Iragarkia
20. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Udalaren Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2024ko azaroaren 28an egindako osoko bilkuran, Tafallako Udalaren Udal Erregelamendu Organikoa onestea erabaki zuen, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatu zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Tafallan, 2024ko abenduaren 9an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA
HITZAURREA
Tafallako Udalak, 1986ko urtarrilaren 28ko osoko bilkuran, Udalbatzaren Funtzionamendurako Erregelamendu Organikoa onetsi zuen, eta urte hauetan zehar aldaketak jasan ditu, hein handi batean, indarrean dagoen araudira egokitzeko beharragatik. Besteak beste, osoko bilkuretako erabaki hauek aipatu daitezke: 1999ko abuztuaren 5ekoa (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2000ko maiatzaren 24koa), 2013ko maiatzaren 28koa (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 112 zk., ekainaren 13koa), 2017ko ekainaren 27koa (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 143 zk., uztailaren 26koa) eta (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 208 zk., urriaren 27koa), uztailaren 27koa (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 196 zk., 2021eko abuztuaren 20koa) eta 2023ko uztailaren 5ekoa (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 155 zk., 2023ko uztailaren 27koa).
Aldaketa partzialak onartu badira ere, 30 urte baino gehiago daramatza indarrean. Denbora horretan, xedapenen aplikazio praktikoak zenbait disfuntzio utzi ditu agerian, eta beharrezkoa zen testua guztiz berrikustea, udal antolamenduaren eta funtzionamenduaren behar berrietara egokitzeko.
Azkenik, ikusita COVID-19aren pandemiak 2020ko lehen seihilekoan izan duen bilakaera eta haren ondorioz ezarritako konfinamendu neurriak, mahai gainean jarri da kide anitzeko organoen bilerak modu ez-presentzialean egiteko aukera aztertzeko beharra. Aukera hori, oro har, araututa dago jada Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean, baina toki entitateetan analogiaz soilik aplika zitekeen, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 46. artikulua aldatu zenera arte, hain zuzen.
Administrazio elektronikoa, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak eta ingurune digital berri horrek dakartzan tresna berriak administrazio publikoen funtzionamenduan txertatu behar dira, eta komenigarria da gutxieneko barne erregulazioa egitea, behar bezalako segurtasun juridikoa bermatuta.
Azken batean, udal organoen osaerari eta funtzionamenduari eragiten dion erregulazioa askotarikoa eta sakabanatua da, eta, beraz, hori elkartzeko ahalegina egin da erregelamendu honen bidez, kontuan hartuta ezin dela hari eragiten dion arau espektro osoa txertatu, eta jakitun izanik aplikatu beharreko araudian aldaketak egiten badira dokumentu organiko honen xedapenak nahitaez aldatu beharko direla.
Horregatik guztiagatik, erabaki da indarrean dagoen testua partzialki aldatu beharrean, hobe dela erregelamendu organiko berria onestea, toki entitateen funtzionamenduaren arloko araudi berriari erantzuteko.
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Bere burua antolatzeko ahalmena.
Tafallako Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko toki entitateei aitortzen dien ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du erregelamendu honen bidez arautzea bere antolaketa eta bertan ezartzen diren oinarrizko organoen nahiz organo osagarrien funtzionamendu araubidea.
2. artikulua. Udalaren egitura organikoa.
Udal antolaketa honako egitura honen araberakoa izanen da:
a) Gobernu eta administrazioko oinarrizko organoak dira:
–Udaleko Osoko Bilkura.
–Tokiko Gobernu Batzarra.
–Alkatea.
–Alkateordetzak.
b) Gobernu eta administrazioko organo osagarriak dira:
–Zinegotzi ordezkariak.
–Informazio batzordeak.
–Kontuen Batzorde Berezia.
–Bozeramaileen Batzarra.
–Arloko kontseiluak.
c) Udalaren tutoretzapean daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako entitateak eta kudeaketa organoak ere.
3. artikulua. Arautegi aplikagarria.
Tafallako Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:
a) Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko arauak, eskumen banaketaren arabera, zeinak arau hierarkiaren printzipioaren arabera gailentzen baitira.
b) Erregelamendu Organikoa.
I. TITULUA.–OSOKO BILKURA
I. KAPITULUA.–OSAERA ETA ERAKETA
4. artikulua. Osaera.
Udaleko Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute, eta haien artean alkate aukeratutakoa izanen da buru.
5. artikulua. Hautaketa.
Hauteskundeei buruzko legerian ezarritakoaren arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak, eta hartan xedatutakoaren arabera eratuko da, halaber, Udaleko Osoko Bilkura.
6. artikulua. Osoko Bilkurako Idazkaritza.
1. Udaleko Osoko Bilkurako Idazkaritza Tafallako Udaleko idazkari nagusiaren kargua betetzen duen pertsonari dagokio.
2. Idazkariak funtzio hauek ditu:
a) Osoko Bilkurako buruari laguntzea.
b) Bilkuren deialdiak bidaltzea Osoko Bilkura osatzen duten pertsonei.
c) Bilkuren deialdi, gai zerrenda eta aktak artxibatu eta gordetzea.
d) Osoko Bilkurak hartutako erabakiak unitate arduradunei behar bezala eta leialki jakinaraztea, izapideak egin ditzaten eta jakinarazpenak dagokion moduan egin ditzaten.
e) Fede publikoa emateko funtzioak.
f) Osoko Bilkurak onetsitako aktak bidaltzea Estatuko Administrazio Orokorrari eta Nafarroako Foru Komunitateari.
g) Indarreko arauek esleitzen dioten beste edozein funtzio.
