202. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Ordenantza, merkataritza ez-egonkorra arautzen duena. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2025eko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen ordenantzan.

Onespenaren erabakia argitara eman zen 2025eko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 19an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurreko aldian. Beraz, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta xedatu da osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua).

Azkoienen, 2025eko irailaren 25ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

AZKOIENGO UDALAREN ORDENANTZA, MERKATARITZA EZ-EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da merkataritza ez-egonkorra arautzea Azkoiengo udal-mugartean, eta onetsi da uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean, lege horretan bertan xedatutakoa garatzeko asmoz.

2. artikulua. Merkataritza ez-egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo egiten dutena, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan.

3. artikulua. Merkataritza ez-egonkorra modalitate hauetan egiten ahalko da:

a) Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan.

b) Merkatu txikietako merkataritza, xedatutako maiztasunarekin eta aurrez zehaztutako tokietan.

c) Merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan.

II. KAPITULUA.–NOIZBEHINKAKO MERKATARITZA JAI ETA FERIETAN ETA MERKATARITZA IBILTARIA DENDA-IBILGAILUETAN

4. artikulua. Jai eta ferietan egiten den noizbehinkako merkataritza salmenta ibiltariko jarduera bat da, bakarka egiten dena herriko toki zehatz batzuetan, edo multzoka, postu guztiak multzoka paraturik. Kasu batean zein bestean, salmenta tradizionala egin ohi da, udal organo eskudunak berariaz baimendutako toki eta egunetan.

5. artikulua. Denda-ibilgailuko merkataritza ibiltaria da ibilgailu bat erabiliz egiten den salmenta. Ibilgailu hori egokiturik dago bat etorriz aplikatzekoa den araudiarekin, bai garraioari dagokionez, bai produktu baimenduen salmentari dagokionez.

Azkoiengo udal-mugartean salmenta ez-egonkorra onartuko da ordenantza honetan jasotzen diren baldintzetan soil-soilik; debeku da bestelako salmenta ibiltari oro.

III. KAPITULUA.–MERKATU IBILTARIKO MERKATARITZA

6. artikulua.

1. Merkatu ibiltaria da salgai eta produktuen salmenta antolatua, elikagaiak barne, egiten dena udal organo eskudunak berariaz baimendu eta multzoka paraturiko postuetan.

2. Merkatu txiki bakarra egonen da, udal organo eskudunak zehazten duen tokian paratuko dena. Astean gehienez egun batean eginen da, astearteetan, hura egiteko epealdia mugatzen duten daten artean, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte.

7. artikulua. Merkatu txikia paratzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak zehaztuko du zer toki zehatzetan kokatuko den eta zer egunetan eginen den. Oro har, honako funtzionamendu arau hauek ezartzen dira:

–Saltzaileak 6:00etatik 9:00ak arte sartuko dira.

–Merkatu txikiak 9:00etatik 14:00ak arte funtzionatuko du. 14:00etatik aurrera, beranduenez, merkatuan ez da saltzailerik ez salgairik batere geldituko, Udalaren garbiketa zerbitzuek beren lana egin dezaten.

–Herriko jaiak ospatzen direnean, merkatu txikia ez da astearte horretan eginen, ez eta bertako beste jai batzuetan edo jaiegun batzuetan ere, Azkoiengo Udalak onetsitako egutegiaren arabera.

–Salgaiak erakutsiko dira euskarri edo salmahaietan, lurretik 80 zentimetrora gutxienez. Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira, kontsumitzaileek ongi ikusteko maneran. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgaien jatorria frogatzen dituen dokumentazio nahikoa eduki beharko du. Produktu bakar batek ere ez du zorua ukituko. Elikagaien saltokiek babes egokia eta nahikoa izanen dute ingurunearen kontra.

–Berezko araudia bete beharko da saltzeko debekua duten gai eta produktuekin eta garraiatzeko eta/edo hotzean kontserbatzeko instalazio bereziak behar dituztenekin.

–Ez da baimenik emanen produktuak saltzeko, baldin dagokien araudiaren arabera salmenta debekaturik badaukate.

–Baimendurik dago arrautzak saltzea, behar bezala ontziraturik eta etiketaturik egonez gero eta 10 ºC-tik behera edukiz gero.

–Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, biltegiratu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruko gainazalak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazgaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izango dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.

