Iragarkia
202. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
391E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren esku uzten den kudeaketa-esleipena –Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoari buruzko txostenak egitekoa, hala eskatzen badute– formalizatzen duen hitzarmenaren testua onestekoa.
2024-2025 aldirako Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planaren eguneratzeak neurriak eta jarduketak biltzen ditu, dauden proiektuen hasierako faseetarako nahiz iraunaldi osorako. Planaren 3. jarduketa-ildoaren helburuak dira ekintzailetza autonomoa sustatzea eta negozio autonomoen transmisioa (belaunaldi-erreleboa) babesteko ekintzak gauzatzea.
Jarduketa horren esparruan, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren ezagutza, esperientzia eta gaitasuna baliatzea.
Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute gaitasun osoa duena, eta Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu.
17/2015 Foru Legeak, halaber, 5. artikuluan eginkizun publiko-administratiboak esleitzen dizkio, balio handia emanez organoari, gure erkidegoko ekonomiaren eta enpresa sarearen garapenean laguntzeko elkarlanerako tresna gisa; eginkizun horietako bat da, hain zuzen ere, Nafarroako administrazio publikoekin lankidetzan aritzea, enpresak sortzeko laguntza eta aholkularitza emateko organo gisa.
Orobat, 7. artikuluaren bidez, Administrazioari ahalmena ematen zaio Nafarroako Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, eraginkortasun arrazoiengatik edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez badu, betiere aurretik Parlamentuari horren berri emanda. Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek jasoko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, bidezko bada, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak ez du trebakuntza egokia duen langile nahikorik, eta, kontuan harturik Nafarroako Ganberaren izaera juridikoa eta esleiturik dituen eginkizun publiko-administratiboak, eraginkortasunean eta baliabideen optimizazioan oinarritutako arrazoiak direla eta, komeni da Nafarroako Ganberari jarduera honen kudeaketa esleitzea, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren babesean:
–Nafarroako Ganberak aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea Lan Zerbitzuko Lan Autonomoaren Atalari honako honetan: Negozioen Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoa egitea, haiek hala eskatzen badute.
Jarduera hori 2026tik 2028ra garatuko da, eta guztira 43.873,26 euroko gastua izanen du.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren esku utziko den kudeaketa-esleipena formalizatzeko hitzarmenaren testua. Kudeaketa-esleipenaren xedea da Negozioen Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoa egiteko aholkularitza eta laguntza teknikorako jarduera garatzea, balorazio hori 2026., 2027. eta 2028. urteetan eskatzen dutenentzat. Ebazpen honen eranskinean jaso da hitzarmenaren testua.
2. 43.873,26 euroko zenbatekoa 2028ko abenduaren 31ra arte erreserbatzea, 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 970000 97000 2276 422202 "Ekonomia sozialerako eta autonomoentzako jarduketak" partidaren kargura, bai eta 2027ko eta 2028ko ekitaldietako gastu aurrekontuetan gaitzen diren eta izen bera edo antzekoa duten partiden kargura ere, betiere aurrekontu horietan kreditu nahikoa eta egokia baldin badago. Honela banatuko da zenbateko hori:
2026. urtea | 14.624,42 euro |
2027. urtea | 14.624,42 euro |
2028. urtea | 14.624,42 euro |
3. 43.873,26 euroko gastua baimendu eta xedatzea, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren alde (IFKa: Q3173001C), hitzarmenak eragindako konpromisoei erantzuteko, 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Ekonomia sozialerako eta autonomoentzako jarduketak" izeneko 970000 97000 2276 422202 partidaren kargura, bai eta 2027ko eta 2028ko ekitaldietako gastu aurrekontuetan gaitzen diren eta izen bera edo antzekoa duten partiden kargura ere, betiere aurrekontu horietan kreditu nahikoa eta egokia baldin badago. Honela banatuko da zenbateko hori:
2026. urtea | 14.624,42 euro |
2027. urtea | 14.624,42 euro |
2028. urtea | 14.624,42 euro |
4. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentura (Foru Erakundeekiko Prozeduren Kudeaketarako Atala), Nafarroako Parlamentuari igor diezaion, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Ebazpen hau Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari jakinaraztea.