3. Idazkaritzako titularra ez badago, indarreko araudiak ezarritakoaren arabera ordeztuko da.
7. artikulua. Eskumenak.
1. Udaleko Osoko Bilkurari dagokio unean-unean indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkion eskumenak betetzea.
2. Era berean, Udaleko Osoko Bilkurari dagokio udalbatzaren gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa.
8. artikulua. Udal taldeen banaketa.
1. Udalbatzako kideak bilkura aretoan eta beren taldeari dagozkion eserlekuetan eseriko dira.
2. Taldeak jartzeko ordena iraunkorra izanen da, eta alkateak zehaztuko du, bozeramaileak entzun ondoren.
3. Boto gehien lortu dituen zerrendako kideek osatutako taldeak izanen du lehentasuna.
4. Edozein kasutan ere, boto ematea eta bilketa erraz egiteko moduan kokatuko dira udaleko kideak.
II. KAPITULUA.–BILKUREN ARAUBIDEA
9. artikulua. Bilkura motak.
Osoko bilkurak hiru motatakoak izan daitezke:
a) Ohikoak.
b) Bereziak.
c) Bereziak eta presakoak.
10. artikulua. Ohiko osoko bilkurak.
1. Ohiko osoko bilkurak dira aldizkakotasuna ezarrita dutenak. Aldizkakotasun hori Osoko Bilkurak bilkura berezian hartutako erabaki baten bidez ezarriko da. Bilkura berezi horretarako deia alkateak edo udalburuak eginen du, udalbatza eratzeko bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean, eta ezin izanen ditu gainditu honako hauetan jarritako mugak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 77.1 artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.2.a) artikulua (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).
Erabaki horretan beste egun batera aldatzea aurreikusten ahalko da, egun hori jaieguna denean. Ez du ohiko bilkuraren izaera galduko.
2. Alkateari dagokio ohiko bilkurak egiteko eguna eta ordua finkatzea.
3. Alkateak ohiko bilkuraren eguna edo ordua aldatzen ahalko du –ez du ohiko izaera galduko–, baldin eta kontu puntuala bada eta justifikatzen bada ez direla bertaratuko bilkura egiteko adina zinegotzi, udalbatzako kide guztiak edo gehienak bertaratuko direla bermatze aldera. Deialdia behar bezala arrazoitu beharko da. Aldez aurretik udal taldeetako bozeramaileei kontsulta eginen zaie, zuzenean edo Bozeramaileen Batzarraren bitartez. Ezarritako aldizkakotasuna bermatu beharko da beti, eta aldez aurretik deitzeko eta deialdia egiteko baldintzak beteko dira. Aldaketa horrek ez du behar udalbatzaren ondorengo berrespenik.
4. Aztertzeko gairik ez badago ere eginen dira ohiko bilkurak.
5. Onarturiko presako kasuetan izan ezik (arrazoitu egin behar dira eta udalbatzak gehiengo osoz berretsi behar du), gai zerrendako gaiak soilik aztertuko dira ohiko bilkuretan.
11. artikulua. Osoko bilkura bereziak.
1. Osoko bilkura bereziak dira alkateak halakotzat deitzen dituenak bere ekimenez edo udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskaturik, edo lege mailako arau batek halakotzat jotakoak. Udalkide bakoitzak ezin ditu hiru baino gehiago eskatu urtean.
Bilkura berezietan gai zerrendako gaiak baizik ez dira aztertuko, salbu eta presakoak badira, udalbatzako kide guztiak bertan badaude eta aho batez hala erabakitzen badute.
2. Aurreko paragrafoaren arabera zinegotziek eskatuta deitutako bilkuren kasuan, bilkura horiek ezin izanen dira eskatu eta hamabost egun baliodun baino gehiago atzeratu, eta gaia ezin izanen da ohiko osoko bilkura baten edo gai gehiago dituen beste bilkura berezi baten gai zerrendan sartu, deialdiaren eskatzaileek berariaz baimentzen ez badute.
Ekimena izan dutenek proposatutako gai zerrenda sartuko da deialdian, eta udalburuak zilegi izanen du beste gai batzuk ere sartzea, bilkurarako deia egin dutenek onartuz gero.
3. Aipatu zinegotzi kopuruak eskatutako osoko bilkura berezirako deia aurretik adierazitako epean egiten ez badu alkateak, epe hori bukatu eta hurrengo bosgarren egun baliodunerako deia eginen da automatikoki, hamabietarako; udalbatzako idazkari nagusiak horixe jakinaraziko die kide guztiei, aipaturiko epea bukatu eta biharamunean. Alkatea edo haren legezko ordezkoa ez dagoenean, Osoko Bilkura legez eratutzat joko da kideen legezko gutxienekoaren herenaren quoruma biltzen denean –gutxienez 3 kide izanen dira beti–; halakoetan, bertaratu diren udalkideetatik zaharrena izanen da burua.
12. artikulua. Presako osoko bilkura bereziak.
1. Presako osoko bilkura bereziak dira alkateak deitzen dituenak, gaiaren presa dela-eta ezin denean bilkura berezirako deia egin gutxienez bi egun baliodun lehenago, hala eskatzen baitu Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak.
Kasu horretan, gai zerrendako lehen puntua izanen da Osoko Bilkurak presari buruz hartzen duen erabakia. Osoko Bilkurak gehiengo soilez erabakitzen badu bilkura ez dela presakoa, orduantxe emanen zaio amaiera bilkurari.
2. Gainera, presako bilkura bereziak egiten ahalko dira, deialdirik gabe, udalbatzako kide guztiak eta idazkaria bertan badira eta kideek aho batez erabakitzen badute bilkura egitea.
13. artikulua. Bilkuren deialdia.
