiatzeko jarduketak eginen dira, bereziki erabilera turistikorako etxebizitzen errentamenduei dagokienez eta plataformen bidez ondasunak saltzeari edo zerbitzuak emateari dagokienez.
Mugaz haraindiko ordainketen eretzean (379 eredua), 2025ean jasoko da ordainketa zerbitzuen hornitzaileek 2024an egindako mugaz haraindiko ordainketei buruzko informazioa. Informazio hori funtsezkoa izanen da merkataritza elektronikoan BEZaren betebeharrak kontrolatzeko Europar Batasuneko kontsumitzaileekin.
–Kriptoaktiboak, neobankuak eta ordainketa-sistema berriak. Nafarroako Foru Ogasuna gero eta arduratuago dago kriptoaktiboen kontrolarekin eta neobankuen eta ordainketa-sistema berrien jardunbidearekin.
Kriptoaktiboei dagokienez, zerga administrazioek aurre egin beharreko erronka handienetako bat da ingurune digitalizatuan jarduten dutenek garrantzi ekonomikoa duen informazioa eskuratzea, informaziorako sarbidea barne. Izan ere, kriptoaktiboak erabiltzen dira inbertsio eta ordainketa bitarteko gisa. Horregatik, Nafarroako Foru Ogasunak erantsiko du kriptoaktiboak izatearen aitortu beharra, bai eta egindako eragiketak eta lortutako etekinak ere, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, bai sozietateen gaineko zergan.
Bestalde, 172, 173 eta 721 ereduetako aitorpen informatiboen bidez lortutako informazioarekin, informazio osoa lortuko da 2024ko ekitaldi osoko saldoei eta moneta birtualekin egindako eragiketei buruz. Arreta berezia jarriko zaie zerga-kontrolean moneta birtualekin egiten diren eragiketei, zeinak finantza-munduari hertsiki lotuta baitaude, askotan iruzur-arriskua dakarte eta. Ahalegin berezia eginen da moneta birtualen saldoei buruz lortutako informazioa egiaztatu eta kontrastatzen duen metodologia garatu eta hobetzeko, eta jarduketak bultzatuko dira horrelako aktiboekin jardun arren, horiek edukitzetik eta eskualdatzetik lortutako errentak edo ondare-irabaziak aitortu ez dituzten zergadunak kontrolatzeko.
Bestalde, neobankuek, hau da, nagusiki ingurune digitalean jarduten duten finantza-erakundeek, bankaren bitartekaritzako zerbitzuak eskaintzen dituzte, zerbitzuak libreki emanez, eta baliteke Espainian presentzia fisikorik ez izatea. Horregatik, kontrol gehiago eginen dira gaur egun informazioa emateko betebeharretatik (txartela) kanpo kobratzeko bitartekoak erabiltzen dituzten zergapekoen gainean, bitarteko alternatibo horiek saiheste- edo iruzur-bide izan ez daitezen.
Aro digitalaren erronkei aurre egin nahian, lanean ari gara informazio-betebehar berriei heltzeko eta 2023/2226 Zuzentaraura (DAC8) egokitzeko, zeinak esparru berri bat arautzen baitu kriptoaktiboetarako eta diru elektronikorako informazioa automatikoki trukatzeko, nork bere betebeharra borondatez betetzeko eta tributazio zuzena kontrolatzeko.
–Arrisku adierazleen trukea eta iruzur antolatuak goiz detektatzea: Administrazioen artean arrisku adierazleak trukatzea eta bereziki larriak diren arrisku elementu jakin batzuen jarraipena egitea oso baliagarria da Nafarroan BEZaren inguruan antolatutako iruzur-sareak ezartzea prebenitzeko. Iruzur horiek goiz detektatzea lehentasunezkoa da Foru Ogasunarentzat, zeren iruzurrezko erakunde horiek gaitasuna baitute epe laburrean zerga administrazioari kalte larria eragiteko, beste iruzur modalitate batzuk baino askoz ere handiagoa.
–Beste erakunde eta entitate batzuekiko lankidetza: Jarraituko da elkarlanean eta informazioa trukatzen Nafarroako Gobernuko departamentuekin, Nafarroako toki entitateekin eta beste entitate ofizial batzuekin, besteak beste, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin edo notarioekin eta erregistratzaileekin.
–Segurtasun indar eta kidegoekiko lankidetza: Laguntza eskatuko zaie Foruzaingoari eta Estatuko beste segurtasun indar eta kidego batzuei, lekuan bertan jarduteko, beharrezkoa denean, eta informazioa lortzeko, dela arrisku fiskal bereziko sektoreetan, dela ezkutuko ekonomiarekin zerikusia dutenetan.
2.2. Prebentzio-jarduketak.
Iruzurraren prebentzioa zerga administrazioaren helburu nagusietako bat da. Horrek esan nahi du informazio eta tresna egokiak izan behar direla ez-betetzeak eta iruzurrezko jarduerak detektatu eta saihesteko, haiek egin aurretik. Azken urteotan, Nafarroako Foru Ogasuna prebentzio-jarduketak bultzatzen ari da. Horien azken helburua da herritarrei laguntzea eta kontzientziatzea beren borondatez bete ditzaten beren zerga-betebeharrak eta, ondorioz, jatorrian iruzurra saihesteko, haiek egin aurretik.
