2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAUN
Udalaren eta Lekunberriko Udalaren arteko kudeaketa-esleipena, zuzenean kudeatzeko Mendukilloko lezea eta haren inguruko eskaintza turistikoa hobetzeko proiektuak eta jarduketak gauzatzeko, zuzentzeko eta kudeatzeko lanak
Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana.
Larraungo Udalak, 2025eko irailaren 9an egindako osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:
Lehena.–Onestea Larraungo Udalaren eta Lekunberriko Udalaren arteko kudeaketa-esleipena, zuzenean kudeatzeko Mendukilloko lezea eta haren inguruko eskaintza turistikoa hobetzeko proiektuak eta jarduketak gauzatzeko, zuzentzeko eta kudeatzeko lanak.
Bigarrena.–Larraungo Udaleko alkate Mikel Uharte Martijari ahalmena ematea sinatzeko hitzarmena eta hura gauzatzeko beharrezkoak diren gainerako agiri guztiak.
Hirugarrena.–Erabaki hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bete dadin 40/2015 Legearen 11.3 artikuluan xedatua.
Mugiron (Larraun), 2025eko irailaren 10ean.–Alkatea, Mikel Huarte Martija.
HITZARMENA: LEKUNBERRIKO UDALAREN eta LARRAUNGO UDALAREN ARTEKO KUDEAKETA-ESLEIPENA, ZUZENEAN KUDEATZEKO MENDUKILLOKO LEZEA (ASTITZ, NAFARROA) ETA HAREN INGURUKO ESKAINTZA TURISTIKOA HOBETZEKO PROIEKTUAK ETA JARDUKETAK GAUZATZEKO, ZUZENTZEKO ETA KUDEATZEKO LANAK
Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana.
Lekunberrin, 2024ko otsailaren 2an.
BILDURIK:
Batetik, Arkaitz Goikoetxea Arriola, Lekunberriko Udaleko legezko ordezkari gisa, udaleko alkate izateak ematen dizkion eskumenak baliatuta. Udalaren IFKa P3155300A da, eta helbidea: Alde Zaharra kalea 41 - 31870 Lekunberri (Nafarroa).
Bestetik, Mikel Uharte Martija, Larraungo Udaleko legezko ordezkari gisa, udaleko alkate izateak ematen dizkion eskumenak baliatuta. Udalaren IFKa P3114300A da, eta helbidea: Gabari plaza 1 - 31878 Mugiro-Larraun (Nafarroa).
Alderdi guztiek elkarri aitortzen diote legezko gaitasun eta eskumen nahikoak dituztela esleipen hau formalizatzeko.
ADIERAZTEN DUTE:
I.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak esleitzen ahalko zaizkio administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati, baldin jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.
Kudeaketa-esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea; eta kudeatzeko esleipena ematen duen entitatearen ardura izanen da behar diren egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea, oinarri izan daitezen esleipenean emandako jarduera material zehatzerako, edo hura barne hartzeko.
Kudeaketa-esleipena administrazio desberdinetako organoen artean egiten denean, administrazio horien arteko hitzarmena sinatuta formalizatuko da.
Dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar da kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna, eraginkorra izan dadin.
II.–Mendukilloko lezea Astizko Kontzejuan (Nafarroa) dago, eta balio bereziko baliabide turistikoa da Larraungo bailararako. Haren kudeaketaz modu partekatuan arduratzen dira Larraungo Udala, Lekunberriko Udala, Astizko Kontzejua eta Plazaola Partzuergo Turistikoa. Horretarako, 2001eko maiatzaren 31n, "Astizko Kobak SL" erantzukizun mugatuko merkataritza-sozietatea sortu zuten.
III.–Esperientzia turistikoa, jasangarritasuna eta lezerako sarbidea hobetzea helburu, hobekuntza-jarduketen multzo bat diseinatu da lezean bertan eta haren inguruan.
IV.–Mendukilloko lezea eta haren inguruko eskaintza turistikoa hobetzeko proiektuak eta jarduketak sartuta daude "Plazaola-Sakanaldea-Ultzamaldea" HTJPan (Helmugan Turismo Jasangarritasuna sustatzeko Plana). Plana Europar Batasunaren Next Generation funtsez bidez finantzatuta dago.
V.–Cederna Garalur elkarteari dirulaguntza bat eman zitzaion, gauzatu dezan "Plazaola-Sakanaldea-Ultzamaldea" HTJPa, zeina finantzatzen baita Europar Batasunaren Next Generation funtsen bidez (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana). Plan horretako jarduketen artean daude jarraian zerrendatzen direnak. Horiek horrela, Larraungo Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Cederna-Garalur elkartearekin 2025eko maiatzaren 16an, arautzeko zer baldintzatan gauzatuko dituen Larraungo Udalak dirulaguntza horretan sartutako jarduketak:
- 3.1 - "Mendukilloko leze turistikoko bisitariei harrera egiteko eraikinaren birgaitze energetikoa".
- 6.2.1 - "Sentsorizazio bioklimatikoa eta radon gasaren sentsorizazioa Mendukilloko lezean".
- 7.3 - "Museo itxura ematea Mendukilloko lezeko harreraguneari".
VI.–Larraungo Udalak eginen du "Astizko Kobak SL" sozietateari dagozkion jarduketak gauzatzeko eta kudeatzeko enkargua, jarduketa horiei lotutako lanak aurrera eramatearren. Sozietate horrek ente instrumentalaren izaera du Larraungo Udalarentzat, Astizko Kontzejuarentzat, Plazaola Partzuergo Turistikoarentzat eta Lekunberriko Udalarentzat.
VII.–Toki-erakundeek ahalmena dute hitzarmenak sinatzeko, zerbitzuak batera kudeatzeko edo obrak batera egiteko, hala xedatuta baitago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1.g) artikuluan.