1. Ohiko bilkura eta bilkura berezietarako deialdia bitarteko elektronikoen bidez eginen da, hartzaileek jaso dutela behar bezala egiaztatzeko. Deialdiaren jakinarazpena, gai zerrendarekin eta dagokion dokumentazioarekin, udalak emandako helbide elektronikoetan edo dagokion aplikazio informatikoaren bidez eginen da.
Bilkura berezien eta presakoen kasuan, gailu mugikorrak erabiltzen ahalko dira, hartzaileek jakinarazpena jaso dutela egiaztatzeko.
2. Ohiko osoko bilkuren eta presakoak ez diren berezien deialdia gutxienez ere bi egun baliodun lehenago egin behar da; landuko diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez eta ulertzeko moduan.
Bilkura berezien deialdia arrazoitu beharko da; arrazoi horiek idatziz jaso beharko dira deialdian.
3. Legez ezarritako arrazoiengatik, osoko bilkurak lehen deialdian egiterik ez badago, bilkurak bigarren deialdian eginen dira, lehen deialdirako ezarritako egunetik bi egun baliodun igaro ondoren, automatikoki, lehena egiteko ezarritako ordu berean.
Bigarren deialdirako ohartarazpena (tokia, eguna eta ordua) lehenbizikorako gai zerrendarekin eta deialdiarekin batera helaraziko zaie zinegotziei.
4. Bigarren deialdian ere legez ezinezkoa bada bilkura egitea, ondoriorik gabe geratuko da, eta bertan jasotako gaiak geroago eginen den lehen bilkurako gai zerrendan sartuko dira, haren izaera edozein dela ere.
5. Hasi ez den bilkura baterako deialdia egin ondoren, deialdia baliogabetzea –arrazoi bereziengatik beti– udalburuari dagokio. Horretarako, gainerako udal taldeetako bozeramaileei galdetzen ahalko die.
Baliogabetze horren jakinarazpena arrazoitua izanen da, eta presakoena den prozeduraren bidez helaraziko zaie osoko bilkurako kide guztiei.
6. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, udalburuak ezin izanen du inola ere baliogabetu aurretik baliogabetu den bilkura baten deialdi berria, ezta udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak eskatuta egindako deialdia ere, ezta legezko xedapen batek hala zehazten duenean ere.
III. KAPITULUA.–OHIKO BILKURETAKO GAI ZERRENDA
14. artikulua. Gai zerrenda.
1. Bilkuretako gai zerrenda alkateak zehaztuko du, idazkari nagusiak lagunduta. Halaber, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen laguntza ere izan dezake eta, egokia iruditzen bazaio, udalbatzako talde politikoetako bozeramaileei kontsulta egin.
2. Ohiko bilkuretako gai zerrendan atal hauek agertuko dira beti:
a) Aurreko akta edo aktak onestea.
b) Hartu beharreko erabakiei buruzko gaiak, ebazleak badira.
c) Eskaerak eta galderak egitea.
d) Udaleko gobernu organoen kontrolari buruzko atal berezi bat. Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiak eta alkateak eta, hala denean, zinegotzi ordezkariek emandako dekretuak eta ebazpenak erantsiko dira, aurreko ohiko bilkuratik egun horretara bitartekoak.
e) Azkenik, mozio ez-ebazleei, adierazpen politikoei eta adierazpen instituzionalei buruzko atal bat.
Ohiko osoko bilkuretan, udalbatzako gainerako organoen kontrolaz arduratzen den atalak izaera propioa eta atal ebazletik bereizia izan beharko du (hirugarrenen aurrean eraginkorrak diren eta udalbatzaren administrazio jardunari dagozkion akordio proposamenak jasotzen dituen atala), eta udaleko talde politiko guztien partaidetza benetan bermatu beharko da haren erregulazioan eta funtzionamenduan.
3. Mozio ebazleak, mozio ez-ebazleak eta adierazpen politiko edo instituzionalak, idatziz eginak, gai zerrendan sar daitezke, horietako bakoitzerako ezartzen den modu eta epe berean.
15. artikulua. Dokumentazioa.
1. Erregelamendu honetan araututakoaren ondorioetarako, erabilitako terminologiak definizio hauek ditu:
a) Irizpena edo erabaki proiektua: informazio batzordeak espedientea aztertu ondoren Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena. Azalpen zati bat eta hartu beharreko erabaki bat dauzka.
b) Proposamena: deialdiarekin batera bidalitako gai zerrendan sartutako gai bati buruzko proposamena, Osoko Bilkuraren mende jartzen dena, eta dagokion informazio batzordearen irizpenik ez daukana.
Azalpen zati bat edo justifikazioa izanen du eta hartu beharreko erabakia.
Ezin izanen da proposamen bat eztabaidatu edo bozkatu, aldez aurretik gehiengo soilez berretsi ez bada hura gai zerrendan sartzea.
Hartutako erabakiaren berri eman beharko zaio Informazio Batzordeari, egiten den lehen bilkuran. Aurrekoa gorabehera, bilkura egin aurretik, kasuan kasuko informazio batzordeak ematen ahalko du gaiari buruzko irizpena, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izanen hartutako erabakiaren berri ematea informazio batzorde horrek egiten duen lehen bilkuran.
c) Mozio ebazlea: Osoko Bilkurari zuzenean ezagutarazten zaion erabaki proposamena, gai zerrendan ageri ez dena. Idatziz edo ahoz aurkezten ahalko da, eta, gai zerrendan sartzeko, 29. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Mozio ebazleek, idatziz zein ahoz, izenburu bat, azalpen edo justifikazio zati bat eta hartuko den erabakia jasotzen duen xedapen zati bat izan beharko dituzte. Mozioarekin batera, mozioaren oinarri izan daitekeen edozein agiri gehigarri aurkezten ahalko da.
d) Boto partikularra: irizpen bat aldatzeko proposamena, informazio batzordeko kide batek aurkeztua.
