1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
443E/2025 EBAZPENA, urriaren 17koa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortzeko proben deialdia onesten duena.
Abenduaren 11ko 111/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria arautzen da. Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortzeko prozedura aldizkako deialdi publikoen sistema batean oinarrituko da, zeinetan jasoko baitira, hain justu, egoki diren ebaluazio probak egiteko beharrezko oinarriak eta elementuak. Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiari dagokio egiaztapen prozesua kudeatzea eta ziurtagiria ematea.
Abenduaren 11ko 111/2024 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharrez, eta helburua izanik herritarren gaikuntza digitala bultzatzea ebaluazio prozedura arautu baten bidez, zeinek aukera emanen baitu indarrean dagoen konpetentzia digitalen Europako DIGCOMP esparruaren araberako konpetentzia digitalen 2. maila (oinarrizkoa) ofizialki egiaztatzeko, egokitzat jotzen da egiaztapen proben deialdi hau onestea eta behar diren oinarriak ematea Nafarroako Foru Komunitatean garatu eta egiteko.
Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortzeko proben deialdia. Deialdi hori ebazpen honen eranskinean jasotako oinarriek arautuko dute.
2. Ebazpen hau igortzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuari.
3. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
ERANSKINA.–KONPETENTZIA DIGITALEN ZIURTAGIRIA LORTZEKO PROBEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortzeko proben deialdia arautzea (konpetentzia digitalen Europako esparru indardunaren arabera konpetentzia digitalen 2. maila, oinarrizkoa), bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria arautzen duen abenduaren 11ko 111/2024 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
Konpetentzia digitalen ziurtagiri ofiziala dokumentu ofizial bat da, zeinaren bidez egiaztatzen baita eskuratu direla indarrean dagoen konpetentzia digitalen Europako esparruak deialdi honen xedeko mailetarako ezartzen dituen ezagutza, trebetasun eta gaitasun digitalak.
2.–Konpetentzia maila.
Konpetentzia digitalen Europako esparruaren araberako konpetentzia digitalen 2. maila (oinarrizkoa) gainditzeko probaren deialdia egiten da. Hona hemen konpetentziok:
–1. arloa. Informazioa eta datuak bilatu eta kudeatzea.
–2. arloa. Komunikazioa eta elkarlana.
–3. arloa. Eduki digitalak sortzea.
–4. arloa. Segurtasuna.
–5. arloa. Problemak ebaztea.
3.–Betebeharrak.
Konpetentzia digitalen ziurtapen proba egin nahi dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–14 urte beterik izatea ziurtapen probetan izena ematen den egunean.
4.–Proba egiteko tokia eta eguna.
Proba Nafarroako Liburutegiko lehenengo solairuko informatika-gelan eginen da (Antonio Pérez Goyena pasealekua 3, 31008 Iruña).
Deialdian izena emateko, https://certilink.navarra.es/eu webgunea erabiliko da. Hor, hautagai bakoitzak izena eman dezake oinarri hauetako 5. puntuan (Proban izena ematea) zehaztutako urratsei jarraituz.
LEKUA | EGUNA | TXANDA | AZTERKETAREN HASIERA | PLAZAK |
Nafarroako liburutegia | Azaroaren 22a (larunbata) | Goizez | 09:00 | 18 |
Eskaria handiagoa baldin bada dauden plazen kopurua baino, azterketa egiteko beste ordutegi batzuk gaitzen ahalko dira, betiere deialdian iragarritako egun eta txanda berean. Ordutegi berriak https://certilink.navarra.es/eu webgunean iragarriko dira, bai azalean, bai "Azterketak" atalean.
Pertsona berak ezin izanen du izena eman deialdi honetako azterketaren ordutegi batean baino gehiagotan.
5.–Proban izena ematea.
–Onartutako identifikazio sistemak.
Sistema hauek onartuko dira nork bere burua konpetentzia digitalen ziurtapen sisteman identifikatzeko.
- Cl@ve.
- Ziurtagiri digitala.
- Educaren erabiltzailea, Nafarroako hezkuntza sistemak emana.
