207. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, familia-langileen hiru plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Burutzaren irailaren 24ko 2025-0131 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, familia-langileen hiru plaza kontratatzeko lan-araubide finkoan, hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateren zerbitzura jardun dezaten. Hori guztia, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da familia-langileen hiru lanpostu betetzea lan-araubidean eta lanaldiaren %50ean, oposizio-lehiaketa bidez. Lanpostu horiek 14, 16 eta 19 zenbakiak dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan.

Adierazitako plazak 2024rako lan publikoaren eskaintzan daude sarturik.

Halaber, deialdi honen bidez osatu nahi da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin.

1.2. Ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizkoak, familia-langilearen lanposturako zehaztutakoak, eta izanen dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarririko osagarriak.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Mankomunitateak kontratua suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio emaitzak ez direla izan Mankomunitateak nahi bezalakoak, lanpostuaren zereginak betetzean.

1.4. Dagozkion hautaprobak gainditu eta hautatuak gertatzen diren izangaien izendapenak eginda, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatuko dira ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie.

1.5. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldiaren araubidea eta lan-ordutegia, zerbitzuaren beharren arabera beti; hala bada, noiznahi alda ditzake.

1.6. Proben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Mankomunitatean sortzen diren beharrei erantzutearren, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eraturik dagoen edozein zerrendaren gainetik –beraz, lehendik dagoen zerrendak izaera subsidiarioa izanen du deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez–, eta gehienez bost urteko indarraldia izanen du, hura onesteko ebazpena ematen denetik hasita, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.

Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.7. Bete beharreko eginkizunak izanen dira lanpostuaren mailari eta kategoriari dagozkienak, nagusiki honako hauek, aipamen hutsez eta bestelakorik baztertu gabe:

Etxeko laguntza-zerbitzuak ematea Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko oinarrizko gizarte-zerbitzua osatzen duten udaletako etxe partikularretan. Horretarako, joan-etorriak egin beharko dira eskualdeko gizarte-zerbitzuaren egoitzatik (Zangoza) lan egiteko leku zehatzetaraino. Langile bakoitzak bere kabuz egin beharko ditu joan-etorriak; Mankomunitateak kilometro-ordaina ordainduko du, Nafarroako Gobernuak une bakoitzean xedatutakoaren arabera.

Eginkizunak izanen dira, behar diren zereginak egitea, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren beharra duten pertsonez nahiz familiez arduratzeko, haien egoera dela kausa, eta haien etxea zaintzeko. Halaber, Mankomunitateak eskaturik, esleitzen ahalko zaizkio gisa bereko beste batzuk, betiere mailaren eta kategoriaren barnean.

1.8. Plazak bete gabe utz ditzake epaimahaiak, baldin eta uste badu izangaietatik bakar batek ere ez duela gutxieneko mailarik lanpostuan jarduteko.

1.9. Deialdiaren oinarri hauek argitara emanen dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen iragarki-taulan, bai eta haren web-orrian ere: https://www.comarcasanguesa.es/.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea. Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan. Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen joan-etorri askea aplikagarria bada.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako titulu hauetakoren bat izatea, edo hori eskuratzeko moduan egotea (eskubideak ordaindu izanaren gordekina):

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikari titulua.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.

–Arreta soziosanitarioko teknikari titulua.

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).

–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).

–Salbuespenezko gaikuntza nahiz behin-behineko gaikuntza lanbide kategoria hauetan: gerokultoreak, zaintzaileak eta etxeko laguntzako laguntzaileak eta laguntzaile pertsonalak, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetarako, jarraikiz abuztuaren 25eko 5876/2022 Ebazpenari.

–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.

Profesionaltasun ziurtagiria edo gaikuntza profesionalak dituzten izangaien kasuan, gainera, izan beharko dute Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Indarreko gidabaimena eta norberaren ibilgailua edukitzea.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak dirauen bitartean.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

g) Zangozako Mankomunitatearen kontuan (3 oinarrian zehaztua) 10 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean edo Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez; edo, bestela, erabiliz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aipatu eskabideak lotuko zaizkio I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta horiekin batera aurkeztu beharko dira honako agiri hauek, hain zuzen, deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko:

a) NANaren kopia.

b) Eskaturiko tituluaren kopia.

c) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

d) B motako gidabaimena kopia.

e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.

f) 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

CAIXABANK: ES88 2100 3698 5121 0039 2960.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: familia-langileen deialdia.

