21. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

439E/2024 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen 2025eko deialdia onesten duena: "Nekazari profesional gazteak lehenengoz ezartzeko laguntza, NPEPEaren esparruan". DDBNeko identifikazioa: 806712.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, bere 75. artikuluan, nekazari gazteak, nekazari berriak eta landa enpresa berriak ezartzeko laguntzak jasotzen ditu. Erregelamendu horren bidez, Europar Batasuneko estatuek, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak), egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dira –aipatu laguntza Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen da–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira.

Laguntza horien helburuak hauek dira: nekazari gazteak eta beste nekazari berri batzuk erakartzea eta horiei laguntzea, landa eremuetan enpresa garapen jasangarria erraztea, eta landa eremuetan enplegua, hazkundea, genero berdintasuna, gizarte inklusioa eta tokiko garapena sustatzea.

NPEPEaren (2023-2027) neurrien artean, INSTAL (75) izenekoa dago, nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko eta landa enpresa berriak abian jartzekoa, hain zuzen ere. Esku-hartze horren barruan, nekazariak ezartzeko bi tipologia bereizten dira, adinaren arabera: batetik, nekazari gazteak ezartzeko, 41 urte artekoentzat; eta, bestetik, nekazari berriak ezartzeko, 56 urte artekoentzat.

Gainera, gazteak ezartzearen kasuan, bi tipologia bereizten dira, hartutako konpromisoen arabera: proiektatutako ustiategiaren tamainari dagokionez hartutako konpromisoaren arabera, eta ezarriko diren pertsonek nekazaritzako jardueran izanen duten dedikazioaren konpromisoaren arabera.

Horrela, gazteak ezartzeko, 6961.1.1 esku-hartzea ("Nekazari gazte profesionalak ezartzea") eta 6961.1.2 esku-hartzea ("Nekazari gazteak lanaldi partzialean ezartzea") aurreikusten dira.

Gazte profesionalak ezartzeko 6961.1.1 esku-hartzearen helburua hauxe da: nekazari gazteak ezar daitezela gutxienez nekazaritzako lan unitate bateko tamaina duten ustiategietan, non profesionalizazio maila handia izanen baita eta titularren dedikazioa ia erabatekoa, eta non ustiategiaren dimentsio ekonomikoak bide eman beharko baitie nekazaritzako jardueratik eskuratzeko haien diru-sarreren gehiena.

Nafarroan esku-hartze horri aplikatu beharreko oinarrizko elementuak eta laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak jasota daude 2023-2027 NPEPEan, INSTAL (75) delakoaren fitxan (Nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzea, eta landa enpresa berriak abian jartzea). Esku-hartze hau aldatu egin da hasiera bateko onespenaren ondotik, eta oinarriok egiteko egunean Europako Batzordeak onetsi gabe dago oraindik.

NPEPEaren Jarraipen Batzordeak 2024ko azaroaren 12an onetsi zituen eragiketak hautatzeko irizpideak.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak eta sektorean dauden emakumeen tasa txikia, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat (3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa).

Nafarroako Gobernuaren 2024ko urriaren 9ko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Landa Garapeneko zuzendari nagusiari 3.800.000 euroko gasturako konpromisoa har dezan laguntza hauen 2025eko ekitaldiko deialdia finantzatzeko, 2025eko eta 2027ko ekitaldien kargura. Halaber, baimena eman zaio deialdi honetarako kreditu baimendua handitu ahal izateko, gehienez ere 400.000 euroan, INSTAL (75) esku-hartzean sartzen diren deialdietako edozeinetan erabili gabe gelditzen diren kredituen kargura –esku-hartze horren barruan daude nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko laguntza sistemak–.

Ebazpen hau ematen da maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez arautzen da nekazaritza politika erkidearen plan estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Hala, adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, 32. artikuluan ematen dizkidan eskudantziak eta azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidanak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazari profesional gazteak ezartzeko laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira: "Nekazari profesional gazteak ezartzeko laguntzak, 2023-2027 NPEPEaren esparruan. 2025eko ekitaldirako deialdiaren oinarri arautzaileak".

Onuradun bakoitzari dagokion prima zehazteko modua ebazpen honen II. eranskinean ("Primak kalkulatzea") jasota dago .

Laguntza eskaerak hautatzeko irizpideak III. eranskinean jaso dira: "Nekazari profesional gazteak ezartzeko laguntzak, 2023-2027 NPEPEaren esparruan. Hautaketa irizpideak".

Laguntzaren eta ordainketaren eskabideari erantsitako dokumentazioa IV. eranskinean dago, "Laguntzaren eta ordainketaren eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agirien zerrenda" deiturikoan.