Ikerketa eta egiaztapen jarduketa arruntetan ez bezala, zaila da neurri horien eragin ekonomikoa kuantifikatzea, baina, zalantzarik gabe, zerga administrazioaren lehen helburua izan behar da borondatez betetzen laguntzea eta sustatzea eta iruzur fiskala saihestea, ahal den neurrian minimizatuz ondorengo erregularizazio- eta kobrantza-jarduketak, kostu handiagoa baitute bai administrazioarentzat, bai egiaztapenaren xede diren pertsonentzat.
–IFZaren esleipenen kontrola eta errebokazioa. Zorrotz kontrolatuko da IFZaren esleipena, honako hauek egiaztatuko baitira: jakinarazitako datuen egiazkotasuna, aitortutako egoitza fiskalaren errealitatea eta behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak daudela jarduera ekonomikoa garatzeko. Era berean, jarraituko da aktiboki sozietateen IFZa errebokatzen baldin eta luzaro jarduerarik ez badute, zerga-betebeharrak behin eta berriz betetzen ez badituzte (aitorpenak aurkeztea bereziki) edo identifikatzen bada iruzurra egiteko tresnak izan daitezkeela ("pantaila" sozietateak).
–Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroa eta gordailu fiskaletatik produktuak ateratzen dituztenen erregistroa kontrolatzea. Erregistro horietan inskribatutako operadoreen aldez aurreko sarbidearen kontrola eta ondorengo jarraipena eginen da, BEZaren edo zerga berezien iruzur-sareetan erabiltzea prebenitzeko.
–Ibilgailuen matrikulazioen eta transakzioen kontrola. Aldez aurreko kontrolak mantenduko dira 576 eredua (zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia) izapidetzean, arrisku-eragiketak detektatzeko, hala nola gama altuko ibilgailuen transakzioak eta/edo neurriz beherako prezioak dituztenak, lotzen baitira zerga horretako eta BEZeko iruzur-sareekin, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta.
–NaTicket proiektua garatzea, fakturazio-erregistroetako informazioa berehala bidaltzeko. Proiektu horren helburua da sistema bat ezartzea Foru Ogasunari telematikoki eta berehala bidal dakion enpresa edo lanbide jardueraren bat egiten duten zergapekoen fakturazio-erregistroetan jasotako informazioa. Neurri horrek bi helburu ditu: batetik, enpresa txiki eta ertainei (ETE) eta autonomoei BEZaren eta zuzeneko zergen arloan ematen zaien laguntzaren kalitatea hobetzea, eta, aldi berean, zerga-kontrola hobetzea, salmentak ezkutatzeko softwarearen erabilera saihestuz eta fakturazio irregularra zailduz. Informazio hori denbora errealean eskuratuz gero, datu-gurutzaketa automatizatuak egiten ahalko dira, izan daitezkeen ez-betetzeen detekzioa bizkortuz. Eta diru-bilketaren kudeaketarako, bide emanen du zordunei dagozkien kreditu-eskubideen enbargo-aginduak aurreratzeko. Hori ezartzeko, formatu elektronikoak definitu beharko dira, eta dagozkion komunikazio-kanal seguruak gaitu.
NaTicket sistema ezartzeko lanak 2025ean hasi dira, eta etorkizunean lehentasunezko eta zeharkako jarduketa-ildo bat izanen da iruzurra prebenitzeko. Kontuan izanda zer tamaina duen proiektuak eta zenbateko eragina izanen duen zergadunen eta profesionalen kolektibo zabal batean, laguntza, prestakuntza eta komunikazioko plan espezifiko eta integral bat hedatuko da, informazio-aldi iragankor bat gaituko da, eta pixkanaka jarriko da martxan, soluzio teknologikoen ekoizleei nahiz enpresaburu eta profesionalei egokitzea errazteko. 2025ean, Foru Ogasunak barne sistemak diseinatu eta garatuko ditu NaTicketen bidez telematikoki bidaliko diren fakturazio-erregistroak masiboki jasotzeko, baliozkotzeko eta modu seguruan biltegiratzeko.
–Hezkuntza zibiko-tributarioa sustatzea. Epe luzerako prebentzio-neurri eraginkorrenetako bat da. Helburua da kontzientziazio soziala sustatzea, zerga-betebeharrak borondatez betetzeko eta, ondorioz, iruzurrezko jarduerak prebenitzeko. Horretarako, Nafarroako Foru Ogasunak prestakuntza-ekintzak bultzatuko ditu eskola eta unibertsitate eremuan, herritarren kontzientzia fiskala eta zerga-sistemaren ezagutza indartzeko.
3.–Iruzur fiskala ikertzeko, egiaztatzeko eta erregularizatzeko jarduketak.
