207. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

97/2025 EBAZPENA, urriaren 8koa, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita jendaurrean jartzea zenbait doikuntza tekniko, Cadreitako eta Alesbesko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marraren hobekuntza aipatu erregistroan sartzearen ondorioz sortutako desadostasunak zuzentzeko egin beharrekoak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko abenduaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluan eta haren erregelamenduaren 21.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 4ko 207/2018 Ebazpenaren bidez, Cadreitako eta Alesbesko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marra (31064-31254-00 kodea) berreskuratzea eta hobekuntza geometrikoa egitea xedatu zen, eta udal horiei eskatu zitzaien lan horietan laguntzeko eta lanak berresteko udal batzordeak eratu zitzatela.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren apirilaren 10eko 507/2019 Ebazpenaren bidez (2019ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 3koa), Cadreitako eta Alesbesko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionala onetsi zen, eta Kartografiaren Erregistro Zentralean inskribatzeko eskatu zen, eta, hori egindakoan, baita Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan ere. Ebazpen horren eranskinean zehazten dira bi udalerrien arteko muga-marra identifikatzeko balio duten mugarri-puntuak, koordenatuak eta kotak.

Cadreitako eta Alesbesko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marraren hobekuntza geometriko hori Kartografiaren Erregistro Zentralean inskribatu da (Kartografiaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 24ko 7/1986 Legean arautzen den erregistroa), eta horrela bete da Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoa.

7/1986 Legearen 7. artikuluko hirugarren apartatuak zehazten du erregistratutako kartografia ofiziala nahitaez erabili beharko dutela administrazio publiko guztiek kartografia eratorri edo tematiko berria sortzeko.

Cadreitako eta Alesbesko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marraren hobekuntza Lur-ondasunen Erregistroan sartzeak aldaketa batzuk egin beharra dakar erregistro horretan eta Nafarroako katastroetan Nafarroako lurraldearen eremua zatitzeko erabiltzen diren oinarrizko hiru mailetan, alegia, udal mugarteen, poligonoen eta lurzatien katastroko esparruetan; kasu honetan, Cadreita eta Alesbes arteko muga jurisdikzional erkidean.

Sartze horrek desadostasunak sortzen ditu datu grafikoen eta alfanumerikoen artean, baina aurreikusita dago halakoak zuzentzeko prozedura. Hain zuzen, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluak, bigarren paragrafoan, honako hau ezartzen du:

"Nafarroako Zerga Ogasunak egin behar diren aldaketak kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie, hogei egunez jendaurrean jar ditzaten. Epe hori bukatutakoan, idatz-zati honetan aipatzen diren doikuntza teknikoak eginen ditu, eta Lur-ondasunen Erregistroan zuzenean inskribatuko, eta kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie inskribatu diren eta beren mugapekoak diren aldaketak".

Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legea garatzen duen 100/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du izaera teknikoa duten doikuntza horiek ofizioz egin behar dituela Nafarroako Foru Ogasunak. Era berean, 21. artikulu horren 5. apartatuak ezartzen du doikuntza tekniko guztiak jendaurrean jarriko direla hogei egunez udal bulegoetan, ukitutako titularrek eta beste edozein pertsona fisiko edo juridikok egin beharreko doikuntzaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.

Era berean, doikuntza teknikoek zabalkunde gehigarria izan dezakete, bitarteko osagarrien bidez, batez ere interesdunek haien berri izan dezaten kontsultarako ezarriko diren baliabide telematikoak erabiliz.

Lur-ondasunen Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du lehen paragrafoan aipatzen den jendaurrean jartzea, espresuki adierazita epearen hasiera eta amaiera datak eta, beharrezkoa bada, zabalkunderako erabili beharreko bitarteko osagarriak ere, eta hartutako erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.

Edozein kasutan, Lur-ondasunen Zerbitzuak behar den denborarekin igorriko dizkie ukitutako udalei inskribatu nahi diren eta jendaurrean jarri behar diren doikuntzak".

2025eko irailaren 26an, aipatu 21. artikuluaren 4. apartatuan zehazten den txostena egin zen, zeinetan biltzen baitira egin asmo diren eta, hartara, jendaurrean jarri behar diren doikuntzei aplikatu beharreko irizpide teknikoak. Honako hauek dira aipatu irizpideak: "1. Ondasun higiezinen mugaketan aldaketa nabarmena dakarten aldaketa grafikoak irudikatuko dira, hurrengo puntuetan adierazitako murrizketekin.

Muga berria sartzerakoan lurzati berri bat sortzen bada mugarte mugakidean, baina EZ bada nabarmena erregelamenduan ezarritakoaren arabera (100/2008 Foru Dekretuaren 21.2 artikulua), EZ da jasoko lurzati berri independentea balitz bezala; aitzitik, zer udalerriri atxiki zaion, udalerri horretan dauden lurzati mugakideen barnean sartuko da eremu hori.

2. Oro har, udalerrien arteko marra berria zehaztearen ondorioz eremu nabarmen bat sortzen bada udalerri mugakidean, eremu hori Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuko da udalerri mugakideko lurzati berri gisa, finkaren jatorrizko titulartasunari eutsita.

Aurrekoa gorabehera, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak salbuespenak egiten ahalko ditu, behar bezala justifikatuta".

Aipatu txostenean, gainera, zehazten dira ukitutako katastroko esparruetan katastroari dagokionez eginen diren aldaketa zehatzak.

Txosten hori eta Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 20.1 c) artikuluan xedatutako komunikazioa 2025eko irailaren 29an igorri zitzaizkien ukitutako udalei.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Jendaurrean jartzea zenbait doikuntza tekniko, Cadreitako eta Alesbesko udalerrien arteko muga jurisdikzionalaren marraren hobekuntza geometrikoa Lur-ondasunen Erregistroan sartzeko proposatuak, tramite hori xedatzen baitute Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 20.1 c) artikuluak eta haren Erregelamenduaren 21.5 artikuluak.

Jendaurreko informazioaren tramitea 20 egunez eginen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lehenengo egun baliodunetik zenbatuta.

Bigarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea ukitutako udalei, gauza dezaten erabaki den jendaurreko informazioaren tramitea.

Jendaurreko aldian, toki entitateek, haien ondasunei dagokienez, eta Lur-ondasunen Erregistroan inskribatzen ahal diren eskubideetako baten titularrek edo, oro har, jendaurrean jarritako doikuntza teknikoek ukitzen duten eskubide baten edo interes legitimo baten titularrek, nahi badute, proposatuari buruzko alegazioak edo oharrak aurkezten ahalko dituzte, eta horiek guztiak Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzuak ebatziko ditu, arrazoitutako erantzuna emanez.

Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, organo hori baita katastroko aldaketa eragiten duen ebazpenaren egilea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.

Iragarkiaren kodea: F2513160