Iragarkia
213. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
417E/2025 EBAZPENA, urriaren 2koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, 2025eko deialdia onesten duena "R247-Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntza. Ureztapena modernizatzea" izeneko dirulaguntza emateko. DDBN identifikazioa: 860380.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Eskumen horien artean dago nekazaritzako ustiategietan inbertsioak sustatzea, bai eta sektore horretan asoziazionismoa sustatzea ere.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatzen baita, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira. Bada, haren 73. eta 74. artikuluetan, inbertsioetarako laguntzak jasotzen dira.
2021-2027 NPEPEren esku-hartzeen artean dago INVEST (73-74) izenekoa, zeinak nekazaritzako elikagaien sektorean inbertsioak egiteko babesa jasotzen baitu. Esku-hartze horren barnean, Nafarroan NPEPEk 6841 esku-hartzea jasotzen du (Inbertsio produktiboak nekazaritzako ustiategietan), zeinak helburu baitu oro har nekazaritzako ustiategien lehiakortasuna hobetzea, neurriari, produkzio-orientazioari eta efikazia hobetzeari dagokionez berregituratuz, elkartze-araubideko inbertsio kolektiboak barne.
6841 esku-hartzea inbertsio produktiboei buruzkoa da, oro har hartuta, eta bi neurri bereizten ditu: alde batetik, klima aldaketa arintzen, baliabideak erabiltzen edo animalien ongizatea hobetzen zuzenean laguntzen duten inbertsioak (6841.1 neurria), eta, bestetik, ustiategien lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak (6841.2 neurria).
Deialdi honen xedea da nekazaritzako ustiategien titularrek ureztapena modernizatzeko inbertsioak egitea, 6841.1 neurrian berariaz jasotako inbertsioak eginez (hau da, klima aldaketa arintzen eta baliabideak efizientziaz erabiltzen laguntzen duten inbertsioak).
Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, eta sektorean diharduten emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat.
Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Ebazpen hau maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean ematen da, foru dekretu horren bidez arautzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren gobernantza sistema, antolaketa eta funtzionamendua. Aipatu foru dekretuak ahalmena ematen die Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari edo, kasua bada, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari beren eskumenen esparruan foru dekretu hori garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten eta, bereziki, osorik edo partez Europako nekazaritzako funtsen bidez finantzatzen diren dirulaguntzen arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.
Nafarroako Gobernuaren 2025eko uztailaren 30eko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Landa Garapeneko zuzendari nagusiari 800.000 euroko gastu konpromisoa har dezan laguntza hauen 2025eko ekitaldiko deialdia finantzatzeko, 2026ko ekitaldiaren kargura. Halaber, baimena eman zaio deialdi honetarako kreditu baimendua handitu ahal izateko, gehienez ere 400.000 euro gehituta, INSTAL (73 eta 74) esku-hartzean sartzen diren deialdietako edozeinetan erabili gabe gelditzen diren kredituen kargura.
Nafarroako Gobernuaren erabaki horretan adierazten zen laguntza horietarako aurreikusitako gastuaren %25 Europako Batzordeak finantzatuko zuela, Nafarroako NPEPEn (2023-2027) jasotako funtsen kargura. 2025eko abuztuaren 14an, Batzordearen betearazpen erabaki baten bidez, aldaketa bat onetsi zen Espainiako NPEren plan estrategikoan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatutako Batasunaren laguntza emateko. Aldaketa horren ondoren, kofinantzaketaren ehunekoa %40 izatera igaro da.
2025eko abuztuaren 25ean, hautaketa irizpideak onetsi zituen NPEPEren Nafarroako jarraipen batzordeak.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz.
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea "R247-Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntza. Ureztapena modernizatzea" izeneko dirulaguntzarako.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
Laguntza eskaerak hautatzeko irizpideak II. eranskinean jaso dira: "Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak, 2023-2027 NPEPEren esparruan (Ureztapena modernizatzea). Hautaketa irizpideak" izenburupean.
Laguntza eta ordainketa eskaerekin batera erantsi beharreko dokumentazioa III. eranskinean jaso da: "Laguntza eta ordainketa eskaerekin batera aurkeztu beharreko agirien zerrenda" izenburupean.
Kostuen moderazioko prozedura (13. oinarriaren arabera) aplikatzeko moduluak IV. eranskinean jaso dira: "Moduluak" izenburupean.
3. Aurrekontuko kredituak.
Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 800.000 euroko gastua baimentzen da 2026ko ekitaldirako, 2025eko Aurrekontu Orokorren "720004-72200-7700-412113: 2023-2027ko NPEPE LGENF. Nekazaritza-ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak" izeneko partidaren baliokidea den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.
Kreditu hori handitzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan jasotakoaren arabera, INVEST (73 eta 74) esku-hartzean (nekazaritzako elikagaien sektoreko inbertsioetarako laguntzak jasotzen ditu) sartutako edozein deialditan erabili ez diren kredituen kargura, gehienez ere 400.000 euro gehituta, horretarako 2026ko ekitaldirako gastu aurrekontuan gaituko den eta 2025eko aurrekontu orokorretako "720004 72200 7700 412113: 2023-2027 NPEPE LGENF. Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak" partidaren baliokidea den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
2025eko aurrekontu orokorretako "720004 72200 7700 412113: 2023-2027 NPEPE LGENF. Nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak" partidaren baliokidea den partidan baimendu gabe dauden kredituak erabiltzeko, hurrenkera hau lehenetsiko da: inbertsioak nekazaritzako ustiategietan (ureztapena modernizatzea), inbertsioak nekazaritzako ustiategietan (ureztapena eraldatzea), ingurumen-helburua duten inbertsioak nekazaritzako ustiategietan eta inbertsioak nekazaritzako ustiategietan.
4. Laguntza eskaerak, inbertsio plana aldatzeko eskaerak, luzapen eskaerak eta ordainketa eskaerak aurkezteko epeak.
–Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
–Eskaerak aurkezteko epea bukatuko da aurreko paragrafoan zehaztutako hasiera datatik 30 egun natural igarotzen direnean.
–Onetsitako inbertsio planean aldaketak egiteko eskaerak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 1ean bukatuko da.
–Inbertsio plana burutzeko epea 2026ko abuztuaren 1ean bukatuko da. Luzapena emanez gero, epe hori 2026ko urriaren 1era arte luzatuko da gehienez, eta urte horretako maiatzaren 1a baino lehen eskatu beharko da.
–Ordainketa eskaerak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 31n hasi eta 2026ko abuztuaren 1ean amaituko da, edo, luzapena ematen bada, 2026ko urriaren 1ean.
