1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko irailaren 17an hartua, Larragetako Kontzejuaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera "Larragueta / Larrageta" izanen da, eta ez "Larragueta", orain arte bezala.
2025eko ekainaren 27ko sarrera datarekin, Larragetako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari igorri zion kontzejuaren izen ofiziala aldatzeko tramitatu duen espediente administratiboa, izen ofiziala "Larragueta / Larrageta" izan dadin, hain zuzen.
Espediente horretan, kontzejuak 2024ko urriaren 8an hartutako hasierako erabakiaren ziurtagiria dago, bai eta Kontzejuak 2025eko ekainaren 19an hartutako erabakiarena ere. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen izen aldaketa, ez baitzen inolako alegaziorik aurkeztu hilabetez jendaurrean egon ondoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, bai eta kontzejuaren iragarki-taulan ere.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 37. artikuluan honako hau ezartzen da: "Kontzejuen izen aldaketak, udalentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie".
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen du udalerrien izenak aldatuko direla udalek horretarako erabakia hartzen dutenean, erabakia bera jendaurrean egon ondoren, gutxienez ere hilabetez. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta onetsitzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada". Era berean, 21.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, udalerrien izenetan euskara erabiltzeko, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari jarraitu behar zaio.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 3. artikuluko 3. apartatuan ezartzen duenez, Euskaltzaindia da hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek beharrezkotzat jotzen dituzten txosten guztiak eskatuko dizkiote erakunde horri. Testu arauemaile berak 8.2 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren txostena jaso ondoren, Foru Komunitateko toponimoak zehaztuko ditu, bai eta biztanleguneen izen ofizialak ere.
Horrekin guztiarekin, 2025eko ekainaren 30ean, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki entitateari jakinarazi zitzaion ebazteko epea eten egin zela, harik eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte.
2025eko irailaren 2an, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian sartu zen Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena, eta hartan honako hau ondorioztatzen da: "Euskarabideak irizten dio, Euskaltzaindiak eginiko txosten bat oinarri harturik, zuzena dela proposatu den ele biko "Larragueta / Larrageta" izena (2010eko apirilaren 23ko txostena eransten da da). Txosten horretan, Euskaltzaindiak adierazten du Larrageta euskal toponimoa dela, usadiozko erabilera duena, eta gaztelaniak Larragueta forman egokitu duela.
Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak izen aldaketa onestea. Izen aldaketari buruzko ebazpena Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskribatzeko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluari jarraikiz; inskripzio hori, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Entitateen Erregistroan egin behar da.
Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: "Udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea". Hortaz, onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratu beharko da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Larragetako Kontzejuak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera, izena "Larragueta / Larrageta" izanen da.
2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan ere inskribatzea.
3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.
4. Erabaki hau Larragetako Kontzejuari jakinaraztea.
5. Izena aldatzeko erabaki honen berri ematea honako hauei: Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Arauen Garapenerako eta Toki Araubiderako Atalari eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko Lur-ondasunen Erregistroaren Atalari eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuari.
Iruñean, 2025eko irailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2512844