Iragarkia
207. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1071E/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen baita "Romeralesko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia aldatzea (3. ontzia, 2. fasea)" proiektuari buruz. Tafalla Iron Foundry KS da sustatzailea.
Bere ezaugarriak direla-eta, proposamena Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8.c) taldean jasotzen da, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea egokia da.
–Aurrekariak.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako otsailaren 26ko 148E/2019 EBAZPENAren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zen Tafallako Romerales inguruan Fagor Ederlan Tafalla KSk sustatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegia instalatzeko (1. eta 2. ontziak, I. fasea), eta, hala zegokiolako, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zen. Gaur egun, 1. ontzia zaharberritzen ari dira, eta 2. ontzia ustiatzen da.
–Proposamena.
Tafalla Iron Foundry KS da Romeralesko hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren titular berria. Zabortegi hori Tafallako 19. poligonoko 845. lurzatian dago, eta titular horrek berak Tafallan duen fabrikan galdaketa, moldekatze, altzairu-matxeatze eta abar bidez sortutako zepak, lohiak, hautsak, erregogorrak, hareak eta abar ezabatzeko erabiltzen da. Fabrika horrek automobilgintzarako elementuak ekoizten ditu (motor-blokeak, kulatak eta abar).
Proposamena zabortegiaren 2. fasea hastean datza, aurreikusitako plangintzaren arabera, fase horretan aurreikusitako bi zabortegi-ontzietako bat (3. ontzia) prestatuta eta ustiatuta, eta azken ontzia (4. ontzia) gerorako utzita. Proposamenaren deskripzioa txosten honen II. eranskinean dago.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluari jarraikiz, Fagor Ederlan Tafalla KSk irismen-txostena eskatu zuen 2022ko uztailaren 21ean, Romeralesko zabortegiaren 2. fasea hasteko proposamenari buruz. Fase hori zabortegiko 3. ontzia izenekoa irekitzean datza. 2022ko abenduaren 20an, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Inpaktuaren Atalak irismen-txostena bidali zion sustatzaileari, irismen-txosten hori idazteko kontsulta-izapidean jasotako erantzunak erantsita.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluari jarraikiz, 2025eko urtarrilaren 9an, Tafalla Iron Foundry KS titular berriak proiektua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan, hori baita organo substantiboa, ingurumen-baimena eman zezan. Zerbitzu horrek, abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitako ondorioetarako, jendaurrean jarri zuen 30 egun baliodunez, 2025eko otsailaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (26. zk.) argitaratutako iragarki baten bidez. Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua betez, eragindako administrazioei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea ireki zen. Kontsulta-izapide horren laburpena txosten honen I. eranskinean dago.
Izapide horietarako epea igaro ondotik, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak ingurumen-organoari jakinarazi dio ez dela alegaziorik jaso, eta eskura jarri dira kontsulta-izapideetan jasotako erantzunak.
2025eko uztailaren 9an, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera eta proposamenaren dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa aurkeztu zituen Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalean, hori baita organo substantiboa, eta 21/2013 Legearen 39.3 artikuluari jarraikiz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura bidali ziren haiek.
Azkenean aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak, kontsulta-izapidean jasotako txostenen arabera hobetuak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia du, alternatiben azterketa bat jasotzen du, proiektuaren ondoriozko ingurumen-eragin nagusiak behar bezala aztertzen ditu eta ingurumen-inpaktu nabarmenik ez dagoela bermatzeko neurriak ezartzen ditu. Bereziki, ingurumen-inpaktuaren azterketaren 5. eranskinean, proposamenak eragindako lursailetako (ontzia, sarrera eta lixibiatuen kudeaketa gunea) landare-formazioen inbentario bat dago. Lursail horietan belazeak, albitz-larreak, espartzu-larreak, Elymus pungens espezieko belardi halohigrofiloak, lezkadi txikiak, erromero-sailak, ezkai-larreak, oilagarrak eta abar daude. Baita 2022ko sutearen ondotik sortutako Alippo pinu-landareak eta bizirik atera zen pinu mota horren aleren bat ere.
