Iragarkia
20. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDIALDEA MANKOMUNITATEA
Estatutu moldaketa. Behin betiko onespena
Mendialdea Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2024ko uztailaren 24an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mankomunitatearen Estatutuen moldaketa.
Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Toki Administrazioak aldeko txostena eman zuen 2024ko urriaren 23an, 6. artikulua aldatzeari buruz, bertan 17. azpiapartatua sartuz, berdintasun zerbitzuari dagokiona.
Ondoren Mendialdea Mankomunitateko udalen osoko bilkuretara eraman zen moldaketa hau, ones zezaten, eta haietatik bi herenek baino gehiagok alde bozkatu zuten. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa betez, testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Leitzan, 2025eko urtarrilaren 7an.–Lehendakaria, Unai Miranda Berroeta.
MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
1. artikulua. Kideak.
Leitza, Larraun, Lekunberri, Areso, Arano eta Goizuetako Udalek osatzen dute Mankomunitatea; horrela, titulu honetako II. kapituluan adierazten diren bere eskumeneko zerbitzuak batera antolatu eta eskaintzeko.
Kide berrien onarpena estatutuetako arauen arabera egingo da.
Mankomunitate honen antolaketarako eta funtzionamendurako ondoko hauei atxikiko zaie: Estatutu hauek eta Toki Entitateei ezarritako legezko eta arauzko xedapenak.
Beren lurraldearen baitan kontzejuak biltzen dituzten udalerrien kasuan, Mankomunitateak soilik ondoko kasuotan bereganatuko du eskuduntzen titulartasuna Kontzeju horien lurralde-esparruan: kontzeju horiek osatzen duten udalak –edo udalek hala dagokionean–, Mankomunitateari eskatzen diotenean bere gain hartzea bere xede diren eskuduntzetako batzuk Kontzejuaren lurralde-esparruan. Eskumenak bere gain hartzeko akordio hori Batzar Orokorrak hartuko du, legezko gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin.
2. artikulua. Izaera juridikoa.
Mankomunitate honek, toki entitatea den aldetik, izaera eta ahalmen juridikoak edukiko ditu bere helburuak lortzeko, eta unean unean mankomunitatea osatzen duten toki-entitateen lurralde-esparruak hartuko ditu.
3. artikulua. Lurralde eremua, izena eta helbidea.
Toki entitate honen izena Mendialdea Mankomunitatea izango da eta bere lurralde eremua izanen da mankomunitatea osatzen duten herriena. Egoitza Leitzan kokatuko da, zerbitzuen –halakorik balego– administraziorako egoitza elkarturiko edozein udalerritan egon badaiteke ere.
4. artikulua. Mankomunitatearen hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira.
Elkarturiko udalerrietako biztanle guztiek eskubidea edukiko dute Mankomunitatearekiko harremanetan euskara edo gaztelania erabiltzeko eta aukeratutako hizkuntzan kasu egiteko. Eskubide hau bermatzeko, Mankomunitateak neurri egokiak eta beharrezko bitartekoak jarriko ditu.
Baliogarriak izango dira eta eraginkortasun juridiko osoa edukiko dute aukeratutako hizkuntzan egindako administrazioko jarduera orok.
Mankomunitateak euskararen erabilpena normalizatzeko irizpideak finkatuko ditu.
II. KAPITULUA.–XEDEA
5. artikulua. Mankomunitatearen xedea hiri hondakin solidoen bilketa eta tratamendua izanen da; erkidetutako herrien eskuduntza delarik eta honen eskuordetzea onartzen da plangintza, kudeaketa, exekuzio eta kontrolean. Xede horiek lortzeko zuzenean nahiz zeharka lagungarri izanen den jarduera oro gauzatu ahalko du, eta legediak toki-entitateei aitortzen dizkion eskubide eta ahalmen guztiak erabili ahalko ditu.
