Iragarkia
202. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
63/2025 FORU AGINDUA, irailaren 24koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2025eko irailaren 30ean eta urriaren 2an, 8an, 10ean, 13an eta 15ean, 06:00etatik 08:30era arte, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deituta eginen den greba dela eta.
2025eko irailaren 19an, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren Erregistroan sartu zen Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren kontzesioa esleitua daukan Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak bidalitako idazki bat, zeinaren bidez jakinarazten baita greba-deialdia egin duela garraio zerbitzu horretan egun-ordu hauetarako: 2025eko irailaren 30ean eta urriaren 2an, 8an, 10ean, 13an eta 15ean, 06:00etatik 08:30era arte.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, aisialdiaren erabilera egokia, kultura eskura izatea, etab.
Garraio publikoari funtsezko izaera ematea besteak beste Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.
Hortaz, grebarako deia dela eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.
2025eko irailaren 23an Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartu zen Iruñerriko Mankomunitateko buruak irailaren 22an emandako 625/2025 Ebazpenaren jakinarazpena. Horren bidez, Mankomunitateak, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako hiriko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuaren titularra den aldetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatzen dio ezar ditzala garraio zerbitzu horretarako gutxieneko zerbitzuak, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deitutako greba dela eta.
Aurreko aldietan, eskualdeko hiri garraioaren kontzesioa duen enpresako Enpresa Batzordeak grebarako deiak egin dituenean, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira, eta, ebazpen horretan, kontuan hartzeko modukotzat hartzen dira:
–2004ko urtarrilean, urtarrilaren 12ko 10/2004 Foru Dekretuaren bidez %57ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren.
–2004ko martxoan, martxoaren 22ko 145/2004 Foru Dekretuaren bidez %57ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren abuztuaren 12ko 819/2001 Epaiak zuzenbidearen araberakoak deklaratu zituen.
–2007. urtean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 26ko 88/2007 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren puntako orduetarako eta %40koak haraneko orduetarako, uztailaren 3rako deitutako grebari begira.
–2010. urtean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 29ko 47/2010 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren puntako orduetarako eta %40koak haraneko orduetarako, uztailaren 21erako eta 28rako deitutako greba partzialari begira.
–2013. urtean, Sustapeneko kontseilariaren azaroaren 12ko 139/2013 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren egun eta ordu hauetarako deitutako greba partzialari begira: azaroaren 19an eta 21ean 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 26an eta 28an 12:00etatik 16:00etara, eta azaroaren 18an, 20an, 25ean eta 27an, mantentze eta garbiketa lanen zerbitzuan, 23:00etatik 01:00era.
–2013. urtean, Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 2ko 145/2013 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren puntako orduetarako eta %40koak haraneko orduetarako, Transports Ciutat Comtal (TCC) SLko Enpresa Batzordeak 2013ko azaroaren 26rako deitutako grebari begira.
–2016. urtean, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren abenduaren 13ko 254/2016 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren, Transports Ciutat Comtal (TCC) SLren Enpresa Batzordeak 2016ko abenduaren 16rako (9:00etatik 10:00etara) deitutako grebari begira.
–2019. urtean, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 18ko 22/2019 Foru Aginduaren bidez, %40ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren eguneko zerbitzurako, bai eta gaueko linea bakoitzaren lehenengo bidaia egitea ere greba orduetan, Transports Ciutat Comtal (TCC) SLko Enpresa Batzordeak 2019ko martxoaren 23rako (19:30etik 23:30era) deitutako grebari begira.
–2021. urtean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 2ko 46/2021 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren eguneko zerbitzurako, Transports Ciutat Comtal (TCC) SAko Enpresa Batzordeak 2021eko uztailaren 12rako deitutako grebaren ordu tarterako (12:00etatik 16:00etara).
–2025. urtean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 13ko 12/2025 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren lanegunetako eguneko zerbitzurako eta %40koak jaiegunetako eguneko zerbitzurako.