2. Deialdia onestea.

2025eko ekitaldirako laguntzen deialdia onesten da, oinarri arautzaileen arabera.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko, 1.900.000 euroko gastua baimentzen da 2025eko ekitaldian eta 1.900.000 eurokoa 2027ko ekitaldian, 2024ko aurrekontu orokorretako 720004-72200-7700-412112 partidaren baliokidearen kargura ("Nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzeko laguntzak. 2023-2027 NPEPE LGENF") , baldin eta horretarako kreditu egokia eta nahikoa badago.

Aurreikusitako gastuaren %25 LGENFek finantzatzen du.

Kreditua INSTAL (75) esku-hartzean jasotako edozein deialditan erabili ez diren kredituen kontura handitzen ahalko da. Esku-hartze horrek nekazari gazteak eta nekazari berriak ezartzen laguntzeko sistemak jasotzen ditu; gehienez 400.000 euro dira ekitaldi bakoitzean.

Baimendu gabeko kredituak erabiliko dira ordena honi jarraikiz: 6961.1.1 esku-hartzea ("Nekazari profesional gazteak ezartzea"), 6961.1.2 esku-hartzea ("Nekazari profesional gazteak denbora partzialean ezartzea") eta 6961.2 esku-hartzea ("Nekazari berriak ezartzea").

4. Laguntza eskaerak, emakida aldaketak eta ordainketa eskaerak aurkezteko epea eta enpresa plana amaitzeko epea.

–Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

–Eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa izanen da, aurreko paragrafoaren araberako egunetik zenbatzen hasita.

–Onetsitako inbertsio planean aldaketak egiteko eskaerak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 1ean amaituko da.

–Enpresa plana amaitzeko epea 2027ko azaroaren 1a izanen da.

–Bigarren ordainketarako eskaerak aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 1ean hasiko da eta 2027ko azaroaren 1ean amaituko.

5. Laguntza emateko baldintza.

Laguntza emanen da baldin eta Europako Batzordeak NPEPEaren aldaketak onesten baditu.

6. Komunikatzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko abenduaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA.–"NEKAZARI PROFESIONAL GAZTEAK EZARTZEKO LAGUNTZAK", 2023-2027 NPEPEAREN ESPARRUAN. 2025EKO EKITALDIRAKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea, NPEPEaren 1. aukera Nafarroan aplikatzeko esparruaren barruan, nekazari profesional gazteak ezartzeko laguntzak eta "Nekazari gazteak ezartzea" 6961.1 esku-hartzerako laguntzak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarritakoarekin –erregelamendu horren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago–.

2. oinarria. Esku-hartzearen xedea.

Esku-hartze honekin honako helburu hauek lortu nahi dira:

a) Nekazari gazteak eta beste nekazari berri batzuk erakartzea eta horiei laguntzea, eta landa eremuetan enpresa garapen jasangarria erraztea.

b) Enplegua, hazkundea eta genero berdintasuna sustatzea, emakumeek nekazaritzan, gizarte inklusioan eta landa garapenean parte hartzea barne, besteak beste, bioekonomia zirkularrean eta basogintza jasangarrian.

3. oinarria. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izanen dira behar bezalako enpresa plan baten bidez bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, titularkide edo bazkide gisa lanean jartzen diren pertsona fisikoak. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako aldez aurreko baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diete.

4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntza hauek eskuratzen ahal dituzte nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako ustiategi batean lehenbizikoz beren gain hasten diren pertsona fisikoek, laguntza eskatzen den egunean onartuak izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez 18 urte izatea eta 41 urte bete ez izana.

b) 0,2 NLU baino gehiagoko nekazaritzako banakako ustiategi baten titular izan gabekoa izatea, edo, ustiategi elkartu baten kide edo sozietateko kotitular direnen kasuan, partaidetza zifra horretara ez iristea.

c) Beren gain lehen aldiz jartzeagatik laguntzarik jaso ez izana.

d) Enpresa plan bat aurkeztea, oinarri arautzaile hauetan xedatutakoaren araberakoa.

e) Beren gain jartzeko prozesua 5. oinarrian ezarritakoaren arabera hasi izana.

f) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin, bereziki zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Eskatzaileak Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuko subjektuak direnean, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

2. Nekazari gaztea entitate elkartu batean hasten bada bere gain, entitate elkartuaren izaera juridikoa edozein dela ere, ustiategi baten titular bakar gisa hasten den nekazari gazteari eskatuko zaizkion pareko baldintzak eskatuko zaizkio.

3. Kasu guztietan, nekazari gazteak nekazaritzako ustiategiaren benetako kontrola hartu beharko du bere gain, epe luzerako, kudeaketari lotutako erabakiei, onurei eta finantza arloko arriskuei dagokienez, eta, horrenbestez, hura izanen da finantza eragiketak eta egunerokoan egin ohi diren ekoizpen eragiketak kudeatzeko arduraduna.