Unean-unean Mankomunitateak helburutzat izanen dituen jarduerak, administrazio, alokairu, kontzesio bidez garatu ahalko dira, edota zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatzeko beste edozein legezko bidez.
6. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoez gain, Mankomunitateak, aldez aurretik haien titulartasuna bereganatuta, honako gai hauen gaineko udal-eskumenak erabili ahalko ditu:
1) Ur edangarria, estolderia, ur zikinen saneamendua eta arazketa.
2) Etxebizitzak zaharberritzeko Bulegoa.
3) Elkarturiko udalerrietan kirol- eta gazte-ekitaldiak eta baita ekitaldi soziokulturalak ere planifikatu, antolatu, sustatu, garatu eta koordinatzea, bai zuzenean bai udalekin elkarlanean, betiere herri bakoitzeko ekitaldiak errespetatuz.
4) Kide den udal batek baino gehiagok erabili ahal duten langile, bitarteko eta zerbitzuen kontratazioa.
5) Euskararen normalizazioa.
6) Turismoa sustatu eta garatu.
7) Mendialdeko eskualdearen garapen integrala sustatu; xede horretarako, egoki irizten diren garapen lokaleko estrategiak landu eta egingo dira; beharrezkoa balitz eskualdeko garapen agentzia bat osatuko litzateke.
8) Eskualdeko edo herrietako euskarri ezberdinetako komunikabideak sustatu eta editatu: prentsa, irratia eta telebista analogikoa edo digitala.
9) Etxebizitzak sustatu eta gestionatzea; parke eta lorategiak, herrietako kale publikoen zoladura eta bideen kontserbazioa.
10) Ondare historiko-artistikoa.
11) Ingurumena zaintzea.
12) Hornidura-azokak, hiltegiak, azokak, merkatuak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa.
13) Hilerriak eta hileta-zerbitzuak.
14) Bideak garbitzea.
15) Garabi-zerbitzua.
16) Musika-eskolak.
17) Genero berdintasuna.
7. artikulua. Udalen eskurantzaren barneko edozein zerbitzu uztea eta Mankomunitateak bere gain hartzea, hitzarmen bidez formalizatuko da; horretarako, dagokion udaleko osoko bilkurak eta Mankomunitatearen Batzarre Orokorrak onetsi beharko dute. Hitzarmen horretan zerbitzua eramateko modua, ardura ekonomikoak, kontabilitatea, e.a. zehaztuko dira.
8. artikulua. Mankomunitatearen eta gainontzeko administrazio publikoen arteko lankidetza ekonomikoa, teknikoa eta administratiboa, izenpetzen diren hitzarmen administratiboen bidez garatuko da.
9. artikulua. Mankomunitate honen iraunaldia mugagabea da eta indarrean sartuko da Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
II. TITULUA.–MANKOMUNITATEAREN ANTOLAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRA
10. artikulua. Mankomunitatearen Gobernua eta Administrazioa ondoko organoei dagozkie:
a) Mankomunitate burua eta Mankomunitate buruordea.
b) Batzarre Nagusia.
Arautegi Organikoaren bidez –halakorik eginen balitz– aurrekoen organo osagarriak ezarri eta arautu ahalko dira.
11. artikulua. Mankomunitateko organo kolegiatuen funtzionamendurako ohiko bilkurak eginen dira, aurretik ezarritako maiztasunez, eta aparteko bilkurak, premiazkoak ere izan daitezkeenak.
Bilkurak deitzeko eta burutzeko, foru legeek eta toki entitateetako arautegiak ezarritakoa beteko da.
12. artikulua. Erabakiak bertan diren partaideen gehiengo soilaz hartzen dira, ohiko arau gisa. Gehiengo kualifikatuaren aldeko botoa beharrezkoa izanen da Legeek edo Arautegi Organikoak hala eskatzen dutenean.