Eskaerak aurkezten badira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hots, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean ez, beste batean, eskatzaileek mancomunidad@mscs.es helbide elektronikora igorri beharko dituzte eskabidearen kopia eta deialdian sartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak, dena delako erregistroren zigilua eta sarrera-data dauzkatela, betiere eskabideak aurkezteko epearen barnean. Nahitaezkoa eta saihetsezina izanen da aipatu agiriak posta elektronikoz igortzea, hautapen-prozesuaren izapideak aurrera egin dezan, baina ez du erabateko baliorik izanen, harik eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean jatorrizko ereduaren araberako eskabidea sartzen den arte.

Igorpen-prozedura hori bete ezean, izangaia hautapen-prozesutik kanporatuko da, baldin eta erregistratutako eskabidea iristen bada izangai onartu eta baztertuen hasierako zerrendaren argitalpenaren ondotik.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.3. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.4. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskabidean adieraziko dute inguruabar hori, eta aparteko orri batean azalduko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzen duen agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik Zangozako Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian ere.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo eskabidean eginiko akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.

Bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko ariketa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera. Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Aitor Sola Ochotea, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Mikel Martínez Pérez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

Epaimahaikidea: Ana Isabel Elarre Aznarez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Ana Isabel Garro Macaya, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Gaizka Huarte Irigoyen, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: María Soledad Elarre Beltrán, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

Epaimahaikidea: María Paz Berlanga Pons, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaritza-organoak izendatutako ordezkaria.

Ordezkoa: Sonia Continente Toledo, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaritza-organoak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: Inés Carpintero Ruiz, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Sara Pérez Luqui, Urraulgoitiko eta Urraulbeitiko Udalen Batasuneko idazkaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6. oinarria.–Proben nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa hasiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adierazitako egun, toki eta orduan.

6.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez 100 puntu eskuratzen ahalko dira orotara; haietarik 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.

7. oinarria.–Lehiaketaldia.

Lehenik lehiaketaldia eginen da, oposizioaldia baino lehen. Hartan gehienez 30 puntu emanen dira, ondotik azaltzen den baremoaren arabera. Izangaiek agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, eta agiriek izan beharko dute jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak, zeren bestela ez baitira aurkeztutzat joko.

Ez da baztertzailea izanen. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honekin bat:

a) Laneko esperientzia, 20 puntu gehienez.

Enpresa edo administrazio publikoren batean deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan familia-langile gisa egindako zerbitzuak: urtebete oso bakoitzeko, puntu bat, eta gehienez 20 puntu.

Oharrak:

–Gehienez ere 20 puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

–Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaerara arte, zeinahi izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

–Aldi berean bi kontratu edo gehiago izan badira, baloratuko da izangaiari puntu gehien ematen diona soilik.

–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Laneko esperientzia frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak aurkeztuz.

Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: Lanbide-kategoria, eta lan egin den aldiaren hasierako eta bukaerako egun zehatzak.

Ez dira kontuan hartuko zerbitzuen ziurtagiriak, baldin eta ez badituzte jasotzen merezimenduen hasierako eta bukaerako egun zehatzak.

Lehiaketaldia bukatzean, argitara emanen da izangai bakoitzak zenbateko puntuazioa lortu duen Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen web-orrian.

Hamar egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean lotutako edukia duen prestakuntza osagarriagatik, gehienez 10 puntu, honako baremo honi jarraikiz:

–Prestakuntza-ekintzengatik, baldin eta lotura badute deialdiaren xedeko lanpostuarekin, eta 2010eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak badira:

  • 20 ordu eta hortik gora, 40 ordura iritsi gabe: 1 puntu.
  • 40 ordu eta hortik gora, 100 ordura iritsi gabe: 1,5 puntu.
  • 100 ordu eta hortik gora: 2 puntu.

