207. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

208/2025 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baitira, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamabigarren xedapen gehigarrian eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntzako kidegoetan sartu, bertara igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, irakasleen funtzio publikoan sartzeko sistema oposizio-lehiaketa izanen da.

Errege dekretu horren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, dei egiten duten administrazio publikoek, bakoitzak bere lan-eskaintza onetsi ondoren, eskaintza horietan baimendutako plazak betetzeko deialdiak eginen dituzte.

Deialdi honetan otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren III. tituluan ezarritakoa aplikatuko da, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den epea igaro ondoren.

Irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duen abenduaren 27ko 17/2017 Foru Legeak ezarri du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan eskaintza publikoak garatze aldera onesten dituen deialdietan aplikatzekoa izanen dela otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez onetsi zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetan sartzeko, bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua), eta arautu zuen deialdi horietan nahitaez jasoko direla hautapen prozedura ezberdinak ezagutza arlo edo irakasle espezialitate bakoitzerako eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizial bakoitzerako.

Abenduaren 27ko 303/2023 Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unibertsitateaz kanpoko irakasleen 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat, 2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako berariazko tasari dagokiona, eta maisu-maistren kidegoko 120 plaza ageri ziren.

Bestetik, abenduaren 27ko 119/2024 Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unibertsitateaz kanpoko irakasleen 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat, 2024ra luzatutako 2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako berariazko ordezte-tasari dagokiona, eta maisu-maistren kidegoko 125 plaza ageri ziren.

Azkenik, abuztuaren 27ko 96/2025 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unibertsitateaz kanpoko irakasleen 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat, 2025era luzatutako 2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona, eta maisu-maistren kidegoko 45 plaza ageri ziren.

Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 31. artikuluan (unibertsitateaz kanpoko irakasleen enplegu publikoaren eskaintzak) xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen plazak, erretiroaren, heriotzaren, ukoaren edo plaza-erreserbarik ez dakarren beste edozein egoera administratiboren ondorioz hutsik gelditzen direnak, automatikoki esleituko zaizkio plantilla organikoan jatorriko irakasleen kidegoari, plazen gainerako ezaugarriak zehaztu gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan publikoaren eskaintzetan ezarriko da irakasle kidego bakoitzeko zenbat plaza barne hartzen dituzten guztira. Enplegu eskaintza horietan sartutako plazen ezaugarriak, eta betiere espezialitatea eta hizkuntza, plantilla organikoa aldatzeko foru dekretu batean ezarriko dira, sarrerako hautaproben deialdia egin aurretik.

Lege aurreikuspen hori betetzeko asmoz, irailaren 3ko 99/2025 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen da, eta espezialitatea eta hizkuntza esleitu aipatutako foru dekretuetan jasotako maisu-maistren kidegoko 290 plazei.

Ondorioz, enplegu publikoaren eskaintza horretatik 290 irakasle plaza, maisu-maistren kidegoari dagozkionak, betetzeko deialdia egiten da, desgaitasuna duten pertsonen txandarako 30 plaza gordeta.

Halaber, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatutako irakasleen kidegoetan sartu, igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onetsi zuenak, 9.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta aipatu legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araubide iragankorrean araututakoaren arabera, deialdi honetan adierazten diren espezialitate eta hizkuntzetan eskainitako plazak gehitzen ahalko dira eskabideak aurkezteko epe berririk ireki gabe, eta deialdiko edozein txandari eragiten ahalko dio gehitze horrek.

Bestetik, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren V. tituluan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura arautzen da, eta adierazten da hezkuntza administrazioek kasuan kasuko deialdietan zehaztuko dituztela titulu horretan ezarritako prozeduren bidez eskuratzen ahal diren espezialitateak. Deialdia egiten duen hezkuntza administrazioaren mende dauden karrerako funtzionarioek soilik hartzen ahalko dute parte deialdi horietan.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia egitea.

2. Aipatu irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia egitea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera eta Kudeaketa Juridiko-Administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I. TITULUA.–MAISU-MAISTREN KIDEGOAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN KUDEAKETA ESPARRUKO PLAZETAN SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURAREN OINARRIAK

Lehena.–Arau orokorrak.

1.–Hautapen prozedura.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruan maisu-maistren kidegoko 290 plaza betetzeko hautapen prozeduraren deialdia egiten da.

30 plaza daude desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriarekin bat (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Desgaitasuna dutenentzat gordetako plazak osorik edo partzialki betetzen ez badira, dagokien kidego, espezialitate eta hizkuntzako plazei gehituko zaizkie, txanda irekiko prozeduran betetzeko.

2.–Deialdian iragarritako plazak honela banatu dira espezialitateen, hizkuntzen eta prozeduraren arabera:

Maisu-maistren kidegoko espezialitateak:

ESPEZIALITATEA

HIZKUNTZA

IREKIA

ERRESERBAKOA

GUZTIRA

ATZERRIKO HIZKUNTZA: INGELESA

Euskara

9

1

10

MUSIKA

Gaztelania

9

1

10

MUSIKA

Euskara

8

1

9

PEDAGOGIA TERAPEUTIKOA

Gaztelania

47

5

52

PEDAGOGIA TERAPEUTIKOA

Euskara

5

1

6

ENTZUMENA ETA HIZKUNTZA

Gaztelania

21

2

23

ENTZUMENA ETA HIZKUNTZA

Euskara

7

1

8

LEHEN HEZKUNTZA

Gaztelania

116

14

130

LEHEN HEZKUNTZA

Euskara

38

4

42

Plazen ezaugarriei dagokienez, aditzera ematen da deialdian ateratako espezialitateetako plazak ibiltariak izan daitezkeela.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatutako irakasleen kidegoetan sartu, igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onetsi zuenak, 9.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta aipatu legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araubide iragankorrean araututakoaren arabera, deialdi honetan adierazten diren espezialitate eta hizkuntzetan eskainitako plazak gehitzen ahalko dira eskabideak aurkezteko epe berririk ireki gabe, eta deialdiko edozein txandari eragiten ahalko dio gehitze horrek.

3.–Hautapen prozedura hauetan, honako arau hauek aplikatuko dira:

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

–2004/38/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena, langileen joan-etorri askeari buruzkoa.

–240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europar Batasuneko herritarrak edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzkoa.

–276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko, bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duena, eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako araubide iragankorra arautzen duena.

–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

–1594/2011 Errege Dekretua, azaroaren 4koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2026 Lege Organikoak arautzen dituen Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapetan beren eginkizunak betetzen dituzten Maisu-maistren kidegoaren irakaskuntzako espezialitateak ezartzen dituena.

–889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate-irakaskuntzak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate-titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetza-maila ezartzeko prozedura arautzen duena.

–17/2017 Foru Legea, abenduaren 27koa, irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duena.

–2/2021 Foru Legea, otsailaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoa.

–Eta aplikatu beharreko gainerako xedapenak, bai eta deialdi honetan xedatutakoa ere.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

1.–Baldintza orokorrak.

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako batekoa, edo arau hauek aplikatzen zaizkion estaturen batekoa: langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak emandako 2004/38/EE Zuzentaraua eta otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua, hots, Europar Batasuneko herritarrak edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzkoa.

Ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta bere ondorengoek eta ezkontidearenek ere, zuzenbidez bananduta ez badaude eta, ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanez gero, haien bizkar bizi badira edo ezgaiak badira. Halaber, herritar horien aurreko ahaide zuzenek eta haien ezkontidearenek parte hartzen ahalko dute, zuzenbidez bananduta ez badaude eta haien kargura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta, oro har, erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Aukeratu nahi den kidegoari eta espezialitateari dagozkion eginkizunekin bateraezina den eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

d) Ez izatea administrazio publikoen zerbitzutik kendua diziplina espediente baten bidez, eta ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek, gainera, egiaztatu beharko dute ez daudela gabetuak diziplina-zehapen baten bidez edo zigor kondena baten bidez beren estatuko funtzio publikoan sartzeko.

e) Sartu nahi den kidego bereko karrerako funtzionarioa edo praktiketako funtzionarioa ez izatea, edo horrelako lanpostu baterako izendatzeko esperoan ez egotea.

f) Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa edukitzea, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluaren arabera.

2.–Kidegoan sartzeko txanda irekiko prozeduran parte hartzeko berariazko betebeharrak.

Aurreko apartatuan ezarritako betebehar orokorrez gain, izangaiek berariazko betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

–Maisu-maistren titulua edo kasuan kasuko gradua.

–Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomadun titulua.

–Lehen Irakaskuntzako maisu-maistren titulua.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkezten badituzte, haien homologazioaren egiaztagiria izan beharko dute, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

3.–Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran parte hartzeko berariazko baldintzak.

Prozedura honetan parte hartzen ahalko dute, eskatzen duten kidegoan sartzeko eskatutako betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten pertsonek, betiere irakasle lanerako oro har eskatzen den gaitasun funtzionala badute, eta lortu nahi den kidegorako eta espezialitaterako behar dena ere bai.

Hautapen prozesuan izangai horiek izanen dituzten baldintzak eta txanda irekiko izangaienak berberak izanen dira, deialdi honen zazpigarren oinarriko 1. apartatuan aipatzen diren egokitzapenak galarazi gabe.

Nolanahi ere, proba egin bitartean edo praktiketan zehar zalantzak sortzen badira izangaiak kasuan kasuko kidegoko funtzionarioek egin ohi dituzten jardueretan aritzeko daukan gaitasunari buruz, epaimahaiak, hautapen batzordeak edo, hala badagokio, praktikaldiko balorazio batzordeak irizpena eskatu ahal izanen dio organo eskudunari.

Prozedura honetan parte hartzen duten izangaiek ezin izanen dute txanda irekiko prozeduran parte hartu kidego, espezialitate eta hizkuntza berean.

4.–Euskaraz eman beharreko plazetan sartzeko berariazko betebeharrak.

1. eta 2. apartatuetan eta, hala badagokie, 3.ean ezarritako betebehar orokor eta berariazkoez gainera, izangaiek Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidea izan beharko dute.

5.–Nazionalitate espainiarra ez duten izangaientzako berariazko betebeharrak.

Hautapen prozeduretan onartuak izateko, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek gaztelaniaz behar bezala badakitela egiaztatu beharko dute, hurrengo baliabide hauetako baten bidez:

–DELE Diploma izatea (Gaztelaniaren Diploma Atzerriko Hizkuntza gisa), C1 mailakoa, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, edo, bestela, diploma horren baliokidea, aipatu araua aldatzen duen otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuan eta azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuan araututakoa.

–Hizkuntza eskola ofizialek atzerritarrentzat emandako Gaztelaniaren Gaitasun Agiria (C1 maila).

–Filologia Hispanikoan lizentziaduna izatea, edo homologatutako titulu baliokideren bat izatea.

–Gaztelania maila neurtzeko proba bat gainditzea.

Gaztelania hizkuntza ofiziala duen herrialde bateko nazionalitatea dutenak gaztelaniaz badakitela egiaztatzetik salbuetsita egonen dira, baita Espainian unibertsitate-tituluren bat lortu dutenak ere.

6.–Baldintzak noiz bete behar diren.

Oinarri honetan aipatutako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira eta karrerako funtzionario gisa plazaren jabetza hartu arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena.–Epeak, eskaerak eta dokumentazioa.

1.–Eskaerak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.–Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek telematikaz aurkeztu beharko dute eskaera nahitaez, Hezkuntza Departamentuak deialdi honi dagokion fitxan jarriko duen datu orri elektroniko espezifikoaren bidez. Webgune honetan aurki daiteke: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/maestros-concurso-oposicion-2026.

Parte hartzeko eskaeran izangaiek zehaztu beharko dute zein espezialitate eta hizkuntzatan parte hartu nahi duten, deialdi honetako 1. oinarrian agertzen direnen artean aukeratuz, eta, horrez gain, zehaztu beharko dute zer prozeduraren bidez parte hartzen duten espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako, honako hauen artean:

Zein prozeduraren bidez parte hartzen den:

–Maisu-maistren kidegorako txanda irekia.

–Maisu-maistren kidegorako desgaitasuna dutenentzako erreserba txanda.

3.–Dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

3.1. Nazionalitate espainiarra duten izangaiak.

1) Nortasun agiri nazionala edo horren agiri baliokidea, indarrean. Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, bi aldeetatik eta dokumentu bakar batean. Halere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahalko diote izangaiek informazio hori kontsultatzeko, eta, horretarako, apartatu bat gaitu da parte hartzeko eskaeran. Baimena ematea aukeratuz gero, ez da beharrezkoa izanen dokumentua aurkeztea.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dutela inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi diziplina espediente baten bidez eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko. Adierazpena egiteko, onartu beharko da eskaera telematikaz aurkezteko datu-orrian dagoen "adierazten dut" atalean zehazten dena.

3) Tasaren ordainketa, parte hartu nahi duen espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko, laugarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

4) Maisu-maistren tituluaren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomaren edo Lehen Irakaskuntzako maisu-maistren tituluaren kopia eskaneatua, edo dagokion gradudun tituluarena, edo titulua luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira kopia horretan, eta artxibo bakar batean aurkeztuko da.

Titulua atzerrian lortu bada, horren kopia elektronikoa eta homologazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dira, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan eta abenduaren 3ko ECD/2654/2015 Aginduan ezarritakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

5) Euskaraz irakatsi beharreko plazak eskuratu nahi izanez gero, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria. Egiaztagiriak indarrean egonen dira, eta artxibo bakar batean aurkeztuko dira.

6) Merezimenduen frogagiriak, I. eranskineko merezimenduen baremoan ezarritakoaren arabera. Frogagiriak indarrean egonen dira. Alegatutako merezimendu bakoitza bereiz aurkeztuko da, artxibo bakar batean. Artxiboaren izenean, alegatutako merezimendua aipatuko da, baremazio batzordeak errazago egin dezan balorazioa.

Merezimenduen baremoaren I. apartatua (irakasle lanetan egindako zerbitzuak) baloratzeko, zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskaeran berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio edo zentro batean egindako zerbitzuak egiaztatzeko, kasuan kasuko zerbitzuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, merezimenduen baremoan ezarritakoarekin bat.

Era berean, baloratzeko merezimenduen baremoko III. apartatuko 3.1 azpiapartatua, etengabeko prestakuntzari buruzkoa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Prestakuntza Erregistroaren ziurtagirian dagoen prestakuntza ofizioz aurkeztuko du Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu beharrik gabe.