13. artikulua. Ingurumenarekin lotutako arrazoiak direla-eta, eta baita informazio eskuratzen laguntzeko ere, sortuko den informazio guztia euskarri informatikoan ere jasoko da.
II. KAPITULUA.–BATZARRA
I. ATALA.–OSAKETA
14. artikulua. Batzarre Nagusia Mankomunitatearen organo gorena izango da, eta Estatutu hauetan sartutako eskumen eta eskuduntzak eta arautegi juridikoak onartzen dizkionak edukiko ditu.
15. artikulua. Mankomunitatearen Batzarre Nagusia elkarturiko udaletako ordezkari hautatuek osatuko dute. Ondoko arauak aplikatutakoan zenbat batzarkide gertatu, hainbestek osatuko dute Batzarrea:
a) Elkartutako udal bakoitzak ordezkari bat edukiko du 500 biztanleko edo frakzioko.
b) Mankomunitatean elkartutako udaletako ordezkari kopurua aldatzeko, kontuan hartuko da udalbatzak berritzeko egiten diren udal hauteskundeen urtean, urtarrilaren 1ean, zentsuan dagoen biztanleria.
Batzarreko ordezkarien izendapena elkartutako udalen osoko bilkurek egingo dute; horretarako, udal hauteskundeak egin eta udalbatza berriek kargua hartu eta bi hilabeteko epea izango da. Udaletako ordezkariak izendatzeko erabakian bertan ordezkoak izendatu beharko dira. Batzarkide titularra falta denean, ordezkatu ahalko dute deituak izan diren bilkura edo batzarre guztietan, eta Mankomunitatearen edozein organotako kide modura batzarkideak dituen eskubide guztiak edukiko dituzte.
Batzarrean parte hartu nahi duten elkarte, kolektibo edo herritarrak bertan egotea baimenduko da. Era berean, Batzarrean udal-talde guztiak ordezkatuta ez baleude, hizpidearekin baina botorik gabe parte hartzea baimenduko da.
16. artikulua. Batzarkideen kargu uztea, oro har, ondorengo arrazoiengatik gertatuko da:
a) Izendatutako Entitateak kargugabetzeagatik.
b) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzar Orokorreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute beren ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da erabakirik hartzen ahalko gehiengo kualifikatua behar bada horretarako.
c) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi karguari edo Mankomunitateko Batzarkide karguari uko egiteagatik.
II. ATALA.–ESKUMENAK
17. artikulua. Batzarrari ondoko eskurantzak dagozkio:
1.–Mankomunitate burua hautatu eta kentzea; horretarako zentsura mozioa beharko da edo berak planteatutako konfiantza aferaren bozketa, hauteskunde lege orokorraren arabera.
2.–Mankomunitatearen gobernu organoen jarduerak zein zerbitzuen kudeaketa kontrolatu eta fiskalizatu.
3.–Organo ez kontzentratuak sortu, egoitzaren kokapena aldatu, Mankomunitatearen izena edo logotipoa aldatu.
4.–Arautegi Organikoa onetsi, baita Mankomunitatearen eskumenekoak diren beste xedapen orokor guztiak ere.
5.–Zerga izaerako bere baliabideen zehaztapena, aurrekontuen onespena eta egokitzapena, bere eskumeneko gaietako gastuen bideratzea eta kontuen onespena.
6.–Zerbitzu publikoak eta udaletako espedienteak gestionatzeko moduak onetsi.
7.–Beste Administrazio Publiko batzuek egindako eskumenen delegazioa edota banaketa onartzea.
8.–Plantilla organikoaren onespena, lanpostuen zerrenda, funtzionarioen ordainsari osagarri finko eta aldizkakoak eta behin-behineko langileen kopurua eta erregimena zehaztea, baita euskara maila ere.
9.–Egintza administratibo eta judizialak bideratzea eta Mankomunitateko Batzarrari dagozkion gaietan defendatzea.