Iruzur fiskala ikertzeko eta egiaztatzeko jarduketei dagokienez, Nafarroako Foru Ogasunaren jarduketa-ildoek honako hauek izanen dituzte ardatz: ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka, ondare eta enpresa handien kontrola, nazioarteko fiskalitatea eta eragiketa edo sektore espezifiko jakin batzuen gaineko kontrolak egitea. Horretarako, Nafarroako Foru Ogasuneko kudeaketa eta ikuskapen organoek egiaztapen eta ikerketa prozedurak garatuko dituzte, egiaztatzeko zergadunek zerga-betebeharrak behar bezala betetzen dituztela. Ez-betetzerik antzemanez gero, zerga-egoera erregularizatuko da, dagozkion likidazioak eginez eta, hala badagokio, dagozkion zehapen-espedienteak irekiz.
Egiaztatu beharreko zergadunak hautatzeko, arrisku fiskaleko irizpide objektiboak erabiliko dira, bai eta plan honetako jarraibide espezifikoak ere, eskura dagoen informazio guztia aztertuta: zergadunen aitorpenak, araudiak eskatutako aitorpen informatiboak, informazioa biltzeko jarduketa selektiboak, beste zerga administrazio eta erakunde batzuekin lankidetza akordio eta hitzarmenen bidez informazioa trukatzeko adostutako prozedura automatikoetatik lortutako informazioa eta nazioarteko informazio-truke automatikoen bidez beste jurisdikzio batzuetatik jasotako informazioa.
3.1. Enpresa handien, talde fiskalen eta nazioarteko fiskalitatearen kontrola.
Enpresa handien ekarpen ekonomikoaren garrantzi kuantitatiboa eta kualitatiboa kontuan hartuta, 2025ean zehar jarraituko da enpresa horiei buruzko egiaztapen eta ikerketa jarduketak egiten, irismen orokorrekoak zein partzialekoak, egiaztatzeko zergak behar bezala ordaindu direla eta zerga-betebeharrak bete direla.
Horretarako, zerga-oinarriak aztertuko dira, egiaztatzeko behar bezala zehaztu direla, bai eta kontabilitate-emaitzari egindako doikuntzak ere. Era berean, egiaztatuko da behar bezala zehaztu eta aplikatu direla aitortutako eta aplikatutako onura eta pizgarri fiskalak, eta bereziki garrantzitsuak diren eragiketak aztertuko dira.
Enpresa batek zergak ordaindu behar baditu lurralde bakoitzean egindako eragiketa kopuruaren arabera, kontrolak eginen dira bai sozietateen gaineko zergan bai balio erantsiaren gaineko zergan aitortutako tributazio-ehunekoetan; hori guztia, Arbitraje Batzordearen eta Auzitegi Gorenaren irizpideekin eta lotura-puntuekin bat.
Enpresak berregituratzeko eragiketei eta talde fiskalen tributazioari dagokienez, jarraituko da araudian eskatzen diren betebehar materialak eta formalak betetzen direla zaintzen. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean aurreikusitako araubide bereziari atxikitako bat-egiteak, zatiketak, aktiboen ekarpenak eta balore-trukeak aztertuko dira, eta egiaztatuko da ezarritako baldintzak betetzen direla, eta, bereziki, baliozko arrazoi ekonomikoak daudela eta ondasunak behar bezala baloratu direla, bai eta aitortu direla ere, ondorioz, geroagoko eskualdatzeetan sortutako gainbalioak. Arreta berezia jarriko da zerga-oinarri negatiboak dituzten sozietate ez-aktiboak xurgatzearen ondoriozko bat-egiteetan. Era berean, egiaztatuko da behar bezala zehaztu direla zerga-baterakuntzarako perimetroa, ezabaketak eta eransketak, eta oinarri negatiboen konpentsazioa.
Finantza-gastuen eta beste partida batzuen kengarritasunari dagokionez, egiaztatuko da behar bezala betetzen direla sozietateen gaineko zergan gastu horiek dituzten kengarritasun-mugak, barne daudelarik talde bereko erakundeekiko zorretatik eratorritakoak, planifikazio fiskal oldarkorrak saihesteko. Transakzio garrantzitsuetako gainbalioak eta minusbalioak eta kontabilitate-emaitzari egindako doikuntzak aztertuko dira, bai eta onura fiskalak eraginkortasunez aplikatzeko baldintzak betetzen diren ere. Balio erantsiaren gaineko zergan, talde barneko eragiketei erreparatuko zaie, behin eta berriz itzultzeko eskaerak sortzen dituztenean.
Munduko jarduera ekonomikoak nazioarteratzera eta integratzera jo duenez, nazioarteko eragiketa lotuek garrantzi handia dute egungo ekonomian. Eta eragiketa mota horri datxekion arrisku fiskalarekin, ikuskapen jarduketa lehentasunezkoa izanen da berriz ere 2025ean.
Nafarroan presentzia duten talde multinazionalei dagokienez, eremu hauek nabarmenduko dira 2025ean ere, duten garrantzi erlatiboa edo arrisku fiskala dela eta, transferentzia-prezioen arloan: enpresa-berregituraketak, aktiboak (bereziki ukiezinak) talde barnean eskualdatzearen edo lagatzearen balorazioa, zerga-oinarria nabarmen higa dezaketen partiden kenkaria (esaterako, talde barnean ukiezinak lagatzearen edo zerbitzuak ematearen ondoriozko kanonengatik egiten diren ordainketak), behin eta berriz izandako galerak edo zergei lotuta dauden eragiketa finantzarioak. Egiaztapen jarduketak eginen dira Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin koordinatuta (ZAEA), talde multinazionalek eragiketak egiten dituztenean ikuskapen eskumen desberdinak dituzten entitateekin, taldearen barnean egindako eragiketen erregularizazio osoa bermatzeko.