–Azkoiengo Udalak ditu bere gain, udal-mugartearen barnean, merkataritzako ez-egonkorraren ikuskapena eta zehapena; hala bada, debekatuko da produktuak salgai jartzea, eta konfiskatu eginen dira, behar izanez gero, baldin eta ez badituzte betetzen ibilgailuari edo eskaintzari buruz arestian zehaztu diren higiene arauak, zailak badira erabat identifikatzen edo narrioren bat ageri badute.

–Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beteko dute haiendako ezarririko osasun araudia, eta ezinbestean aurkeztuko dira behar bezala ontziraturik eta etiketaturik, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

8. artikulua. Baimena ematen zaie tokiko nekazariei herriko beste eremu batzuetan koka daitezen, asteko edozein egunetan, haiexek beren baratzeetatik bildutako produktuak saltzeko. Aldez aurretik baimena eskatu beharko diote Udalari. Tarifen ondorioetarako, aplikatuko dira urtero baimentzen den merkatuarenak.

IV. KAPITULUA.–UDAL BAIMENAK

9. artikulua. Salmenta ibiltaria indarreko xedapenek arautuko dute, eta hartan aritzeko baimenak Azkoiengo Udaleko Merkataritza Alorrak izapidetuko ditu.

Baimenak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta gutxienez ere urtebeteko indarraldia izanen dute.

Identifikazio txartel bat emanen da, titularraren argazkia izanen duena. Txartel hori une oro eduki beharko da ikusgai salmenta postu edo ibilgailuan.

Baimenak urte bateko iraupena izanen du, eta zuzenean berrituko da kasuan kasuko urteko urtarrilaren 1ean, non ez duen titularrak kontrakoa adierazten.

Kasuan kasuko urteko otsailaren 1a baino lehenago, ondoko artikuluan ezarritako baldintzak betetzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean.

10. artikulua. Merkatu txikietan saltzeko behar diren udal baimenak eskuratzeko, bete beharko dira honako baldintza hauek:

a) Alta emanik egotea merkataritza eta industria jardueren lizentzia fiskalean, egoki diren epigrafeetan.

b) Egunean izatea kasuan kasuko ogasun publikoarekiko zerga-betebeharrak.

c) Alta emanik egotea Gizarte Segurantzako dagokion erregimenean eta ordainketa egunean izatea.

d) Betetzea arlo tekniko-sanitarioko erregelamenduek eta kontsumitzaileak babesteko erregelamenduek eskatutako baldintzak, merkaturatutako produktuen gaineko eta salmenta instalazioen gaineko berezko erregelamenduetan ezarri bezala.

e) Azkoiengo Udalarekin zenbatekorik ez izatea zorretan.

f) Ekonomia-jardueraren arriskuak estaltzen dituen erantzukizun zibileko aseguru bat izatea, Merkataritza Ez-egonkorrari buruzko 13/1989 Foru Legearen 4.6 artikuluak xedatzen duen bezala.

g) Elikagaiak saltzen dituztenei dagokienez, elikagaien manipulatzaileen txartela izatea.

h) Atzerritarren kasuan, izatea bizileku-baimena eta norberaren kontura lan egiteko baimena, indarreko araudian ezarritakoarekin bat.

i) Behar den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.

–Herria, kalea, zenbakia eta solairua, bai eta posta kodea eta telefonoa ere.

–Postuaren neurriak, behar bezala justifikaturik.

–Saldu nahi diren salgai baimenduak, zehatz-mehatz azaldurik.

–Titularraren postuetan lan egiten duten pertsonei buruzko deklarazioa. (Dokumentazioa, ekonomia-jardueren gaineko zerga –EJZ–, Gizarte Segurantza...).

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

11. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerek merkatu txikian saltzeko udal baimena eskuratuko dute. Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei, errekerimendua eginen zaie, aurkeztutako dokumentazioa behar bezala osa dezaten, hamar eguneko epean. Ez bada betetzen epe hori edo ez badira aurkezten agiri guztiak, ez dira onartuko udal baimenak eskuratzeko eskaerak, eta aurkeztu den dokumentazioa artxibatu edo titularrei itzuliko zaie.

Aipatu epean aurkeztutako eskaera kopurua postu kopurua baino handiagoa bada, esleituko dira eskaerak aurkeztu diren hurrenkerari jarraikiz.

Posturen bat hutsik gelditzen bada, lehendik kokaturik dauden postuei aukera emanen zaie hutsune horretara aldatzeko, eta hura esleituko da antzinatasuna aintzat hartuz.

