Iragarkia
207. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
97E/2025 FORU AGINDUA, irailaren 29koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2025-2026 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 859581.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, institutuko bertako Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, laguntza horien bidez jarduera fisikoak eta kirol jarduerak sustatzeko eginkizuna du, Nafarroako gizarte osoaren eta, bereziki, premia handiena duten kolektiboen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarriz toki entitateen eta beste entitate batzuen eskura.
Alde horretatik, deialdi honen bidez, sustatu nahi da toki entitateek 5 eta 10 urte bitarteko neska-mutilentzako kirol anitzeko programak antolatzea, eta, horretarako, umetatik hasita jolas-jarduera fisiko antolatu eta egituratuan aritzea sustatzeko eta garatzeko beste modu bat izanen da.
Programak 2025eko irailaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte garatuko dira, eta hainbat jarduera eskaini behar dituzte, jarduera fisikoan eta kirolean hasteko adinetan oinarrizko mugimendu-trebetasunak eta pertzepzio- eta mugimendukoak hobetzeko xedearekin, espezializazio goiztiarraz beste modu batera.
Deialdiak urte anitzeko gastu-espedientea dakar; izan ere, 2025-2026 ikasturtearekin batera garatzen bada ere, gastuak 2026ko ekitaldiari eragiten dio. Esan beharra dago 2025ean ez dagoela krediturik programen gastuak ordaintzeko irailetik abendura bitartean, eta deialdi honek ez luke zentzurik izanen ezin balira gastu horiek estali 2026ko aurrekontuarekin.
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2025-2026 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2026 | 40.000,00 |
4. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko irailaren 29an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, 2025-2026 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat.
Dirulaguntza hauek erabiliko dira zati batean ordaintzeko 2025eko irailaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean eskainitako eta gauzatutako kirol anitzeko programak antolatzeak, kontrolatzeak eta garatzeak sortutako defizitak.
2. Helburua.
2.1. Programa hauen helburua da 5 eta 10 urte bitarteko umeek ariketa fisikoa modu antolatuan egin dezaten sustatzea, kirol espezializazio goiztiarra alde batera utzi eta adin horretan ariketa fisikoa egiteko egokiagoak diren ereduak bilatuta.
Horregatik guztiagatik, jarduerek ikuspegi integrala izanen dute, eta garapen pertsonala, soziala eta mugimenduarena izanen dute helburu; horrekin batera, helburua da bizitza aktiboko ohiturak sortzea eta onurak lortzea osasunaren eta ongizatearen arloan.
Kontuan hartuta lehiaketa ez dela inoiz azken helburua izanen, lehentasuna izanen da planteatutako jarduera fisiko guztien bidez balioetan heztea, honakoetan besteak beste: errespetua, joko garbia, adiskidetasuna, mugak gainditzea, inklusioa, berdintasuna eta abar. Balio horiek, adin horietatik hasita transmititu eta irakasten badira, eguneroko bizitzara eramaten ahalko dira.
2.2. Aurkeztutako programak bermatu beharko du jardueren eskaintza hezkidetzako parametroen arabera diseinatzen eta antolatzen dela, sexuaren araberako bereizketak egin gabe, horrela, "emakumeentzat" edo "gizonentzat" izaten ohi diren kirol jardueren estereotipoak hausteko.
Aurkezten diren programek, aurreko puntuan zehaztutako helburuak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak ere eduki beharko dituzte.
3. Entitate onuradunak.
3.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratutako toki entitateek jasotzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, baldin eta 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako kirol anitzeko programak sustatzen badituzte eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3.2. Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren deialdi espezifikoagoetan sartzen diren kirol anitzeko programak.
4. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat kirol anitzeko programak gauzatzen dituzten toki entitateek.
4.2. Deialdi honen barnean sartzen dira kapital osoa udalarena duen merkataritzako sozietate baten bidez kirol jarduerak antolatzen dituzten toki entitateak.
4.3. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
–Diruz lagundutako programak aurrera eramateko eginkizunen bat betetzen duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
–Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
–Inola ere ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osoa edo partziala. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.
