202. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

166E/2025 EBAZPENA, irailaren 3koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko proiektuak diseinatzeko lehiaketaren deialdia egiten duena 2025-2026 aldirako.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 31. artikuluan, herritarren parte-hartzeari buruzkoan, ezartzen da neurriak hartuko direla gazteen parte-hartze soziala sustatzeko, hala nola ingurune egoki bat sortzea gazteek herritarren parte-hartzearen kulturan parte hartzeko eta hezteko modu berriak eratzeko, eta hezkuntza eremutik gazteak inplikatzea pertsona eta iritzi guztiekiko errespetuan, belaunaldien arteko bizikidetzan eta kultura anitzeko bizikidetzan.

Bestalde, Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioa ikaskuntzarako intentzio-metodologia egituratu bat da, ikasleentzat lorpen akademikoa eta konpromiso soziala helburu dituena, oso hezigarria eta oso onuragarria ikasleentzat, ikastetxeentzat, hezkuntza komunitatearentzat zein, oro har, herritarrentzat. Ikasle gazteei dagokienez, Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioak ingurunearekiko konpromiso etiko-sozialeko hezkuntza integral eta holistiko bat sustatzen du. Komunitateari dagokionez, herritarrak kritikoak, solidarioak eta parte-hartzaileak izaten laguntzen du metodologia horrek. Halaber, elkarte-sarearen sustatzaile eta dinamizatzaile eraginkorra da, gizarte entitateen parte-hartzearen bidez.

Horrenbestez, ikastetxeetan, gazte elkarteetan eta gazteekin lan egiten duten aisialdiko entitateetan Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko hezkuntza proiektuak egin eta ezar daitezen sustatzeko helburuarekin, planteatu da Nafarroako Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko proiektuen diseinuko lehiaketarako deialdia egitea, ikusgarritasuna emanen diolakoan ikastetxeen eta gizarte entitateen konpromiso solidario eta zibikoari, horren bitartez indartzeko bai gizarte kohesioa bai komunitateko eragile guztien parte-hartzea tokiko eta mundu mailako bizi-baldintzen hobekuntzan.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko proiektuak diseinatzeko lehiaketaren 2025-2026 aldirako deialdia onestea.

2. Sariak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. 2026ko aurrekontuko 7.000 euroko gastua baimentzea sariak ordaintzeko, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den eta 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Sariak, txapelketak eta lehiaketak" izeneko 340002 34100 4809 232105 aurrekontu-partidaren baliokidea izanen den partida ekonomikoaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

5. Ebazpen honen eta haren eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera; Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2025eko irailaren 3an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.

NAFARROAKO IKASKUNTZA ETA ZERBITZU SOLIDARIOKO PROIEKTUAK DISEINATZEKO IV. LEHIAKETAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Lehiaketa honen xedea da Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko hezkuntza proiektuak egin eta ezar daitezen sustatzea Nafarroako ikastetxe, gazte elkarte eta gazteekin lan egiten duten aisialdiko entitateetan. Hala, ikastetxeen eta gizarte entitateen konpromiso solidario eta zibikoari ikusgarritasuna eman nahi zaio, horren bidez indartzeko bai gizarte kohesioa bai komunitateko eragile guztien parte-hartzea tokiko eta mundu mailako bizi-baldintzen hobekuntzan.

Oinarri hauen xedea da deialdiaren araubide juridikoa eta deialdiaren arauak ezartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2.–Proposamenen aurkezpena.

2.1. Nafarroan egoitza duten eta gazteekin lan egiten duten aisialdiko entitateek, gazte elkarteek eta ikastetxeek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan.

2.2. Sari modalitate hauek ezarri dira:

–1. MODALITATEA: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen proiektuetarako.

–2. MODALITATEA: DBHko eta Batxilergoko ikastetxeen proiektuetarako.

–3. MODALITATEA: Lanbide Heziketako ikastetxeen proiektuetarako.

–4. MODALITATEA: Nortasun juridikoa duten eta gazteekin lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko entitate edo elkarteen edo hezkuntza proiektuak egiteko helburua beren estatutuetan aitortua duten gazte elkarteen proiektuetarako.

–KATEGORIA BEREZIA: Hezkuntzako edozein etapatako proiektuetarako, partaidetzarako eta herritartasun demokratikorako hezkuntzari buruzkoak badira eta haien xedea bada parte-hartze aktiboa bultzatzen duten eta edozein mailatako politika publikoetan gazteen desafekzioa prebenitzen duten arloak lantzea.