Esleipenik egiten ez bada, edo aurreko paragrafoan aurreikusitako lekualdaketak sortzen duen hutsune berri horretarako, postu berriei esleituko zaie, baldin eta eskaera egina badute eta dokumentazioa legearen arabera badaukate, honako irizpide hauei jarraikiz: lehenik, gutxienez 6 hilabete lehenagotik Azkoiengo bizilagun diren postuen titularrei. Bigarren irizpidea: eskaeraren antzinatasunaren arabera.

Urteroko baimena jasotzen dutenak beharturik daude ezarritako tarifak hiru hilean behin ordaintzera, urte bakoitzeko urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a baino lehen.

Gomendatuko da ordainketak helbideratu daitezela. Horretarako, eskatzaileek banku-kontu baten zenbakia emanen dute, Azkoiengo Udalak ordainagiriak igor ditzan hiruhileko bakoitza hasi baino lehen.

Ordainagiria ordaindu gabe itzultzen bada, ezin izanen da merkataritza ibiltariko postua paratu, harik eta ordainketak egunean izan arte; banku-igorpena bi aldiz ukatuz gero, behin betiko baja emanen da.

Kalkulatuko da urtean zenbat merkatu-egun baliodun dauden, eta horren arabera hainbanatuko dira hiruhilekoko kuotak.

Baimenak emateko ahala diskrezionala izanen da, eta, beraz, Udalak baliorik gabe uzten ahalko ditu komenigarria iruditzen zaionean, horretarako arrazoiak ikusita. Horrek, alabaina, ez du sortuko inolako kalte-ordainik edo konpentsaziorik. Orobat lizentzia hutsaltzen ahalko da interesdunak hala eskaturik, idatziz betiere.

12. artikulua. Udalak txartel bat emanen dio baimenaren titularrari, non honako hauek azalduko baitira: titularraren argazkia eta datu pertsonalak, postuaren kokagunea merkatu txikiaren barnean, eta zer salgai eta produktu saltzen dituen.

Txartel hori jendaurrean egonen da salmenta postuan, erosleak dauden tokitik ikusteko moduan.

13. artikulua. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

Debeku da postuetan megafonia eta musika paratzea, bai eta soinu bidezko iragarkiak emititzea ere.

V. KAPITULUA.–OSASUN IKUSKAPENAK, ADMINISTRAZIO KONTROLAK ETA ZAINTZA

14. artikulua.

1. -Azkoiengo Udaleko Udaltzaingoak du bere gain osasun kontrola eta ikuskapenak egitea, bide publikoan paratzen diren postuei eta eskaintzen diren salgai eta produktuei dagokienez.

2. -Elikagaiak saltzeko baimena emanen da merkatu txikia ireki aurretik egin beharreko osasun ikuskapena egindakoan, gero ere beste ikuskapen batzuk egiten ahal badira ere.

3. -Bide publikoko salmentari dagokionez, Azkoiengo Udaltzaingoak ditu bere gain antolaketa, administrazio kontrolak eta zaintza.

VI. KAPITULUA.–SALTZAILEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

15. artikulua.

1. Bide publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien postuak okupatzea.

b) Salgai baimenduak saltzea, onartzen zaizkien egun eta orduetan.

2. Salmenta postuetan lanean ariko dira baimendutako pertsonak edo salmentan laguntzen dutenak. Onartzen da postuetan lagun dezaten besteren konturako langileek, baimendutako pertsonarendako lan egiten badute eta pertsona horrek frogatu badezake horiek Gizarte Segurantzako araubide orokorrean daudela. Betiere, egoera horren berri eman beharko da aurretiaz, baimena eskatzeko dokumentazioan.

16. artikulua. Bide publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Haiek eta lankideak behar bezain txukun agertzea salmentarako, eta postuak ahalik eta garbiena edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, erabili beharko dute ia pisurik ez duen papera, salgaiek eta pisu edo balantzek elkar ez ukitzeko.

b) Behar bezain garbi edukitzea erosleei dagokien eremua, okupatutako postuaren aldean.

c) Osasun ikuskatzaileei erakustea saltzeko dituzten edo biltegiratuta dauzkaten salgai guztiak, eta laguntzea ikuskatzaileek laginak har ditzaten.

d) Bilgarri berriak erabiltzea.

e) Elikagaiak saltzen direnetan, elikagaien manipulatzaileen txartela izatea, indarrean izan ere.

f) Saltzeko orduak bukatuta, saltoki guztiak garbi gelditu beharko du.

g) Saltzeko orduak bukatuta, bilgarriak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) sartu beharko dira horretarako paratutako edukiontzietan. Edukiontzi horiek utzi beharko dira Udalak agindutako tokian, erabili eta gero.