5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko urriaren 2an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–2025EKO DEIALDIA, "NEKAZARITZAKO USTIATEGIETAN INBERTSIOAK. UREZTAPENA MODERNIZATZEA" IZENEKO DIRULAGUNTZA EMATEKO, 2023-2027 NPEPEren ESPARRUAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. –Xedea.
Oinarri hauen xedea da arautzea nola emanen zaizkien laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. eta 74. artikuluetan biltzen diren ingurumen-helburuko inbertsioak egiten dituzten nekazaritzako ustiategien titularrei –erregelamendu horren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago–, 6841.1 esku-hartzeari jarraikiz ("Laguntzak, inbertsio produktiboak egiteko nekazaritzako ustiategietan, klima aldaketaren arintze-egokitzeari, baliabide naturalen erabilera efizienteari eta animalien ongizateari lotuak").
2. oinarria.–Neurriaren helburua.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, esku-hartze hori abian jarrita, helburu hauek lortuko lirateke: garapen jasangarria sustatzea, bai eta baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra ere, hala nola urarena, bereziki oraingo ureztatze sistemak modernizatuz.
3. oinarria.–Onuradunak.
1. Neurriaren hartzaileak pertsona fisiko eta juridikoak dira, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak betetzen dituztenak eta hitzematen dutenak beteko dituztela aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak.
2. Administrazio publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, baldin administrazio publikoen mendekoak badira edo haiei lotuta badaude.
4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.
Neurriaren onuradunak izan daitezke laguntza eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Adinez nagusia izatea, pertsona fisikoen kasuan.
b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea edo laguntza bat eskatu izana bere gain hasteko laguntzen kasuan kasuko ekitaldiko deialdian, edo laguntza horien onuraduna izatea aurreko bi deialdietako batean. Halaber, onartuko dira horrelako onuradunek soilik eratutako sozietateak edo horrelakoen titulartasun partekatuak.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zerrendatutako ezein egoeratan ez egotea. Bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
d) Eskatzaileak Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuko subjektuak direnean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan ezarritakoa betetzea 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako.
5. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.
1. Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Kasuko lurzatia ureztatzeko ekipamenduko inbertsioak, jarduketa eremuan egiten direnak ureztapena modernizatzeko, baldin eta betetzen bada ezarrita dagoena 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 74. artikuluan bai eta, hala badagokio, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legearen 51., 52. eta 55. artikuluetan jasotako betekizunak ere.
Horri dagokionez, laguntzak eskatzen ahalko dira lurzati baterako, baldin eta 2025ean onetsi bada lurzatia dagoen jarduketa eremua ureztatzen hasteko deklarazioa edo obrak entregatzeko adierazpena, edo jarduketa eremua gauzatzen ari bada eta oraindik onetsi gabe badu ureztatzen hasteko deklarazioa edo obrak entregatzeko adierazpena.
Diruz lagungarritzat joko da, bakar-bakarrik, lurzatia ureztatzeko sistema kendu eta haren ordez beste bat ezartzea.
Beharrezkoa izanen da honako hauek justifikatu eta sartzea ureztatzeko instalazio bakoitzaren memoria baloratuan:
i) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea inbertsioaren barnean, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.
ii) Hobekuntzari esker uraren kontsumoaren aurrezpen potentziala gutxienez %10-50 artekoa izanen dela, mailaketa honen arabera:
–Hobetu nahi den ureztatzeko sistemak ukitzen dituen azaleko zein lurpeko ur-masak ez badaude egoera onean edo ez badira behar bezain handiak, plangintza hidrologikoaren arabera: %50.
–Uholde bidezko ureztapenaren ordez ureztapen lokalizatua jartzea: %25.
–Uholde bidezko ureztapenaren ordez aspertsio bidezko ureztapena jartzea: %15.
–Aspertsio bidezko ureztapenaren ordez ureztapen lokalizatua jartzea: %10.
b) Laguntza eskaeraren xedeko inbertsioarekin zuzenean lotutako ordainsariek muga hau izanen dute: inbertsio diruz lagungarrien guztizko zenbatekoaren %12. Nolanahi ere, IV. eranskineko moduluak aplikatuko dira.
2. Ez dira diruz laguntzen ahal eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauek:
a) Nafarroan egiten ez diren inbertsioak.
b) Lurzatia ureztatzeko ekipamenduko inbertsioak, baldin eta haien jarduketa eremuak 2025a baino lehen onetsia badu ureztatzen hasteko deklarazioa edo obrak entregatzeko adierazpena.
c) Laguntza eskaera aurkeztu aurretik erabat gauzatuta dauden inbertsioak, ordainketa guztiak eginda egon zein ez, eta, orobat, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitakoak, oinarri honetako 2.e) atalean araututako kostuak izan ezik.
Guztiz gauzatutzat joko dira egoera hauetako batean dauden inbertsioak:
–Fisikoki burutu diren inbertsioak. Inbertsioak ez direla amaitu justifikatzeko, modernizatu beharreko lurzatiak dauden eremuko ureztatzaileen elkarteak edo ureztatzaileen sindikatuak emandako dokumentua aurkeztu beharko da, egiaztatzen duena ureztatzeko instalazioa ez dela martxan jarri, edo, bestela, inbertsioak amaitu ez direla egiaztatzen duten argazki georreferentziatuak aurkeztu beharko dira.
–Funtzionalki eta teknikoki operatiboak diren inbertsioak. Horretarako, ordainketa egin baino lehen, egiaztatuko da laguntza eskaera aurkeztu ondokoak direla inbertsioak abian jartzea edo erabiltzea justifikatzen duten agiriak.
–Erabat fakturatutako inbertsioak. Horretarako, ordainketa egin baino lehen, egiaztatuko da laguntza eskaera aurkeztu aurrekoak direla faktura guztiak.
Inbertsio batean detektatzen bada elementu edo unitate batzuk ezabatu direla inbertsioak guztiz gauzatuta ez izateko betekizuna betetzeko, ulertuko da laguntza jasotzeko baldintza artifizialak sortu direla, eta inbertsioa ez da diruz laguntzeko modukotzat joko, osorik, 20. oinarrian jasotakoari jarraituz.
