2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LAPOBLACIÓN
Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena
Lapoblación-Meanoko Udalak, 2025eko ekainaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen udal ordenantzan. Onespen hori jendaurrean jarri zen 2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 29an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsi da ordenantza, zeinaren testua iragarki honen eranskinean jaso baita:
Lapoblación-Meanon, 2025eko urriaren 3an.–Alkatea, Ernesto Apiñániz Remírez.
UREZ HORNITZEKO ZERBITZUA ETA HURA EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETAREN TESTUA
1. artikulua. Oinarria.
Ordenantza hau ezarri da babes duelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.
2. artikulua. Zerga-egitatea.
Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea nahiz erabiltzea da zergapeko egintza, baita edateko uraren banaketa sareari lotzeko eskubidea eta saneamendu zerbitzuko sarea eskura izatea, hura mantentzea eta hari lotzea ere.
A. Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta hura mantentzea, hau da, hornidura kontratatu zen tokian edateko ura berehala izateko aukera, eta saneamendu zerbitzua eskura izatea eta hura mantentzea, hau da, urez hornitutako toki batean hondakin urak edo soberakoak berehala husteko aukera, Udal honetako saneamendu sarearen bitartez.
B. Udalak banatzen duen edateko ura erabiltzea eta eskura izatea. Emandako urak zer erabilera edo xede dituen eta saneamendu zerbitzuak zer erabilera duen, horren arabera aldatuko da tasa.
C. Ura banatzeko edo hondakin ura husteko sareetako harguneak, hau da, hornidura edo saneamendu zerbitzua eskuratzea.
D. Hondatutako kontagailuak konpontzea, erabiltzailearen kontura. Hau da, matxuratutako kontagailu bat kendu, konpondu eta berriz jartzeko egin beharreko jarduketa guztiak.
E. Kontagailu berriak jartzea.
3. artikulua. Salbuespenak.
Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honetan.
4. artikulua. Subjektu pasiboak.
Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, baldin unitate ekonomiko bat badira edo ondare bereizia badaukate eta eskatu badute edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eta saneamendukoa, edo hartaz baliatzen badira.
Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.
5. artikulua. Tarifak.
Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptu hauengatik kobratuko dira:
a) Tasa, hornidura zerbitzua erabilgarri edukitzeagatik eta mantentze-lanengatik: urtean 56 euro (28 euro sei hiletik behin, kontagailuaren tasa gisa).
b) Etxeetan erabiltzeko hornidura: 0,80 euro, kontsumitutako metro kubiko bakoitza.
c) Abeltzaintzarako horniduragatik (azienda ustiategiak barne), kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,62 euro.
d) Lapoblación-Meanoko udal mugapean diren iturrietako soberako uraren aprobetxamendua: 0,25 euro, kontsumitutako metro kubiko bakoitza.
e) Industrian edo ureztapenean erabiltzeagatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,80 euro.
f) Matxuraren bat dagoelako ur kontsumoa gehiegizkoa denean, abonatuaren beharrekin bat ez datorren kontsumoa alegia, honela jokatuko da ordainagiria kobratzeko:
a. Abonatuak frogatu beharko du matxura bere kontura konpondu duela, fakturaren kopia aurkeztuta.
b. Kontsumitutako metro kubikoen arabera kobratzea: aurreko urtean seihileko berean kontsumitutakoak zenbatuko dira.
c. Kontsumitutako metro kubikoen eta kontagailuan zehaztutako kontsumoaren arteko aldea kobratzeko, ordainduko da 0,35 euro, kontsumitutako metro kubikoko (gehi %10eko BEZa).
g) Hornidurako hargunea edo saneamendu sarekoa baimentzeagatik, 300 euro (gehi %10eko BEZa).
h) Hornidurako edo saneamenduko hargunea Udalak jarriko du, eta kostua eskatzaileak ordainduko du.
i) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: kontagailua konpontzeko, berria jartzeko edo tokiz aldatzeko lanen zenbatekoa.
