20. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

230/2024 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena Nafarroako toki-erakundeei ehizazainak kontratatzeko laguntzak emateko 2025ean. DDBNeko identifikazioa: 802653.

Apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak, bere 51. artikuluan ("Zaintza"), ezartzen du zer eginkizun dituen barrutietan ehiza zaintzeko sistemak (foru lege horren bidez aldatu zen Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea). Orobat, 52. artikuluan ("Ehiza sustatzeko neurriak"), xedatuta dago Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Ehizaren jasangarritasunerako ezinbesteko tresna da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza jarduera basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.

Deialdia toki-erakundeen interesekoa dela kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da toki-erakundeek ehizazainak kontratatzeagatik dituzten gastuak finantzatzera bideratutako laguntza lerro bat ezartzea. Ehizazainek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte egiten dituzten zerbitzu profesionalengatik emanen da laguntza.

Ikusita Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren txostena, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako toki-erakundeei laguntzak emateko, ehizazainak kontrata ditzaten 2025ean.

2. Oinarri arautzaileak onestea deialdi honetarako: "Nafarroako toki-erakundeentzako laguntzak, ehizazainak kontrata ditzaten 2025ean".

3. 85.000 euroko gastu-konpromisoa onestea, 2025eko gastuen aurrekontuan gaituko den 2024ko partida honen aurrekontu-kredituen kargura: 740002/74200/4609/456307, "Toki-erakundeentzako dirulaguntzak ehiza-baliabideak kudeatzeko", aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzarekin.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Ehiza Kudeaketarako Atalari.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra eta oinarri arautzaileen kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEEK EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da laguntzak arautzea toki-erakundeek ehizazainak kontratatzeagatik dituzten gastuen zati bat ordain dezaten.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Ehizazainak kontratatzeko laguntzek helburu dute udal-mugarteetan edo ehiza-barrutietan profesionalak era iraunkorrean egotea, honako zeregin hauetan aritzeko: ehiza-baliabideen zaintza-, jarraipen-, kudeaketa- eta mantentze-lanak.

3. oinarria.–Erakunde onuradunak.

3.1 Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako toki-erakundeak, ehiza barrutiaren kudeaketaren arduradunak izan edo ez, baldin eta ehiza zaintzarako kontratua sinatuta badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

b) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatze aldera, interesdunari jakinarazten zaio eskaeran (II. eranskina) baimena ematen diola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

d) Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zehapenik ezarri ez izana arau-hauste administratibo astun edo oso astunagatik, azken bi edo hiru urteetan, hurrenez hurren, Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeari edo ingurumen arloko beste edozein legeri dagokionez, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Ondorio horietarako, adierazitako epearen barruan administrazio-bidean irmo bihurtu diren zehapen-ebazpenak bakarrik hartuko dira kontuan.

3.2. Eskaeran berean dagoen erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina) aurkeztuko da, baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3.3. Kontratatutako pertsonek Nafarroako ehizazainaren titulua izan behar dute, irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduaren arabera, eta ezin dira desgaituta egon ehizarekin lotutako jarduerak egiteko, deialdiak hartzen duen aldian.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Laguntzak erabiliko dira finantzatzeko 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean Nafarroako ehizazain aritzeko langileak kontratatzearen ondoriozko kostuen zati bat.

Nafarroako ehizazainen berezko lanak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak:

–Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.

–Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien edo abeltzainen arteko lotura.

–Kalteak kudeatzea (prebenitzea eta kontrolatzea).

–Zaintza.

–Ehiza espezieen populazioen kontrola eta segimendua egitea.

–Harrapakarien kontrola.

–Habitata kudeatzea.

–Seinaleak eta beste azpiegitura batzuk (adibidez, usategiak) mantentzea: garbiketa, kokapenaren kontrola, egoera eta abar.

–Administrazioari laguntzea, ehizaren kudeaketa errazteko eskatzen zaionean.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak ehiza espezialitateko landazainentzat antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara joatea.

Hala denean, kontratuan dirulaguntzaren xede ez diren beste zereginak zehaztu behar dira.

Eskaeran (II. eranskina) adierazi beharko da kontratatutako lanaren zer ehuneko dagokien ehiza zaintzako berezko zereginei.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Honako hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

5.1 Lan-araubideko kontratazioen kasuan:

2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarteko soldata gordinaren %50, eta gehienez ere 10.000 euroko dirulaguntza kontratatutako ehizazain bakoitzeko.

5.2 Zerbitzuak emateko kontratazioen kasuan:

2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean emandako zerbitzuen zenbatekoaren %50 (BEZik gabe), eta gehienez ere 10.000 euroko dirulaguntza kontratatutako ehizazain bakoitzeko.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

6.1 Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

Ezarritako epearen barruan aurkeztutako azken eskaera bakarrik hartuko da kontuan.