Irizpenarekin batera joan behar du, informazio batzordeak onetsi eta biharamunetik.
e) Zuzenketa: irizpen edo proposamen bat aldatzeko proposamena, udalbatzako edozein kidek udalburuari aurkeztutako idazki baten bidez egina, gaiaren eztabaida hasi aurretik.
f) Mozio ez-ebazleak: borondate politiko baten adierazpenak dira. Udal eskumen hutsak gainditzen dituzten arazoen aurrean udalak jarreraren bat har dezan egiten dira, beste administrazio edo erakunde publiko batzuei eskatzeko eskubidea baliatuz.
Mozioaren testuak izenburu bat, azalpen edo justifikazio zati bat eta xedapen zati bat izan beharko ditu.
g) Eskaera: jarduketa proposamen bat egitea, udaleko gobernu organoetako batzuei. Osoko Bilkuraren barnean egiten diren eskaerak eztabaida daitezke, baina ez da inolaz ere horiei buruzko bozketarik eginen.
h) Galdera: Osoko Bilkuraren barnean gobernu organoei planteatutako edozein gai.
2. Osoko Bilkurak bere eskumeneko gaien berri izateko ohiko eta lehentasunezko bidea izanen da gai horiek gai zerrendan sartzea, aldez aurretik irizpena, txostena edo informazio batzordeari kontsulta egin ondoren; izan ere, horrela, udalbatzako kideek gai horiek aldez aurretik ezagutu eta aztertzeko duten eskubidea babesten da, eta beren borondatea behar bezala eratzen ahalko da.
3. Osoko Bilkuran izapidetu nahi diren akordio proposamenak eta horiei erantsitako agiriak Udaleko Idazkaritza Nagusian aurkeztu beharko dira, Osoko Bilkuraren deialdia baino bi egun baliodun lehenago gutxienez, gai zerrendan sartzeko.
4. Gai zerrendan sartutako gaien dokumentazio osoa eta amaitua, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarri izan behar dutenez, zinegotzien eskura jarriko da bide telematikoen bidez, udalbatzako idazkari nagusiak deialdia egiten duen egun beretik.
5. Ondorioz, udalbatzako edozein kidek aztertzen ahalko du, baita dokumentu zehatzen kopiak lortu ere.
6. Osoko bilkuretako gai zerrenda herriko komunikabide sozialei helaraziko zaie. Udalaren iragarki taulan eta web orrian jarriko da, eta Tafallako Udalaren komunikazio kanalen bidez ere zabaltzen ahalko da.
IV. KAPITULUA.–BILKURAK EGITEKO BALDINTZAK
16. artikulua. Bilkurak egiteko tokia.
Udalak udaletxean eginen ditu bilkurak.
Salbuespenez, eta Bozeramaileen Batzordeari edo udal talde politiko bakoitzeko bozeramaileei entzun ondoren, ezinbesteko kasuetan edo protokolo garrantzi berezia duten egoeretan, udalburuak noiz edo noiz erabakitzen ahalko du bilkura udalerriko lurralde eremuan berariaz gaitutako leku edo eraikin batean egitea. Hori deialdian eta ondorengo aktan jasoko da.
17. artikulua. Grabazio sistemak.
1. Bilkuretan esaten dena behar bezala zabaltze aldera, bideoa eta audioa grabatzeko eta emateko sistemak jar daitezke, jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztietarako.
2. Bilkuretako irudiak grabatzeko, ondoren zabaltzeko, are zuzeneko emanaldietan ere, horretarako baliabide teknikoak egotea izanen da baldintza.
18. artikulua. Jendaurreko bilkurak.
Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.
Era berean, egoera berezietan eta segurtasun publikoko arrazoiengatik, alkateak edo udalburuak bozketa egiten ahalko du osoko bilkura ateak itxita egiteko aukerari buruz.
19. artikulua. Ikusleak.
1. Bilkurak ikustera joaten direnak horretarako ezarri den tokian egonen dira osoko bilkuren aretoan, eta ez dute bilkuretan esku hartzerik izanen, ez eta adostasunik edo desadostasunik adierazterik ere; udalburuak, aparteko kasuetan, edozein arrazoi dela-eta bilkura normal egitea eragozten duen herritar oro aretotik kanporatzen ahalko du.
2. Ohiko osoko bilkura amaitu ondoren, mahaiburuak kontsultak, eskaerak eta galderak egiteko txanda bat ezartzen ahalko du bertaratutako jendearentzat, udalaren intereseko gai zehatzei buruz. Araudi honen 35. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izanen da.
3. Txanda horretatik kanpo, eta bilkura bukatu bitarte, ikusleak isilik egonen dira, osoko bilkura eteten denean eta udalburuak berariaz baimentzen duenean izan ezik.
20. artikulua. Egintza batasuna.
1. Bilkura oro, ohikoa nahiz berezia izan, egintza batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko. Gaueko hamabiak iritsi eta gai zerrendako gai guztiak eztabaidatu eta ebatzi ez badira, edo lehenago, modu justifikatuan eta udaleko talde politikoen bozeramaileak entzun ondoren, udalburuak bilkura bertan behera utzi eta amaitutzat ematen ahalko du. Halakoetan, eztabaidatu gabeko gaiak hurrengo bilkurako gai zerrendan sartu beharko dira, baita bilkura berezia bada ere.
