Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
463E/2024 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzeko laguntza". DDBN identifikazioa: 806725.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak arau batzuk ezartzen ditu Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago, eta haren bidez 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira. Bada, erregelamendu horren 75. artikulua nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko eta landa enpresa berriak abian jartzeko laguntzei buruzkoa da.
Hauek dira laguntza horien helburuak: nekazari gazteak eta beste nekazari berri batzuk erakartzea eta haiei laguntzea, enpresa garapen jasangarriari bide ematea landa eremuetan, eta enplegua, hazkundea, genero berdintasuna, gizarte inklusioa eta toki garapena bultzatzea landa eremuetan.
NPEPEaren (2023-2027) neurrien artean, INSTAL (75) izenekoa dago, nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko eta landa enpresa berriak abian jartzekoa, hain zuzen ere. Esku-hartze horren barruan, nekazariak ezartzeko bi tipologia bereizten dira, adinaren arabera; batetik, nekazari gazteak ezartzeko, 41 urte artekoentzat, eta, bestetik, nekazari berriak ezartzeko, 56 urte artekoentzat.
Gazteak ezartzekoaren kasuan, gainera, bi tipologia bereizten dira, hartutako konpromisoen arabera: proiektatutako ustiategiaren tamainari dagokionez hartutako konpromisoaren arabera, eta ezarriko diren pertsonek nekazaritzako jardueran izanen duten dedikazioaren konpromisoaren arabera.
Hori horrela, bi esku-hartze hauek daude gazteak ezartzeko: 6961.1.1 esku-hartzea, "Nekazari profesional gazteak ezartzea", eta 6961.1.2 esku-hartzea, "Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzea".
6961.1.2 esku-hartzea ("Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzea") lanaldi partzialeko ustiategien titularrei zuzenduta dago, batez ere muga naturalak dituzten landa eremuetan daudenei, baldin eta haien jarduera nagusia nekazaritzakoa ez bada, baina nekazari profesionalentzako eskatzen dena baino neurri txikiagoko nekazaritzako ustiategietan beren gain jartzeko konpromisoa hartzen badute.
Nafarroan esku-hartze horri aplikatu beharreko oinarrizko elementuak eta laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak jasota daude 2023-2027 NPEPEan, INSTAL (75) delakoaren fitxan (Nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzea, eta landa enpresa berriak abian jartzea). Esku-hartze hau aldatu egin da hasiera bateko onespenaren ondotik, eta oinarriok egiteko egunean Europako Batzordeak onetsi gabe dago oraindik.
NPEPEaren Jarraipen Batzordeak 2024ko azaroaren 12an onetsi zituen eragiketak hautatzeko irizpideak.
Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, eta sektorean diharduten emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko urriaren 9ko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Landa Garapeneko zuzendari nagusiari 440.000 euroko gasturako konpromisoa har dezan laguntza hauen 2025eko ekitaldiko deialdia finantzatzeko, 2025eko eta 2027ko ekitaldien kargura. Halaber, baimena eman zaio deialdi honetarako kreditu baimendua handitu ahal izateko, gehienez ere 400.000 euro ekitaldi bakoitzean, INSTAL (75) esku-hartzean sartzen diren deialdietako edozeinetan erabili gabe geratzen diren kredituen kargura –esku-hartze horren barruan daude nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko laguntza sistemak–.
Ebazpen hau maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean ematen da, foru dekretu horren bidez arautzen baita Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua. Aipatu xedapen horren bidez, ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari foru dekretu hori garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, bere eskumenen esparruan betiere, eta, bereziki, osorik edo partez Europako nekazaritzako funtsen bidez finantzatzen diren dirulaguntzen arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzeko laguntzen oinarri arautzaileak onestea.
Laguntzen oinarri arautzaileak ebazpen honen I. eranskinean daude jasota, "Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzeko laguntzen 2025eko ekitaldiko deialdiaren oinarri arautzaileak, NPBPEaren (2023-2027) esparruan" izenburupean.
Onuradun bakoitzari dagokion prima zehazteko modua ebazpen honen II. eranskinean ("Primak kalkulatzea") jasota dago.
Laguntzaren eskabideak hautatzeko irizpideak ebazpen honen III. eranskinean daude bilduta, "Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzeko laguntzak hautatzeko irizpideak, NPBPEaren (2023-2027) esparruan" izenekoan.
Laguntza eta ordainketa eskaerekin batera erantsi beharreko dokumentazioa IV. eranskinean jaso da: "Laguntza eta ordainketa eskaerekin batera aurkeztu beharreko agirien zerrenda" izenburupean.
2. Deialdia onestea.
2025eko ekitaldirako laguntzen deialdia onesten da, oinarri arautzaileen arabera.
3. Aurrekontuko kredituak.
Deialdi honek sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko, 220.000 euroko gastua baimendu da 2025eko ekitaldian, eta 220.000 eurokoa, 2027ko ekitaldian, 2024ko Aurrekontu Orokorretako 720004-72200-7700-412112 partidaren baliokidearen kargura ("Nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko laguntzak. 2023-2027 NPEPE LGENF"), behar adinako kreditu egokia baldin bada.