3.2. Beste nazionalitate bateko izangaiak.

Apartatu honen 3.1 azpiapartatuko 3. puntutik 6.era ezarritako agiriez gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen kopia eskaneatua. Agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira kopia horretan, eta artxibo bakar batean aurkeztuko da.

Aurreko horien ahaideek agiri hauen kopia eskaneatua aurkeztu beharko dute: pasaportearena, bisarena eta, kasuaren arabera, behar den txartela eskatu izanaren gordekinarena edo bisaren salbuespena eskatu izanaren gordekinarena eta dagokion txartelarena. Agiri horiek eskatu ezean, aurkeztu beharko dituzte agintaritza eskudunek ahaidetasun lotura egiaztatzeko emandako agiriak, baita, zein espainiarrekin edo Europar Batasuneko zein herritarrekin duten ahaidetasun lotura, horren zinpeko deklarazioa edo hitzematea ere, non adieraziko baitu ez dagoela bere ezkontidearengandik zuzenbidez bananduta eta, kasuaren arabera, izangaia bere bizkar bizi dela edo bere kargupean dagoela. Bestela, izangaiaren egoera frogatzeko beste agiri batzuk aurkeztu beharko dituzte, Europar Batasuneko herritarrak edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta haien joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera.

Deialdian parte hartzeko eskaeran, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek beren estatuko nortasun txartelari dagokion zenbakia edo pasaportearena adierazi beharko dute "Nortasun agiri nazionalari" dagokion laukian.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, izangaiak bere estatuko funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazten duena. Adierazpen hori egiteko, onartu beharko da eskaera telematikaz aurkezteko datu-orrian dagoen "adierazten dut" atalean zehazten dena.

3) Adierazi beharko dute gaztelaniaren ezagutza frogatzeko azterketa egitetik salbuetsiak dauden ala ez, aplikazio informatikoan dagokion aukera hautatuz. Aurkeztu beharko dute, gaztelaniaz behar beste badakitela frogatzeko, DELE-Gaztelaniaren Diplomaren (C1 maila) kopia eskaneatua, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat; edo, bestela, diploma horren baliokidea, aurreko araua aldatzen duen otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuan eta azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuan araututakoa; Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrentzat emandako Gaztelaniaren Gaitasun Agiri ofiziala (C1 maila); edo Filologia Hispanikoaren lizentzia edo bestelako titulu homologatu baliokideak, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.

3.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozedurako izangaiak.

3.1 apartatuan eta, hala badagokie, 3.2 apartatuan ezarritako agiriez gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hurrengo agirietako bat aurkeztu beharko dute:

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Mendekotasuna Baloratzeko eta Orientatzeko Taldeek emandako ziurtagiria, edo beste irizpen lotesle bat, talde multiprofesional eskudun batek emana, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

Desgaitasuna egiaztatzeko ziurtagiria edo irizpena aurkezten ez bada, izangaia ez da onartuko desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran, baina bai txanda irekiko prozeduran, baldin eta horretarako betebeharrak betetzen baditu.

Geroago desgaitasun bat aitortzeak, atzeraeragineko ondorioak izanik ere, ez du ekarriko erreserba prozeduran onartzea.

Ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokitzeari dagokionez, izangaiek eskatzen dituzten egokitzapenak erantsi beharko dituzte eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara igorriko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, baldintza berdinetan jardun ahal izan dezaten.

3.4. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek honako agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko dute:

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Mendekotasuna Baloratzeko eta Orientatzeko Taldeek emandako ziurtagiria, edo beste irizpen lotesle bat, talde multiprofesional eskudun batek emana, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

Ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokitzeari dagokionez, izangaiek eskatzen dituzten egokitzapenak adierazi beharko dituzte parte hartzeko eskaeran, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara igorriko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, baldintza berdinetan jardun ahal izan dezaten.

3.5. Agirien formatua eta egiaztapena.

Kopia eskaneatuak aurkeztuko dituzte izangaiek betebeharrak edo merezimenduak justifikatzeko.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Dokumentazio hori aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen eskatzen diren betebeharrak, haren jarduerak baliogabetuko dira, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Era berean, baldin eta aipatu dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela betetzen aurkeztutako merezimenduak, egiaztatu gabeko merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

Ezarritakoaren ondorioetarako, izangaiek parte hartzeko eskaerarekin batera aurkezten dituzten agiri guztien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak gorde beharko dituzte.

3.6. Agirien itzulpena.

Gaztelaniara edo euskarara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko berezko hizkuntza ofizialean idatzitakoak, salbu eta euskaraz idatzita daudenak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak. Nolanahi ere, aurkezten diren itzulpenak zinpeko itzultzaileek eginak izanen dira, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskubideen ordainketa.

Funtzio publikoan sartzeko hautapen prozedura hauetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da, onartua izateko eskatzen den espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko.

Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Izangaiak espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan parte hartzea eskatzen badu, baina guztien abonua ez badu justifikatzen, edo dokumentazioa zuzentzeko fasean aurkeztutako ordainketa-gutunetan ez badu zehazten zer espezialitate eta hizkuntzatarako diren, administrazioak ofizioz onartuko du izangaia kasuan kasuko espezialitateetan, titulu honetako lehendabiziko oinarriko 2. puntuan jasotzen den hurrenkeran.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen arabera, honako hauek ez dituzte tasak ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenak; desgaitasuna frogatzen duen ziurtagiria edo irizpena aurkeztu beharko dute.

b) Hautapen proben deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Langabe gisa inskribatuta egoteari buruzko baldintza kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa. Halere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahalko diote izangaiek informazio hori kontsultatzeko, eta, horretarako, apartatu bat gaitu da parte hartzeko eskaeran. Baimena ematea aukeratuz gero, ez da beharrezkoa izanen dokumentua aurkeztea.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

1.–Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea iraganik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak jarraian adierazten diren zerrendak onesteko ebazpena argitaratuko du www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan:

–Prozedura bakoitzean onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak, espezialitate eta hizkuntzaren arabera. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak eta zein prozeduratan parte hartzen duten azalduko da, bai eta, baztertuak izanez gero, horren arrazoiak.

–Hala badagokio, gaztelania maila neurtzeko proba egin behar duten izangaien behin-behineko zerrenda.

Behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua edo ez onartua izatea eragin duen akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak egin direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

Akatsak zuzentzeko emandako epea bukatutakoan, ebazpen bat argitaratuko da www.nafarroa.eus webgunean, deialdiaren fitxan, eta haren bidez ulertuko da eskatutakoan atzera egin dutela aurkeztutako eskaera epe barruan zuzendu ez duten edo behar bezala zuzendu ez duten izangaiek.

2.–Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko apartatuan aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, zerrenda hauek onesteko ebazpena emanen da:

–Prozedura bakoitzean onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak, espezialitate eta hizkuntzaren arabera.

–Hala badagokio, gaztelania maila neurtzeko proba egin behar duten izangaien behin betiko zerrenda.

Ebazpen horretan, orobat, gaztelania maila neurtzeko proba egiteko eguna eta tokia finkatuko dira, hala badagokio.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela betetzen eskatutako betebeharrak, bere jarduketak deuseztatu eginen dira, faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

Espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan izena eman eta onartzeak ez dio izangaiari bermatuko eskatu dituen espezialitate eta hizkuntza guztietan parte hartu ahal izatea, ezartzen den hautapen prozesuaren antolaketak ondorio hori baldin badakar, salbu eta espezialitate bera baldin bada baina beste hizkuntza batean.

Seigarrena.–Hautapen organoak.

1.–Epaimahaiak eta hautapen batzordeak.

Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluan eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduaren 8. artikuluko 3. puntuan ezarritakoaren arabera, nahitaezkoa da hautapen organoetan parte hartzea, eta, horrelakoetan, aipatutako foru dekretuaren arabera zehazten diren ordainak dagozkie kideei.

Epaimahaiek eta, hala badagokie, hautapen batzordeek hautatuko dituzte izangaiak.

Hautapen organoak autonomia funtzional osoz arituko dira, prozeduraren objektibotasunaren erantzukizuna izanen dute eta deialdiko oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

Hautapen organoak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz arituko dira une oro.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Hezkuntza Departamentuak hautapen organoen egoitza zehaztuko du.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko dira epaimahaiak, eta ezberdinak izanen dira espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako. Haien osaera www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Espezialitate eta hizkuntza berera aurkeztutako izangai kopurua dela-eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatzen ahalko dira. Horrelakoetan, hautapen batzorde bat eratuko da. Kasu horretan, 1. epaimahaiari dagokio igotzeko hautapen prozedura eta desgaitasuna dutenentzat erreserbaturiko prozedura garatzea.

2.–Epaimahaien osaera.

Epaimahaietako kideak karrerako funtzionarioak izanen dira, jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan daudenak, bai irakasleen kidegokoak, bai hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen iraungi beharreko kidegokoak. Mahai bakoitzean bost kide izanen dira.

Izangaiek zein kidegotan sartu nahi duten, sailkapen talde horretako edo goragoko kidego batekoak izanen dira epaimahaietako kide guztiak. Orobat, epaimahaien osaerari dagokionez, hautapen prozesua zein kidegotakoa den, kidego horretako funtzionarioak izaten ahal dira kide gehienak.

Epaimahaiak izendatzean, espezialitate-printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horren arabera, epaimahaikide gehienek hautapen prozesuaren xedeko espezialitateko titular izan beharko dute, eta gizonen eta emakumeen parekotasunera joko da, funtsezko arrazoi objektiboek eragozten ez badute behintzat.

Honako hauek osatuko dituzte epaimahaiak:

–Epaimahaiburua, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izendatua.

–Lau epaimahaikide, zozketa publiko baten bidez aukeratuko direnak kasuan kasuko espezialitateko eta, hala badagokio, hizkuntzako funtzionario titularren artetik, edo espezialitate eta hizkuntza horretako lanpostuei atxikitakoen artetik, betiere jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan badaude. Epaimahaikide horiek, gainera, kasuan kasuko kidegoko, espezialitateko eta hizkuntzako lanpostu batean izan beharko dute behin-behineko edo behin betiko destinoa. Zozketa horretan parte hartuko dute, orobat, lanpostu berezietan behin betiko edo behin-behineko destinoa duten irakasleek, betiere kasuan kasuko espezialitateko eta, hala badagokio, hizkuntzako funtzionario titularrak badira edo halako lanpostuei atxikita badaude, eta jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan badaude. Kasu horretan, beren titulartasuneko espezialitatean hartuko dute parte, lanpostu berezia zer espezialitatetatik eskuratu zen, horretan.

Arestian aipatutako zozketa Hezkuntza Departamentuan eginen da, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako jarraibideen arabera. Zenbakituko dira kasuan kasuko kidego, espezialitate eta hizkuntzako lanpostu batean behin betiko edo behin behineko destinoa duten funtzionario guztiak, jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan daudenak. Ondoren, zenbaki bat aterako da ausaz, eta, hortik abiatuta, epaimahai bakoitzerako behar adina funtzionario proposatuko dira.

Epaimahaikideak izendatzean, salbuesteko arrazoitzat har daitezke:

–Erretiroa 2026ko uztailaren 1eko edo lehenagoko ondorioekin eskatu izana.

–Heren bateko lanaldi murrizketa, gutxienez, eskatua izatea, oposizioaldia garatzen den ikasturtearen hasieratik.

–Baremazio batzordeko kide izendatua izatea.

–Sindikatu ordezkari hautatua izatea eta laneko erabateko liberazioa izatea.

–Ikastetxe bateko zuzendari izatea.

–Nafarroako Gobernuan erantzukizuneko lanpostuetan aritzea. Horrelakoetan, haien gaineko zuzendari nagusiaren txostena aurkeztu beharko dute, hautapen prozesuak irauten duen denboran lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzerik ez lukeela izanen frogatzeko.

–Dagokion espezialitate eta hizkuntzarako azken deialdian, epaimahaikide gisa parte hartu izana, beste espezialitate, hizkuntza edo irakaspostu parekatu batean.

–Ikastetxe bateko zuzendariarena ez den zuzendaritza kargu bat izatea, baldin eta behar diren epaimahaiak eratzeko funtzionario nahikoa badaude. Lehentasuna emanen zaie zuzendaritza talde bateko erdia baino gehiago epaimahaikide hautatu dituzten kasuei.

–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, baldin eta txosten medikoaren bidez frogatzen bada eta luze iraunen duela aurreikusten bada.

Espezialitateko titularren edo espezialitateari atxikitakoen kopuru txikia dela-eta, zozketa egitea ezinezkoa denean, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izenda ditzake epaimahaikideak funtzionario hauen artean: izangaiek zein kidegotan sartu nahi duten, horri dagokion sailkapen talde bereko edo goragoko kidegoko funtzionarioen artean.

Salbuespen gisa, horretarako justifikatutako arrazoirik baldin badago, zilegi izanen da beste hezkuntza administrazio batzuei eskatzea kasuko espezialitateko funtzionarioak izenda ditzatela epaimahai hauetako kide izateko, epaimahaia beste espezialitate bateko funtzionarioekin osatzea edo hainbat espezialitatetarako epaimahai bakarra hautatzea, eta kasu horietan aholkulari espezialistak aukeratzen ahalko dira.

Epaimahaiko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.

Epaimahai bakoitzarentzat ordezko kideak izendatuko dira, prozedura berari jarraikiz, ahal den guztietan.

Beharrezkoa bada, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak, ebazpena emanen du oinarri honetan aurreikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik epaimahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

3.–Hautapen batzordeen osaera.

Izangai eta plaza kopurua dela-eta, espezialitate eta hizkuntza baterako epaimahai bat baino gehiago izendatu behar bada, hautapen batzordeak eratuko dira horietako bakoitzerako. Batzorde horiek bost kide izanen dituzte gutxienez, eta epaimahaiburuek osatuko dituzte; epaimahaiburuak bost baino gutxiago izanez gero, idazkariekin osatuko da kopuru hori, epaimahaiak izendatzeko ordenari jarraikiz, eta hala ere ezin bada, epaimahaikideekin, batzordekide guztiak lortu arte. Batzorde horren buru 1. epaimahaiko burua ariko da eta, idazkari gisa, batzordeak berak horretarako izendatzen duen kidea.

