204. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

167E/2025 EBAZPENA, irailaren 24koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, "Nafarroa Koloretan 2025" sariaren deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari, besteak beste, honako eskumen hauek esleitu zitzaizkion: Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea, etorkinen integrazioa, eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa. Orobat, Nafarroan kulturen arteko bizikidetza hobetzeaz eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeaz arduratu behar du.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eginkizunen artean dago sentsibilizazio ekintzak diseinatzea eta abian jartzea kulturen arteko bizikidetzari, gizarte aniztasunari eta migrazioei balioa emateko, bai eta kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko beste edozein ekintza ere.

Eskumen hori betetzeko, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak proposatu du "Nafarroa Koloretan 2025" sarirako deialdia egitea, gure Foru Komunitatean nabarmendu den jatorri migratzaileko pertsona baten figura jendaurrean aintzatesteko. Era berean, balioetsi nahi dira, udal esparruan, hezkuntzan edo ikus-entzunezkoen, irratien edo hedabide grafikoen arloko lanean, bizikidetza eta kultur aniztasuna Nafarroaren garapen-faktore gisa nabarmentzen dituzten ekimenak eta jarduketak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen bidez eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nafarroa Koloretan 2025" sariaren deialdia onestea, bai eta oinarri arautzaileak ere (ebazpen honen I. eranskina).

2. Zortzi mila (8000) euroko gastua baimentzea, 2025eko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Koloretan Saria" izeneko 350002 35200 2268 231900 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko irailaren 24an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Eva Gurria Marco.

I. ERANSKINA.–"NAFARROA KOLORETAN 2025" SARIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–"Nafarroa Koloretan 2025" sariaren xedea.

"Nafarroa Koloretan" sariaren xedea da jendaurrean aintzatestea jatorri migratzailea duen pertsona baten ibilbidea eta/edo jarduerak, pertsona horren figura erreferentzia positiboa izan baitaiteke Nafarroako Foru Komunitatean kulturen arteko bizikidetzari dagokionez eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan.

Era berean, balioetsi nahi dira bizikidetza eta kultur aniztasuna Nafarroaren garapen-faktore gisa nabarmentzen dituzten ekimenak eta jarduketak, hainbat eremutakoak: hezkuntza, ekonomia eta enpresa, kultura, osasuna, kirola, komunikabideak, udal politikak, berrikuntza, etab.

2.–Kategoriak.

–"Nafarroa Koloretan" saria Nafarroan bizi den atzerritar jatorriko pertsona migratzaile bati, 2025. urtean gure komunitateko populazio migratzailearen balioak eta elkarbizitzaren balioak ordezkatzen nabarmentzeagatik.

  • Irabazlea eta akzesita finalistentzat.

–Aipamen berezia pertsona, gizarte erakunde edo elkarte bati, 2025. urtean zehar Nafarroan kulturen arteko bizikidetzaren alde eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka izan duen parte-hartze aktiboagatik, lankidetzagatik eta egin duen ekarpenagatik nabarmentzeagatik.

–Aintzatespenak 2025. urtean honako esparru hauetako batean kulturen arteko bizikidetzaren alde eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka jardunbide egokien jarduketak, lanak edo ekimenak egin dituzten erakunde, elkarte edo pertsona fisiko edo juridikoei: hezkuntza, ekonomia eta enpresa, kultura, osasuna, kirola, komunikabideak, udal politikak, berrikuntza, etab.

3.–Sariaren zuzkidura.

Nafarroa Koloretan sariak 8.000 euroko diru-zuzkidura du, eta 2025eko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Koloretan Saria" izeneko 350002 35200 2268 231900 partidaren kargura ordainduko da. Partida hori honela banatuko da:

–"Nafarroa Koloretan" saria, Nafarroan bizi den atzerriko pertsona migratzaile baten ibilbidea aintzatesten duena:

  • Irabazlea: 3.000 euro eta oroigarria.
  • Bi finalistentzako akzesita: 1.500 euro eta oroigarria.

–Aipamen berezia pertsona, gizarte erakunde edo elkarte bati, 2025. urtean zehar Nafarroan kulturen arteko bizikidetzaren alde eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka izan duen parte-hartze aktiboagatik, lankidetzagatik eta egin duen ekarpenagatik nabarmentzeagatik. 2.000 euro eta oroigarria.

–Jardunbide egokien jarduketen aintzatespenak: plaka eta oroigarria.

4.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Hautagaitza aurkezten ahalko da, bai "Nafarroa Koloretan" sarirako bai aipamen berezirako.

Jardunbide egokien jarduketen aintzatespenak, aldiz, epaimahaiak proposatu eta baloratuko ditu.

4.2. Sarirako eta aipamen berezirako hautagaitzak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Hautagaitzak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez.

Posta ziurtatuaren bidez ere bidaltzen ahalko dira Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusira (Iturrondo poligonoa 1A, 1. solairua, 31600 Burlata-Nafarroa), gutun-azalean "Nafarroa Koloretan 2025 saria" adierazita. Bidalketa posta ziurtatuaren bidez egiten bada, bidaltzen den egun berean jakinaraziko da posta elektronikoz, helbide honetara: premionavarradecolores@navarra.es.

