1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
96/2025 EBAZPENA, urriaren 8koa, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita jendaurrean jartzea zenbait doikuntza tekniko, Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteen aldaketa, Aragoi ibaiaren gaineko malkarren esparruari eragiten diona, aipatu erregistroan sartzearen ondorioz sortutako desadostasunak zuzentzeko egin beharrekoak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko abenduaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluan eta haren erregelamenduaren 21.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 4ko 207/2018 Ebazpenaren bidez, xedatu zen hasiera ematea, besteak beste, Caparrosoko eta Martzillako udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanei. Horrela, berariaz izendaturiko udal batzordeek indarreko mugapena malkarren topografiara egokitzea komeni dela iritzi zioten.
Egokitzapen horrek, batzordeen eta Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ustez, udal mugarteen aldaketa dakar Estatuko Kartografia Erregistro Zentralean inskribaturiko indarreko mugapenari dagokionez, lortu nahi diren helburuengatik (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 13.2 artikulua, b) eta c) letrak) eta ukitutako eremuarengatik. Udal batzordeek, beraz, adostu zuten aldaketaren izapidearekin jarraitzea, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan.
Ondorioz, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 28ko 1483/2018 Ebazpenaren bidez xedatu zuen Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteak aldatzeko espedientea izapidetzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 15.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluaren arabera izapidetu ondoren, espedientea irailaren 4ko 205/2019 Foru Dekretuaren bidez amaitu zen (2019ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 20koan). Foru dekretu horren bidez, Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteak Aragoi ibaiaren gaineko malkarren eremuan aldatzea onetsi zen, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuari agindu zitzaion foru dekretua betearazteko. Foru dekretu horren 1. artikuluak adierazten duenez, Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteen arteko banaketa-lerroa, aldatutako inguruan, espedientean dagoen memoria teknikoan islatzen den bezala marraztuko da, aipatzen diren UTM-30N koordenatuetan zehaztu bezala.
Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteen aldaketa hori Kartografiaren Erregistro Zentralean inskribatu da (Kartografiaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 24ko 7/1986 Legean arautzen den erregistroa), eta horrela bete da Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoa.
7/1986 Legearen 7. artikuluko hirugarren apartatuak zehazten du erregistratutako kartografia ofiziala nahitaez erabili beharko dutela administrazio publiko guztiek kartografia eratorri edo tematiko berria sortzeko.
Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteen aldaketa Lur-ondasunen Erregistroan sartzeak aldaketa batzuk egin beharra dakar erregistro horretan eta Nafarroako katastroetan Nafarroako lurraldearen eremua zatitzeko erabiltzen diren oinarrizko hiru mailetan, alegia, udal mugarteen, poligonoen eta lurzatien katastroko esparruetan; kasu honetan, Caparroso eta Martzilla arteko muga jurisdikzional erkidean.
Sartze horrek desadostasunak sortzen ditu datu grafikoen eta alfanumerikoen artean, baina aurreikusita dago halakoak zuzentzeko prozedura. Hain zuzen, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluak, bigarren paragrafoan, honako hau ezartzen du:
"Nafarroako Zerga Ogasunak egin behar diren aldaketak kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie, hogei egunez jendaurrean jar ditzaten. Epe hori bukatutakoan, idatz-zati honetan aipatzen diren doikuntza teknikoak eginen ditu, eta Lur-ondasunen Erregistroan zuzenean inskribatuko, eta kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie inskribatu diren eta beren mugapekoak diren aldaketak".
Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legea garatzen duen irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du izaera teknikoa duten doikuntza horiek ofizioz egin behar dituela Nafarroako Foru Ogasunak. Era berean, 21. artikulu horren 5. apartatuak ezartzen du doikuntza tekniko guztiak jendaurrean jarriko direla hogei egunez udal bulegoetan, ukitutako titularrek eta beste edozein pertsona fisiko edo juridikok egin beharreko doikuntzaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.
Era berean, doikuntza teknikoek zabalkunde gehigarria izan dezakete, bitarteko osagarrien bidez, batez ere interesdunek haien berri izan dezaten kontsultarako ezarriko diren baliabide telematikoak erabiliz.
Lur-ondasunen Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du lehen paragrafoan aipatzen den jendaurrean jartzea, espresuki adierazita epearen hasiera eta amaiera datak eta, beharrezkoa bada, zabalkunderako erabili beharreko bitarteko osagarriak ere, eta hartutako erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.
Edozein kasutan, Lur-ondasunen Zerbitzuak behar den denborarekin igorriko dizkie ukitutako udalei inskribatu nahi diren eta jendaurrean jarri behar diren doikuntzak".
2025eko irailaren 26an, aipatu 21. artikuluaren 4. apartatuan zehazten den txostena egin zen, zeinetan biltzen baitira egin asmo diren eta, hartara, jendaurrean jarri behar diren doikuntzei aplikatu beharreko irizpide teknikoak. Honako hauek dira aipatu irizpideak: "1. Ondasun higiezinen mugaketan aldaketa nabarmena dakarten aldaketa grafikoak irudikatuko dira, hurrengo puntuetan adierazitako murrizketekin.
Muga berria sartzerakoan lurzati berri bat sortzen bada mugarte mugakidean, baina EZ bada nabarmena erregelamenduan ezarritakoaren arabera (100/2008 Foru Dekretuaren 21.2 artikulua), EZ da jasoko lurzati berri independentea balitz bezala; aitzitik, zer udalerriri atxiki zaion, udalerri horretan dauden lurzati mugakideen barnean sartuko da eremu hori.
2. Oro har, udalerrien arteko marra berria zehaztearen ondorioz eremu nabarmen bat sortzen bada udalerri mugakidean, eremu hori Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuko da udalerri mugakideko lurzati berri gisa, finkaren jatorrizko titulartasunari eutsita.
Aurrekoa gorabehera, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak salbuespenak egiten ahalko ditu, behar bezala justifikatuta".
Aipatu txostenean, gainera, zehazten dira ukitutako katastroko esparruetan katastroari dagokionez eginen diren aldaketa zehatzak.
Txosten hori eta Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 20.1 c) artikuluan xedatutako komunikazioa 2025eko irailaren 29an igorri zitzaizkien ukitutako udalei.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Jendaurrean jartzea Caparrosoko eta Martzillako udal mugarteen aldaketa Lur-ondasunen Erregistroan sartzeko egindako doikuntza teknikoak, tramite hori xedatzen baitute Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 20.1 c) artikuluak eta haren Erregelamenduaren 21.5 artikuluak.
Jendaurreko informazioaren tramitea 20 egunez eginen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lehenengo egun baliodunetik zenbatuta.
Bigarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea ukitutako udalei, gauza dezaten erabaki den jendaurreko informazioaren tramitea.
Jendaurreko aldian, toki entitateek, haien ondasunei dagokienez, eta Lur-ondasunen Erregistroan inskribatzen ahal diren eskubideetako baten titularrek edo, oro har, jendaurrean jarritako doikuntza teknikoek ukitzen duten eskubide baten edo interes legitimo baten titularrek, nahi badute, proposatuari buruzko alegazioak edo oharrak aurkezten ahalko dituzte, eta horiek guztiak Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzuak ebatziko ditu, arrazoitutako erantzuna emanez.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.
Iragarkiaren kodea: F2513159