Hautapen batzordeko kide batek ezin baditu bere eginkizunak bete abstentzio edo errekusazio arrazoiak direla-eta, hautapen batzordeko kide berria aurreko paragrafoaren arabera izendatuko da.

4.–Epaimahaiak eta hautapen batzordeak eratzea.

Epaimahai koordinatzaileak dei egin ondotik, epaimahaiak eta, hala bada, hautapen batzordeak eratuko dira, epaimahaiko edo batzordeko burua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan direla.

Hautapen organoak eratu ondotik, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da burua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan egotea.

Epaimahaiek edo, halakoak daudenean, hautapen batzordeek, beren lanetarako aholkulari espezialistak eta laguntzaileak eskatzen ahalko dituzte. Horiek Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenbizikoen eginkizuna izanen da hautapen organoko kideei aholku ematea beren espezialitateko gaien ebaluazioa egitean. Laguntzaileen eginkizuna izanen da hautapen organoei laguntzea haiek adierazten dizkieten zeregin teknikoak eginez. Jarduteko orduan, batzuk eta besteak beren eskumenetara mugatuko dira.

Epaimahaikideen betebehar funtsezkoak dira objektibotasuna, neutraltasuna eta inpartzialtasuna gordetzea hautapen prozeduran, eta isiltasun profesionalari eustea. Isiltasun profesionalari eusteko betebeharrak barne hartzen du, halaber, epaimahaikide izateagatik hautapen prozesuari buruz eskuratzen dituzten datuen, egintzen edo inguruabarren gaineko informazioa, eta esan nahi du ezin dietela datu horiei buruzko informaziorik eman epaimahaikide ez diren pertsonei.

5.–Epaimahaien eginkizunak. Epaimahaiei eginkizun hauek dagozkie:

a) Hautapen prozedurak behar bezala egiten direla zaintzea, deialdi honetan xedatutakoari jarraikiz.

b) Oposizioaldiko probak kalifikatzea.

c) Administrazio espedientea eratzea, ematen zaizkien ereduak betez, eta behar den dokumentazio guztia prestatzea.

d) Kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako epaimahai bakarra izendatzen bada, oinarri honetako 6. apartatuaren c), d), e), f) eta g) letretan hautapen batzordeei esleitutako eginkizunak.

e) Erreklamazioen edo errekurtsoen gaineko txostena egitea, hala eskatzen denean.

Epaimahaiek behar diren antolaketa neurriak hartuko dituzte haurdun dauden emakumeek hautapen prozeduretako fase guztietan parte hartzeko modua izan dezaten, baldin eta erditze eguna bat etortzen bada oposizioaldiko probaren bat egiteko egunarekin.

Halaber, epaimahaiek ahalmena dute probetan iruzurrezko jarduketaren bat egiten duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertzeko.

6.–Hautapen batzordeen eginkizunak. Hautapen batzordeei eginkizun hauek dagozkie:

a) Epaimahaiak koordinatzea.

b) Epaimahaien jarduketarako irizpideak finkatu eta homogeneizatzea.

c) Lehen probaren zati praktikoa prestatzea III. eranskinean ezarritako zehaztapenei jarraikiz.

d) Probak kalifikatzeko irizpideak finkatzea IV. eranskinean ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

e) Era berean, oposizioaldia hasi aurretik, eta epaimahai koordinatzaileak ezartzen dituen epeen arabera, Hezkuntza Departamentuak probak ebaluatzeko zehazten dituen irizpideak argitaratuko dituzte.

f) Oposizioaldian epaimahaiek emandako puntuazioei lehiaketaldikoak gehitzea, izangaiak ordenatzea eta bi fase horiek gainditu dituzten izangaien zerrendak prestatzea.

g) Lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditu dituzten izangaiak deklaratzea, horien zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

Hautapen prozeduretako fase guztietan, hautapen batzordeek ebatziko dituzte deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak.

7.–Epaimahai koordinatzailea.

Hautapen prozedurak behar bezala tramitatzeko eta hautapen organoek izangaiak hautatzea errazteko, epaimahai koordinatzaile bat izendatuko da, zeina epaimahaiburu-koordinatzaile batek edo batzuek eta idazkari-koordinatzaile batek edo batzuek osatuko duten, edo, hala badagokie, epaimahaiburuaren eta idazkari-koordinatzailearen albokoek. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko da epaimahai koordinatzailea, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Eginkizun hauek izanen ditu epaimahai koordinatzaileak:

a) Epaimahaiak eta hautapen batzordeak eratzen direla bermatzea.

b) Deialdi honetan ezarritako oinarriak aplikatzen direla zaintzea.

c) Solaskide gisa aritzea epaimahaien, hautapen batzordeen eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren artean.

d) Irizpideak finkatzea deialdi honen I. eranskin gisa erantsi den merezimenduen baremoaren II. eta III. apartatuei dagokien balorazioa egiteko, eta baremazio batzordeari sortzen zaizkion zalantzak argitzea.

e) Hautapen batzorde eta epaimahai guztien jarduteko irizpideak bateratzea.

f) Bermatzea espazioak eta denbora-tarteak egokiak direla desgaitasuna duten pertsonentzat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren txostenarekin bat.

g) Epaimahaikideei entregatu beharreko dosierra ematea: legeria, aktak, izangaien zerrendak eta abar.

h) Epaimahaiei beren jardunean sortzen zaizkien gorabehera eta galderak ebaztea, haien funtzioak normaltasunez garatzeko.

i) Era berean, epaimahai koordinatzaileak hautapen organoei laguntzen ahalko die izangaien baloraziorik ez dakarten bestelako eginkizun batzuetan (eginkizun instrumentalak, osagarriak, lankidetzakoak edo laguntzakoak).

j) Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zehazten duen beste edozein eginkizun.

Epaimahai koordinatzaileak bere lanetarako laguntzaileak eskatzen ahalko ditu. Laguntzaileen eginbeharra izanen da epaimahaiei laguntza ematea, horiek adierazten dizkieten zeregin teknikoak eginez. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu.

8.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari egokituko zaio izangaiei deialdi honen I. eranskin gisa jaso den merezimenduen baremoaren I. apartatuari dagokion puntuazioa esleitzea.

Zerbitzu horrek hautapen organoek eskuordeturik eginen du balorazioa, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak helaraziko dizkie.

9.–Baremazio batzordea.

Baremazio batzordeari egokituko zaio izangaiei deialdi honen I. eranskin gisa erantsi den merezimenduen baremoaren II. eta III. apartatuei dagokien puntuazioa esleitzea, eta esleipen hori hautapen organoen eskuordetze bidez eginen da.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetako funtzionarioek osatuko dute baremazio batzorde hori, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez hautatuko dira.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Organo horrek eginen du baremazioa epaimahai koordinatzaileak zehazten dituen irizpideen arabera, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak helaraziko dizkio. Hezkuntza Departamentuan izanen du egoitza batzorde horrek.

Erakunde sindikalek baremazio batzordean parte hartzen ahalko dute.

Baremazio batzordeko kide izendatzen diren funtzionarioek ez dute parte hartu beharko epaimahaiko kideak izendatzeko zozketan, oinarri honen 2. apartatuan aipatzen den horretan, salbu eta hautapen organoak eratzean espezialitate-printzipioa bermatzea ezinezkoa baldin bada.

10.–Gaztelaniaren ezagutza proba ebaluatzeko epaimahaia.

Kidego hauetako 3 funtzionariok, gutxienez, osatuko dute proba ebaluatuko duen epaimahaia, deialdiaren I. tituluko bigarren oinarriko 5. apartatuan aipatzen dena: hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoa edo Gaztelania eta Literatura espezialitateko Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa edo Gaztelania edo antzeko espezialitateko hizkuntza eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko da epaimahai hori, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpena emanen du gaztelaniaren ezagutza maila egiaztatzeko proba non eta noiz izanen den iragartzeko.

Honako arau hauetan xedatutakora egokituko da gaztelania maila egiaztatzeko probaren edukia: urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretua (gerora otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua) eta azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira gaztelaniaren ezagutza atzerriko hizkuntza gisa egiaztatzeko diplomak. Proban, izangaiek "gai" edo "ez gai" kalifikazioa jasoko dute, eta beharrezkoa izanen da "gai" balorazioa lortzea hautapen prozesuan segitu ahal izateko. Proba gainditzen ez dutenak edo proba egitera aurkezten ez direnak hautapen prozeduratik baztertuko dira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

11.–Abstenitzea eta errekusatzea.

Hautapen organoetako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan kidego eta espezialitate bereko hautaprobetarako izangaiak prestatzen aritu izan badira. Horrelakorik gertatuz gero, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari jakinarazi beharko diote. Azaldutako egoeraren batean egonez gero, horren berri eman beharko da izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean.

Halaber, izangaiek hautapen organoetako kideak errekusatzen ahalko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen denean.

Zazpigarrena.–Hautapen prozeduren garapena.

1.–Txanda irekiko hautapen prozeduren garapena eta desgaitasuna dutenentzako erreserba prozedurarena.

Hautapen prozesuak bi aldi izanen ditu: batetik, lehiaketaldia, non izangaien merezimenduak baloratuko baitira deialdi honen I. eranskinean ageri den merezimendu baremoaren arabera; eta bestetik, oposizioaldia, non kontuan hartuko baitira kasuan kasuko irakaskuntza espezialitateko berariazko ezaupideak, gaitasun pedagogikoa eta irakaskuntzan aritzeko behar diren tekniken ezagutza. Halaber, praktikaldi bat egin beharko da, hautapen prozeduraren parte izanen dena.

Epaimahaikideek edozein unetan eskatzen ahalko diete izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Hautapen organoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte ehuneko 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek ere gainerako parte-hartzaileek bezalatsuko aukerak izan ditzaten ariketak egitean. Alde horretatik, pertsona horientzat, eskabidean hala adierazi dutenean, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aldeko txostenaren arabera, behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak ezarriko dira ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik.

1.1. Lehiaketaldia.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi ondoren, I. tituluko seigarren oinarrian aipatutako organoek izangaiek frogatutako merezimenduak baloratuko dituzte, deialdi honen I. eranskineko baremoari jarraikiz.

Irakasle lanetan egindako zerbitzuak, prestakuntza akademikoa, etengabekoa eta beste merezimendu batzuk hartuko dira merezimendutzat.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatutako eta I. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera aurkeztutako merezimenduak baizik ez dira puntuatuko.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak baremoko apartatu guztietako puntuazioak batuko ditu eta merezimenduen behin-behineko balorazioak onesten dituen ebazpena argitara emanen du www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan.

Interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo/eta merezimenduak zuzentzeko aktetan jasotzen diren akats formalak zuzendu, haiek argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean. Erreklamazioak edo akats-zuzenketak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta www.nafarroa.eus helbidean aurkeztuko dira, deialdiaren fitxan.

Era berean, Administrazioak, erreklamazioak aurkezteko ezarritako epean, ofizioz zuzentzen ahalko ditu izangaiei emandako behin-behineko puntuazioan hautemandako akatsak.

Izangairen batek ez baditu akats formalak zuzentzen epe horren barruan, ulertuko da uko egin diola akatsak zuzentzeko duen eskubideari, eta inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena emanen da.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatu ez dituzten merezimendu berriak ez dira inoiz kontuan hartuko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta haiek ebatzitakoan, merezimenduen behin betiko balorazioak onesten dituen ebazpena argitaratuko da. Balorazio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

1.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, biak ala biak baztergarriak. Bigarren probara pasatzeko, izangaiak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu lehenengo proban.

Ebazpen bidez dei eginen zaie izangaiei oposizioaldiko lehen proba egiteko, betiere proba baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez.

Izangaiei egin beharreko hurrengo deiak www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko dituzte epaimahaiek, deialdiaren fitxan, proba hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez. Plikak irekitzeko ekitaldi publikorako deialdia, gutxienez, hamalau ordu lehenago eginen da.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Ondorio horretarako, ariketa kolektibo bat egiteko deia jaso dutenak epaimahaiaren aurrean agertu beharko dira deietan ezarritako orduan eta egunean. Bakarkako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan. Ez aurkeztutzat joko dira hasierako deia edo proba hasteko deia egiten denean agertzen ez diren oposiziogileak.

Izangaiek oposizioaldiko proben zati edo ariketa guztietara agertu beharko dute. Horietakoren batera agertzen ez badira, baztertu eginen dira hautapen prozeduratik.

Idatzizko proba edo ariketetan izangaien anonimotasuna bermatu beharko da, eta plika sistema erabiliko da horretarako.

Proben nolakotasuna dela-eta ezin bada haietan edo haien zatiren batean izangaien anonimotasuna bermatu, kasuan kasuko proba edo ariketan ez da plika sistema erabiliko.

Epaimahaiaren iritziz izangaia identifikatzeko aukera ematen duten marka, sinadura edo seinaleak dituzten idatzizko ariketak baliogabetu eginen dira. Kasu horietan, ez da ariketa zuzenduko eta oposiziogileak 0 puntu jasoko ditu proban, hautapen prozeduratik kanpo gelditzeaz gain.

Epaimahaiaren iritziz erabat edo partzialki irakurtezinak diren idatzizko ariketetan, irakurtzen ahal diren zatiak bakarrik kalifikatuko dira.

Hautapen proba guztiak euskaraz edo gaztelaniaz eginen dira, parte hartzeko espezialitate eta hizkuntzaren arabera, hizkuntzen espezialitateetan izan ezik, kasu horietan dagokien hizkuntzan eginen baitira.

Izangaiek probetan parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da.

Epaimahai bat baino gehiago baldin badago espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko, izangaiak alfabetikoki esleituko zaizkio epaimahai bakoitzari, honela: Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak bi letra aterako ditu zozketaz, eta lehen deituraren hasieran bi letra horiek dituen izangaia izanen da lehena.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

1.2.1. Programazio didaktikoa aurkeztea.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez gutxienez 5 egun balioduneko epea gaituko da, sartzeko hautapen prozesuan onartu diren izangaiek bigarren probaren A zatian aipatzen den programazio didaktikoa aurkez dezaten. Epe hori ez da hasiko 2026ko apirilaren 10a baino lehen.

Programazio didaktikoak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan. Programazio didaktikoak originalak eta pertsonalak izanen dira, eta izangai bakoitzak berea prestatuko du. Modu telematikoan aurkeztuko dira, dokumentu bakarrean, 20 MB-tik gorakoa ez den PDF (Portable Document Format) formatuan. Programazio plagiatuak aurkeztuz gero edo zenbait izangaik programazio didaktiko bera aurkeztuz gero, izangaia edo izangaiak hautapen prozeduratik kanpo geldituko dira.