17. artikulua. Bide publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien postuak okupatzea eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak jendaurrean jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko maneran edukitzea. Betiere, produktu baimenduak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan eskatzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik paratzea, argi eta zehatz. Horretarako, salneurri errotuluen neurriak izanen dira erosleak dauden tokitik ikusteko modukoak.

f) Pisu eta balantzeetarako udal organo eskudunak ezarritako kontrastea onartzea.

18. artikulua. Bide publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Salmentarako ezartzen den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa edo eskubideak ordaintzea.

VIII. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK

19. artikulua. Baimenen titularrak izanen dira ordenantza honetako xedapenen aurka egindako arau-hausteen erantzule, haiek egindakoak izan edo saltzen laguntzen dieten familiakoek eta soldatakoek egindakoak izan.

20. artikulua. Merkataritza Ez-egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak dira:

A.–Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, bai eta udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta betebeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek astun edo oso astuntzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

–Merkatu txikia hasten den ordu berean zerbitzua ematen ez hastea.

–Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.

–Elikagaiak saltzen direnean, elikagaien manipulatzaileen txartelik ez izatea.

–Ordenantza honi jarraikiz, postuetan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, beste batzuk egotea, betiere aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso astuntzat hartzen ez bada.

–Ez betetzea ordenantza honetan eskatutako osasun eta zerga arloko betebeharrak.

B.–Arau-hauste astunak:

Arau-hauste astunak:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Ez betetzea saltzen diren produktuen araudiak eskatutako baldintzak.

c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei, beren eginkizunak betetzen ari direnean, men ez egitea edo argibiderik ez ematea, bai eta argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

C.–Arau-hauste oso astunak:

Arau-hauste oso astunak izanen dira honako hauek:

a) Arau-hauste astunetan berrerortzea.

b) Behar den saltzeko baimenik ez izatea.

c) Ez betetzea ordenantza honen 15. artikuluko betebeharrak.

d) Udal agintari, funtzionario edo agenteei, beren eginkizunak betetzen ari direnean, jarkitzea, hertsatzea edo mehatxatzea.

21. artikulua.

1. Arau-hauste arinak zehatzen ahalko dira ohartarazpen batekin edo 150 euro bitarteko isunarekin.

2. Arau-hauste astunak zehatzen ahalko dira 151 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin; gainera, kasua zein den, saltzeko baimena aldi baterako etenen da, edo baliorik gabe utziko, ordaindutako tasak galduta.

3. Arau-hauste oso astunak zehatzen ahalko dira 601 eurotik 3000 eurora bitarteko isunarekin; gainera, kasua zein den, saltzeko baimena aldi baterako etenen da, edo baliorik gabe utziko, ordaindutako tasak galduta.

4. Zuhurtziazko neurri gisa, salgaiak kautelaz atzematen ahalko dira, baldin eta, gauzatutako eginbidetatik ondorioztaturik, uste bada ez dituztela betetzen merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak; agintaritza eskudunaren ustez osasunarendako arriskurik sortzen badute, edo produktua saltzeko behar den baimenik ez bada, konfiskatu eginen dira.

22. artikulua.

1. Zehapen espedientearen prozedura lotuko zaio indarreko administrazio xedapenetan ezarritakoari.

2. Arau-hauste arinei, astunei edo oso astunei zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aurretik; hura izapidetuko da bat etorriz urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoarekin (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

3. Alkate udalburuak du zehapenak ezartzeko ahalmena. Udaletik kanpoko agintaritzek zehatu beharreko arau-hausteak direnean, alkate udalburuak ematen ahalko die haien berri.

4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, kautelazko neurri gisa, ustezko arau-hauste astun edo oso astunak direla-eta abiarazitako zehapen espedientea izapidetzen den bitartean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza hau indarrean jartzean, debekaturik geldituko da bertan jasotzen ez den salmenta ibiltariko jarduera oro.

Bigarrena.–Ordenantza indarrean jarriko da behin betiko onesten denetik aurrera.

Hirugarrena.–Udalak merkatu txikiaren kokapena alda dezake, hirigintza, osasun, edo beste arlo bateko baldintza edo beharretan oinarrituz.

Iragarkiaren kodea: L2512711