6.2 Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira. Deialdiaren fitxan sartu beharko da, argitaratuta egonen baita Nafarroako Gobernuak bere atarian administrazio publikoentzat duen zerbitzu-katalogoan: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea.

6.3 Eskatzen den dokumentazioa.

–II. eranskina.–Eskabidea, datuak kontsultatzeko baimena eta erantzukizunpeko adierazpena dituena.

–Indarrean dagoen kontratua, iraupena eta garatu beharreko eginkizunak zehazten dituena. Kontratuak deialdi honen 4. oinarrian adierazitako zereginak zehaztu beharko ditu.

–Erakunde eskatzaileak, laguntzak lehen aldiz jaso behar baditu edo horiek ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, kontua erregistratu beharko du Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Banku-kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" fitxan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

–Kasua bada, toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria, frogatzen duena ehiza-barrutiaren aprobetxamendutik lortutako diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dela animalien populazio edo habitatak hobetzeko, kalteak prebenitzeko edo barrutiaren zaintza kontratatzeko. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen balorazio irizpideen 2. apartatuan.

–Kasua bada, toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria, herri-lurrak ehiza habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duena. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen balorazio irizpideen 3. apartatuan.

–Toki-erakundearen ziurtagiria, egiaztatzen duena dirulaguntzaren zenbateko osoa ehizazaina kontratatzeko gastua finantzatzera bideratu dela, gastuen eta diru-sarreren kontuetan ageri den moduan.

Eskaera eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa jaso ondotik, egiaztatuko da oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen diren edo ez. Ez badira betetzen, eskaera 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko balorazio irizpideak.

Laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da.

Eskabideen lehentasun ordena honako irizpide hauen arabera ezarriko da:

APARTATUA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Ehiza barrutia kudeatzeko ardura duten toki-erakundeak

35

2

Azken bost urteetan ehizaren ondoriozko diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dutela frogatzen duten toki-erakundeak –inbertsioak konputagarria behar du izan, Ehizaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren d) apartatuari jarraikiz–

20

3

Herri-lurrak ehiza habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duten toki-erakundeak

20

4

Baldintza hauetakoren bat betetzen duten toki-erakundeak: beren ehiza barrutia edo barrutiaren zati bat kalteak prebenitzeko plan baten xede izatea, edo azken 3 urteetan salbuespeneko baimenen bat eskatu izatea edo erantzukizunpeko adierazpenen bat aurkeztu izatea basurdeak edo/eta untxiak eragindako kalteak kontrolatzeko

15

5

Laguntzen deialdi hau argitaratu aurretik ehizazaina duten toki-erakundeak

10

Eskaerei emandako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, toki-erakundearen azalera kontuan hartuta ebatziko da, eta azalera zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta lehentasun handiagoa izanen du.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, gutxienez ere 10 puntu lortu beharko dira.

Lehentasun hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

8. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan ezarritako laguntzak emateko prozeduretan, instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari dagokio.

9. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

9.1 Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide eta moduen arabera.

Aurkeztutako eskaerak aztertu ondotik, proposatuko da dirulaguntza ematea, edo, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat ez datozen eskaeren kasuan, dirulaguntza ukatzea.

9.2 Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak, espedienteak ikusita eta aurrekontuan dagoen zenbatekoaren arabera, ebazpena emateko proposamen-txostena eginen du, Ehiza Kudeaketarako Atalaren bitartez, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio. Ebazpen proposamen horren bidez, laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

9.3. Deialdi honetarako aurrekontuko partidan diru gehiago badago proposatutako laguntzak emateko behar dena baino, laguntzen zenbatekoak %55era arte handitzen ahalko dira, eta gehieneko muga 10.500 eurokoa izanen da ehizazain bakoitzeko.

10. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

Ebazpen-proposamena ikusirik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, eta adieraziko da zer puntuazio eman zaion eskatzaile bakoitzari, 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Halaber, berariaz adieraziko da gainerako eskabideak ezetsi direla, halakorik bada.

Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta ez bada berariazko ebazpenik eman oinarri arautzaile hauetan dirulaguntzaren prozedura ebazteko ezarritako epea igarotakoan.

11. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.

12. oinarria.–Egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak entregatzeko azken eguna 2025eko azaroaren 7a izanen da, egun hori barne.

Ahal dela, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, eta JPG fitxategiak saihestuko dira.

Dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo beste administrazio publiko batzuetako erregistroetan, baldin eta aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzendu behar zaio.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lan-araubideko kontratazioen kasuan:

–2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte igorritako nominen kopia.

b) Zerbitzuak emateko kontratazioen kasuan:

–Hornitzailearen eta toki-erakundearen datu fiskalak dituzten gastuen fakturak, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartekoak.

–Bankuko ordainagiriak. Zenbatekoak bat etorri beharko du dagokion fakturarekin.

