209. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1070E/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen inpaktuaren aurkako adierazpena ondoko proiektu hauentzat: «Sextante», «Singladura», «Azafea», «Mares del Mundo», «Las Marismas» eta «La Casa del Palo» parke eolikoak, San Martin Unx eta Lerga udalerrietan; aurkako adierazpenak barne hartzen ditu, orobat, haien transformazio, ebakuazio eta sarerako konexio-egiturak; San Martin Unx, Erriberri eta Tafallako udalerriak ukitzen dituzte, eta hauek dira: Arena Green Power Ren 237, SLU, Arena Green Power Ren 238, SLU, Arena Green Power Ren 235, SLU, Arena Green Power Ren 236, SLU, Enigma Green Power 21, SLU eta Enigma Green Power 15, SLU, hurrenez hurren.

Aurkeztutako proiektuak ingurune bat berean kokatzen dira, jarduera, sarbideak eta obra zibil bat eta bera partekatzen dute, eta sortutako energiaren transformazioa, ebakuazioa eta sarerako konexioa Tafalla TAE 66 kV (i-DE) azpiestazioan, azpiegitura komunen bidez isurtzen dute. Beraz, haien artean izaera bat bera eta lotura estua dute. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluarekin, ofizioz erabakitzen da bost parke eoliko horien eta haien transformazio eta ebakuazio egitura komunen ingurumen ebaluazioak metatu egin behar direla eta espediente bakar batean bildu.

1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Bost proiektu horien ezaugarri eta magnitude metatuak jasota daude Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurarekin izapidetzen dira, zeina arautzen baita aipatutako arauaren II. tituluko II. kapituluko 1. atalean. Gainera, proiektu horiek sartzen dira Nafarroako parke eolikoen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren objektuan eta esparruan.

Bat etorriz Nafarroan haize parkeak baimentzea arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo substantiboa baita, jendaurrean jarri zituen 30 egunez haize parkeen sei proiektuen aurreproiektuak eta ingurumen inpaktuen azterlanak, iragarkia argitaratuta 2025eko 57. NAOn, martxoaren 28koan. Zazpi alegazio egileren idazkiak jaso ziren.

Aldi berean, organo substantiboak kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, bat etorriz Nafarroan haize parkeen baimenak arautzen dituen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen 37. artikuluarekin.

I. eranskinean laburbildu dira organo eskudunak gauzatutako jendaurreko informazio izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei zuzendutako kontsulten emaitzak. Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak nabarmentzat jotzen diren inpaktuak.

2025eko ekainaren 6an, Arena Green Power 236 SLUk, sozietate sustatzaileak ordezkatuz, proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitako agiriekin batera.

Jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko izapidearen ondoren, sustatzaileak proiektuen konfigurazio teknikoa eta ingurumen inpaktuaren azterketa eguneratu ditu. Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, organo substantiboak ingurumen organoaren aldez aurreko txosten bat eskatzen du, zehazteko ea beharrezkoa den beste informazio publiko bat ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua betez. Egindako aldaketen ondorioz, 66 kV-ko aireko eta lurpeko linearen zati berri bat lurperatu behar da, Tafallako Hoya del Saso eta Solrio parajeetatik igarotzen denean; halaber, linearen trazadura 350 m inguru aldatu behar da iparralderantz. Ingurumen organoak uste du, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuak ez duela jasotzen hasieran aurreikusitakoez bestelako ingurumen ondorio adierazgarririk dakarren aldaketarik.

2025eko ekainaren 13an, Azpiegitura Energetikoen Atalak dokumentazio guztia bidali zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, ingurumen organoa izanik, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio hau egitean aintzat hartu da sustatzaileak ondoko izen hauekin aurkeztutako aurreproiektuen dokumentazioa: «Proiektua, aldez aurreko administrazio baimena emateko sarerako konexioa duen parke eolikoarentzat», honako hauentzat: «PE Sextante», «PE Singladura», «PE Azafea», «PE Mares del Mundo», «PE Las Marismas» eta «PE La Casa del Palo»; 4,99 MW-koak dira bakoitza; 2024ko azaroan datatutako aurreproiektuak guztiak, eta «Sekzionamendu Zentroa 30 kV; Aireko eta Lurrazpiko Linea 30 kV; Tafalla II Azpiestazio Jasotzailea 66/30 kV; Aireko eta Lurpeko Azpiestazioa 66 kV; "Promotores Tafalla II" Subestazio Jasotzaile/Kolektorea 66/30 kV; eta "Lurrazpiko ebakuazio linea 66kV" egiteko aurretiko administrazio baimena emateko proiektua», 2025eko maiatzaren 21ekoa; gainera, iritzia eman zuen hari lotutako inpaktuei buruz, sustatzaileak aztertu baitzituen «San Martin Unx herrian 6 parke eolikoz osatutako multzoaren ingurumen inpaktuaren azterketa; Konexioa Tafallako 66kV-ko TAE-rekin; bakoitza 4,99 MW-koa; eta sarerako Konexioa San Martin Unx herrian, Nafarroa, Espainia», 2025eko ekainekoa, eta informazio publiko eta kontsultarako izapideetan adierazitako inpaktuei buruz ere bai.

Ebaluazio honek ez ditu gai hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasun eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea, eta berariazko arautegia eta instrumentuak dituztelako ingurumen ebaluazio honen irismen eremutik kanpo geratzen diren gainerako eremuak.

2. Proiektuen azalpena eta kokalekua.

Sei proiektuetako bakoitzak haize-sorgailu bat instalatu nahi du energia ekoizteko haizearen indarra erabiltzeko (parke eolikoak), 100 m-ko garaierako dorreekin eta 149,1 m-ko diametroko errotoreekin, makina bakoitzeko 4,99 MW-eko potentzia instalatuarekin. Sei parke eolikoen multzoan instalatutako potentzia 30 MW ingurukoa da. «PE Singladura» parke eolikoaren aurreproiektuak neurketa-dorre autosoportatu bat instalatzea aurreikusten du, 118,4 metrokoa, anemometroarekin eta haize-orratzarekin 120,4 metroko altueran. Dorrea behe-tentsioan elikatuko da (BT) «PE Carabela» aerosorgailutik, 580 metro inguruko luzera duen zanga baten bidez, sarbidearekiko paraleloan.

Aerosorgailuak San Martin Unx udalerrian daude. Neurketa dorrea Lerga udalerrian aurreikusten da. Hauxe da proiektatutako kokapena:

AZPIEGITURA.

X

Y

PE Sextante

620.185,77

4.710.852,41

PE Singladura

620.706,34

4.711.609,76

PE Azafea

620.376,34

4.711.256,41

PE Mares del Mundo

620.540,71

4.711.448,47

PE Las Marismas

619.993,51

4.710.687,67

PE La Casa del Palo

619.878,53

4.710.274,77

Neurketa dorrea

621.043,52

4.711.874,13

Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N.