2023ko urtarrilaren 1a baino lehenago hasitakotzat joko dira data hori baino lehenagoko fakturak, ordainagiriak edo froga-balioa duten agiri baliokideak dituzten inbertsioak.
d) Bigarren eskuko ekipamendua erostea eta jartzea.
e) Azken 10 urteetan laguntza jaso duten eta/edo 10 urtera arteko antzinatasuna duten inbertsioak ordezkatzen dituzten inbertsioak.
f) Lehendik dauden ekipamenduak zaindu, mantendu eta konpontzeko baizik ez diren inbertsioak, edo eskaeraren aurreko 10 urteko epearen barnean diruz lagundu diren ekipamenduak eskuratzeari dagozkionak.
g) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen mozkin industriala.
h) Ondasunaren jabetza geroago eskuratzea baldintzatuko duten finantzaketa-formulak (ondasunak finantzatzea jabaria erreserbatzeko kontratuen bidez, leasing formula, etab.) diruz lagungarritzat joko dira baldin ondasunak osoki bihurtzen badira onuradunaren jabetzakoak laguntza justifikatzeko epea bukatzen denerako. Zehazki, makinak eta ekipamendua erosten badira finantza errentamenduko eragiketen bidez, erosketa diruz lagungarria izanen da soilik baldin kontratuak biltzen badu erosketa konpromisoa, non aurreikusiko baita onuraduna bihurtuko dela makinaren edo ekipamenduaren jabe laguntza justifikatzeko epearen barruan.
i) Finantza errentamenduko kontratuari lotutako beste kostu batzuk, hala nola zergak, errentatzailearen marjina, interesen birfinantzaketa kostuak, gastu orokorrak edo aseguruen gastuak.
j) Ustiategiko bertako langileen gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, salgaietan.
k) Ureztatutako azaleraren gehikuntza garbia handitzea dakarten inbertsioak, baldin eta kasuan kasuko arroaren plan hidrologikoan ur masaren egoerari eman zaion kalifikazioa "ona" baino okerragoa bada, ur kopuruarekin loturiko arrazoiengatik.
l) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, eskualdatzeko prozedura edo era edozein delarik ere, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek beren bazkideentzat emandako fakturak eta likidazio ziurtagiriak.
m) Ingurumenean ondorio kaltegarriak izan ditzaketen inbertsio eragiketak, baldin eta eskaera egiteko unean ez badute ingurumen baimen bateratuaren ebazpenik, ingurumen ukipenen txostenik, jarduera sailkatuaren lizentziarik edo inbertsioak ustiategiaren baimen edo lizentzian aldaketa ez-funtsezkorik ez dakarrela egiaztatzen duen ebazpenik, kasuan kasuko jarduketa motari dagokionaren arabera, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearekin edo laguntza eskaera aurkezteko unean aplikatzekoa den beste arau batekin bat.
n) Inbertsio horiek non inbertsioa egiteko premia ez dagoen behar bezala frogatuta inbertsio planean bildutako azterketan, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta finantzariotik begiratuta eta ustiategiarekiko koherentzia aintzat hartuta. Ildo horretatik, inbertsio bat justifikatu gabekotzat hartzen ahalko da haren neurria edo ahalmena gehiegizkoa bada ustiategiaren neurria kontuan hartuta, ustiategiaren ekoizpen orientaziora egokitzen ez bada, etab.
ñ) IV. eranskineko (Moduluak) moduluetan sartzen ez diren inbertsioak.
6. oinarria.–Inbertsio plana.
1. Eskaerarekin batera, inbertsio plana aurkeztuko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.
2. Inbertsio planean alderdi hauek sartuko dira:
a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:
–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.
–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza.
–Ekoizpen elementuen zerrenda (kopurua, parametro ekonomikoak eta neurriari buruzko parametroak).
b) Ustiategiaren bukaerako egoeraren azalpena; abiapuntuan azaldutako parametroen aipamen konparatiboa egin behar da eta azken emaitza hori lortzen ahal dela frogatzen duten datu ekonomikoak eman behar dira.
c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu teknikotik, ekonomikotik eta finantzariotik begiratuta, koherentzia izanik abiapuntuko ustiategiaren eta bukaerako egoeraren artean, inbertsioak egiteko beharra justifikatzeko.
d) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta gauzatzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da.
4. Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek diruz lagungarritzat jotzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri egokiak, bat etorriz oinarri arautzaile hauetan ezarritako beharkizun eta baldintzekin. Zehazki:
a) Justifikatzea zer ekarpen egiten den klima aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko eta baliabide naturalak eraginkortasunez erabiltzeko.
b) Justifikatzea nola aplikatzen den kostuen moderazioa, oinarri arautzaile hauetako 13. oinarriko 1.b) puntuaren arabera.
7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.
1. Laguntzak kapitaleko zuzeneko dirulaguntza gisa emanen dira.
2. Laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, inbertsio diruz lagungarriaren %50 izanen da.
3. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen portzentajeak kalkulatzeko, aurreko puntuan adierazitako mugarekin betiere, honako gehikuntza hauek aplikatuko zaizkio %20ko oinarrizko portzentajeari:
a) Nekazari gazteak eta berriak: %15.
Honako hauek izanen dira nekazari gazteak eta berriak:
–Bere gain hasteko laguntzaren onuradun izan direnak, ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdi honen ekitaldian edo aurreko bietan.
–"Nekazari gazteak" beren gain hasteko laguntza lortuta, baldintza hauek betetzen dituztenak laguntza eskaera aurkezten duten egunean: 41 urte beterik ez izatea eta beren gain hasteko prozesua bukatu zenetik hiru urteko epearen barnean egotea. Ondorio horietarako, ulertuko da prozesu hori bukatu dela beren gain hasteko laguntzaren azken tarteko ordainketa onesten den egunean.
–"Nekazari gazteak" beren gain hasteko laguntza lortu gabe, baldintza hauek betetzen dituztenak laguntza eskaera aurkezten duten egunean: 41 urte beterik ez izatea, OON (ogibide nagusia nekazaritza) gisa katalogatuta egotea eta hiru urte baino gutxiago igaro izana nekazaritzaren arloko gizarte segurantzan afiliatu zirenetik.
Onuraduna pertsona juridikoa bada, eta, deskribatutako baldintzen arabera, bazkide guztiak gazteak badira, aurreko portzentajea aplikatuko da osorik.
Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada, eta lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute bazkide gisa, arestiko portzentajea aplikatuko da, gazteak kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.
b) Lehentasunezko ustiategiak: %10.
Laguntza intentsitate hori aplikatuko zaie laguntza eskatzean lehentasunezko gisa sailkatuta dauden nekazaritzako ustiategien titularrak diren onuradunei, bai eta nekazari profesional gazteak beren gain hasteko laguntzei esker prozesu horretan diren pertsonei ere.
c) Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetan dauden ustiategiak: %5.
Laguntza intentsitate hori aplikatuko zaie ustiategiei baldin eta ustiategia kokatua dagoen udalerria (Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan jasoa dagoen EIN kodearen arabera) muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetako esku-hartzean sartzen bada, 2023-2027 NPEPEren esparruan.
