2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OIBAR
Gordailuak eratzea
2025eko irailaren 29an, Oibarko Udaleko alkateak 146/2025 ebazpena eman zuen; hona hemen haren testu osoa:
"Gordailuen Kutxa Orokorrean berme edo gordailu bat eratzea jarduera instrumental edo izapide-jarduera bat da, prozedura nagusi bat betetzeko: kontratu bat, nahitaezko desjabetze bat, dirulaguntza bat edo bertzelako administrazio-jarduera bat. Prozedura hori ekonomikoa da, eta botere publikoek babestu beharreko interesa du helburu. Hortaz, beharrezkoa da Gordailuen Kutxa Orokorrak jardun dezala halako moduz non atzerapenik gabe eta efizientziaz beteko diren dagokion prozedura nagusia, eta haren helburuaren xedea.
Prozedura bat artikulatu beharra dago, eskudiruzko gordailuak kudeatzen laguntzeko, Oibarko Udalak jarduerak gauzatu ahal izateko. Arautu beharra dago nola eratuko eta nola deuseztatuko diren gordailu horiek.
Gordailu horiek eratzea eta deuseztatzea joko dira Oibarko Udalak egindako kobrantza eta ordainketatzat.
Gordailuak zer eratako jarduketari dagozkion, jarduketa hori gauzatzeko eskumena duen Oibarko Udalaren organoa arduratuko da aipatu bezala eratutako gordailuak kontrolatzeaz, kudeatzeaz eta erregistratzeaz.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak ezartzen duenez, Udaleko alkateak dituen eskudantzien artean honako hauek daude:
f) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barrenean, kreditu-eragiketak hitzartzea, salbu Toki Ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legearen 158.5 artikuluan aipatutakoak, betiere, aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten %10 baino handiagoa, salbu diruzaintzako kreditu eragiketak, zeinak bere eskumenekoak izanen baitira, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada aurreko ekitaldian likidaturiko diru-sarrera arrunten %15 baino handiagoa; ordainketak agintzea eta kontuak azaltzea. Hori guztia, Toki Ogasunak arautzen dituen Legeari jarraikiz.
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Gordailuak eratzeko baimena ematea partikularrei, bertze partikularren eskura jartzeko, gordailu horien xedea denean betetzea Oibarko Udalaren organoek bere gain hartutako betebeharrak.
Era berean, Oibarko Udalaren organoek gordailuak eratzen ahalko dituzte partikularren alde.
Bigarrena.–Ondorio horietarako, ordainketa-gutuna emanen du kasuan kasuko prozedura administratiboa egiazki betetzen dela aitortu behar duen organo kudeatzaileak.
Hirugarrena.–Gordailuak eratzeko, horien zenbatekoa sartuko da Oibarko Udaleko Diruzaintzan. Gordailua eratutzat joko da aipatu diruzaintzan sartzen den unetik.
Oibarko Udalaren organo bati baldin badagokio gordailu bat eskudirutan eratzeko betebeharra, gordailua eratutzat joko da horretarako aitortzen den aurrekontu-betebeharra ordaintzen denean.
Ordainketa hori eginen da horretarako erabiliz formalizazio bidez ordaintzeko barne-mekanismoak.
Organo kudeatzaileek eskudirutan eratutako gordailuak erregistratu eta kontrolatu beharko dituzte.
Laugarrena.–Dagokion organoak erabakiko du gordailua deuseztatzea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean. Behin erabaki hori hartuta, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin ondoren, dagokion ordainketa eginen da dagokion hirugarrenaren alde.
Bosgarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Oibarko Udalaren zerbitzu ekonomikoei, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan."
Oibarren, 2025eko irailaren 29an.–Alkatea, Francisco Javier Martínez Aldunate.
Iragarkiaren kodea: L2512857