5. Deialdiaren zenbatekoa.
5.1. Deialdi honetara, guztira, 40.000 euro bideratuko dira, honako aurrekontu-partida honen kontura: A50002-A5100-4609-336100 partida, "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izenekoa, edo 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2025eko irailaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean gauzatzen diren kirol anitzeko programetarako gaitzen den partida ekonomikoaren kontura.
5.2. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
6. Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak dira kirol anitzeko programaren izaerari erantzuten diotenak eta programa garatzen den aldiari dagozkionak, hala nola:
a) Kirol-zuzendariaren eta programa garatzeaz arduratzen diren monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak (Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean jasotako eginkizunak). Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren zerbitzu-kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.
c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsikorra erostea.
d) Programa eta jarduerak garatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk (aurrekontuan eta justifikazioan zehaztu behar dira, bestela ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko).
e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.
f) Parte-hartzaileen joan-etorriak.
g) Osasun laguntza: anbulantzia gastuak eta osasun zerbitzu teknikoarenak.
h) Kirol jarduerak eta jarduera fisikoak zuzentzen dituzten langileei lehen sorospenetako prestakuntza emateko gastuak.
7. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Dirulaguntza eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
7.3. Dirulaguntzen eskaerak eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.
7.4. Deialdiaren eranskin guztiak eskuragarri daude Tramiteen Katalogoko dagokion fitxan. Nafarroako Kirolaren eta Jardueraren Institutuaren webgunetik sartzen ahalko da bertara: https://www.deportenavarra.es/eu.
8. Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.
Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:
1. Eskabide-orria (IV. eranskina), 4.3 oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena (ezinbestekoa da ziurtatzea entitateak egunean dituela Nafarroako Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kontsulta egiteko baimena emanez edo eskaerarekin batera ziurtagiriak aurkeztuz).
2. Kirol anitzeko programa/memoria (V. eranskina).
3. Aurrekontua (VI. eranskina).
9. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
10. Antolamendua eta instrukzioa.
Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna.
11. Balorazio irizpideak.
III. eranskinean ezarrita dago baremoa, eta bertan zehazten dira balorazio irizpideak, bakoitzari dagokion haztapenarekin. Balorazio horri esker, entitate eskatzaileen arteko hurrenkera ezartzen ahalko da.
Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei.
12. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.
12.1. Deialdi honetako laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko 11. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera (III. eranskina).
12.2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak 6.000 euro bitarte bideratzen ahalko ditu programa bakoitza finantzatzeko, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.
12.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, horretarako III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuta. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.
12.4. Lehen banaketan kreditu erabilgarria ahitzen ez bada, gainerako saldoa toki entitate guztien artean banatuko da, lortutako puntuen proportzioan, kreditua ahitu arte. Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntzak, guztira, handitzen ahalko du programa bakoitzeko gehieneko zenbatekoa, 6.000 eurokoa. Hala ere, ezin izanen da inola ere gainditu aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.
13. Ebazpenak.
13.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki entitate onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.
13.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.
13.3. Informazioa zabaltzeko asmoz baino ez, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuaren webguneko Tramiteen Katalogoan argitaratuko dira.
13.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
13.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
13.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.
14. Justifikaziorako dokumentazioa.
Justifikaziorako dokumentazioa 2026ko ekainaren 12ra arte (egun hori barne) aurkeztuko da, kirol anitzeko programa hasten denetik 2026ko maiatzaren 31ra arte edo programa bukatzen den egunera arte egindako gastuengatik; dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko da, agiri bereizietan, bakoitza bere izenarekin behar bezala identifikatuta.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1. Programaren memoria (V. eranskina). Eskabidean bidali eta bete den agiri bera betetzea.
2. Emaitzen kontua (VII. eranskina), diruz lagundutako programari dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.
–Programa hasi baino 15 egun lehenagotik 2026ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuen fakturak onartuko dira.
–Faktura guztien ordainketa data programa hasi baino 15 egun lehenagotik 2026ko ekainaren 12ra artekoa izanen da.
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena (VII. eranskina).