4. Deialdi eta onuradun bakoitzeko, gehieneko inbertsio bolumen diruz lagungarria 100.000 eurokoa da ustiategiaren urteko lan unitateko (ULU), inbertsio plana gauzatu ondoren kalkulaturik, eta gehienez ere 800.000 eurokoa guztira.
5. Gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 7.500 eurokoa izanen da. Zenbateko hori kalkulatuko da bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuen moderazioko irizpideak aplikatu ondoren.
6. Entitate onuradun bakoitzak gehienez ere 300.000 euro jasotzen ahalko ditu urteko deialdietan, eta 800.000 euro programa bakoitzeko. Muga hori 6841 esku-hartzearen arabera jasotako laguntzen baturari aplikatuko zaio.
Muga hori gaindituz gero, murrizketa honako banaketa honen arabera aplikatuko litzateke: lehenik eta behin, nekazaritzako ustiategietako inbertsioetarako laguntzari, ondoren, ingurumen-helburua duten nekazaritzako ustiategietako inbertsioei, nekazaritzako ustiategietako inbertsioei (ureztapenaren eraldaketa) eta, azkenik, nekazaritzako ustiategietako inbertsioei (ureztapenaren modernizazioa).
8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.
2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera ezartzeko, balorazio irizpideen arabera emandako puntuak batuko dira. Balorazio irizpideak II. eranskinean zehazten dira. Puntuak ematerakoan, kontuan hartuko da zer egoeratan dagoen ustiategia eta/edo titularra eskaera aurkezten den unean, eta bere gain hasteko prozesu batean dauden pertsonen kasuan, kontuan hartuko dira nekazari profesional gazteak beren gain hasteko laguntzak.
3. Inbertsioen kategorian, baremoko puntuak honela zehaztuko dira:
Zehaztuko da baremoko zenbat puntu ematen dituzten inbertsioek, kontuan hartuta inbertsio horietatik zer zati den diruz lagungarria inbertsio diruz lagungarri osoarekiko, honako formula hau aplikatuz:
Baremoko puntuak = Ingurumen-onura duten inbertsioen baremoko puntuak x (ingurumen-onura duen inbertsioaren inbertsio diruz lagungarria / inbertsio diruz lagungarri osoa)
Aurkeztutako inbertsio plana berrikusi eta baloratu ondotik eta kostuen moderazioko prozedura aplikatu ondotik zehaztuko dira diruz laguntzen ahal den ingurumen-onura duen inbertsioaren eta diruz laguntzen ahal den inbertsio osoaren balioa, 13. oinarrian jasotakoaren arabera.
4. Onuradunak bere eskaeran adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean edo, egoki denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsio planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.
5. Onuradunak kontuan hartzeko eskatu dituen balorazio irizpideengatik bakarrik emanen dira puntuak. Betetzeko modu bat baino gehiago onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, aintzat hartuko da puntu gehien ematen dituen egoera, eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal dena, eskatutako puntuazioa inola ere gainditu gabe.
9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.
1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, eskaeren arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da, aurreko puntuetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuta. Hala, irizpide horien arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako mugarekin.
2. Espedienteen artean puntuazio-berdinketa gertatzen bada, lehentasuna edukiko du 8.3 oinarrian ezartzen denaren arabera inbertsioen baremazioan puntu gehien dauzkanak. Aurreko irizpidea aplikatu eta gero berdinketak bere horretan segitzen badu, lehentasuna edukiko dute honako irizpide hauen arabera puntuaziorik altuena duten eskaerek, hurrenkerari jarraikiz: belaunaldi-aldaketa, generoa eta katalogazioa. Hala ere berdinketa hausten ez bada, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera lehenetsiko dira eskaerak.
3. Aurrekontuan diru erabilgarririk izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideetan.
4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira dagokion ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.
5. Laguntza eman ondoren aurrekontu-partidan kreditu erabilgarria sortzen bada, diru kopuru osagarri bat ematen ahalko zaie aurrekontu-eskasia dela-eta ezetsitako espedienteei, lehentasun-hurrenkerari jarraituz. Diru kopuru horiek emateko, aurretik onartutako gainerako eskaeren baldintza berberak bete beharko dira. Inbertsio plana bukatzeko epea egokituko da luzapenetarako onar daitekeen azken egunaren arabera.
10. oinarria.–Ordaindu aurretik entitate onuradunek dituzten konpromisoak eta betebeharrak.
1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:
a) Deialdian ezarritako data baino lehenago gauzatzea inbertsio plana. Aurrekoa gorabehera, bukatzeko epea luzatzeko eska dezakete onuradunek, baldin eta frogatzen badute justifikatutako arrazoiengatik ezin dituztela inbertsioak burutu epearen barnean.
b) Jarduketak egitea eta, hala bada, mantentzea, eta espedienteak lehenesteko (8. oinarriaren arabera) erabili diren kalifikazioak mantentzea.
c) Gerora bete beharreko konpromisoak mantentzea, 11. oinarrian ezartzen den bezala.
d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek justifikatzea:
–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta
–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.
e) Behar diren kontrolak onartzea, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoak mantendu direla.
f) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzez ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
g) Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azkeneko ordainketan frogatu baino lehen.
h) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan.
i) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.
j) Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoz hornitutako inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak paratu beharko du azalpen plaka bat, ereduaren araberakoa. Eredua eskura daiteke laguntzetarako izapideen katalogoan.
Plaka horretan, proiektuaren edo eragiketaren deskribapen bat agertuko da. Horretaz gain, Europako ikurra agertuko da, Europar Batasuneko arau grafikoei jarraikiz, Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinaren arabera.
k) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.
l) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean jasotzen diren diru-itzulketak ekarriko ditu.
m) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, modu telematikoan.
2. Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak eta konpromisoak onartzea.
11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.
1. Gerora bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartuko dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, edo hiru urtez, enpresa txiki eta ertainen kasuan, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.
2. Hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat, oro har, era guztietako espediente eta entitate onuradunen kasuan:
a) Ustiategiaren titulartasuna mantentzea.
b) Diruz laguntzen diren inbertsioen jabetza mantentzea.
c) Eragiketaren helburuei, izaerari eta gauzatzeko baldintzei eustea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.
d) Onuradunaren eta ustiategiaren baldintzei eustea, haiengatik puntuak jaso badira 8. oinarriko baremoaren arabera.
3. Onuradunak aurreko 2. puntuko konpromisoak hartzen dituela ulertuko da horiek baliozkotu ondoren, laguntza ematen eta/edo ordaintzen denean.
Konpromiso horiek ez zaizkie eskatuko eragiketei ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.