Parke eolikoetarako sarbidea NA-132 errepidetik aurreikusten da (Lizarra-Tafalla-Zangoza), 52+200 kilometro-puntuan gutxi gorabehera, «Txutxu» parke eolikora sartzeko dagoen bidetik; hortik abiatzen da aerosorgailuetara sartzeko bide berria. Behar diren bide berria eraikitzea eta lehendik daudenak egokitzea 6 m-ko zabalerako errodadurarekin eginen dira, gutxienez 60 m-ko biraketa-erradioarekin eta gutxienez 0,20 m-ko zoladura lodierarekin, %95 PMko trinkotutako materialarekin eta %95 PMra trinkotutako 0,10 m-ko lodierako zagor oinarri naturalarekin. Proiektuan ez dira zehazten gehieneko maldak edo hormigoizko tarteak. Proiektuak bideen okupazio osoa kalkulatzen du, zabalera irmoa, lur-erauzketak eta horiei lotutako lubetak kontuan hartuta; eta, gainera, azpiegituraren ertzetik 5 metroko banda bat gehitzen du 47,40 hektareatan. Aerosorgailu bakoitza muntatzeko, plataforma iraunkor bat egin behar da, 1.126 m²-ko okupazioa izanen duena gutxi gorabehera; gainera, beste plataforma osagarri bat behar da, palak eta materialak bildu eta muntatzeko, parke bakoitzean 4.000 m² ingurukoa. Halaber, pilaketa osagarriak egiteko eta bulegoetarako, azalera komun bat aurreikusten da, gutxi gorabehera 12.731 m²koa.

Sei aerosorgailuetako bakoitzean sortutako energia erdi-tentsioko lineen bidez (30 kV) ebakuatzen da, 2.240 m inguruko luzera duen zanga batean lurperatuta, ebaketa zentroraino (EZ). Ebaketa Zentroa kokatuko da San Martin Unxko 2. poligonoko 171 zenbakiko katastro partzelan, koordenatu hauetan: X: 619.835,20 eta Y: 4.710.013,01 (ETRS 1989-UTM Zone 30N); neurriak izanen dira 9,85m x 3,60m x 2,75m. EZ-tik aireko eta lurpeko linea bat aterako da, 30 kV-koa (LASMT), «Tafalla 2» 66/30 kV TAE transformazio-azpiestazioraino. LASMT linea horrek 5,11 km-ko luzera du guztira, eta gehienak zangan lurperatuta proiektatzen dira. Hasieran eta bukaeran bi tarte ditu lurpean, 329,95 m eta 4.650 m-koak, hurrenez hurren, eta 135 m-ko gurutzaketa airean, Uxuera doan NA-5310 errepidearen gainean. «Tafalla 2» 66/30 kV azpiestazio jasotzailea San Martin Unxko 8. poligonoko 90. eta 91. partzeletan proiektatzen da. Koordenatu hauetan: X: 617301,48 eta Y: 4.706.379,62 (ETRS 1989-UTM Zone 30N), 1.248 m² inguru okupatuz (52 x 24 m). TAEa aireko eta lurpeko goi-tentsioko linea batekin lotuko da (LASAT, 66 kV), «Promotores Tafalla II» 66/30 kV jasogailu/kolektoreraino. LASAT honek 9,87 km-ko luzera du guztira, eta gehienbat airekoa da; hasierako aireko zatia 5.258 m-koa da eta 22 euskarri ditu. 2. tartea 2.380 m-koa da, lurperatuta; 3. tartea, airekoa da, 1.280 m luze eta 7 euskarri. 4. tartea lurperatua, 680 m luzerakoa, N-121 errepidea (Iruña-Tutera) gurutzatzen duena, zulaketa horizontal gidatuaren bidez. Eta 5. tartea airekoa, 270 m luze eta 2 euskarri ditu, Nafarroako AP-15 autobidea zeharkatzeko eta «Promotores Tafalla II» azpiestazio jasotzaile/kolektorearekin lotzeko. «Promotores Tafalla II» 66/30 kV-ko TAE Tafallako 6. poligonoko 260. lurzatian kokatuko da, erreferentziazko koordinatu hauetan: X: 608572,70 eta Y: 4.705.947,64 (ETRS 1989-UTM Zone 30N). Planoan aurkezten da «Promotores Tafalla» 66/30 kV TAEren aldamenean; azpiestazio horrek ingurumen organo honen aldeko txostena jaso zuen, ebazpen honen bidez: «330E/2024 Ebazpena, apirilaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez formulatzen da aldeko ingurumen inpaktuaren txostena Rios Renovables SLk Erriberrin sustatutako Baretón, La Caya, Los Mulares eta Las Planillas eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuentzat, Erriberri ez ezik Tafalla ere ukitzen duen ebakuazio azpiegitura barne». «Promotores Tafalla II» 66/30 kV TAEak 2.412 m²-ko (72 x 33,5 m) azalera hartuko du. TAE hori sarera konektatuko da Tafalla 66 kV-ko (i-DE) TAEn, 818 m-ko goi-tentsioko (66 kV) lurpeko linea baten bidez. Ebakuazioko linea elektriko partekatuek 15,80 km-ko luzera dute guztira.

3. Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Alternatiben azterketa.

Ingurumen inpaktuaren azterketak (InIA) San Martin Unx udalerrian 6 parke eoliko eta Tafallako azpiestazioko lotunea garatzeko alternatibak ebaluatzea helburu duen azterlan bat egiten du. Alternatiben analisiak aztertzen du proposatutako jarduerak ez egiteko aukera edo 0 aukera. Sustatzaileak argudiatu du esku-hartzea bertan behera uzteak ekar lezakeela Nafarroa 2030 Horizontea Energia Plana eta haren eguneratzea (Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua 2021-2030) ez betetzea; COP 21 Txostenetik (Paris 2015) bereiztea; eta ez betetzea Europako Batzordeak eta Parlamentuak eta Estatuko eta Foru legeriak emandako erabakiak, jarraibideak eta arau ekimenak. Sustatzaileak ondorioztatu duenez, ingurumen inpaktu onargarria duen irtenbideren bat aurkitzen ahal den guztietan, 0 aukera ez da egokiena izanen, eta baztertu egin beharko da.

Ingurumen inpaktuaren azterketak esparru eoliko bat zedarritzen du, non bilatzen ahal diren sei parkeak eta horiei lotutako azpiegiturak ezartzeko alternatibak, faktore mugatzaile batzuk kontuan hartuta. Eremu eoliko posibleak hautatzean, sustatzaileak aztertzen ditu lege-baldintzatzaileak, merkatuaren eta teknologiaren bilakaera, lehendik dauden edo izapidetzen ari diren proiektuen zortasunak, sarera lotzeko puntua, harrera eolikorako gaitasuna PEN2030en arabera, eta I+G+b instalazio bat eraikitzeak eta sarbideek berez dituzten baldintzatzaileak. Eremu eolikoa mugatu ondoren, haize-sorgailuak kokatzeko potentzialtasuna duten bi eremu hautatzen dira. Eremu horietan, «A alternatiba» eta «B alternatiba» izenekoak definitzen dira. Bi aukera horien funtsa da ebazpen honetako proiektuak deskribatzeko eta kokatzeko atalean adierazitako ezaugarriak dituzten 6 aerosorgailuen instalazioa. «A alternatiba» izenekoak 3.198 metroko sarbideak egitea eskatzen du, ibilbidearen erdian dauden zuhaitz-eremuetatik igarotzen direnak. Kalkulatutako ikus-arroaren barruko ikus-eremua, 7,5 km-ko erradioan, 6.474,43 hektareako azalerakoa da. Alternatiba horrek proiektatzen du 15.815 metroko ebakuazio linea bat; horietatik 8.864 m lurpetik joanen dira eta 6.951 m airetik. «B alternatibak», berriz, 8.818 metro bide behar ditu, eta neurri txikiagoan ukitzen ditu zuhaiztiak. Kalkulatutako ikus-arroaren barruko ikus-eremua 9.259,07 ha-koa da. Ebakuazioko linea guztira 11.302 metro luze da: 1.877 metro lurpean eta 9.425 metro aireko diseinuan.