Onuraduna ez bada ustiategiaren titular bakar gisa hasten, epe luzera entitate juridikoaren benetako kontrola bere gain hartzeko moduan hasi beharko da. Horretarako, bere gain hasi behar duen bazkideak edo bazkide taldeak, enpresa plana burututakoan, bazkide maioritarioaren kuotaren adinako parte-hartze ehunekoa izan beharko du kapital sozialean eta boto eskubideetan, bat etorriz abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, hartan ezartzen baita, batetik, nola aplikatu behar diren 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeak eta nola ezarri behar diren baldintza komunak, eta, bestetik, nola arautu behar den kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra.

5. oinarria. Enpresa plana.

1. Laguntza eskaerarekin batera enpresa plan bat aurkeztu beharko da; plan hori izanen da gaztea nekazaritzako ustiategiaren titular, kotitular edo bazkide gisa hasteko prozesuaren oinarria.

2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Ustiategiaren egoera bere gain jartzeko prozesuaren aurretik, hasierako egoera, onuradunaren datuak, ustiategira sartzeko modua eta abar barne.

b) Nekazaritzako ustiategian bere gain hasteko prozesuaren garapenerako faseak eta funtsezko helburuak.

c) Ustiategiaren azken egoera. Enpresa plana gauzatzean aldaketak gertatzen badira hasieran aurreikusitako ustiategiaren baldintzei dagokienez, konpromisoak eta betebeharrak errespetatu beharko dituzte azken egoeran.

d) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, konparazio batera, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak eta abar.

e) Honako arlo hauetan hartu beharreko beste jarduketa batzuen gaineko erreferentzia: prestakuntza, aholkularitza, kalitatezko produkzioak, ingurumen arloko nekazaritza neurrietan parte hartzea, balioespen irizpideekin loturiko jarduketak, eta egokitzat jotzen diren beste batzuk.

f) Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa: ustiategi bideragarritzat hartuko dira, ustiategiaren ekoizpen elementuen eta jardueraren arabera, erreferentziako errentaren %35etik gorako errenta unitarioa lortzen badute.

g) Trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak.

3. Ezarpenaren hasiera: ezarpen prozesua abiatutzat joko da, besteak beste, honako inguruabarretako bat agiri bidez frogatzen denean:

–Lanbide trebakuntza: titulazio akademikoak edo prestakuntza ikastaroa, edo ikastaroan inskribatzeko eskaera.

–Gizarte Segurantzan alta eman izana, norberaren konturako langileen araubidean, ustiategiaren titular, kotitular edo bazkide gisa.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (Nekazaritza Politika Erkidea).

–Onuraduna titular bakar gisa jartzen bada, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko (NNUE) edo Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroko (AUE) inskripzioa edo horietan inskribatzeko eskaera, 0,2 NLU baino gutxiago jotzen duten ekoizpen elementuen kasuan.

–Kotitular edo entitate elkartuko kide gisa lanean hasteko eskaera; Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eskaera datatik aurrerako ondorioak izan behar ditu.

–Entitate elkartu baten kotitular edo bazkide izatea, non, partaidetza ehunekoaren arabera, 0,2 NLU baino gutxiago baitagokio.

–Errentamendu kontratuak, aurrekontuak, inbertsioak, makineriaren inskripzioa Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean eta abar.

4. Ezarpenaren amaiera: ezartzeko prozesua amaitutzat joko da onuradunen konpromiso eta betebehar guztiak 14. oinarriaren arabera frogatzen direnean.

5. Honako egoera hauek joko dira lanbide trebakuntza eta gaitasun profesional egokitzat:

–Nekazaritzaren adarreko erdi edo goi mailako prestakuntza arautua eta nekazaritzaren edo albaitaritzaren adarreko unibertsitate prestakuntza.

–Nekazaritzaren adarreko profesionaltasun ziurtagiria, Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalaren araberakoa, edo lehen sektoreko gaitasun profesionalen egiaztagiria, administrazio publiko batek emana.

–"Nekazaritzako ustiategietan hasteko" berariazko ikastaroa, 200 ordukoa, nekazaritzako arloan prestakuntza eta aholkularitza emateko aitorturik dauden entitateek emana.

–Nekazaritzako prestakuntza ikastaroak, guztira 250 ordu.

Laguntza eskatzeko unean trebakuntza hori ez badu, enpresa plana amaitzean justifikatu beharko du.

6. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazari profesional gazteak beren gain jartzeko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Zenbatekoak kalkulatuko dira II. eranskinean zehaztutako zenbateko eta parametroetan oinarrituta. Oinarrizko prima 40.000 eurokoa izanen da, eta hari gehituko zaizkio ustiategiaren eta/edo enpresa planaren baldintzen araberako gehikuntzak; gehienez 100.000 euro.