Programazio didaktikoa entregatu ondotik, frogagiria inprimatzen ahalko du izangaiak, horixe izanen baita dokumentua aurkeztu izana justifikatzeko agiria. Frogagiri horretan, izangaiaren nortasun agiri nazionala eta izangaia identifikatzen duen eskaera zenbakia agertuko dira, eta dokumentua zein datatan eta ordutan aurkeztu den ere bai.

Espezialitate eta hizkuntza bererako programazio didaktiko bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azkena besterik ez da kontuan hartuko; erregistratutako entregaren data eta ordua begiratuko dira azkena zein den zehazteko.

Programazio didaktikoa garaiz aurkezten ez duten pertsonek uko eginen diote hautapen prozeduran parte hartzen jarraitzeko eskubideari, eta prozeduratik kanpo geldituko dira Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez. Programazioa ezin izanen da aurkeztu, inola ere, arestian aipatutakoa ez den beste bitarteko baten bidez.

Epea bukatuta, aurkeztutako programazio didaktikoa ez da inola ere zuzentzen edo ordezkatzen ahalko.

Hautapen organoek ez dute programazio didaktikoen edukia ikusten ahalko lehenengo probaren behin-behineko kalifikazioa jarri arte.

1.2.2. Lehenbiziko proba:

Lortu nahi den espezialitatearen gaineko berariazko ezaupideak erakustea du helburu, eta bi zati izanen ditu, batera baloratuko direnak. Proba honen bi zatiak egun berean egiten ahalko dira.

Lehenengo proba hau zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, eta bi zatietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da emaitza, baldin eta izangaiek gutxienez 2,5 puntu lortu badituzte zati bakoitzean. Hautapen prozeduratik bazterturik geldituko dira lehen proba honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituztenak.

A zatia.

Zati honetan ariketa praktiko bat eginen da, frogatzeko ea izangaiak lortu nahi duen espezialitateari dagozkion trebetasun teknikoak menderatzen dituen eta behar den prestakuntza zientifikoa baduen.

III. eranskinean zehazten dira proba honen zehaztapenak espezialitate bakoitzerako.

Epaimahaiek A zatia egiteko gehieneko denbora zehaztuko dute. Denbora hori ezin izanen da 2 ordutik gorakoa izan, Musika espezialitatean izan ezik, 45 minutukoa izanen baita gehienez ere.

A zatia zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko lehenengo probaren kalifikazioaren %50 eginen du, betiere izangaiek gutxienez 2,5 puntu lortzen badituzte.

B zatia.

Izangaiak erakutsi beharko du badituela lortu nahi duen irakaskuntzako espezialitaterako beharrezkoak diren berariazko ezagutzak. Izangaiak, idatziz, gai bat garatu beharko du, alegia, epaimahaiak ausaz ateratzen dituenen artean aukeratzen duena. Epaimahaiak ausaz hautatuko dituen gai horien kopurua espezialitate bakoitzeko gai zerrendan dagoen guztirako kopuruaren araberakoa izanen da.

25 gai edo gutxiago dituzten espezialitateetan, bi gairen artean aukeratuko da. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago dituzten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da, eta 50 gai baino gehiago dituzten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da. Espezialitate bakoitzean aplikatuko diren gai-zerrendak indarrean daudenak dira, eta deialdi honen II. eranskinean agertzen dira.

Izangaiek bi ordu izanen dituzte, gehienez, B zatia egiteko.

B zatia zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko lehenengo probaren kalifikazioaren %50 eginen du, betiere izangaiek gutxienez 2,5 puntu lortzen badituzte.

1.2.3. Bigarren proba:

Izangaiak duen gaitasun pedagogikoa baloratuko da, bai eta irakasle lanean aritzeko behar diren teknikak noraino menderatzen dituen ere. Horretarako, programazio didaktiko bat aurkeztu eta ahoz defendatu beharko du, eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu.

Proba hau zerotik hamar puntura baloratuko da (%30 A zatiari dagokio –Programazio didaktiko bat aurkeztea eta defendatzea– eta %70 B zatiari –Unitate didaktiko bat prestatzea eta azaltzea–). Gainditzeko, izangaiak bost puntu edo gehiagoko kalifikazioa lortu beharko du.

Izangaiek ordubete izanen dute gehienez unitate didaktikoa prestatzeko. Prestaketarako denbora bukatuta, programazio didaktikoaren defentsa hasiko da (hogeita hamar minutuz gehienez) eta unitate didaktikoaren azalpena (hogeita hamar minutuz gehienez). Izangaiaren parte-hartzea bukaturik, epaimahaiak behar adina galdera egiten ahalko dizkio izangaiari programazio didaktikoaren edo unitate didaktikoaren gainean; eztabaida horrek hamabost minutu iraunen du gehienez. Izangai bakoitzak, guztira, ordu bat eta hamabost minutu izanen ditu gehienez programazioa eta unitate didaktikoa azaldu eta defendatzeko.

Oro har, izangaiek bigarren proban parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da.

A zatia.–Programazio didaktiko bat aurkeztea eta defendatzea.

Izangaiak egindako programazio didaktikoa Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari aurkeztuko zaio, deialdi honen I. tituluaren zazpigarren oinarriaren 1.2.1 apartatuan ezarritako moduan eta epean.

Programazio didaktiko hori prestatzean, deialdiaren V. eranskinean adierazten diren alderdiak jaso beharko dira. Kontuan hartu beharreko araudia deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko datan indarrean dagoena izanen da.

Programazio didaktikoa epaimahaiaren aurrean defendatuko da. Izangaiak gehienez ere hogeita hamar minutu izanen ditu azalpen hori egiteko.

Azalpena egiteko, izangaiak programazio didaktikoaren kopia bat eramaten ahalko du, aurkeztu zuenaren berdin-berdina, bai eta egoki iruditzen zaion material osagarria ere, berak eramanda.

Programazio didaktikoaren aurkezpena eta defentsa zero puntutik hamarrera bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko bigarren probaren kalifikazioaren %30 eginen du.

B zatia.–Unitate didaktiko bat prestatzea eta azaltzea.

Izangaiak prestatu eta epaimahaiaren aurrean ahoz defendatu beharreko unitate didaktikoak izangaiak aurkeztutako programazioarekin zerikusia izan dezake, edo, bestela, norberaren espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik abiatuta presta daiteke, izangai bakoitzaren hautura. Lehenengo kasuan, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak bere programaziotik hiru unitate aterako ditu zozketaz, eta horietako bat aukeratuko du. Bigarren kasuan, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak hiru gai aterako ditu zozketaz bere espezialitatearen gai zerrenda ofizialetik, eta horietako bat aukeratuko du.

Programazio didaktikoak ez baditu betetzen V. eranskinean unitate didaktikoei buruz ezarritako baldintzak, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak hiru gai aterako ditu zozketaz bere espezialitatearen gai zerrenda ofizialetik, eta horietako bat aukeratuko du.

Unitate didaktiko hori prestatzean, deialdiaren V. eranskinean adierazten diren alderdiak jaso beharko dira.

Unitate didaktikoa prestatu eta azaltzeko, izangaiak nahi duen laguntza materiala erabiltzen ahalko du, berak ekarria, eta gidoi moduko bat, alde bietatik idatzitako DIN-A4 tamainako orri batekoa edo alde bakarretik idatzitako DIN-A4 tamainako bi orrikoa gehienez. Azalpena amaitzean gidoia baino ez zaio emanen epaimahaiari, eta epaimahaiak ezin izanen du beste dokumentu edo materialik jaso.

Unitate didaktikoaren prestaketa eta azalpena zero puntutik hamarrera bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko bigarren probaren kalifikazioaren %70 eginen du.

1.3. Oposizioaldiaren azken kalifikazioa.

Fase hau osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa, betiere proba guztiak gainditu badira.

Oposizioaldiko proben zati bakoitzaren puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginen da. Epaimahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu osoko edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioekin aterako da batezbestekoa. Epaimahaiko kide batek baino gehiagok ematen badute gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa, kasu horretan, gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazio bat baizik ez da baztertuko.

Oposizioaldiko proba bakoitza bukatutakoan, izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda argitaratuko dute epaimahaiek www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan. Horretarako, deialdia egin duen hezkuntza administrazioak aurreikusitako sistemen bidez autentifikatu beharko dira izangaiak.

Aipatu puntuazioen aurrean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, argitalpenaren ondoko lehen egun balioduna bukatu arte. Kasu horretan, epaimahaiak erreklamazioa berrikusiko du ebaluazio irizpideen arabera, eta aztertuko du kalifikazioetan akats material edo egitezkorik, transkripziokorik edo aritmetikorik egin den.

Era berean, epaimahaiak ofizioz zuzentzen ahalko ditu izangaiei emandako behin-behineko puntuazioan hautemandako akatsak.

Erreklamazioak ebatzi ondotik, epaimahaiek izangaien zerrenda argitaratuko dute, bakoitzak lortutako behin betiko puntuazioarekin, eta izangaiek aurkeztutako erreklamazioen ebazpen akta ere bai, www.nafarroa.eus webgunean, deialdiaren fitxan.

Behin betiko puntuazioen aurrean, izangaiek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren aurrean, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtso horien ebazpenean, kontuan hartuko da ageriko errorerik, arbitrariotasunik edo botere desbideratzerik ez egotea epaimahaiaren jarduketan.

Oposizioaldia gainditzen duten izangaiei baizik ez zaizkie batuko lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak.

Zortzigarrena.–Oposizio-lehiaketa gainditzea.

1.–Hautatutako izangaiak.

Hautatuak izanen dira hautapen organoek oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazio osoen arabera ordenatu ondoren, espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko prozedura bakoitzean deialdian sartutako plaza kopurua bezalako hurrenkera zenbakia edo txikiagoa duten izangaiak.

Oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen haztapena, oposizio-lehiaketaren puntuazio orokorra ezartzeko, honako hau izanen da: bi heren, oposizioaldirako, eta heren bat, lehiaketaldirako.

2.–Hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

Oposizioaldiaren eta lehiaketaldiaren balorazioa egin ondoren, hautapen prozesu bakoitzean bi faseak gainditu dituzten izangaien zerrenda prestatuko dute hautapen organoek, puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak, hamar milarenera bitarteko hurbilpena eginda, gero oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioak batzeko, izangaiak lortutako guztirako puntuazioen arabera ordenatzeko, bi faseak gainditu dituzten izangaiak aldarrikatzeko, zerrendak argitaratzeko eta organo dei-egileari igortzeko.

Hautapen prozedurak gainditu dituzten hautagaiak zehaztu ondoren, hautapen organoek zerrenda bakarra eginen dute, non agertuko baitira txanda irekiko prozeduraren bidez kidegoan sartzen diren pertsonak. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiak ere multzo horretan sartuko dira, beren puntuazioaren arabera ordenatuak. Hautatutako izangaiak oinarri honetan ezarritakoaren arabera ordenatuko dira.

Zerrenda horretan berdinketarik gertatuz gero, horien artean lehentasuna zeinek duen zehazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

1) Oposizioaldian puntuaziorik altuena atera duena.

2) Oposizioaldiko proba bakoitzean puntuaziorik altuena atera duena, deialdian agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

3) Puntuaziorik handiena duena merezimenduen baremoko apartatuetan, deialdian agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

4) Merezimenduen baremoko azpiapartatuetan puntuaziorik altuena ateratzen duena, deialdian agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

Irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, epaimahaiak bosgarren irizpide bat aplikatuko du; hots, zozketa eginen du puntuazio berbera duten izangaien artean.

Txanda irekiaren hautapen prozedura gainditu duten izangaiak zehaztean, hautapen organoek txanda horri hasiera batean esleitutako plazei gehituko dizkiete desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba prozeduran bete gabe gelditu direnak, halakorik gertatu bada.

Inolaz ere ezin izanen da aldarrikatu espezialitate eta hizkuntza bakoitzean deialdian sartutako plaza kopurua baino izangai gehiagok gainditu dituztela oposizioaldia eta lehiaketaldia.

Espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera probak gainditzen dituztenen zerrenda bakarrak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez onetsiko dira. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan. Zerrenda horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aurrekoa gorabehera, baldin eta hautapen organoek deialdiko plaza adina izangai izendatzea proposatzen badute eta hautatutako izangairen batek uko egiten badio plazari 2026ko abuztuaren 31ra arte, egun hori barne, plaza kopurua betetzen dela ziurtatzearren, deialdia egin duen organoak zilegi izanen du onartuen zerrenda osagarri bat onestea epaimahaiak proposatutakoen ondoren dauden izangaiekin (oinarritzat hartuko da izangaien puntuazioak batzeko aktan duten hurrenkera), praktiketako funtzionario izendatuak izan ahal daitezen. Hori Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez eginen da, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Oposizioaldia eta lehiaketaldia gainditzen dituzten izangai hautatuen zerrendak argitaratzen direnetik hasita, izangai hautatuek bost egun balioduneko epea izanen dute Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkezteko, deialdiaren web fitxaren bitartez, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluaren arabera.

3.–Oposizio-lehiaketa gainditzea espezialitate, hizkuntza edo kidego batean baino gehiagotan:

Hautapen sistemen antolaketa sistemak ahalbidetzen badu izangaiek kidego bereko espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan parte hartzea, egoera hauek suertatzen ahal dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko oposizio-lehiaketa kidego bereko bi espezialitate eta hizkuntzatan edo gehiagotan gainditzen duten izangaiek espezialitateetako eta hizkuntzetako bat aukeratu beharko dute, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabide baten bidez, eta, horrela, gainerako espezialitate eta hizkuntzetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko eginen diete. Eskabide hori bost egun balioduneko epean igorri beharko dute, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita. Aukera hori baliatu ezean, ulertuko da oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duten espezialitatea eta hizkuntza aukeratzen dituztela. Puntu berdinketa gertatuz gero, deialdiaren I. tituluko lehenengo oinarriko 2. apartatuan agertzen den espezialitatearen eta hizkuntzaren araberako ordenari jarraikiko zaio.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko oposizio-lehiaketa kidego batean baino gehiagotan gainditzen duten izangaiek kidego horietako batean praktiketako funtzionario izenda ditzatela eskatu beharko dute, eta beste irakasleen kidegoko hautapen prozeduran parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko eginen diete. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eskabide bat igorri beharko diote bost egun balioduneko epean, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita. Aukera hori baliatu ezean, ulertuko da oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duten espezialitatea eta hizkuntza aukeratzen dituztela. Puntu berdinketa gertatuz gero, deialdiaren I. tituluko lehenengo oinarriko 2. atalean agertzen den espezialitatearen eta hizkuntzaren araberako ordenari jarraikiko zaio.