Sustatzaileak balio anitzeko azterketa egin du, eta bi aukerak (0 edo 1) modu bitarrean baloratzen ditu, 1 balioa emanez onuragarriena den aukerari, aztertutako faktore batzuen arabera: sarbideak, maldak, hidrologia, lurzorua (higadura prozesuak), landaredia eta haren kontserbazio egoera, fauna, gune babestuak, intereseko habitatak, abelbideak, ondare historiko-kulturala, paisaia, herriekiko hurbiltasuna, inpaktu ekonomiko-soziala eta hari lotutako ebakuazio lerroak. Ingurumen inpaktuaren azterketak «A alternatiba» hautatzen du, teknikoki eta ingurumen aldetik bideragarria, ingurumen aldetik «B alternatiba» eta «0 alternatiba» baino hobea, potentzial eoliko maximoa aprobetxatzen duelako eta eraikuntza aldetik bateragarriak diren sarbideak dituelako.

Espedientean jasota dago proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidean organo substantiboak helarazitako kontsultari Espainiako Ornitologia Sozietateak (SEO/BirdLife) emandako erantzuna. SEO/BirdLife erakundearen ustez, alternatiben azterketan ez dira irizpide teknikoak kontuan hartu, ez dira aipatzen ingurumen irizpideak, ez eta leku horretan zentral eolikoen gainkargak izatearen ondorioak. Era berean, adierazi du sustatzaileak ez duela fauna hegalariaren azterketa kontuan hartu, aerosorgailu gatazkatsuenentzako kokapen desberdinak proposatzeko alternatibak aztertzean.

Sustatzaileak erantzun du alternatiben eta ukipen eremuen azterketan kontuan hartu direla ingurumen irizpideak, eremu babestuetan duten eragina, paisaian duten eragina eta abar.

b) Proiektuen inpaktu nagusien analisia.

Jarraian, proiektuen inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertzen dira, bai sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan adierazten dituenak, bai jendaurreko informazio eta kontsulta prozeduretan azaleratu direnak ere. Ez-nagusitzat jo diren inpaktuak ez dira ebazpen honetan jorratu.

Florari eta bioaniztasunari dagokienez. Ingurumen inpaktuaren azterketak lurra prestatzeko eta obra zibila gauzatzeko jarduerak identifikatzen ditu, landaredian eta Batasunaren intereseko habitat motetan (BIH) eragina izan dezaketen proiektuko ekintza nagusi gisa. Landaredia estalkiaren gaineko ukipenak, batez ere, eraikuntza fasean eraginen dira. Baina ukipenak hor jarraituko du, modu iraunkorrean okupatuko diren azaleretan ere. InIAk 23,91 ha-ren gaineko eragina kuantifikatzen du. Horietatik 10,36 ha koniferoak dira, 11,29 ha zuhaitzik gabeko baso-lurrak eta 2,26 ha hostozabalekoak. Instalazioak garbitzearen, sastrakak kentzearen eta okupatzearen ondorioz landarediari eraginen zaion ukipena bateragarritzat jotzen da, eraikuntzaren fasean. Sustatzaileak ez garrantzitsutzat jotzen du prebentzio neurriak eta/edo neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren eraginen den hondar-inpaktua.

InIAk Batasunaren Intereseko bi habitat identifikatzen ditu, proiektuaren azpiegiturek zeharkatuko dituztenak. Haize-sorgailuek eragina izanen dute gaztelar-kantauriar erkameztian (Spiraeo obovatae-Quercetum fagineae); BIH 9240 motari atxikia da. Tentsio ertaineko lurpeko lineak 5210 kodeko gaztelar-kantauriar abariztia (Spiraeo obovatae-Quercetum cocciferae) ukituko du. InIAk ez du ukituko litzatekeen guztizko azalerarik ematen. Sustatzaileak BIH moten gaineko inpaktua intentsitate txikikotzat, puntualtzat eta epe laburrera lehengoratzeko modukotzat jotzen du, eta ez-adierazgarritzat jotzen du, eraikuntza fasean. Prebentzio eta/edo zuzenketa neurriak aplikatu ondoren, ingurumen azterketak BIH moten gaineko hondar-inpakturik ez dagoela baloratzen du.

Espedientean jaso dira Sustrai Erakuntza, Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria eta Zangoza-Ongaiz eskualdeko Ekologistak Martxan elkarteen hainbat idazki; SEO/BirdLife elkartearen txostena; eta Isaac Rodero Echarri eta Adelaida García Rives herritarren idazki partikularrak. Horien arabera, aerosorgailuek ukituko dituzte 9240 BIHak (erkameztiko harizti iberikoak) eta 9340 BIHak (artadiak eta karraskadiak). Horietako batzuen ustez, linea elektrikoak ukituko ditu, orobat, «albitz-belarraren larre mediterraneoak» (6220 BIH), ote, ezkai eta erromero larre mediterraneoak (4090) eta «belardi-ihitza halofito mediterraneoak» (1410).

Sustatzaileak erantzun du ingurumen azterketak kontuan hartu duela aerosorgailuek 9240 motako BIHari eragiten dioten egiazko ukipena. Erantzunean kuantifikatzen da plataformak eta bideak eraikitzeak ukituko duten BIH mota horren guztizko azalera 3.003 m²-koa izanen dela. Linea elektrikoaren kasuan, sustatzaileak uste du euskarri batek bakarrik ukituko lukeela, a priori, 6220 motako BIH bat, Nafarroako 1997ko BIH moten mapan kartografiatutako esparruen arabera (1:50.000).

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta fasean jakinarazi zuenez, ukitutako landarediaren eta habitaten azalera kalkulatzeko, ukitutako azalera eskala egokian kartografiatu behar da. Ukitutako BIH moten azaleraren kuantifikazioa ez litzateke oinarritu behar habitaten inbentario nazionaleko 1:50.000 kartografian, proiektuaren eskalan kartografiatutako egungo landaredi esparruen karakterizazioan eta interpretazioan baizik. Ingurumen Ebaluazioko Atalaren txostenaren arabera, proiektua karraska-erkametz mosaiko batek estalitako hegal batean dago, BIH 9240, erkametz iberikoa eta 9340 karraska iberikoa motei atxikia. Sustatzaileak erantzun du InIAk jaso dituela ukitutako azalera guztien (bideak, zimenduak, zangak, lerroak, etab.) kuantifikazioa eta kartografia eskala egokian, eta Batasunaren intereseko habitaten ebaluazio espezifikoa ere bai, lurraren benetako karakterizazioan oinarrituta, eta ez kartografia orokorrean.

Florari eta bioaniztasunari dagokienez. InIAk zehazten ditu lurra prestatzeko, materialak eta ekipoak garraiatzeko eta obra zibila egiteko proiektatutako lanak, proiektua gauzatzeko fasean faunan inpaktu adierazgarriak eragin ditzaketen ekintza nagusi gisa. Sustatzaileak bateragarritzat jotzen ditu, eraikuntza fasean, eragozpenen eta fauna-habitatak aldatzearen eta galtzearen ondorioz faunari eragiten zaizkion inpaktuak. Hondar-inpaktuak ez-adierazgarritzat eta bateragarritzat jotzen dira, hurrenez hurren, prebentzioko neurriak eta/edo neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren.