Ondorioz, landare-formazio horien inguruko eragina minimizatzeko edo saihesteko, edo haiek ezabatzea eragozteko, hainbat neurri proposatu ditu, eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6. eranskinean ("Paisaia-integrazioa eta landareztatzea") dioenez, sortutako lubetak tratatzeko eta itxi ondotik ontziaren gainazala ingurumenean integratzeko, belarki autoktonoak ereinen edo hidroerein eginen dira, eta, aldi baterako aldatutako eremuak lehengoratzeko, ereintza edo hidroereintza mota hori bera egiteaz gain, zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoak landatuko dira (artea eta Alippo pinua). Lur-erauzketen tratamendu begetala baztertu du, harrizko lur eremuetan eginen baitira eta esfoliaziorako joera baitute.
–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Zarata, usainak, kutsadura, isurketak eta hondakinak sortzeari dagokionez, ingurumen-baimen integratu berrian ezarriko diren neurriek (ontzia eratzea, hura betetzeko prozesuak eta garapena, zaintza, kontrola eta itxiera) aukera emanen dute Romeralesko zabortegiko 3. ontzia garatu dadin inguru horretako ingurumen-kalitatea babestearekin bateragarria den eran.
Basoak Kudeatzeko Atalaren 2025eko uztailaren 29ko txostena dago espedientean. Txosten horretan adierazten denez, 3. ontzia 2022ko ekainean su hartu zuen eremu batean ezartzea proposatzen den arren, egiaztatuta dago sutearen aitzina ere hala aurreikusita zegoela lehenago onartutako tresnetan, eta, Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legearen arabera, erretako baso lurzoruen erabilera aldatzeko edo lurzoru horien landare-estalkia berroneratzearekin bateraezinak diren jarduerak ezartzeko debekuaren salbuespentzat hartuko litzateke. Beraz, eskumenei dagokienez, baso-ondorioetarako soilik, eta hirugarrenei, jabetzakoei eta beharrezkoak diren beste baimen batzuei kalterik egin gabe, ez du eragozpenik ikusten Romeralesko hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa egiteko.
Proiektuan jasotako ontzi berria, sarbideak eta zuzkidurak Romerales mendilerroaren gailurrera eta hegoaldeko isurialdera mugatzen dira, eta "Juncaleko aintzira" Kontserbazio Bereziko Eremutik (KBE) kilometro batera daude gutxi gorabehera (mendilerroaren iparraldeko eta ipar-ekialdeko hegalaren behealdeko haran zabal batean dago aintzira). Beraz, ez zaio zuzenean eragiten Natura 2000 Sareko ezein guneri.
Era berean, ez da aurreikusi KBE horren gainean zeharkako inpakturik; izan ere, ontzia iragazgaizteko neurriek eta lixibiatuak zabortegiaren barrualderantz birzirkulatzeko proposamenak industria-urak lurrera iragaztea eta, azkenean, Juncaleko aintzirara eta haren ingurunera iristea eragotziko dute. Arrazoi berberengatik, proposamenak ez du eraginik izanen ingurumen balioa duen Romeralesko aintziran edo putzuan (ontziaren ipar-mendebaldeko muturretik arrunt hurbil dago, mendilerroaren iparraldeko hegalaren goiko aldean).
Kanpoko euri-urak (ontziaren perimetroko arekak eta sarbidearen zaintza-arekak) eta jariatutako euri-urak, sarbide horren azpiko drainatze-obra batetik bideratuko direnak, bildu eta hegoaldeko hegal hori husten duten sakan txikietarantz (Kandaraitz-Dongalindo sakaneko adarrak) isuri eginen dira, eremuko drainatze naturala funtsean aldatu gabe. Lixibiatuen deposituak eta euri-ur garbien irteerak, egikaritzean, saihesten ahalko dute kokatuta dauden sakan-buruaren inguruko eragina.
Proiektuaren ondorioz ezabatuko diren edo eragina izanen duten landare-formazioak ontziak eta proiektuko gainerako elementuek hartutako espazioan banatuta daude, lurzoruaren ezaugarrien, geologiaren, orientazioaren, lurraren hezetasunaren eta abar arabera. Formazio horiek bizirik iraun zuten 2022ko sutean, edo sute horren ondotik eremuko landare-estalki potentziala lehengoratzeko lehen etapen parte dira. Horietako batzuek, beren garapenagatik, ingurumen-kalitate handiko habitat naturalak osatzen dituzte, Batasunaren intereseko edo Habitatei buruzko (EEE) 92/43 Zuzentarauaren lehentasunezko habitatak izaten ahal direnak. Nolanahi ere, proposamenaren eraginpeko espaziotik gertu, landare-formazio horiek ongi ordezkatuta daude.