12. oinarria.–Laguntza eskaera, dokumentazioa eta instrukzio organoarekiko harremanak.
1. Laguntza eskaerak aurkeztuko dira horretarako ezarri den atzemate programaren bidez. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).
2. Programa hori erabiltzeko beharrezkoa izanen da onuradunaren benetako nortasuna egiaztatzea, haren sinadura elektronikoaren bidez edo onuradunaren ordezkari gisa arituko den entitate laguntzailearenaren bidez, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduarekin, haren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.
3. Jarduketa deialdiaren helburuei egokitzen zaiela frogatzeko, III. eranskinean azaltzen den dokumentazioa gehitu beharko zaio eskaerari.
4. Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari loturiko beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikulua aplikatuz, laguntzen onuradunek bitarteko elektronikoak baino ez dituzte erabiliko instrukzio organoarekiko harremanetan.
13. oinarria.–Kostuen moderazioa.
1. Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuen kudeaketa- eta kontrol-sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak, besteak beste, proposatutako kostuen moderazioa egiaztatzeko betebeharra jasotzen du eta hura ebaluatzeko metodologia zehazten du.
Ondorio horietarako, diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoa honela zehaztuko da:
a) IV. eranskinean ("Moduluak") azaltzen diren inbertsioek zenbatekoa esleituta badute, dirulaguntzarako onartuko den zenbatekoa bi hauetako txikiena izanen da: onuradunak aurkeztutakoa eta IV. eranskinean ezarritakoa.
b) IV. eranskinean ("Moduluak") jasotako inbertsio eta gastuetarako, zenbateko diruz lagungarria adierazten ez bada, eskatzaileak, laguntza eskaerarekin batera, hiru proformako faktura edo aurrekontu aurkeztu beharko ditu. Zenbateko diruz lagungarritzat hartuko da onuradunak aurkezten dituenetatik txikiena.
Eskaintzak egiazko enpresa hornitzaile independenteek eginak izan beharko dira, eta alderatzeko behar bezain zehatzak. Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, justifikatzen bada merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hori behar bezain justifikatuta egonen da inbertsio planean.
2. Kostuen moderazioa aplikatu izanari buruzko egiaztatze kontrolak eginen dira laguntza esleitu baino lehen, laguntza eskaeran oinarrituta, eta azken ordainketa egin baino lehen, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.
3. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, fakturak, etab.) inbertsio planari edo bukaerako ordainketa eskaerari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiriaren jaulkitzailearen identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar zehatz-mehatz azalduta.
4. Onuradunak horretarako aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien ondasunak ez dira diruz lagungarritzat joko.
14. oinarria.–Instrukzio organoa.
Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atala arduratuko da esku-hartze honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioaz; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.
15. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, eskaera 10 eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.
2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.
3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.
4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio argibideak gehienez 10 eguneko epean aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera instruituko dela espedientea.
5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak hartuko dira kontuan, oinarri arautzaile hauen arabera.
6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.
7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta dirulaguntzak emateko espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
16. oinarria.–Ebazpena.
1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.
2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.
3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik sei hilabetean ebatziko da laguntzak eman edo ukatzen diren. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.
5. Prozedura ebazteko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.
6. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik, berariazko ezespena izanez gero, edo administrazio isiltasunez ezetsi dela ulertzen den egunetik, presuntziozko ezespena izanez gero.
17. araua.–Inbertsio plana aldatzea.
1. Arrazoi justifikatuengatik entitate onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasiera batean onetsitako inbertsio planean, esleipena aldatzeko eskaera aurkeztu beharko du. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira esleipena aldatzeko eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Eskaera hori deialdian zehaztutako data baino lehen aurkeztu beharko da, eta laguntza eskaera baten irizpide eta betekizun berberak bete beharko ditu onesteko.
2. Proposatutako aldaketak aski arrazoitua eta justifikatua egon beharko du, eta behar den dokumentazioa aurkeztu beharko da, honako hauek bermatzeko:
–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna.
–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.
3. Eskatzen diren aldaketak nabarmenak izanen dira bi kasu hauetan: aldaketaren ondorioz kostuen moderaziorako prozedura aplikatu behar bada; aldaketaren ondorioz laguntza jasotzen ahal duen inbertsioak 7.500 eurotik gorako murrizketa jasaten badu.
4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bat bakarrik onetsiko da.
5. Instrukzio organoaren balorazioaren mende egonen da eskatutako aldaketak onestea. Onespen horrekin ere, hasiera batean esleituriko laguntzak ez dira handituko. Aldaketa onesten ez bada, plana hasieran esleitu zen bezala gauzatu beharko da. Ukapena ebazpen baten bidez tramitatuko da.
Aldaketa nabarmenik izanez gero, inbertsio plan berria ebazpen baten bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko eta kostuen moderazioko irizpide berberei jarraikiz.
Aldaketak nabarmenak ez badira, esleitutako inbertsioetan dagokion doikuntza eginen da txosten tekniko baten bidez, eta onuradunari jakinaraziko zaio.
6. Nabarmena ez den aldaketaren bat jakinarazten ez bada, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.
7. Aldaketa nabarmenen bat jakinarazten ez bada, azken ordainketa egin aurretik aplikatuko da kostuen moderaziorako prozedura. Prozedura hori berme askirekin aplikatzerik ez bada, inbertsioak ez dira diruz lagungarritzat joko. Hori guztia 20. oinarriko 7. puntuan jasotakoaren arabera aplika daitezkeen murrizketak alde batera utzi gabe.
18. oinarria.–Ordainketa eskaera.
1. Laguntzak jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen atzemate programaren bidez.
2. Deialdian ezarritako epean aurkeztu beharko dira ordainketa eskaera eta, harekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta nahitaezkoak diren gainerako agiriak. Beraz, ulertuko da data hori dela baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko muga-eguna.
Epe horiek bete behar izateak ez du esan nahi ezin direnik luzapenak eskatu eta eman justifikatutako arrazoiengatik.
3. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako, aurkeztuko dira behar diren fakturak eta/edo froga-balio baliokidea duten agiriak eta gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak.
4. Onuradunak erabakitzen badu bere dirulaguntza enpresa hornitzaileari edo banku erakunde bati lagatzea, lagapen hori justifikatzen duen agiria aurkeztu beharko du ordainketa eskaerarekin batera. Agiri horretan, laguntza zer erakunderi lagatzen zaion, haren datuak jasoko dira, baita lagatako zenbatekoa ere.
19. oinarria.–Laguntzen ordainketa.