Proiektatutako instalazioen presentzia eta funtzionamendua InIAn adierazten dira, funtzionamendu fasean fauna ukitzen ahal duten ekintza gisa; eta, funtsean, fauna hegalarian zentratzen dira: hegaztiak eta saguzarrak. Fase honetan identifikatutako ekintza nagusiak sortzen dira palen mugimenduagatik eta ebakuazioko aireko linea elektrikoaren eta haren euskarrien presentziagatik.

InIAk 1996-2021 aldian Nafarroan martxan dauden parke eolikoetan antzemandako istripuei buruz Ingurumen Inpaktuaren eta Paisaiaren Atalak emandako datuak aztertzen ditu. Intzidentzia handiena duen espeziea sai arrea da, antzemandako bajen %36,18rekin. Atzetik oso urrun eper gorria du, %3,51rekin. InIAk ohartarazten du datuak gutxieneko baliotzat hartu behar direla, atzemandako hilkortasuna beti izanen baita egiaz dagoena baino gutxiago.

Aerosorgailuekin talka egiteko arriskuaren ondorioz fauna hegalariari eragiten zaion inpaktua ezaugarritzeko eta kuantifikatzeko, sustatzaileak kalteberatasun indize bat kalkulatzen du hainbat hegazti espezierentzat, eta talka arriskuaren analisi bat egiten du, espazioaren erabilerari buruz aurretik egindako azterketetan lortutako datuetatik abiatuta.

Kalteberatasun indizea kalkulatzen da arriskuen parametro edo irizpide batzuen arabera: hegaldi mota, hegaldiaren altuera, maniobrarako trebezia, urtaroen araberako presentzia, populazioa, kontserbazio egoera eta ugaltzeko gaitasuna. Kalteberatasun indizerik handiena duen hegazti harraparia Europako arrano sugezalea da (5,70) eta haren atzetik arrano beltza (5,60), miru gorria (5,57), mirotz zuria, mirotz urdina eta arrano txikia, guztiak ere 5,43-rekin. Sai arreari 4,67ko kalteberatasun indizea ematen zaio. InIAk ez du kalteberatasun indizea kalkulatzen aztertutako eremuan erregistratutako espezie batzuentzat: ugatza, Bonelli arranoa edo arrano eperzalea, sai zuria, belatz handia eta arrano arrantzalea. InIAren 123. taulan aintzat hartutako hegaldi altuerak ez datoz bat InIAren eta proiektuen diseinu irizpideen ataletan deskribatutako aerosorgailuen ekorketa eremuarekin.

Sustatzaileak azterketa bana egin du fauna hegalariak espazioaz egiten duen erabiltzeari buruz, urteko ziklo oso batean zehar, aerosorgailuen etorkizuneko ezarpenaren eremuan (InIAren 4. eranskina, hegaztiak, eta 11. eranskina, saguzarrak).

Fauna hegalariari dagokionez, hegazti harraparien 19 espezie hauteman direla ondorioztatu da, eta guztira 428 hegaldi detektatu dira. Horien artean, «Galtzeko arriskuan» dauden bi espezie daude: miru gorria eta ugatza. Eta «kaltebera» gisa katalogatutako sei espezie: arrano beltza, belatz handia, sai zuria, mirotz zuria, mendebaldeko aintzira-mirotza eta arrano arrantzalea. Sustatzaileak proiektuaren eremuan dauden harrapariei buruzko informazioa ematen du, Nafarroako Gobernuaren hainbat proiektutan GPS geolokalizatzaileez hornitutako aleak bilduta jasotakoa. Informazio horrek adierazten du Bonelli arranoaren edo arrano eperzalearen 7 ale («Galtzeko arriskuan» katalogatua) proiektuaren esparruan kokatuta daudela. Arrano beltzaren ale batek kokapenak ditu proiektuak ukitutako laukien barruan. Miru gorriaren 3 aleren eta ugatzaren ale baten espazio erabileraren "kernel analisiaren" (dentsitatea) arabera, proiektuaren eremua erabili dute. Azkenik, lanak adierazten duenez, ugatz bikote bat ibiltzen da inguruan, horietako bat GPS igorle batez hornitua, baina ez dago eskuragarri analisiaren informazioa, Aragoiko Gobernuak markatu baitu ale hori.

Espazioaren erabileraren azterketan gehien atzemandako harraparia sai arrea da, 161 behaketarekin, ondoren miru gorria (85 behaketa), miru beltza (57), zapelatz arrunta (33) eta belatz gorria (28). Erregistratutako harraparien 428 hegaldietatik, %54,67 (n = 234) aerosorgailuen palen ekortze-altueran egiten dira. 123 hegaldi, guztien %28,74, errotorearen ekortze-eremuaren azpitik egiten dira. Palen ekortze-altueran hegaldien portzentajerik handiena duten harrapari ohikoenak erle-txori europarra da, ikusitako 12 hegaldietatik %100ean palekin talka egiteko arriskua baitute. Sai arrea: hegaldien %62,73 palen ekortze-altueran egin dira. Arrano sugezale europarra, hegaldien %57,17 ekorketaren parean (guztira ikusitako hegaldiak n = 14); miru gorria, hegaldien %55,29rekin talkaren parean; zapelatz arrunta %51,52 (n = 33), miru beltza %50,88 (n = 57) eta belatz gorria, %25,00 (n = 28).

Espazioaren erabileraren azterketak hegazti harraparien 48 hegaldi erregistratu ditu, haize-sorgailuetako bat instalatzea aurreikusita dagoen kokapenetan talka egitearekin bateragarriak diren ibilbideetan. Behatutako harraparien hegaldien ibilbide guztien %10 inguru da hori (%11,21; guztira behatutako harraparien hegaldiak n = 428). Azterlanaren arabera, aztertutako harrapari guztietatik 6k bakarrik egin dituzte talka egiteko arriskua duten hegaldiak (sai arrea, miru beltza, miru gorria, zapelatz arrunta, belatz gorria eta arrano sugezale europarra). Horrek esan nahi du talkarekin bateragarriak diren ibilbideetako hegaldien ehunekoa espezie horietan ikusitako hegaldi guztien %12,70 dela (n = 378). Katalogatutako espezieei dagokienez, miru gorria 9 aldiz ikusi da talka arriskuko ibilbidean hegaldiak egiten, hau da, espezie horretan ikusitako hegaldi guztien %10,59 (n = 85).

InIAren ustez, harraparien hegaldien %10 inguru etorkizunerako proiektatutako aerosorgailuekin talka egitearekin bateragarriak izatea ez da ehuneko handia. Haize-sorgailu guztien artean banatzen dira ibilbide horiek, baina kasu gehienak Marismas eta Sextante izeneko aerosorgailuetan gertatzen dira. Hala ere, aldea ez da oso garrantzitsua, eta azterketako datuetatik ezin ondorioztatu da arrazoia, mota horretako azterlanetan datuak hartzeko moduak berez duen alborapen normala izan daitekeelako.

Kiropteroei dagokienez, InIAk uste du, kiropteroen azterlanaren ondorioen arabera, parke eolikoak hilkortasuna eraginen duela espezie hauengan: ertz argiko saguzarra (Pypistrellus kuhlii), saguzar isatsduna (Tadarida teniotis), saguzar nanoa (P. pipistrellus), eta noktulo txikiak (Nyctalus leisleri). Gainera, eragin txikiagoa izan dezake inguru horretan dauden baina hain ohikoak ez diren beste espezie batzuengan, hala nola, mendiko saguzarra (Hypsugo savii) edo noktulu ertaina (N. noctula) eta handia (N. lasiopterus) espezieengan. Azken bi espezie horiek kalteberak dira, eta, beraz, neurri aringarriak aurreikusi behar dira.

