1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
342E/2025 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programaren deialdian (MOVES III Programa 2025) 4.1 oinarria aldatzen duena, jarduketen arteko aurrekontu-banaketa kentzeko, eta 6.2 oinarriko bigarren paragrafoan atzemandako akatsak zuzentzen dituena.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzua Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren antolamendu orokorrean txertaturik dago eta, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan energia berriztagarriak bultzatzeko helburua du. Ildo horretan askotariko ekintzak egiten ari da, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean jasotako helburuak lortzeko. Jarduketa horien artean, aipatzekoak dira laguntza programak, horien bidez saiatzen baita jarduera sektore guztietan energia eraginkortasuna eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzen.
Apirilaren 1eko 3/2025 Errege Lege-dekretuaren bidez arautzen da Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urterako (2025eko 79. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ekoan). Errege lege-dekretu horren helburua da garraio sektorea "deskarbonizatzen" laguntzea mugikortasunaren elektrifikazioa sustatuz, Energiaren eta Klimaren 2023-2030 Plan Nazional Bateratuan finkatutako xedeak lortzeko.
3/2025 Errege Lege-dekretuaren xedea da mugikortasun elektrikoa sustatzeko pizgarrien bi programa hauek onestea:
a) Pizgarrien 1. programa - Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzekoa.
b) Pizgarrien 2. programa - Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzekoa.
3/2025 Errege Lege-dekretuak 1. eta 5. artikuluetan xedatutakoaren arabera, programa apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuan xedatutakoak arautuko du, gauzatzeko epeei eta SEEPi loturiko kudeaketa eta kontroleko betebehar espezifikoei dagokienez izan ezik. Izan ere, 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan.
3/2025 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluaren babesean, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariak formalki jakinarazi zion Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuari (IDAE) berariaz eta zalantzarik gabe onartzen zuela Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako dirulaguntza, 5.573.749,00 euro guztira. Horrenbestez, IDAEko buruaren 2025eko maiatzaren 20ko Ebazpenaren bidez, aipatu dirulaguntza eman zitzaion Nafarroari, 5.573.749,00 euro guztira.
Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 7ko 268E/2025 Ebazpenaren bidez, "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (Moves III) 2025. urterako" dirulaguntzaren deialdia onesten da eta erabakitzen da Moves III-2025 deialdira pasatzea 2025eko urtarrilaren 1etik aitzina Moves III deialdian erregistratutako laguntza eskaera guztiak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 850938, 850960, 850973, 851015.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak kudeatzen du deialdi hori eta horretarako egindako txosten batean proposatzen du oinarri arautzaileetan bi aldaketa hauek egitea:
–4. oinarriari dagokionez (Aurrekontu-zuzkidura), honako hau ezartzen da:
4.1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urtean gauzatzeko, 5.085.186,80 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratu da, "820001 82500 7819 425205 [PEP: E-25-000756-01] MOVES III-2025: Laguntzen deialdia" partidaren kontura, eta bi programa hauen artean banatuko da:
–Pizgarrien 1. programa (Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzeko programa). Ibilgailu elektrikoak erostea, entxufagarriak eta erregai-piladunak: 3.559.630,76 euro.
–Pizgarrien 2. programa (Kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko programa). Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea: 1.525.556,04 euro.
Apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren 10.13 artikuluaren arabera, deialdiaren indarraldia bukatu eta hurrengo bi hilabeteetan, jarduketa programa batera bideratutako partidaren bat agortu ez bada eta besteak itxarote zerrenda badu, aurrekontua berriz esleitzen ahalko da jarduketa moten artean, eta, beraz, ondoriorik gabe geldituko dira aipatu errege dekretuaren 10.10 artikuluan jarduketen arteko banaketarako ezarritako gehieneko ehunekoak, eta ezarrita izan zitezkeen aurrekontu-erreserbak askatuko dira.