–Deialdi honen bidez onetsitako oposizio-lehiaketa gainditzen duten izangaiek beste hezkuntza-administrazio bateko oposizio-lehiaketa ere gainditzen badute, kidego berean edo beste batean sartzeko, eta hautatzen badute beste hezkuntza-administrazio horretan praktiketako funtzionario izendatuak izatea, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabide bat aurkeztu beharko dute bost egun balioduneko epean, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita, deialdi honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko egiteko. Uko egiten ez badiote, praktiketako funtzionarioei destinoa esleitzeko ekitaldi publikoan parte ez hartzeak edo beste hezkuntza-administrazio batean praktiketako funtzionario izateko izendapena onartzeak esan nahiko du oposizio-lehiaketa honi isilbidez uko egiten diotela.

4.–Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduraren bidez hautatzen diren izangaien bateragarritasunari buruzko txostena.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak, desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduraren bitartez hautatuak izanez gero, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, beren desgaitasun maila eta gainditutako oposizio-lehiaketaren kidegoari eta espezialitateari dagozkien lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasuna bateragarriak diren baloratzeko.

Txostenean izangaia bateraezina dela adierazten bada, izangaiak oposizio-lehiaketan parte hartu izanaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.

Bederatzigarrena.–Praktiketako funtzionarioak izendatzea.

1. Hautatutako izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko ditu Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, eta praktikaldirako destinoa emanen die zerbitzuaren beharrak kontuan izanik, lortu duten kidego, espezialitate eta hizkuntza bereko plaza hutsetan edo behin-behineko ordezkapenetarako plazetan, edo, bestela, kidego bereko edo irakasleen beste kidego batzuetako antzeko espezialitateetan.

Praktikaldia egiteko destinoa telematikaz hautatuko da, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpen bidez zehazten duen prozeduraren bidez.

2026ko irailaren 1ean hasi beharko dute ikastetxeetan lanean.

Praktikaldia egiteko esleitzen diren destinoak behin-behinekoak izanen dira.

Praktiketako funtzionario izateko izendapena jaso eta karrerako funtzionario izendatu bitartean, izangaiek praktiketako funtzionarioen araubide juridiko-administratiboa izanen dute, betiere irakasle lanpostu batean aritzen badira.

2. Gutxienez ere ikasturte bat karrerako irakasle funtzionario gisa eman dutela frogatzen duten izangaiak praktikaldiaren ebaluaziotik salbuetsiko dira, hautatuak izanez gero. Izangai horiek inguruabar hori jakinarazi beharko dute Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eskabide bat igorriz. Horretarako, bost egun balioduneko epea izanen dute, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita.

3. Praktiketako funtzionario izendatzen diren izangaiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatzen duen ikastetxe batean eduki beharko dute behin betiko lehenengo destinoa. Irakasle horiek plazak betetzeko lehiaketetan parte hartzeari begira, kasuan kasuko deialdiek xedatzen dutenari jarraikiko zaio.

Hamargarrena.–Praktikaldia.

1. Praktikaldiaren xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna dutela egiaztatzea.

2. Praktikaldiaren barrenean, izangaiek zuzeneko irakaskuntzako aldi bat eta zenbait prestakuntza ikastaro egin beharko dituzte.

3. Praktikaldia Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez arautuko da. Ebazpen horrek honako alderdi hauek bilduko ditu, besteak beste:

–Praktikaldia noiz hasiko den eta zenbat iraunen duen.

–Irakasle baten tutoretzapean eginen da, eta kalifikazio batzorde batek ebaluatuko du "gai" edo "ez gai" adierazita.

–Praktiketako funtzionario batek aldi baterako ezintasuna badu, erditzeagatiko lizentzia ordaindua badu, ama biologikoa ez den gurasoaren baimena badu edo antzeko egoeraren batean badago, edo eszedentzia berezian badago, eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea edo hura baloratzea galarazten badio, funtzionario horrek kalifikazio batzordeari eskatu beharko dio praktikaldia atzeratu diezaiola. Izangaiak praktikaldia hurrengo urtean egin dezala proposa dezake kalifikazio batzordeak, behin bakarrik. Horrelakoetan, 2026-2027 ikasturtean praktikaldian benetan egindako denbora hurrengo ikasturtean aintzat har diezaiotela erabaki dezake.

4. Praktikaldian "ez gai" kalifikazioa lortzen duten izangaiek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen arrazoitua emanen du.

5. Praktikaldiak iraun bitartean, osasun azterketa bat eginen zaie praktiketako funtzionarioei irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dituztela egiaztatzeko. Osasun azterketa hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpenaren bidez.

Hamaikagarrena.–Karrerako funtzionarioen izendapena.

1. Praktikaldia bukatutakoan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak hautapen prozeduraren espedientea onetsiko du ebazpen bidez. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrendak Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministeriora igorriko dira, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario tituluak luza ditzan.

3. Izendapenaren ondorioak, praktikaldia zein ikasturtetan egin den, hurrengo ikasturteko irailaren 1ean hasiko dira; izan ere, karrerako funtzionarioek egun horretan berean hartu beharko dute destinoaren jabetza.

4. Hautapen prozedurak gainditzen dituzten izangaiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan izan beharko dute lehenbiziko behin betiko destinoa, hautatzen diren kidego, espezialitate eta hizkuntza berean, eta, horretarako, ondoren onesten diren lekualdatze-lehiaketetan parte hartu beharko dute.

Hamabigarrena.–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak.

Oposizio-lehiaketa bukatu ondoren sortzen diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak arau honi jarraikiz kudeatuko dira, alderdi guztiei dagokienez: Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasleen lanpostuak aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituen foru agindua, zerrenda horiek sortzen diren unean indarrean dagoena.

Hamahirugarrena.–Hautapen prozeduran aurkeztutako dokumentazioa.

Ez da itzuliko izangaiek oposizioaldian aurkeztutako ezein dokumentu, hautapen prozeduraren espedientea osatzen baitute.

Hamalaugarrena.–Profilak egiaztatzea.

Kasu guztietan, prozedura horietarako aurkeztutako titulazioen eta/edo merezimenduen ondoriozko profilak ofizioz egiaztatuko zaizkie hautapen prozeduran parte hartzeko eskaerak aurkezteko epean profilen titulazioren bat aurkeztu duten izangaiei, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 13ko 36/2022 Foru Aginduarekin bat.

Behar den berariazko profilarekin identifikatuko dira, orobat, Hezkuntza Departamentuan hori lehenago egiaztatu zuten izangaiak.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. TITULUA.–MAISU-MAISTREN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIOEK KIDEGO HORRETAN ESPEZIALITATE BERRIAK ESKURATZEKO PROZEDURAREN OINARRIAK

Hautapen prozedura honek oinarri hauek izanen ditu:

Lehena.–Arau orokorrak.

Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia egiten da.

Maisu-maistren kidegoko espezialitate hauetarako deialdia egiten da:

ESPEZIALITATEA

ATZERRIKO HIZKUNTZA: INGELESA

MUSIKA

PEDAGOGIA TERAPEUTIKOA

ENTZUMENA ETA HIZKUNTZA

LEHEN HEZKUNTZA

Titulu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, prozedura honi ebazpen honen I. tituluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Espezialitate batean izena eman eta onartua izateak ez dio izangaiari bermatuko beste espezialitate batzuetara aurkeztu ahal izatea, ezartzen den prozeduraren antolaketak hori galarazten badu.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

Espezialitate berriak eskuratzeko prozeduran onartuak izateko, izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Lortu nahi den espezialitateari dagokion kidegoko karrerako funtzionarioa izatea, eta behin-behineko edo behin betiko destinoa Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan izatea.

Eszedentzian dauden funtzionarioen kasuan eta, orobat, kanpoko plaza bati atxikita edo antzeko egoeraren batean daudenen kasuan, baldintza hau destinoko azkeneko ikastetxean betetzea eskatuko da.

b) Eskuratu nahi den espezialitatea zein den, bertan txanda irekirako eskatzen diren betebeharrak betetzea.

Irakasle funtzionarioek ez dute parte hartzen ahalko prozedura honetan baldin eta behin-behineko edo behin betiko destinoa beste hezkuntza administrazio batzuetan badute eta Foru Komunitatean zerbitzu eginkizunetan edo antzeko egoeran badaude.

Oinarri honetan aipatutako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira eta karrerako funtzionario gisa plazaren jabetza hartu arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena.–Epeak, eskaerak eta dokumentazioa.

1.–Eskaerak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.–Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek telematikaz aurkeztu beharko dute eskaera nahitaez, Hezkuntza Departamentuak deialdi honi dagokion fitxan jarriko duen datu orri elektroniko espezifikoaren bidez. Webgune honetan dago:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/oposicion-adquisicion-nuevas-especialidades-maestros-2026

Hezkuntza Departamentuaren web-orrian ere eskuragarri egonen da aipatu inprimakia: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Parte hartzeko eskaeran izangaiek adierazi beharko dute titulu honen lehenengo oinarrian adierazitako espezialitateetatik zeinetan parte hartu nahi duten.

Prozedura honetako proba euskaraz egin nahi duten izangaiek halaxe adieraziko dute parte hartzeko eskabidean. Halakorik adierazi ezean, ulertuko da proba gaztelaniaz egin nahi dutela.

3.–Dokumentazioa.

Eskaera telematikaz aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionala edo horren agiri baliokidea, indarrean. Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, bi aldeetatik eta dokumentu bakar batean. Halere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahalko diote izangaiek informazio hori kontsultatzeko, eta, horretarako, apartatu bat gaitu da parte hartzeko eskaeran. Baimena ematea aukeratuz gero, ez da beharrezkoa izanen dokumentua aurkeztea.

b) Tasa bat ordaintzea parte hartu nahi den espezialitate bakoitzeko, titulu honen laugarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

4.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

%33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangaiek parte hartzeko eskaeran adierazi beharko dute zenbateko desgaitasuna duten eta hori frogatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, denborari eta baliabideei dagokienez probak egiteko behar diren egokitzapenak eskatu ahal izateko.

Proba egiteko denbora eta baliabideetan behar dituzten egokitzapenei dagokienez, izangaiek aparteko orri batean adierazi beharko dute zein egokitzapen eskatzen duten.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, desgaitasuna dutenek baldintza berdinetan parte har dezaten ziurtatzeko, proben mamia aldatu gabe, betiere.

Laugarrena.–Eskubideen ordainketa.

Espezialitate berriak eskuratzeko hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da, onartua izateko eskatzen den espezialitate bakoitzeko.

Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Izangaiak espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan parte hartzea eskatzen badu, baina guztien abonua ez badu justifikatzen, edo dokumentazioa zuzentzeko fasean aurkeztutako ordainketa-gutunetan ez badu zehazten zer espezialitate eta hizkuntzatarako diren, administrazioak ofizioz onartuko du izangaia kasuan kasuko espezialitateetan, titulu honetako lehendabiziko oinarrian jasotzen den hurrenkeran.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearekin bat etorriz, tasak ordaintzetik salbuetsita daude ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak. Pertsona horiek desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria edo irizpena aurkeztu beharko dute.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

1.–Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea iraganik, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko (espezialitateen arabera), eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko du, deialdiaren fitxan. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak azalduko dira, bai eta, baztertuz gero, horren arrazoiak ere.

Behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izatea eragin duen akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak egin direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

Izangairen batek ez baditu akats formalak zuzentzen epe horren barruan, ulertuko da uko egin diola akatsak zuzentzeko duen eskubideari, eta inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena emanen da.

2.–Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko apartatuan aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, espezialitate eta hizkuntza bakoitzean onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onesteko ebazpena emanen da.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, bere jarduketak deuseztatu eginen dira, faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

Seigarrena.–Hautapen organoak.

Prozedura honetako hautapen organoak ebazpen honen I. tituluko seigarren oinarrian adierazi diren hautapen batzordeak eta epaimahaiak izanen dira, eta, prozedura honi dagokionez, oinarri hartan ezartzen diren eginkizun berberak izanen dituzte.

Deialdiko prozedura honetan dagoen espezialitate batekin gertatzen bada kidegoan sartzeko beste prozeduran espezialitate horretarako bererako epaimahai bat baino gehiago izendatu dituztela eta, ondorioz, hautapen batzordea eratu dela, 1. epaimahaiak eginen du prozedura honetako izangaien ebaluazioa.

Izangaiei gaztelaniazko espezialitateko epaimahaia esleituko zaie, proba euskaraz egitea eskatzen ez badute behintzat. Espezialitate horretan euskarazko epaimahairik eratu ez bada, behar diren neurriak hartuko dira izangaiek proba euskaraz egin ahal izateko. Espezialitate horretan gaztelaniazko epaimahairik eratu ez bada, izangaiei euskarazko epaimahaia esleituko zaie.

Zazpigarrena.–Hautapen sistema.

Proba bakarra eginen da. Proba horretan, lortu nahi den irakaskuntza-espezialitatearen berariazko ezaupideak erakustea hartuko da kontuan, baita izangaien baliabide didaktiko eta pedagogikoak ere.

Proba euskaraz edo gaztelaniaz eginen da, parte hartzeko eskatu duten espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera, hizkuntzen espezialitateetan izan ezik, horiek dagokien hizkuntzan eginen baitira.

Probak bi zati izanen ditu: espezialitateko gai baten azalpena eta zati praktikoa.

Izangaiak espezialitateko gai baten ahozko azalpena egin beharko du (hiru gairen artean aukeratuta), eta, ondoren, horren gaineko eztabaida bat eginen da, hori ere ahoz. Gaiak epaimahaiak aterako ditu zozketa bidez II. eranskineko gai zerrendatik.

Azalpena osatzeko, planteamendu didaktiko bat eginen da, izangai bakoitzak libreki hautatutako ziklo edo ikasmaila jakin bati buruz.