Aurreikusitako gastuaren %25 LGENFek finantzatzen du.
Kreditu hori handitzen ahalko da, gehienez ere 400.000 euroan ekitaldi bakoitzean, INSTAL (75) esku-hartzean sartzen diren deialdietako edozeinetan erabili gabe geratzen diren kredituen kargura –esku-hartze horren barruan daude nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko laguntza sistemak–.
Baimendu gabeko kredituak erabiliko dira ordena honi jarraikiz: 6961.1.1 esku-hartzea ("Nekazari profesional gazteak ezartzea"), 6961.1.2 esku-hartzea ("Nekazari profesional gazteak lanaldi partzialean ezartzea") eta 6961.2 esku-hartzea ("Nekazari berriak ezartzea").
4. Laguntza eskaerak, emakida aldaketak eta ordainketa eskaerak aurkezteko epea eta enpresa plana amaitzeko epea.
–Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
–Eskaerak aurkezteko epea bukatuko da aurreko paragrafoan zehaztutako hasiera datatik 40 egun natural igarotzen direnean.
–Onetsitako inbertsio planean aldaketak egiteko eskaerak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 1ean amaituko da.
–Enpresa plana burutzeko epemuga 2027ko azaroaren 1a izanen da.
–Bigarren ordainketaren eskaerak aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2027ko azaroaren 1ean bukatuko.
5. Laguntza emateko baldintza.
Laguntza emanen da baldin eta Europako Batzordeak NPEPEaren aldaketak onesten baditu.
6. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.
7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 31n.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–NEKAZARI GAZTEAK LANALDI PARTZIALEAN EZARTZEKO LAGUNTZEN 2025EKO EKITALDIKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, NPBPEAREN (2023-2027) ESPARRUAN
1. oinarria. Xedea.
Oinarri hauek helburu dute nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzeko laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 75. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez arauak ezarri ziren Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak) egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruz (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena), bai eta 6961.1 esku hartzea ("Nekazari gazteak ezartzea", NPBPEaren 2. aukera) Nafarroan aplikatzeari buruz ere.
2. oinarria. Neurriaren helburua.
Esku-hartze hori abian jarrita, honako helburu hauek lortu nahi dira:
a) Nekazari gazteak eta beste nekazari berri batzuk erakartzea eta haiei laguntzea, eta enpresa garapen jasangarriari bide ematea landa eremuetan.
b) Honako hauek sustatzea: enplegua, hazkundea, genero berdintasuna –emakumeek nekazaritzan parte hartzea barne– landa eremuetako gizarte inklusioa eta landa garapena, bioekonomia zirkularra eta basogintza jasangarria besteak beste.
3. oinarria. Onuradunak.
Laguntzen onuradunak izanen dira behar bezalako enpresa plan baten bidez, bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular edo titularkide gisa, lanean jartzen diren pertsona fisikoak. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezartzen diren konpromisoei eutsi beharko diete.
4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.
1. Laguntza hauek eskuratzen ahal dituzte nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako ustiategi batean lehenbizikoz beren gain hasten diren pertsona fisikoek, laguntza eskatzen den egunean onartuak izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Gutxienez 18 urte izatea, eta 41 baino gutxiago.
b) 0,2 NLU baino gehiagoko nekazaritzako banakako ustiategi baten titular izan gabekoa izatea, edo, ustiategi elkartu baten kide edo sozietateko titularkide direnen kasuan, partaidetza zifra horretara ez iristea.
c) Bere gain lehenbizikoz hasteko laguntzarik jaso ez izana.
d) "Enpresa plan bat" aurkeztea, oinarri arautzaile hauetan xedatutakoaren araberakoa.
e) Bere gain hasteko prozesua 5. oinarriaren ezarritakoaren arabera abiatu izana.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea, horrek galaraziko bailioke onuradun izatea; bereziki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
g) Eskatzaileak Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuko subjektuak direnean, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan ezarritakoa betetzea.
2. Nekazari gaztea ustiategiaren titularkidea bada, ustiategiaren titular bakarrak izanik hasten diren nekazari gazteei eskatzen zaizkien baldintza berberak eskatuko zaizkio.
3. Kasu guztietan, nekazari gazteak nekazaritzako ustiategiaren benetako kontrola hartu beharko du bere gain, epe luzerako, kudeaketari lotutako erabakiei, onurei eta finantza arloko arriskuei dagokienez, eta, horrenbestez, hura izanen da finantza eragiketak eta egunerokoan egin ohi diren ekoizpen eragiketak kudeatzeko arduraduna.
5. oinarria. Enpresa plana.
1. Laguntzaren eskabidearekin batera, enpresa plan bat aurkeztuko da, gaztea nekazaritzako ustiategi baten titular edo titularkide gisa hasteko prozesuaren oinarri izanen dena.