Pertsonal-gastuen justifikazioari dagokionez, IX. eranskinaren bidez egiaztatu edo ziurtatu beharko da PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoen sarrera egin dela Nafarroako Zerga Ogasunean.
3. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VIII. eranskina).
4. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (IX. eranskina).
Justifikaziorako aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
15. Dirulaguntzaren ordainketa.
15.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta entitateak behin aurkeztu duela 14. oinarrian adierazitako justifikaziorako dokumentazioa; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.
Ordainketa transferentzia bidez eginen da, ordaintzeko ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.
15.2. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak toki entitate bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoan argitaratzearen berri emanen da.
16. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.
17. Betebeharrak.
17.1. Dirulaguntzen onuradunek ematen zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.
17.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
17.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
Era berean, toki entitate onuradunak, egiten dituen kontratazioetan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa bete beharko du.
Alderdi horiek IX. eranskinaren bidez justifikatuko dira. Eranskin hori justifikaziorako dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, 14. oinarrian jasota dagoen bezala.
17.5. Entitate onuradunak beharrezko neurriak eta protokoloak hartuko ditu kirol jarduera segurua izan dadin.
17.6. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
17.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
17.8. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren justifikazioa eskabidean aurkeztuko da.
17.9. Programaren garapenari loturiko eginkizunen batean edo bestean aritzen diren langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Lege organiko horren 57. artikuluak dio ezen, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen dela epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.
Diruz laguntzen diren programetan parte hartzen duten toki entitateek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.
17.10. Toki entitate onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluan (beherago azaltzen da) ezarritako betekizunak. Adierazpen hori IV. eranskinaren bidez eginen da.
48. artikulua:
1. Adingabeekin kirol- edo aisia-jarduerak egin ohi dituzten entitateek betebehar hauek dituzte:
a) Administrazio publikoek kirolaren eta aisiaren eremuan ezarritako jarduketa protokoloak aplikatzea (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketa protokoloa).
b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla adingabeen babeserako protokolo horiek.
c) Babes-ordezkaria izendatzea, harengana jo dezaten adingabeek beren kezkak adierazteko; hura arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betearazteaz, bai eta behar diren komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatu den kasuetan.
d) Behar diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arrazagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, dela beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, lan egin behar da haurrekin eta nerabeekin beraiekin, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irain eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.
e) Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da.
f) Harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea kirol erakundeen eta gurasoen (edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituztenen) artean.
2. Orobat, entitate horietan lan egiten duten pertsonek, 5. artikuluan aipatutako prestakuntzaz gain, prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasunei eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeari begira.
18. Azpikontratazioa.
18.1. Toki entitate onuradunek azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 bitarte.
18.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.
18.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.
Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduerak egitea, ez osorik ez partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.
20. Ez-betetzeak.
20.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
20.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
21. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen IV. eranskinean informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
22. Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitateek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Deialdi honen aplikazio-egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitateek, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, egintza horiek jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
23. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
II. ERANSKINA.–KIROL ANITZEKO PROGRAMAREN EZAUGARRIAK
1.–Programaren helburu orokorrak.
–Haurren oinarrizko gaitasun fisikoak garatzea oinarrizko mugimendu-trebetasunak eta pertzepzio eta mugimendukoak landuz, haien garapen integrala lortzeko eta espezializazio goiztiarra geldiarazteko.
–Jarduera fisikoarekin lotutako bizi-ohitura osasungarriak integratzea, ikuspegi ludikoaren eta/edo aisialdiaren bidez, kirol jarduerarekiko atxikimendua sortzeko eta etorkizunari begira bizimodu aktiboa sortzeko.
–Trebetasun sozialak garatzea eta balioak bereganatzea, nabarmendu beharreko hauek, besteak beste: errespetua, joko garbia, inklusioa, adiskidetasuna, mugak gainditzea eta berdintasuna.
–5 eta 10 urte bitarteko eskola-umeek ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kalitatez eta kantitatez.
–Kirola eta jarduera fisikoa egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboetako 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat programan parte hartzea erraztea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).