Sustatzaileak neurri zuzentzaile gisa proposatzen du hegaztien eta kiropteroen talken aurkako metodo ezagunak erabiltzea, hala nola aspak pintatzea, soinu-emisio entzungarriak eta ultrasonikoak, radarrak edo aerosorgailuen geldialdiak, frogatutako eta eskura dauden azken teknologiak baloratuz (aurrekontuan sartu gabeko neurriak). Eta haize-sorgailuak abiarazteko haizearen gutxieneko abiadura igotzea, gutxienez abuztutik urrira bitartean.

Sustatzaileak baloratzen du haize-sorgailuen palekin talka egiteko arriskuaren ondorioz, funtzionamendu fasean, hegaztiengan eta kiropteroengan eragindako hondar-inpaktua neurrizkoa izanen dela.

Sustatzaileak ez du egin espazioaren erabileraren urte osoko zikloko azterketarik, ebakuazioko airetiko linea elektrikoaren eta hari lotutako transformazio azpiegituren eremuan. Ebakuazio linearen eremuan egindako laginketa-ahalegina landa laneko lau egunetakoa izan da, 2024ko azarotik abendura bitartean. Lanak ondorioztatzen du egindako lanetik ezin dela ondoriorik atera. Urtebete osoa igaro beharko da, ondorioak ateratzeko datu aski izateko.

Sustatzaileak proposatu du txori-babesak instalatzea, fauna hegalariaren talka saihesteko (aurrekonturik gabeko neurria) eta preskripzio tekniko batzuk ere bai, elektrokutatzea saihesteko, euskarrietan, gurutzatzeetan eta armatuetan. InIAk baloratzen du hegaztien gaineko inpaktua, linea elektrikoekin talka egiteko arriskuak eragindakoa, proposatutako neurri zuzentzaileak hartu ondoren, bateragarria dela. Elektrokuzio arriskuaren ondoriozko hondar-inpaktua ez-adierazgarritzat jotzen da.

Elkarte alegatzaile eta kontsultatu guztiek, bai eta bi partikularrek ere, idazkietan adierazten dutenez, arriskuan dauden espezieen eskualdeko eta estatuko katalogoetan ageri diren hegazti eta kiroptero espezieak daude eremu horretan, eta, gainera, espezie migratzaileen igarobidea da. Sustrai Erakuntza eta Ekologistak Martxan elkarteek azaldu dutenez, talka arriskua eta hesi efektua izaten ahalko dira, handiak izan daitezkeenak, eta proiektuaren ingurumen bideragarritasuna baldintzatu dezaketenak. SEO/BIrdLifek adierazi du talka-ibilbideak dituzten hegaldien ehunekoa ez dela batere gutxiestekoa, instalazioen funtzionamendu aldia kontuan hartuta. Elkarte horren ustez, InIAn aztertu beharko da sei zentral eolikoak instalatzeak izanen lukeen hesi-efektua, kontuan hartuta, gutxienez, Gerinda 1, 2 eta 3, Peña Blanca I eta II eta Txutxu izeneko zentral eolikoekiko hurbiltasuna. Sustatzaileak erantzun du hegazti-faunaren azterketak eta InIAk ondorioztatu dutela harraparien gaineko eragina neurrikotzat jotzen dela, eta InIAk berak ezartzen dituela inpaktuak minimizatzeko gomendioak eta neurri zuzentzaileak. Sustatzaileak adierazi du fauna hegalarien gaineko urteko azterketan ez dela zehaztu aerosorgailuek eten dezaketen lehentasunezko korridore edo pasabiderik, baina espezie migratzaileak igaro direla bai ikusi dela.

Naturgune Babestuen Sarea eta Natura 2000 Sarea: InIAk identifikatzen du proiektuaren eraikuntzatik eta instalazioen presentziatik eratorritako lanak eremu natural babestuetan eta interes naturaleko eremuetan eragina izan dezaketen ekintzak direla. Ingurumen inbentarioaren barruan, InIAk identifikatu ditu, aerosorgailuak ezartzeko eremuaren inguruko 5 kilometroko erradioko ukipen eremuan, Orbaibarko Mendiak Paisaia Babestua (PP-01) eta Natura 2000 Sareko gune babestuak, Orbaibarko Mendiak Babes Bereziko Gunea (ES2200032) eta Aragoi ibaiaren erdiko tartea babes bereziko gunea (ES2200030). 15 km-ko erradioko ukipen eremua kontuan hartuta, InIAk identifikatu ditu, horiez gain, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) eta KBE Pitillasko Aintzira (ES0000133), Pitillasko Aintzira Natura Erreserba (NE 27), Junkaleko Aintzira NE (NE 23), Olletako mendia NE (NE 21), Kondearen mendia NE (NE 22) eta Kaparretako NE (NE 26) ere. InIAk ez ditu identifikatzen Junkaleko aintzirako Natura 2000 Sarea KBE (ES2200033) eta Kaparreta HBBE (ES0000151) eremuak.

InIAk zehazten du proiektuak ez duela Nafarroako Gune Babestuen Sareko inongo eremurik atzematen, eta aerosorgailuak Orbaibarko Mendiak KBEtik 1,10 km-ra daudela. Sustatzailearen balorazioaren arabera, lurralde arteko konektibitatea galtzearen ondorioz babestutako naturguneen gainean eraginen den inpaktua ez da adierazgarria eraikuntza fasean. Ez da aztertzen faktore horren gaineko ukipena ustiapen fasean.

Hiru elkarte alegatzaileek idazkietan adierazi dutenez, Orbaibarko Mendiak KBE ukitzen du, haren kontserbazio helburuetakoak baitira konektibitate ekologikoa, hegazti harrapariak eta kiropteroak. SEO/BirdLIfe elkartearen txostenaren arabera, Orbaibarko Mendiak KBEaren kudeaketa plan onartuan jasotako kontserbazio helburuak kontuan hartuta (270/2023 Foru Dekretua, azaroaren 22koa), eta Kontseiluaren maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikuluaren 3. atala aplikatuz, InIAk jaso behar du Natura 2000 Sareko guneei eragindako kalteen azterketa bat, kontuan hartuta zuzenean edo zeharka kaltetzen ahal diren espazio guztiak, bai eta jarduera eremuan dauden beste gune babestu batzuk ere.

Ingurumen Ebaluazioko Atalak eman eta espedientean jaso den txostenaren arabera, proiektuan ageri diren parke eolikoen kokapenaren inguruan daude gune babestu hauek: 1.000 metro ingurura Natura 2000 Sareko Orbaibarko Mendiak (ES2200032); Aragoi ibaiaren Erdiko Tartea (ES2200030) 3,3 km-ra; eta Kaparreta (ES0000151) 10 km-ra. Gune horiek izendapena jaso zuten hegazti harrapari eta sarraskijaleen eta kiropteroen espezieen presentziagatik, 2009/147/EE Zuzentarauko 4. artikuluan edo 92/43/EEE Zuzentarauko II. eranskinean ageri direlako. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskineko 35. artikuluaren eta 8. puntuaren arabera, InIAk berariazko atal bat izan behar du proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen ebaluazioari buruz. InIAk identifikatu, kuantifikatu eta baloratu beharko ditu proiektuek gune horien deklarazioa eragin duten espezieen kontserbazio egoeraren gainean izaten ahal dituzten ondorio esanguratsuak, bai eta Kudeaketa Planetan definitutako kontserbazio helburuen lorpenean izaten ahal dituzten ondorioak ere. Era berean, InIAk ebaluatu behar ditu proiektuak Natura 2000 Sareko guneen arteko konektibitatean eta koherentzia ekologikoan dituen ondorioak. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak adierazten duenez, oro har, Natura 2000 Sareko eremu bateko hegaztien gaineko inpaktua ebaluatu beharko da, baldin eta haize parkearen proiektua haren barnean badago, mugatik 10 km-tik behera badago, mugatik 15 km-ra harrapari handiak badaude eta 50 km-ra sarraskijale handiak badaude. SEO/BirdLifek txostenean adierazten du, halaber, kontuan hartu beharko direla hezeguneak, 15 km baino gutxiagora baldin badaude, kasu honetan, Pitillasko aintzira.

