210. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

94E/2025 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak susta ditzaten 2025-2026 aldian. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 858946.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, laguntza horien bidez jarduera fisikoak eta kirol jarduerak sustatzeko eginkizuna du, Nafarroako gizarte osoaren eta, bereziki, premia handiena duten kolektiboen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarriz toki entitateen eta beste entitate batzuen eskura.

Deialdi honen helburua da osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak antolatu eta prestatu daitezela sustatzea. Proiektu horiek toki entitateek garatuko dituzte, oinarrizko osasun laguntzako zentroekin lankidetzan. Proiektu horien bidez, 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluko a), d), f) eta t) helburuak betetzen laguntzen da, eta honako hau lortu nahi da:

–Jarduera fisikoa bultzatzea bizimodu osasuntsua eta osasungarria sustatzeko eta gaixotasunak prebenitu eta tratatzeko tresna baliagarri gisa.

–Bizimodu aktiboak pertsona sedentarioentzat nahiz gaixoentzat eta arrisku-faktoreak dituztenentzat dituen onurak sustatzea osasun etxeetatik, eta jendea horretaz sentsibilizatzea, ariketa fisikoarekiko atxikimendua handiagoa izan dadin.

Adierazi behar da deialdiak urte anitzeko gastu konpromisoa duela, Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.1 artikuluan jasotzen den moduan, nahiz eta ez den beharrezkoa aldez aurretik Gobernuaren erabakiaren bidez baimena ematea, egotz daitekeen gastua 600.000 eurotik beherakoa baita (apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.6 artikulua).

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak gara ditzaten 2025-2026 aldian.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4609-336102: Jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat

2025

155.000,00

A50002-A5100-4609-336102: Jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat

2026

50.000,00

Kreditu horiei gehitu behar zaizkie Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren uztailaren 4ko 37/2025 Foru Aginduaren bidez baimendutako diru kopuruak. Izan ere, foru agindu horren bidez xedatu zen argitara ematea Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2025eko ekainaren 30ean harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programen dirulaguntzen deialdia, eta bestetik, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuen dirulaguntzen deialdia, biak 2025-2026 aldikoak:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

520001-51200-4609-313904: Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat

2025

20.000

520001-51200-4609-313904: Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat

2026

30.000

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko irailaren 25ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, horien bidez osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak susta ditzaten 2025-2026 aldian.

Deialdi honen bidez bete nahi da Nafarroako Gobernuaren 2023-2027 urteetako Akordio Programatikoan, kirolaren arloan, jasota dagoen helburuetako bat: osasuna zaintzera eta ohitura osasungarriak lortzera bideratutako politikak garatzea eta koordinatzea, ariketaren bidez, ariketa fisikoa baita bizi-garapenaren motorra.

Halaber, erantzuna ematen zaie 2022-2025 aldiko Osasun Publikoaren Planaren I. eta II. ardatzei, zeinak oinarritzen baitira osasunaren aldeko jokabideak sustatzean eta gaixotasunei aurrea hartzean, horretarako tokiko osasun komunitarioko jarduketak garatuz. Jarduera fisikoa gomendatzearekin eta preskribatzearekin lotutako jarduketak Bizimoduak Programan biltzen dira, zeina planaren barruan baitago.

1.2. Osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak diruz lagunduko dira, helburu hauekin:

–Jarduera fisikoa bultzatzea bizimodu osasuntsua eta osasungarria sustatzeko eta gaixotasunak prebenitu eta tratatzeko tresna baliagarri gisa.

–Bizimodu aktiboak pertsona sedentarioentzat nahiz gaixoentzat eta arrisku-faktoreak dituztenentzat dituen onurak sustatzea osasun etxeetatik, eta jendea horretaz sentsibilizatzea, ariketa fisikoarekiko atxikimendua handiagoa izan dadin.

Proiektu horiek toki entitate eskatzaileak zuzendu beharko ditu, baina eskualdeko oinarrizko osasun laguntzako zentroarekin elkarlanean garatu beharko dira; horretarako, bi aldeek hitzarmen edo akordio bat izenpetu beharko dute. Tokiko sareko beste eragile batzuek ere esku hartzen ahalko dute, oinarrizko gizarte zerbitzuek, elkarteek eta abarrek, kasu.

1.3. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–Kirol zuzendari eta monitoreentzako prestakuntza jarduerak, hezkuntzaren esparruan edo beste esparru batzuetan garatzen direnak, kirol teknikari izateko ikastaroak, esate baterako.

–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren beste deialdi berariazkoago batzuen xede diren edo horietan jasotzen diren kirol jarduera fisikoak.

–1.2 oinarrian aipatzen ez diren jarduerak.

2. Helburua.

1.2 oinarrian jasotzen diren jarduerak egitean sortutako defizita hein batean berdintzeko erabiliko da dirulaguntza, titularra toki entitatea bada eta jarduera horiek 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarte egiten badira.