–2025. urtean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 2ko 130/2025 Foru Aginduaren bidez, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren Transports Ciutat Comtal (TCC) SAko Enpresa Batzordeak 2025eko apirilaren 2, 4, 9, 11, 14, 16, 28 eta 30erako deitutako grebaren ordu tarterako (12:00etatik 16:00etara) eguneko zerbitzurako.
–2025. urtean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren 2025eko apirilaren 30eko 36/2025 Foru Aginduaren bidez, Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren, Transports Ciutat Comtal (TCC) SAko Enpresa Batzordeak 2025eko maiatzaren 6rako, 8rako, 14rako eta 16rako (6:00etatik 8:30era arte) eta 2025eko maiatzaren 24ko eta 31ko (biak ala biak larunbatak) arratsaldeko txandetarako (13:50etik 15:15era eta 23:00etatik 23:30era) deitutako grebari begira. Lanegunetarako, eguneko zerbitzuan, 6:00etatik 8:30era arte, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren, laneguneko ohiko zerbitzuekin alderatuta, eta %40koak larunbat arratsaldeetarako.
–2025. urtean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren 2025eko ekainaren 27ko 50/2025 Foru Aginduaren bidez, Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren, Transports Ciutat Comtal (TCC) SAko Enpresa Batzordeak 2025eko uztailaren 1eko 00:00etatik aurrera eta mugarik gabe deitutako grebari begira. Eguneko zerbitzu arruntean, lanegunetan, %60ko gutxieneko zerbitzua ezarri zen puntako orduetarako, eta %40koa haraneko orduetarako, eta larunbatetan edo jai bezperetan, berriz, lanegunetako zerbitzuaren %40koa.
–2025. urtean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren irailaren 5eko 60/2025 Foru Aginduaren bidez, Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren 2025eko irailaren 9an, 11n, 15ean, 17an, 19an, 22an, 24an eta 26an, 06:00etatik 08:30era arte, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deituta egindako grebari begira. Lanegunetako zerbitzu arruntaren %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren.
Ebazpen horrek, halaber, Iruñerriko hiri garraioaren ezaugarri bereziak hartzen ditu kontuan, zeinak Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren Arloko zuzendariak berariaz egindako txostenean zehazten baitira eta aipatu espedientean jasota baitaude. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira, bai eta greba zehatz-mehatz zer egunetarako deitzen den ere.
Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira, eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.
Deitutako greba horrek Iruñerriko hiriko garraio zerbitzuan bakarrik izanen du eragina; hortaz, garraio eskaera ez da gutxituko; izan ere, garraio publikoan joan-etorriak egiteko arrazoiek beren horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.
Iruñerrian ez dago hiri garraio kolektiborako bestelako alternatibarik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan. Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiri garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez delako inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (151.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).
Deialdiaren arabera, greba 2025eko irailaren 30ean eta urriaren 2an, 8an, 10ean, 13an eta 15ean eginen da, 06:00etatik 8: 30era arte. Beraz, goizeko puntako orduari eragiten dio, eskola-egunak eta lanegunak baitira.
Iragarritako grebak, batez ere, bestelako garraiobiderik (norberaren autoa edo bidaide gisa joateko aukera) ez duten erabiltzaileek egunero garraio publikoan egiten dituzten 83.000 bidaiei eraginen die, eta, ondorioz, pertsona horiek zuzenen jasanen dituzte grebaren ondorioak.
Era berean, kontuan hartu behar da erabiltzaileei argibide egokiak eman behar zaizkiela, edo, bestela esanda, erabakitzen den zerbitzu maila erabat identifikatua egon behar dela.
Hiri garraioaren erabilera, neurri handi batean, garraio horri buruz ematen den informazioaren menpe dago. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da eskuragarri dagoen informazioaren arabera.
Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazteari begira. Izan ere, zerbitzu gutxi direnez, erabiltzailea "ezin daiteke geralekuan gelditu autobusaren zain" (maiztasun handiko zerbitzuetan horixe da ohiko jokabidea), eta ordu zehatz eta ezagunetan joan behar du geralekura. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea guztiak arrazoizko denbora-tarteetan iritsiko direla eta horren gaineko informazioa ulergarria izanen dela.
Era berean, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren irailaren 22ko 625/2025 Ebazpenarekin batera doan Garraio Arloko zuzendariaren txostenean, lanegun arrunt baterako zerbitzuaren eskaintzaren eta eskariaren ezaugarri nagusiak jasotzen dira.
Hala, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:
–Eguneko sareak 24 linea ditu: 19 linea erradial edo bitan erradial, 2 linea perimetral eta 3 linea zirkular. Hala ere, linea horietako batek, L24 lineak, igande goizetan bakarrik jarduten du, Landabengo azoka txikiari zerbitzua emateko.
Lanegun batean, 23 lineak osatzen dute eskaintza (19 linea erradial edo bitan erradial, 2 linea perimetral eta 2 linea zirkular), eta honela sailka daiteke:
- Maiztasun handikoa: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 9 linea (3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).
- Maiztasun ertain-handikoa: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (2, 5, 6, 11, 15, 17, 19, 20 eta 25).
- Maiztasun txikikoa: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (1, 10, 14, 22 eta 23).
Lanegun batean autobus kopuru hauek daude lanean, gutxi gorabehera:
- Autobus finkoak, eguneko zerbitzuan zehar dabiltzanak: 121.
- Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 13.
- Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzukoak ordezteko: 2.
- Guztira: 136.
Grebak ez dio lanegunetako gaueko zerbitzuari eragiten.
Eskola-egun eta lanegun bateko eskariaren ezaugarriei dagokienez, honako hau nabarmentzen da:
–151.000 bidaiari daude batez beste.
–Eskola eta lanegun baterako garraio eskariak puntako hiru tarte ditu:
- Goizeko puntako orduak: 6:00etatik 9:30era; 12.400 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,7 inguru biltzen du.
- Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 15.700 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,9 inguru biltzen du.
- Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 10.300 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %21,8 inguru biltzen du.
- Gutxien erabiltzen diren orduei eta haraneko orduei dagokienez, goizeko haraneko orduan (09:30-13:00) arratsaldekoan (15:30-17:00) baino bidaiari gutxiago daude.
–Hauek dira batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan eskualdeko hiri garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik atereak eta ehunekotan emanak:
LANA | IKASKETAK | KUDEAKETAK EGITEA | EROSKETAK | MEDIKUA, | BESTELAKOAK | GUZTIRA |
%38,3 | %20,4 | %13,2 | %6,6 | %6,3 | %15,1 | %100,00 |
Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoi horiek garraio publikoan egindako joan-etorri guztien bi heren biltzen dute.
Aztertuz gero nola banatzen diren bidaiatzeko arrazoiak egunean zehar, ikusiko dugu lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak batez ere goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen direla, eta arrazoi medikoengatik, ospitalera joateko eta antzekoetarako egiten direnak egunean zehar banatzen direla.
–Lanegunetako bidaiarien %55ek ez du beste garraiobiderik, inkesta horren emaitzen arabera.
–Grebak ez dio gaueko sareari eragiten.
Azaldutako datu horiek kontuan hartuta, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpenak, bat etorriz Garraio Arloko zuzendariaren txostenean ezarritakoarekin, gutxieneko zerbitzu hauek proposatzen ditu 06:00etatik 08:30era doan ordu tarterako:
Lanegunetako puntako orduetarako, bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, kontsulta medikoak, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, aldi horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje jakin baten gisa definitua, hori adinakoa izan beharko litzateke gutxi gorabehera.
Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 77 autobus finko eta erreserbarako autobus bat, bai eta errefortzuko 4 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 121 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 13 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da gutxi gorabehera.