3. Laguntzak bi ordainketa berdinetan ordainduko dira: lehena, enpresa plana hasi dela egiaztatu ondotik (plan hori laguntzak emateari lotuta dago); bigarrena, enpresa plana amaitu ondotik (plana behar bezala gauzatzearen mende dago).

4. Deialdi honetako laguntzak baterako finantzaketa duten laguntzak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 75. artikuluan eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuan ezarritakoaren arabera. Nafarroako Gobernuak sistemaren finantzaketan parte hartuko du laguntzaren kostu osoaren %75 jarriz, eta gainerako %25a Europar Batasunaren LGENF funtsekin kofinantzatuko da.

7. oinarria. Laguntzaren eskaera, lehen ordainketaren eskaera, dokumentazio osagarria eta instrukzio organoarekiko harremana.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak, lehen ordainketaren eskaerarekin batera. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko, beharrezkoa izanen da onuradunaren autentikotasuna egiaztatzea, haren sinadura elektronikoaren bidez edo onuradunaren ordezkari gisa ariko den entitate laguntzailearenaren bidez, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 21eko 46/2023 Foru Aginduarekin, zeinaren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.

3. Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidearekin batera IV. eranskinean jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari loturiko beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikulua aplikatuz, laguntzen onuradunek bitarteko elektronikoak baino ez dituzte erabiliko instrukzio organoarekiko harremanetan.

8. oinarria. Instrukzio organoa.

Laguntza hauek emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

9. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, osorik dauden egiaztatuko da, hots, oinarri arautzaile hauetan ezarritako informazio edo dokumentazio guztia duten. Instrukzio prozeduran zehar, instrukzio organoak eskaeran eta aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazioari buruz beharrezkotzat jotzen dituen azalpenak eskatzen ahal dizkio eskatzaileari.

Bidezko iritziz gero, 15 egun naturaleko epean gorabeherak zuzen ditzan eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dagoenean, eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta kontrol administratiboak eta tokian tokikoak eginen dira, kontuan harturik abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, zeinak Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta beste laguntza batzuen kudeaketa- eta kontrol-sistema arautzen baitu.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondotik, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

10. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun hurrenkera ezarriko da balorazio irizpideen arabera emandako puntuak batuta; III. eranskinean ezarri dira irizpideok, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira.

3. Onuradunak eskaeran adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, plan horrekin bat etorri beharko baitu.

4. Onuradunak kontuan hartzeko eskatu dituen balorazio irizpideengatik bakarrik emanen dira puntuak. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen duen egoera hartuko da aintzat, baldin eta eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.

11. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Eskaeren lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazio irizpideak aplikatuz, eta laguntza emanen zaie aipatu irizpideak aplikatzearen ondorioz baloraziorik handienak lortu dituzten eskaerei, deialdirako finkatu den kreditu erabilgarriaren barruan.

2. Espedienteen arteko puntuazioan berdinketarik badago, puntuaziorik handiena duten eskatzaileak lehenetsiko dira belaunaldien arteko erreleboaren irizpidean; berdinketak segitzen badu, genero irizpidea hartuko da kontua, eta oraindik hautsi ezean, onuradun adingabeek izanen dute lehentasuna.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko, nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada eskaera onargarri guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

12. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti, bai ebazpenean bertan, bai onuradunentzako eskuragarri dagoen espediente elektronikoan.

3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak eta zein onartuak izateko irizpideak betetzen ez dituztenak.

Alde horretatik, ezetsi eginen dira enpresa planaren hasiera egiaztatzen ez duten eskaerak, edo, kontrolak egin ondotik, unitate kudeatzaileak egiaztapen hori baliozkotzen ez badu.

4. Ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Horrez gain, laguntza emateko jakinarazpenean, onuradunei adieraziko zaie esku-hartzeak NPEPEaren babesean jasotzen duela dirulaguntza.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

13. oinarria. Enpresa planaren aurrerapenen ebaluazioa eta aldaketak.

1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa plana nola garatu den eta haren mugarri nagusiak gauzatu diren egiaztatuko da, agiri bidez. Kontrolak une hauetan eginen dira:

a) Planaren hasieran: hasierako kontrola, beren gain jartzeko prozesuaren hasiera justifikatzen duten jarduketak betetzen direla egiaztatzeko.

b) Plana amaitzean: honako alderdi hauek egiaztatzeko azken kontrola:

–Ustiategirako sarrera.

–Ustiategiaren input eta output direlakoak.

–Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak, etab.).

–Ustiategiaren elementuak.