–Udaleko kirol instalazioak eta baliabideak erabiltzea oinarrizko ariketa fisikoa sustatzeko gune nagusi gisa, hartara kiroldegiaren eta auzoaren arteko lotura soziala sortuko baita, eta horrek asoziazionismo nukleo bat sortzea ekar lezake.
2.–Helburu espezifikoak.
–Pertzepzio eta mugimenduko trebetasunak eta oinarrizko trebetasun motorrak baliatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren askotariko eskakizun errazetara egokitzea, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatu eta kontrolatzea, eta tentsio eta erlaxazio egoerak bereiztea, baita oreka eta desoreka egoerak ere.
–Gaitasun motorra eskuratzea. Horretarako, ezinbestekoa da planteatzen diren egoeretan parte hartzen dutenen trebetasun motorrak, emozioak eta jarrerak behar bezala erabiltzea.
–Gizarte- eta komunikazio-trebetasunak eskuratzea eta enpatia- eta lankidetza-jarrerak, autonomia pertsonala eta erantzukizuna garatzea, bai eta balio hauek ere: errespetua, joko garbia, adiskidetasuna, mugak gainditzea, berdintasuna...
–Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, erritmo egitura sinpleak, keinuak dituzten kantuak, dramatizazioak eta jolas sinbolikoak erabiliz.
–Enpatizatzeko eta lankidetzan aritzeko jarrerak garatzea, baita autonomia pertsonala eta erantzukizuna ere.
–Higiene ohiturak finkatzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko.
–Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta.
3.–Edukiak.
Esperimentazioa errazten eta norberaren mugimendu aukerak garatzen dituzten eduki hauek jaso beharko dira, planteatutako jarduera fisiko eta kirol jarduera gehienetan lantzen diren trebetasunak baliatuz, hala nola batetik bestera mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, baloia edo pilota jotzea, jauzi egitea, eta abar.
A) Oinarrizko trebetasun motorrak eta eta pertzepzio- eta mugimendu-trebetasunak garatzeko jarduerak (zirkuituak, jolasak...).
B) Herri jolasak eta/edo usadiozkoak.
C) Kirol aurreko jolasak.
D) Jolas kooperatiboak.
E) Jolas alternatiboak.
F) Erritmo eta gorputz adierazpeneko jarduerak.
G) Ingurune naturala, orientazioa eta mendi ibiliak.
H) Beste batzuk (zehaztu).
Ez da onartuko kirol modalitateen programa espezifikorik, hala nola kirol-eskolak edo antzeko ereduak.
4.–Programaren iraupena eta datak.
4.1. Programa 2025eko irailaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko da.
4.2. Programaren iraupena 7 hilabetekoa izanen da gutxienez.
4.3. Talde bakoitzak astean gutxienez 1 saio izanen du, gutxienez 50 minutukoak.
5.–Taldeen ezaugarriak eta parte-hartzaileen adina.
5.1. Talde bakoitzean, 6 neska-mutil izanen dira gutxienez.
5.2. Parte hartzeko adina 5 eta 10 urte artekoa da.
5.3. Toki entitate batek 5.1 eta/edo 5.2 apartatuan adierazitakoa bete ezin duen talderen bat aurkezten badu, txosten bat erantsi beharko dio eskabideari, arrazoiak azaltzeko.
Balorazio batzordeak arrazoi horiek aztertuko ditu, eta erabakiko du ea ados dagoen programan sartzeko ala ez.
6.–Programako jarduerak zuzentzen dituzten langileen ezaugarriak. Titulazioak.
Kirol anitzeko programako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren lanbide kualifikazioak izan beharko dituzte (bertan sartzen dira Gorputz Hezkuntzako irakaslearen, entrenatzailearen eta kirol monitorearen lanbideak, baita boluntarioen jarduna ere).
Egin beharreko lanaren araberako kualifikazioa izan beharko dute. Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol lanbidean jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.
Programa garatu bitartean edozein zereginetan lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
7.–Kirol anitzeko topaketak.
7.1. Topaketak antolatzen ahalko dira 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat kirol anitzeko programa bat daukaten toki entitateen artean.
7.2. Topaketek helburutzat izanen dute parte-hartzaileen arteko bizikidetza sustatzea eta denek ongi pasatzea dena delako jarduera eginez.