Aurkeztutako landareztatze-plana neurri handi batean egokia bada ere, landare-formazio natural horien galera konpentsatzeko eta proposamenak aldi baterako edo behin betiko eragindako lursailak ingurumen aldetik lehengoratzerako eta integratzeko, hobetu egin behar da hura, helburu horiek hobeki eta azkarrago lortzeko. Garrantzi txikiagoko gaiei dagokienez, besteak beste, lur-erauzketen landare-tratamendua kontuan hartu behar da, eta tratamendu berezia egin behar da euri-uren sakanerako irteeran eta lixibiatuen deposituaren kokapenak eragindako lurretan, ibilgu horretatik gertu. Gainera, 3. ontziaren ekialdean zabortegiaren 2. faseko 4. ontzia planifikatu denez, eremu horretan aurreikusitako landaketen bideragarritasuna kontuan hartu behar da.
3. ontziaren azken garapenari eragiten ahal dion linea elektrikoaren etorkizuneko aldaketari/birjarpenari dagokionez, aurkeztutako proposamenetik kanpo geratu den arren, jakinarazi behar da ingurumen-ebaluazioa egin beharko dela administrazio-baimena eman aitzina, intereseko landarediari eta basa-hegaztiei eragiten ahal zaielako. Izan ere, horietako batzuk katalogatuta daude, eta linea Juncaleko aintziratik (KBE) hurbil (proiektutik 1-1,5 km-ra) zein estepako hegaztien kontserbaziorako eremu kritikotik (11 "Miranda Arga-Tafalla-Erriberri") gertu (1,5 km-ra mendebaldera) dago.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, espedienteko txostenak, jendaurrean jarri izanaren emaitza eta espedientearen azterketa teknikoa ikusita, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela, eta ados agertu da hautatutako aukerarekin. Atal horren arabera, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria da, baldin eta betetzen badira proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko (konpentsatzeko) jasotako neurriak, baita jardueraren ingurumen-baimen integratu berrian zehazten direnak eta ebaluazio honetatik eratortzen direnak ere; beraz, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Tafalla Iron Foundry KSk sustatutako "Romeralesko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia aldatzea (3. ontzia, 2. fasea)" proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da.
2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko eta proposamenaren ingurumen-baimen integratuko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:
–Obrek iraun bitartean, aldi baterako eragindako eremuetarako aurkeztutako zonifikazioa (obra-sarbideak, metaketak, etxolak eta abar) errespetatuko da, eta proposatutako gainerako neurriei jarraituko zaie landare eremuen eta ingurumen balioa duten elementuen okupazioa (ontzi berria eraikitzeko obren zein haren funtzionamenduaren ondoriozkoa) kontrolatzeko eta minimizatzeko.
–Tratatu beharreko gainazaletarako landareztatze-teknika gisa, hidroereitea erabiliko da, ereitearen ordez, lehenak hobeki bermatzen baitu sartutako haziak ernetzea, ezpondetan bereziki.
–3. ontziaren iparraldean eta hegoaldean eta sarbidearen bazterrean sortzen diren lur-erauzketak, landareztatzeko egokiak ez izanda ere, gainerako ezpondetarako erabilitako nahasketarekin hidroerein eginen dira; izan ere, tratamendu horrek ebaketa horien higaduraren ondorio negatiboak arindu eta ingurumen integrazioa bizkortzen ahalko du, nahiz eta erabateko arrakasta ez izan.
–Gainera, lur-erauzketa horien landare-tratamendua egin aitzina, egokitzapen neurriak hartuko dira (berma horizontalak, lur emankorrez estaltzea eta abar), hidroereintza horien arrakasta eta alboko lurretatik inguruko espezieek kolonizatzea errazteko.
–Proposatutako belar espezieak bat datoz jarduketa eremuarekin, baina baliteke batzuk (Brachypodium pinnatum, Poa bulbosa eta Trifolium subterraneum) enpresa espezializatuetan eskuragarri ez egotea. Kasu horretan, hauek erabiltzen ahalko dira haien ordez: Lolium rigidum, Lolium perenne, Trifolium fragiferum, Medicago sativa, Medicago lupulina edo Onobrychis viciifolia.