6. Ebazpen hau eta esleipenaren hitzarmena, behin bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
ERANSKINA.–HITZARMENA, FORMALIZATZEN DUENA NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERA OFIZIALAREN ESKU UZTEN DEN KUDEAKETA-ESLEIPENA, ERRELEBO POLTSAN ESKUALDATZEKO INSKRIBATUTA DAUDEN NEGOZIOEN BALORAZIO EKONOMIKORAKO LAGUNTZA TEKNIKOA ETA AHOLKULARITZA EMAN DITZAN
BILDU DIRA
Alde batetik, Iñaki Mendióroz Casallo jauna, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia.
Eta bestetik, Javier Taberna Jiménez jauna, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko lehendakaria.
Bildutakoek, nork bere ordezkaritza erabiliz, eta adostasunez:
AZALTZEN DUTE
Lehena.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 16ko 234E/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari kudeaketa-esleipena egitea onetsi zen, Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoari buruzko txostenak egin ditzan, hala eskatzen dutenentzat. Esleipena 2025. urtearen amaierara arte egonen da indarrean, baina gaur egun Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusi deiturikoan oraindik ere badago premia hori.
Bigarrena.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak, lan autonomoa sustatzeko dituen eskumenak baliatuz, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren (aurrerantzean, Nafarroako Ganbera) ezagutza, esperientzia eta jarduteko gaitasuna baliatzen jarraitu behar du, 2024-2025 aldirako Lan Autonomoaren II. Planaren eguneraketan eta 2028ra arteko hurrengo urteetarako planean jasotako ekintzak garatzeko. Zehazki, beharrezkoa da honako honi buruzko aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko: Negozioen Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoa, hala eskatzen badute.
Hirugarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Ganbera zuzenbide publikoko korporazio bat da eta nortasun juridikoa du, bai eta bere helburuak betetzeko jardute gaitasun osoa ere; administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organoaren izaera du. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu.
Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 5. artikuluak eginkizun publiko-administratiboak esleitzen dizkio, balio handia emanez organoari, gure erkidegoko ekonomiaren eta enpresa-sarearen garapenean laguntzeko elkarlanerako tresna gisa. Zehazki, esleituta dituen eginkizun publiko administratiboen artean, Nafarroako Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko eginkizuna du, enpresak sortzen laguntzeko eta horren inguruko aholkularitza emateko organo gisa.
Laugarrena.–17/2015 Foru Legearen 7. artikuluak ahalmena ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, Nafarroako Parlamentuari horren berri eman ondoren, bere eskumeneko lan material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk Ganberari esleitzeko, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokirik ez edukitzeagatik.
Legean ezarrita dagoenez, kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez formalizatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek jasoko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, bidezko bada, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.
Bosgarrena.– Dagokigun kasuan, eraginkortasunarekin eta Administrazioak baliabide tekniko egokirik ez izatearekin loturiko arrazoiak daude, eta Nafarroako Ganberaren esku utzitako esleipena ezartzen da, dituen funtzio publiko-administratiboak direla-eta, tresna eraginkorra baita Nafarroako Foru Komunitatean lan autonomoa sustatzeko baliabideak optimizatzeko.
Aurreko guztiagatik, esleipen berri bat formalizatu behar da 2026., 2027. eta 2028. urteetarako, zeregin honetarako:
–Nafarroako Merkataritza Ganberak aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea Lan Zerbitzuko Lan Autonomoaren Atalari honako honetarako: Negozioen Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoa egitea, hala eskatzen badute.
KLAUSULAK
Lehena.–Xedea.
Hitzarmen honen xedea da formalizatzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak Nafarroako Ganberaren esku uzten duen kudeaketa-esleipena, zeinaren helburua baita 2026an, 2027an eta 2028an egitea jarduera hau, 2024-2025 aldirako Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planaren eguneratzeak eta 2026tik 2028ra bitarteko etorkizuneko planak jasotzen dutena:
–Aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea Negozioen Errelebo Poltsan eskualdatzeko inskribatuta dauden negozioen balorazio ekonomikoa egiteko, hala eskatzen dutenentzat.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak belaunaldi eta enpresa erreleboa sustatzeko ekintza bat sartu du Lan Autonomoaren II. Planaren 4. ildo estrategikoaren barruan. Ekintza horren helburua honako hau da: bideragarritasun ekonomiko eta soziala duten baina ondorengotzarik ez dutelako desagertzeko arriskuan dauden negozio eta enpresak mantentzea ahalbidetzeko neurriak eta ekintzak sustatzea. Beraz, Nafarroako garapen ekonomikoa zuzenean babesteaz gain, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa mantentzea eta sortzea sustatzen duen ekintza da. Etorkizunean lan autonomoaren hirugarren planean ere neurri horri eustea aurreikusten da.
