209. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2184/2025 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau gara dezaten: "BIOANCIENT".

2025eko urriaren 9an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "BIOANCIENT" ikerketa-proiektua garatzeko, 1 motako proiektuko lankide doktore gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Ignacio Raúl Matías Maestro da, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.

Aintzat hartuta Irakasle eta Ikertzaileak Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen txosten proposamena, zeina ontzat eman baitu Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau gara dezaten: "BIOANCIENT".

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2025eko urriaren 10ean.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.

HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA, IKERTZAILEAK LAN ARAUBIDEAN KONTRATATZEKO HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARA DEZATEN: "BIOANCIENT"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan araubidean kontratatzeko ikerketa-proiektu hau gara dezaten: "BIOANCIENT".

–Maila profesionala: 1. motako proiektuko lankide doktorea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak:

  • 1. egitekoa. Proiektuaren metodologia garatuko da, eta azterketaren fase bakoitzean erabiliko diren metodoak eta teknikak zehaztuko dira. Prozedura esperimentalak zehaztuko dira, datuen bilketa, analisia eta baliozkotzea barne. Zeregin horien berri emanen zaio InsAIght enpresari, eta hark ekarpen zientifikoak eginen ditu.
  • 2. egitekoa. Zenbait jatorritako proteinen gaineko transkripzio osteko aldaketak (PTM) modelizatuko dira eta in vitro probatuko dira. PTM aldaketa-eredua baliozkotzeko xede-proteina espezifikoak hautatu ondoren, PTMan parte hartzen duten eta hura induzitzen duten agenteen kontzentrazio desberdinak probatuko dira in vitro, eta PTMa detektatzeko zenbait saiakuntza erabiliko dira.
  • 3. egitekoa. Zelula-kultiboak eginen dira eta proteinak erauziko dira zenbait organismotatik (bakterioak, landareak, animaliak...), gatzgabetu eta PTMak induzituko dira, 1. eta 2. egitekoetako in vitro azterketetan zehaztutako baldintzak erabiliz. Tratatutako proteinak erredox proteomika bidez aztertuko dira.
  • 4. egitekoa. InsAIght bidez koordinatzea, hautatutako proteinen sekuentzietan mutazioak sar ditzan, haien PTM maila indartzeko. Proteina horiek, eta haien bertsio naturalak, neurriz gain adieraziko dira bakterio sistemetan, eta biologia molekularreko eta proteomikoko teknika aurreratuen bidez garbitu eta karakterizatuko dira.
  • 5. egitekoa. Sortutako PTMak identifikatuko eta kuantifikatuko dira, eta ebaluatuko da PTMek zer nolako eragina duten proteina horiek zahartzeari eta estres zelularrari dagokienez duten funtzio modulatzailean.
  • 6. egitekoa. Zer PTM gertatu diren identifikatzeko eta zein mekanismo biokimikok eragin dituen ulertzeko erabili ohi diren tresna eta aplikazioak erabiliko dira lortutako datu esperimentalak prozesatzeko. Gainera, InsAIghtek eta NUPek PTMSeq garatuko dute, hau da, PTM guneak eta haiek proteinen funtzionaltasunean duten eragina aurreikusteko diseinatutako AA sistema bat.

–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin.

–Iraupena: mugagabea, "BIOANCIENT" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak– bere eranskinean ezarritakoak, 2025. urtera egokituak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua eta FEDER Funtsak.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritartasuna izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Aurreko apartatuetan sartzen ez diren eta Europar Batasunekoak ez diren izangaiek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta Espainian legezko egoeran badaude eta Espainian bizitzeko eta lan merkatuan mugarik gabe lan egiteko baimena ematen dien dokumenturik badute.

b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.

c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8734&block=PDI-RR-HH_1096&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsitako dokumentazioa" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, baztertzeko arrazoiak izanen dira eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere Unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du horrek, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere zerrendaren ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste inongo lanpostutarako kontraturik eskainiko, salbu eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: José Fernando Morán Juez, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Ignacio Raúl Matías Maestro, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.

Batzordekidea: Esther María González García, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: Estibaliz Larrainzar Rodríguez, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: María Isabel Rubia Galiano, irakasle laguntzaile doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: José Antonio Oguiza Tomé, unibertsitateko irakasle titularra, Osasun Zientzien Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.

Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die batez ere datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, betiere ez badira Hautaketa Batzordeak emanak, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: TITULUAK ETA ESPEDIENTE AKADEMIKOA

Puntuak

10

Titulazioaren espediente akademikoa proportzionalki baloratuko da, 2 punturekin gehienez ere. Aurkeztutako titulazioa Biologiako edo Biologia Zientzietako, Biokimikako edo Bioteknologiako diploma, gradua edo lizentzia edo baliokidea bada, espedientearen emaitza 5 faktorearekin biderkatuko da. Aldiz, titulazioa Nekazaritzako Ingeniaritza, Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua edo baliokidea bada, 3 faktorearekin biderkatuko da, eta bestelako titulazioa bada, 1 faktorearekin.

2. APARTATUA: EGIN BEHARREKO JARDUEREKIN LOTUTAKO IKERKETA LANAK

Puntuak

50

1-7 egitekoekin lotutako jarduerak gauzatzen eskuratutako esperientzia tekniko profesionala baloratuko da:

–Landareen kontrol lerroak eta transgenikoak mantendu eta haztea. Landareak egoera axenikoetan haztea haiek in vitro landatuz.

–Oximak edo beste oxido nitriko emaile batzuk erabiliz esperimentatzea landare edo animalietan. Poliaminak tratamendu gisa erabiliz esperimentatzea.

–Proteinen analisirako eta biologia molekularreko oinarrizko teknikak erabiltzea esperimentuak egiteko eta haien jarraipena egiteko: esperimentuak egiteko eta haien jarraipena egiteko, proteinen analisirako eta biologia molekularreko oinarrizko teknikak erabiltzea: elektroforesi bertikala gelean, western hibridazioa, proteinen detekzioa gelean. Elektroforesi horizontala agarosa-gelean, PCR bidezko anplifikazioa eta analisia, klonazioa.

–Teknologia proteomikoak erabiltzea, eta emaitzak informatika-tresnak erabilita ebaluatzea, bai eta estatistika-prozesatzekoak ere, landareen edo animalien analisietan.

–Mikroskopia-teknikak. Biologia zelularraren arloan esperimentatzea, mikroskopia optiko konbentzionaleko, epifluoreszentziako mikroskopiako eta mikroskopia konfokaleko tekniketan oinarrituta.

Gehienez 5 puntu emanen dira "JCR-Citation Index" delakoaren Q1 indizeko aldizkari zientifikoetan argitaratutako ikerketa-lan bakoitzeko, proiektuaren gaiarekin bat datozen kategorietan (batez ere, baina ez esklusiboki), hau da, honako hauetan: "Plant Science", biochemistry", eta "Multidisciplinary Sciences". Balorazioa egiteko, lanek goian deskribatutako 5 egitekoekin duten lotura hartuko da kontuan. Ikerketa-proiektuak finantzatzen dituzten erakundeek kalitateko ikerketari garrantzi handia ematen diotenez, kategoriaren rankingean goragoko %10ean dauden aldizkarietako (P10 ere deituak) argitalpenen balorazioa x2 biderkatuko da; eta rankingaren barneko inpaktu-indizea 10etik gorakoa bada, argitalpenaren puntuazioa x4 biderkatuko da (gehienez ere 20 puntu argitalpen bakoitzeko), betiere epaimahaiak argitalpen horietako bakoitza goi mailakoa dela eta, beraz, puntuazio handi hori merezi duela iritzi badio.

Parte-hartzaile bakoitzak adierazitako 5 puntu horietako bakoitzean lortutako puntuazioa normalizatu eginen da talde bakoitzaren barnean. Horrela, onenari 10 puntuko puntuazioa emanen zaio, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

3. APARTATUA: BESTE MEREZIMENDU BATZUK

Puntuak

10

Nazioarteko mugikortasuna: 1 puntu emanen da Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dauden atzerriko unibertsitateetako ikerketa zientifikoko zentroetan egindako urte bakoitzeko (gehienez ere 5 puntu), betiere egonaldia 3 hilabetekoa edo gehiagokoa bada.

Atzerriko hizkuntzen erabilera: 1 puntu emanen da atzerrian egondako urte bakoitzeko, betiere atzerriko herrialde horren hizkuntza ofiziala gaztelania ez bada (gehienez 5 puntu). 3 hilabete edo gehiagoko egonaldiak soilik baloratuko dira (hizkuntza-tituluak ez dira baloratuko).

4. APARTATUA: ELKARRIZKETA

Puntuak

30

Elkarrizketa bat eginen da, aurrez aurre (ahal izanez gero), bideokonferentziaz edo telefono bidez. Egitekoak eta haiek egiteko gaitasunak baloratu eta eztabaidatuko dira izangaiekin.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 3. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2513282