1. Laguntzen ordainketa deialdian zehaztutako aurrekontu-ekitaldiaren kargura eginen da.
2. Oro har, dirulaguntzak ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzaren onuradunak bete egin dituela bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasuneko informazio betebeharra. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela ziurtatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.
Ordainketa egin aurreko bisitan egiaztatzen bada laguntza eman aurretik bukatu gabekotzat jo ziren inbertsioak orduko gauzatze egoera berean daudela, ulertuko da inbertsioa bukatua zegoela eskaera egin zen unean, eta, beraz, ezin izanen da diruz lagundu.
3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.
4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.
Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.
5. Laguntza jaso dezaketen egiazko gastuei oinarri hauetan ezarritako portzentajea aplikaturik aterako da ordaindu beharreko zenbatekoa, betiere hasiera batean esleitutako kopurua gainditu gabe.
6. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketa eta bazterketa irizpideak aplikatuko dira.
20. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak baremoa ezartzeko irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.
1. Ordainketa eskaera ezarritako epean aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.
2. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada ez direla bete eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.
3. Ez bada betetzen gastuak epe barruan justifikatzeko konpromisoa, gastu horiei lotutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
4. Ez badira betetzen 10. oinarriko 1. zenbakiko e) eta n) letretan jasotako betebeharrak (kontrolak onartzeko eta gardentasunari buruzko adierazpena aurkezteko betebeharrak, hurrenez hurren), laguntza osoa galduko da.
5. Ez badira betetzen 10. oinarriaren 1. zenbakiko f), g), h) eta l) letretan jasotako konpromisoak (kontabilitateari, jasotzen diren beste laguntzak jakinarazteari eta erregistroetan inskribatzeari buruzkoak, hurrenez hurren), konpromiso bakoitzari zuzenean lotutako laguntza galduko da.
6. Ez badira betetzen 10. oinarriko i) eta j) letretan jasotako konpromisoak (agiriak gordetzea eta azalpen plakak jartzea hurrenez hurren), laguntzaren %50 galduko da.
7. Jakinarazi gabeko aldaketa nabarmenen kasuan, inbertsio diruz lagungarrian 7.500 euro baino gehiagoko murrizketa eragiten badute, benetan gauzatutakoari dagokion zenbatekora doituko da ordainketa, eta %10eko penalizazioa aplikatuko zaio doikuntza egin ondorengo laguntzari.
8. Emandako laguntza guztiei uko egiten bazaie, eta ukoa ez bada jakinarazi esleipena aldatzeko eskaera aurkezteko epea bukatu baino lehen, ez da laguntzarik eskatzen ahalko hurrengo deialdian.
9. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:
Baldin ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa bada, eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren, ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.
Hala ere, ez da batere murrizketarik eginen onuradunak frogatzen badu ez dela diruz lagungarri ez den zenbateko hori sartu izanaren erantzulea.
10. Aurreko murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, hurrengo oinarriaren 6. puntuaren arabera, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.
11. Egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntzak bertan behera utziko dira, eta laguntzetatik jasotako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna esku-hartze horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo gezurrezko adierazpena aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.
Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, proformako faktura edo aurrekontu faltsuak aurkeztea nahita egindako adierazpen faltsutzat hartuko da.
12. Frogatzen bada onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.
Horri dagokionez, inbertsioa akitu ondoren, detektatzen bada elementuak edo unitateak ezabatu direla laguntzak eskatzeko unean inbertsioak bukatu ez izanaren baldintza betetzearren, ulertuko da laguntza jasotzeko baldintza artifizialak sortu direla, eta inbertsio osoa ez lagungarritzat joko da.
Jasotako laguntza eskaerak aztertzean, atzematen bada aldaketak egin direla Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak ofizioz egindako nekazaritzako ustiategien katalogazioan, helburu izan dezaketenak laguntzan abantaila lortzea, aldaketa horiek sartu gabe egokituko zitzaionaren gainetik, ulertuko da laguntza jasotzeko baldintza artifizialak sortu direla, eta eskaera laguntzetatik kanpo geratuko da.
21. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.
1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.
2. Konpromiso horien ez-betetzea mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.
3. Ez bada betetzen 11.2 oinarriko a) letran xedatutakoa, laguntza osoa itzuli beharko da, legez dagozkion interesekin batera.
4. Ez bada betetzen 11. oinarriko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoa, ez-betetzearen xede den inbertsiorako laguntza itzuli beharko da, legezko interesekin batera.
5. Ez badira betetzen 8. oinarriko balorazio irizpideak, halako moduz ezen espedienteari zegokiokeen puntuazioak onuradun izatetik baztertuko zukeen, laguntza osoa itzuli beharko da, legezko berandutze-interesekin batera.
6. Aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak ez dira bete gabetzat joko ez betetzeko arrazoia ezinbesteko kausa bat denean.
Ezinbesteko arrazoiak edo salbuespeneko kasuak gertatu direla ulertuko da honako egoera hauetan:
a) Onuradunen heriotza, pertsona fisikoen kasuan, edo onuradunen bazkideren batena, onuradunak pertsona juridikoak badira.
b) Onuradunetako baten lanerako ezintasun luzea, pertsona fisikoen kasuan, edo onuradunen bazkideren batena, onuradunak pertsona juridikoak badira.
c) Ustiategia osorik edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean aurreikusi ezin bazen. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsioko Unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.
d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurretan edo instalazioetan kalte nabarmena eragin duena.
e) Ustiategiko eraikinen edo instalazioen suntsipena, istripuz.
f) Epizootia edo landareen gaitza, ustiategiko azienda edo labore guztiei edo zati bati kalte egin diena.
Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, entitate onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.
7. Honi dagokionez, onuradun batek, azken ordainketaren ondoren erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, ez da ulertuko bertan behera utzi duela konpromisoa, baldin eta: onuraduna bere baitan hartu duen entitateak lehentasunezko nekazaritza ustiategiaren izaera badu; ustiategiaren nekazaritzako lan unitateak –hots, entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetza kontuan hartuta onuradunari dagozkionak– balio berekoak edo handiagokoak baldin badira, benetan ekarri dituen ekoizpen unitateekin alderatuta, eta entitate berriak bere gain hartzen baditu gerora bete beharreko konpromisoak.
Orobat, ulertuko da jarduera mantentzen dela, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura lehentasuneko gisa katalogaturik badago eskualdaketa baino lehenago, edo bere gain hasten ari den gazte bati, eta hark hartzen baditu beren gain hasteko laguntzetan ezarritako konpromisoak, titular berria subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoak mantentzeari dagokionez.
22. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Deialdi honetan laguntza eskatzen den inbertsioetarako ezin eskatu izanen da beste laguntzarik xede eta helburu berarekin.