4.4. Hautagaitzak baztertu eginen dira baldin eta aurkezten badira saria norberarentzat eskatuz edo norberak ordezkatzen dituen erakundeentzat.

4.5. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

5.–Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Aurkezten diren hautagaitzekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Proposatutako pertsonaren edo entitatearen identifikazio datuak biltzen dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Hautagaitzari buruzko informazioa (gehienez ere DIN A4 neurriko 2 orrialde lerroartea bakuna bada, eta lerroartea bikoitza bada 4 orrialde) zeinetan bilduko baitira saria eskuratzeko egindako merezimenduak: ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa (hautagaitzak bildu behar duen informazioaren eredua III. eranskinean dago).

c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde egindako gutunak barne.

Deialdia egiten duen administrazioak ez die eskatuko hautagaiei jatorrizko dokumentuak aurkezteko, non eta, salbuespen gisa, kontrakoa ezartzen ez den. Salbuespen gisa, dokumentuaren garrantziak hala eskatzen duenean edo kopiaren kalitateak zalantzak sortzen dituenean, hautagaiek aurkeztutako kopiak erkatzea eskatzen ahalko da, arrazoiak emanez, eta, horretarako, jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko da. Aurkezten den dokumentazioa espedientean sartuko da.

6.–Saria emateko prozedura.

Sari honen banaketa kudeatzeko, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak epaimahai bat izendatuko du, non arituko baitira norberaren izenean arituko diren pertsona batzuk eta migrazioen esparruan jarduten duten erakundeen ordezkariak.

Epaimahaiak oinarri hauen arabera jasotako proposamenen egokitasuna aztertuko du eta bere balorazioa eginen du.

Epaimahaiaren aldetik puntuaziorik handiena lortzen duten hautagaiek jasoko dute saria, bai eta aipamenak eta aintzatespena ere.

Baloratzeko orduan, Nafarroako Foru Komunitatean kulturarteko bizikidetza eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka agerian uzten dituzten adierazleak hartuko dira kontuan, hala nola:

–Elkarrizketa horizontalak sustatzea.

–Kultura-aniztasuna positiboki baloratzea eta aberastasun gisa onartzea.

–Bateko eta besteko kultura-taldeen arteko interakzio positiboak garatzea.

–Informaziora, baliabideetara, zerbitzuetara eta bizitza komunitariora iristeko aukera-berdintasuna bermatzea.

–Migratzaileek beraiei eragiten dieten erabakietan benetan parte hartzen dutela sustatzea.

–Aurreiritzi eta praktika arrazista eta xenofoboen aurka borrokatzeko jarduerak garatzea.

–Migratzaileei eta/edo pertsona arrazializatuei tresnak ematea arrazismoaren eta xenofobiaren aurrean ahalduntzeko.

–Eta abar.

7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

7.1. Epaimahaiaren osaera:

–Epaimahaiburua: "Nafarroa Koloretan 2024" sariaren irabazlea, edo, bestela, iaz emandako sarien edo aipamenen ordezkari bat.

–Epaimahaiko kideak:

  • Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko kontseilaria.
  • Migrazio Politiketako zuzendari nagusia.
  • Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendaria.
  • Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.
  • Pertsona Migratzaileen Foroaren ordezkaria.
  • Haien lanbideagatik, gizarte lanagatik, aktibismoagatik eta abarrengatik aintzatetsiak diren jatorri migratzaileko bi pertsona.

–Idazkaria: Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko teknikaria.

7.2. Epaimahaiak aurkeztu diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek botoa eskuordetzen ahalko dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta bertan agertuko dira hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetan saria emateko jasotzen diren irizpideen araberakoak.

7.3. Epaimahaiaren erabakia sariak banatu aurretik jakinaraziko da.

7.4. Epaimahaiaren erabakiaren ondoren, "Nafarroa Koloretan 2025" saria Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da.

Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

7.5. Saria 2025eko abenduaren 18an emanen da, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunaren karietara xede horretarako antolatuko den jendaurreko ekitaldian.

7.6. Saria emateko ekitaldiaren ondotik, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, saritutako pertsona eta entitateei oinarri hauetako 3. oinarriaren arabera dagokien zenbatekoa ordain diezaietela agintzeko.

8.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA.–HAUTAGAITZA AURKEZTEKO INPRIMAKIA

Deskargatu eranskina (DOCX).

III. ERANSKINA.–HAUTAGAITZARI BURUZKO INFORMAZIOA

A) Proposatutako pertsonak edo entitateak bere jarduera eremuan izan duen ibilbidea, kulturen arteko bizikidetzaren aldeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren arloan.

B) Lana edo ibilbidea zein testuingurutan egin den, haren analisia.

C) Migratzaileen erabateko inklusioa eta bizikidetza lortzeko eta haientzako eskubide eta aukerak sustatzeko egindako ekintzak edo proiektuak.

D) Proposatutako pertsonaren zein erakundearen ekintzek, proiektuek edo ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.

E) Hautagaitzak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen lotura.

Aurkeztu nahi diren beste datu interesgarri batzuk.

Iragarkiaren kodea: F2512655