Esleipenaz baliatuta, Nafarroako Ganberak aipatutako jarduera garatuko du, hirugarren klausulan baimendu eta aipatzen den gehieneko gastuaren barruan jarduketa hauek eginez:
–Elkarrizketak beren negozioen transmisioan interesa duten pertsonekin, baldin eta Negozioen Errelebo Poltsan inskribatuta badaude, helbide honetan: https://www.navarraemprende.com/servicios/bolsa-de-negocios/.
–Eskatzen duten negozioen instalazioetara bisita egitea bertatik bertara.
–Negozioei buruzko datuak berrikusi eta aztertzea.
–Baloraziorako txosten ekonomikoa egitea. Txosten horretan, eskualdaketaren prezioa adieraziko da, baina ez da inola ere loteslea izanen interesdunarentzat.
Interesdunek Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko Lan Autonomoaren Atalera zuzendu beharko dute eskaera, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Atal horrek espedientea irekiko du, eta interesduna Nafarroako Ganberarekin harremanetan jartzeko beharrezko kudeaketak eginen ditu; une horretatik aurrera Nafarroako Ganberak aurreko paragrafoan jasotako jarduketak hasiko ditu. Nafarroako Ganberak berak helaraziko dizkio interesdunari zerbitzu horren ondoriozko dokumentazioa eta informazioa, berariaz adierazita balorazio zerbitzu hori Nafarroako Gobernuak finantzatu duela; Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriko du bertan. Era berean, Merkataritza Ganberak Lan Autonomoaren Atalari bidaliko dio, erregistra dezan eta espedientea amai dezan, hitzarmen honen laugarren klausulan ezarritako dokumentazioaz gain, esleitutako jarduera gauzatzeari buruzko memoria bat ere, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
–Aholkua jaso duten pertsonen zerrenda eta Nafarroako Ganberak emandako zerbitzuari dagozkion zenbatekoak.
–Zerbitzua jaso izanaren egiaztagiria, zerbitzuaren hartzaileek sinatua.
Esleipen honek ez du barne hartzen Nafarroako Ganberak azpikontratazioak egiteko aukera.
Bigarrena.–Nafarroako Ganberaren betebeharrak.
Nafarroako Ganberak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Esleitutako jarduketak gauzatzea, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak emandako jarraibideen arabera.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin koordinatuta aritzea bi instituzioek batera antolatzen dituzten ekintzak adostasunez diseinatu eta gauzatzeko.
c) Esleitutako lanak garatzeko eta haien zabalkunderako sortzen diren agiri guztietan jasotzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekintza bat dela, Nafarroako Ganberarekin elkarlanean gauzatu dena, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Ganberaren logotipoak jartzea.
d) Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Ganberak batera antolatutako jarduketa gauzatzean sortzen diren agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Ganberaren logotipoak jartzea.
e) Honakoak bermatzeko behar besteko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea: esleipenaren xedeko zerbitzuaren kudeaketa pertsonala eta materiala eraginkorra izatea, lanak aurrekontuei lotzea eta gauzatzeko epeak betetzea.
f) 17/2015 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritako guztia betetzea, eta, zehazki, esleipen honi dagokionez, jakitera ematea hemen aurreikusitako baliabide ekonomikoak jaso dituela.
g) Jasotako informazio guztia konfidentzialtasun eta diskrezioz tratatzea. Nafarroako Ganberak errespetatu egin beharko du hitzarmen hau gauzatzean eskuratutako informazioaren izaera konfidentziala, baldin eta informazio horri izaera hori eman bazaio edo, berez duen izaera dela-eta, halakotzat tratatu behar bada, eta isilpean gorde beharko ditu haren xedearekin zerikusia duten datu edo aurrekariak, publikoak edo nabarmenak ez direnak, haren ondorioz ezagutzen dituenak.
Nafarroako Ganberak ez du beretzat erabiltzen ahalko –ez eta beste batzuei eman ere– hitzartutako jarduketen daturik, ez eta horien edukia osorik edo partzialki argitaratu ere, horien titularraren berariazko eta idatzizko baimenik gabe.
Nafarroako Ganberak, era berean, konpromisoa hartzen du lana egiteko ematen zaion dokumentazioa leialtasunez eta arretaz zaintzeko, eta, horrekin batera, betebeharra du eragozteko dokumentazio eta informazio hori edota bere lanaren ondorioz eskuratzen duena beste pertsona batzuek eskura dezaten.