2. Ezin izanen da gai baten gaineko eztabaida eta bozketa egin bitartean utzi bertan behera.
3. Bilkura bakoitzerako akta bananduak idatziko dira, eta artikulu honetan aipatzen diren inguruabarrak jasoko dira.
21. artikulua. Bertaratze quoruma.
1. Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren herenak bertaratu beharko du (gutxienez 3 kide izanen dira beti). Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.
2. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkari nagusia edo haien legezko ordezkoak izatea bertan.
22. artikulua. Absentziak.
1. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari edo idazkari nagusiari, horretarako ezarritako bideak erabiliz. Alkateak isunak paratzen ahal dizkie ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.
2. Isunaren zenbatekoa osoko bilkurarako dietaren %50 izanen da, arduraldi esklusiboko edo partzialeko zinegotziak izan, edo bertaratzeagatik ordaintzeko sistemari atxikiak.
V. KAPITULUA.–BILKUREN NONDIK NORAKOAK
23. artikulua. Hasiera, amaiera eta bertan behera uztea.
1. Bilkurari hasiera emateko, udalburuak "Bilkura hasi eginen da" esanen du, eta, ondoren, gai zerrendako lehen puntua irakurri.
2. Bilkura amaitzeko, udalburuak "Bilkura amaitutzat emanen da" esanen du.
3. Bilkuran zehar, udalburuak etenak erabakitzen ahal ditu zentzuzko erabakimenez, udal taldeek bereizirik edo batera egin ditzaten gaiari buruzko eztabaidak edo eztabaidetan atseden hartzeko. Bilkura eteteko "Bilkura eten eginen da" esanen du, eta jarraitzeko, berriz, "Bilkurari berrekinen zaio".
4. Bilkura bertan behera uzten bada, formula hau erabiliko du: "Bilkura bertan behera utzi eta amaitutzat emanen da".
24. artikulua. Abstentzioa.
1. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legeriaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiez gain, udalbatzako kideek abstenitu egin beharko dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartzetik, baldin eta tartean badira administrazio prozedurari buruzko eta administrazio publikoen kontratuei buruzko legeetan ezarritako arrazoiak edo nahitaez bete beharreko beste edozein.
2. Halakoetan, interesduna, idazkari nagusia ohartarazi, eta osoko bilkuren aretotik aterako da gai hori eztabaidatzen eta bozkatzen den bitartean, udalbatzako kide gisa izan duen jarduna eztabaidatzen denean izan ezik, orduan bertan egon eta bere burua defendatzeko eskubidea izanen baitu.
25. artikulua. Ohiko osoko bilkurak.
1. Ohiko bilkurei hasiera emateko, udalburuak galdetuko du ea udalbatzako kideren batek oharren bat egin behar dion aurreko bilkurako aktari, hots, deialdiarekin batera banatuari. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko da. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.
Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin izanen dira zuzendu.
Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.
2. Gai zerrendako puntu bakoitzari dagokionez, lehenik kasuan kasuko informazio batzordeak emandako irizpena edo akordio proposamena irakurriko du idazkari nagusiak, osorik edo zati bat, edo, informazio batzordearen irizpena ez duen presako gai bat bada, Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena irakurriko du. Udaleko edozein talde politikoren eskariz, batzordearen txosten edo espedienteko hainbat zati osorik irakurriko dira, hobeki ulertzeko komenigarria dela uste bada.
3. Mozioak (ebazleak edo ez) eta adierazpenak proposatu dituen zinegotziak irakurriko ditu.
4. Horiek irakurri ondoren, udalbatzako kideek hitz egiteko txanda irekiko da, eta, hitza ez badu inork eskatzen, gaiari buruzko bozketa eginen da, hala badagokio.
26. artikulua. Zuzenketak eta boto partikularrak.
1. Udalbatzako edozein kidek du proiektu edo proposamenetan jasotako proposamenei idatzizko zuzenketak aurkezteko eskubidea. Zuzenketa horiek osokoak izan daitezke, edo partzialak, gehitzekoak, kentzekoak, aldatzekoak edo transakziozkoak.
2. Ahal dela, zuzenketak idatziz eginen dira, idazkari nagusiari zuzenduko zaizkio, eta osoko bilkuraren aurreko eguneko 12:00ak arte eginen ahalko dira. Horrela, udaleko gainerako talde politikoei kopia bana emanen ahalko zaie, jakin, eztabaidatu eta, ondoren, onartu edo baztertu ahal izateko. Ezinezkoa bada, zuzendu nahi den gaia eztabaidatzen hasi aurretik aurkezten ahalko dira, eta udalburuak gutxieneko etenaldi bat ezartzen ahalko du, testua taldeetako bozeramaileei helarazteko, egoki irizten zaion moduan.
3. Osoko zuzenketak dira proiektu edo proposamenaren egokitasunari, printzipioei edo oinarriei buruzkoak eta horiek itzultzea eskatzen dutenak.
Gehitzeko zuzenketen bidez puntu berriak eransten zaizkio proiektuari edo akordio proposamenari. Aldatzekoen bidez edukia aldatzen da. Bi kasu horietan, zuzenketak proposatzen den testua jaso beharko du.
Kentzeko zuzenketen bidez proiektuaren edo akordio proposamenaren zati bat ezabatzen da.
Zuzenketa transakziozkoa izanen da, baldin eta, bi udal talde edo ordezkari atxiki gaberen edo gehiagoren arteko aurre akordio batez, bakoitzak bere zuzenketak bertan behera uzten baditu, guztien artean adostutako beste zuzenketa bat egiteko.