10.–Beste Administrazio Publikoekin lankidetza eta koordinazio hitzarmenak onestea.
11.–Mankomunitateko egintzei kaltegarritasuna adieraztea.
12.–Ondare publikoen kalifikazio juridikoa aldatzea.
13.–Kreditu edo berme eragiketak erabakitzea, zenbatekoa baliabide arrunten %5a baino gehiago denean kitapen eta atzerapenen baimenak ematea eta kredituen errekonozimendu ez judiziala, betiere aurrekontuan partidarik ez dagoenean.
14.–Mankomunitate buruari dagokionean izan ezik, obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea.
15.–Obra eta zerbitzu proiektuak onartzea bere kontratazio edo kontzesiorako eskuduntza duenean, eta aurrekontuan oraindik aurreikusi gabe daudenean.
16.–Mankomunitate buruari dagokionean izan ezik, ondasunak eskuratzea eta besterentzea.
17.–Legeek espresuki ematen dizkiotenak.
18.–Langile guztien buruzagitza nagusia izango du, eta haien izendapena eta zigorrak erabakiko ditu. Horrez gain, Mankomunitateko funtzionarioak zerbitzutik kenduko ditu, eta lan kontratudunak kaleratuko. Halakoetan, horren berri emango du egiten den lehendabiziko bilkuran.
18. artikulua. Batzarrak bere eskurantzarik zeinahi delegatu ahal du, osoki edo zati batean, Mankomunitate buruarengan, onartzeko gehiengo berezia behar dutenak kenduta.
III. ATALA.–BILERAK
19. artikulua. Batzar Nagusia bilkura publikoan eratuko da, udal hauteskundeak egin eta ondorengo hiruhileko epean; ohiko bilkuran batzartuko da hiru hilean behin, gutxienez.
Halaber, egoki irizten diren osoko bilkurak egin ahalko dira, Mankomunitate buruak deituta edo ordezkarien laurdenak eskatuta.
20. artikulua. Osoko bilkuretara Lehendakaria bertaratuko da, eta baita idazkaritza lanak eginen dituen pertsona ere; azken horrek ahotsa izanen du, baina botorik ez.
21. artikulua. Osoko bilkurarako deia zazpi egun lehenago egin beharko da, eta boto- eskubidea duten bokal guztiei nahiz hala eskatzen duten Batzarreko udal-taldeetako ordezkariei, elkarteei, kolektiboei eta herritarrei helaraziko zaie. Deialdian, bilkura egingo den eguna, ordua eta tokia jakinaraziko dira. Deialdian eguneko gai-zerrenda sartuko da; horrela ordezkariek aztertu ahalko dituzte ukituko diren gaiak, eta behar den dokumentazioa ordezkarien eskura izango da Mankomunitateko bulegoetan, deialdiaren datatik aurrera. Era berean, betiere posta-kontuek horretarako aukera emanez gero, eskatzen duenari dokumentazioa posta elektronikoz bidaliko zaio.
22. artikulua. Mankomunitatearen akordioak, 23.artikuluan jasotako kasuetan izan ezik, udal-akordioetarako indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira.
23. artikulua. Ondoko kasu hauetan akordioak onartzeko beharrezkoa izanen da Batzarra osatzen duten eskubide osoko kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa:
1.–Obrak edo inbertsioak egiteko zenbait urtetarako planak onartzea.
2.–Entitate kudeatzailearen Estatutuak onartzea, halakorik sortuko balitz.
3.–Mankomunitateko kide berriak onartzea.
4.–Zor publikoa jaulkitzea eta Batzar honen konpetentzia-kredituak kontzertatzea.
5.–Izendapenak eta zigorrak, Mendialdeko Mankomunitateko funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan kontratudunak kaleratzea barne.