Izangaiak bi ordu izanen ditu ariketa hau prestatzeko, eta egokia iruditzen zaion material osagarria erabiltzen ahalko du, berak ekarrita. Halaber, azalpenean, aldez aurretik prestaketan egindako gidoi baten laguntza izaten ahalko du. Gidoi hori ez da izanen bi aldetatik idatzitako DIN-A4 tamainako orri bat edo alde bakarretik idatzitako DIN-A4 tamainako bi orri baino luzeagoa, eta epaimahaiari entregatuko zaio proba bukatzean. Azalpena amaitzean gidoia baino ez zaio emanen epaimahaiari, eta epaimahaiak ezin izanen du beste dokumentu edo materialik jaso. Gaiaren azalpena eta planteamendu didaktikoa egiteko berrogeita bost minutu izanen ditu gehienez. Eztabaidak hamabost minutu iraunen du gehienez.

Eduki praktikoaren zatiak III. eranskinean ezarritako baldintzak beteko ditu, eta sartzeko prozeduraren lehenengo probaren A zatiarekin bat etorriko da.

Zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da proba, eta izangaiek gutxienez ere bost puntu lortu beharko dituzte proba gainditzeko. Puntuazioa honela banatuko da: zati praktikoak %30 izanen du, eta gaiaren azalpen eta eztabaidaren zatiak %70.

Probaren puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginen da. Epaimahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu osoko edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioekin aterako da batezbestekoa. Epaimahaiko kide batek baino gehiagok ematen badute gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa, kasu horretan, gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazio bat baizik ez da baztertuko. Epaimahaiak "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen dio probari.

Zortzigarrena.–Probaren hasiera eta garapena.

1. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, deialdiaren fitxan argitaratuko dira izangai guztien deialdiak, web-orrian, eta adieraziko da non, zer egunetan eta zer ordutan agertu beharko duten zati praktikoa egiteko. Gaia azaltzeko, epaimahai bakoitzak dei eginen die izangaiei.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Ondorio horretarako, ariketa kolektibo bat egiteko deia jaso dutenak epaimahaiaren aurrean agertu beharko dira deietan ezarritako orduan eta egunean. Bakarkako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan. Ez aurkeztutzat joko dira hasierako deia edo proba hasteko deia egiten denean agertzen ez diren oposiziogileak.

2. Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu, eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da, I. tituluko zazpigarren oinarrian adierazitako moduan.

3. Epaimahaikideek edozein unetan eskatzen ahalko diete izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Bederatzigarrena.–Kalifikazioa.

Epaimahaiek "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen diote probari. Espezialitate berria eskuratuko dute, bakar-bakarrik, "gai" kalifikazioa lortzen dutenek.

Epaimahaiek edo, hala behar denean, hautapen batzordeek, jendaurrean jarriko dituzte "gai" kalifikazioa lortzen duten izangaien zerrendak, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan.

%33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangaiak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, beren desgaitasun maila eta "gai" izan diren espezialitateari dagozkion lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasuna bateragarriak diren baloratzeko.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izangaiak "gai" deklaratzen dituen ebazpena onetsiko du, bakoitzak eskuratu duten espezialitate berria adierazita; ebazpen hori www.nafarroa.eus webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan. Eskatutako baldintzaren bat betetzen ez duten izangaiek deialdi honetan parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte.

Espezialitate berria prozedura honen bidez eskuratzen duten izangaiek ez dute praktikaldirik eginen.

Espezialitate berri bat eskuratzeak ez du esan nahi aurreko espezialitatea edo espezialitateak galtzen d(ir)enik.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2025eko irailaren 15ean.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

I. ERANSKINA.–MAISU-MAISTREN KIDEGOAN SARTZEKO MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

Merezimenduen balorazioan, izangaiek 10 puntu lortzen ahalko dituzte gehienez.

I. apartatua.–Irakasle lanetan emandako zerbitzuak (5,000 puntu gehienez).

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

1.–IRAKASLE LANETAN EGINDAKO ZERBITZUAK

Gehienez ere 5,000 puntu

1.1. Ikastetxe publikoetan, maisu-maistren kidegoko espezialitateetako irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

1,000 puntu

Hezkuntza administrazioko organo eskudunak emandako ziurtagiria edo zerbitzu orria. Kasu guztietan adierazi behar da zein kidegotarako izendatu zen, edo haren kode ofiziala, baita zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak ere. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Ziurtagiri horietan adierazten bada zerbitzuak eman direla publikoak ez diren ikastetxeetan, zerbitzu horiek beste ikastetxe batzuetan emandakotzat baloratuko dira, hots, 1.3 edo 1.4 azpiapartatuetan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako eman badira, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe. Beste hezkuntza administrazio batean emandako zerbitzuak, ordea, beti egiaztatu beharko dituzte izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu horiek antzinatasunerako aitortu baditu ere.

Interesdunek berariaz eskatu beharko dute Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialaren zerbitzura 1990eko urriaren 1a baino lehen egindako zerbitzuen ziurtagiria.

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0833 puntu

1.2. Ikastetxe publikoetan, maisu-maistren kidegokoak ez diren espezialitateetako irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

0,500 puntu

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0416 puntu

1.3. Maisu-maistren kidegoaren hezkuntza maila edo etapa bereko espezialitateetan, beste ikastetxe batzuetan, irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

0,500 puntu

Ikastetxearen ziurtagiria, edo hura emateko eskumena duen organoarena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana, bertan espezialitatea, hezkuntza maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasi eta bukatu zireneko data zehatzak adierazita. Ziurtagiri horiei oniritzia emateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lan bizitzari buruzko txosten eguneratua eta kontratuak aurkez ditzatela eskatuko die interesdunei.

Unibertsitateko irakasle gisa egindako lana frogatzeko, ikastetxearen ziurtagiria beharko da, honako hauek adieraziko dituena: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle gisa eman dituela.

Gaur egun funtzionamenduan ez dauden ikastetxeetan egindako zerbitzuak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak emandako ziurtagiri baten bidez justifikatzen ahalko dira, unitate eskudunean dauden datuetan oinarriturik.

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0416 puntu

1.4. Maisu-maistren kidegoaren hezkuntza maila edo etapakoak ez diren espezialitateetan, beste ikastetxe batzuetan, irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

0,250 puntu

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0208 puntu

I. apartatua osatzen duten xedapenak.

1. Apartatu honen ondoreetarako, gehienez ere bost urte baloratuko dira, eta urte bakoitza aurreko azpiapartatuetako bakar batean baloratuko da. Betiere, interesdunaren aldeko balorazio onena duten urteak zenbatuko dira.

Egindako zerbitzuak hilabete osoekin bat etortzen ez badira, emandako zerbitzuen egunak pilatuko dira, 30 eguneko epeetan.

Zerbitzuak lanaldi osora iristen ez diren lanaldietan egin badira, ez da murrizketarik aplikatuko irakasle lanetan egindako lanaren balorazioan.

2. Kontuan hartu beharreko definizioak:

–Ikastetxe publikoak (1.1 edo 1.2 azpiapartatuak, dagokion moduan): sare publikoan integraturiko ikastetxeak, hezkuntza administrazioek sortu eta finantzatuak, alegia, Estatuko Administrazioan eta autonomia erkidegoetakoan hezkuntza arloan eskudunak diren departamentu edo kontseilaritzek sortu eta finantzatuak. Ikastetxe publikoak dira, orobat, Espainiar Estatuak atzerrian dituen ikastetxeak.

–Beste ikastetxe batzuk (1.3 edo 1.4 azpiapartatuak, dagokion moduan): titulartasun pribatuko ikastetxeak, hezkuntzakoak ez diren administrazioen mendekoak (esate baterako, Toki Administrazioaren mendekoak), unibertsitate publikoak eta pribatuak eta atzerriko ikastetxeak.

3. Ez dira kontuan hartuko interesdunek izenpetutako kontratuen eskaneatutako kopien bidez soilik frogatzen diren zerbitzuak, ezta ikastetxe pribatuek edo udal ikastetxeek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman dituela agertzen ez bada.

4. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak (eguna, hilabetea eta urtea) ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

5. Zerbitzuak zein kidego edo mailatan eman diren zehazten ez bada, beste kidego edo hezkuntza maila batean emandakotzat joko dira.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan emandako zerbitzuak 1.2 azpiapartatuan edo 1.4 azpiapartatuan baloratuko dira, kasuan-kasuan.

7. Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman badira eta Hezkuntza Administrazioak egindako ziurtagiriak adierazten badu maisu-maistren kidegoan edo kidego horretan baizik ez dagoen espezialitate batean eman direla, 1.1. azpiapartatuan baloratuko dira. Bestalde, zerbitzuak beste ikastetxe batzuetan eman badira eta ziurtagiriak adierazten badu irakasletzako diplomadun gisa eman direla, 1.3 azpiapartatuan baloratuko dira.

8. Espainiako Estatuaren titulartasunekoak ez diren atzerriko ikastetxeetan atzerrian emandako zerbitzuak 1.3 edo 1.4 apartatuen arabera baloratuko dira, eta kasuan kasuko herrialdean hezkuntza arloan eskudun den ministerioak edo Espainiar Estatuak Atzerrian duen Administrazio Orokorrak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Bertan honako hauek adierazi beharko dira: eman den hezkuntza maila eta irakasgaia, zerbitzuen iraupena eta horiek hasi eta bukatu ziren data zehatzak. Hezkuntza maila edo irakasgaia frogatzen ez bada edo maisu-maistren kidegoko espezialitateetako batekin bat ez badator, ulertuko da zerbitzuak beste hezkuntza maila edo kidego bateko espezialitateetan eman direla. Ziurtagiri horiek gaztelaniazko itzulpenarekin batera aurkeztu beharko dira. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.

9. Ikastetxe publikoetan erlijio irakasle gisa egindako zerbitzuak egiaztatzeko, hezkuntza administrazio eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, bertan, zerbitzuen hasiera eta bukaera data zehatzak adierazi beharko dira, bai eta hezkuntza etapa ere. Hala, zerbitzuak maisu-maistren kidegoaren hezkuntza etapa berean eman badira, 1.1 apartatuan zenbatuko dira, eta beste hezkuntza etapa batean eman badira, berriz, 1.2 apartatuan. Zerbitzuak ikastetxe publikoak ez diren beste ikastetxe batzuetan egin badira, ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana. Ziurtagiri horretan, emandako hezkuntza maila edo etapa adierazi beharko da, bai eta egindako zerbitzuen hasiera eta bukaera data zehatzak ere. Zerbitzu horiek egin badira maisu-maistren kidegoak ematen duen hezkuntza maila edo etapa berean, 1.3 azpiapartatuan zenbatuko dira, edo 1.4 azpiapartatuan beste maila edo etapa batean egin badira.

10. Apartatu honen ondorioetarako, puntuak ezin izanen dira pilatu zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II. apartatua.–Prestakuntza akademikoa (gehienez ere 5,000 puntu).

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

2.–PRESTAKUNTZA AKADEMIKOA

Gehienez ere 5,000 puntu

2.1. Alegatutako tituluaren espediente akademikoa:

Azpiapartatu honetan, maisu-maistren kidegoan sartzeko orokorki eskatzen den titulazio mailaren arabera alegatutako tituluaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratuko da bakar-bakarrik, honela kalkulatua:

0tik 10era bitarteko eskala 0tik 4ra bitarteko eskala

Ziurtagiri akademiko pertsonalaren kopia eskaneatua, non titulazioan lortutako batez besteko nota agertuko den.

Betiere, aurkeztutako ziurtagiri akademikoan ageri den batez besteko nota hartuko da kontuan.

6tik 6,99ra 1,5etik 1,99ra

1,000 puntu

7tik 8,49ra 2tik 2,74ra

1,250 puntu

8,5etik 10era 2,75etik 4ra

1,500 puntu

1. Baliokidetzat jotako titulazioen batez besteko nota bakarrik zenbatuko da baldin eta izangaiak titulazio horiek alegatzen baditu kidegoan sartzeko eta orokorki eskatzen den titulazioa aurkezten ez badu.

2. Batez besteko nota zenbakien bidez adierazten ez bada, baliokidetza hauek aplikatuko dira:

–Nahikoa: 5,5 puntu.

–Ongi: 6,5 puntu.

–Oso ongi: 7,5 puntu.

–Bikain: 9 puntu.

–Ohorezko matrikula: 10 puntu.

3. Espediente akademikoan ez bada berariaz agertzen batez besteko nota edo ziurtagiri akademiko pertsonala aurkezten ez bada, eta, horren ordez, tituluaren kopia eskaneatua aurkezten bada, ulertuko da izangaiaren batez besteko nota Nahikoa dela. Ikasketa-espediente horretan hitzen eta zenbakien bidezko kalifikazioa agertzen bada batez besteko nota adierazteko, zenbakien bidezkoa hartuko da kontuan.

4. Espediente akademikoaren batez besteko nota aurkeztea ezinezkoa bada, titulazioari dagokion ikasketa planaren ondorioz ikastetxeak hura kalkulatzerik ez duelako, irizpide hauen arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batez besteko nota:

a) Irakasgaien arabera antolaturiko ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatuko da guztira lorturiko puntuak irakasgaien kopuruaren artean zatituz. Kredituen bidez antolatutako ikasketa planak direnean, izangaiaren ikasketa espedientearen batez besteko puntuazioa ateratzeko formula hau erabiliko da: izangaiak lortutako kredituen batura, horietako bakoitza kasuko kalifikazioen balioarekin biderkatuta, zati guztira lortutako kreditu kopurua.

b) Irakasgaien puntuazioak zenbaki bidez adierazita ez badaude, lehen aipatutako baliokidetasunak aplikatuko dira.

c) Ondorio hauetarako, praktikaldiaren nota irakasgai batena balitz bezala hartuko da.

d) Espedientean irakasgai baliozkotuak edo "gai" kalifikazioa dutenak azaltzen badira, ez dute inolako baliorik izanen, lehiakideak aurkezten ez badu baliozkotutako edo "gai" gisa kalifikatutako irakasgaiaren zenbakizko balioa azaltzen duen ziurtagiria.

e) Ikasketa-espedienteko batez besteko nota ateratzeko, ez dira inola ere kontuan hartuko karrera-bukaerako proiektuen, tesinen edo antzekoen kalifikazioak.

f) Ikasketa planaren barrenean ez dauden prestakuntza jardueren bidez lortutako kredituak ez dira zenbakitara ekarriko, eta ez dira aintzat hartuko ikasketa espedientearen batez bestekoa ateratzeko.

g) Bi ziurtagiri hauek bidali beharko dira:

–Ziurtagiri akademiko pertsonala.

