1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
52/2025 FORU AGINDUA, urriaren 2koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2026ko BERDINNA Sariaren deialdia egin, eta hura emateko oinarriak ezartzen baitira.
Urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko BERDINNA Saria sortu zen, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokabidea azpimarratu eta publikoki aintzatesteko asmoz. Foru dekretu horretan ezarri zen sariaren deialdia urtero eginen dela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez.
Hori horrela, xedatutakoa betetzeko asmoz, bidezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2026ko BERDINNA Sariaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituta ditudan ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko Berdinna Saria sortu zuen urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren 1. artikuluko 4. atalean xedatutakoarekin,
AGINTZEN DUT:
1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2026ko BERDINNA Sariaren deialdia egitea eta haren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira oinarri horiek.
2. Hiru mila (3.000) euroko gastua baimentzea, "080001 08200 4809 232300 BERDINNA Saria" partidaren edo 2026ko gastuen aurrekontuan gaitzen den antzeko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
3. Pertsona hauek izendatzea 2026ko Berdinna Sariaren epaimahaian aritzeko:
Epaimahaiko burua:
–Félix Taberna Monzón jauna, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria.
Buruordea:
–Patricia Abad Encinas andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.
Batzordekideak:
–Edurne Jauregui Fernández andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako zuzendariordea, eta, haren ordezko gisa, Sara San Julián Caso andrea, Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea.
–Trinidad Díaz Muñoz andrea, titular gisa, eta Farmata Watt andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.
–Ainhoa Aznarez Igarza andrea, titular gisa, eta Ana Echegaray Bajo andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.
–Ibai Fernández Lacabe jauna, titular gisa, eta Berta Enrique Cornago andrea, ordezko gisa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz.
–Esther Erice Martínez andrea, Berdinna Sariaren 2025eko edizioko sariduna.
Idazkaria:
–Marina Malvido Goñi andrea, Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea, eta, haren ordezko gisa, José Antonio Gómez Manrique jauna, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Programen Ataleko burua.
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau epaimahaikideei jakinaraztea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzara eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 2an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
ERANSKINA.–OINARRIAK
Nafarroako Gobernuak 2026ko BERDINNA Sariaren deialdia egiten du, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona edo erakundeen ibilbidea nabarmendu eta jendaurrean aintzatesteko asmoz. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
1.–2026ko BERDINNA Sariaren xedea.
Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera nabarmentzea eta jendaurrean aintzatestea da BERDINNA Sariaren xedea.
2.–Sariaren zuzkidura.
BERDINNA Sariak hiru mila euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta ordainduko da "080001 08200 4809 232300 BERDINNA Saria" partidaren edo 2026ko gastuen aurrekontuan gaitzen den antzeko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
Gainera, Nafarroako Gobernuak esker ona adieraziko dio saridunari jendaurreko ekitaldi batean.
3.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.
3.1. Hautagaitzak elektronikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez.
3.2. Hautagaitzak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko abenduaren 31n bukatuko da.
3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.
3.4. Salbuespen gisa, epe barruan hautagaitzarik aurkeztu ez bada edo aurkeztutako guztiak baztertu badira eskatutako baldintzak ez betetzeagatik, aurreko bi deialdietan saririk jaso ez duten hautagaitzak baloratzea proposatuko zaio epaimahaiari.
4.–Saria emateko irizpideak.
Erabakia hartzearren, epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzen balorazioa eginen du, irizpide hauen arabera, hautagaitza bakoitzarekin ponderazio berbera erabiliz:
a) Proposatutako pertsonak edo erakundeak, nork bere jarduera eremuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea.
b) Emakumeen lana eta haien ahalduntzea aintzatesteko edo emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko asmoz egindako jarduketen, ekintzen, lanen edo proiektuen berezko garrantzia.
c) Proposatutako pertsonaren zein erakundearen jarduketak, ekintzek, lanek edo proiektuek edo ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.
d) Hautagaitzak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen lotura.
5.–Dokumentazioa.
Interesa duten erakunde edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:
a) Hautagaitza aurkezteko inprimakia, horretarako prestatu den ereduaren arabera, hautagaitzaren xedeko pertsona fisikoaren edo juridikoaren izena eta harremanetarako datuak azalduko dituena. Inprimaki hori tramitearen fitxatik hartzen ahalko da.
b) Azalpen memoria bat (1.000 hitz gehienez), delako pertsonaren edo entitatearen hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartuko diren merezimenduen frogagarri.
Memoriaren txantiloia tramitearen fitxatik hartzen ahalko da.
c) Hala nahi izanez gero, memoriarekin batera, eranskin gisa, hautagaitzari sostengua emateko gutunak aurkezten ahalko dira, bai eta bestelako dokumentazio osagarria ere, alegatutako merezimenduak babestu eta egiaztatzeko bide ematen duena.
6.–Hautagaitzetan egindako akatsen zuzenketa.
Hautagaitzak erabat osatu gabe aurkezten badira edo behar den dokumentazio guztia eransten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak interesdunari errekerimendua eginen dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak gehitu ditzan, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela, epaimahaiaren botoen gehiengoz erabakia hartu ondoren.
7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.
7.1. Sariaren epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute:
Epaimahaiko burua:
–Félix Taberna Monzón jauna, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria.
Buruordea:
–Patricia Abad Encinas andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.
Batzordekideak:
–Edurne Jauregui Fernández andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako zuzendariordea, eta, haren ordezko gisa, Sara San Julián Caso andrea, Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea.
–Trinidad Díaz Muñoz andrea, titular gisa, eta Farmata Watt andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.
–Ainhoa Aznarez Igarza andrea, titular gisa, eta Ana Echegaray Bajo andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.
–Ibai Fernández Lacabe jauna, titular gisa, eta Berta Enrique Cornago andrea, ordezko gisa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz.
–Esther Erice Martínez andrea, Berdinna Sariaren 2025eko edizioko sariduna.
Idazkaria:
–Marina Malvido Goñi andrea, Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea, eta, haren ordezko gisa, José Antonio Gómez Manrique jauna, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Programen Ataleko burua.
7.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Epaimahaiak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Epaimahaikide titularrek bileraren batera bertaratzerik ez badute, haien ordezkoek ordezkatuko dituzte. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta bertan agertuko dira hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetan saria emateko jasotzen diren irizpideen araberakoak. Epaimahaiak saria nori eman proposatuko du, eta proposamen hori Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, saria eman dezan.
7.3. Erabakia jendaurrean jakinaraziko da, eta bertan aditzera emanen da saria zein erakunderi edo pertsonari eman zaion, edo, kasua bada, saria eman gabe gelditu dela.
7.4. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.
7.5. Saria Nafarroako Gobernuko lehendakariak entregatuko du, 2026ko martxoaren 8ko ospakizuna dela-eta horretarako propio antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean.
7.6. Diru-saria ordainketa bakarrean ordainduko zaio pertsona edo erakunde saridunari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, saria eman eta gero.
8.–Errekurtsoak.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2026ko BERDINNA Sariaren deialdi honetako oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Deialdi honen aplikazioaren ondoriozko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F2512988