Eragiketa lotuei eta transferentzia-prezioen azterketari dagokienez, ZAEArekin koordinatuta lan eginen da zerga administrazioen arteko gatazkak ebazteko ezartzen ahal diren adiskidetasun prozeduretan eta eskatzen diren aurretiazko balorazio-akordioen prestaketan.
Jarraituko da kontrolatzen ea Nafarroako zergapekoek zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenak behar ez bezala aplikatzen dituzten, bai eta Europar Batasuneko araudia ere, kasua denean hark barne eremuko arau jakin batzuekin duen eraginak sortzen dituela zergapetzerik gabeko egoerak, saiheste fiskaleko kasu posibleak eragozteko.
Egiaztapenak eginen dira detektatzeko egoitza atzerrian duten entitateek Foru Komunitateen esparruan lortutako ondare-irabaziak, zerga-betebeharra badute, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aitorpenean, Zergapetze Bikoitzeko Hitzarmen aplikagarriarekin.
Informazioa eskuratzeko jarduketak eginen dira, halaber, Foru Komunitatean ezarrita egoten ahal diren eta atzerriko sozietateek deklaratu gabe dituzten establezimendu iraunkorrak detektatzeko, eta establezimendu iraunkor deklaratuak ere bai, ez badituzte betetzen halakotzat onartuak izateko behar diren baldintzak, eta kasu horretan, haien tributu egoera erregularizatuko da, bai BEZaren bai sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako.
3.2. Ondare nabarmenen kontrola.
Urtetan zehar ikusi da kalte egiten zaiola Nafarroako Foru Ogasunari zenbait jarduerarekin, hala nola egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dagoelako itxurak egitean, bereziki pertsona fisikoen kasuan, asmoa baita horren bidez berez dagokien tributazioa baino txikiagoa eskuratzea. Horregatik, begiratuko da zergadun batzuek egoitza fiskalarekin itxurak egiten dituzten tributazio txikiagoaz bidegabekeriaz baliatzeko, desberdina baita tributazioa beste lurralde batzuetan Nafarroako Foru Komunitatekoarekin alderatuta. Ildo horretatik, kolektibo horrekiko lehenengo kontrol neurria da haien deslokalizazioa saihestea. Horretarako, azken urteetan Nafarroatik beste autonomia erkidego nahiz jurisdikzio batzuetara egindako egoitza aldaketak aztertuko dira, egiazko ohiko egoitza Nafarroan duten pertsonen formazko lekualdatzeak detektatu ahal izateko, haien helburu bakarra izaten baita karga fiskal txikiagoa lortzea, zuzeneko zergei dagokienez. Horretarako, Foru Ogasunaren esku dauden informazioak aztertuko dira, zergapekoek berek eta haiekin harremana duten hirugarrenek aitortutakoak, eta beharrezkoak diren informazio espezifikoak biltzeko eta lekuan bertan egiaztatzeko jarduketak eginen dira.
Ondare handiek, beren bolumen eta ezaugarriengatik, joera izaten dute inbertsioak produktu desberdinetan dibertsifikatzeko eta beren kapitala sozietate egituren bitartez kudeatzeko; kasu askotan, lurralde desberdinetan kokatzen dituzte ondasunak, eskubideak eta errentak. Horrek ahalegin berezia eskatzen du eskura dauden informazio-iturri guztiak kudeatzeko, estatu nahiz nazioarte mailakoak izan, era egokian esleituko bazaie gaitasun ekonomiko handiko pertsona fisiko horiei beren mundu mailako errenta eta ondare osoa.
3.3. Sozietateen gehiegizko erabilera.
2025ean, arreta bereziz begiratuko da merkataritza-sozietateak ez direla tartean jartzen gehiegikeriaz eta fikzioz ondare pertsonalen karga fiskala murrizteko. Horregatik, kontrol jarduketak eginen dira pertsona edo familia talde batek osorik kontrolatutako sozietateen gainean, xedetzat badute garatzen duten jardueraren tributazioan minorizazio bidegabea lortzea edota zerga-oinarriak eramatea zerga-tasa txikiagoa duten beste erakunde juridiko batzuetara.
Horregatik, erakundeak aztertuko dira baldin eta aktibo gehienak itxuraz jarduera ekonomiko baten garapenari atxikita ez dauden elementuez osatuak badituzte, helburua izanen baita ondasun eta eskubideen titulartasun formala izateko eta bazkidearen erabilera partikularrerako eta haren gastu pertsonalen ordainketarako soilik tartean jartzen diren sozietateak detektatzea. Halakoetan, kontingentziak guztiz erregularizatuko dira, sozietatearenak nahiz bazkide pertsona fisikoarenak, eta, kasua bada, lotutako eragiketen araudia aplikatuko da. Horregatik, arreta bereziz begiratuko da merkataritza-sozietateak ez direla tartean jartzen gehiegikeriaz eta fikzioz ondareen karga fiskala murrizteko.