III. KAPITULUA.–LEHENDAKARIA
24. artikulua. Mankomunitate burua Batzarra eratzeko bilkuran hautatuko da, ondoko prozeduraren arabera:
a) Kargua hartzeko aukera beren hautagaitza aurkezturiko batzarkide guztiek izan dezakete.
b) Haietako batek batzarkideen botoen gehiengo absolutua eskuratzen badu hautatutzat hartua izanen da.
c) Baldin eta inork ere gehiengo absolutua eskuratzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, eta hautatutzat hartuko da botoen gehiengo soila eskuratzen duena.
d) Botoetan berdinketa gertatuz gero, hautatutzat hartuko da biztanle gehien duen entitatearen ordezkaritza duena.
e) Baldin eta boto kopuru bera eskuratu duten zenbaitek biztanlego handiena duen entitatea ordezkatzen badute, udal horretako herritarren boto gehienak bildu dituenaren alde erabakiko da.
25. artikulua. Mankomunitate buruordea ere bozketa berean hautatuko da, Mankomunitate burua hautatzeko erabili den prozedura bera erabiliz. Mankomunitate buruordea izanen da Mankomunitate buruak lortutako bozken kopurutik gehien hurbiltzen dena.
26. artikulua. Mankomunitate buruak ondorengo eskurantzak izanen ditu:
1.–Entitatearen gobernua eta administrazioa zuzendu.
2.–Mankomunitatea ordezkatu.
3.–Mankomunitatearen organo guztien batzar aldiak deitu eta haietan mahaiburu izan.
4.–Mankomunitatearen zerbitzu eta obrak zuzendu, aztertu eta bultzatu.
5.–Aurrekontuen proiektua eratu, idazkariak eta kontu- hartzaileak lagunduta, eta Batzarrean aurkeztu.
6.–Gastuak erabaki, bere eskurantzaren mugen barrenean, eta ordainketak agindu, diru- sarrerarik eskatzen duten dokumentuak baimendu eta kontuak eman, hala nola onarturiko aurrekontuaren arabera kudeaketa ekonomikoa eta garapena aurrera eraman.
7.–Lan eskaintza publikoa onartu Aurrekontuaren eta Batzarrak onartutako plantillaren arabera, proben oinarriak onartu langileak hautatzeko eta lanpostuak hornitzeko lehiaketetan eta ordainsari osagarri ez finkoak eta aldizkakoak banatu.
8.–Egintza judizial eta administratiboez arduratzea eta Mankomunitatearen defentsa bere eskurantzen barruan, beste organo bati delegatutakoak ere, eta, urgentzia balitz, Batzarrari dagozkion gaietan ere. Hala izanez gero, horren berri emango du egiten den lehendabiziko bilkuran, Batzarrak berresteko.
9.–Mankomunitate buruari dagozkion gaietan kaltegarritasun adierazpena batzarrari proposatzeko ekimena.
10.–Pertsonalki, eta bere erantzukizunaren barruan, Mankomunitatearen interesetarako arrisku larria dagoen kasuetan beharrezko erabaki egokiak hartu, Batzarrari berehala horren berri eman behar diola, eskurantzen banaketaren arabera; kasu horren garrantziak hala eskatuko balu, aparteko bilkura deitu.
11.–Autoritateari egindako desobedientzia faltak edo udal ordenantzak ez betetzeagatik zigortu, salbu eta ahalmen hori beste organo batzuei dagokienean.
12.–Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatu, betiere zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10a baino gehiago ez denean, bai eta zenbateko hori handiagoa izanik ere, iraupena urtebetera iristen ez denean eta urteko aurrekontuan ageri direnak baino kreditu handiagorik behar ez denean. Halaber, urte bat baino gehiagorako kontratazioak haren eskumenekoak izanen dira haien iraupena lau urte baino luzeagoa ez denean, baldin eta urte bakoitzean ordaindu beharreko kopuruen batura ez bada aipaturiko ehunekoa baino handiagoa. Ehuneko hori lehen ekitaldiko aurrekontuaren baliabide arrunten gainean hartu behar da.