–Honako arlo hauetan frogatzen den titulu akademiko bakoitzeko:

  • Arreta soziosanitarioko teknikari titulua (erdi maila): 4 puntu.
  • Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua (erdi maila) edo baliokidea: 4 puntu.
  • Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikari titulua.

Ez da puntuatuko deialdian parte hartzeko bidea ematen duen titulazioa.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino. Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8. oinarria.–Oposizioaldia.

Oposizioaldiaren helburua da froga dadin lanposturako behar den gaitasuna. Proba teoriko bat eta proba praktiko bat izanen ditu. Gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da, eta gehienez 70 puntu emanen dira. Baztertu eginen dira orotara 35 puntu, gutxienez, eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Dei bakarra eginen da proba bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

8.1. Proba teorikoa (40 puntu gehienez):

Proba teorikoan galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galderek zenbait aukera izanen dituzte erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Gehienez 40 puntu emanen dira proba honetan. Okerreko erantzunak zigortuko dira, proba egiten den egunean kalifikazio-epaimahaiak erabakitakoaren arabera.

Galderak izanen dira II. eranskinean jasoriko gai-zerrendari buruzkoak.

Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena.

8.2. Proba praktikoa (30 puntu gehienez):

Proba praktikoan zenbait kasu praktikori erantzun beharko zaie idatziz. Gehienez 30 puntu emanen dira proba honetan.

Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gutun-azal itxiak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko da, eskuratutako kalifikazioak adierazita, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen iragarki-taulan.

Hamar egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

9. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen ordenan, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio izendapen proposamena, puntuaziorik handiena duten izangaien alde.

9.2. Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren (horrelakorik baldin bada), izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, eta Mankomunitateko buruari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, ebazpena eman dezan.

Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimenduen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde. Hala ere, berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko dute proposatutako lehiakideek adjudikatutako lanpostuez, salbu deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen badu ebazpen horretan.

9.4. Aipatutako epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, adjudikaziodunek ez badituzte aurkezten aipatutako jatorrizko agiriak, ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte egin dituzten jarduketa guztiak; horrez gain, leporatzen ahalko zaie eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna.

9.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipaturiko zerrendan ageri diren izangaiekin (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Izangai horiekin aurreko apartatuetan ezarritako moduan jokatuko da.

9.6. Mankomunitateko buruak, erabaki baten bidez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izendatuko ditu, deialdiko hiru lanpostuak bete ditzaten, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta plaza hutsak adjudikatuko dizkie. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Adierazitako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek galduko dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendaren kudeaketa.

10.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrenda lehenetsiko da egungo zerrenden aurretik, eta indarra izanen du harik eta kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta azken hori eginez gero, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik gertatu ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.

10.2. Ordezkapenetarako zerrendan daudenei dei egiten ahal zaie Zangozako Eskualdeko Mankomunitateko beharren arabera, jarraikiz deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

Deiak honela eginen dira:

a) Lokalizaturik egon daitezen, zerrendako izangaiek Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari emanen dizkiote harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat, gutxienez, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.

b) Aldi berean kontratu bat baino gehiago egiten bada, lehen tokian dagoen pertsonari aukera eman beharko zaio haietako edozein aukeratzeko.

c) Izangai batek aldi baterako kontratu batekin diharduenean, ez zaio beste bat eskainiko, harik eta lehena bukatu arte.

d) Kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira zerrendako izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta saiakerak horiek 48 orduko epean eginen dira.

Salbuespenez, eta premia probaturik dagoen kasuetan soilik, kontratua eskainiko zaio hura onartzen duen lehen izangaiari, betiere deiak kontratazio zerrendaren hurrenkeran eginik.

e) Zerrendako izangai batekin harremanetan jartzerik ez badago, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Ez bada egon izangai batekin harremanetan jartzerik, zerrendan duen postuari eutsiko dio. Eta deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana.