2.3. Proiektuen diseinuek 2025-2026 ikasturtean ezartzeko prestatuta eta diseinatuta egon beharko dute, eta saritu gabeak izan beste ezein lehiaketatan. Gaztelaniaz zein euskaraz idatzita aurkez daitezke.

2.4. Parte hartzen duen ikastetxe, entitate edo elkarte bakoitzak Ikaskuntza Zerbitzuko proiektu bakarra aurkeztuko du hezkuntza etapa bakoitzeko (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa), Lanbide Heziketako ikastetxeek izan ezik, proiektu bat aurkezten ahalko baitute ematen duten heziketa-ziklo presentzial bakoitzeko.

2.5. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.6. Izena emateko eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, II. eranskineko eskaera-orriaren arabera, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko, eta ziurtagiri digitala eduki beharko da.

2.7. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskabide-orria (II. eranskina).

–Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioko proiektu baten diseinu-eskema, behar bezala beteta (ikusi II. eranskina). Gehieneko luzera: 7.500 hitz eta 15 orrialde. Adierazitako luzera gainditzen duten edo II. eranskineko eskeman zehaztutako osagaietako bat falta duten proiektu guztiak baztertuko dira.

2.8. Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten entitateek, oinarrietan adierazi bezala. Aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, hamar egun balioduneko epea emanen da, zuzenketa-eskaera jakinarazi eta biharamunetik hasita. Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

3.–Aurkezten diren lanen balorazioa.

Profesionalez osatutako epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Honela osatuko da:

–Epaimahaiburua: Carlos Amatriain Busto, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariordea.

–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Lehendakariordea: Ana Redín Pascual, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

–Ordezkoa: Mónica Domínguez Catena, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Francisco Soto Alfaro, Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioaren Nafarroako Sarearen lehendakaria.

–Ordezkoa: Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioaren Nafarroako Sareak izendatzen duen pertsona.

Epaimahaiak aukera izanen du gaian adituak diren langileen aholkularitza eta laguntza jasotzeko.

Epaimahaiak deliberazioen akta jasoko du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu beharko du, honako irizpide orokor hauen arabera 100 puntu ere lortzeko aukera izanik:

1. Sinopsiaren argitasuna, hau da, ulerterraza izatea eta Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioaren oinarrizko kontzeptuak jasotzea. (4 puntu gehienez).

2. Premia sozial, lokal edo globalaren zehaztasuna eta garrantzia, parte-hartzaileen adinari eta heldutasun-mailari ongi egokitua, eta errealitatearen ikerketak sortua. (12 puntu gehienez).

3. Proiektuari lotutako Garapen Jasangarrirako Helburuak zehaztasunez, egokitasunez eta argitasunez identifikatzea. (8 puntu gehienez).

4. Proposatutako zerbitzuaren helburuak eta programatutako jarduerak zehatzak eta argiak izatea. Zerbitzu proiektuaren garrantzia eta inpaktua maila lokalean eta/edo orokorrean. (12 puntu gehienez).

5. Curriculum-ikaskuntzek edo entitatearen balioek lotura zuzena izatea egin nahi den zerbitzuarekin, hartara ikaskuntzek zerbitzuak kalitate hobea izaten lagundu dezaten eta horrek zentzua eman diezaien ikaskuntzei. (4 puntu gehienez).

6. Egindako proiektuaren diseinua neska-mutikoen hezkuntza premietarako egokia izatea. (4 puntu gehienez).

7. Ikaskuntza-jardueren zehaztasuna, argitasuna eta garrantzia planifikatutako zerbitzua lortzeko. (4 puntu gehienez).

8. Praktikaren tamaina, kontuan harturik zenbat ikaslek edo gaztek parte hartuko duten, alderaturik proiektuan matrikulatutakoen guztizkoarekin, zerbitzuak dituen hartzaileen kopuruarekin eta proiektuaren iraupenarekin. (4 puntu gehienez).

9. Proiektua gauzatzeko lurraldeko ikastetxeen eta/edo gizarte entitateen eta/edo erakundeen artean eratutako sareko lanaren kalitatea eta garrantzia. (12 puntu gehienez).

10. Proiektua gauzatuko duten ikasleek eta gazteek prozesu osoan izanen duten parte-hartze aktiboa: premiak atzematen, zerbitzua diseinatzen, zerbitzua egiten, egin izana ospatzen eta azken ebaluazioa egiten. (8 puntu gehienez).

11. Proiektu osoan haren elementu guztiei buruzko hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen duten jardueren zehaztasuna, argitasuna eta garrantzia: beharra, ikaskuntzak, zerbitzua, sareko lana eta abar. (8 puntu gehienez).