13.–Obra eta zerbitzuen proiektuak onetsi, kontratazioa edo esleipena bere eskurantzen barrukoak direnean eta Aurrekontuetan badaude.
14.–Ondasunak kostu bidez eskuratzea, betiere zenbatekoa aurrekontuaren baliabide arrunten %10a baino handiagoa ez denean. Ondasunak besterenganatzea, betiere zenbatekoa aurrekontuaren baliabide arrunten %5a baino handiagoa ez denean. Ondasunak doan eskuratzea.
15.–Mankomunitateko erabakiak argitaratu, bete eta betearazteko agindua eman.
16.–Arautegi Organikoak ematen ahal dizkion beste denak, hala nola Legeek Toki Entitateei, zein organori zehaztu gabe ematen dizkietenak.
27. artikulua. Mankomunitate burua ez dagoenean Mankomunitate buruordea ariko da haren ordez, haren eskumen berberekin.
IV. KAPITULUA.–IDAZKARITZA-KONTU-HARTZAILETZA ETA GORDAILUZAINTZA
28. artikulua. Mankomunitateetako idazkaritza-lana honela atxiki ahalko da: elkartutako toki-entitateren bateko idazkaria izan eta hala eskatzen duenari atxiki ahalko zaio, edota, eskaerarik ez balego, ezinbestean betebeharreko lan gisa atxiki ahalko da; lan hori egiten duenak Mankomunitateak ezarriko duen ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen du, eta ordainsari hori ez da inoiz izanen A mailako hasierako soldataren %10a baino txikiagoa.
Idazkaritza-lana ez denean aurreko zenbakian aurreikusitako moduan gauzatzen, Mankomunitateak egiteko horri dagokion lanpostua sartu ahalko du bere plantillan, izaera orokorrarekin ezarritako moduan bete dadin.
Idazkariaren funtzioak honako hauek izango dira:
1. Mankomunitatearen gobernu organoen eta parte hartzen duen bestelako bilkuretako aktak egin.
2. Mankomunitatearen gobernu organoek hartutako erabakiak edo eginbeharreko egintzak egiaztatu, egintza eta erabaki guztien fede-emailea izanik.
3. Mankomunitatearen organoei aholku juridikoa eman, betiere txostena egitea derrigorrezkoa denean edo Mankomunitate buruak zein Batzar Nagusiko kideen laurdenak hala eskatzen badu. Estatutuen, Ordenantzen eta indarrean dagoen legediaren arabera hartu beharreko erabakien inguruan Mankomunitatearen organoak informatu eta aholkua eman.
4. Orokorrean, toki-entitateei buruzko legeak emandako eskurantzak bete.
29. artikulua. Kontu-hartzailetzaren eta Gordailuzaintzaren egitekoak indarrean dauden arauetara egokituko dira.
III. TITULUA.–ONDAREA ETA ZERBITZUAK
I. KAPITULUA.–ONDAREA
30. artikulua. Mankomunitatearen ondarea jabego publikoko edota ondareko ondasunek eta hari dagozkion eskubide eta akzioek osatzen dute.
31. artikulua. Mankomunitatearen jabego publikoko ondareak dira erabilpen edo zerbitzu publikorako destinatuak diren mugiezinak, hala nola legez ezaugarri hori atxikirik dutenak ere.
32. artikulua. Mankomunitatean integratutako udalek, ondasun eta eskubidezko ondareak haren esku utzi beharko dituzte dohainik, halaber eskubide eta betebeharrak helarazi; horiek guztiak Mankomunitateak titularitatea beretzat hartzen dueneko zerbitzu bakoitzari lotuak dira.
33. artikulua. Mankomunitateak, bere ondasunekiko, Legeek Toki Entitateei era orokorrean eman dizkieten eskurantzak dauzka.
