Iragarkia
207. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
340/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita osasun publikoko ikuskatzaileen 13 plaza huts (albaitariak) betetzeko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako.
Abenduaren 27ko 306/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2023. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio.
Abenduaren 27ko 120/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2024ra arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.
Apirilaren 30eko 43/2025 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2025. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2025era arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.
Ikusirik Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak proposatu duela osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitariak) zenbait plaza huts betetzea merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Osasun publikoko ikuskatzaileen 13 plaza huts (albaitariak) merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onestea.
2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen oinarriak onestea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2025eko irailaren 30ean.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María Ángeles Nuin Villanueva.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da osasun publikoko ikuskatzaileen 13 plaza huts (albaitariak) betetzea merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatze bitartez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako.
1.2. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.
–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duena, azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuak aldatua (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).
–1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.
–Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.
1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (aurrerantzean NOPLOI) iragarki-taulan (Leire kalea 15, 31003 Iruña).
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orria (www.empleosalud.navarra.es/eu), "Lekualdatzeak" izeneko erlaitza, dagokion kategoriaren barnean.
1.4. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitariak) 13 plaza huts betetzea merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez. Lanpostuok zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 9798, 67032, 67038, 67041, 67049, 67054, 67063, 67068, 68125, 70004, 72440, 72441 eta 73089.
1.5. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi honetan sartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatzea eta esparru nazionaleko lekualdatzea.
Esparru nazionaleko lekualdatze-lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko esparruan egiten den merezimendu-lehiaketaren ondorioz sortu eta lan publikoaren eskaintzan sartutako plaza hutsetatik %10 eskainiko dira, zenbaki osotara ekarrita.
Bestalde, Foru Administrazioan egindako merezimendu-lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen diren plazen kopurua hamar baino txikiagoa bada, plaza hutsen kopuru hori kontuan hartuko da hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira esparru nazionaleko lekualdatze-lehiaketan, bakar-bakarrik, metatutako plaza hutsak 10 baino gehiago badira.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuz, 13 plaza sartu dira lan publikoaren eskaintzan. Aurretik 3 lanpostu daudenez metatuak, lekualdatze-lehiaketa honetan plaza bat eskaintzen da esparru nazionalerako, eta 6 plaza geldituko dira metatuak hurrengo deialdietarako.
1.6. Lehiaketa honen barrenean plaza hauek sartzen dira: hasieratik deialdian iragartzen diren plazak eta lekualdatze-lehiaketa honetan beste plaza bat eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, NOPLOIren plantillakoak badira.
Hala badagokio, aurreko oinarrian aipatutako plazak ere sartuko dira deialdian. Kasu horretan, Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoek plaza horiek hautatzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, plaza hutsak lan publikoaren eskaintzan sarturik badaude.
Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste plaza bat lortu ondoren uzten dituzten plaza hutsak ez dira eskainiko bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" plazak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako.
1.7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.
Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko plaza bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.
Lekualdatze-lehiaketaren bidez Osasun Sistema Nazionaletik NOPLOIra pasatzen diren langileek aukera izanen dute Nafarroako administrazio publikoetako funtzionario bihurtu eta bertako Langileen Estatutuan sartzeko, eta bi hilabeteko epea izanen dute aukera horretaz baliatzeko, plazaz jabetu eta biharamunetik hasita, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.
1.8. Deialdi honetan plaza eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan-kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.
1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
1.10. Dedikazio esklusiboaren araubidean arituko dira lanean, hau da, prestasun osoz eta erabateko dedikazio absolutua izanda, eta ezin izanen dira irabazizko beste inolako jardueratan aritu, ez sektore publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
1.11. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, herritarren osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.
1.12. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen plaza elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).
1.13. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan sartu direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko plaza hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
2.–Betebeharrak.
2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak izatea, zein diren ere haien araubide juridikoa eta egoera administratiboa:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratudun finkoa izatea, A maila edo taldekoa.
b) Albaitaritzako lizentziaren jabe edo horren baliokidea den beste titulu baten jabe izatea berariaz eskatu zaion plaza baterako izendatu izana.
c) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari eska diezaion.
2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko langileak:
a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea, eta hartan jardunean aritzea edo plaza erreserbatuta izatea.
b) Lehiaketan parte hartzen duen unean daukan lanpostuan urtebeteko zerbitzualdia egina izatea plazaren jabe izanda, deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileentzat 2.1.1.b) eta c) ataletan aipatzen diren baldintzak betetzea.
2.2. Parte hartzen duten pertsona guztiek, jardunean ez beste egoera batean badaude, frogatu beharko dute deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.
2.3. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera euskarazko jakite maila zehatz bat frogatzeko betebeharra duten eta arau bidez ezarrita dauden plaza elebidunak eskuratu nahi izanez gero, jakite maila hori 1.12 oinarrian adierazitakoaren arabera egiaztatuko da.
2.4. Eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, plaza esleitzen den arte.
2.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, plaza-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.
2.6. Beren estamentu eta espezialitateko plaza huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.
3.–Eskaerak eta merezimenduak aurkezteko epea eta tokia.