–Proposatutako landaketei dagokienez, agian ez da oso eraginkorra izanen tamaina txikiko espezieak landatzea (otea, ezkaia eta abar). Lurrazaleko tamaina txikiko espezie zurkara horiek hobeki sartzen ahal dira hidroereintzetan erabili beharreko nahasketan, espezie horien haziak gehituta. Gainera, espezie horien aleak landatu ez badira, horien ordez, abaritz ale kopuru antzekoa landatzen edo landatu beharreko arte kopurua handitzen ahal da.
–3. ontziaren hegoalde, eki-hegoaldean, euri-uren sakanerako irteera egiteko, eragina haren ertzera mugatu beharko da, eta, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazten duen bezala, ibilguaren gaineko isurketaren deflektore gisa funtzionatzen duten elementuak instalatu beharko dira, hala nola arrokak eta abar, bertan higadura prozesuak saihesteko.
–Euri-uren irteera horren inguruan, eta lixibiatuen deposituaren eta ponpaketaren inguruan, landaketak dibertsifikatu eginen dira, substratuen hezetasun edo gazitasun handiagoarekin lotutako zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak sartuta, hala nola Atriplex halimus eta tamariz (Tamarix gallica, T. africana edo T. canariensis).
–3. ontziaren azken faseak baino lehen eginen da linea elektrikoaren aldaketa, ontzi horrek hartzen duen espazioa gurutzatzea saihesteko, eta Nafarroako gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan izapidetu beharko da. Diseinatzerakoan, kontuan hartu beharko dira inpaktu txikiagoko diseinu alternatibak, gainak eta landare-estalki naturaleko eremuetatik igarotzea saihestuko dituztenak. Tarte hori lurpean egiteko aukera aztertu beharko da, laborantza eremuen mugetatik, bide ertzetatik edo zabortegiaren instalazioetatik. Gainera, basa-hegaztien elektrokuzio- eta talka-arriskuak prebenitzeko neurriak jaso beharko ditu fase, euskarri, konektore, isolagailu eta, hala badagokio, bestelako elementuetan.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, basozainei –"Tafalla-Zangoza" 10. koordinazio unitatea (948 703 671 edo 609 907 084, gmatafalla@navarra.es)– eta sustatzaileari, dagozkion ondorioetarako.
Iruñean, 2025eko irailaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK ERAGINDAKO ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN LABURPENA
Eragindako administrazio gisa, kontsulta egin zaie Tafallako Udalari, Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalari, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Vianako Printzea erakundeari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta ingurumen-organoari (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua).
Ingurumenaren babesaren alorreko elkarte hauei ere egin zaie kontsulta: Espainiako Ornitologia Elkartea, Asociación en Defensa de la Tierra-Lurra, Greenpeace Espainia, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Ekologistak Martxan-Landazuria, GURELUR-Fondo Navarro para la protección del medio natural eta Ekologistak Martxan.
Tafallako Udalak txosten bat egin du, non honako hau dioen Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren Basoak Kudeatzeko Atalaren 2022ko azaroaren 22ko aurkako txostenari buruz: proiektuaren kokapena Tafallako hiri antolamenduko plan orokorrean jasotzen zen, "eragin bereziak, zabortegi" eta lurzoru urbanizaezin gisa. Beraz, proposamena Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legearen 50. artikuluaren 1. puntuan jasotako salbuespenetako bat izanen litzateke (su hartutako baso lurren erabilera 30 urtez aldatzea eta haiek oneratzea eragozten duten jarduerak debekatzen ditu artikulu horrek). Tafallako Udalak jakinarazi du proposamena bateragarria dela indarrean dagoen plangintzarekin, eta proiekturako aukeratutako kokalekuaren ingurune naturalaren ingurumen balioak zerrendatu ditu.
Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalak txostena egin du, kontuan har dadin dokumentu horien bertsio berri bat idazteko (hala badagokio), eta honako hau adierazi du: "Zabortegian aplikagarria ez bada ere, badira hondakinak biltegiratzearekin lotutako alderdi batzuk, Batzordearen abuztuaren 10eko (EB) 2018/1147 Betearazpen Erabakiarenak, zeinak hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen baititu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, analogiaz erreferentzia tekniko baliozkotzat hartzen ahal direnak". Berariaz proposatu du sustatzaileak ebaluatzea Erabaki horretan 3., 4., 5., 6., 7., 9., 18., 19. eta 21. teknika erabilgarri onenen gisa hartzen direnen aplikazioa.
Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi du, Nafarroako Inbentario Arkeologikoa berrikusita, proposamenak ez diola eragiten katalogatutako aztarnategi arkeologiko bakar bati ere. Handik hurbil dago Piedracita I (kodea: 09-31-227-0024) edozein eraginetatik kanpo dagoena. Era berean, jakinarazi du, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legea betez, legez nahitaezkoa dela obrek iraun bitartean agertzen den aztarna arkeologiko ororen berri ematea berehala.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, ingurumen-organoa den aldetik, jakinarazi du ingurumen-inpaktuaren azterketak eduki gehigarria jaso behar duela. Honako hau, alegia: proposamenaren bideragarritasuna, Basoak Kudeatzeko Atalaren 2022ko azaroaren 22ko aurkako txostenari lotuta. Gainera, proposamenaren benetako inpaktua behar bezala baloratzeko eta haren diseinua inpaktu txikieneko alternatiba ote den zehazteko, proiektuaren alderdi batzuen deskribapen zehatzagoa jaso behar du (ontzi berriak hartutako lursailen gainazala drainatzeko soluzioa, lixibiatuen depositua, lixibiatuen eroanbideak eta birzirkulazioa, euri-urak eta abar), eta proiektuak aldi baterako edo behin betiko eragindako eremuko landarediaren azterketa zehaztu behar du, bai eta landareztatze-plana hobetu ere.
Azkenik, egin beharko den linea elektrikoaren aldaketa Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan izapidetu behar dela dio eta, izapidetze horrekin batera, legez aurkeztu behar den ingurumen-ukipenen azterketa aurkeztu behar dela. Kontuan hartu behar da, diseinuan, une horretan aurkeztutako proposamenak baino inpaktu txikiagoa duten diseinu aukerak baloratu beharko direla, gainak eta landare-estalki naturaleko eremuetatik igarotzea saihesteko, eta tartean bat lurpean egiteko aukera aztertuta eta basa-hegaztien elektrokuzio- eta talka-arriskuak prebenitzeko neurriak sartuta fase, euskarri, konektore, isolagailu eta bestelakoetan.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Tafalla Iron Foundry KSk Romerales mendilerroan (Tafallako 19. poligonoko 845. lurzatia) duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegiko 3. ontzia eraiki eta ustiatzeko proiektua egin du. Zabortegi hori automobilgintzarako elementuen fabrikan (sustatzaileak berak Tafallan duena) altzairua, burdina eta beste aleazio batzuk galdatuz, moldekatuz eta matxeatuz sortutako zepak, lohiak, hautsak, erregogorrak, hareak eta abar ezabatzeko erabiltzen da. Zabortegi horren plangintzaren arabera, bi fase izanen ditu, eta horietako bakoitza bi zabortegi-ontziz osatuta egonen da.
Proiektuak 3. eta 4. ontziek osatutako zabortegiaren 2. fasea hastea dakar, proiektuaren lurzatiaren mendebaldean aurreikusitakoa. 1. fasea, baimenduta eta martxan dagoena, lurzatiaren ekialdeko erdian dago; lehen ontzia (1. ontzia) zaharberrituta dago, eta beste ontzia (2. ontzia) ustiatzen da.
Zabortegian uzten diren hondakin ez-arriskutsuen EHZ kodeak honako hauek izanen dira: 10 09 03 Kubiloteko eta labeko zepa, 10 02 14 Kubiloteko lohiak, 10 09 10 Kubiloteko zikloi-hautsa, 16 11 04 Kubiloteko eta labeko erregogorra, 10 09 08 Moldekatzeko soberako harea, 10 09 06 Kutxa beroko matxo hautsiaren hondarra, 12 01 17 Granailatzeko makinaren hautsa, 10 02 14 Hareategiko lohiak, 10 09 06 Kutxa hotzeko matxo hautsien harea, 10 02 14 Granailatzeko makinaren xurgapen lohiak, 10 09 08 Mahuka-iragazkiko hareak eta 19 07 03 Zabortegian sortutako lixibiatuak. Hondakin horiek egonkorrak izanen dira isurketa baldintzetan, % 50etik beherako hezetasuna eta % 50eko baino gehiagoko gartze-puntuarekin.