Sozietatearen eta bazkidearen artean erregistratutako maileguak aztertuko dira, batzuetan, etekinak banatzeko bide bat izaten ahal baitira, mailegu edo aurrerakinen itxurapean. Horretarako, mailegu hartzailearen profila, sinatutako kontratua, haren kontabilizazioa, itzulketen egutegia, interesak, bermeak eta eragiketaren gainerako elementuak aztertuko dira.
Berariaz egiaztatuko da entitateetako partaidetzengatik ondareen gaineko zergan aurreikusten den salbuespena, ondare pertsonalaren kudeaketan onura modu bidegabean lortzeko tresna huts gisa baliatzea saihesteko. Onura fiskal horren aplikazioa bidezkoa bada, proportzio egokian aplikatzen den aztertuko da, jarduera enpresariala edo profesionala gauzatzeko beharrezkoak diren aktibo gordinen pisuaren arabera.
Arreta berezia jarriko da identifikatzeko zer entitate erabiltzen den iruzur fiskalerako tresna gisa, bai eratu zenetik enpresa-egitura errealik ez duelako, bai jarduera eraginkorra eten duelako. Zehazki, begiratuko da ez dela fakturarik jaulkitzen, babesten ez duenik egiazko ondasunik edo zerbitzurik, eragiketa hori itxurazko jarduera ekonomiko bat simulatzeko asmo bakarrarekin diseinatuta dagoenean, dela bidezkoak ez diren zergen itzulketak lortzeko, dela hartzaileek BEZaren kuoten bidegabeko kenketa errazteko, dela existitzen ez diren gastuak kontabilizatzeko.
3.4. Ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka.
Iruzur fiskala, oro har, zerga-betebeharrak ez betetzea da; ezkutuko ekonomia, berriz, kontzeptu zabalagoa da: agintarien ezkutuan egitea legearen arabera beren osoan administrazioari jakinarazi beharreko legezko edo legez kanpoko jarduera ekonomikoak, xedea izanik zergak edo gizarte kotizazioak ez ordaintzea edo erregulazio edo administrazio izapide jakin batzuk saihestea. Horrek esan nahi du zergapekoek nahita saihesten dutela zergak ordaintzea. Beraz, zerga administrazioek iruzur fiskalari aurre egiteaz gain ezkutuko ekonomiari ere egin behar diote aurre zentzurik zabalenean.
Ezkutuko ekonomiari aurre egiteko modurik eraginkorrenetako bat da lekuan bertan jardutea, bai gertaerak egiaztatzeko eta datuak hartzeko, bai auditoretza informatikoen bidez informazioa biltzeko. Auditoretza informatikoak, ahal den guztietan, interesdunaren laguntzarekin eginen dira, eta dagokion baimen administratibo edo judizialarekin, beharrezkoa bada. Arrisku fiskal handiko sektore jakin batzuetan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta foru aldundiekin koordinatuta eginen dira zergapekoaren egoitzako auditoretza informatiko horiek. Administrazioarekiko auzien epaitegiaren baimena beharko da etxeren batera sartu behar bada, Konstituzioaren babesa baitu, iruzurraren arrasto aski daudenean. Halakoetan, era egokian justifikatu beharko dira jarduketaren helburua, beharra eta proportzionaltasuna.
Enpresa-sorlekuak eta sozietate bat baino gehiago helbideratuta dauden espazioak ere begiratuko dira, detektatzeko legez kanpoko helburuekin sortu ote den etxebizitza faltsurik eta pantaila sozietaterik.
2025ean jarraituko da kontrol jarduketak egiten ezkutuko ekonomiaren arrisku handia sumatzen den sektoreetan nahiz negozio ereduetan, arreta berezia jarrita eskudiruen erabilera intentsiboan eta atzerrian kokatuta dauden eta informazioa emateko betebeharrak saihesten dituzten ordaintzeko metodo elektronikoetan. Kontuan hartuko da arrisku fiskala izan dezaketela bankuko bitartekoen bidez ordainketak onartzen ez dituzten zergadunek, errentak lortzen badituzte ondasunak entregatzeagatik nahiz zerbitzuak emateagatik azken kontsumitzaileei, edo aberastasun, errentagarritasun eta informazio finantzarioko kanpoko zantzuak ez badatoz bat errenta aitortuekin.
3.5. Kontrolak eragiketa eta jarduera ekonomikoen gainean.
Nafarroako Foru Ogasunak 2025. urtean jarraituko die kontrola egiten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, sozietateen gaineko zergan, balio erantsiaren gaineko zergan eta gainerako zergetan aitorpena egiten ez dutenei, bai eta aginduzko atxikipenei eta konturako ordainketei ere.
Horretarako, kasu hauetan eginen zaizkie kontrolak zergapekoei: zergen aitorpenetan inkoherentzia esanguratsuak dituztenean kontrasterako eskura dagoen informazioarekin; aitortutako errentekin bat ez datozen kanpoko aberastasunaren zeinuak dituztenean; jardueraren izaerarekin bateraezinak diren errentagarritasunak dituztenean; edo galerak etengabe edo behin eta berriz aitortzen dituztenean, horrek zerikusirik ez badu negozioaren benetako bilakaerarekin beste adierazle batzuen arabera.
