1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
382E/2025 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, eman baitzen Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez, eta gero aldatu baitzen Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 15eko 145E/2025 Ebazpenaren bidez.
2025-07-18an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, kolageno-bainuaren hondakinaren EHZ kodea aldatzea, 16 03 06 izatetik 02 02 03 izatera.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du ez dela onargarria; izan ere, eskatzen dena ez dator bat instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin. Bereziki:
–Sortzen den hondakina prozesu kimiko baten ondorioa da, eta ez elikagai prozesu batena, beraz ezin daiteke sartu 02 kapituluan (Nekazaritza, baratzezaintza, akuikultura, basogintza, ehiza eta arrantza hondakinak; elikagaien prestaketaren eta elaborazioaren hondakinak), ez eta 02 02 taldean ere (Haragia, arraina eta animalia-jatorriko beste elikagai batzuk prestatzean eta elaboratzean sortu hondakinak), Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakian ezarrita dagoenaren arabera (erabaki horren bidez aldatu egin zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin).
–Hondakinak egun duen kodeari egoki irizten zaio, edo, edonola ere, honela kodifika liteke: 16 10 02 (Hondakin likido urtsuak, ez direnak 16 10 01 kodean zehaztuak), edo 16 10 04 (16 10 03 kodean jasotakoak ez diren kontzentratu urtsuak), kontzentrazio mailaren arabera, ezaugarriak zehaztearen mende.
–Bainuaren osaera egokia da digestio anaerobikoaren bidezko balorizazioa egin dadin. Hala ere, digestio anaerobikoan sortutako lohiak ondotik lurrean aplikatzeko direnean, kudeatzailearen ingurumen baimen integratuan zehazten den bezala (kudeatzaile horren tratamendu-kontratua erantsi baita), Ongarriei buruzko ekainaren 28ko 506/2013 Errege Dekretuak EHZ kode zehatz batzuetara mugatzen du digerituak izateko diren materialen sarrera, zeinetan ez baitaude 16. kapitulukoak.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Ukatzea Kasedako udal-mugartean elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da.
Bigarrena.–Mantentzea instalazioaren ingurumen baimen integratuan jasotako baimen eta inskripzioen indarraldia, hondakinak sortu eta kudeatzeari dagokienez, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean. Ingurumen baimen integratu hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez eman zen.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan España SLUra eta Kasedako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2513043