Agiriak jatorrizkoak edo kopiak izaten ahalko dira.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Instrukzio organoak behar diren kontrolak eginen ditu, egiaztatzeko betetzen direla deialdi honen oinarriak. Kontrol horiek egiteko, Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak erabiliko ditu, betiere laguntza ordaintzeko unean dagoen informazioaren arabera.

Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

Egiaztagiriak azterturik, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, erakunde onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

14. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murriztapenak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Deialdi honetan diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (https://www.navarra.es/eu/hasiera), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA.–ESKAERA, NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEEI EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO 2025EAN

ESKATZAILEAREN DATUAK

Toki-erakundea:

Ehiza barrutiaren matrikula:

IFZ/IFK:

Helbidea:

Herria:

PK:

Telefonoa:

Helb. elektronikoa:

Banku kontua:

ES __ _____ __ __ ______ __ __ ______ ______ __ __ __ __ __ __ __ __ __

Toki-erakundeek ehizazainak kontratatzeko laguntzen 2024ko deialdiarekin loturik, eskatzaileak ADIERAZTEN DU eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela, eta deialdi horren oinarriak osorik onartzen ditu; horregatik, xehetasun hauen berri ematen du:

Toki-erakundearen azalera (ha):

Ehizazain kopurua:

Eskatutako zenbatekoa, ehizazain bakoitzeko(1)

Ardura %.(2)

(1) Zehaztuko da soldata gordinaren edo osoaren zenbatekoa, BEZik gabe, diruz lagunduko den aldian zerbitzuak emateko kontratuari dagokiona, deialdiaren 4. oinarriarekin bat.

(2) Ehizazainak 4. oinarrian zehaztutako zereginez gain beste batzuk baditu, zehaztu zer ehuneko dagokien ehizako zereginei. Dedikazio esklusiboaren kasuan, adierazi 100.

BAREMOKO IRIZPIDEAK

"BAI" EDO "EZ"
ADIERAZI, DAGOKIONAREN ARABERA

Ehiza-barrutiaren kudeaketaren ardura duen toki-erakundea

Frogatzen du azken 5 urteetan ehizatik lortu dituen diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dituela ehiza habitata hobetzeko

Frogatzen du herri-lurrak ehiza-habitata hobetzeko asmoz laga direla

Toki-erakundeak jarduketak egin ditu ehiza espezieek eragindako kalteengatik

Toki-erakundeak ehizazaina zeukan deialdi honen aurretik

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren dirulaguntza ESKATZEN DU.

Eskatzaileak ADIERAZTEN DU:

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

–Jarduera bererako ez dela beste dirulaguntzarik jasotzen ari.

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere.

–Ez duela ehizan aritzeko zehapen irmorik edo ingurumen arloko beste arau-hauste batzuen ondoriozko zehapen irmorik, 3. oinarriko 3.d apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean, egunean dituela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

–Eskaera honek biltzen dituen datu guztiak egiazkoak dira.

–Baimena ematen duela eskaeran agertzen diren datu pertsonalak fitxategi automatikoetan sartzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz erabiltzeko.

.............................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n

(Eskatzailearen sinadura)

DATUEN BABESARI BURUZKO INFORMAZIOA

DATUEN TRATAMENDUAREN ARDURADUNA

Identitatea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua

Helbidea: González Tablas kalea 9, 31005 Iruña

Helbide elektronikoa: gestinfo@navarra.es

Datuen babeseko ordezkaria:

Helbide elektronikoa: dpd@navarra.es

DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN HELBURUA

Datu pertsonalak tratatuko dira, datu horiekin lotutako laguntzen espedienteak kudeatzeko. Datu pertsonalak prozedura izapidetzeko eta ebazteko behar den denboran gordeko dira.

DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.a) artikulua: interesduna ados da bere datu pertsonalak tratatzeko berariazko helburu baterako edo gehiagotarako.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

DATUEN NAZIOARTEKO LAGAPEN EDO TRANSFERENTZIEN HARTZAILEAK

Datu pertsonalak ez dira lagako eta ez dira transferituko, lege betebeharra egon ezean.

INTERESDUNEN ESKUBIDEAK

Interesdunak eskubidea du datu pertsonaletan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera igorri behar dio Departamentuko Informazioa Kudeatzeko Atalari, goian adierazitako helbidera edo gestinfo@navarra.es helbide elektronikora, eta bere NANaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia erantsi beharko du. Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jotzen ahal dute erreklamazio bat aurkezteko, uste badute ez zaiola behar bezala erantzun beren eskaerari.

DATUEN JATORRIA, INTERESDUNAK BERAK EMAN EZ DITUENEAN

Zure eskaerarako beharrezkoa bada, administrazio publikoaren eskuan dagoen informazioa egiaztatuko da.

INFORMAZIO OSAGARRIA

Honako web-orri honen bidez: www.gobiernoabierto.navarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2418155