Cl@ve edo ziurtagiri digitalik izan ezean, akreditazio hori eska daiteke Nafarroako Gobernuko erregistro bulegoetan.
–Izena emateko epea.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da izena emateko epea, eta 2025eko azaroaren 20an bukatuko.
–Eskaerak aurkeztea.
Ziurtapen probetarako izena emateko eskaerak bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dira, ziurtapen sistemaren webgunearen bidez (https://certilink.navarra.es/eu). Deialdia webgunearen azaleko zerrendan agertuko da, baita "Azterketak" atalean ere.
Deialdiaren estekan klik egin ondoren, bi esteka agertuko dira: "Izena eman" eta "Arauak ikusi".
Izena emateko prozesua burutzeko, lehenengo estekan klik egin beharko da. Gero, nork bere burua identifikatu beharko du identifikazio digitaleko sistema onartuetako baten bidez, eta baieztapen mezua onartu.
Eskatzaileak ez badu kontu erregistraturik ziurtapen sisteman, bere burua identifikatu ondoren alta emateko formulario bat agertuko zaio.
Erabiltzaile-kontu batean alta emateak ez du esan nahi pertsona hori automatikoki deialdi batean inskribatuta geratzen denik. Sisteman alta eman ondoren, eskatzaileak deialdiaren fitxara itzuli eta izena emateko prozedura burutu beharko du "Izena eman" estekan klikatuz eta berrespen mezua onartuz.
–Izen-ematea berrestea.
Inskripzioa egin ondoren, plaza librerik baldin badago, eskaera automatikoki berretsiko da, eta sistemak berrespen mezu elektroniko bat bidaliko du erabiltzaile-kontuari lotutako helbidera.
Mezu hori jasotzen ez bada, eskatzaileak honako hauek egiaztatu beharko ditu:
- Erregistratutako erabiltzaile-kontu bat duela sisteman.
- Behar bezala identifikatu dela onartutako identifikazio digitaleko sistemaren baten bidez.
- Deialdia hautatu duela, eta, plaza librerik egonda, izena eman duela ezarritako epearen barnean.
Intzidentziak bere horretan badirau, brechadigital@navarra.es helbide elektronikora jo daiteke, izena emateko epearen barruan, arazoaren berri emateko. Plaza librerik badago, antolatzaileek inskripzioa eginen dute, eta erabiltzaileari lotutako posta elektronikoko helbidean jakinaraziko dute.
–Inskripzioa deuseztatzea.
Izena emateko epearen barnean erreserba deuseztatzen ahalko da penalizaziorik gabe. Horretarako, https://certilink.navarra.es/eu webgunean sartu beharko da onartutako identifikazio sistema batekin. Hor, "Hurrengo azterketak" fitxatik "Nire profila" atalera sartu eta klik egin beharko da deuseztatzeko estekan, eta gero, berrespen mezua onartu. Eskaera automatikoki berretsiko da, eta sistemak berrespen mezu elektroniko bat bidaliko du erabiltzaile-kontuari lotutako helbidera.
–Itxarote-zerrenda.
Plazarik ez badago, "Izena eman" botoiaren ordez, "Izena eman itxarote-zerrendan" botoia agertuko da.
Izena emateko epearen barnean plaza berriak azaltzen badira erreserbaren bat deuseztatu delako, itxarote-zerrendan daudenak izena emanda geratuko dira, itxarote-zerrendan sartu ziren dataren eta orduaren arabera. Aldaketa hori berresten duen mezu elektroniko bat jasoko dute erabiltzaile-kontuari lotutako helbidean.
Deialdi honen azterketa egiteko ordutegi berriak gaituz gero, antolatzaileak harremanetan jarriko dira itxarote-zerrendan daudenekin, eta ordutegi berri horietan izena emateko aukera eskainiko diete.
6.–Proba egiteko egokitzapenak.
Legez aitortutako desgaitasuna dutenek izena emateko eskaeran eskatzen ahalko dute proba egiteko behar den denbora eta baliabide materialak egokitzeko.
7.–Ziurtapen proba egiteari epez kanpo uko egitea.