3.1. Inskripzioa.
Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskaera telematika bidez aurkeztu beharko dute www.empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, esteka honetan: "Lekualdatze-lehiaketa", "Osasun arloko kategoriak", "Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua", "Osasun Publikoko ikuskatzailea (albaitaria)" hautatu, eta ondoren, "Inskripzioa" sakatuta.
Eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea.
3.2.1. Merezimenduak eta baldintzak agiriekin eta bide telematikoz aurkeztu behar dira, merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabide-orria aurkezteko epe berean, deialdiaren baremoan adierazitako atalak kontuan hartuta.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
3.2.2. Barne lekualdaketako izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek justifikatu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, baremazioa egin dezan:
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan deialdiaren xede den lanpostuan aitortua duten antzinatasuna.
–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.
3.2.3. Lekualdatze nazionalaren txandan parte hartzen duten langileek deialdiaren oinarrietan eskatzen diren betebeharren frogagiriak eta baremaziorako merezimenduak aurkeztu beharko dituzte eskabide-orriarekin batera, horretarako ere prozedura telematiko bera erabiliz.
3.2.4. Lehenago frogatu ez bada, sexu delituei dagokienez eskatzen den baldintza frogatzen ahalko da baimena emanez (horretarako, parte hartzeko eskabide-orrian dagoen atala beteko da), edo bide telematikotik dagokion ziurtagiria bidaliz.
3.2.5. Hizkuntzak jakiteko betebeharra dagokion titulazio ofizialaren bidez egiaztatu beharko da, merezimenduak aurkeztearekin batera.
4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Raúl González Alvarado jauna, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaiburua: Isaías Bautista Sanz jauna, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko burua.
Epaimahaikidea: NOPLOIko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Ordezko epaimahaikidea: NOPLOIko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Epaimahaikide-idazkaria: Miguel Asurmendi Salvide jauna, NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko burua.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Daniel Zoco Lampreave jauna, NOPLOIko Profesionalen Ataleko burua.
Izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera osatuko eta argitaratuko da epaimahaiko kideen zerrenda.
5.2. Organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita organoko kideen erdiek ere.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gaiak.
5.4. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoa aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. Merezimenduak honela baloratuko dira:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. Zerbitzu-eginkizunetan eta jarduneko egoera berezian –igoeragatik edo goragoko kategoria bateko lanak betetzeagatik– egindako zerbitzuak benetan egin direneko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
4. Zerbitzu berezietako egoeran eta eszedentzia berezian egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
b) Hizkuntzak jakitea.
1) Frantsesa edo ingelesa jakitea (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Frantsesa edo ingelesa merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
2) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:
–Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
–Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
Oharrak b) atal guztirako:
1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.
2. Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
3. Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.
6.2. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo agiri bidez frogatu ez denik.
6.3. Barne lekualdaketako baremo bera erabiliko da lekualdaketa nazionalerako.
7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.
7.1. Epaimahaiak merezimenduak kalifikatuko ditu, eta deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien behin-behineko zerrenda, lortu duten puntuazioarekin. Zerrenda bat argitaratuko da esparru bakoitzeko: barnekoa eta nazionala.
7.2. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da.
7.3. Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.
7.4. Alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako bideen bitartez.
8.–Plaza hutsak aukeratzea.
8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:
a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Lanaldi arrunta edo osoa duen plaza batetik lanaldi partziala duen plaza batera joateko, eta alderantziz.
8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:
a) Plazak aukeratu aurretik, izangaien eskura jarriko da aukeran dauden plazen zerrenda, bai hasieran iragarritakoak, bai lekualdatzearen ondoriozkoak. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
b) Izangaiek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, bost egun balioduneko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer plaza eta/edo zentro nahi duten, hasieran deitutakoak izan edo lekualdatzearen ondoriozkoak.
c) Destino berria lortu nahi duten guztiek eginen dute eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen merezimendu-lehiaketakoak izan, edo esparru nazionaleko merezimendu-lehiaketakoak.
d) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du plazak hautatu eta esleitzeko egintza.
Hautatzeko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko izangaiek lehentasuna dutela esparru nazionaleko izangaien aurretik.
e) Emaitzaren informazioa deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
8.3. Plaza huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion plaza berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.
8.4. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean plaza aukeratzen ez duenak lehiaketaren xede diren plazetan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.
8.5. Plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epean, lekualdatze nazionalaren bidez parte hartzen dutenek jatorrizko administrazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, egungo administrazio egoerari buruzkoa.
9.–Plazak esleitzea eta betetzea.
9.1. Organo eskudunak, ebazpen baten bitartez, lehiaketan eskuratutako plazak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du ebazpena. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
9.2. Kontratatzen diren izangaiek esleipenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lortutako plazaz.
9.3. Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada edo aurkeztu bada merezimendu-lehiaketaren deialdiaren aurka edo haren garapenaren edo ebazpenaren aurka, esleipena ez da irmoa izanen, eta errekurtso horiei buruz administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ematen den ebazpenaren zain geldituko da, haren mende egonen baita.
10.–Errekurtsoak.
Administrazio bidea amaitzen ez duen deialdi honen kontra, baita deialdiko oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin.
Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, NOPLOIko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.
Iragarkiaren kodea: F2512859
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