4. Zuzenketak eztabaidatu eta bozkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:
4.1. Proiektuaren edo proposamenaren testua azaldu ondoren, zuzenketak eztabaidatuko dira, osoko zuzenketetatik hasita. Proposatzaileak bere proiektua edo proposamena bertan behera uzten badu edo zuzenketak bozketa irabazten badu, ez da jarraituko gainerako zuzenketekin.
Oro har, zuzenketa bat aurkeztuta, proposatzaileak gehienez hiru minutuko epea izanen du zuzenketa azaldu eta arrazoitzeko. Azalpenaren ostean, udaleko talde politiko bakoitzak eztabaidatu (denbora berdina izanen dute horretarako), eta, azkenik, zuzenketaren bozketa eginen da.
4.2. Ondoren, artikuluen zuzenketekin jarraituko da, hurrenkera honetan: kentzeko zuzenketak, udalburuaren iritziz proiektuaren testuaren irizpidetik gehien aldentzen diren aldatzeko zuzenketak, eta testu horretara gehien hurbiltzen diren zuzenketak. Gehitzeko zuzenketak azkenik eztabaidatuko dira. Zuzenketa bat baino gehiago egonez gero, kide gehien dituen taldeak aurkeztutakoak bozkatuko dira lehenik, eta horrela hurrenez hurren.
a) Oro har, zuzenketa bat aurkeztuta, proposatzaileak gehienez hiru minutuko epea izanen du zuzenketa azaldu eta arrazoitzeko. Azalpenaren ostean, udaleko talde politiko bakoitzak eztabaidatu (denbora berdina izanen dute horretarako), eta, azkenik, zuzenketaren bozketa eginen da.
b) Proiektuaren edo proposamenaren edukia hutsaldu dezakeenean, aurkezten dituenak horiek atzera botatzeko ahalmena du, zuzenketaren edukia jakin ondoren eta hura eztabaidatu eta bozkatu aurretik. Atzera botatzen badu, ez da ez eztabaidatuko ez bozkatuko.
c) Proiektua edo proposamena egin duen pertsonak zuzenketa baten edukia onartzen badu, eztabaida eta bozketa zuzendu den proiektuan edo proposamenean oinarrituta eginen da, zuzenketa eranstea aldez aurretik bozkatu beharrik gabe.
d) Proiektua edo proposamena egin duen pertsonak ez badu zuzenketa partziala onartzen, ezta proiektua edo proposamena atzera botatzen ere, zuzenketa bozkatuko da.
e) Horiek bozkatu ostean, proiektuaren edo proposamenaren testua bozkatuko da, onartutako zuzenketen arabera.
5. Aurrekoa gorabehera, proiektuari edo akordio proposamenari buruzko eztabaida amaitu ondoren, zuzenketa bat onartzearen ondorioz testua inkongruentea edo punturen batean ez oso argia izan badaiteke, udalburuak, bere ekimenez edo udaleko talde politikoren batek eskatuta, testua zerbitzu juridikoetara bidaltzen ahalko du, zerbitzu horiek modu harmonikoan idatz dezaten.
6. Eztabaidan zehar, udalburuak "in voce" zuzenketak onartzen ahalko ditu, baldin eta zuzenketa horien helburua akats edo oker teknikoak, terminologikoak edo gramatikalak zuzentzea bada, bai eta transakziozkoak ere, horien bidez aurkeztutako zuzenketen artean akordio bat lortu nahi bada.
7. Informazio Batzordeko kide batek emandako boto partikularretan jasotako irizpena aldatzeko proposamenak horiek egin dituen zinegotziak defendatuko ditu, eta zuzenketen aurretik bozkatuko dira. Boto partikularrak irabazten badu, testu osoa bozkatuko da, irizpen edo proiektuaren kasuan kasuko zatiak aldatutako testuarekin ordeztuta.
27. artikulua. Eztabaida eta bozketa.
1. Gai zerrendako puntuak irakurri eta berehala, mahaiburuak eztabaidarako txanda irekiko du.
2. Gai zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak. Hori hala izanik ere, udalburuak gaien hurrenkera aldatzen ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.
3. Udalburuak bideratu eta antolatuko du eztabaida; errespetua, ordena eta adeitasuna zainduko ditu uneoro.
4. Udalbatzako edozein kidek –baita udalburuak ere– gai zerrendako espedienteren bat kentzeko eskatzen ahalko du, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion.
Espedientea mahai gainean geldi dadila ere eskatzen ahalko dute, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko.
Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.
5. Udalburuak gai zerrendatik kendu ahalko ditu onesteko gehiengo berezia behar duten gaiak gehiengo hori lortu ezin denean.
6. Eztabaida sorrarazten duten gai zerrendako puntuetan, gaiak lehenbizi eztabaidatu eginen dira eta gero bozkatu.
7. Eztabaidan, udaleko talde politikoetako zinegotziek edo bozeramaileek udalburuaren baimena beharko dute hitza hartzeko, eta ezarritako hurrenkeraren arabera hartuko dute esku. Elkarri uzten ahalko diote dagokien txanda, eta udalbatzari hitz eginen diote beti, eta ez pertsona jakin bati.
8. Eztabaida bultzatzen bada, udalburuak antolatuko ditu esku hartzeak, arau hauei jarraikiz:
a) Eztabaida hasteko, proposamena azaldu eta justifikatuko da. Horren ardura izanen du udalburuak edo udaleko gobernu taldea osatzen duten zinegotziren batek edo, kasua bada, proposamena aurkezten duen pertsonak, bere izenean edo udaleko kolektibo edo talde politikoaren izenean. Gehienez ere bost minutu izanen dira azalpen hori egiteko.
b) Ondoren, boto partikularren eta aurkeztutako zuzenketen txanda izanen da, 26. artikuluan ezarritako hurrenkerari eta prozedurari jarraituz.
c) Udaleko edozein talde politikok eskatzen ahalko du puntukako bozketa. Proposatzaileak eskaera onartu edo baztertu dezake.
d) Boto partikularrik edo zuzenketarik egiten ez bada, eta puntukako bozketa proposatu eta baztertu egiten bada, proiektua edo proposamena osorik eztabaidatu eta bozkatuko da, honela:
1.–Talde guztiek, izendatzen duten zinegotziaren bitartez, lehen txanda izanen dute, gehienez ere hiru minutukoa.