Deialdi honen 5. puntuko "Inskripzioa deuseztatzea" atalean zehazten den bezala, izena emateko epea zabalik dagoen bitartean deuseztatu daiteke inskripzioa penalizaziorik gabe. Baina inskripzioa irmoa izanen da behin izena emateko epea amaituta.
Arrazoi justifikatuengatik ezin bada joan, ukoa idatziz jakinarazi beharko zaio atal eskudunari –justifikazioa adierazita– brechadigital@navarra.es helbide elektronikoan, ziurtapen proba egin baino 24 ordu lehenago gutxienez.
Izena emandako pertsona ez bada probara joaten eta arrazoia ez bada justifikatzen, hurrengo deialditik kanpo geratuko da. Ez joateko arrazoia justifikatuta badago, justifikazio agiria bidali beharko zaio atal eskudunari, brechadigital@navarra.es helbide elektronikoan, hurrengo deialdian izena eman ahal izateko.
Honako hauek hartuko dira justifikatutako arrazoitzat: istripua, ospitaleratu beharra, jaiotza edo adopzioa, odol bidezko bigarren mailara arteko eta ezkontza bidezko lehen mailara arteko ahaide baten heriotza, betebehar publiko saihetsezinak eta salbuespenezkoak diren beste batzuk.
8.–Proba egitea: egitura eta edukiak.
Aurrez aurre eginen da Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortzeko ziurtapen proba, iragarritako lekuan, eta azterketaren gelan eskuragarri egonen diren baliabide elektronikoak erabiliko dira.
Honako hau izanen da probaren egitura:
–Azterketak 63 galdera ditu, 5 arlotan eta 21 konpetentziatan banatuta, Europako DIGCOMP esparruaren egungo bertsioarekin bat.
–Galderen tipologia: galdera bakuna, anitza, arrastatzekoa, erlazionatzekoa...
–Gehienez ere 90 minutu izanen dira proba egiteko.
9.–Azterketa egiteko arauak.
–Ezinbestekoa da nortasun-agiria eramatea (NANa edo AIZa edo pasaportea), nortasuna egiaztatu ahal izateko, eta mahai gainean edukitzea beti, azterketa egiten den bitartean.
–Proba eginen dutenak gutxienez 30 minutu lehenago iritsi beharko dira azterketaren tokira, nor diren identifikatu ahal izateko eta dagokien ekipamendua esleitu ahal izateko.
–Ezin izanen da ezer instalatu azterketaren ekipamendu horretan, ziurtagiri digitalak barne. Beraz, Cl@ve eta Educaren erabiltzailea izanen dira probaren egunean eskuragarri egonen diren identifikazio sistema bakarrak. Izangaiek sistema horietako bat izan beharko dute azterketaren egunean.
–Gelan probaren arduradun gisa egonen denak ezin izanen die galderen edukiari buruzko zalantzarik argitu proba egiten ari direnei. Aplikazioaren funtzionamenduarekin lotutako zalantzak baino ezin izanen ditu argitu.
–Azterketan zehar isiltasuna errespetatzen ez bada, beste pertsona batzuei enbarazu egiten bazaie edo kopiatzen saiatzen bada, kasuko pertsonari ordena gordetzeko eskatuko zaio eta aretotik irten beharko du.
–Azterketa egiteko ezin da ikasmaterialik erabili, ez eta galderen edukia bilatzeko aukera ematen duen gailurik ere.
–Arduradunak aginpidea du baten batek proba egiten jarraitzen duen edo ez erabakitzeko, egoerak hala eskatzen duenean.
–Norbaitek ez badu proba ezarritako epean amaitzen, azterketa amaitutzat joko da eta automatikoki bidaliko da zuzentzeko.
–Proba egin ondoren, bakoitzak jakin dezake zer puntuazio eta zer emaitza (gai ala ez gai) duen eta zenbat galdera oker dituen.
10.–Penalizazioak.
–Interesdunak arau-hauste astun bat egiten badu, ezin izanen du hamabi hilabeteko epean beste proba baterako izena eman, edozein dela ere ziurtapen mota.