6. artikulua. Likidatu beharreko kuota.
Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.
7. artikulua. Sortzapena.
Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:
a) Zerbitzua eskura izateagatik eta mantentze lanengatik, hornidura edo saneamendu sarera lotzen den unetik beretik.
b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.
c) Harguneagatik, kontzeptua sortuko eta ordainaraziko da haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean.
d) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: halako jarduketa gertatzen den unean.
KUDEAKETA ARAUAK
8. artikulua.
Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenak ordainduko ditu kontagailua erosteko gastuak, bai eta instalaziorako eta hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak ere.
Orobat, erabiltzailearen bizkar izanen dira kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeko gastuak.
Kontagailuak toki saneatuetan ezarriko dira, aise heltzeko eta ikusteko lekuan, ahalik eta erosoen zaindu, aztertu eta irakurtzeko moduan. Betiere, Udalak edo hark baimendutako pertsona batek erabakiko du non kokatu, eta hari dagokio kontagailuaren eta instalazioko hodiaren arteko lotunea zigilatzea; edozein inguruabar dela eta, zigilua hautsiz gero, erabiltzailea behartua dago horren berri ematera Udalari, neurri egokiak har ditzan.
Higiezin batean hargunea jarri nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek eskabidea aurkeztu beharko diote Lapoblacion-Meanoko Udalari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra, zenbatek hartzen duten zerbitzua, higiezinaren azalera erabilgarria eta ezarri gogo den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia-unitate bakoitzeko.
Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta hargune orokorra egiteko komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak emanen ditu.
9. artikulua.
Hornidura edo saneamenduko sare orokorrari lotzeko lanak ezin dira hasi aldez aurretik Udalaren Diruzaintzan edo horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan ordaindu gabe, ordenantza honen 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
10. artikulua.
Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahalik eta baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi izanez gero, ur hornidura etenez gero edo zerbitzuan bertze edozein goiti-beheiti gertatuz gero.
Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.
Aurreneurri moduan, ur hornidura mozten ahalko zaio etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari.
11. artikulua.
Erabiltzaileak behin ere ez du urez hornitzen ahalko bertze pertsona bat, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.
12. artikulua.
Erabiltzaileak behartuak daude toki-erakundeari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.
13. artikulua.
Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.
14. artikulua.
Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.
15. artikulua.
Kontagailua matxuratua izan eta gehienez ere 15 eguneko epean konpondu ez duenari haren ezaugarri berdintsuenak (familia unitateko kideak, aziendak etab.) dituen zergadunak egin duen kontsumoa halako bi kobratuko zaio.
16. artikulua. Diru-bilketa.
Sei hilabetean behin ordainduko dira 5. artikuluaren a), b), c), d), e) eta g) apartatuetan aipatzen diren ordainarazpenak.
5. artikuluan jasotzen diren gainerako ordainarazpenak sortzen diren unean ordainduko ditu erabiltzaileak.
Borondatezko ordainketa egiteko aldia iraganik, mugaeguna gainditu duten zor likidoak direnean, premiamendu bidez eskatzen ahalko dira, dagokien errekarguarekin.
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
17. artikulua. Definizioa.
Erabiltzailearen arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dituzten ekintzak eta omisioak.
18. artikulua. Sailkapena.
Garrantziaren arabera, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, ondoko artikuluetan zehazten denaren arabera.
19. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Behar duen ura baizik ez erabiltzeko eta beharrik gabeko gehiegizko kontsumoa ez egiteko obligazioa ez betetzea; obligazio horren xedea da hornidura sareko erabiltzaile guztiek ura errazago izatea eskura.
b) Udalari jakinarazteko obligazioa ez betetzea, ahalik lasterren, ikusten duen edozein matxura, batez ere baldin horren ondorioa bada ur-ihesa edo edateko nahiz hondakin uren galera, edo traba gertatzea saneamendu sarean.
c) Udalari jakinarazteko obligazioa ez betetzea aldaketa nabarmena egiten badu bere ohiko kontsumoan eta/edo isurketetan, eta/edo horien ezaugarrietan, bai eta aldatzen badu kontsumitzen duen uraren erabilera, betiere horrekin batera tarifak edo, oro har, kontratuaren baldintzak aldatu behar badira.
d) Berari dagokion ur hornidura erabiltzea kontratuan jartzen ez diren gauzetarako, edo kontratuan jarritako isurketarako baldintzak aldatzea.
e) Aurrekoez gain, arinak dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dituzten ekintzak eta omisioak, astunak edo oso astunak izan gabe.
20. artikulua. Arau-hauste astunak.
Honako hauek dira arau-hauste astunak:
a) Hondakin urak indarrean diren legeek ezarritako baldintzen eta mugen barnean isurtzeko obligazioa ez betetzea.
b) Eraikinaren barneko instalazioa arreta osoz erabili, zaindu eta kontserbatzeko obligazioa ez betetzea.
c) Udaleko enplegatuak, edo Udalekoak ez izanagatik hark behar den nortasun txartelaren bidez egiaztatzen dituenak, polizan ageri den finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen eta lanak egiten uzteko obligazioa ez betetzea, aipatu langileak etortzen zaizkionean hornidura eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurgailua berriz jartzera edo irakurtzera.
d) Udalak zerbitzuez edo haiekin ikusteko dutenez eskatzen dituen datuak ahalik eta zehatzen emateko obligazioa ez betetzea.
e) Ura ekartzeko edo husteko hodiei zuzenean txertatzea (edo, oro har, baimenik gabe erabiltzea) ponpak eta bertze edozein aparatu edo elementu, baldin aldaraz badezake hornidura eta/edo saneamendu sarearen egoera eta, ondorioz, bertze erabiltzaile batzuei ematen zaien zerbitzua, edo hartan eraginik izan badezake.
f) Udalak emandako ura edo husteko ahalmena bertze norbaiti saltzea edo doan lagatzea, ohikotasunez.
g) Neurgailua lekuz aldatzea edo bertara heltzeko bidea aldatzea, Udalaren baimenik izan gabe.
h) Manipulatzea sare edo instalazioen edozein elementu, edo ura kargatu edo erabiltzeko edozein elementu, edo horiei kalte egitea, baita neurgailuak manipulatzea ere.
i) Isurketak ez lotzea dagokien husteko hodiarekin, arloko araudiaren arabera.
j) Hornidura sareko edozein elementutatik ura hartzea, modu irregularrean eta baimenik gabe.
k) Erabilera murriztuetarako ura erabiltzea lehorte larrialdi latzetan.
21. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:
a) Aurreko artikuluan astuntzat jotako arau-hausteak oso astunak izanen dira baldin eta isurketaren kantitate edo kalitateagatik arrisku handia bada pertsonen osasunerako, baliabide naturaletarako edo ingurumenerako, hondakin uren kolektoreetan efluenteak behar bezala zirkulatzen ez badu, hodiak behar bezala ez badaude edo hondakin uren araztegiak behar bezala funtzionatzen ez badu.
b) Arriskuak edo larrialdiak ez jakinaraztea, edo egoera horietan Administrazioak agintzen duena ez betetzea.
c) Isurketak eteteko aginduak ez betetzea.
d) Udalaren berariazko baimenik gabe ura hartzea, hornidura sarean kutsadura eragiteko prozedurak erabiliz.
e) Erabilera murriztuetarako ura erabiltzea lehorte larrialdi latz eta muturrekoetan.
f) Ur kontsumoak egitea neurgailu batek kontrolatu gabe edo behar den kontratua sinatu gabe, edo instalazioak nolanahi bertzelakotzea hura posible egiteko, eta orobat kontrolatu beharreko isurketekin.
g) Neurketa ekipoaren zigiluak aldatzea edo haustea, beretzat irabazia ateratzeko asmoz.
22. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.
Arau-hauste horiei aplikatzen ahal zaizkien zehapenak 3.000 euro bitarte dira, arau-hauste oso astunetarako; 1.500 euro bitarte, arau-hauste astunetarako; eta 750 euro bitarte, arau-hauste arinetarako.
23. artikulua. Zehapenen graduazioa.
1. Zehapenak aplikatzeko, kontuan hartuko da egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den, egindako kalteak nolakoak izan diren eta urte batean gisa bereko bertze arau-hausteren bat egin ote den, honela deklaratua baldin bada ebazpen irmo baten bidez.
2. Zehapena %20 merkeago ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordaintzen bada zehapen espedientea abiarazi dela jakinarazi ondoko lehen hamabortz egunean.
3. Behin-behineko neurri gisa, hornidura eteten ahalko da.
24. artikulua. Konpentsazioa iruzurra egiteagatik.
1. Instalazioak nola edo hala manipulatuz iruzurra egiten denean, kontrataturiko zerbitzuak eten eginen dira, harik eta instalazioak hasierako egoeran berriz utzi eta arau-hausleak eragindako gastuak ordaindu arte.
2. Arau-hausteen ondorioz erabiltzaileari irabazi ekonomikoa etortzen bazaio, 22. artikuluan ezarritako zehapenez gain, iruzurrari dagokion likidazioa eginen da.
3. Iruzurraren ezaugarriak direla-eta ez dagoenean zehazterik kontsumitutako ur bolumena, aurreko apartatuan aipatutako likidazioa egiteko, kalkulu hau eginen da: iruzurrak iraun duen bitartean egunero hamar orduko kontsumoa egin izan balitz hargunetik pasatuko zen gehienekoa.
4. Ezinezkoa bada iruzurrak zenbat denbora iraun duen zehaztea, kasu bakoitzaren inguruabarrak eta zantzuak ikusirik, likidazioan denbora-eskala hau erabiliko da:
a) Iruzurrak hamabortz egun baino gehiago iraun ez duela uste denean: hamar egun.
b) Iruzurrak gutxi gorabehera hilabete iraun duela uste denean: hogeita bortz egun.
c) Hilabetetik hiru hilabetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: hiruretan hogei egun.
d) Hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: ehun eta berrogeita hamar egun.
e) Sei hilabetetik urtebetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: hirurehun egun.
f) Urtebetetik goiti iraun duela uste denean: zazpiehun eta hogeita hamar egun.
25. artikulua. Aldaturiko errealitate fisikoa konpontzea.
1. Zehapenengatik ere egindako kaltea konpondu beharko da eta iruzurrez lortutakoa itzuli, eta bertze erantzukizunik baldin bada, horiei ere egin beharko zaie aurre. Sortutako kaltea konpontzeko, behar diren eragiketak gauzatuko dira instalazioak eta hornidura eta/edo saneamendu sareen elementuak lehengoratzeko, hasteko eta bukatzeko epeak finkatuz.
2. Epeak errespetatzen ez badira edo hasitako lanak geldiarazten badira, subsidiarioki, Administrazioak exekutatuko ditu lanak, arau-hauslearen kontura betiere.
3. Orobat, Udalak ahalmena du subjektu erantzuleari fidantza bat jar dezala eskatzeko, ezarritako neurrien eraginkortasuna bermatzeko.
26. artikulua. Zehapenak ezartzea.
Udaleko organo batek ezarriko ditu ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen zehapenak, hain zuzen toki araubideko araudiaren arabera kasu bakoitzean eskuduna den organoak.
27. artikulua. Zehapen prozedura.
Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteei zehapenak ezartzeko prozedura jarraituko zaio urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), edo hura ordezten duen arauan xedatutakoari.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza hau indarrean jartzen denetik indargabetu egiten dira, eta inolako baliorik eta ondoriorik gabe uzten, maila bereko edo apalagoko xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, ordenantzaren aurkakoak badira.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L2513001