2.–Osoko Bilkuran ordezkaritza txikiena dutenak hasiko dira eta ordezkaritza handiagoa dutenek jarraituko dute, talderen batek espresuki uko egin ezean. Dena den, horrek ez du esan nahi geroago esku hartzeari uko egiten diotenik.
3.–Talderen batek eskatzen badu, bigarren txanda izanen da, gehienez bi minutukoa. Hitz egiteko hurrenkera lehen txandarako ezarritako bera izanen da. Hori amaitu ondoren, udalburuak amaitutzat eman dezake eztabaida. Amaitzeko, txostengileak bi minutuz esku hartzen ahal du, hala eskatuz gero.
e) Esku hartzeren batean bera aipatzen dutela uste duenak aipamenen txanda eska diezaioke udalburuari, esandakoari erantzun diezaion, eztabaidaren gaiaren muinean sartu gabe; txanda hori laburra eta zehatza izanen da, gehienez ere minutu batekoa.
Horren harira, aipamen gisa hartuko dira eztabaidan egiten diren adierazpenak, baldin eta balio iritziak edo baieztapen subjektiboak jasotzen badituzte, udalbatzako kideen izen onaz edo jokabideaz edo duintasunaz; ez da horrelakotzat hartuko bere jarduera politikoari buruzko erreferentzia hutsa egitea. Aipamenak bilkura berean erantzun beharko dira. Aipatua bertan ez badago, udaleko talde politiko bereko beste kide batek erantzun ahalko du haren izenean. Modu berean, aipamena udaleko talde politiko jakin bati egiten zaionean, bozeramaileak erantzuten ahalko du.
9. Esku hartzeko denbora zentzuz erabiliko da, eta udalburuak denbora hori luzatzeko baimena ematen ahalko du, azaltzen amai dezan. Kasu horretan, gainerako esku hartzaileei denbora berdina erabiltzeko aukera emanen die, hala eskatuz gero.
Emandako denbora amaitutakoan, udalburuak hitza kentzen ahalko dio hizlariari, amaitu egin behar duela bi aldiz esan ondoren.
10. Garrantzi handia duten gaien kasuan, orokorrean araututako esku hartzeen araubidea aldatzen ahalko du udalburuak, alegia, esku hartzeen denbora luzatzen ahalko du edo egoki iritzitako aldaketak eginen ahalko ditu –arrazoitu egin beharko du–, bere erabakiz edo udaleko edozein talde politikotako bozeramaileak edo udalbatzako kide atxiki gabeek proposatuta.
11. Hitz egiten duenean, ezin izanen zaio inori moztu. Udalburuak bakarrik egin dezake hori, denbora agortu zaiola jakinarazteko, portaeraren inguruan ohartarazteko edo hitza kentzeko.
12. Zinegotziek uko egiten ahalko diete hitz egiteko txandei, edo zuzenketak eztabaidatzeko izapidean soilik esku hartzen ahalko dute.
13. Eztabaidako edozein unetan, udalbatzako edozein kidek eskatzen ahalko du funtzionamendu arauak betetzeko, eta, horretarako, aplikatu behar den artikulua aipatu beharko du. Horren inguruan ezin izanen da eztabaidarik egin, eta egindako alegazioa ikusirik udalburuak hartzen duen erabakiari men egin beharko zaio.
14. Udalburuak eztabaida bukatutzat jo dezake udalean ordezkariak dituzten udaleko talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.
28. artikulua. Aurrekontu orokor bakarraren eztabaida.
1. Udalaren aurrekontu orokorraren proiektua kasuan kasuko foru araudian xedatutakoaren arabera, artikulu honetan jasotako zehaztapenen arabera, eta, modu osagarrian, udalbatzak erabakiak hartzeko prozedura erkideari buruzko xedapenen arabera izapidetuko da.
2. Tafallako Udalaren aurrekontu orokorraren proiektuak, bai eta aurkezten zaizkion zuzenketek ere, aurrekontu eta finantza egonkortasunaren arauak bete beharko dituzte, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
3. Alkateak aurrekontu orokorraren proiektuaren zirriborroa prestatu ondoren, Udal Kontu-hartzailetzaren laguntzarekin, eta lehenengoak ezarritako egutegiarekin bat etorriz, Kontuen Batzorde Berezian aurkeztuko da.
Zuzenketak aurkezteko epea Kontuen Batzorde Bereziaren bilkura egin baino hiru egun lehenago amaituko da, Osoko Bilkurari aurkeztu aurretik irizpena eman dezan.
Zuzenketak osokoak, partzialak, kentzekoak, aldatzekoak edo gehitzekoak izan daitezke. Azken bi kasu horietan, zuzenketak proposatutako alternatiba eta finantzaketa bildu beharko ditu.
Osoko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dira lehenik, eta Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio batzordeak onetsitako mota horretako zuzenketen berrespena.
Osoko zuzenketak batzordean onesten ez badira, zuzenketa partzialak eztabaidatzen eta bozkatzen jarraituko da, eta horiek, onetsiz gero, Osoko Bilkurari aurkeztuko zaion batzordearen irizpenean sartuko dira.