–Arau-hauste astuntzat jotzen dira:
- Ikasketa materiala erabiltzea, baimendu gabeko web-orrietan sartzea edo baimendu gabeko beste baliabide batzuk erabiltzea azterketako galderei erantzuten laguntzeko.
- Azterketako galderak idaztea edo irudiak hartzea, gero beste pertsona batzuei helaraz dakizkiekeenak.
- Probaren arduradunaren arabera kopiatzeko saiakera izan daitekeen edo iruzurra dakarren edozein jokabide susmagarri.
11.–Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren ahalmenak.
–Prestakuntza eta ziurtapen jarduerak garatzean eta kudeatzean sor daitezkeen gorabeherak konpontzea. Era berean, ebazpen hau gauzatzeko eta betetzeko behar dena xedatzea dagokio.
–Nafarroako Foru Komunitatearen konpetentzia digitalen ziurtagiria ematea ziurtapen proba gainditzen duten guztiei, bat etorriz ziurtapen hori arautzen duen abenduaren 11ko 111/2024 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.
12.–Proben kalifikazioa eta balorazioa.
–Ez da penalizaziorik egonen galdera okerrengatik.
–Gainditzeko, zuzen erantzun beharko zaie arlo bakoitzeko galderen %50i, eta azterketako galdera guztien %75i. Arloetakoren bat ez bada gainditzen, azterketaren emaitza EZ GAI izanen da.
13.–Probaren emaitzak eta erreklamazioak.
–Proba amaitzean, sistemak zuzenketa automatizatu bat egiten du, eta azterketaren emaitza aurkezten du, galdera zuzenak, okerrak eta erantzun gabeak adierazita. Emaitza hori behin-behinekoa da.
–Emaitzaren ondoren, azterketaren sistemak aukera ematen du oker erantzundako galderak berrikusteko eta erreklamazioak aurkezteko galdera horiei eta haien erantzun-aukerei buruz. Horretarako, denbora nahikoa emanen da azterketa amaitutakoan. Ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu erantzun gabeko edo ongi erantzundako galderei buruz.
–Alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak onetsiko dira zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez, eta ziurtapen sistemaren webgunean argitaratuko (https://certilink.navarra.es/eu).
14.–Ziurtagiriak.
Proba gainditzen duen pertsona bakoitzari ziurtagiri bat emanen zaio, egiaztatzen duena pertsona horrek proba gainditu duela eta aitortzen duena azterketari dagokion konpetentzia digitalen maila duela (kasu honetan, Europako DigComp esparruko 2. maila, oinarrizkoa).
Ziurtagiri hori une oro egonen da eskuragarri, formatu digitalean, ziurtapenaren webguneko erabiltzaile-profilean.
15.–Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
–Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak eginen du prozedura honetan jasotako datu pertsonalen tratamendua, hura izanen baita arduraduna, deialdi hau izapidetzeko. Interesdunei haren garapenaren eta erabilera-ziurtagiriak ematearen berri emanen zaie.
–Datuen tratamenduak oinarri du interes publikoko misio bat betetzea edo botere publikoak gauzatzea, egoki den foru araudian xedatutakoari jarraituz.
–Datuak hirugarren laguntzaileei jakinarazten ahalko zaizkie, prestakuntza ekintzaren tutoretza egiteko eta konpetentzia digitalen ziurtagiria egiteko. Helburua da interesdunei haien garapenaren berri ematea eta haien igorpena eta artxiboa kudeatzea.
–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera prozedurari eskatutako publizitatea emateko, interesdunak identifikatzen dituzten datuak argitara emanen dira ebazpen honetan zehaztutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak dituen hedabide instituzionaletan, hala nola aldizkari ofizialetan, web-orrietan edo iragarki-tauletan.
–Interesdunek datuetan sartu, zuzendu eta ezerezteko eskatzen ahalko diote arduradunari, eta beste eskubide batzuk baliatzen ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoaren bidez, aurrez aurre edo administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian ezarritako leku eta erregistroetan.
Iruñean, 2025eko urriaren 17an.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, José Antonio Vizcay Urrutia.
Iragarkiaren kodea: F2513690