21. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urtarrilaren 15ean hartua, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea 238.243.770,00 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, betiere foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak 20. artikuluan xedatzen du ezen Estatuak, aintzat hartuz aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuak betetzeari buruzko txostenak, lege horren beraren 17. artikuluan aipatzen direnak, egiaztatzen badu ez dela bete aurrekontu egonkortasunaren helburua, zor publikoarena edo gastu arauarena, ez-betetzea egin duen autonomia erkidegoaren zorpetze-eragiketa guztietarako beharrezkoa izanen dela Estatuaren baimena, ez-betetzeak dirauen bitartean. Halaber, 2/2012 Lege Organiko horren beraren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen puntuan zehazten da ezen Nafarroako Foru Komunitatean, bere foru araubidea dela-eta, lege organiko hori aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Foru Komunitateak ez zuen bete 2019ko ekitaldiko gastu araua, 2019ko aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuen betetze mailari buruzko azken txostenak dioenaren arabera. Txosten hori 2020ko azaroaren 24koa da eta Gobernuari igorri zitzaion aipatutako lege organikoaren 17.4 artikulua betez.

Ministroen Kontseiluak, 2024ko azaroaren 28an, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari epe luzerako zor eragiketak formalizatzeko, 271.243.770,00 euroko muga gainditu gabe. Zenbateko hori bat dator Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, haren enpresa publikoen eta elkarte publiko-pribatuen epemugen ohiko birfinantzaketarekin.

2024ko urtarrilaren 24an, Nafarroako Gobernuak baimena eman zion NILSAri 33.000.000,00 eurora arteko finantza eragiketak adosteko, eta erabaki honen bidez baimena ematen dio zorpetzearen gainerako zenbatekora arteko finantza eragiketak egiteko (238.243.770,00 euro, hain zuzen ere).

Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legeak 36. artikuluan ezartzen du baimena ematen zaiola Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko, honako muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen saldo bizia, Europako kontuen sistemaren arabera (EKS-SEC 2010), ez dadila izan 2025eko abenduaren 31n 2025eko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino 81.840.374 euro handiagoa (BPGaren %0,3ko defizit aurreikusiaren finantzaketa).

Aurreikuspen hori gauzatzeko, beharrezkoa da halako zorpetze-eragiketak egiteko bide ematen duen erabaki bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Xedatzea Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 238.243.770,00 eurokoak gehienez, epemuga arruntak birfinantzatzeko.

2. Zorpetze-eragiketen jaulkipena eta, kasua bada, formalizazioa, eragiketa batean edo gehiagotan gauzatzen ahalko dira, eta proiektu jasangarriak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira (berdeak edo sozialak).

3. Zenbateko horren barrenean, egiten diren balore-jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, foru lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez zehaztuko dira balore-jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketak xedatzekoak. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

6. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

7. Erabaki hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Finantza Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 15ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2500553