10.3. Izangairen batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari edo kontratuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetako batean dagoela:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko alaba edo seme bat.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua gobernatu ezin duena adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

e) Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legearen arabera), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Beste lan-kontratu baten frogagiria aurkeztea.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

10.4. Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, baldin ez badira gertatzen B letrako kasuak.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

d) Urtebeteko epean ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoen bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen die kontratatuei, eta hartan afiliatuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10.5. Izangaiekin harremanetan jartzeko ardura duen pertsonak fitxa bat beteko du, eman beharreko argibideekin eta telefono deiaren emaitzarekin. Honako informazioa hau emanen du: eskainitako kontratu mota, zer lanpostutan hasiko den, eginkizun eta eskumenen zerrenda laburra, lan baldintzen laburpen laburra eta zenbaterainoko iraupena kalkulatzen zaion kontratuari.

Horretarako betetzen den fitxan telefono deiaren emaitza agertuko da; hauetako bat izanen da:

–Saiatuagatik ere huts egina: ezin izan denean izangaiarekin harremanetan jarri, lokalizatzeko bi saiakera eginik gutxienez.

–Saiatu eta arrakastaz: izangaiarekin harremanetan jarri ez ezik, kontratazioa ere onartu egiten duenean.

–Harremanetan jarriagatik ere uko egina: pertsonarekin harremanetan jarriagatik ere, kontratatzeko eskaintza onartzen ez duenean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

11.–Datuen babesa.

Jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hauxe da oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko; eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, ondoko errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Zangozan, 2025eko irailaren 26an.–Mankomunitateko burua, Aitor Sola Ochotea.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.

2.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

3.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistema. II. kapitulua: Autonomiarako eta mendekotasunaren arloko laguntzarako sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa. III. kapitulua: Mendekotasuna eta haren balorazioa.

4.–Ordenantza, arautzen duena Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ). 2009ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 24koa.

5.–Zer da ELZ (etxeko laguntza-zerbitzua)? Definizioa. Helburuak. Printzipioak. Ezaugarriak. Familia-langilea. Lanak eta zereginak.

6.–Etxeko laguntza-zerbitzua: higienea eta arreta soziosanitarioa.

7.–Etxeko laguntza zerbitzua: ELZaren erabiltzaileen etxea mantentzea, garbitzea eta antolatzea.

8.–Adinekoak. Zahartze-prozesua. Zaharren ezaugarri fisikoak, psikikoak eta sozialak. Etxeko laguntza-zerbitzuak zer egoeratan laguntzen ahal duen.

9.–Desgaitasun fisikoak, psikikoak eta zentzumenezkoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza-zerbitzuak zer egoeratan laguntzen ahal duen.

10.–Etxeko laguntzaren beharra duten beste gizarte eta familia egoera batzuk. Familia-langilearen egitekoa, esku-hartzea jasotzen duten familiek ardurapean adingabeak dituzten kasuetan.

11.–Etxeko laguntza zerbitzuak zaintzaileei laguntza ematea. Familia-langilearen esku-hartzea eta eginkizunak.

12.–Eri terminala artatzea. ELZaren artatze-lana eta sostengua, heriotza prozesuan. Familia-langilearen egitekoa, eriarekiko eta haren familiartekoekiko harremana. Doluari arreta ematea.

13.–Autonomia pertsonalaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa. Arlo hauetarako gomendioak: ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa.

14.–Laguntza teknikoak, etxean, zainketa pertsonaletarako, mugikortasunerako eta egokitzapenerako.

15.–Familia-langilearen komunikazioa eta trebetasun sozialak laneko jardunean. Gatazka egoerak maneiatzea. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan. Familia-langilearen koordinazioa lantaldeko gainerako profesionalekin.

16.–Familia-langilearen lanbideko kode deontologikoa. Etika profesionala gizarte-zerbitzuetan, etxeko laguntza-zerbitzuari aplikatua.

17.–Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua. Oinarrizko printzipioak eta etxeko laguntzan duen eragina.

18.–Nafarroako Foru Komunitatean adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida.

Iragarkiaren kodea: L2512787