1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 8an hartua, zeinaren bidez Raúl Antonio Cruzado Espinoza jauna Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Ataleko buru izendatzen baita bitarte baterako.
Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen irailaren 25eko 87/2024 Foru Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiko ataletako burutzak, lehenengo atalekoa izan ezik, bokalen artean beteko dira, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak horretarako deitutako merezimendu-lehiaketa egin ondoren. Artikulu horrek ezartzen du, orobat, ezen ataletako buruak betetzeko merezimendu-lehiaketetan hautatzen diren pertsonen izendapena Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren bidez eginen dela, eta hark eginen dituela, halaber, suertatzen diren bitarte baterako egoeretarako izendapenak.
Kontuan hartuta Hirugarren Ataleko buruak erretiroa hartuko duela, hain zuzen, 2025eko urriaren 9an, Nafarroako Administrazio Auzitegiko buruak adierazi du beharrezkoa dela atal horretako burua bitarteko gisa izendatzea dagokion merezimendu-lehiaketa ebatzi arte, atala bururik gabe ez uzteko, eta, era berean, egokitzat jo du burutza hori bitarteko gisa betetzea, plaza huts bat lortu ahal izateko. Plaza hori lehenbailehen betetzen ahalko da aldi baterako kontratazioaren bidez, harik eta funtzionario batek behin betiko bete arte. Horrek ahalbidetuko du atala hiru pertsonak osatzea, atal horretako bokalei dagozkien eginkizunak beteko dituztenak, eta hori guztia Auzitegiaren funtzionamendu normalari eusteko asmoz, atalei esleitutako lan karga handia kontuan hartuta.
Izendapen hori merezimendu-lehiaketaren ebazpenarekin eta lehiaketaren ondorioz burutza lortzen duen kidearen izendapenarekin bukatuko da. Nafarroako Administrazio Auzitegiak jakinarazitakoaren arabera, lehiaketa horren deialdia berehala eginen da, aipatutako Erregelamendu Organikoaren 8. artikulua betez.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Raúl Antonio Cruzado Espinoza jauna Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Ataleko buru izendatzea bitarte baterako, 2025eko urriaren 10etik aurrerako ondorioekin.
2. Erabaki hau interesdunari jakinaraztea, eta Nafarroako Administrazio Auzitegira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2513113