8.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.
8.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.
8.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere.
9.–Baimenak.
Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.
10.–Osasun laguntza.
Toki entitate onuradunek istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute parte-hartzaile guztientzat.
III. ERANSKINA.–BAREMOA
Balorazio irizpideak
1.–Programaren iraupena.
Hilabete bakoitzeko puntu bat emanen da, eta 0,25 puntu aste bakoitzeko, betiere kontuan hartuta programak gutxienez 7 hilabete eta gehienez 9 hilabete irauten duela, II. eranskineko 4.2 atalaren arabera.
2.–Taldeen eta parte-hartzaileen kopurua.
II. eranskineko 4.3 atalaren arabera, talde bakoitzak astean gutxienez saio bat izan beharko du (gutxienez 50 minutukoa), eta, beraz, talde bakoitzak asteko maiztasunaren araberako puntuazioa izanen du:
- 1 puntu talde bakoitzeko, astean egun batean egiten bada.
- 3 puntu talde bakoitzeko, astean 2 egunetan egiten bada.
- 5 puntu talde bakoitzeko, astean 3 egunetan egiten bada.
- 7 puntu talde bakoitzeko, astean 4 egunetan egiten bada.
- 9 puntu talde bakoitzeko, astean 5 egunetan egiten bada.
Taldeen puntuazioari honako hauek gehituko zaizkio: 0,1 puntu parte-hartzaile bakoitzeko.
3.–Edukia eta jarduerak.
3.1. Edukien aniztasuna: gehienez 10 puntu.
- 1 puntu/garatutako edukia (II. eranskineko 3. atalaren arabera).
3.2. Jardueren aniztasuna: gehienez 20 puntu.
- 1 puntu/jarduera desberdina.
4.–Programaren ebaluazioa.
Programarekin izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena. 3 puntu gehienez.
Honako hauei zuzendutako ebaluazio- eta erregistro-ereduak erantsi:
–Parte-hartzaileak: 1 puntu.
–Familiak: 1 puntu.
–Monitoreak: 1 puntu.
Eransten dena baizik ez da baloratuko.
5.–Ekitate- eta genero-ikuspegia.
Ekitate-ikuspegia edo lehenetsitako beste ikuspegi batzuk nola txertatu diren deskribatzea, taula honetan ezarritakoaren arabera:
EKITATE- ETA | 2 | 1 | 0 |
Hizkera inklusiboa | Kontuan hartzen da genero-ikuspegia, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, proiektu osoaren idazketan | Kontuan hartzen da genero-ikuspegia, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, proiektuarenzati batean (batzuetan erabiltzen da) | Ez da hizkera inklusiboa erabiltzen proiektuaren idazketan |
Desgaitasuna duten parte-hartzaileak | Desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea aurreikusten da, eta pertsona horiek parte hartu ahal izateko prozedura eta bitartekoak zehazten dira | Desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea aurreikusten da, baina ez da zehazten zer prozedurak eta baliabidek ahalbidetzen duten pertsona horiek parte hartzea | Ez du jasotzen desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea |
Baliabide ekonomiko urriak dituzten parte-hartzaileak | Baliabide ekonomiko urriak dituztenen parte-hartzea aurreikusten da, eta pertsona horiek parte hartu ahal izateko prozedura eta bitartekoak zehazten dira | Baliabide ekonomiko urriak dituztenen parte-hartzea aurreikusten da, baina ez da zehazten zer prozedurak eta baliabidek ahalbidetzen duten pertsona horiek parte hartzea | Ez du aurreikusten baliabide ekonomiko urriak dituztenen parte-hartzea |
6.–Programaren hedapena (gehienez 3 puntu).
- 1 puntu, programa entitatearen web-orrian argitaratzeagatik.
- 0,5, hedatzeko beste ekintza batzuengatik.
Eransten dena baino ez da baloratuko (estekak, liburuxken fotokopiak eta webgunean, sare sozialetan eta abarretan argitaratu izanaren pantaila-argazkiak erantsi).
Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei.
Iragarkiaren kodea: F2512851
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