–Ikasketak egin zituen ikastetxearen ziurtagiria, titulazioari dagokion ikasketa planaren ondorioz ikastetxeak batez besteko nota kalkulatzerik ez duela adierazten duena.

5. Titulua atzerrian lortu duten izangaiek, ikasketa espedientea baloratu ahal izateko, Tituluaren Europako Osagarria eta/edo titulua lortu den herrialdeko hezkuntza administrazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, non adierazi beharko baita karreran lortutako kalifikazioen araberako batez besteko nota, eta, horrez gainera, kasuan kasuko kalifikazio sistemaren arabera lor daitezkeen gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, Espainiako kalifikazio sistemarekiko baliokidetasuna zehaztearren. Gainera, "Atzerriko ikastetxeetan egindako unibertsitate ikasketen batez besteko notak baliokidetzeko aitorpena" aurkeztu beharko dute, zeina, bat etorriz Politika Unibertsitarioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko martxoaren 21eko eta 2016ko uztailaren 21eko ebazpenetan xedatutakoarekin, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Ministerioaren azpiegoitza elektronikoan lor baitaiteke dohainik, esteka honen bidez: https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia_notas_medias.

2.2. Graduondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:

2.2.1. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizial bakoitzagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, betiere titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira:

1,000 puntu

Titulu ofizialaren kopia eskaneatua, ziurtagiri akademikoa edo, hala badagokio, behin-behineko ordezko ziurtagiria, abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Ikertzeko nahikotasunari edo Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomari dagokionez:

–Unibertsitatearen ziurtagiria, ikertzeko nahikotasuna aitortzen duena, baldin eta urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren arabera eskuratu badu.

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma, baldin eta ikasketa horiek apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren arabera egin baditu.

Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren kopia eskaneatua, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

2.2.2. Doktore titulu bakoitzeko:

1,000 puntu

Titulu ofizialaren kopia eskaneatua, ziurtagiri akademikoa edo, hala badagokio, behin-behineko ordezko ziurtagiria, abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

2.2.3. Doktoretzan lortutako sari berezi bakoitzeko:

0,500 puntu

Frogagiria.

1. Azpiapartatu honetan ez dira baloratuko graduondoko ikastaroak, espezializazio ikastaroak eta unibertsitate-adituen ikastaroak, ez eta unibertsitateek beren autonomia erabiliz ematen dituzten bestelako unibertsitate-titulu ez-ofizialak ere (berezko tituluak).

2. Azpiapartatu honetan ez da baloratuko irakaskuntza-lanbidean jarduteko gaitzen duen unibertsitate-masterraren titulu ofiziala, baldin eta titulazio hori izangaia lehiatzen den kidegoan sartzeko deialdian parte hartzeko exijitzen bada.

3. Atzerrian lortutako tituluak homologatuak egon beharko dira, edo unibertsitateko titulazio eta maila ofizialen balio berekotzat aitortuak, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

4. Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) mailetarako baliokidetza ziurtagiriak ez dira baloratuko.

2.3. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatutakoez beste batzuk, honela baloratuko dira:

2.3.1. Lehen zikloko tituluak:

Diploma, ingeniaritza tekniko, arkitektura tekniko edo legez horien baliokidetzat jotako titulu bakoitzeko eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza baten lehen zikloari dagozkion ikasketengatik:

Azpiapartatu honetan ez dira behin ere baloratuko izangaiek aurkezten dituzten mota horretako lehenengo tituluak edo ikasketak.

1,000 puntu

Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren kopia eskaneatua, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diploma tituluaren kopia eskaneatua aurkeztea, edo, bestela, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru ikasmailetako edo lehen zikloko irakasgai guztiak egin eta gainditu direla azaltzen duen ziurtagiri akademiko pertsonala. Egokitzapen ikastaroa gainditua izatea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren kopia eskaneatua aurkezten bada, aintzat hartuko dena bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa izanen da soilik, salbu aurreko paragrafoan aipatzen den ziurtagiri akademikoa eransten bada 2.3.1 azpiapartatuaren arabera baloratzeko.

Unibertsitateko gradudun titulu ofizialaren kopia eskaneatua aurkezteak balioko du, bakar-bakarrik, bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa aitortzeko, salbu eta behar den ikasketa-ziurtagiria aurkezten bada, unibertsitateko gradudun titulu ofiziala lortzeko kreditu guztiak egin eta gainditu dituela egiaztatzen duena; kasu horretan, 2.3.1 azpiapartatuari dagokion puntuazioa ere emanen zaio.

2.3.2. Bigarren zikloko tituluak:

Lizentzien, ingeniaritzen, arkitekturen edo unibertsitateko gradu titulu ofizialaren bigarren zikloko ikasketengatik edo legez horien baliokide diren tituluengatik:

Bigarren ziklokoak bakarrik diren tituluak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo bat bezala baloratuko dira bakarrik.

1,000 puntu

1. Bigarren ziklokoak bakarrik diren tituluak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun edo gradudun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo bat bezala baloratuko dira bakarrik.

2. Titulazio berean oinarritzen diren espezialitateak ez dira titulu desberdintzat hartuko.

3. Titulu berari dagozkion aipamenak ez dira gradutzat hartuko.

4. Merezimendu gisa gradu bikoitzeko titulazio bat gainditua izatea alegatzen denean, hura osatzen duen titulazio bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio.

5. Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) mailetarako baliokidetza ziurtagiriak ez dira baloratuko.

6. Atzerrian lortutako tituluak homologatuak egon beharko dira, edo unibertsitateko titulazio eta maila ofizialen balio berekotzat aitortuak, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2.4. Araubide bereziko irakaskuntzetako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

Hizkuntza eskola ofizialek, musikako kontserbatorio profesionalek eta goi mailakoek eta arte eskolek ematen dituzten araubide bereziko irakaskuntzen titulazioak, baita berariazko lanbide heziketakoak ere, ondoren aipatzen denari jarraikiz baloratuko dira, baldin eta irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatu ez badira edo alegatutako titulua lortzeko ezinbestekoak izan ez badira:

2.4.a. Musikako edo Dantzako titulu profesional bakoitzeko:

0,500 puntu

Merezimendu gisa alegatutako tituluaren kopia eskaneatua edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, baita kidegoan sartzeko alegatu den titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien kopia eskaneatuak ere.

2.4.b. Hizkuntza eskola ofizialek emandako maila aurreratuko ziurtagiri edo ziurtagiri baliokide bakoitzeko:

0,500 puntu

2.4.c. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulu bakoitzeko:

0,200 puntu

2.4.d. Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu bakoitzeko:

0,200 puntu

2.4.e. Goi mailako kirol teknikari titulu bakoitzeko:

0,200 puntu

1. Ez da inola ere baloratuko hizkuntza eskola ofizialek emandako gaztelaniaren maila aurreratuaren ziurtagiria.

2. Izangaiak lortu nahi duen plaza euskaraz eman beharrekoa bada, hizkuntza eskola ofizialek luzatutako euskara maila aurreratuko ziurtagiria ez da baloratuko.

3. Ez dira inola ere azpiapartatu honetan baloratuko kidegoan sartzeko betebehar gisa aurkezten diren titulazioak, ez eta 2.4.a, 2.4.c, 2.4.d eta 2.4.e azpiapartatuetan alegatutako titulazioak ere, baldin eta ez bada egiaztatzen, frogagirien bidez (batxilergoko titulua edo beste titulu batzuk), ez direla erabili funtzio publikoan sartzeko alegatutako titulua lortzeko.

4. 2.4.b azpiapartatuan aipatzen den maila aurreratua bat dator abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan (abenduaren 23ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) ezarritako C1 maila aurreratuko eta C2 maila aurreratuko ziurtagiriekin, bai eta haren II. eranskinean ezarritako baliokidetasunekin ere. Hizkuntza bakoitzean ziurtagiri bakarra puntuatuko da, egiaztatzen den maila gorenari dagokiona.

2.5. Atzerriko hizkuntzak jakitea:

ACLESek (goi mailako irakaskuntzako hizkuntzen ikastetxeen elkartea) onartutako atzerriko hizkuntzen ezagutza-ziurtagiriengatik, baldin eta atzerriko hizkuntza batean C1 edo C2 maila aurreratuko hizkuntza-gaitasuna egiaztatzen badute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren sailkapenaren arabera:

0,500 puntu

Tituluaren kopia, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak sailkatutako atzerriko hizkuntza baten egiaztapen ziurtagiriari dagokiona.

1. Hizkuntza beraren C1 edo C2 maila aurreratuko ziurtagiriak, 2.4 edo 2.5 apartatuaren arabera egiaztatuak, behin bakarrik baloratuko dira, apartatu batean edo bestean, ahal bada 2.4 apartatuan.

2. Halaber, azpiapartatu horietan, maila desberdinetako ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira hizkuntza bereko hizkuntza gaitasuna baloratzeko, maila gorenekoa baloratuko da soilik, beheragoko maila duen ziurtagiria 2.4 apartatuan baloratzeko modukoa bada salbu, kasu horretan 2.4 apartatuan baloratuko baita soilik.

3. Azpiapartatu honetan, ACLESek onartutako atzerriko hizkuntzen ezagutza ziurtagiriak baloratuko dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean indarrean den ziurtagirien taularen arabera.

III. apartatua.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 2,000 puntu).

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

3.–BESTE MEREZIMENDU BATZUK

Gehienez ere 2,000 puntu

3.1 Etengabeko prestakuntza:

Gehienez ere 1,000 puntu

Gainditutako etengabeko prestakuntzarako eta hobekuntzarako jarduerak, eskuratu nahi den espezialitatearekin, eskolaren antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, didaktikarekin, psikopedagogiarekin edo hezkuntzako soziologiarekin loturik egonez gero, hezkuntza arloko eskumen osoa duten administrazio publikoek edo unibertsitateek antolatu badituzte, edo hezkuntza administrazioekin elkarlanean ari diren entitateek antolatutako etengabeko prestakuntzako planean sartutako jarduerak edo kasuan kasuko hezkuntza administrazioak onartutako jarduerak, 10 orduko.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitiko hondarrarengatik. Ziurtagirian besterik adierazten ez bada, prestakuntza jarduerak kreditutan azaltzen direnean, ulertuko da kreditu bakoitzak 10 orduko balioa duela.

0,020 puntu

Ikastaroen ziurtagiria, kasuan kasuko erakunde edo zentroak luzatua, non ikastaroaren kreditu edo orduak espresuki adieraziko baitira. Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituenetan espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela; bestela, hori gabe, homologazioa edo onarpena erantsi beharko da.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Prestakuntza Erregistroaren ziurtagirian jasotako prestakuntza ofizioz emanen du Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu beharrik gabe.

1. Orduen edo kredituen kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko, nahiz eta ikastaroa zein egun eta hilabetetan egin den adierazi.

2. 3.1 azpiapartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master baten edo graduatu ondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaro horiek bukatu eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 3.1 azpiapartatuaren arabera baloratuko dira (778/1998 Errege Dekretuaren eta Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren 34.1 artikuluaren arabera lortutako titulu ez-ofizialak), edo, hala badagokio, 2.2 apartatuaren arabera (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortutako titulu ofiziala bada).

3.2. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza egiaztatzeko titulazioak:

Gehienez ere 2,000 puntu

3.2.1. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren C1 edo C2 maila egiaztatzen duten ziurtagiriak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoak (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetakoak), haien balorazioa 2.4 edo 2.5 azpiapartatuetan aurreikusita ez baldin badago:

0,500 puntu

Organo eskudunak luzatutako ziurtagiriaren kopia eskaneatua. Ez da beharrezkoa izanen ziurtagiriaren zinpeko itzulpena aurkeztea.

3.2.2. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren B2 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

0,250 puntu

1. 3.2 azpiapartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko unibertsitateko titulazioak, haien balorazioa 2.3 azpiapartatuan jasota baitago.

2. 3.2 azpiapartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko merezimenduen baremoko 2.4 eta 2.5 azpiapartatuetan, hurrenez hurren, baloratzen diren hizkuntzako ziurtagiriak.

3. 2.4, 2.5 eta 3.2 azpiapartatuetan maila desberdinetako titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira hizkuntza bereko hizkuntza gaitasuna baloratzeko, maila gorenekoa baloratuko da soilik, beheragoko maila duen titulu edo ziurtagiria 2.4 edo 2.5 azpiapartatuan baloratzeko modukoa bada salbu, kasu horretan azpiapartatu horietako batean baloratuko baita soilik, azpiapartatuen ordena horri jarraituta.

4. Hizkuntza berari dagozkion titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira, eta maila berekoak badira, 2.4, 2.5 edo 3.2 azpiapartatuetan baloratzeko modukoak, hizkuntza horren ezagutza behin baizik ez da puntuatuko, azpiapartatuen ordenaren arabera.

5. Hizkuntza berari dagozkion titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira, eta B2 mailakoak badira, hizkuntza horren ezagutza behin baizik ez da puntuatuko.

6. Euskaraz eman beharreko plazetara lehiatuz gero, ez da euskara titulu bakar bat ere baloratuko.

Merezimenduen baremo osorako xedapenak.

1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden merezimenduak baizik ez dira barematuko, eta, betiere, behar den epean aurkeztu badira.

2. Gaztelaniara edo euskarara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko berezko hizkuntza ofizialean idatzitakoak, salbu eta euskaraz idatzita daudenak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak. Nolanahi ere, izangaiek aurkezten dituzten itzulpenak zinpeko itzultzaileek eginak izanen dira, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

3. Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo eskaneatutako kopia konpultsatuak.

4. Merezimendu bera ezin da inola ere apartatu edo azpiapartatu batean baino gehiagotan baloratu.

5. Betekizun bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDAK

Deialdiko espezialitateei aplikatu beharreko gai-zerrendak arau honetan argitaratutakoak dira:

–Maisu-maistren, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoetako espezialitate jakin batzuetan sartzeko, espezialitate berriak eskuratzeko eta mugitzeko prozedurak arautuko dituzten gai zerrendak onesten dituen 1993ko irailaren 9ko Aginduaren I. eranskina (1993ko 226. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 21ekoa). Prozedura horiek ekainaren 4ko 850/1993 Errege Dekretuaren bidez arautu ziren.