Beste deialdiren batean laguntza jaso duten ondasunek ez dute inola ere laguntzarik jasoko deialdi honetan.
23. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Haiek izapidetzeko, esteka honen bidez sartu behar da:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idInstancia=2007657
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
24. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzaren publizitatea Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren III. eranskinak ezarritakoaren arabera eginen da (erregelamendu horren bidez ezartzen dira olio-hazien, kotoiaren eta ardogintzako azpiproduktuen gaineko esku-hartze motetarako arauak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz), bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPEren plan estrategikoekin lotutako informazioari, publizitateari eta ikusgarritasunari buruzko betekizunen arabera ere.
25. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Arau-hauste administratiboak dira abenduaren 23ko 30/2022 Legean tipifikatutako ekintzak eta omisioak, eta zehagarriak izanen dira, baita zabarkeria hutsez eginak badira ere, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo Europako araudiak ezarritako beste kasu batzuetan.
2. Arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira ekintzaz edo omisioz arau-hauste gisa tipifikatutako inguruabarretan erortzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak eta nortasunik gabeko entitateak.
3. Abenduaren 23ko 30/2022 Legean ezarritakoaren arabera tipifikatu eta mailakatuko dira arau-hausteak.
II. ERANSKINA.–NEKAZARITZAKO USTIATEGIETAN UREZTAPENA MODERNIZATZEKO INGURUMEN-HELBURUKO INBERTSIOAK EGITEKO LAGUNTZAK HAUTATZEKO IRIZPIDEAK (2023-2027 NPEPEren ESPARRUAN)
IRIZPIDEA | DEFINIZIOA/EGIAZTAPENA | BAREMOAREN GEHIENEKO | PUNTUAZIO APLIKAGARRIA |
ONURADUNEN TIPOLOGIA | 37 | ||
Belaunaldi aldaketa | Nekazari gazteak | 20 | |
Gazte profesionala (1) | 20 | ||
Lanaldi partzialeko gaztea (2) | 16 | ||
Nekazari berriak (3) | 12 | ||
Generoa | Emakumea (4) | 15 | 15 |
Desgaitasuna | Desgaitasun aitortua duten pertsonak (5) | 2 | 2 |
USTIATEGIEN TIPOLOGIA | 38 | ||
Katalogazioa | Lehentasunezko ustiategiak eta titulartasuna | 18 | |
Lehentasunezko nekazaritzako ustiategia (6) | 18 | ||
ONN pertsona fisikoa | 15 | ||
Nekazaritzako profesionala | 10 | ||
Kokapen geografikoa | Ustiategia dagoen udalerriaren kokapena | 10 | |
Muga naturalak dituzten eskualdeak (7) | 10 | ||
Nekazaritzako nitratoez uretan kutsadura izan dezaketen eremu kalteberak (8) | 10 | ||
Asoziazionismoa | Asoziazionismoa | 10 | |
Sozietatearen tipologia | 10 | ||
Titulartasun partekatua | 10 | ||
Beste elkarte formula batzuk | 8 | ||
Elkartea | 10 | ||
Lehentasunezko elkartea (LE) edo LEko bazkidea | 10 | ||
Kooperatibako bazkidea (9) | 8 | ||
INBERTSIO PLANA | INGURUMENAREN ONURARAKO INBERTSIOAK (10) | 25 | |
Ura, lurra eta airea eraginkortasunarekin kudeatzea | Ureztatzeko sistemak modernizatzeko inbertsioak | 25 | |
Uholde bidezko ureztapenaren ordez tantakako ureztapena jartzea (11) | 25 | ||
Uholde bidezko ureztapenaren ordez aspertsio bidezko ureztapena jartzea (12) | 20 | ||
Aspertsio bidezko ureztapenaren ordez tantakako ureztapena jartzea (13) | 15 | ||
(1) Pertsona fisikoak, definizio hauen arabera, %100 (pertsona juridikoak partaidetza-ehunekoaren arabera): –Nekazari profesional gazteak bere gain hasteko laguntzaren onuradun izan direnak, ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdi honen ekitaldian edo aurreko bietan. –"Nekazari gazteak" beren gain hasteko laguntza lortuta, baldintza hauek betetzen dituztenak laguntza eskaera aurkezten duten egunean: 41 urte beterik ez izatea eta beren gain hasteko prozesua bukatu zenetik hiru urteko epearen barnean egotea. Ondorio horietarako, ulertuko da prozesu hori bukatu dela beren gain hasteko laguntzaren azken tarteko ordainketa onesten den egunean. | |||
–"Nekazari gazteak" beren gain hasteko laguntza lortu gabe, baldintza hauek betetzen dituztenak laguntza eskaera aurkezten duten egunean: 41 urte beterik ez izatea, OON (ogibide nagusia nekazaritza) gisa katalogatuta egotea eta hiru urte baino gutxiago igaro izana nekazaritzaren arloko gizarte segurantzan afiliatu zirenetik. (2) Nekazari gazteak lanaldi partzialean hasteko laguntzaren onuradun izan direnak, ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdi honen ekitaldian edo aurrekoan, edo lanaldi partzialeko nekazari gazteek soilik osatutako pertsona juridikoak. (3) Nekazari berriak bere gain hasteko laguntzaren onuradun izan direnak, ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdi honen ekitaldian edo aurrekoan, edo titulartasun partekatuko ustiategiak, zeinetan nekazari berri bat hasi baita. (4) Pertsona fisikoa: puntuazioaren %100; pertsona juridikoa: partaidetza portzentajearen arabera. (5) Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera aitortutako desgaitasuna. Pertsona fisikoa: puntuazioaren %100; pertsona juridikoa: partaidetza portzentajearen arabera. (6) 7. oinarriko 3.b) ataleko definizioaren arabera. (7) Ustiategiaren kokapenaren arabera, 7. oinarriko 3.c) apartatuan zehazten denari jarraikiz. (8) Uztailaren 23ko 85/2025 Foru Dekretuan edo hura ordezten duen araudian jasotakoaren arabera (foru dekretu horren bidez berrikusten da nekazaritzako nitratoez uretan kutsadura difusoa izan dezaketen eremu kalteberen izendapena). (9) Kooperatibako bazkidea izatea, Nafarroako Kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen mendeko kooperatiba batekoa. (10) Baremorako puntuazioa kalkulatzeko formula hau aplikatu behar da: (ingurumenaren onurarako inbertsioen puntuazioa * industriaren onurarako inbertsioaren zenbateko diruz lagungarria) / diruz laguntzen ahal den espedienteko zenbateko osoa. (11) Uholde bidezko ureztapenaren ordez tantakako ureztapena jartzea. Inbertsio-moduluak: 1.1.2. Tantakako ureztapena. (12) Uholde bidezko ureztapenaren ordez presio bidezkoa jartzea. Inbertsio-moduluak: 1.1.1. Aspertsio bidezko ureztapena;1.1.3, 1.1.4, 1.1.5 Pibot bidezko ureztapena; 1.1.6, Alboko aitzinamendu bidezko ureztapena; 1.1.7 Hipodromo bidezko ureztapena. (13) Aspertsio bidezko ureztapenaren ordez tantakako ureztapena jartzea. Inbertsio-moduluak: 1.1.2. Tantakako ureztapena. |
III. ERANSKINA.–LAGUNTZA ETA ORDAINKETA ESKAEREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO AGIRIEN ZERRENDA
–Laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Eskatzailearen IFZaren kopia.