II. KAPITULUA.–ZERBITZUAK
34. artikulua. Mankomunitateak, bere xedeetarako diren zerbitzuen prestaziorako, kudeaketa zuzenaren eraentza ezarri ahalko du edo legebidez ezarritako beste edozein kudeaketa eredu hartu.
35. artikulua. Elkarturiko Entitateek Mankomunitateari txostena eskatu beharko diote, Mankomunitatearen egitekoak diren zerbitzuen prestazio aukerabideen gaineko hirigintza planeamendu bitartekoak onartu aurretik, bai eta irekiera eta sailkatutako jardueretarako baimenak eman aurretik ere.
IV. TITULUA.–OGASUNA
36. artikulua. Mankomunitatearen Ogasuna ondoko baliabideez hornituko da:
a) Bere ondarearen errendimendutik eta Zuzenbide Pribatutik sorturiko diru-sarrerak.
b) Zerbitzuen prestaziorako edo bere eskurantzen barruko aktibitateak egiteko tasak. Hauen ezarpena eta ordainarazpena dagozkien ordenantza fiskaletan arautuko dira.
c) Prezio publikoak. Foru Komunitatearen eta Estatuaren tributuetan parte hartzetikoak.
d) Subentzioak eta Zuzenbide Publikoaren bidezko bestelako diru-sarrerak. Subentzioak ezin izango dira bideratu emanak izan ziren xedeetarako ez diren bestetara, salbu eta hala izatekotan, ematean aurreikusi gabeko erabilpena luketen soberakin itzulezinezkoak.
e) Hitzartutako kreditu eragiketen emaitza.
f) Isun eta zehapenen emaitzak.
g) Elkarturiko entitateen gain ezar daitezkeen ekarpen generiko edo berezituak, irizpide objektibo eta proportzionaltasunezkoen arabera.
h) Zuzenbide Publikoaren bidezko beste prestazio guztiak.
i) Legez dagokion beste edozein diru-sarrera.
37. artikulua. Mankomunitatearen diru-sarrerak, hauen ezarpena edo bilketa sortarazi zueneko zerbitzu edo jardueraren finantzaziotik eratorriko betekizunen garbitzeari atxekiak dira.
38. artikulua. Baliabideak lortzeko eta aplikatzeko garaian, Mankomunitatea honako irizpideotan oinarrituko da:
a) Mankomunitateak emandako zerbitzuengatik ordainduko diren tarifak eta tasak, Mankomunitateak ordainaraziak direnean, ez dira udalerriaren arabera aldatuko, eta udalerri guztietan berdinak izanen dira.
b) Elkartutako toki-entitateek Mankomunitateak ezarritako edozein baliabide-iturriren aplikazioa edo ezarpena lagunduko dute.
39. artikulua. Elkartutako udalerriak Mankomunitateak izanen dituen obligazioak eta zorrak garbitzera behartuak daude, udalerri bakoitzak duen populazioaren araberako proportzio zuzenean, azkeneko udal erroldan oinarrituta.
40. artikulua. Elkartutako udalerriek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, edozein kontzeptu dela-eta Mankomunitateari zor dioten kantitatea haiei dagozkien transferentzietatik ken dezan, kantitate hori Mankomunitateari ordaintzeko, Mankomunitateak ordainketa hori egin dadin eskatu eta udalak eskaerari erantzun ez dion kasuetan.
41. artikulua. Ez da inoiz ere irabazirik banatuko elkartutako entitateen artean. Soberakinik balego, soberakin hori hurrengo ekitaldiko aurrekontura pasako da.
42. artikulua. Mankomunitate honek zerbitzu bat baino gehiago ematen duen unean, elkarturiko Udalek Mankomunitateari eman beharreko ekarpenak zehazteko, hauek zehaztu beharko dute zein zerbitzu erabili nahi duten, zerbitzu bakoitzetik proportzionalki erator daitezkeen gastu orokorrak finantzatzeko eman beharreko ekarpenak ordaintzeari utzi gabe.