2. Plana gauzatzen den bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beste kontrol batzuk egitea, egiaztatzeko bere gain hasteko prozesuan aurrera egiten dela, honako hauei dagokienez: planaren ezagutza, ustiategiaren kudeaketa, ekoizpen elementuak, inbertsioak, aholkularitza eta abar.

3. Onuraduna beharturik dago ebaluazio horren unitate arduradunari laguntzeko, eta, hortaz, eskatzen zaion informazioa eta dokumentazioa eman beharko dio, ezarritako epeetan, eta egiten diren kontrol eta jarraipen jarduketetara bertaratuko da.

4. Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketa nabarmenen bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, deialdian hartarako ezarritako eguna baino lehen.

b) Aldaketa nabarmentzat hartuko dira balorazio irizpideetan eta planaren ezaugarrietan eragina dutenak, baldin eta hasieran emandako laguntzaren prima gutxitzea badakarte.

c) Proposatzen den aldaketa egiteko arrazoiak eman behar dira, enpresa plan berriaren bideragarritasuna bermatu behar da eta proposatzen denari baremazio irizpideak aplikatuta lortzen den puntuazioa laguntzaren onuraduna izateko bestekoa izan behar da.

5. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

6. Instrukzio organoaren balorazioaren mende egonen da eskatutako aldaketak onestea. Enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

14. oinarria. Onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.

1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa plana amaitzea.

b) Enpresa planaren amaiera egunean hauek betetzea:

–Behar den trebakuntza eta gaitasun profesionalak eskuratzea, baldin eta onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

–Ustiategiaren kontrol eraginkorra egitea, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan jasotako ustiategiko buruaren definizioaren arabera (errege dekretu horrek hizpide ditu 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeen eta baldintza komunen ezarpenaren aplikazioa eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarraren arautzea).

–"Nekazari aktibo" izatea, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan ezarritako definizioaren arabera (errege dekretu horrek hizpide ditu 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeen eta baldintza komunen ezarpenaren aplikazioa eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarraren arautzea).

–Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, norberaren konturako langileen araubidean, gauzatzen duen nekazaritzako jardueragatik, ustiategiaren titular, kotitular edo bazkide gisa.

–Ustiategiak 1 NLU lortu izana, gutxienez, ustiategian hasi den nekazari gazte bakoitzeko. Ustiategi elkartuen kasuan, 1 NLU lortu beharko da ustiategian hasi den nekazari gazte bakoitzeko, kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.

–Ustiategia ekonomikoki bideragarria izatea, 5. oinarriko 2. zenbakiko f) letran aurreikusitakoaren arabera.

c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean ezarritako ekintzak egin dituela, hala lanean sartzearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

d) Behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola tokian tokikoak, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak eginez.

e) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita esku-hartze honen esparruan hartutako laguntzez ere. Onuradunak ustiategia benetan kontrolatzen duen egiaztatzeko eta baldintza artifizialik sortzen diren kontrolatzeko, honako hauen dokumentuak hauek aurkezten ahal dira informazioa emateko: merkataritzako transakzioak, kutxa fluxuak, enplegatutako pertsonak, bezero edo hornitzaileekiko ahaidetasuna, makinen lagapenak, finantzaketa eta abalak eta abar.

f) Dirulaguntza jaso duen jarduera finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

g) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

h) Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, jarraikiz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren itzultzeak ekarriko ditu.

15. oinarria. Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzak zenbateko bereko bi ordainketatan ordainduko dira, deialdian adierazitako ekitaldietan.

2. Laguntzak ordaintzeko baldintza izanen da enpresa planean ezarritako mugarriak betetzea eta egiaztatzea:

–Lehen ordainketa: laguntza eskaerari lotutako enpresa plana hastean.

–Bigarren ordainketa: enpresa planaren amaiera.

Bigarren ordainketa jasotzeko, beharrezkoa izanen da onuradunak ordainketaren eskabidea aurkeztea, deialdian ezarritako epea baino lehen, horretarako berariaz ezarritako atzemate programaren bidez. Programa Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan dago eskuragai (www.navarra.es).

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela, eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, eta enpresa planaren ebaluaziora, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

16. oinarria. Murriztapenak eta salbuespenak azken ordainketan.

1. Azken ordainketa egin aurretik, laguntza jasotzeko eskubidea deuseztatu eta galdu eginen da, laguntza murriztu eginen da edo jasotako ordainketak itzuli eginen dira, baldin eta egiaztatzen bada enpresa plana ez dela bete, egikaritzen ari denean zein aplikatzeko egutegian, eta betebeharrak eta konpromisoak ez direla bete, irizpide hauen arabera:

a) Honako inguruabarretako bat gertatzen bada, ez da eginen azken ordainketa, eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, legezko interesak gehituta:

–Azken ordainketaren eskaera epe barruan aurkezten ez bada.