b) Inbertsioak eta beren ezaugarriak azaltzen dituzten memoriak, proiektuak eta abar.
c) Kostuen moderaziorako prozedura aplikatzeko, proformako fakturak, aurrekontuak eta abar.
–Ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Fakturak, ordainagiriak edota froga-balioa duten beste agiri batzuk.
b) Baimenak, erregistroak...
c) Kredituaren lagapena.
IV. ERANSKINA.–MODULUAK
KONTZEPTUA | EUROAK / UNITATEA |
1. URA, LURRA ETA AIREA ERAGINKORTASUNAREKIN KUDEATZEKO INBERTSIOAK | |
1.1. LURZATIKO EKIPAMENDUA NEKAZARITZAKO INTERES PRIBATUKO UREZTAPEN INSTALAZIOETARAKO (UREZTAPENA MODERNIZATZEA) | |
1.1.1. Aspertsio bidezko ureztapena | |
1.1.1.1. Aspertsio bidezko ureztapena, lurpeko estaldura osokoa (euroak/ha) | euroak/ha |
–Instalazioen azalera < 2 hektarea | 5.310 |
–Instalazioen azalera >= 2 hektarea eta < 5,5 hektarea | 4.680 |
–Instalazioen azalera >= 5,5 hektarea eta < 10 hektarea | 4.170 |
–Instalazioen azalera >= 10 hektarea | 3.800 |
1.1.1.2. Aspertsio bidezko ureztapena, azaleko estaldurakoa/ha | 3.290 |
1.1.2. Tantakako ureztapena | euroak/ha |
1.1.2.1. Tantakako ureztapena | 3.040 |
1.1.2.2. Lurperatutako tantakako ureztapena | 4.430 |
1.1.3. Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metro baino gutxiagoko erradioa duenean edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen duenean (ha bakoitzeko). Lurpeko estaldura osoko aspertsio bidezko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona | |
1.1.4. Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metroko erradioa edo handiagoa duenean eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzen duenean (pibotaren metro lineal bakoitzeko) | 250 |
1.1.5. Estaldura osoko ureztapen mistoa, pibot eta aspertsio bidezkoa, izkinetako sistema lurperatua duena | |
1.1.5.1. Pibota, 150 metroko erradioa baino txikiagoa duena edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzekoa, eta estaldura osoa (ha bakoitzeko). Lurpeko estaldura osoko aspertsio bidezko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona | |
1.1.5.2. Pibota, 150 metroko erradioa edo handiagoa duena eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzekoa, eta estaldura osoa (a+b) | |
a) Pibotak ureztatutako azalerarako (pibotaren metro linealeko) | 250 |
b) Izkinetan estalduraren bidez ureztatutako azalera, a+b lurzatiaren azaleraren adinakoa edo txikiagoa izanda (hektareako) | 5.950 |
1.1.5.3. Zenbait pibot: azalera osoa 2 pibotez edo gehiagoz estaltzen bada, aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko erabilgarri den erradioa izanen da 150 metro lineal baino erradio handiagoa duten piboten erradioen batuketa, baldin horietariko bakoitzak 7 ha baino gehiago ureztatzen baditu. Piboten erradioa 150 metro lineal baino gutxiagokoa bada edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen badute, estaltzen duten azalerari 3. ataleko kopurua aplikatuko zaio. Izkinetako gainerako azalerari 2.1.5.2.b) ataleko kopurua aplikatuko zaio | Aurrekoen |
1.1.6. Ureztapena alboko aitzinamenduaren bidez | |
1.1.6.1. Aplikatuko dira 2.1.3., 2.1.4. edo 2.1.5. apartatuetako moduluak | |
1.1.6.2. 2.1.6.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik (makina bakoitzeko) | 7.340 |
1.1.7. Hipodromo bidezko ureztapena | |
1.1.7.1. Aplikatuko dira 2.1.3., 2.1.4. edo 2.1.5. apartatuetako moduluak | |
1.1.7.2. 2.1.7.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik (makina bakoitzeko) | 13.030 |
1.1.8. Ureztapena, oro har | |
1.1.8.1. Ureztapeneko etxola, zolata barne/m² | 760 |
1.1.8.2. Kutxa motako armairua automatismoak babesteko (unit.) | 490 |
1.1.8.3. Telekontrola (unit.) | 1.900 |
1.1.8.4. Ur harguneak. Hauek barne: zanga ireki eta ixtea, hondakindegira eramatea, hareazko edo legarrezko ohea, hodia, sarearekiko konexioa, kontagailua eta ixteko giltzak, balbulak, erabat funtzionala eta bukatua/ml | 20 |
2. UREZTATZEKO SENTSOREAK JARTZEA | |
2.1. Telekudeaketa (programak exekutatzea, informazioa gordetzea, emari-alarmak eta balbula ixteko alarmak, komunikazioa denbora errealean) | Proformako faktura |
2.2. Neurketa (gailu autonomoa: kontagailuen telemetria, ihesen detekzioa, soberakinen kontrola, emarien monitorizazioa, efizientzia energetikoa) | Proformako faktura |
2.3. Sentsoreak | |
–Sentsore tentsiometrikoak | Proformako faktura |
–Sentsore kapazitiboak (lurreko ur-bolumena neurtzea) | Proformako faktura |
–Dendrometroa (neurketak: zurtoinaren diametroa, fruitua, enborra...) | Proformako faktura |
–Estazio meteorologikoak (euroak/unitatea) | 3.850 |
3. ORDAINSARIAK | |
3.1. Laguntza eskaera tramitatzeko eta inbertsio plana egiteko ordainsari teknikoak | 760,00 |
3.2. Memoria baloratuaren ordainsari teknikoak | 760,00 |
3.3. Beste azterketa batzuen ordainsari teknikoak | 760,00 |
Iragarkiaren kodea: F2513008
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