Halaber, zergapekoek aitortutako jardueren ratioa konparatuko da sektorearen indizeekin, ezkutuko diru-sarreren ondoriozko inkongruentziak edo desbideratzeak atzeman beharrez, batez ere eskudiruaren erabilera handia eginik azken kontsumitzaileei salmentak egiten edo zerbitzuak ematen dizkieten txikizkako sektoreetan eta profesionalen artean.
Beharrezkoa denean, xedea, beharra eta proportzionaltasuna behar bezala justifikatuta eta arrazoituta, zergapekoaren egoitzan (pertsona juridikoen kasuan) jasoko da informazioa, auditoretza informatikoko jarduketak eginez, nahitaezko baimen administratiboa edo judiziala edukita, lokal horiek egoitza sozialtzat hartu behar direnean.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, 2025ean kontrol jarduketak eginen dira munta handiko likidazio oinarri negatiboak behin eta berriz deklaratzen dituzten erakundeen gainean eta aspaldiko aldietan sortu eta aplikatzeko dauden oinarri handiak metatzen dituztenen gainean, begiratzeko behar bezala egiaztatuta daudela eta etorkizunean aplikatzeko arauan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
Onura fiskalei dagokienez (konpentsatu edo aplikatu gabeko kreditu fiskalak oinarrian nahiz kuotan eta pizgarriengatiko kenkariak), lanean jarraituko da kontrolatzeko behar diren baldintzak betetzen direla horiek egiaztatu eta benetan aplikatzeko.
Neurriak hartuko dira interes ekonomikoko elkarteen bidezko ikerketa eta garapenagatik oinarri likidagarri negatiboen eta kenkarien gehiegizko sorrera saihesteko, ondoren beren partaide diren bazkideei egozten baitzaizkie onura fiskalak.
Kotizatu ez duten entitateen balioen transmisioetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako presuntzioarekin bat, deklaratutako salmenta-prezioa kontrastatuko da entitatearen ondare gordinaren arabera dagokionarekin, edo emaitzen kapitalizaziotik sortzen denarekin, gainbalio ezkutuak eta minusbalio justifikatu gabeak detektatzeko. Eragiketa mota horretan, orobat, deklaratutako erosketa kostua egiaztatuko da, bereziki, partaidetzak bat-egite, banantze, aktibo ekarpen eta balio trukeen araubide bereziaren baitan egindako eragiketen xede izan direnean.
Halaber, jarraituko da zaintzako eta egiaztapeneko jarduketak egiten kapital soziala aldatzea dakarten eragiketetan.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez profesionalen gaineko jarduketak egiteko, batera aztertuko dira finantza-entitateetatik lortutako informazioak, beste hirugarren batzuek aitortutako egozpenak, azken bezeroei eta hornitzaileei egindako errekerimenduen bidez jasotako informazioak eta erregistro publiko eta pribatuetatik lortutako beste batzuk. Era berean, lan eginen da antzemateko ea tarteko sozietaterik erabili den baliabide materialik, giza baliabiderik eta benetako oinarririk ez duten lanbide jarduera guztiz pertsonalak gauzatzeko, sozietate horiek zerbitzuen prestazioan parte hartu gabe. Kasu horietan, pertsona fisikoari egotziko zaizkio bezeroarengandik jasotako errentak, merkatuko balio normalaren arabera, arauan finkatutako baldintzak betetzen badira. Horren guztiaren xedea da pertsona juridikorik ez sortzea pertsona fisikoek emandako zerbitzuen tributazioa bideratzeko tresna gisa erabiltzeko helburu nagusiarekin, haien tributazioa modu irregularrean murrizten baita.
Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, jarraituko da, lehentasunez, iruzur-sare antolatuen kontrolaren koordinazioa eta kudeaketa bultzatzen, bai haien prebentzioari dagokionez, bai jatorritik beretik mugatzeari dagokionez, gaitasuna duelako epe labur batean zerga administrazioari kalte larria sortzeko, beste iruzur modalitate batzuk baino askoz ere handiagoa.
Hidrokarburoen sektorean BEZaren iruzurra saihesteko, garrantzi kuantitatibo handikoa baita, oso garrantzitsua da banaketa-katean esku hartzen duten subjektu guztiak kontrolatzea. Horregatik, 2025ean jarraipen berezia eginen zaio hidrokarburoen merkaturatzean antolatutako iruzurrari, oso aktiboa baita.
Kudeaketako eta ikuskaritzako organoak koordinatuta, kontrolak eginen zaizkie, hidrokarburoen gaineko zergan eta balio erantsiaren gaineko zergan, hidrokarburoak banatzeko katea osatzen duten subjektu guztiei, baita txikizkako banatzaileei ere. Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin koordinatuta, arau aldaketak eginen dira, debekatzeko handizkako operadoreek produktu horiek beste enpresa batzuei saltzea, ez badira handizkako beste enpresa batzuk edo kontsumorako erregai-banatzaileak, bai eta txikizkako banatzaileek txikizkariei edo handizkariei saltzea debekatzeko ere. Jarduketa horien bidez, saihestu gogo da iruzur-sare aktiboek salmentak handitzea publikoarentzako salmenta-prezioa iruzurrez jaitsiz. Operadoreei gaikuntza kentzen zaienean sektore horietako subjektu aktiboei buruz ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, azken helburua da bidezko lehia sustatzea eta hidrokarburoen merkatuaren gardentasuna bermatzea.