–Maisu-maistren kidegoan Lehen Hezkuntzako espezialitatean sartzeko, bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko prozedura arautuko duen gai zerrenda onesten duen martxoaren 12ko ECI/592/2007 Agindua (2007ko 64. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 15ekoa). Prozedura horiek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez arautu ziren.

Gai-zerrendan LOGSEri buruz dauden aipamen guztiak indarrean dagoen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari buruzkoak direla ulertu behar da.

III. ERANSKINA.–LEHENENGO PROBAREN A ZATIRAKO ZEHAZTAPENAK

Proba praktikoa.

Lehenengo probaren A zatiaren helburua da egiaztatzea izangaiek menderatzen dituztela lortu nahi duten espezialitateari dagozkion trebetasun teknikoak eta nahikoa prestakuntza zientifikoa daukatela.

Izangaiek egin beharreko probak ariketa bat baino gehiago izan ditzake, dagokien haztapenarekin.

Beharrezkoa bada, epaimahai bakoitzak izangaiei jakinaraziko dizkie, nahikoa aurrerapenarekin, ariketak garatzeko beharko diren bitarteko teknikoak, agiriak, materiala eta bestelako alderdi zehatzak.

Espezialitate bakoitzerako proba praktikoek berariazko ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

–Musika espezialitaterako proba praktikoaren ezaugarriak:

  • Diktaketa melodikoa. Aldez aurretik grabatutako izaera tonaleko melodia bat entzun eta erreproduzitzea izanen da. Melodia hori zortzi konpasekoa izanen da, eta sei aldiz entzunen da. Entzunaldi bakoitzaren ondoren, hautagaiek hiru minutuko isiltasun aldia izango dute. Izangaiak beste hamabost minutu izanen ditu ariketa amaitzeko, azken entzunaldiaren ondoren.
  • Paper lerrodunaren bi orri emanen dira: lehenengoa zirriborro gisa erabiliko da (epaimahaiaren aurrean suntsituko da); bigarrena epaimahaiak emanen duen boligrafoarekin idatzi beharko da, eta epaimahaiak kalifikatu beharreko ariketa izanen da.
  • Ariketa egiteko denbora, gehienez: 45 minutu.

–Proba praktikoaren ezaugarriak gainerako espezialitateetarako:

  • Epaimahaiak espezialitateari buruz proposatutako zenbait eskola egoerari buruzko kasu bat ebatzi beharko da.
  • Proba honetan, idatziz erantzun beharko zaie, deialdiko espezialitateari dagokion xedeko hizkuntzan, esparru teorikoaren barruan oinarritutako arrazoizko esku-hartze bati buruz planteatuko diren galderei, betiere Nafarroako Foru Komunitatean espezialitateari buruz indarrean dagoen araudiarekin lotuta.
  • Gainera, izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menderatzen dituen.

IV. ERANSKINA.–OPOSIZIOALDIKO PROBAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

Hautapen batzordeek edo, kasua bada, epaimahai bakarrek zehaztuko dituzte balorazio irizpide hauek, espezialitate bakoitzaren berezitasunen arabera.

Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa espezialitatean, bereziki eta zeharka baloratuko da ingeleseko hizkuntza gaitasuna.

1.–Lehenengo proba.

A zatia: Musika espezialitateko proba praktikoa:

–Hautaketa-batzordeek, edo, hala badagokio, epaimahai bakarrek, irizpide horien zehaztapena argitaratuko dute, eta deialdiaren III. eranskinean jasotako probaren egiturara egokituko dira.

A zatia: Gainerako espezialitateen proba praktikoa:

–Prestakuntza zientifikoa (zorroztasun teknikoa eta espezialitatearen gaineko ezagutza zientifikoa):

Planteamenduaren justifikazioa edo funts teorikoa.

Hizkera tekniko zehatza eta zuzena. Espezialitatearen gaineko ezagutza zientifiko eta tekniko eguneratua eta zorrotza aplikatu da.

Proiektu didaktiko batekin lotutako kasu praktikoetan: zientzia-, curriculum- eta pedagogia-ezagutzetan oinarritutako planteamendu didaktikoak eta antolakuntzakoak egitea.

–Espezialitatearen berezko trebetasunak (trebetasun teknikoak menderatzea, bai eta estrategia eta teknika didaktiko-pedagogikoak ere):

Kasu praktikoak eta haien atalak modu zuzen, ordenatu eta eraginkorrean ebatzi dira.

Proposatutako egoeretarako egokiak diren estrategia tekniko eta/edo metodologikoak aplikatu dira.

Kasuaren arabera, trebetasun teknikoak erakutsi dira espezialitatearen berezko lanabes, tresna, protokolo eta prozeduren erabileran.

B zatia: Gai bat idatziz garatzea.

–Gaiaren antolaketa:

  • Gaia modu egokian justifikatu da.
  • Sekuentzia logiko eta koherente bati jarraitzen zaio zati guztiak garatzean.
  • Gaia modu orekatuan garatu da.

–Berariazko edukia:

  • Gaiaren edukien eguneratze eta sakontasun maila.
  • Gaiaren berezko hizkera teknikoa erabiltzeko zorroztasuna eta zehaztasuna.
  • Erreferentzia bibliografiko egokiak eta eguneratuak.

–Aipamen didaktikoak:

  • Edukiak duen harremana hezkuntza sistemarekin, Nafarroako Foru Komunitateko berezko curriculumarekin eta irakaslanarekin.
  • Gaiari lotutako proposamen didaktiko originalak edo berritzaileak egin dira.

2.–Bigarren proba.

A zatia: Programazio didaktikoa aurkeztea eta defendatzea.

Formazko betebeharrak:

Programazio didaktikoak ez baditu betetzen V. eranskineko 3.2 apartatuan adierazitako formazko betebeharrak, probaren zati horri dagokion puntuazioaren %50 kenduko zaio izangaiari.

Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

–Antolaketa:

  • Programazioaren aurkezpena eta justifikazioa egitea eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen curriculumaren araberako testuingurua azaltzea.
  • Ongi planteatuak egotea programazioa osatzen duten elementuak, atalen koherentzia eta proposatzen duen sekuentziazioaren logika.

–Eduki teknikoa:

  • Programazio didaktikoak indarrean dagoen araudian ezarritako curriculumeko elementu guztiak ditu, kasuan kasuko hezkuntza etaparen mailarekin bat etorriz.

–Eduki didaktikoa:

  • Ikasmailarako egokiak diren metodologia, materialak eta baliabide didaktikoak.
  • Prozedurak, lanabesak, tresnak eta ebaluazioari lotutako bestelako alderdiak zehaztea, Nafarroako Foru Komunitatean ebaluazioaren arloan aplikatu beharreko araudiari jarraituz.
  • Banakako desberdintasunei erantzuteko neurriak, arreta berezia jarriz hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako neurriei.

–Komunikazio gaitasuna:

  • Ideiak modu egituratuan eta ulergarrian adierazi dira, komunikazio-testuingurura egokitutako formalitate-mailarekin hitz egiteko gaitasunarekin.
  • Ebaluazio epaimahaiaren galderei emandako erantzunak egokiak eta koherenteak izan dira.

B zatia: Unitate didaktiko bat prestatzea eta azaltzea.

–Alderdi orokorrak:

  • Unitate didaktikoa justifikatu da eta hari testuingurua eman zaio programazioaren edo espezialitatearen gai-zerrendaren barruan.
  • Unitate didaktikoa ongi egituratuta dago eta haren elementuak koherenteak dira beren artean.

–Helburuak, edukiak eta metodologia:

  • Honako hauek ongi planteatuta daude eta elkarren artean koherenteak dira: ikaskuntza helburuak, konpetentziak (funtsezkoak eta espezifikoak), deskriptore operatiboak (Lehen Hezkuntzan), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukiak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak, ikaskuntza egoerak eta, Lehen Hezkuntzan, irteera-profila.
  • Zehaztu da zer-nolako lotura duten oinarrizko jakintzek konpetentzia funtsezkoak eta espezifikoak garatzeari begira, bai eta konpetentziek deskriptore operatiboekin duten lotura ere.
  • Metodo pedagogikoak bat datoz ikasleen ezaugarriekin.

–Jarduerak:

  • Jarduerak motibagarriak dira eta zailtasun maila bat baino gehiago dituzte, ikasleen eta ikasmailaren ezaugarrietara egokitzeko.
  • Guneak eta denborak antolatzea.
  • Material eta baliabide didaktikoak erakargarriak, egokiak eta askotarikoak dira.
  • Jarduerak ikaskuntza-helburuetara egokitzen dira.

–Ebaluazioa:

  • Ebaluazio irizpideak bat datoz helburuekin, konpetentziekin (funtsezkoak eta espezifikoak), deskriptore operatiboekin (Haur Hezkuntzan ez), oinarrizko jakintzekin eta aplikatu beharreko metodo pedagogikoekin.
  • Prozedurek, ebaluazio tresnek eta kalifikazio irizpideek adierazten dute zer-nolako jardun-maila espero den ikasleen partetik, eta, Lehen Hezkuntzaren kasuan, zer-nolako ekarpena eginen dioten ikasleen irteera profilari.
  • Banakako desberdintasunei erantzuteko neurriak, arreta berezia jarriz hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako neurriei.

–Komunikazio gaitasuna:

  • Ideiak modu egituratuan eta ulergarrian adierazi dira, komunikazio-testuingurura egokitutako formalitate-mailarekin hitz egiteko gaitasunarekin.
  • Ebaluazio epaimahaiaren galderei emandako erantzunak egokiak eta koherenteak izan dira.

V. ERANSKINA.–BIGARREN PROBAREN ZEHAZTAPENAK: PROGRAMAZIO DIDAKTIKOA ETA UNITATE DIDAKTIKOA

1.–Haur Hezkuntzan irakasteko gaitzen duten espezialitateetan programazio didaktikoa egiteko araudia eta etapa horretan kokatzen dutena.

–61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena (2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 6koa).

–62/2022 Foru Agindua, abuztuaren 8koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden Haur Hezkuntzako ikastetxeetako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituena (2022ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 19koa).

–59/2023 Foru Agindua, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa arautzen duena (2023ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 20koa).

–69/2023 Foru Agindua, abuztuaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako hezkuntza inklusioa arautzen duena (2023ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 19koa).

2.–Lehen Hezkuntzan irakasteko gaitzen duten espezialitateetan programazio didaktikoa egiteko araudia eta etapa horretan kokatzen dutena.

–67/2022 Foru Dekretua, ekainaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena (2022ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 1ekoa).

–63/2022 Foru Agindua, abuztuaren 8koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituena (2022ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 25ekoa).

–52/2023 Foru Agindua, ekainaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzen duena (2023ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa).

–69/2023 Foru Agindua, abuztuaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako hezkuntza inklusioa arautzen duena (2023ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 19koa).

3.–Programazio didaktikoak.

3.1. Programazio didaktikoak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko bat hartu beharko du testuinguru gisa, 2025-26 ikasturtean, eta parte hartzen den espezialitatearekin lotutako arlo edo esparru (arloak edo esparruak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren kasuan) baten curriculumari buruzkoa izanen da (deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoena). Honako elementu hauek zehaztu beharko dira: helburuak, funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak, deskriptore operatiboak, hala badagokio, oinarrizko jakintzak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak, metodologia, materialak eta baliabide didaktikoak, hezkuntza-laguntzaren premia espezifikoa duten ikasleei arreta emateko neurriak, irteera-profila, hala badagokio, bai eta horrek konpetentziak eskuratzeko eta etapako helburuak lortzeko egiten duen ekarpena ere, hala badagokio.

Programazioa kasuan kasuko espezialitateko irakasleek irakasteko eskumena duten hezkuntza maila edo etapa baten ikasturte baterako prestatuko da.

Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza espezialitateetan, programazioak erreferentzia egin ahal izanen dio hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako urteko laguntza plan bati, espezialitate horretako irakasleek irakasteko eskumena duten maila edo etapetako bateko maila baterako.

3.2. Alderdi formalak:

Programazio didaktikoak eta, egokia denean, urteko laguntza planak gehienez ere 50 orrialde zenbakitu izanen dituzte, DIN-A4 formatuan, lerroarte arruntarekin, gutxienez 12 puntuko Arial letra erabiliz, konprimatu gabe. Grafiko, taula, irudi eta antzekoetan gutxienez 10 puntuko Arial letra erabiltzen ahalko da. Argazki oinetan, orri oinetan eta goiburuan Arial ez den beste letra mota bat eta aipatutako tamainetakoak ez direnak erabiltzen ahalko dira. Azalaren diseinua libre da, baina nahitaez jasoko dira izangaiaren izena, abizenak eta NANeko edo identifikazio agiriko zenbakia. 10 unitate didaktiko izan beharko ditu, gutxienez.

Unitate didaktiko horiek zenbakituta eta garatuta egon beharko dute, epaimahaiak unitate didaktikoaren aurkezpenaren eta defentsaren jarraipena egin ahal izateko informazio nahikoa izan dezan.

3.3. Unitate didaktikoak ezin dira ikaskuntza egoerekin ordezkatu; izan ere, "unitate didaktiko" terminoa ez dator curriculumari buruzko arauditik, 276/2007 Errege Dekretuan definitzen baita. "Ikaskuntza-egoerak" terminoa, berriz, curriculumean agertzen da, eta unitate didaktikoaren barruko irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak planteatzeko modu gisa ulertu behar da.

3.4. Programazio didaktikoak hiperestekak edo QR kodeak baditu, epaimahaiak ez du kontuan hartuko eta ez du baloratuko horien bidez atzitu daitekeen informazioa.

3.5. Programazioa euskaraz edo gaztelaniaz eginen da, parte hartzeko espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera, Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa espezialitatean izan ezik, hori ingelesez garatuko baita.

4.–Unitate didaktikoa.

Oro har, elementu hauek zehaztuko dira unitate didaktikoa egitean: helburuak, funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak, deskriptore operatiboak, oinarrizko jakintzak, irakaskuntza jardueren sekuentzia, metodo pedagogikoak, landuko diren ikaskuntza egoerak, estrategiak eta espazio zein denboren antolaketa, material eta baliabideak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko neurriak, ebaluazio prozedura eta irizpideak, eta konpetentzien garapenarekin duten lotura.

Unitate didaktikoa euskaraz edo gaztelaniaz eginen da, parte hartzeko espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera, Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa espezialitatean izan ezik, hori ingelesez garatuko baita.

Iragarkiaren kodea: F2512217