Sustatzaileak erantzun du Ingurumen Inpaktuaren Azterketa (InIA) eguneratua ohiko ingurumen ebaluazioa hasteko eskaerarekin batera doala, eta zehatz-mehatz erantzuten diela ingurumen organo horrek egindako txostenean jasotzen diren jarraibideei. Besteak beste, Natura 2000 Sarean dituen ondorioen ebaluazioa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluaren eta VI. eranskinaren arabera.

Paisaiari dagokionez, proiektatutako instalazioen inpaktuari eta paisaia integrazioari buruzko azterlan bat erantsi du InIAk (3. eranskina). Azterlanak ikusizko ingurunearen inbentarioa egiten du, eta ingurunearen kalitate eta hauskortasun bisualaren analisia eta proiektuen ikuspen eta esposizio bisualaren analisia egiten du. Sustatzailearen arabera, proiektuaren eremuko paisaia osoa kalitate ertainekoa da, eta hauskortasun ertain-baxukoa. Aerosorgailu bakoitzaren inguruan 10 km-ko erradioan kalkulatutako ikusizko arroa aztertzen du lanak. Mugaketa horren oinarria da distantzia horretatik harago proiektatutako instalazioek paisaian izanen duten arrastoa oso txikia izanen dela. Sustatzaileak baloratzen du ukipen kritikoa azterketa eremutzat hartutako lurraldearen %0,01ean bakarrik gertatzen dela. Instalazioen intrusioak ikuspegian neurrizko inpaktua eragiten duen azalera %0,44 da. Inpaktua bateragarria da aztertutako eremuaren %57,23an. Instalazioak ezin dira ikusi aztertutako lursailaren %42,33an.

Alegazioa aurkeztu duten elkarteek eta partikularrek proiektuaren ezarpenak paisaiaren balioetan eragiten dituen ukipenak aipatzen dituzte, bereziki aerosorgailuen ezarpen eremuko paisaia unitateetan, balio natural, estetiko, historiko eta kultural handiko lekuak direlako. Espedientean jasota dago Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalaren txostena. Bertan adierazten da aerosorgailuen ezarpen eremua «Uxueko Mendilerroa (mendebaldea )» PU Paisaia Unitatean sartuta dagoela, eta Arreta Bereziko Paisaia gisa sartutako enklabe bati eragiten diola («San Martin Basoa» ABP). Unitateak Gerinda Mendilerroaren hegoaldeko isurialdea eta Uxue Mendilerroaren mendebaldea hartzen ditu. Eremu horretan, baso-matrizea da nagusi eta, gainerako elementuen gainetik, banalerroetako gailurretan dauden 6 parke eolikoetako aerosorgailuak nabarmentzen dira. Aipatutako Paisaia Unitatearen helburuen artean, berariaz aurreikusten da Gerinda eta Uxue mendietako biodibertsitatea hobetzea, lurraldeen arteko lotune gisa duen balioa babesteko.

InIAk baloratzen du instalazioen presentziaren inpaktu sentsorial eta estetikoen ondorioz paisaiari eraginen zaion inpaktua, ustiapenaren fasean, eta neurrizkotzat jotzen du. Sustatzaileak proposatu du, neurri zuzentzaile gisa, dauden mendi muino txikietan eta aerosorgailuen inguruan landaredi naturala egotea eta kontserbatzea. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren, intrusio bisualaren hondar inpaktua bateragarritzat jotzen du sustatzaileak.

Metatze eta sinergia efektuak; proiektatutako energia eolikoko instalazioak eraikitzeak eta ustiatzeak sor ditzakeen metatze eta sinergia efektuak aztertzen ditu InIAk (9.7 kapitulua eta 6. eranskina). Azterketa eremu gisa parke eolikoaren inguruko 5 km eta 15 km-ko inguratzaileen barruko eremuak hartzen dira. Aztertutako proiektuaren ondorioekin metaketa eta/edo sinergiak eragiten ahal dituen azpiegitura eta proiektu gisa, kontuan hartzen dira, funtsean, parke eolikoak eta goi-tentsioko linea elektrikoak. Kontuan hartutako beste azpiegitura eta jarduera batzuk errepideak, kokalekuak, bideak, nekazaritzako jarduerak eta trenbideak dira. Lanak 20 parke eoliko kokatzen ditu 15 km-ko erradioko eremuan; hamazortzi zerbitzuan eta beste bi izapidetan ari direnak. Guztira 424 aerosorgailu zenbatu dira, 410 zerbitzuan, 286,9 MW-ko potentzia instalatuarekin; eta 14 aerosorgailu gehiago, 73,5 MW-rekin, izapidetan.

Proiektua gauzatzeko fasean, ondorio sinergiko eta metagarri adierazgarriak detektatzen dira landaredian, Batasunaren intereseko habitatetan eta faunan. Faunaren gaineko eraginak, faunaren habitaten gaineko eraginaren ondorioz, neurrizkotzat jotzen dira. Landarediaren eta BIH moten gaineko efektuak bateragarritzat jotzen dira. 6. eranskinean kuantifikatu dira 54,71 ha gehiago, ebakuazio lineak gauzatzeak zuzenean edo zeharka ukitzen duen landarediaren azaleran; horiez gain, 23,91 ha ukitzen dira, parke eolikoaren eremuan, InIAren «11.2.4 Landarediaren gaineko eraginak» atalean adierazitakoak. Ustiapenaren fasean, InIAk ondorio sinergiko eta metagarri adierazgarriak detektatzen ditu ingurune atmosferikoan, landaredian, faunan, ingurune sozioekonomikoan eta populazioan, bai eta lurraldearen erabileretan ere. Faunaren gaineko kalteak, faunaren habitaten gaineko ukipenen ondorioz, neurrizkotzat jotzen dira. Landarediaren gaineko ukipenak eta faunari eta ehiza erabilerei eraginen zaizkien eragozpenen ondorioak bateragarritzat jotzen dira. Adierazgarri gisa detektatu diren gainerako efektuak positibotzat edo oso positibotzat jotzen dira.

Azpiegitura eolikoaren eta ebakuazioko linearen aurkako talken ondorioz faunan gertatzen diren efektu sinergiko eta metagarrien balorazioan, sustatzaileak aztertu du eremu horretan aerosorgailuen kopuruak izan duen gorakada, 424 izatetik 430 izatera igaro baitira. Dauden parke eolikoetan antzemandako batez besteko istripu tasa aztertu du (hegaztiak/sorgailua/urtea eta saguzarrak/sorgailua/urtea). Eta ezbehar tasak urtez urte behera egiteko joera du.

Sustatzaileak uste du ondorioak minimoak, zuzenak, metatuak, epe laburrekoak, iraunkorrak, itzulgarriak, berreskuragarriak eta jarraituak izanen direla. Hala ere, intentsitate txikikoak, puntualak, gertatzeko probabilitate ertainekoak, iraunkorrak eta epe laburrera itzulgarriak izanen dira eta, beraz, InIAk moderatutzat jotzen ditu.

