213. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

436E/2025 EBAZPENA, urriaren 8koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez handitzen baita "Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritza eta teknologietarako dirulaguntzak (SEM)" deialdiarentzat baimendutako kreditua. 2023ko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 668621.

Espainiak 2021-2023 urteetarako aurreikusitako inbertsio eta berrikuntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotzen dira, mekanismo horren esparruan finantza-laguntza jaso ahal izateko. Plan hori Kontseilu Europarrak berretsi du, 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakiaren bidez.

Azaroaren 2ko 948/2021 Errege Dekretuak arautzen du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzen duten inbertsioak egiteko laguntza programetara zuzendutako dirulaguntzak emateko modua; horien bidez, abeltzaintza ustiategietako simaurrak kudeatzeko sistemak hobetzeko jarduketak, barazkien, lore moztuen eta landare apaingarrien berotegien erabateko modernizazioa eta eraldatzea, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien eraginkortasun energetikorako jarduketak eta abeltzaintzako azpiproduktuen eta nekazaritzako biomasaren energia aprobetxatzeko jarduketak laguntzen dira eta, halaber, doitasuneko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eta 4.0 teknologien erabilera sustatzen da (948/2021 Errege Dekretua, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko Planaren (III) barruan inbertsio proiektuak gauzatzeko estatu-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan).

Errege dekretu horrek ezartzen du autonomia erkidegoetako organo eskudunek beren lurraldeetan laguntza deialdiak argitaratuko dituztela, eta aurkeztutako eskaerak kontrolatu eta laguntzak eman eta ordainduko dituztela. Laguntza horiei lotutako gastuaren %100 Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak finantzatzen du.

Laguntzak finantzatzeko hasierako aurrekontu bat ezarri zen, eta Nafarroari 2.167.388 euro zegozkion. Alabaina, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak hainbat diru banaketa egin ondoren, aurrekontu hori 13.137.736,70 eurora iritsi da.

Azkeneko diru banaketa 2025eko uztailaren 28an onetsi zen, 2025eko ekitaldi ekonomikorako autonomia erkidegoekin hartzen diren finantza-konpromisoak onesten dituen ebazpenaren bidez. Banaketa hori egiteko, transferitutako kreditua 2026ko apirilaren 30a baino lehen benetan gauzatzeko konpromisoa hartu behar zuten autonomia erkidegoek. Konpromiso horren arabera, Nafarroako Foru Komunitateari 385.200,70 euro esleitu zitzaizkion.

Era berean, 2025erako konpromiso osoa murriztu da, diru esleipen batzuk aldatu direlako, ukoak izan direlako eta egindako ordainketa batzuk exekutatu ez direlako.

Bi zenbateko horien batura 790.000 euro da, eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 162E/2023 Ebazpenaren bidez eratutako itxaron-zerrendako espedienteei laguntzak emateko erabili nahi da. Izan ere, ebazpen horren bidez, "4240-Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritza eta teknologietarako dirulaguntzak (SEM)" onetsi eta ezetsi ziren. Ordaintzeko epeak, eta, beraz, proiektu horien exekuzioa bukatzeko epeak 2026ko apirila baino lehenagokoa izan behar du. Hortaz, banaketa berriaren zenbatekoa eta orain arte betearazi ez den konpromisoaren zenbatekoa, 2025eko ekitaldian, bai eta betearazi gabeko langileen gastua ere, 2026ko ekitaldira eraman behar dira.

Horren aurretik, onetsi behar da baimendutako kreditua handitzea, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 354E/2022 Ebazpenean ezarri bezala. Izan ere, ebazpen horren bidez onetsi ziren Nafarroako "Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritza eta teknologietarako dirulaguntzak (SEM)" emateko 2022ko bigarren deialdia eta haren oinarri arautzaileak.

"Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritza eta teknologietarako dirulaguntzak (SEM)" izeneko deialdian, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 354E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen hartan, ebazpen zatiko 3. puntuan ezarrita dago aurrekontu-zuzkidurari 10.000.000 euro gehitzen ahalko zaizkiola gehienez, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Txosten honetan aurreikusitako gastua oso-osorik Estatuko Aurrekontu Orokorretatik ordainduko da, Europar Batasunaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, eta, zehazki, 3. osagaiko 4. inbertsioarekin lotuta dago.

Adierazitakoarekin bat, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak proposatuta, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/201 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 21eko 196E/2024 Ebazpenaren bidez baimendutako kredituari 790.000,00 euro gehitzea. Ebazpen horren bidez kreditu gehikuntza bat onesten da "4240-Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritzarako eta 4.0 teknologietarako dirulaguntzak (SEM)" izeneko 2023ko deialdian.

2. Honen bidez baimentzen den gastuaren zenbatekoa ordainduko da 2025eko gastu aurrekontuko "Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritzarako eta 4.0 teknologietarako laguntzak (PEP E21/000458-04 elementua) izeneko 720004 72200 7700 412110 SEM partidaren baliokidea den eta 2026ko ekitaldian horretarako gaitzen den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F2513161