VIII.–Lekunberrikfo Udalak, lezearen kudeaketan parte hartzen duen entitatea den aldetik, Larraungo Udalaren aldeko kudeaketa-esleipena egin nahi du, aipatutako jarduketen gauzatze materiala, teknikoa eta administratiboa egin dezan, Larraungo Udalak hori egiteko baliabide egokiak baititu.
Horregatik guztiagatik, kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako lege hauetan ezarritako esparruaren barruan: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Foru Legea; eta 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Hona hemen
KLAUSULAK:
Lehena.–Hitzarmen honen xedea da kudeaketa-esleipen bat formalizatzea Lekunberriko Udalaren eta Larraungo Udalaren artean, jarraikiz ezarrita dagoenari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen 11. artikuluan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean eta Toki Administraziori buruzko Legean. Hala, Lekunberriko Udalak Larraungo Udalari agintzen dio zuzenean kudea ditzala Mendukilloko lezea (Astitz) eta haren inguruko eskaintza turistikoa hobetzeko jarduketa hauen exekuzioa, zuzendaritza teknikoa eta administrazio-kudeaketa:
- 3.1 - "Mendukilloko leze turistikoko bisitariei harrera egiteko eraikinaren birgaitze energetikoa".
- 6.2.1 - "Sentsorizazio bioklimatikoa eta radon gasaren sentsorizazioa Mendukilloko lezean".
- 7.3 - "Museo itxura ematea Mendukilloko lezeko harreraguneari".
Bigarrena.–Zuzeneko kudeaketa-esleipen honek ez dakar berekin eskumenaren titulartasuna lagatzea, ez eta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea ere Lekunberriko Udalak eskumenen titulartasunari eusten dio, eta etor daitezkeen egintza juridikoen gaineko azken erantzulea da.
Hirugarrena.–Jarraipen batzordea. Kudeaketa-esleipenaren hitzarmen honetan ezarritako neurrien betearazpenaren jarraipena antolatzeko eta interpretatzeko, jarraipen batzorde bat sortuko da, honako osaera eta eginkizun hauek izanen dituena:
- Osaera: Plazaola Partzuergo Turistikoko burua eta Larraungo Udaleko alkatea.
- Eginkizunak: agindutako lanak behar bezala egiten diren berrikustea.
Batzorde honen funtzionamenduari buruz berariaz ezarri ez den guztian, aplikatuko dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean jasotako arauak (kide anitzeko organoei buruzkoak).
Laugarrena–Hitzarmen honetako edozein klausula ez betetzeak hura suntsitzea ekartzen ahalko du.
Bosgarrena.–Hitzarmen honek iraunen du jarduketak guztiz gauzatu direla egiaztatzen den arte, bat etorriz Cederna-Garalur elkartearen eta Larraungo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzekin. Hitzarmen horren xedea da arautzea zer baldintzatan gauzatuko diren Cederna Garalur elkarteari "Plazaola-Sakanaldea-Ultzamaldea" HTJPa gauzatzeko emandako dirulaguntzan sartutako jarduketak (Helmugan Turismo Jasangarritasuna sustatzeko Plana). HTJP hori finantzatzen da Europar Batasunaren Next Generation funtsen bidez (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana).
Aldatzen ahalko da kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau, bi alderdiak ados jarrita.
Jarduketa hau honako hauen barnean dago: Next Generation EB funtsetan; Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan eta hura garatzeko araudian; zehazki, honen baitan: 14. osagaiaren ("Turismo Modernizaziorako eta Lehiakortasunerako Plana") 1. inbertsioan ("Turismo Eredua Jasangarritasunerantz Eraldatzea"), 2. azpi-neurrian ("Helmugako Turismo Jasangarritasunerako Planak"). Horien bidez, jarduketa eraldatzaileak egin nahi dira turismoaren sektorean, zehazki, trantsizio berdearen, trantsizio digitalaren eta turismo lehiakortasunaren hobekuntzaren eremuetan.
"Helmugan Turismo Jasangarritasuna sustatzeko Lurralde Planak 2023" deritzon aparteko deialdian onetsitako jarduketak finantzatuko dira ("Plazaola-Sakanaldea-Ultzamaldea" HTJPa). Deialdi hori sartuta dago "Helmugan Turismo Jasangarritasuna sustatzeko Plan Nazionala Nafarroako Foru Komunitatea" delakoan, zeina onetsi baitzen Turismoaren Konferentzia Sektorialaren 2023ko maiatzaren 9ko erabaki baten bidez eta Estatuko Turismo Idazkaritzaren 2023ko maiatzaren 22ko ebazpen baten bidez (2023ko 129. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 31n).
Larraungo Udalean egun indarrean dagoen gastuen aurrekontuan ez dago nahikoa aurrekontu-partidarik aurreikusitako gastua finantzatzeko. Hortaz, hitzarmena onesteko, ezinbestekoa izanen da kreditu nahikoa eta egokia egotea, kasuan kasuko ekitaldian kontratuaren ondoriozko obligazioak finantzatzeko. Baldintza etengarria da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 210 bis artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zortzigarrena.–Hitzarmen honek izaera administratiboa du, ondorio guztietarako.
Bederatzigarrena.–Hitzarmen honek eraginkortasuna izanen du alde biek sinatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, hala ezarrita baitago 40/2015 Legearen 11.3 artikuluan.
Eta ados daudela erakusteko, bi aldeek hitzarmen hau sinatu dute goian aipatutako tokian eta egunean.
Sinadura:
Lekunberriko Udalaren ordezkari gisa, Arkaitz Goikoetxea Arriola.–Larraungo Udalaren ordezkari gisa, Mikel Uharte Martija.
Iragarkiaren kodea: L2512172