2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURELU-LONGIDAKO KONTZEJUA
Murelu-Longidako hilerrirako bidea egokitzeko eta hobetzeko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Behin betiko onespena
Murelu-Longidako Kontzejuak, 2025eko abuztuaren 30ean egin bilkuran, erabaki bat hartu zuen. Hona hemen haren testu osoa:
"Murelu-Longidako Kontzejuak, 2024ko abenduaren 12an egin bilkuran, erabaki zuen onestea "Murelu-Longidako hilerrirako bidea egokitzeko eta hobetzeko proiektua" izeneko proiektua, bai eta hasiera batez onestea ere proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta hura jendaurrean jartzea hamabortz egun balioduneko epean. Longidako Udalak erabaki hori berretsi zuen 2025eko maiatzaren 29an egin ohiko osoko bilkuran.
Epe horretan zenbait alegazio jaso dira. Hona hemen erantzunak:
Jesús M.ª Vélaz Burguik José Javier Vélaz Burguiren izenean aurkeztutako alegazioak.
Alegatzaileak adierazten du ez dela zehazten 13. poligonoko 116A azpilurzatian desjabetzearen xede diren 526,42 m²-ren erabilera, eta proiektuaren planoa ez datorrela bat bere helburuarekin. Eskatzen du desjabetu beharreko eremua egiazki behar den horretara gutxitzea, eta justifikatzea, eta muga zuzenak zehaztea nekazaritzako laborantza lanak errazteko, bereziki iparraldean. Azkenik, adierazten du ez dakiela 2023ko apirilean jendaurrean jarrita zen proiektua azken bertsioari zegokion, hiru bertsioren berri baduelakoz.
Alegazioari erantzunez, adierazten da Murelu-Longidako Kontzejuak proiektua sustatu zuela helburu izanik bermatzea ibilgailuek sarbide egokia izan dezatela hilerriaren atzealderaino, trazaduraren baitan zabalgune bat duela, ibilgailuek biraketa-maniobrak egin ahal izateko, horrela ez baitute ibili beharko atzeraka, jaisterakoan. Halaber, aparkatzeko eremu bat aurreikusten da, bermatzeko hileta-autoaren egonaldia, eta plaza bat gordetzeko, mugikortasun urriko pertsonendako. Horrenbertzez, onetsitako ondasun eta eskubideen zerrendako azalerak erabiliko dira aurreikusitako obretarako beharrezkoak diren gutxienekoak betetzeko, hots, sarbidea, ezpondak, babes-areka eta bidearen zabalgune bat jarduketaren gaineko aldean, hala baitago jasota txosten teknikoan (txostenaren ale bat igorriko zaio alegazio-egileari).
Muga zuzenak zehazteko eskaerari dagokionez, jakinarazten da aldaketa horrek ukitutako azaleraren handitzea dakarrela, hau da, 116. lurzatiaren 19,54 m² (horietatik 0,48 m² C azpilurzatiari eta 19,06 m² A azpilurzatiari dagozkie).
Azkenik, adierazten da jendaurrean jarri zen proiektuaren bertsioa dela 2024ko abenduan onetsitakoa (2025eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Dagokion erabakia igorri zitzaien ukitutako titularrei.
Ondorioz, irizten da erantzun zaiola alegazioari proiektuaren justifikazioari dagokionez. Ezin izanen zaio kasu egin desjabetuko den azalera gutxitzeko egin den eskariari, bateraezina baita mugak aldatzeko egin den eskaerarekin, onetsi baita, 116. lurzatian azkenik 611,56 m²-ko azalera ukituko baita. Era berean, zehaztu dira proiektuaren onespenaren data eta bertsioa.
Horrenbertzez, honako hau
ERABAKITZEN DA:
Lehenbizikoa.–"Murelu-Longidako hilerrirako bidea egokitzeko eta hobetzeko proiektua" behin betiko onestea, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Aurkeztu diren alegazioak azalpen zatian adierazi bezala ebatziko dira, eta proiektua onesteak, berekin dakar onura publikoaren adierazpena eta okupatu beharra.
Bigarrena.–Organo eskuduna denez gero, Nafarroako Gobernuari eskatzea presazkoa deklara dezala ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako, sarbide segurua eman behar baitzaio herriko hilerriari.
Hirugarrena.–Behar den kreditua atxikitzea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaindu ahal izateko.
Laugarrena.–Erabaki hau Longidako Udalari igortzea, berrespena eman diezaion.
Bosgarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita haren laburpena Foru Komunitateko egunkari batean ere, eta Murelu-Longidako Kontzejuaren eta Longidako Udalaren iragarki-tauletan.
Seigarrena.–Erabaki hau jakinaraztea ukitutako titularrei (alegazio-egileari txosten tekniko osoa ere igorriko zaio), eta aditzera ematea erabaki honen aurka honako errekurtso hauetako bat jartzen ahal dutela, hautara:
Berraztertzeko errekurtsoa, Murelu-Longidako Kontzejuari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bertzela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bertzela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau jakinarazten denetik aitzina".
Longidako Udalak erabaki hori berretsi zuen 2025eko irailaren 25ean egin ohiko osoko bilkuran.
Murelu-Longidan, 2025eko irailaren 29an.–Kontzejuko burua, Martin Huarte Ollo.
Iragarkiaren kodea: L2512811