Hitzarmen honen formalizazioaren ondorioz, Nafarroako Ganbera behartuta dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean– eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzera.
h) Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planaren ekintza guztien zabalkunde aktiboa egitea.
Hirugarrena.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak honetarako konpromisoa hartzen du:
a) Behar den informazio guztia Nafarroako Ganberaren esku jartzea, eta behar diren kudeaketak egitea, esleitutako jarduerak errazago gauzatu daitezen.
b) Nafarroako Ganberarekin koordinatzea esleipen honen ekintzak modu egokian garatzeko.
c) Nafarroako Ganberari urtean 14.624,42 euro ordaintzea, gehienez, 2026., 2027. eta 2028. urteetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, lehen klausulan zerrendatutako jarduketak egiteagatik. Ordainketa urte bakoitzeko abenduan eginen da, 4. klausulan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu ondoren, honela banatuta:
–Gastu aldakorrak, unitateko kostua:
- Pertsona fisikoek eratutako negozioak 643,50 euro.
- Merkataritza-sozietateek eratutako negozioak: 900.00 euro.
- Bidaia-gastuak: 29,00 euro.
–Gastu finkoak:
- Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planaren ekintzen zabalkundea: 2.359,50 euro.
Hitzarmen hau gauzatzeko, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak 43.873,26 euroko gehieneko aurrekontua bideratzen du, 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Ekonomia sozialerako eta autonomoentzako jarduketak" izeneko 970000 97000 2276 422202 partidaren kargura, bai eta 2027ko eta 2028ko ekitaldietako gastu aurrekontuetan gaitzen diren eta izen bera edo antzekoa duten partiden kargura ere, betiere aurrekontu horietan kreditu nahikoa eta egokia baldin badago, zerbitzua emateagatiko kontzeptuan.
Laugarrena.–Egindako ekintzen justifikazioa eta ordaintzeko modua.
Aurreko atalean zehaztutako diru kopuruak erabiliko dira Nafarroako Ganberak, esleitu zaizkion lanak egiteko, izaten dituen gastuak ordaintzeko.
Nafarroako Ganberari ordaindu eginen zaio hitzarmen honen lehen klausulan aipatzen den urtean amaitutako jarduketa guztiei buruzko gauzatze memoria bat aurkezten duenean, egin dituen gastuen justifikazio-agiriekin batera, zehazki, honako hauekin:
a) Gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, Nafarroako Ganberaren arduradun ekonomikoak eginak, non agertuko baitira egotzitako gastuaren datuak eta egindako ordainketak, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak konprometitutako gehieneko mugaraino.
b) Pertsonal gastuak justifikatzeko, honako hauek aurkeztuko dira: langileen nominak, denbora tarte bereko Gizarte Segurantzako kotizazioaren RLC (Kotizazioen Likidazio Zerrenda) eta RNT (Langileen Zerrenda Nominala) agiriak eta horien ondoriozko kuoten ordainagiriak.
Zehaztasunez justifikatuko dira, halaber, kudeaketa-esleipeneko zereginetan emandako orduak.
c) Gainerako zuzeneko gastuak justifikatzeko, baldin badaude, gastu horien jatorrizko fakturak eta ordaindu izanaren banku ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, baita gastuak hainbanatzeko erabilitako metodo zuzen eta justua azaltzeko memoria ere, bidezko bada.
d) Zeharkako gastuen ehunekoa pertsonal gastuen %10 izanen da.
e) Gastuen artean ezin da zeharkako zergarik sartu, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoak badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
Programatutako ekintzak gauzatzeari buruz aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren ordainduko da esleipena.
Egindako jardueren justifikazioa aurkezteko azken eguna hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzeko abenduaren 1a izanen da. Justifikazio horrek, adierazitako dokumentazioaz gain, hitzarmen honen lehenengo klausulan aipatzen den txostena jasoko du.
Bosgarrena.–Auziak ebaztea.
Alderdien artean sortzen diren eztabaida edo auziak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak ebatziko ditu, eta, bidezko bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzio ordenari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legeari jarraikiz.
Seigarrena.–Iraupena.
Esleipen hau sinatzen denetik 2028ko abenduaren 31ra egonen da indarrean.
Iragarkiaren kodea: F2512723
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