Zerbitzu hori jaiegunetakoa bezalakoa da 14 lineatan (3, 4, 5, 6, 9, 10, 11, 14, 15, 16, 19, 20, 21, 22 eta 25 lineak), linea batean jaiegunetakoa baino txikiagoa da (23 linea) eta 7 lineatan handiagoa da (1, 2, 7, 8, 12, 17 eta 18 lineak).
Beraz, 2025eko irailaren 30erako eta urriaren 2, 8, 10, 13 eta 15erako, 06:00etatik 08:30era arte, planteatutako greba deialdia dela eta, %60ko gutxieneko zerbitzuak proposatzen dira puntako ordu tarte horretarako, lanegunetako ohiko zerbitzuarekin alderatuta. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, foru agindu honen eranskinean zehaztutako zerbitzuaren arabera.
Horrenbestez, kontuan harturik bai Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, bai martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua eta 58.1.b) artikulua, bat etorriz Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuak egindako proposamenarekin eta erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
AGINTZEN DUT:
1. Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako Enpresa Batzordeak deituta, 2025eko irailaren 30ean eta urriaren 2an, 8an, 10ean, 13an eta 15ean, 06:00etatik 08:30era arte, eginen den grebak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrean:
–Lanegun bateko ohiko zerbitzuaren %60, gutxi gorabehera. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.
2. Gutxieneko zerbitzu horiek guztiak egiten direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.
5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina jakinaraztea Transports Ciutat Comtal enpresako (TCC) Enpresa Batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresari, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, foru agindu honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko irailaren 24an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
ERANSKINA.–GUTXIENEKO ZERBITZUAK 2025EKO IRAILAREN 30EAN, URRIAREN 2AN, 8AN, 10EAN, 13AN ETA 15EAN 6:00ETATIK 08:30ERA ARTE EGINEN DEN GREBARAKO, LANEGUNETAKO ZERBITZUAREN %60
Linea | LANEGUNETAKO OHIKO ZERBITZUA | PUNTAKO ORDUETAKO GUTXIENEKO | ||||
(06:00etatik 8:30era) | ||||||
Ibilgailu kop. | Pasatzeko | Bidaia denbora (min.) | Ibilgailu kop. | Pasatzeko | Bidaia denbora (min.) | |
L-1 | 2 | 30 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-2 | 4 | 15 | 60 | 3 | 20 | 60 |
L-3 | 4 | 11 | 44 | 3 | 15 | 45 |
L-4 | 18 | 6 | 108 | 9 | 12 | 108 |
L-5 | 4 | 15 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-6 | 4 | 15 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-7 | 11 | 10 | 110 | 8 | 15 | 120 |
L-8 | 5 | 12 | 60 | 4 | 15 | 60 |
L-9 | 6 | 12 | 72 | 3 | 24 | 72 |
L-10 | 3 | 30 | 90 | 2 | 45 | 90 |
L-11 | 5 | 15 | 75 | 3 | 30 | 90 |
L-12 | 7 | 10 | 70 | 4 | 20 | 80 |
L-14 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-15 | 3 | 20 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-16 | 10 | 12 | 120 | 6 | 20 | 120 |
L-17 | 5 | 15 | 75 | 4 | 20 | 80 |
L-18 | 10 | 10 | 100 | 7 | 15 | 105 |
L-19 | 7 | 15 | 105 | 4 | 30 | 120 |
L-20 | 3 | 20 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-21 | 4 | 11 | 44 | 3 | 15 | 45 |
L-22 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-23 | 2 | 60 | 120 | 1 | 120 | 120 |
L-25 | 2 | 20 | 40 | 1 | 40 | 40 |
Erreserbak | 2 | 1 | ||||
Errefortzuak | 13 | 4 | ||||
GUZTIRA | 136 | 82 | ||||
Iragarkiaren kodea: F2512713
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