–14. oinarrian jasotako konpromisoak betetzen ez badira.

–Onuradun gisa kanpo uztea dakarten baremazio irizpideetan puntuazio txikiagoa lortzea.

b) Azken ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta egiaztatzen bada onuradunak ez duela aurreikusitako kontroletan parte hartu, bidezko arrazoirik gabe.

c) Laguntza murriztu eginen da eta/edo dagokion zatia (hau da, lehen ordainketan jasotakoa) itzuli eginen da, honako honi jarraikiz:

–Azkenean jasoko duen laguntzaren zenbatekoa doitzea, emandako oinarrizko laguntza gehitzea ekarri zuten irizpideak egiazki egiaztatu ondoren.

–Laguntzaren gehikuntza %10 gutxitzea dirulaguntzak emateko eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako baremazio irizpideen ez betetze bakoitzeko, puntuazio txikiagoa zegokiola baieztatzen bada, eta murriztapen horrek ez badakar onuradun izaera galtzea.

2. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

3. Egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntzak bertan behera utziko dira, eta laguntzetatik jasotako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna esku-hartze horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

4. Egiaztatzen bada onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jasotzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 62. artikuluan eta abenduaren 27ko 1407/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, hala badagokio, laguntzengatik ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira.

17. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak eta murriztapenak.

1. Honako hauek gerora bete beharreko konpromisotzat hartuko dira eta 3 urtez mantendu beharko dira, azken ordainketa ebazten den egunetik aurrera:

–Onuradunak nekazari nagusiaren izaera lortzea eta/edo hari eustea.

–NLU bat egokitzea 14. oinarriko 1.b) apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Baremazio irizpideetan puntuazioari eustea, onuradunaren izaerari eusteko moduan.

–Puntuazioari eustea prima gehikuntza jasotzea ekarri duten baremazio puntuazioetan.

2. Aurreko paragrafoan azaldutako lehen hiru konpromiso horiek betetzen ez badira, jasotako ordainketa guztiak itzuli beharko dira, legez ezarritako interesekin.

Laguntza gehitzea ekarri duten baremazio irizpideei eusteko konpromisoa betetzen ez bada, gehikuntza itzuli beharko da, eta lortutako gehikuntzaren %10eko zigorra aplikatuko da, baremazio irizpide bakoitzeko, legez ezarritako interesak gehituta.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez dira betegabetzat joko aurreko apartatuan aipatzen diren konpromisoak:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiategia edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zuenean halakorik ezin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, ustiategiko azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen aldaketak onuradunari egotzi ezin zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.

18. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ez dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatzen ahalko, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko NPBPEan (2023-2027).

19. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Laguntza hauen onuradunen datuak argitara emanen dira nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikuluari jarraikiz.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat (hots, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko erregelamendua, indargabetu zuena 95/46/EE Zuzentaraua), datu pertsonalak direnean, onuradunek beren eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriekin bat.

20. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste administratiboak dira abenduaren 23ko 30/2022 Legean tipifikatutako ekintzak eta omisioak, eta zehagarriak izanen dira, baita zabarkeria hutsez eginak badira ere, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo Europako araudiak ezarritako beste kasu batzuetan.

2. Arau hauste administratiboen erantzule izanen dira pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, bai eta nortasunik gabeko erakundeak ere, baldin eta, egitez edo ez-egitez, arau hauste gisa tipifikatutako kasuetan erortzen badira.

3. Abenduaren 23ko 30/2022 Legean ezarritakoaren arabera tipifikatu eta mailakatuko dira arau-hausteak.

II. ERANSKINA.–PRIMEN KALKULUA

PRIMAK

(2)

GEHIKUNTZAK

MNE

EM

MNE

Bestelako eremuak

(1)

Oinarria

40.000,00

(3)

Abeltzaintza estentsiboa

20.000,00

20.000,00

10.000,00

0,00

(4)

Bestelako ekoizpenak

10.000,00

0,00

0,00

0,00

(5)

JD/AGB

10.000,00

10.000,00

10.000,00

10.000,00

(6)

Ekoizpen Ekologikoa

10.000,00

10.000,00

10.000,00

10.000,00

(7)

Erreleboa

20.000,00

20.000,00

20.000,00

20.000,00

(1) Laguntza oinarriaren zenbatekoa.

(2) Muga naturalak dituzten eremuak: katalogazioa hautatzeko irizpideari jarraikiz (8).

(3) Abeltzaintza estentsiboa: hautatzeko irizpidea betetzea (13).

(4) Bestelako ekoizpenak: abeltzaintza estentsibotzat hartzen ez diren nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpenak, hautatzeko irizpideari jarraikiz (13).