2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:
a) Ustiategiaren egoera nekazaria bere gain hasteko prozesuaren aurretik; abiapuntuko egoera, onuradunaren datuak, ustiategian sartzeko modua eta abar azaldu beharko dira.
b) Nekazaritzako ustiategian bere gain hasteko prozesua garatzeko faseak eta funtsezko helburuak.
c) Ustiategiaren amaierako egoera. Enpresa plana garatu bitartean aldaketarik izaten bada ustiategiaren baldintzetan, hasieran aurreikusitakoekin alderatuta, amaierako egoeran, nolanahi ere, konpromiso eta betebeharrei eutsi beharko diete.
d) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, esaterako, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.
e) Beste arlo hauetan zer ekintzari heldu nahi zaion: prestakuntza, aholkularitza, kalitateko ekoizpena, ingurumen arloko nekazaritza neurrietan parte hartzea, balorazio irizpideei loturiko jarduketak, eta egoki jotzen diren beste arlo batzuetako ekintzak.
f) Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa: ustiategiak bideragarritzat joko dira baldin eta, ekoizpen elementuen eta ustiategiaren jardueraren arabera, erreferentziako errentaren %35 baino handiagoa den errenta lortzen bada unitate bakoitzeko.
g) Lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak.
3. Ezarpenaren hasiera: ezarpen prozesua abiatutzat joko da, besteak beste, honako inguruabarretako bat agiri bidez frogatzen denean:
–Lanbide trebakuntza: titulazio akademikoak edo prestakuntza ikastaroa, edo ikastaroan inskribatzeko eskaera.
–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea langile autonomo gisa, titular edo titularkide modura.
–Eskaera bakarra (NPE) aurkeztu izana.
–0,2 NLU baino gutxiago diren ekoizpen efektiboen inskripzioa edo inskripzio eskaera Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan edo Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan, onuraduna titular bakar gisa hasten bada bere gain.
–Titulartasun partekatuko erakunde batean titularkide gisa sartzeko eskabidea, NNUEn eraginkorra izan beharko duena eskaeraren ondoren.
–Titulartasun partekatuko erakunde baten titularkidea izatea, partaidetza ehunekoagatik 0,2 NLU baino gutxiago dagozkionean.
–Errentamendu kontratuak, inbertsio aurrekontuak, makinen Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialeko inskripzioa, etab.
4. Ezarpenaren amaiera: ezartzeko prozesua amaitutzat joko da onuradunen konpromiso eta betebehar guztiak 14. oinarriaren arabera frogatzen direnean.
5. Honako egoera hauek joko dira lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokitzat:
–Nekazaritza arloko erdi edo goi mailako prestakuntza arautua eta agronomiako edo albaitaritzako unibertsitateko prestakuntza.
–Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren araberako profesionaltasunaren ziurtagiria, nekazaritza arlokoa, edo lehen sektoreko gaitasun profesionalen egiaztagiria, administrazio publiko batek emanak.
–"Nekazaritzako ustiategietan hasteko" berariazko ikastaroa, 150 ordukoa, nekazaritzako arloan prestakuntza eta aholkularitza emateko aitorturik dauden entitateek emana.
–Nekazaritza arloko prestakuntzako ikastaroak, denen batura 200 ordura iristen bada.
Laguntza eskaera egiten den unean ez badauka trebakuntza hori, enpresa plana burutzean justifikatu beharko du.
6. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.
1. Nekazari gazteak lanaldi partzialean beren gain hasteko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.
2. Zenbatekoak kalkulatuko dira II. eranskinean zehaztutako zenbateko eta parametroen arabera. Oinarrizko prima 20.000 eurokoa izanen da, eta hari gehituko zaizkio ustiategiaren eta/edo enpresa planaren baldintzen araberako gehikuntzak; gehienez 50.000 euro.
3. Laguntzak zenbateko bereko bi ordainketatan ordainduko dira. Lehenbizikoa ordainduko da laguntzak emateko kontuan hartu den enpresa plana abiatu dela egiaztatu ostean, eta bigarrena, enpresa plana burututakoan, baldin eta plana zuzen gauzatu bada.
4. Deialdi honetako laguntzak baterako finantzaketa duten laguntzak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 75. artikuluan eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuan ezarritakoaren arabera. Nafarroako Gobernuak sistemaren finantzaketan parte hartuko du laguntzaren kostu osoaren %75 jarriz, eta gainerako %25a Europar Batasunaren NBEUF funtsekin kofinantzatuko da.
7. oinarria. Laguntzaren eskaera, lehen ordainketaren eskaera, dokumentazio osagarria eta instrukzio organoarekiko harremana.
1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak, lehen ordainketaren eskaerarekin batera. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).
2. Programa hori erabiltzeko beharrezkoa izanen da onuradunaren benetako nortasuna egiaztatzea, haren sinadura elektronikoaren bidez edo onuradunaren ordezkari gisa arituko den entitate laguntzailearenaren bidez, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduarekin, haren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.
3. Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaerarekin batera aurkeztu beharko da IV. eranskinean aipatzen den dokumentazioa.
4. Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari loturiko beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikulua aplikatuz, laguntzen onuradunek bitarteko elektronikoak baino ez dituzte erabiliko instrukzio organoarekiko harremanetan.
8. oinarria. Instrukzio organoa.
Laguntza hauek emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.
9. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Eskaerak jasotakoan, osorik dauden egiaztatuko da, hots, oinarri arautzaile hauetan ezarritako informazio edo dokumentazio guztia duten. Instrukzio prozedurak iraun bitartean, instrukzio organoak zilegi izanen du eskatzaileari egoki jotzen dituen argibideak eskatzea eskaeran jasotako informazioari eta aurkeztutako dokumentazioari buruz.
Bidezko jotzen bada, intzidentziak gehienez 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.
2. Eskaera osorik dagoenean, eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta kontrol administratiboak eta tokian tokikoak eginen dira, kontuan harturik abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, zeinak Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta beste laguntza batzuen kudeaketa- eta kontrol-sistema arautzen baitu.
3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.
5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.
10. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.
1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.
2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera ezartzeko, III. eranskineko balorazio irizpideen arabera emandako puntuak batuko dira. Gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira.
3. Onuradunak eskaeran adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, plan horrekin bat etorri beharko baitu.
4. Onuradunak kontuan hartzeko eskatu dituen balorazio irizpideengatik bakarrik emanen dira puntuak. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.
11. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.
1. Eskaeren lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazio irizpideak aplikatuz, eta laguntza emanen zaie aipatu irizpideak aplikatzearen ondorioz baloraziorik handienak lortu dituzten eskaerei, deialdirako finkatu den kreditu erabilgarriaren barruan.
2. Espedienteen arteko puntuazioan berdinketarik badago, puntuaziorik handiena duten eskatzaileak lehenetsiko dira belaunaldien arteko erreleboaren irizpidean; berdinketak segitzen badu, genero irizpidea hartuko da kontua, eta oraindik hautsi ezean, onuradun adingabeek izanen dute lehentasuna.
3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko, nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.
4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada eskaera onargarri guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.
12. oinarria. Ebazpena.
1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.
2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti, bai ebazpenean bertan, bai onuradunentzako eskuragarri dagoen espediente elektronikoan.
3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak eta zein onartuak izateko irizpideak betetzen ez dituztenak.
Ondorio horietarako, eskaerak ezetsiko dira baldin eta ez bada egiaztatzen enpresa plana abiatu dela, edo, kontrolak egin ostean, unitate kudeatzaileak ez badu egiaztapen hori baliozkotzat jotzen.
4. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik sei hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko eta onuradunak bete behar dituen betebeharrak eta konpromisoak zein diren jakiteko nahikoa den informazioa edukiko du.
5. Horrez gain, laguntza emateko jakinarazpenean, onuradunei adieraziko zaie esku-hartzeak NPEPEaren babesean jasotzen duela dirulaguntza.
6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.
13. oinarria. Enpresa planaren aurrerapenen ebaluazioa eta aldaketak.
1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa plana nola garatu den eta haren mugarri nagusiak gauzatu diren egiaztatuko da, agiri bidez. Kontrolak honako une hauetan eginen dira:
a) Planaren hasieran: hasierako kontrolaren helburua izanen da bere gain hasteko prozesua abiatu dela justifikatzen du(t)en jarduketa(k) egin d(ir)ela egiaztatzea.
b) Plana burututakoan, honako hauek egiaztatzeko azken kontrola izanen baita:
–Nola hasi den lanean ustiategian.
–Ustiategiaren input eta output direlakoak.
–Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak, etab.).
–Ustiategiaren elementuak.
2. Plana gauzatzen den bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beste kontrol batzuk egitea, egiaztatzeko bere gain hasteko prozesuan aurrera egiten dela, honako hauei dagokienez: planaren ezagutza, ustiategiaren kudeaketa, ekoizpen elementuak, inbertsioak, aholkularitza eta abar.
3. Onuraduna beharturik dago ebaluazio horren unitate arduradunari laguntzeko, eta, hortaz, eskatzen zaion informazioa eta dokumentazioa eman beharko dio, ezarritako epeetan, eta egiten diren kontrol eta jarraipen jarduketetara bertaratuko da.
4. Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:
a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketa nabarmenen bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, deialdian hartarako ezarritako eguna baino lehen.
b) Aldaketa nabarmentzat hartuko dira balorazio irizpideetan eta planaren ezaugarrietan eragina dutenak, baldin eta hasieran emandako laguntzaren prima gutxitzea badakarte.
c) Proposatzen den aldaketa egiteko arrazoiak eman behar dira, enpresa plan berriaren bideragarritasuna bermatu behar da eta proposatzen denari baremazio irizpideak aplikatuta lortzen den puntuazioa laguntzaren onuraduna izateko adinakoa izan behar da.
5. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.
6. Instrukzio organoaren balorazioaren mende egonen da eskatutako aldaketak onestea. Enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.
14. oinarria. Onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.
1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:
a) Enpresa plana amaitzea.
b) Enpresa planaren amaiera egunean hauek betetzea:
–Behar den trebakuntza eta gaitasun profesionalak eskuratzea, baldin eta onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.
–Ustiategia benetan kontrolatzea, ustiategiko buruaren definizioarekin bat. Definizio hori jasota dago abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan, non ezartzen baita, batetik, nola aplikatu behar diren 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta nola ezarri behar diren baldintza komunak, eta, bestetik, nola arautu behar den kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra.
–"Nekazari aktiboa" izatea, bat etorriz honako honetan ezarritako definizioarekin: abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan, non ezartzen baita, batetik, nola aplikatu behar diren 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta nola ezarri behar diren baldintza komunak, eta, bestetik, nola arautu behar den kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra (II. tituluaren I. kapituluan dago jasota definizioa).
–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, norberaren konturako langileen araubidean, gauzatzen duen nekazaritzako jardueragatik, ustiategiaren titular edo titularkide gisa.
–Ustiategiak 0,4 NLU lortu izana, gutxienez, ustiategian hasi den nekazari gazte bakoitzeko. Titulartasun partekatuko ustiategien kasuan, beren gain hasi den gazte bakoitzeko 0,4 NLU lortu beharko dira, kapital sozialean duten partaidetzaren proportzioan.
–Ustiategia ekonomikoki bideragarria izatea, 5. oinarriko 2. zenbakiko f) letran ezarritakoaren arabera.
c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak gauzatu dituela, hala lanean hastearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.
d) Behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola tokian tokikoak, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela, baita izendatutako tutoreak ezartzen dituen egiaztapenak ere. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak eginez.
e) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita esku-hartze honen esparruan hartutako laguntzez ere. Onuradunak ustiategia benetan kontrolatzen duen egiaztatzeko eta baldintza artifizialik sortzen den kontrolatzeko, honako hauen dokumentuak eskatzen ahalko dira informazioa emateko: merkataritzako transakzioak, kutxa-fluxuak, enplegatutako pertsonak, bezero edo hornitzaileekiko ahaidetasuna, makinen lagapenak, finantzaketa eta abalak, eta abar.
f) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azkeneko ordainketan frogatu baino lehen.
g) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.
h) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren itzultzeak ekarriko ditu.
15. oinarria. Laguntzen ordainketa.
1. Laguntzak zenbateko bereko bi ordainketatan ordainduko dira, deialdian adierazitako ekitaldietan.
2. Laguntzak ordaintzeko baldintza izanen da enpresa planean ezarritako mugarriak betetzea eta egiaztatzea:
–Lehen ordainketa: laguntza eskaerari lotutako enpresa plana hastean.
–Bigarren ordainketa: enpresa plana burututakoan.
Bigarren ordainketari dagokion zenbatekoa jasotzeko beharrezkoa izanen da onuradunak ordainketa eskaera aurkeztea deialdian ezarritako epea baino lehen, horretarako berariaz ezarritako atzemate programaren bidez. Programa Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan dago erabilgarri (www.nafarroa.eus).
3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela, eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.
4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, eta enpresa planaren ebaluaziora, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
16. oinarria. Murriztapenak eta salbuespenak azken ordainketan.
1. Azken ordainketa egin aurretik, laguntza jasotzeko eskubidea deuseztatu eta galdu eginen da, laguntza murriztu eginen da edo jasotako ordainketak itzuli eginen dira, baldin eta egiaztatzen bada enpresa plana ez dela bete, egikaritzen ari denean zein aplikatzeko egutegian, eta betebeharrak eta konpromisoak ez direla bete, irizpide hauen arabera:
a) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, ez da eginen azken ordainketa eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, legezko interesak gehituta:
–Azken ordainketaren eskaera epe barruan aurkezten ez bada.
–14. oinarriko konpromisoak betetzen ez badira.
–Baremazio irizpideetan puntuazio txikiagoa egokitzeagatik onuradun izateari uzten bazaio.
b) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, ez da eginen azken ordainketa:
–Onuradunak parte hartzen ez badu, justifikatutako arrazoirik gabe, aurreikusitako kontroletan.
c) Laguntza murriztu eginen da eta/edo dagokion zatia (hau da, lehen ordainketan jasotakoa) itzuli eginen da, honako honi jarraikiz:
–Azkenean jasoko duen laguntzaren zenbatekoa doitzea, emandako oinarrizko laguntza handitzea ekarri zuten irizpideak egiazki egiaztatu ondoren.
–Laguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuaziorako aintzat hartu ziren baremazio irizpideak betetzen ez badira, lortutako gehikuntza %10 murriztuko da baremazio irizpide bakoitzeko, egiaztatuz gero puntuazio txikiagoa dagokiola, eta murrizketak ez badu eragin onuradun gisa baztertuta geratzea.
2. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.
3. Egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntzak bertan behera utziko dira, eta laguntzetatik jasotako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna esku-hartze horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo gezurrezko adierazpena aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.
4. Egiaztatzen bada onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jasotzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 62. artikuluan ezarritakoaren eta abenduaren 27ko 1407/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluan jasotakoaren arabera, laguntzetatik bazterturik geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzetatik jasotako zenbateko guztiak berreskuratuko dira.
17. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak eta murriztapenak.
1. Honako hauek gerora bete beharreko konpromisotzat hartuko dira eta 3 urtez mantendu beharko dira, azken ordainketa ebazten den egunetik aurrera:
–Guztizko errentaren %25 gutxienez lortzea eta/edo mantentzea nekazaritzako errenta gisa.
–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan kotizatzea.
–0,4 NLU egokitzea, 14. oinarriko 1.b) atalean ezarritakoaren arabera.
–Baremazio irizpideetan puntuazioari eustea, onuradunaren izaerari eusteko moduan.
–Puntuazioari eustea prima gehikuntza jasotzea ekarri duten baremazio puntuazioetan.
2. Aurreko paragrafoan azaldutako lehen lau konpromiso horiek betetzen ez badira, jasotako ordainketa guztiak itzuli beharko dira, legez ezarritako interesekin.
Laguntza handitzea ekarri duten baremazio irizpideei eusteko konpromisoa betetzen ez bada, gehikuntza itzuli beharko da, eta lortutako gehikuntzaren %10eko zigorra aplikatuko da, baremazio irizpide bakoitzeko, legez ezarritako interesak gehituta.
3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez dira betegabetzat joko aurreko atalean aipatzen diren konpromisoak:
a) Onuraduna hiltzea.
b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.
c) Ustiategia edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi.
d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurretan edo instalazioetan kalte nabarmena eragin duena.
e) Ustiategiko eraikinen edo instalazioen suntsipena, istripuz.
f) Epizootia edo landareen gaitza, ustiategiko azienda edo labore guztiei edo zati bati kalte egin diena.
4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.
5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen aldaketak onuradunari egotzi ezin zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.
18. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko 2023-2027 NPEPEan.
19. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Laguntza hauen onuradunen datuak argitara emanen dira Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikuluari jarraikiz.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat (hots, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko erregelamendua, 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu zuena), datu pertsonalak tratatzen direnean, onuradunek beren eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat, baita eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriei buruzko informazioa ere.
20. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Arau-hauste administratiboak dira abenduaren 23ko 30/2022 Legean tipifikatutako ekintzak eta omisioak, eta zehagarriak izanen dira, baita zabarkeria hutsez eginak badira ere, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo Europako araudiak ezarritako beste kasu batzuetan.
2. Arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira ekintzaz edo omisioz arau-hauste gisa tipifikatutako inguruabarretan dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak eta nortasunik gabeko entitateak.
3. Abenduaren 23ko 30/2022 Legean ezarritakoaren arabera tipifikatu eta mailakatuko dira arau-hausteak.
II. ERANSKINA.–PRIMEN KALKULUA
PRIMAK | (2) | GEHIKUNTZAK | ||||
Goi-mendia | Mendialdea | Muga naturalak dituen eremua | Bestelako | |||
(1) | Oinarria | 20000,00 | ||||
(3) | Abeltzaintza estentsiboa | 10000,00 | 10000,00 | 5000,00 | 0,00 | |
(4) | Bestelako ekoizpenak | 5000,00 | 0,00 | 0,00 | 0,00 | |
(5) | JD/AGB | 5000,00 | 5000,00 | 5000,00 | 5000,00 | |
(6) | Nek. Ek. | 5000,00 | 5000,00 | 5000,00 | 5000,00 | |
(7) | Erreleboa | 10000,00 | 10000,00 | 10000,00 | 10000,00 | |
(1) Laguntza oinarriaren zenbatekoa.
(2) Muga naturalak dituzten eremuak: katalogazioa hautatzeko irizpideari jarraikiz (8).
(3) Abeltzaintza estentsiboa: hautatzeko irizpidea betetzea (13).
(4) Bestelako ekoizpenak: abeltzaintza estentsibotzat hartzen ez diren nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpenak, hautatzeko irizpideari jarraikiz (13).
(5) Europar Batasunean aintzat hartutako kalitate erregimenak: hautatzeko irizpidea betetzea (11).
(6) Ekoizpen ekologikoa: hautatzeko irizpidea betetzea (12).
(7) Erreleboa: hautatzeko irizpidea betetzea (5).