Elkarte alegatzaileek uste dute eremua halako instalazioez benetan gainezka dagoela, eta adierazi dute eragin sinergikoak eta metagarriak daudela, beren idazkietan azpimarratzen diren ingurumen faktore guztientzat, batez ere faunarentzat, talka arriskuagatik, hesi efektuagatik eta paisaiagatik. Lergako Udalak adierazi du sinergien inpaktuak joko dituela dagoeneko eraikita dauden parkeak, eta haietan produkzio galerak izanen direla, eta proiektatzen den parkean, berriz, bideragarritasun galerak. SEO/BirdLife elkartearen txostenak adierazten du zer hesi-efektu sortuko den «Gerinda» (1.574 metrora) eta «Txutxu» (375 metrora) dauden parkeetako aerosorgailuen hurbiltasuna kontuan hartuta. Era berean, Natura 2000 Sareko Orbaibarko Mendiak eremuaren kontserbazio helburuetan sinergia efektua dagoela adierazi du, izan ere, mendilerro osoa eolikoek estaltzen dute luzera osoan, eta horrek fauna hegalarien gaineko eragin metagarria izanen du. Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalaren txostenaren arabera, kontuan hartu beharko dira instalazio eolikoek eremuko paisaiaren faktorean duten eragin metagarria, proposatzen den esku-hartzearen eskala eta esku-hartzearen benetako ukipen eremua. Ingurumen Ebaluazioko Atalaren txostenak adierazten duenez, sei parke eolikoak egungo «Txutxu» parke eolikotik gertu daude, dorreen artean 500-1.400 metroko tartea utzita; eta haren eta «Gerinda 1» eta «Gerinda 2» parke eolikoen artean. Proiektatutako aerosorgailuak halako egitura handirik gabeko korridore batean kokatzen dira, Lergako portuaren hegoaldeko mendietan. Lerrokadura proiektatzen da hegazti harrapariek eta planeatzaileek, eguneroko mugimenduetan edo migrazioetan, erabiltzen ahal duten mendi-lerro batean, Lergako portuko pasabide naturala zeharkatzean, Erriberri-Pitillas eta Eslabako lur lauagoen artean. Sustatzaileak behar bezala ebaluatu behar ditu proiektatutako azpiegiturek, dauden parke eolikoekin batera, fauna hegalarian izan ditzaketen metatze eta sinergia ondorioak. Ondoriorik adierazgarrienak, ziur aski, talka/barotraumaren ondoriozko heriotza tasaren igoeratik, hesi-efektutik eta huts-efektutik edo habitataren harrera ahalmenaren galeratik eratorriko dira.

Sustatzaileak konpentsazio neurri batzuk proposatu ditu, proiektuaren hondar-inpaktua murrizteko: konpentsazioko landaketak, linea elektriko partikularrak egokitzea, GPS igorgailuekin markatzea, Bonelli arranoaren populazioa indartzeko ekintzak, barne direla espezie horren zenbait ale askatzea, eta Naumann belatzaren populazioa indartzea.

Espedientea aztertu ondoren, eta gorago adierazitakoaren arabera, ingurumen organo honek jakinarazi du proiektatutako parke eolikoa aerosorgailurik gabeko pasabide batean kokatzen dela, eta Lergako portua ixten duela hegoaldetik, San Martin eta San Gines sakanen artean. Ezarpen eremuak ingurumen eta paisaia balio garrantzitsuak ditu, aztertzen ari garen eremuan. San Martin Unxko «El Monte» parajea erkametz eta karraska baso bat da, Los Angeles eta San Gines sakanetan garatzen dena, eta mendi mazeletan gora igotzen dena, aerosorgailuak aurreikusten diren gailurreraino. Basoa kartografiatuta dago habitat mota hauen barruan: 9240 BIH, erkametzezko harizti iberikoak, eta 9340 BIH, artadiak eta karraskadiak. Harizti hau Nafarroako onura publikoko mendien katalogoaren barruan jasoa dago. Goiko eremuak, aerosorgailuak proiektatzen diren lursail guztiak barne, ingurumen balioko babes bereziko eremutzat hartzen dira Nafarroako lurralde plangintzan, lurralde arteko konektibitateagatik. Hegazti faunaren azterketan egiaztatu da hegazti migratzaileek erabiltzen dutela eremua, hala nola, antzara hankagorriztak, koartza hauskarak edo arrano arrantzaleak. Ingurumen inpaktuaren azterketak (InIA) ez du aurreikusi proiektuak fauna hegalarian izanen dituen ondorioak direnik, ez hesi-efektua, ez huts-efektuaren ondoriozko habitat galera ere. Era berean, ez da aztertu lehendik dauden parke eolikoek dakarten hesi-efektua, ezta alderdi horretan proiektatutako azpiegiturekin izan dezaketen sinergia-efektua ere; halaber, ez da aztertu zer izaera metagarri izan dezakeen.

Aerosorgailuen ezarpen-eremuan zenbait harrapari eta saguzar katalogatu daudela egiaztatu du InIAk; espezie horiei eskualdeko eta estatuko babes bereziko erregimenetan dauden basa-espezieen zerrendetan sartutako espezieen zerrenda luzea gehitu behar zaie. Aerosorgailuen kokapenetan talka egitearekin bateragarriak diren ibilbideak dituzten hegaldiak erregistratu ditu InIAk. Ingurumen organo honek adierazgarritzat jotzen ditu sei harrapari espezieek detektatutako talkekin bateragarriak diren ibilbideetan erakusten dituzten tasak. «Galtzeko arriskuan» katalogatutako miru gorriaren kasuan: hegaldien tasa osoak kontuan hartuta (behatutako aleak/behaketa-orduak); aintzat hartuta urtean zehar instalazioek izanen dituzten funtzionamendu orduak (gutxienez 2.500 ordu); eta talkari ihes egiten dioten hegaztien tasak %99tik gorakoak direla suposatuta ere, aurreikusitako hilkortasun tasak urteko hegazti batetik oso gora daude.