(4) Europar Batasunean aintzat hartutako kalitate erregimenak: hautatzeko irizpidea betetzea (11).

(5) Ekoizpen ekologikoa: hautatzeko irizpidea betetzea (12).

(6) Erreleboa: hautatzeko irizpidea betetzea (5).

III. ERANSKINA.–"NEKAZARI PROFESIONAL GAZTEAK EZARTZEKO LAGUNTZAK", 2023-2027 NPEPEAREN ESPARRUAN. HAUTAKETA IRIZPIDEAK

IRIZPIDEA

DEFINIZIOA/EGIAZTAPENA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

PUNTUAZIO APLIKAGARRIA

NOIZ BETE
BEHAR DEN

Titularraren ezaugarriak

40

Egoitza

Despopulazio arriskuan dagoen herri batean erroldatuta egotea (1)

8

Eskaeran eta azken ordainketan

Arriskua

8

Gainbeheran

6

Kalteberak edo trakzio udalerria

4

Aholkularitza

Aholkularitza zerbitzuetan parte hartzea (2)

15

15

Azken ordainketan

Generoa

Emakumea

15

15

Eskaeran

Desgaitasuna

Desgaitasun aitortua duten pertsonak (3)

2

2

Eskaeran

Ustiategiaren ezaugarriak

34

Asoziazionismoa

Sartzen den sozietatearen tipologia

6

Azken ordainketan

Titulartasun partekatua

6

Nekazaritzako kooperatiba edo ENS

4

Beste elkarte formula batzuk

2

Belaunaldi aldaketa

Ustiategian oinordetza beste titular bati (4)

20

Azken ordainketan

Ahaidetasun harremanik gabe 60 urtetik gorako titularrarekin (5)

20

Ahaidetasun harremanik gabe (6)

18

Ahaidetasun harremana du 60 urtetik gorako titularrarekin (7)

16

Ustiategiaren/instalazioaren kokapen geografikoa

Ustiategiaren udalerriaren kokapena (8)

8

Azken ordainketan

Goi mendia

8

Mendialdea

6

Berezko mugak dituzten eremuak

4

Enpresa plana

26

Bideragarritasuna

Ustiategiko laneko errenta unitarioaren % erreferentziako errentarekiko

8

Eskaeran eta azken ordainketan

%52 eta %102 artean

8

%52tik beherakoa edo %102tik gorakoa, %120 gainditu gabe

5

Ekoizpenaren eraginkortasuna eta merkataritzako marjina hobetzea

Ustiategiaren ekoizpen eraginkortasuna edo merkataritzako marjina hobetzeko jarduerak

10

Azken ordainketan

Bide laburren bidez eraldatzea edo merkaturatzea (9)

10

Ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak (10)

10

Nekazaritzako elikagaien eta/edo nekazaritza ekologikoaren kalitateko erregimenetan parte hartzea (11)

8

Nekazaritzako ingurumeneko konpromisoak

Ingurumen jardunbideei atxikitako ustiategia

8

Azken ordainketan

Ekoizpen ekologikoa (12)

8

Eko-erregimenak: P1 eta P2 praktikak (13)

6

Eko-erregimenak: P3tik P7rako praktikak, eta/edo Nekazaritzako ingurumenekoak eta nekazaritza ekologikoa (2. oinarria) NPEPE (13)

4

(1) Despopulazio arriskuan dauden eremuen eta udalerrien zerrendarekin bat datorren herri batean erroldatuta egotearen ziurtagiria; jasota egon beharko da gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategian.

(2) Beren gain jartzeko prozesuan dauden gazteen berariazko aholkularitzari dagozkion puntuak soilik aplikatzen ahalko dira zerbitzua ematen duen erakundea Nafarroako Aholkularitza Erakundeen Erregistroan inskribatuta dagoenean, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 31ko 232E/2024 Foru Aginduarekin bat etorriz. Agindu horren bidez arautzen da nekazaritzako aholkularitza erakundeak aitortzea eta erregistratzea, Nafarroako 2023-2027 NPEPEan ezarritako nekazaritzako aholkularitza sistemaren esparruan.

Aholkularitza puntuak aplikatzeko eskaera eginez gero, eskatzaileak baimena ematen du organo kudeatzaileak zerbitzua ematen duen erakundeari onuradunari egindako aholkularitzari buruz duen informazioa eska diezaion.

(3) Pertsonak desgaitasuna aitortuta izanen du, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera.

(4) Ustiategian oinordetza dagoela iritziko da, baldin eta laguntzaren onuraduna beste pertsona baten, fisikoaren edo juridikoaren, ustiategiaren titularra izatera igarotzen bada, instalazioaren aldia amaitzen denean. Oinordetza gertatzen den ustiategiak erreferentziako errentaren %35etik gora eduki beharko du, eta NLU bateko gutxieneko neurria, bertan ezarritako pertsona bakoitzeko, laguntza eskaera aurkezteko datan.

