Iragarkia
203. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ATETZ
Deialdia, mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofizialaren plaza bat betetzeko, oposizio murriztuaren bidez
Atezko Udaleko alkateak, 2025eko irailaren 23ko 60 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:
1. Deialdi honen oinarriak onestea: deialdia, oposizio murriztuaren bidez betetzeko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofizialaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa.
2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eritzegoitin (Atetz), 2025eko irailaren 23an.–Alkatea, Mikel Jokin Martin Garijo.
Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Atezko Udalaren zerbitzuko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofizialaren plaza bat oposizio murriztuaren bidez betetzea. Plantilla organikoan identifikatua dago.
1.2. Plazak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak izanen ditu. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.
1.3. Lanaldia %75koa izanen da (27 ordu eta 30 minutu astean). Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du. Zerbitzuaren ezaugarriak direla eta, maiz gertatzen dira gorabeherak lanaldi arruntetik kanpo (kloragailuen alarmak, ihesak, matxurak, etab.), bai lanegunetako arratsalde eta gauetan, bai asteburu eta jaiegunetan. Horregatik, plaza betetzen duenak lanerako prest egon beharko du aldi zehatzetan.
1.4. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik, ikusten bada ezen administrazio unitateen antolaketak eta haien gain utzitako lanek eskatzen dutela lanpostu zehatz batzuk barne igoeraren bidez betetzea, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.
1.5. Beren mailako eta kategoriako eginkizunak beteko dituzte. Batzuk aipatzeko, eta zerrenda mugatua izan gabe, honako eginkizun hauek nabarmentzen dira:
–Uren arloa.
Oro har, uraren kontsumoa eta kalitatea zaintzea eta analizatzea ibarreko herrietan, egon daitezkeen ihesak, kutsadurak (kloro falta) eta abar detektatzeko eta arazoak konpontzeko. Hornidura-sarerako hobekuntzak proposatzea, bai kontrolari dagokionez, bai mantentze-lanei eta konponketei dagokienez.
–Sarearen egoera egiaztatzea. Egunero zaintzea hornidura-sistemaren funtzionamendua: ur-biltegiak, ponpatze sistemak, mailak eta kontsumoak...
–Kloroa analizatzea. Egunero kloroa egiaztatzea, eta hilean behin Osasunaren Atalera bidaltzea. Osasunaren Atalaren errekerimenduak konpontzea, kalitate-arazoei dagokienez.
–Ur-harguneen egoera aztertzea. Ur-harguneak egoera onean dauden begiratzea, eta behar diren lanak egitea, horiek ongi funtziona dezaten. Hobekuntzak proposatzea, hobeki funtziona dezaten. Ur-harguneen eta kutxatilen irisgarritasuna begiratzea, eta horretarako behar diren lanak antolatu eta egitea. Sasiz garbitzea, urtean behin gutxienez, ur-harguneetarako sarbideak. Aldian behin garbitzea gainerako ur-harguneak, baldin eta matxurarik ez badago.
–Ur-hodiak. Emariak kontrolatzea eta ihesak detektatzea eta konpontzea, sarearen eraginkortasuna hobetzeko. Mantentze prebentiboa (oxidazio- eta zahartze-arazoak dituzten hodiak aldatzea). Deskargak hustea, hodiak garbitzeko. Uraren ihesak eta gastuak kontrolatzeko giltzak jartzea. Ur-sareko obrak eta konponketak gainbegiratu eta kontrolatzea, planoak eguneratzea eta aldaketak arduradunari jakinaraztea.
–Urarekin lotutako informazioa eta zerbitzuak ematea herritarrei. Aurretiaz behar den lizentzia eskuratu dutenen kasuan, ur-sarerako lotura gainbegiratzea. Ur-horniduraren inguruko eskaerei erantzutea.
–Mantentze-lan orokorren arloa.
–Askotariko mantentze eta konponketa lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea. Igeltserotza, pintura azpiegituretan eta udal-lokaletan.
–Beste batzuk.
–Aipatutakoez gain, haren gain jartzen direnak, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat etorriz gero.
2.–Betebehar orokorrak.
Oposizio murriztu honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Atezko Udaleko langile finkoa izatea, administrazio-egoera edozein dela ere.
b) Deialdiaren xede den lanpostua baino beheragoko maila batean egotea.
c) Ez nago borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa, goi-mailako teknikariaren titulua (goi-mailako heziketa zikloa) edo horien baliokidetzat deklaratu den titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, eta frogatzea bost urteko antzinatasun aitortua Nafarroako administrazio publikoetan.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, eskuratu dutenei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean.
Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.
e) Eskatzen den euskararen jakite-maila egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea: B2 maila edo baliokidea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izanen da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.
f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.
g) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.
h) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
Prozedura honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko parte hartu aurretik parte-hartzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Atezko Udalaren erregistro orokorrean (Eritzegoitin), egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.atez.es/) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean, eta azken eguneko 14:00 arte. Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskabideak lotu behar zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari. Haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztearekin batera, hurrengo apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena (AIZa).
b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.
c) Eskatutako euskara maila frogatzen duen agiria (B2 edo baliokidea).
d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atezko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Atezko Udalaren erregistro orokorrean.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Atezko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du oposizioko lanpostua bete gabe uzteko. Ebazpen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratu beharko da.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Mikel Jokin Martin Garijo, Atezko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Paula Ibero Baraibar, Atezko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegui, Burlatako Udaleko obretako burua.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
2. epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
3. epaimahaikidea: Antonio Acebedo Magallanes, Zizur Nagusiko Udaleko obra eta lorategietako kapataza.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
4. epaimahaikidea: Alberto Fernández Ejea, Atezko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Alicia Cabañes Arana, San Martin Unxko eta Uxueko idazkaria.
