1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
139C/2025 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetan aldizkako plazak betetzen dituzten langile lan-kontratudunen lan-baldintza jakin batzuei buruzko ituna.
Aztertu da suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetan aldizkako plazak betetzen dituzten langile lan-kontratudunen lan-baldintza jakin batzuei buruzko ituna (kode zenbakia: 31100302122025). Itun hori 2025eko irailaren 17an sartu zen erregistro honetan, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkaritzak eta ordezkaritza sindikalak sinatu zuten 2025eko martxoaren 21ean.
Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan, bai eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Agintzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadila honako itun edo akordio hau: suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetan aldizkako plazak betetzen dituzten langile lan-kontratudunen lan-baldintza jakin batzuei buruzko ituna (kode zenbakia: 31100302122025).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko irailaren 23an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
Egonkortze-prozesuak amaitu ondoren, egiaztatu da langile lan-kontratudun finkoen kolektibo bat dagoela, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainen ondoriozko premiei erantzuteko aldizkako zerbitzuak ematen dituztenek osatua, eta beharrezkotzat jo da arlo horretan 2012an hartutako akordioa eguneratzea (2012ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa). Akordioaren xedea da arautzea suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetako langileei deitzeko ordena eta haien bateraezintasunen araubidea.
Akordioa berrikusteko, kontuan hartu da langile horien lan-jarduerarik gabeko aldien izaera juridikoaren konfigurazioa, zeina Auzitegi Gorenak berriki emandako zenbait epairen bidez zehaztu baita.
SUTEAK PREBENITZEKO ETA ITZALTZEKO KANPAINETAN ALDIZKAKO PLAZAK BETETZEN DITUZTEN LANGILE LAN-KONTRATUDUNEN LAN-BALDINTZA JAKIN BATZUEI BURUZKO ITUNA
1.–Aplikazio-eremua.
Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetan aldizkako plazak betetzen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunak.
2.–Indarraldia.
Akordio hau sinatzen denetik, hau da, 2025eko apirilaren 1etik aurrera.
3.–Xedea.
Akordio honen xedea da arautzea bere aplikazio-eremuan dauden langileei deitzeko ordena eta haien bateraezintasunen araubidea.
3.1. Langileei deitzeko ordena, aldizkako zerbitzu finkoaren beharren ondorioz urtero aurrez zehaztutako kanpainako jarduera-aldietarako.
Kanpaina horietan kontratuaren xede den lanpostuan aritzeko aldizkako plazak betetzen dituzten langileei lehentasun-ordena honen arabera deituko zaie:
a) Langile finkoak eta mugagabe ez-finkoak: suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetan emandako zerbitzuen arabera. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira kontratazioaren xede diren lanpostuetan emandako zerbitzuak.
Irizpide horrekin berdinketa gertatuz gero, lehentasuna izanen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan antzinatasun handiena aitortua duenak.
Dei egiteko orduan, langile lan-kontratudun finkoek beti izanen dute lehentasuna langile mugagabe ez-finkoen aurretik.
b) Aldi baterako langileak: aldi baterako kontratazioa kudeatzeko araudian ezarritako irizpideak aplikatuko dira.
3.2. Bateraezintasunen araubidea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aldizkako plazetan langile lan-kontratudun gisa zerbitzuak ematea bateraezina izanen da sektore publikoan aldi berean beste zerbitzu batzuk ematearekin, bateraezintasunen araubidetik kanpo oro har geratzen diren jarduerak izan ezik.
Hala ere, aldizkako plazak betetzen dituzten langile lan-kontratudunak zerbitzuak ematen ari ez diren aldietan, haientzat bateragarria izanen da sektore publikoan beste zerbitzu batzuk ematea, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetatik kanpokoak badira. Irizpide hori aldizkako langile lan-kontratudun guztiei aplikatuko zaie, finkoak, mugagabeak edo aldi baterakoak izan.
Aldizkako langile lan-kontratudunak sektore publikoan beste lanpostu bat betetzen ari badira kanpaina berri baterako deitzen zaienean, eta lanpostu horretan jarraitzea erabakitzen badute, ondorioak honako hauek izanen dira, langile-motaren arabera:
–Langile finkoak eta langile mugagabeak: borondatezko eszedentzia eskatu beharko dute langile lan-kontratudun finko edo aldizkako mugagabe gisa betetzen duten plazan, horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
–Aldi baterako langileak: aldi baterako kontratazioa kudeatzeko araudian ezarritako irizpideak aplikatuko dira.
3.3. Jarduerarik gabeko aldietan lanpostu berean jardutearen bateragarritasuna eta lehentasun-ordena.
Era berean, aldizkako plazak betetzen dituzten langileak zerbitzuak ematen ari ez diren aldietan, haientzat bateragarria izanen da lanpostu bera betetzearekin.
Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainetan sor daitezkeen beharrak lanpostu berean diharduten eta jarduerarik gabeko aldian dauden langileek beteko dituzte, eta akordio honen 3.1 atalean ezarritako lehentasun-ordena aplikatuko da.
Horretarako, urtero, lan-poltsak sortuko dira, eta bertan sartuko dira aldizkako plaza finko bera betetzen dutenak, jarduerarik gabeko aldietan haien kontratazioa errazteko, hargatik eragotzi gabe kontratuaren arabera dagokien deialditik eratorritako betebeharrak betetzea.
Lan-poltsetan sartuta dauden eta sortutako beharrari erantzun nahi ez dioten langileak lan-poltsetatik kanpo geratuko dira.
Iruñean, 2025eko apirilaren 1ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldetik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.–SMN sindikatuaren aldetik, -; ANPE sindikatuaren aldetik, -; LAB sindikatuaren aldetik, -; CCOO sindikatuaren aldetik, -; UGT sindikatuaren aldetik, -.
Iragarkiaren kodea: F2512716