V. TITULUA.–LANGILEAK
43. artikulua. Mankomunitatearen zerbitzuko langileria aplikatzekoa den legeriak eta plantilla organikoak xedatutakoarekin bat osatuko da. Hor zehaztuko dira langile kopurua, kategoria, euskara-maila eta egitekoak.
44. artikulua. Mankomunitateak berak kontratatutako dituen lan-kontratudunek osatuko dute plantilla. Mankomunitateak bere zerbitzu propioetarako behar dituen langileak kontratatuko ditu, indarrean dagoen legeriak eta plantillak xedatutakoarekin bat.
Langile horiek aurreikuspen sozialeko eta laneko xedapenen menpe egonen dira. Ondorioz, izendapenek ez dute udal-funtzionarioaren izaera emanen eta ezta hura lortzeko aukerarik ere, legez halabeharrezkoa den kasuetan izan ezik.
VI. TITULUA.–KIDEAK ELKARTERATZEA ETA BEREIZTEA
45. artikulua. Arrazionaltasun eta berdintasun irizpideen arabera, hala eskatzen duten udalak elkar daitezke Mankomunitatearekin.
46. artikulua. Udalen batek elkarteratze eskabidea aurkeztuz gero, ondoko izapidea bideratuko da:
a) Batzarraren aldeko txostena; horretarako erabakia gehiengo absolutuaren botoaz hartu beharra dago, 21. artikuluak xedatzen duenaren arabera.
b) Jakinarazpen publikoa 15 egun balioduneko epean.
c) Epe hori iragan eta gero, kontrako arrazoibiderik aurkeztu ez bada, elkartzea behin betirakotzat hartua izango da. Bestela bada, Batzarrak, quorum bera izanik, aurkeztutako iradokizun edo erreklamazioak garbitu beharko ditu behin betirako erabakia hartuz.
47. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritako prozeduraren agindupean, elkarturiko Entitateen bereiztea onartuko ahalko da. Horretarako, eskatzaileak zerbitzuak bidezko moduan burutu ahal dituelako berme zehatzak agertu beharko ditu, hala nola bere esparruko jarduerak egokiro egin, eta bere bereizteaz Mankomunitatearen interes orokorretarako kalterik ez dela sortzen agertu, bai eta honek zerbitzua egiten jarraitu ahal duela bermatu ere. Batzarraren erabakiak Mankomunitatea uzten duen Entitatearen eta Mankomunitatearen ondasun, eskubide eta betekizunen gainean bereizketak dituen eraginak zehaztuko ditu.
VII. TITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA MANKOMUNITATEA DEUSEZTEA
48. artikulua. Estatutuen aldaketa legalki ezarritako arauen aginduen araberakoa izango da. Aldaketaren helburua soil-soilik Mankomunitatearen antolamendua edo funtzionamendua indarra duen legalitateari egokitzea besterik ez denean, aski izanen da Batzarraren onespena, batzarkideen gehiengo absolutuaren aldeko botoaz.
49. artikulua. Mankomunitatearen erabateko deuseztapenak Estatutuen aldaketarako beharrezkoa den izapide bera jarraitzea ekarriko du. Dena den, Batzarrak ezarriko ditu deuseztapenerako erabakiak ondorioztatutakoa, ondare, eskubide eta betekizunei dagokienez.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra.–Estatutu hauek behin betiko onetsi ondoren, Mankomunitateak beren garapena onetsi ahalko du dagokion Arautegi Organiko eta bestelako xedapen administratiboen bidez.
AZKEN XEDAPENAK
Lehendabizikoa.–Estatutu hauen aurka egiten ez duen neurrian, Nafarroako mankomunitateei eta udalei dagokien toki araubidearen araudia aplikatuko zaio Mankomunitateari.
Bigarrena.–Estatutu hauek indarrean sartuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2500118
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