Kalifikazio-epaimahaiko idazkari-lanak epaimahaiko kideren batek eginen ditu, eta behar diren aktak eginen ditu, epaimahaiko kide guztiek sina ditzaten.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, oposizioa, gutxienez ere, deialdia argitaratu eta bi hilabeteren buruan hasiko da.
6.2. Oposizioak bi proba izanen ditu. Egun berean edo banatan eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira.
6.2.1. Lehen proba: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Proba egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Epaimahaiak gehieneko iraupena zehaztuko du hura hasi baino lehen.
Ariketa honetan, gehienez, 40 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.2.2. Bigarren proba: praktikoa izanen da, eta proba bat edo batzuk eginen dira lanpostuaren edukiarekin eta eginkizunekin loturik.
Proba hau egiteko bi ordu izanen dira gehienez.
Proba honetan, gehienez, 60 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.2.3. Proben atalen bat euskaraz egiten ahalko da.
6.2.4. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bertzelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.
6.2.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberako ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du, puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren alde.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta segituz gero, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdinketak badirau, jendaurreko zozketa eginen da.
7.2. Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Atezko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, eta izangaien zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den izendapen proposamenaren ebazpena eman dezan eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
8.–Agiriak aurkeztea.
8.1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den izendapen proposamenean adierazitako epean, proposatutako izangaiak deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Atezko Udalaren Erregistro Orokorrean.
8.2. Epe horretan interesdunak agiri horiek aurkezten ez baditu, salbu eta behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Atezko Udaleko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izendatutako izangaiak lanpostuan hasi beharko du izendatzeko ebazpenean adierazitako epearen barnean. Izendapena jakinarazten denetik hasiko da zenbatzen epea. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Atezko Udaleko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofiziala izateko. Halakorik gertatzen bada, 8. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
10.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Atezko Udala.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.
Bestetik, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo haren egoitza elektronikoaren bitartez (www.agpd.es).
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
Oposizio murriztua, Berako Udalaren zerbitzuko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofizialaren plaza bat betetzeko, funtzionarioen araubidean.
I.–Hautapen-prozesua:
Deialdia egiten duen erakundea: Atezko Udala.
Lanpostuaren izena: mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako ofiziala.
II.–Datu pertsonalak:
Deiturak eta izena: ................................................................................................................................
Helbidea: ................................................................................................................................................
1. telefonoa: ................................................... 2. telefonoa: .............................................................
Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................
–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI/EZ
–Adierazitako helbidean jakinaraztea: BAI/EZ
Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.
III.–Aditzera ematen dut:
DESGAITASUNA:
Aitortua DUT / EZ DUT desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa; eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.
EUSKARAREN JAKITE-MAILA FROGATZEA:
–Titulua erantsi da.
Horiek horrela, ADITZERA EMATEN DUT:
1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.
2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.
4. Eskabide honi deialdiaren 3.3 oinarrian eskatzen diren agiriak erantsi dizkiot.
Horrenbestez,
ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.
Eguna eta sinadura
Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta tramiteetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa-, egiaztapen- eta jarraipen-prozedurak kontrolatzea eta hobetzea. Halaber, deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Ur-hornidura: ur-biltegiak eta sareak. Sarearen osagaiak. Balbula motak, kloragailuak eta neurtu eta kontrolatzeko elementuak. Mantentze-irizpideak. Atezko hornidura-sarea (ur-harguneak eta ur-biltegiak).
2. gaia.–Saneamendu sareak. Sare motak, materialak, eta kolektoreen eta erregistro-elementuen ezaugarriak. Mantentze-irizpideak.
3. gaia.–Iturgintza eta berokuntza eraikinetan. Tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza-zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta horien osagai bereziak. Energia aurrezpenaren kontzeptua eta ingurumen arloko kontzeptuak.
4. gaia.–Igeltserotza. Produktu, erreminta eta materialak ezagutzea eta erabiltzea. Obretako seinaleak. Eraikinen kontserbazioa, zuinketa, eta konponketa txikiak espazio publikoko elementuetan.
5. gaia.–Elektrizitatea. Elektrikariaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (polimetroa, bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa-koadroak eta haien osagaiak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak, kontaktoreak...). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Indar-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak –lur-konexiodunak zein gabekoak–, lanparak). Argi-zirkuituak: lanparak eta ekipoak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Presentzia-detektagailuak eta luxmetroak. Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Telefonia. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
6. gaia.–Mekanika / metal arotzeria. Mekanikako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, zulagailu eramangarria...). Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
7. gaia.–Zurgintza. Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea; pertsianak eta beirak). Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
8. gaia.–Pintura eta estaldurak. Pinturako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pintura mantentzeko oinarrizko lanak. Pintura-produktuak aplikatzeko oinarrizko ezagutzak. Segurtasun arauak. Pintura lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
9. gaia.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak.
10. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.
11. gaia.–Informatikari buruzko oinarrizko ezagutzak. Hardwarea, softwarea, memoriak, disko gogorra, atakak, sistema eragilea, Internet eta posta elektronikoa, segurtasun informatikoa.
12. gaia.–Planoen interpretazioa.
Iragarkiaren kodea: L2512555
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