III. ERANSKINA.–NEKAZARI GAZTEAK LANALDI PARTZIALEAN EZARTZEKO LAGUNTZAK HAUTATZEKO IRIZPIDEAK (2. AUKERA), NPBPEAREN (2023-2027) ESPARRUAN
IRIZPIDEA | DEFINIZIOA/EGIAZTAPENA | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | PUNTUAZIO | NOIZ BETE |
Titularraren ezaugarriak | 40 | |||
Bizitokia | Despopulazio arriskua duen udalerri batean erroldaturik (1) | 8 | Eskaeran eta azken ordainketan | |
Arriskua | 8 | |||
Gainbeheran | 6 | |||
Kaltebera edo trakzio-izaerako udalerria | 4 | |||
Aholkularitza | Aholkularitza zerbitzuetan parte hartzea (2) | 15 | 15 | Azken ordainketan |
Generoa | Emakumea | 15 | 15 | |
Desgaitasuna | Desgaitasun aitortua duten pertsonak (3) | 2 | 2 | Eskaeran |
Ustiategiaren ezaugarriak | 32 | |||
Asoziazionismoa | Zein sozietate motatan hasiko den lanean | 4 | Azken ordainketan | |
Titulartasun partekatua | 4 | |||
Belaunaldi aldaketa | Ustiategian oinordetza beste titular bati (4) | 20 | Azken ordainketan | |
Ahaidetasun harremanik gabe 60 urtetik gorako titularrarekin (5) | 20 | |||
Ahaidetasun harremanik gabe (6) | 18 | |||
Ahaidetasun harremana du 60 urtetik gorako titularrarekin (7) | 16 | |||
Ustiategiaren/instalazioaren kokapen geografikoa | Ustiategiaren udalerriaren kokapena (8) | 8 | Azken ordainketan | |
Goi-mendia | 8 | |||
Mendialdea | 6 | |||
Muga naturalak dituen eremuak | 4 | |||
Enpresa plana | 28 | |||
Bideragarritasuna | Ustiategiaren lan unitate bakoitzeko errentaren %, erreferentziako errentaren aldean | 8 | Eskaeran eta azken ordainketan | |
%52 eta %102 artean | 8 | |||
%52 baino txikiagoa, edo %102 baino handiagoa baina %120 gainditu gabe | 5 | |||
Ekoizpen eraginkortasuna eta merkataritzako marjina hobetzea | Ustiategiaren ekoizpen eraginkortasuna edo merkataritzako marjina hobetzeko jarduerak | 10 | Azken ordainketan | |
Eraldaketa edo kanal laburren bidezko merkaturatzea (9) | 10 | |||
Ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak (10) | 10 | |||
Nekazaritzako elikagaien eta/edo nekazaritza ekologikoaren kalitateko erregimenetan parte hartzea (11) | 8 | |||
Ingurumen arloko konpromisoak | Ingurumen arloko jardunbideak dituen ustiategia | 8 | Azken ordainketan | |
Nekazaritza ekologikoa (12) | 8 | |||
P1 eta P2 eko-araubideak, larratze estentsibokoa, eta sega-lan jasangarrikoa (13) | 6 | |||
P3tik P7ra arteko eko-araubideak, nekazaritza ekologikokoa edo nekazaritza eta ingurumen arlokoa (2. Oinarria, NPEPE) (13) | 4 | |||
Landa eremuko beste jarduera batzuk | Beste jarduera profesional batzuk egiten ditu despopulazio arriskua duten eremuetan (14) | 2 | 2 | Azken ordainketan |
(1) Despopulazio arriskuan dauden eremuen eta udalerrien zerrendarekin bat datorren herri batean erroldatuta egotearen ziurtagiria; jasota egon beharko da gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategian.
(2) Ezartze bidean dauden gazteei aholkularitza espezifikoa emateari buruzko puntuak soilik aplikatzen ahalko dira baldin eta zerbitzua ematen duen entitatea inskribatuta badago Nafarroako Aholkularitza Entitateen Erregistroan, bat etorriz ezarrita dagoenarekin honako foru agindu honetan: 232E/2024 Foru Agindua, uztailaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita nekazaritzako aholkularitza erakundeak aitortzea eta erregistratzea, Nafarroako 2023-2027 NPEPEan ezarritako nekazaritzako aholkularitza sistemaren esparruan.
Aholkularitzagatiko puntuak aplikatzea eskatzen bada, horrek esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola organo kudeatzaileari zerbitzua eman duen entitateari eskatu ahal izateko onuradunari emandako aholkularitza zerbitzuari buruz duen informazioa.
(3) Abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren arabera aitortutako desgaitasuna dauka.
(4) Ustiategian oinordetza dagoela iritziko da, baldin eta laguntzaren onuraduna beste pertsona baten, fisikoaren edo juridikoaren, ustiategiaren titularra izatera igarotzen bada, instalazioaren aldia amaitzen denean. Oinordetza gertatzen den ustiategiak erreferentziako errentaren %35etik gora eduki beharko du, eta 0,4 NLUko gutxieneko neurria, bertan ezarritako pertsona bakoitzeko, laguntza eskaera aurkezteko datan.