Era berean, jarraituko da kontrolak egiten Europar Batasunaren barruko BEZaren iruzur-sareen gainean, ibilgailuen salerosketaren sektoreari dagokionez. Aldez aurreko kontrolak mantenduko dira 576 eredua (zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia) izapidetzean, arrisku-eragiketak detektatzeko, hala nola gama altuko ibilgailuen transakzioak eta/edo neurriz beherako prezioak dituztenak, lotzen baitira zerga horretako eta BEZeko iruzur-sareekin, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta.
Kenkari eta itzulketa bidegabeak saihesteko, jarraituko da enpresariek eta profesionalek aitortutako BEZ jasanaraziaren zenbatekoak egiaztatzen, baldin eta bat ez badatoz Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri diren erosketa eta eskuratze datuekin.
Era berean, egiaztatuko da ez dela ondasunaren afektazioa edo destinoa aldatzen inbertsio-ondasunak eskuratzeagatik BEZa itzultzeko eskaera egin ondoren, baldin eta, horren ondorioz, aplikatutako kenkaria bidegabea bada edo inbertsio-ondasuna erregularizatu behar bada.
Bestalde, begiratuko da ea pertsona juridikoak erabiltzen diren jasandako BEZaren kuoten kenkarirako eskubidea lortzeko, baldin eta zuzenean edo zeharka lotuta badaude beste erakunde batzuekin, zeinen jarduerek eskubide hori sortzen ez baitute, edo erabakitzen bada gehiegizkoak edo artifizialak direla eta tributazioa murrizteko xede bakarra dutela.
Fabrikazioaren gaineko zerga bereziei dagokienez, 2025ean jarraituko da fabrikak, gordailu fiskalak eta biltegi fiskalak kontrolatzen. Era berean, jarduketak eginen dira egiaztatzeko sektore horretako operadoreei ezarritako betebehar formalak betetzen direla. Kontrolatuko da, orobat, behar bezala aitortzen direla produktu horien fabrikazioko eta eraldaketako eragiketak, horiek eraginkortasunez aplikatzen zaizkiela aitortutako prozesuei eta destinoei, eta betetzen dela gaien kontabilitatea eramateko betebeharra SILICIE sistemaren bidez.
4.–Kontrol jarduketak diru-bilketaren fasean.
Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketa kontrolatzeko jarduketen helburu nagusia da zerga-zorren benetako kobrantza ziurtatzea, baldin haien kudeaketa berari badagokio. Hala ere, jarduketa horiek ez dira zorrak likidatu ondorengo ordainarazpen huts bat; aitzitik, funtsezko zeregina bete behar dute fase horretan iruzur fiskala prebenitzeko eta zergapekoek ordainketa espontaneoa sustatzeko.
Ildo horretan, Zergen Kontrolerako 2025eko Planak, aurreko ekitaldietako jarduketa-ildoei jarraipena emateaz gain, hobekuntzak sartzen ditu diru-bilketa kudeatzeko tresnetan nahiz prozeduretan, bilketa-fasearen eraginkortasuna hobetzeko.
Hala, 2025ean, jarduketa-ildo espezifiko hauek garatuko dira diru-bilketaren arloan:
4.1. Programa informatiko espezifikoak garatzea eta ordainbideak hobetzea:
Jarraituko da programa informatiko espezifikoak garatzen eta ezartzen eta ordainbide berriak ugaltzen, diru-bilketaren kudeaketaren kontrola eta efizientzia hobetzeko, bai borondatez ordaintzeko epean, bai, bereziki, epe exekutiboan.
–Erantzukizuna deribatzeko espedienteak kudeatzea. Lehentasunezko proiektu informatiko gisa, jarraituko da hurrengo faseak garatzen erantzukizuna deribatzeko espedienteen kudeaketa integralerako tresna espezifikoan. 2024an lehen garapen partziala ezarri ondoren, zeinak kudeaketa eraginkorragoa ekarri baitu, espediente horien bizi-ziklo osoa barne hartzen duten funtzionalitate berrietan aurrera eginen da, hasieratik ebatzi eta kobratu arte. Hala, instrukzioarekin zerikusirik ez duten zereginak kentzen zaizkio unitate arduradunari, eta jarraipen zorrotzagoa egiten da.
–Zorrak ordaintzeko bideak hobetzea. Zergadunek eskura dituzten ordainbideak ugaltzen eta hobetzen jarraituko da. Ildo horretan, nabarmentzekoa da 2025ean lizitazioa egin dela banku-txartel eta Bizum bidez ordaintzeko zerbitzuetarako eta 2026an ezarriko direla.
4.2. Ordainketa zatikatzea eta geroratzea:
–Bizkortzea eta kontrolatzea. Jarraituko da zerga-zorrak zatikatzeko eta geroratzeko izapideak bizkortzen, eta zorrozki kontrolatuko da ea ordainketak egiten ote diren eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera.