3. ontziaren proiektuaren helburua da hondakin horietatik 752.534 m³ ezabatzea 11-12 urte inguruan. Ontzi berria 2. ontzitik 230 metrora mendebaldera kokatuko da. Oinplano ia angeluzuzena izanen du, eta 58.000 m² inguru hartuko ditu proiektuaren lurzatian. Ontzia zulo bat izanen da, indusketa zentralaren eta perimetroko ildo-bizkarren eraikuntzaren bidez egindakoa, eta bi dike izanen ditu (bata, ontziaren ekialdean, eta bestea, mendebaldean). Kanpoaldean ezpondak eginen dira; gehienak, lubetan. Zuloaren hondoa eta alboak ondoz ondoko geruzen bidez iragazgaiztuko dira, halako proiektuetarako preskripzioak betetzeko (lurzoru naturala trinkotzea, hesi geologiko artifiziala, hesi iragazgaitz artifizialak, geo-zuntzak eta abar).
Bi saneamendu sare proiektatu dira (kanpoko euri-urak eta barneko euri-uren lixibiatuak). Bi sareetako azken zatiak (ontziaren kanpoaldekoak) lurperatu eginen dira. Euri-urak irteera-egitura baten bidez isuriko dira Romerales mendilerroaren hegoaldeko magalerantz isurtzen duen sakan txiki baten buruan, eta lixibiatuak lixibiatuen putzu batera bideratuko dira (depositu itxi motakoa), ontzira birzirkulatzeko, kanpora isuri gabe.
Sarbide bat eraiki beharko da 3. ontzira sartzen diren ibilgailuentzat, bai deskargatzeko, bai egokitzeko. Ontziaren kanpoaldeko tarterako, goranzko bide bat proiektatu da, 2. ontzirako gaur egungo sarbidetik ontzi berriaren goialderaino, lur-erauzketaren eta lubetaren bidez egina, eta hegalaren erdialdetik zeharkatuko ditu ontzi berriaren iparraldeko eta ipar-ekialdeko igeltsu-muino pare baten egutera eta bi muinoen artean dagoen ibarbide landu txiki baten goialdea, zeina lurraren drainatze naturalaren parte baita. Bidearen azpian, zeharkako drainatze-egitura bat jasotzen du proiektuak (1 metroko diametroa eta 40 metroko luzera duen hodia), ibarbide horren drainatzea nabarmen ez aldatzeko.
Ontziaren betelanak, era berean, lau fasetan eginen dira (ekialdeko eremua betetzea perimetroko ildo-bizkarren kotaraino; ekialdeko eremua zigilatzea eta mendebaldeko eremua betetzea eta zigilatzea perimetroko ildo-bizkarren kotaraino; aurreko bi faseen gaineko betelana egitea, eta, azkenik, akaberako zigilatzea eta lehengoratzea).
Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren eranskin gisa, landareztatze-plan bat atxiki da, 16.550 m²-ko ereintza edo hidroereintza eta landaketa aurreikusi dituen dokumentazio teknikoarekin batera, antza denez, bi eremutan banatuta: ontziaren mendebaldeko dikearen alboko zerrenda bat, eta obra osagarrien eraginpeko eremu bat eta lixibiatuen putzuaren ingurunea, ontzi berriaren ekialdean; ontzian eta sarbidean sortutako lubetak ereitea edo hidroereitea (6.300 m²), eta 3. ontziko lehengoratze-azalerari (estalkia eta azken ezpondak) dagozkion 35.193 m²-ak azkenik ereitea edo hidroereitea.
Proiektutik kanpo utzi da, gerorako, "Tafalla-Miranda" 13,2 kV-eko aireko linearen zatiaren saihesbidea eta hura birjartzea. Linea horrek 300 metro inguruko bao bat du, 3. ontziaren kokapena gainetik zeharkatzen duena eta ustiapenaren azken faseetan eragina izaten ahal duena.
III. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN INFORMAZIO GRAFIKOA

Iragarkiaren kodea: F2512863
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
