204. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

380E/2025 EBAZPENA, irailaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa funtsezko bat egiteko aperitiboak eta produktu estrusionatuak egiten dituen instalazio batean, Ribaforadako udal-mugartean, lehengairako biltegi osagarria eta pelleten frijigailua jartzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Aperitivos y Extrusionados SA da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 13.2 taldean.

2025eko apirilaren 25ean, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, lehengairako 900 m²-ko biltegi osagarri bat, hondakinetarako 240 m²-ko kanpoko estalpe bat eta pelletak frijitzeko linea berri bat ezartzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, zerbitzu honek erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Baimentzea Ribaforadako udal-mugartean aperitiboak eta estrusionatuak egiten dituen instalazio baten aldaketa funtsezkoa, helburua duena lehengairako biltegi osagarri bat eta pelleten frijigailua jartzea. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Aperitivos y Extrusionados SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Aperitivos y Extrusionados SAri, Ribaforadako Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko irailaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2512799