–Konkurtso-prozedurak. Berariaz lan eginen da kontabilizazioa eta kudeaketa hobetu dadin konkurtso-prozeduretatik eratorritako ordainketa zatikatuetan, haien izaera eta izapidetze berezia kontuan hartuta.
4.3. Administrazioen arteko lankidetza diru-bilketaren arloan:
Elkarlanean jarraituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin eta Nafarroako toki entitateekin, informazioa trukatzeko zordunen ondare-egoerari buruz eta jakiteko ordaindu gabeko zerga-krediturik dagoen.
Derrigorrezko diru-bilketaren arloan elkarri laguntzea bultzatuko da. Horretarako, modu eraginkorragoan eta bizkorragoan jardutea ahalbidetzen duten teknologiak erabiliko dira, eta informazioa trukatzeko sinatutako hitzarmenetan diru-bilketa hizpide duten alderdiak garatuko dira. Europar Batasunaren diru-bilketan elkarri laguntzeko eskaerak ugarituko dira.
4.4. Enbargoen kudeaketa:
Informazioa Berehala Emateko Sistemak (IBE) jasotako informazioari esker kreditu-eskubideen enbargoen kudeaketa sistematizatuta egonda, aukera dugu enbargoa egiteko unea aurreratzeko, zordunentzako kreditu-eskubide horien sorrerari dagokionez. Horrez gain, Nafarroako Foru Ogasunaren gainerako arloekin koordinatuta, informazioa emateko betebehar berriei esker lortzen den informazioa ustiatuko da enbargoen eraginkortasuna hobetzeko. Informazioa bide horietatik goiz eta zehazki jasoz gero, zordunen jokabideak aztertu eta aurrea hartzen ahalko zaie erantzukizuna hirugarrenei deribatzeko jarduketei.
Jarraituko da diru-bilketa kontrolatzeko aurrez aurreko jarduketak egiten, helburu dutenak informazioa lortu eta enbargoak egitea, zordun jakin batzuek beren egoera erregularizatzeko asmorik ez dutenean eta, kasu batzuetan, jarduera ekonomiko bat egiten jarraitzen dutenean zorrak murriztu gabe edo are handituta ere.
4.5. Kontrol jarduketa kualifikatuak diru-bilketaren fasean:
Foru Ogasunak kontrol jarduera kualifikatuak bultzatuko ditu diru-bilketako fasean, bereziki konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan edo kaudimengabeziaren arriskua dagoenean:
–Kautelazko neurriak hartzea likidatutako edo likidatzeke dauden zerga-zorrak kobratuko direla ziurtatzeko. Jarraituko da diru-bilketako, kudeaketako eta ikuskaritzako arloen arteko koordinazioa bultzatzen, egiaztapen jarduketak hasten direnetik, kautelazko neurriak hartzeko, goiz detektatuz gero diru-bilketaren arloko arriskua nabarmena dela.
–Ondasun higiezinak erabiltzea debekatzeko erabakiak hartzea, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean horretarako aurreikusitako baldintzak betetzen direnean.
–Erantzukizuna deribatzeko prozedurak. Ikerketa jarduerak ugarituko da, egiaztatzeko erantzuleei (solidarioak edo subsidiarioak izan) zerga-zorrak ordain ditzaten eskatzeko legez aurreikusitako egitatezko kasuak gertatzen direla. Eta zerga-erantzukizuna deribatzeko espedienteak kudeatu eta haien jarraipena egiten duten sistema informatikoak eta prozedurak berrikusi eta hobetuko dira, helburua izanik espediente horien izapideak optimizatzea, hasi erantzule solidario edo subsidiario posibleak identifikatzearekin eta buka zorra benetan eskatzerekin, ziurtatu gogo baita behar bezalako kontrola egiten dela prozeduraren faseetan eta behar bezalako kontabilitate egozpena egiten zaiela eratorritako kredituei.
–Ondarea ikertzeko jarduketak, bide ematen dutenak fikziozko kaudimengabeziak, ondasunen ostentzeak edo ordainketa saihesteko beste jokabide batzuk detektatzeko.
–Akzio penalak kaudimengabeziagatik edo agiriak faltsutzeagatik, bai eta jurisdikzio zibilaren aurreko akzioak ere, Ogasun Publikoaren eskubideen defentsan.
4.6. Zordunen oinordekoen aurreko jarduketak:
Diru-bilketa kudeatzeko jarduketak indartuko dira zordunen oinordekoen aurrean, pertsona fisikoak zein juridikoak izan.
4.7. Enkante elektronikoak sustatzea:
2021ean Diru-bilketaren Erregelamendua aldatu ondoren eta 2022an Estatuko Aldizkari Ofizialaren enkanteen atarian enkanteen izapidea sartu ondoren, jarraituko da sistemaren efizientzia eta lizitatzaileen etorrera sustatzen, adjudikazioaren emaitzak hobetzeko.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokia diren bide guztiak erabiliz zabal dadin.
Iruñean, 2025eko irailaren 30ean.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.
Iragarkiaren kodea: F2512914
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