Aerosorgailuen eremuan detektatutako harrapari gehienak 2009/147/EE Zuzentarauaren 4. artikulua aplikatzen zaien espezieak dira, eta haiengatik izendatu eta deklaratu ziren inguruan dauden Natura 2000 Sareko lekuak. Espezie horietako batzuek balio adierazgarria (C), ona (B) edo bikaina (A) dute Natura 2000 Sareko eremurako. Esate baterako, arrano sugezale europarra (B), arrano txikia (B), miru beltza (C) eta miru gorria (C) Orbaibarko Mendiak KBErako. Miru gorria (C), sai zuria (B) eta sai arrea (A) Aragoi ibaiaren erdiko tartea KBErako. Arrano beltza (B), Bonelli arranoa (C), belatz handia (B), sai arrea (A) eta sai zuria (B) Kaparreta HBBErako. «Hegazti harrapariak» eta «Bonelli arranoa eta beste hegazti harkaiztar batzuk» kontserbazio helburuak dira, Orbaibarko Mendiak eta Aragoi ibaiaren erdiko tarteko KBEetarako onartutako kudeaketa planetan zehaztutakoak. Energia eolikoaren ekoizpena kalifikatuta dago, Orbaibarko Mendiak KBEaren kudeaketa-planean, «mehatxuak, presioak eta inpaktua duten jarduerak» aztertzean, inpaktu negatibo, garrantzi handiko eta espazioaren barruan zein kanpoan ukipena duen inpaktu gisa. Kudeaketa planaren arabera, «KBEaren eremuan metatzen da Nafarroako haize-sorgailuen dentsitaterik handiena. Lekuaren inguruko 10 km-ko erradioan, gaur egun, 466 haize-sorgailu daude 20 parketan banatuta (2019ko datuak), hau da, egun Nafarroan funtzionamenduan ari diren haize-sorgailuen %38. Hori dela eta, inguru horretan oso maiz hiltzen dituzte hegazti harrapariak eta kiropteroak azpiegitura horiek. 1999-2018 aldian hegaztien eta kiropteroen 2460 intzidentzia erregistratu dira KBEaren inguruan, 10 km-ko erradioan. 960 hegazti harrapari baino gehiago hil dira, eta 150 kiroptero. Honako hegazti hauek izan dituzte baja gehien: G. fulvus (751), Milvus milvus (38), Circaetus gallicus (36), Hieraaetus pennatus (17) eta B. bubo (8)». Miru gorriaren, miru beltzaren, arrano txikiaren eta arrano sugezale europarraren kontserbazio egoera hobetzeko, kudeaketa planaren helburu espezifiko gisa, honako hau definitzen da: «Hegaztien heriotza tasak %75 murriztea aerosorgailu guztietan, KBEaren mugetatik 15 km-ra bitarteko ingurunean».

Ingurumen organo honen ustez, proiektatutako jarduerek fauna hegalariaren gainean eraginen dituzten efektu adierazgarriak, talka/barotraumaren ondoriozko hilkortasun ez-naturaleko arriskua handitzearen ondorioz, hesi-efektuaren edo konektibitate galeraren eta huts-efektuaren ondorioz, larriagotu eginen dira, proiektuak ingurunean dauden energia eolikoa sortzeko azpiegiturekin duen sinergia-efektu nabarmenaren ondorioz. Metatze izaera adierazgarria ere izanen dute, denbora luzez era eremu zabal batean kaltetuko baitituzte kontserbazio egoera txarrean dauden espezieak (katalogatuak) eta bizi luzeko espezieak; espezie horietan, parametro demografiko sentikorrenak dira helduen eta heldu aurreko aleen biziraupena.

Sustatzaileak ez ditu behar bezala aztertu proiektuak funtzionamendu fasean Natura 2000 Sarean izan ditzakeen ondorioak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskineko 35. artikuluaren eta 8. puntuaren arabera. Nolanahi ere, ingurumen organo honek, espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren eta ebazpen honetan azaldutakoarekin bat etorriz, uste du badituela nahikoa judizio elementu zehazteko proiektuak inpaktu adierazgarriak eraginen dituela Natura 2000 Sareko lekuen izendapena ekarri dituzten espezieen kontserbazio egoeran, eta eragina izanen duela onartutako kudeaketa planetan zehaztutako kontserbazio helburuetan.

Konpentsazio neurriei dagokienez, ingurumen organo honek uste du ez daudela behar bezala zehaztuta, lokalizatuta, kuantifikatuta, aurrekontuan jasota eta bermatuta, haien gauzapenean eta eraginkortasunean. Nolanahi ere, konpentsazio neurriak salbuespenezko neurriak dira, eta saiheste eta arintze fasearen ondoren aplikatzen dira, ingurumenaren aldetik bideragarriak diren proiektuen hondar-inpaktuen aurrean.

Gorago aztertu dugunaren ondorioz, ingurumen organo honek uste du proiektatutako jarduerak gauzatzeak inpaktu adierazgarriak izanen dituela «kaltebera» eta «galzorian» gisa katalogatutako espezieetan, bai eta ukituko diren Natura 2000 Sareko eremuak izendatzea ekarri zuten espezieetan ere, eta onartutako kudeaketa planetan zehazten diren kontserbazio helburuetan ere bai. Efektu horiek are larriagoak izanen dira faktore horien gainean inguruko parke eolikoekiko sinergiek eta metatze-efektuek eraginen dituzten ondorioak kontuan hartzen direnean. Horren ondorioz, ingurumen organo honek uste du ebaluatutako parke eolikoen proiektuak bideraezinak direla ingurumenaren aldetik, baita ingurumen inpaktuaren azterketan aurreikusitako prebentzio, zuzentze eta konpentsazio neurriak aplikatu ondoren ere.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoan azaldutakoa ikusirik, Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatzen du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura modu egokian bete dela, eta azaldutakoarekin bat eginez, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena formulatzen da parke eolikoen proiektu hauentzat: «Sextante», «Singladura», «Azafea», «Maren del Mundo», «Las Marismas» eta «La Casa del Palo» eta haien transformazio eta ebakuazio egituentzat; San Martin Unx, Lerga, Erriberri eta Tafallako udalerrietan kokatzen dira, eta sustatzaileak dira, hurrenez hurren, Arena Green Power Ren 237 SLU; Arena Green Power Ren 238 SLU; Arena Green Power Ren 235, SLU; Arena Green Power Ren 236, SLU; Enigma Green Power 21 SLU eta Enigma Green Power 15 SLU. Arrazoia da identifikatu dela ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak eragiteko arriskua, eta proposatzen diren neurriak ez direla berme aski horien prebentzio, zuzenketa edo konpentsazio egokirako.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atalari eta Ingurumeneko Basozainen Ataleko Tafalla-Zangoza aldeko Koordinazio Unitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEAREN EMAITZA

Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri ditu, 30 egun balioduneko epean, honako haize-parke hauen proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterlanak: «Sextante» (1261-CE), «Singladura» (1262-CE), «Azafea» (1263-CE), «Mares del Mundo» (1264-CE), «Las Marismas» (1292-CE) eta «La Casa del Palo» (1293-CE), bakoitza 4,99 MW-koa; barne daude haien transformazio eta ebakuazio azpiegiturak; udalerri hauetan kokatzen dira: San Martín Unx, Lerga, Erriberri eta Tafalla; sustatzaileak dira Arena Green Power Ren 237, SLU («Sextante»), Arena Green Power Ren 238, SLU («Singladura»), Arena Green Power Ren 235, SLU («Azafea»), Arena Green Power Ren 236, SLU («Mares del Mundo»), Enigma Green Power 21, SLU («Las Marismas») y Enigma Green Power 15, SLU («La Casa del Palo»).

Zazpi alegazio idazki jaso dira.

–1. alegazioa. Euskal Herriko Nekazarien Elkartea Nafarroan (EHNE Nafarroa).

–2. alegazioa. Erriberri Aribe Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Sozietate Zibila.

–3. alegazioa. Sustrai Erakuntza Fundazioa.

–4. alegazioa. Isaac Rodero Echarri jauna.

–5. alegazioa. Adelaida Garcia Rives andrea.

–6. alegazioa. Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.

–7. alegazioa. Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan.

Eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta tramitearen emaitza.

Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharrez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak erakunde hauek kontsultatu ditu, eta taulan adierazitako txostenak jaso ditu:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

San Martin Unxko Udala

Erriberriko Udala

X

Tafallako Udala

Lergako Udala

X

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala

X

Ustiapen Atala (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Herri-lurren Atala (Abelbideak)

X

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

SEO/BirdLife

X

Ekologistak Martxan

Red Eléctrica de España SAU

X

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

Telefonica S.A.

LYNTIA NETWORKS SA

Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF)

X

ENAGA SA

Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia

Acciona Generación Renovable, SA

Aguacanal

X

Iragarkiaren kodea: F2512862