3. Aurrekontu-kreditua.

3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 255.000 euro bideratuko dira helburu horietarako. Dirua partida hauei egotziko zaie:

–2025erako: 175.000 euro, honako partida hauetan banatuta:

  • 155.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko A50002-A5100-4609-336102 partida ekonomikoaren kargura.
  • 20.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida ekonomikoaren kargura.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren uztailaren 4ko 37/2025 Foru Aginduaren bidez xedatzen da argitara eman dadila Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2025eko ekainaren 30ean harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programen dirulaguntzen deialdia, eta bestetik, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuen dirulaguntzen deialdia, biak 2025-2026 aldikoak.

–2026rako: 80.000 euro, honako partida hauetan banatuta:

  • 50.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko A50002-A5100-4609-336102 partida ekonomikoaren kargura.
  • 30.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Jarduera fisikoa sustatzeko dirulaguntzak toki entitateentzat" izeneko 520001-51200-4609-313904 partida ekonomikoaren kargura, baldin eta aipatutako aurrekontuetan kreditu aski eta egokia bada horretarako.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren uztailaren 4ko 37/2025 Foru Aginduaren bidez xedatzen da argitara eman dadila Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2025eko ekainaren 30ean harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki entitateei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programen dirulaguntzen deialdia, eta bestetik, osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuen dirulaguntzen deialdia, biak 2025-2026 aldikoak.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua, 255.000 eurokoa, honako aldi hauetan banatuko da:

  • 175.000 euro, lehen aldian, hau da, 2025eko uztailaren 1etik azaroaren 30era arte, garatzen diren proiektuetarako.
  • 80.000 euro, bigarren aldian, hau da, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte, garatzen diren proiektuetarako.

3.3. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzak.

4.2. Deialdi honen barruan sartzen dira kirol jarduerak merkataritza-sozietate baten bidez antolatzen dituzten toki entitateak, sozietate horren kapital osoa udalarena bada edo toki entitatearen beraren erakunde autonomoa bada. Bi kasuetan udalak ziurtagiri bat aurkeztuko du, non azalduko baita merkataritza-sozietate horren kapital osoa udalarena dela.

4.3. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diruz lagundutako proiektua garatu bitartean harekin loturiko edozein zereginetan lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.

–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdiari heltzen dioten toki entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute, esaten duena tokiko proiektuak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duen entitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira, soilik, preskripzio proiektuaren izaerari zalantzarik gabe eta zuzenean erantzuten dioten eta proiektua garatzen den aldiari dagozkion gastu arrunt hauek:

–Kirol zuzendariaren edo monitoreen soldatak eta gizarte segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean preskripzio programan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Preskripzio proiektua garatzeko asmoz, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren laguntza teknikoko kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

–Kirol jarduera fisikoak zuzentzen dituzten edo erabiltzaileekin harremanetan dauden langileei lehen sorospenen arloan formakuntza emateko gastuak.

–Aseguru polizak.

–Garraio antolatua parte hartzen dutenentzat.

–Preskripzio proiektua garatzeko kirol material suntsikorra.

–Preskripzio proiektua sare sozialetan, mugikorretako aplikazioetan, webean eta abarretan zabaldu eta haren berri ematea.

–Software-lizentzia espezifiko bat erostea jarduera fisikoaren preskripzio proiektuak garatzeko. Proiektuaren iraupenari dagokion gastua egotziko da.

–Beste gastu batzuk, proiektua garatzen den aldiari dagokion proportzioan.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzen eskabideak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Toki entitateek aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Eskabide-orria (II. eranskina), 4.3 oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena (ezinbestekoa da ziurtatzea entitateak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak, bai Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kontsulta egiteko baimena emanez, bai eskaerarekin batera ziurtagiriak aurkeztuz).

2. Preskripzio proiektua (III. eranskina). Programaren zabalkundean Nafarroako Gobernuaren logoa sartu dela erakusten duen dokumentazioa erantsiko zaio proiektuari.

3. Proiektuaren aurrekontua, IV. eranskinaren arabera (fitxa bat aldi bakoitzeko).

Lehenbiziko aldian, 2025eko uztailaren 1etik azaroaren 30era (egun hori barne) bitarte egotzitako gastuak eta diru-sarrerak sartuko dira, eta bigarren aldian, berriz, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era (egun hori barne) bitarte egotzitakoak.

Diru-sarreren zerrendan sartuko dira proiekturako espero diren dirulaguntzak, aldien arabera xehakatuta.