12. Jardueren egutegiaren zehaztasuna, egokitasuna eta argitasuna. (4 puntu gehienez).

13. Proposatutako zabalkunde- eta ospakizun-jardueren zehaztasuna, argitasuna eta garrantzia. (4 puntu gehienez).

14. Beharrezkoak diren baliabideen deskribapenen zehaztasuna. (4 puntu gehienez).

15. Ebaluazio-tresnen eta -irizpideen zehaztasuna, argitasuna, garrantzia eta egokitasuna, bai proiektu orokorrari dagokionez, bai ikaskuntzei, zerbitzuari, sareko lanari eta abarri dagokienez. (8 puntu gehienez).

4.–Sariak eta aintzatesteak aurkezten diren lanik onenentzat.

Epaimahaiak puntuazio handiena lortzen duen proiektua (lehenbiziko saria) eta bigarren puntuazio handiena lortzen duen proiektua (bigarren saria) aukeratuko ditu modalitate bakoitzean, lehiaketan onartutako proposamenen artean.

Hautatutako ikastetxeek edo entitateek/elkarteek modalitate bakoitzean puntuazio handiena lortzen duen proiektua (lehenbiziko saria) eta bigarren puntuazioa lortzen duen proiektua (bigarren saria) aitortuko dituzten sariak jasoko dituzte:

Lehenengo saria: 1.000,00 euro.

Bigarren saria: 500,00 euro.

Kategoria berezian hautatutako proiektuak 1.000 euroko saria jasoko du.

Sariaren zenbatekoa saritutako proiektua gauzatzen inbertitu beharko da.

Epaimahaiak finalera iritsi diren proiektu nabarmenenen aipamen berezia eginen du.

Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da, eta saria emateko justifikazioa izanen da haren akta. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira finalera iritsi diren proposamenen sariak. Orobat, epaimahaiaren erabakiaren berri emanen da Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orriaren eta sare sozialen bidez.

Proiektu sarituak gauzatu ondotik, zentro edo entitate/elkarte bakoitzak jendaurrean aurkeztuko ditu 2026ko maiatzean edo ekainean antolatuko den ekitaldi bateratu batean, edo, horiek jendaurrean aurkeztu ezin izanez gero, lan-prozesua eta lortutako lorpenak memoria baten bidez azalduko ditu, horiek egin direla egiaztatzen duen edozein euskarri grafiko edo ikus-entzunezkotan, jendaurrean noiznahi zabaltzeko. Proiektuak aurkezteak balioko du haiek gauzatu direla justifikatzeko.

5.–Egile eskubideak.

Egileek aurkezten duten proiektu bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabaldu daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabidetan.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren proiektuen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da saria emateko helburuarekin erabiliko diren datu pertsonalen arduraduna. Ez da daturik lagako, legezko betebeharra dagoenean izan ezik. Sariak emateko ekitaldiko irudiak Nafarroako Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko Sarearen eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrietan eta haien sare sozialetan argitaratzen ahalko dira, bai eta komunikabidetan zabaldu ere.

Proiektuaren arduradunek ziurtatu beharko dute sari-banaketako argazkietan edo ondorengo aurkezpenetako irudietan agertzen diren pertsonen baimena dutela, bai eta haien gurasoen, tutoreen edo legezko tutoreen baimena ere, adingabeak izanez gero. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ulertuko du deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek eta gizarte entitateek badituztela familiek edo legezko tutoreek behar bezala sinatutako baimen horiek, eta, horrenbestez, ez du ezein erantzukizunik hartuko bere gain.

Epaimahaiaren erabakia jakiten denean, deialdi honetan aurkeztu diren proiektu guztiak, sarituak izan zein ez, esperientzia-banku batean sartzen ahalko dira, eta deialdia egin duen entitateak argitaratzen ahalko ditu webgune, dokumentu, ikus-entzunezko material, material pedagogiko, paperean edo formatu digitalean egindako hezkuntza-proiektu, sare sozial eta abarretan, Nafarroan egiten diren Zerbitzu Ikaskuntzako jardunbide egokiak zabaltzeko helburuarekin.

6.–Antolatzaileen erantzukizuna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden kontuak ere. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, halaber, ahalmena izanen du oinarri hauek interpretatu eta aplikatzean sortzen diren zalantzak ebazteko.

Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagioagatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

7.–Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

–Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

–Xedea: NGIri dagozkion laguntza eta dirulaguntzen esleipena, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.

–Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

–Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.

–Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.

–Informazio gehigarria: Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/sites/default/files/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es-1.pdf.

8.–Harremanetarako datuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña

848 423900 juventud@navarra.es.

www.juventudnavarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2511739