Alde batetik, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, espedientean dagoen eta horretarako egin duen txostenean, justifikatzen du programen araberako banaketa ekonomikoak kalte handia dakarkiola deialdiaren kudeaketari berari; izan ere, gaur egun, pizgarrien 1. programan (Ibilgailu elektrikoak erostea sustatzeko programa) zenbateko osoa agortu da, eta espediente ugari daude ebazteko. Programen araberako banaketa ekonomiko horri eusteak deialdiaren kudeaketaren funtzionamendua oztopatu eta atzeratu baino ez du egiten, eta hura kenduta, aldiz, deialdiak eraginkortasun handiagoa izanen luke kudeaketan, eta, beraz, banaketa hori kentzea proposatzen du txostenean.
Azaldutako guztiagatik, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak proposatzen du "Mugikortasun elektrikoarekin lotutako pizgarrien programa (MOVES III)" dirulaguntzaren 2025eko deialdiaren 4. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:
"4. oinarria.–Aurrekontu-zuzkidura.
4.1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urtean gauzatzeko, 5.085.186,80 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratu da, ‘820001 82500 7819 425205 [PEP: E-25-000756-01] MOVES III-2025: Laguntzen deialdia’ partidaren kontura.
4.2. Deialdirako baimendutako gastua ekitaldi bakoitzean ez bada osorik gauzatzen, hurrengo ekitaldiari gehitzen ahalko zaio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 49. artikuluaren 1.e) eta 5. apartatuetan ezarritakoari jarraituz.
Aldi berean, akats bat atzeman da oinarri arautzaileen 6.2 oinarriaren bigarren paragrafoaren testuan. Akats baten ondorioz, azken testua sartu da, eta ezabatu egin behar da, onuradunek justifikatzeko aukera izan dezaten:
"Ebazpen honen bidez onetsitako pizgarrien programen bidez diruz lagun daitezkeen jarduketak atal honetan zehaztutako ‘de minimis’ araubideari lotuko zaizkio, eta jarduketak onartzeko hautagarritasun aldia 2025eko urtarrilaren 1etik deialdiaren indarraldia bukatu artekoa izanen da, edozein dela ere horiek justifikatzeko eta gauzatzeko aldia. Horregatik, onuradun horientzat eskatuko da diruz lagundutako jarduketa gauzatzearekin loturiko gauzatzeko konpromiso irmoen, kontratuen, fakturen eta ordainagirien ororen jaulkitze datak 2025eko urtarrilaren 1etik (egun hori barne) deialdiaren indarraldia bukatu bitartekoa izatea."
Azaldutakoarekin bat etorriz, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (2023ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 23koa), eta Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren otsailaren 1eko 10/2024 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak baliatuz (2024ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III)" dirulaguntzaren 2025eko deialdiko 4. oinarria (Aurrekontu-zuzkidura), testu hau izan dezan:
"4. oinarria.–Aurrekontu-zuzkidura.
4.1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III) 2025. urtean gauzatzeko, 5.085.186,80 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratu da, ‘820001 82500 7819 425205 [PEP: E-25-000756-01] MOVES III-2025: Laguntzen deialdia’ partidaren kontura.
4.2. Deialdirako baimendutako gastua ekitaldi bakoitzean ez bada osorik gauzatzen, hurrengo ekitaldikoari gehitzen ahalko zaio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 49. artikuluaren 1.e) eta 5. apartatuetan ezarritakoari jarraituz".
2. Deialdiaren 6.2. oinarriko bigarren paragrafoa zuzentzea, testu hau izateko: "Ebazpen honen bidez onetsitako pizgarrien programen bidez diruz lagun daitezkeen jarduketak atal honetan zehaztutako ‘de minimis’ araubideari lotuko zaizkio, eta jarduketak onartzeko hautagarritasun aldia 2025eko urtarrilaren 1etik deialdiaren indarraldia bukatu artekoa izanen da, edozein dela ere horiek justifikatzeko eta gauzatzeko aldia. Horregatik, onuradun horientzat eskatuko da diruz lagundutako jarduketa gauzatzearekin loturiko gauzatzeko konpromiso irmoen, kontratuen, fakturen eta ordainagirien ororen jaulkitze datak 2025eko urtarrilaren 1etik (egun hori barne) aurrerakoak izatea".
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko irailaren 30ean.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
Iragarkiaren kodea: F2512985