(5) Ahaidetasun harremana dute odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasunagatiko lehen eta bigarren ahaidetasun mailako senideek. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori. Ahaidetasun harremanik gabe, irizpidea betetzen EZ duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

Ustiategiaren titularra izateari uzten dion pertsonak 60 urte baino gehiago izan beharko ditu edo lanerako ezintasun iraunkorra eskuratzeko egoeran egon, laguntza eskaera aurkezteko unean. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori.

(6) Ahaidetasun harremana dute odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasunagatiko lehen eta bigarren ahaidetasun mailako senideek. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori. Ahaidetasun harremanik gabe, irizpidea betetzen EZ duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

Ustiategiaren titularra izateari uzten dion pertsonak 56 eta 60 urte bitartean eduki beharko ditu. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek 56 urtetik gora eduki behar dituzte.

(7) Ahaidetasun harremana dute odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasunagatiko lehen eta bigarren ahaidetasun mailako senideek. Pertsona juridikoei dagokienez, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori.

(8) Muga naturalak dituzten eremuetan (goi mendiko eremuak, mendiko eremuak eta muga naturalak dituzten eremuak) dauden ustiategiak. Haien kalkulua egiteko, kontuan hartuko da Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan ustiategia ageri den udalerriaren EIN kodea, Nafarroarako NPEPEko MNE esku-hartzerako jasotako zerrendaren arabera, enpresa plana bukatzean.

(9) Ustiategiak eraldaketagatiko NLU gehigarri bat izanen du ustiategiaren NNUE fitxan, eta/edo zuzeneko salmentaren eta kanal laburren erregistroan inskribatuta egonen da, 5/2023 Foru Legeari jarraikiz, enpresa plana bukatzean.

(10) Nekazaritza ustiategietan (ingurumen helburua izan edo ez) egindako eta enpresa plana amaitzean amaitutako inbertsioetarako laguntzen eskaera onargarria eduki beharko du onuradunak.

(11) Ustiategiak, guztira, 0,5 NLU edo gehiago eduki beharko ditu enpresa plana amaitzean, jatorri deiturei eta adierazpen geografikoei eta/edo nekazaritza ekologikoari atxikita. Baldin eta onuraduna entitate elkartu batean sartzen bada, parametroa partaidetzaren %-aren arabera egiaztatuko da.

(12) Ustiategiak ekologikoki ekoizteko eta/edo ekologiko bihurtzeko 0,5 NLU baino gehiago izan beharko ditu enpresa planaren amaieran. Entitate elkartu batean sartuz gero, han izandako partaidetzaren ehunekoa hartuko da kontuan.

(13) Eko-erregimeneko praktikengatiko laguntza eta/edo nekazaritzako ingurumeneko eta nekazaritzako ekologikoko laguntzak onartuta izatea, 2021/2115 Erregelamenduko 70. artikuluari jarraikiz, enpresa plana amaitzean.

IV. ERANSKINA.–LAGUNTZA ETA ORDAINKETA ESKAEREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO AGIRIEN ZERRENDA

1. Laguntzaren eskabidearekin batera:

a) IFZ.

b) Enpresa planaren hasieraren justifikazioa.

c) Trebakuntza eta gaitasun profesional egokiak justifikatzeko:

  • i) Nekazaritza arloko titulu akademiko bat, erdi edo goi mailako zikloaren baliokidea, eta/edo eskatu izanaren gordekina.
  • ii) Profesionaltasun ziurtagiria edo gaitasunen egiaztagiria.
  • iii) Ustiategia maneiatzeko eta/edo kudeatzeko nekazaritza arloko ikastaroak egin direla egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • iv) Nekazaritza enpresan sartzeko ikastaro bat egin izanaren ziurtagiria.

d) Erroldatze ziurtagiria.

e) Desgaitasuna izanez gero, egiaztagiria.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

–Onuraduna lanean jartzen bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zein entitatetan lanean hasten den, haren IFZ.

–Belaunaldiarteko erreleboaren kasuan:

  • i) Lagatzailearen IFZ.
  • ii) Hala dagokionean, ahaidetasuna dagoen edo ez egiaztatzen duen agiria (familia liburua).

2. Ordainketaren eskaerarekin batera:

a) Onuradunak laguntza entitate hartzekodun bati lagatzea erabakitzen badu, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharko du hori justifikatzen duen dokumentua.

b) Erroldatze ziurtagiria.

c) Lanbide-trebakuntza eta -gaitasun egokiak justifikatzen dituen agiria, eskaeran aurkeztu ezean.

Iragarkiaren kodea: F2500048