(5) Ahaide gisa joko dira lehen eta bigarren graduko odol edo ezkontza ahaidetasuna dutenak. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori. Ahaidetasun harremanik gabe, irizpidea betetzen EZ duten pertsona fisikoak edo juridikoak.
Ustiategiaren titularra izateari uzten dion pertsonak 60 urte baino gehiago izan beharko ditu edo lanerako ezintasun iraunkorra eskuratzeko egoeran egon, laguntza eskaera aurkezteko unean. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori.
(6) Ahaide gisa joko dira lehen eta bigarren graduko odol edo ezkontza ahaidetasuna dutenak. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori. Ahaidetasun harremanik gabe, irizpidea betetzen EZ duten pertsona fisikoak edo juridikoak.
Ustiategiaren titularra izateari uzten dion pertsonak 56 eta 60 urte bitartean eduki beharko ditu. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek 56 urtetik gora eduki behar dituzte.
(7) Ahaide gisa joko dira lehen eta bigarren graduko odol edo ezkontza ahaidetasuna dutenak. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori.
(8) Muga naturalak dituzten eremuetan kokatutako ustiategien kasuan (goi-mendia, mendialdea eta muga naturalak dituzten eremuak), hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da ustiategia zer udalerritan ageri den Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (NNUE), udalerri horren INE kodea, Nafarroako NPEPEaren muga naturalak dituzten eremuetan esku hartzeko zerrendaren arabera, eta enpresa plana amaitzen den unean.
(9) Ustiategiak eraldaketagatiko NLU gehigarri bat izanen du ustiategiaren NNUE fitxan, eta/edo zuzeneko salmentaren eta kanal laburren erregistroan inskribatuta egonen da, 5/2023 Foru Legeari jarraikiz, enpresa plana bukatzean.
(10) Nekazaritza ustiategietan (ingurumen helburua izan edo ez) egindako eta enpresa plana amaitzean amaitutako inbertsioetarako laguntzen eskaera onargarria eduki beharko du onuradunak.
(11) Ustiategiak, guztira, 0,2 NLU edo gehiago eduki beharko ditu enpresa plana amaitzean, jatorri deiturei eta adierazpen geografikoei atxikita. Baldin eta onuraduna entitate elkartu batean sartzen bada, parametroa partaidetzaren %-aren arabera egiaztatuko da.
(12) Ustiategiak ekologikoki ekoizteko eta/edo ekologiko bihurtzeko 0,2 NLU baino gehiago izan beharko ditu enpresa planaren amaieran. Entitate elkartu batean sartuz gero, entitate horretan duen partaidetzaren portzentajea hartuko da kontuan.
(13) Enpresa plana amaitzen denerako laguntza bat izatea eko-erregimenetan jarduteagatik edo nekazaritzako eta ingurumeneko arloei lotuta, bat etorriz 2021/2115 Erregelamenduaren 70. artikuluan ezarrita dagoenarekin.
(14) Autonomo edo soldatako langile gisa, nekazaritzakoa ez den beste jarduera mota bat egitea despopulazio arriskua duen udalerri batean, 1. puntuan jasotakoaren arabera. Egiaztapena lehen kasuan eginen da EJZ kodearen bidez eta bigarrenean EJSN kodearen bidez.
IV. ERANSKINA.–LAGUNTZA ETA ORDAINKETA ESKAEREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO AGIRIEN ZERRENDA
1. Laguntzaren eskabidearekin batera:
a) IFZa.
b) Enpresa planaren hasieraren justifikazioa.
c) Lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak justifikatzeko:
- i) Nekazaritza arloko ikasketa titulu bat, erdi mailako zikloaren baliokidea edo goragoko mailakoa, eta/edo eskatu izanaren gordekina.
- ii) Profesionaltasun ziurtagiria edo gaitasunen egiaztagiria.
- iii) Egiaztagiriak, frogatzen dutenak nekazaritza arloko ikastaroak egin direla ustiategia gobernatzeaz eta/edo kudeatzeaz.
- iv) Nekazaritzako enpresan lanean jartzeko ikastaroa egin izanaren egiaztagiria.
d) Erroldatze-ziurtagiria.
e) Desgaitasuna izanez gero, hori frogatzeko agiria.
f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.
–Onuraduna lanean hasten bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Zein entitatetan lanean hasten den, haren IFZa.
–Belaunaldiarteko erreleboaren kasuan:
- i) Lagatzailearen IFZa.
- ii) Hala dagokionean, ahaidetasuna dagoen edo ez egiaztatzen duen agiria (familia liburua).
2. Ordainketaren eskaerarekin batera:
a) Onuradunak laguntza entitate hartzekodun bati lagatzea erabakitzen badu, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharko du hori justifikatzen duen dokumentua.
b) Erroldatze-ziurtagiria.
c) Lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak egiaztatzen dituen agiria (eskaera egitean aurkeztu ez bazen).
Iragarkiaren kodea: F2500049
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