4. Akordioa edo hitzarmena oinarrizko osasun laguntzako zentroarekin.

8. Preskripzio proiektuen ezaugarriak.

8.1. Preskripzio proiektuen ezaugarriak:

Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izanen da baldintza hauek betetzea:

a) Toki entitateak zuzentzen dituen proiektu guztietarako, hitzarmen edo akordio bat izenpetu beharko da eskualdeko oinarrizko osasun laguntzako zentroarekin, non bi aldeen konpromisoak jasoko baitira diruz lagundu beharreko proiektua behar bezala garatzeko (instalazioak, langileak, zerbitzuak, eginkizunak, etab.).

b) Osasun etxeetako profesionalak arduratuko dira parte-hartzaileak jarduera fisikoaren programara bideratzeaz edo "kirol errezeta" emateaz, egin beharreko jarduera preskribatu edo hautatu aurretik.

c) Patologiaren bat duten herritar guztiei zuzenduko zaizkie, haurtzarotik hasi eta zahartzarora arte.

d) Toki entitateak jarriko du osasun etxetik bideratutako pertsonaren eskura kirolaren eta jarduera fisikoaren profesional bat, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu edo lizentzia titulu baten jabe dena.

Profesional horri dagokio osasun etxetik bideratutako pertsonei preskribatutako jarduera fisikoak baloratzea, orientatzea, programatzea, planifikatzea, koordinatzea eta kontrolatzea. Beste langilerik ez badago, pazienteek egin beharreko jarduerak zuzentzen ahalko dituzte.

e) Beharrezkoa izanen da preskripzio proiektuan parte hartzen duen pertsonak jarraipen bat izatea, bilakaera eta errendimenduari buruz; emaitza horiek osasun etxera bidaliko dira, jakinaren gainean egon dadin.

f) Proiektuak toki entitate onuradunaren instalazioetan eginen dira, bai eta entitateak horretarako erabili nahi dituen instalazioetan ere.

g) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko teknikariek bisitak egiten ahalko dituzte proiektu bakoitza bertatik bertara ezagutu ahal izateko, eta haren arduradun diren toki entitateko teknikariekin eta osasun langileekin biltzen ahalko dira.

8.2. Proiektuetan jarduerak zuzentzen dituzten langileen ezaugarriak. Titulazioak.

Preskripzio proiektuetako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

Egin beharreko lanaren araberako kualifikazioa izan beharko dute. Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.

Aipatu langileek ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, zein den ere programan betetzen duten eginkizuna.

9. Balorazio prozedura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Tokiko proiektua garatzen ez bada, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ez du 5. oinarrian aipatzen diren gastuetako bat ere diruz lagunduko.

Tokiko proiektua hasi ondoan eteten bada, diruz lagundutako kopurua gauzatutako iraupenarekiko proportzionala izanen da.

9.1. Balorazio irizpideak. Jarraian, balorazio irizpideak zehazten dira, zein bere haztapenarekin, lehentasun hurrenkera bat ezarri ahal izateko:

a) Proiektua egokia den edo garrantzia duen jarduera fisikoa herritarren artean sustatzeko (14 puntu gehienez):

–Proiektua zenbateraino egokitzen den planteatutako helburuetara: 5 puntu gehienez (puntu 1 deskribatutako proiektura egokitutako helburu bakoitzeko).

–Proiektuaren garapenaren deskribapen zehatza eta argia: 5 puntu gehienez (5 puntu, garapena argi eta garbi deskribatuta badago, eta 0 puntu, argi deskribatuta ez badago).

–Proiektuaren helburu espezifikoen jarraipena eta ebaluazioa egiteko prozedura zehatza ezartzea: 4 puntu gehienez (2 puntu prozedura bakoitzeko, biak argi eta garbi deskribatuta badaude; eta 0 puntu prozedurak argi deskribatuta ez badaude).

b) Tokiko sarea osatzen duten eragileen inplikazio maila: 3 puntu gehienez (0,5 puntu proiektuan funtzio espezifikoak dituen eragile bakoitzeko).

c) Kalitatea proiektuaren zabalkundean: 2 puntu gehienez.

Komunikazio ekintzak egiteko moduen eta espazioen deskribapena: liburuxkak, iragarki-taulak, sare sozialak, toki entitatearen webguneko argitalpenak, etab.

Erantsi liburuxken fotokopiak eta toki entitatearen webgunean eta sare sozialetan argitaratu denaren pantaila-argazkiak (puntu 1, proiektua toki erakundearen web-orrian argitaratuta badago. 0,5 puntu, zabalkunderako beste ekintza batzuk).

d) Ekitatearen ikuspegia edo lehenetsitako beste ikuspegi batzuk txertatzea (desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak). 4 puntu gehienez:

1. Desgaitasuna duten pertsonak kontuan hartzen baditu: 2 puntu.

2. Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak kontuan hartzen baditu: 2 puntu.

e) Genero ikuspegia txertatzea proiektua idaztean: 2 puntu gehienez. Proiektua idaztean genero ikuspegia kontuan hartzen den baloratuko da, hizkeraren erabilerari dagokionez (2 puntu emanen dira hizkeraren ikuspegia proiektuaren idazketa osoan erabiltzen bada, 1 puntu batzuetan erabiltzen bada, eta 0 puntu erabiltzen ez bada).

Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 13 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei.

9.2. Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura hau erabiliko da:

a) Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko.

b) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak proiektu bakoitza finantzatzen ahalko du aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

c) Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, 9.1 atalean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.

d) Puntu baten balioa kalkulatu eta diruz lagundutako entitate bakoitzari dagozkion zenbatekoak esleitu ondoren, kreditu erabilgarria agortzen ez bada, gainerako saldoa entitate onuradun guztien artean banatuko da, lortutako puntuen arabera, kreditu hori agortu arte.

Dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

a) Ezin izanen du gainditu gastu diruz lagungarrien zenbatekoa (5. oinarria), ez eta aurkeztutako defizita ere.

b) Ezin da izan dirulaguntzaren xedeko proiektuaren guztirako kostua baino handiagoa, ez dirulaguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo dirulaguntzei gehituta.

Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da.

11. Laguntzak emateko ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki entitate onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

11.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.

11.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateari buruzko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

11.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

11.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

12. Justifikazio agiriak.

Frogagiriak bi alditan aurkeztuko dira, deialdiaren estekaren bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

12.a) Lehenbiziko aldia: 2025eko abenduaren 5era arte, 2025eko uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako tokiko proiektuen kasuan:

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Emaitzen kontua (V. eranskina), dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.

Gastuei dagokienez:

–Eskatzen den atal bakoitzean, dirulaguntzaren xede izanik ordaindu diren gastu guztien fakturen eta egiaztagirien zerrenda xehatua aurkeztuko da, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Fakturen data 2025eko uztailaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa izanen da (egun hori barne).

–Faktura guztien ordainketa data 2025eko uztailaren 1etik abenduaren 5era bitartekoa izanen da (egun hori barne).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena (V. eranskina).

Diru-sarrerei dagokienez:

–Adierazi beharko dira tokiko proiektuarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, 2025eko uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarteko aldiari dagozkion proportzioan.

2. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VI. eranskina).

3. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (Vll. eranskina).

12.b) Bigarren aldia: 2026ko uztailaren 17ra arte, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako proiektuen kasuan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Emaitzen kontua (V. eranskina), dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.

Gastuei dagokienez:

–Eskatzen den atal bakoitzean, dirulaguntzaren xede izanik ordaindu diren gastu guztien fakturen eta egiaztagirien zerrenda xehatua aurkeztuko da, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Fakturen data 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartekoa izanen da (egun hori barne).

–1. aldiko fakturak sartzen ahalko dira, baldin eta 2025eko abenduaren 6tik 2026ko ekainaren 30era bitarte ordaindu badira.

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena (V. eranskina).

Diru-sarrerei dagokienez:

–Adierazi beharko dira tokiko proiektuarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitarteko aldiari dagozkion proportzioan.

2. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VI. eranskina).

3. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (Vll. eranskina).

4. Preskripzio proiektuaren memoria (Vlll. eranskina).

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Dirulaguntza bi zatitan ordainduko zaie entitate onuradunei, banku transferentzien bidez; horretarako, aldez aurretik, 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez bada jardueraren defizita baina handiagoa.

13.2. Dagokion ordainketa-ebazpena onetsi ondoren, emandako dirulaguntza gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko da.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek dirulaguntzen xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

15.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Era berean, toki entitate onuradunak, egiten dituen kontratazioetan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa bete beharko du.

Alderdi horiek VII. eranskinaren bidez justifikatuko dira. Eranskin hori frogagiriekin batera aurkeztuko da, 12. oinarrian jasota dagoen bezala.

15.4. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan betetzera osasun eta kirol agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak garatu bitartean indarrean daudenak ere.

15.5. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

15.6. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

15.7. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

15.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.9. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren justifikazioa preskripzio proiektuan aurkeztuko da (III. eranskina).

15.10. Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko norbait gonbidatu beharko dute diruz lagundutako programetan eta proiektuetan sartutako aurkezpen eta jardueretara.

15.11. Onuradunek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari bidaliko dizkiote diruz lagundutako preskripzio proiektuarekin lotutako esku-hartze publiko oro (prentsa-oharrak, aurkezpenak, etab.).

16. Azpikontratazioa.

16.1. Toki entitate onuradunek azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren kostuaren %100 bitarte.

16.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

16.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean baino ez dute erantzun beharko. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

16.4. Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat egitea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

17. Ez-betetzeak.

17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

18.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

18.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.

19. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen II. eranskinean informazioa eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2512869