200. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Honako honen aldaketa: Udal ordenantza, prozedura bat arautzen duena, egiteko erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa, zenbait jarduera eta obra abiarazteko, udal-mugartean. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2025eko ekainaren 3an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako honen aldaketa: ordenantza, prozedura bat arautzen duena, egiteko erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa, zenbait jarduera eta obra abiarazteko, Berriobeitiko udal-mugartean (2025eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 1ekoan).

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Berriobeitin, 2025eko irailaren 18an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

UDAL ORDENANTZA, PROZEDURA BAT ARAUTZEN DUENA, EGITEKO AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, ZENBAIT JARDUERA ETA OBRA ABIARAZTEKO,
BERRIOBEITIKO UDAL-MUGARTEAN

2. artikulua. Definizioak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, bere erantzukizunpean, adierazten baitu betetzen dituela eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa, eta konpromisoa hartzen duela beharkizun horiek betetzeko eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan.

2. Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat, zeinaren bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta gainerako beharkizunak, eskatzen direnak eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo uzteko, edo titulartasuna aldatzeko.

3. Jarduera ekonomikoa: industria edo merkataritza jarduera guztiak, ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakartenak, jarraikiz Toki-Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan ezarritakoari.

4. Zerbitzua: norberaren konturako jarduera ekonomiko oro, gehienetan ordainsari baten truke emana.

5. Jarduera sailkatua: martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen IV. eranskinean eta garapeneko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak (4/2005 Foru Legea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa).

6. Jarduera sailkatu gabea: indarrean dagoen ingurumen legedian jarduera sailkatu gisa ezarrita ez dauden jarduera guztiak.

7. Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiborik aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko bertze aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta eraikinen edo instalazioen egituran (zutabeak, habeak eta abar) ere, ezta horien bizigarritasun- edo segurtasun-baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

Hona hemen obra txikitzat jotzen diren obren zerrenda bat, gehiago izan badaitezke ere:

–Lehendik dagoen etxebizitzaren barruko obrak, fatxadei eragin gabe:

  • Barneko estaldurak eraberritzea, konpontzea eta/edo ordeztea.
  • Banaketan, bizitegitarako ez diren espazioetan, aldaketa txikiak egitea, bizigarritasunari eragin gabe.
  • Instalazio berriak konpondu, berritu, aldatu edo egitea, fatxada ukitzen ez dutenak, salbu eta multzoaren homogeneotasunari eusten badiote edo ezarritako ereduari jarraitzen badiote, behar denean.

–Lehendik dagoen eta mantentzen den jarduera daukan lokalean, barnealdean obrak egitea, fatxada ukitu gabe eta jarduera sailkatuan aldaketa funtsezkorik eragin gabe.

  • Barneko estaldurak eraberritzea, aldatzea, konpontzea eta/edo ordeztea, gelen banaketari eta erabilerari eragin gabe.
  • Trenkada batzuk kendu eta/edo jasotzea, honako hauek ekarri gabe:
    • Espazioen banaketa eta erabilera aldatzea, doikuntza txikiak salbu.
    • Jendeak okupatzen duen azalera handitzea, okupatzea eta haren banaketa aldatzea, ebakuazio elementuei dagokienez.
    • Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

–Jarduerarik ez duten lokaletan, barnealdean obrak egitea, fatxadei eragin gabe eta ondorengo jarduerarik ez badakarte:

  • Barneko estaldurak eraberritzea, aldatzea, konpontzea eta/edo ordeztea, banaketari eragin gabe.
  • Trenkadak kentzea jendeak okupatzen duen azalera handitu gabe, eta aldatu gabe hustutzeko elementuen okupazioa eta banaketa.
  • Instalazioak eta azpiegiturak konpontzea.

–Lehendik dauden eraikinetako fatxadetan eta estalkietan obrak egitea, baldin eta mantentzen badira lehengo bolumena, forma, baoak, materialak, koloreak eta diseinua:

  • Estalkiak konpondu, mantentze-lanak egin eta teilaberritzea.
  • Fatxadak margotu eta paramentuak eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak, zorrotenak eta antzekoak) konpontzea.
  • Lehendik dagoen kanpoko arotzeria ordezkatzea eta berriak jartzea, mantenduz multzoaren homogeneotasuna, ondoko eraikinena edo ezarritako eredua.
  • Errotulu eta eguzki-oihalak ezartzea.

–Obrak eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetan:

  • Konponketa eta ordezkapen puntualak.
  • Instalazio berriak egitea onetsitako fatxada multzoan.

–Bertzelako jarduketak:

  • Laginak hartzea edo eraispen puntualak egitea, etxebizitza edo lokalak eraikitzeko eta/edo eraberritzeko proiektua prestatu aurrekoak, baldin eta beharrezkoak direla frogatzen bada.
  • Eraberritze txikiak berdeguneetan.
  • Aipatutako ezaugarri berdintsuak dituzten obra txikiak.

8. Lizentzia: aldez aurreko kontroleko edozein administrazio-egintza, arautua eta deklarazio izaera duena, dagokion toki-erakundeak egiten duena jarduketak baimentzeko, kasu bakoitzean indarrean dagoen ordenamenduarekin bat datorrela egiaztatu ondoren.

9. Titulartasun aldaketa: administrazioari egiten zaion komunikazioa, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitzaio lehendik legeztatutako jarduera baten titulartasuna eskualdatzen dela. Titulartasun aldaketaren xede den jarduera hasierako jarduera bera izan behar da. Aurreko titularraren erantzukizun eta eskubideak hartuko ditu berriak.

10. Jarduera uztea: enpresa jarduerak aldi baterako bertan behera uztea. Hau da, erakundeak existitzen jarraitzen du, baina "jarduerarik ezaren" egoeran.

11. Jarduera azkentzea: jarduera behin betiko uztea, eta, hortaz, era guztietako jarduerei bukaera ematea.

12. Zuzendu daitekeen akats ez-funtsezkoa: jarduera/erabilera bat ezartzeko edo aldatzeko proposamenaren gabezia, bere garrantziagatik ezarritako epeetan zuzen daitekeena eta, bai sustatzaileak garaiz erantzuteagatik bai Administrazioak proposa dezakeen ezarpenagatik, ahalbidetzen duena ezarritako epean jardueran aritzea.

13. Zuzendu daitekeen funtsezko gabezia: jarduera/erabilera bat ezartzeko edo aldatzeko proposamenaren gabezia, bere garrantziagatik jarduera etetea eskatzen duena.

14. Zuzendu ezin den akatsa: jarduera edo obra bat ezartzeko edo aldatzeko proposameneko akatsa, aurkeztutako dokumentazioan agertzen dena, jarduerarekin edo obrarekin jarraitzea ezinezkoa egiten duena, deusetan ukatu gabe ekar dezakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboa.

Iragarkiaren kodea: L2512361