Batzordean izapidetzeko onartzen ahalko dira talde politikoek idatziz aurkezten dituzten transakziozko zuzenketak, dagoeneko egindako zuzenketen eta alkateak aurkeztutako proiektuaren artean akordio bat lortze aldera, bai eta akats eta oker teknikoak zuzentzera bideratutako zuzenketa teknikoak ere.
Oro har, zuzenketaren bat atzera botatzen bada, proposamena egin duen taldeak Osoko Bilkuraren aurrean defendatzeko erreserba eginen ahalko du. Dena den, kasu horretan izan ezik, ez da beste zuzenketarik aztertuko Osoko Bilkuran, salbu eta transakziozkoak eta teknikoak.
Osoko Bilkuran defendatzeko erreserbatzen diren zuzenketak, bai eta batzordearen irizpenerako boto partikularrak ere, eztabaidaren edozein unetan egin beharko dira batzordean, edo eztabaida amaitu eta hurrengo 24 orduetan.
4. Osoko Bilkurako eztabaida hasteko, proiektua defendatuko du udalburuak edo gaian eskuduntzak dituen zinegotzi delegatuak. Txanda bakarra izanen du, denbora mugarik gabe.
Batzordearen irizpenerako boto partikularrik eman ez bada, eta batzorde horretan Osoko Bilkurarako zuzenketarik erreserbatu ez bada, proiektua bere osotasunean eztabaidatu eta bozkatuko da.
Osoko zuzenketak defendatzeko, talde politiko guztiek 10 minutuko txanda izanen dute, eta erantzuteko beste txanda bat, 5 minutukoa. Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko da, eta amaitutzat emanen da eztabaida, horietako bat onesten bada.
Osoko Bilkurarako erreserbatutako zuzenketa partzialak defendatzeko, talde politikoek 3 minutuko txanda izanen dute, eta beste bi minutu, erantzuteko; berdina izanen da Osoko Bilkuran eztabaidatzeko egindako boto partikularren defentsaren kasuan.
Osoko Bilkuran zuzenketak egiteko edo boto partikularrak emateko erreserbarik egin ez duten talde politikoek ezin izanen dute esku hartu, salbu eta proiektuaren defentsaz arduratzen den zinegotzi delegatuak. Talde politikoei eztabaidan eta zuzenketen eztabaidan legozkiekeen txanda eta denbora berdinak izanen ditu, erantzuteko eta aurka egiteko.
Eztabaidan, udalburuak izapidetzeko onartzen ahalko ditu zuzenketa teknikoak, akats edo oker teknikoak zuzentzera bideratutakoak, bai eta transakziozko zuzenketak ere, baldin eta horien bidez erreserbatutako zuzenketen eta proiektuaren arteko akordioa lortu nahi bada. Hori dela eta, idatziz aurkeztu behar dira, eta transakzioaren xede diren zuzenketak kendu.
5. Zuzenketen eztabaida eta boto partikularrak amaitutakoan, zuzenketak eta proiektua bozkatuko dira.
29. artikulua. Mozio ebazleak.
1. Ohiko bilkuretan, gai zerrendako gaien azterketa bukatu eta galderen eta erantzunen txandara pasatu aurretik, udalburuak galdetuko du ea talde politikoren batek nahi duen Osoko Bilkurak aztertzea presa dela-eta deialdiko gai zerrendan sartuta ez dagoen gairen bat, galderen eta eskaeren atalean sartzen ez dena.
2. Mozio ebazleek ezin dute proposatu osoko bilkurak erabakiak hartzea kide anitzeko edo pertsona bakarreko beste organo baten eskumeneko gaiei buruz. Kasu horretan, udalburuak proposamena sartzea ukatzen ahalko du legezkotasun arrazoiak argudiatuz.
3. Ezinbesteko baldintza izanen da proposamena egin duenak presakoa zergatik den justifikatzea, eta osoko bilkurak aldez aurretik onestea eztabaida bidezkoa dela. Onespen horrek udalbatzako kideen gehiengo osoaren babesa beharko du.
Mozioak, ahozkoa izan arren, azalpen edo justifikazio zati bat eta hartu beharreko erabakia jaso beharko ditu.
4. Udaleko talde politikoen bozeramaileek etenaldi bat eskatzen ahalko diote udalbatzari, presaz aurkeztutako mozioa aztertu ahal izateko. Eskaera hori presako bozketa baino lehen egiten ahalko da, edo, onetsi ondoren, erabakiaren edukiari buruzko bozketa baino lehen.
5. Mozioa presakotzat jotzen bada, gai zerrendan jasotako gaietarako ezarritako arauen arabera eztabaidatu eta bozkatuko da.
6. Mozio bat presakotzat jotzeak eta, ondoren, Osoko Bilkurak mozioa onesteak ez dakar mozioaren edukiaren gaineko eskumena; izan ere, eskumena alkateari edo udalbatzako beste edozein organori esleituta badago, udalbatzak ezin du erabakirik hartu.
7. Erabakia hartu ondoren txostenak egiten badira, mozio horrek indarreko legeria urratzen duela ondorioztatuz, hurrengo osoko bilkuran jakinaraziko da, udalbatzak horren berri izan dezan.
30. artikulua. Kontrola eta fiskalizazioa.
1. Ohiko osoko bilkuretan, udalbatzako gainerako organoen kontrolaz arduratzen den atalak izaera propioa eta atal ebazletik bereizia izan beharko du, eta haren funtzionamenduan eta, hala denean, erregulazioan bentan bermatu beharko da udal talde guztien partaidetza.
2. Ohiko Osoko Bilkuran, udaleko gobernu organoen kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atala ongi gara dadin, udalbatzako kide guztiek beren esku izanen dute alkateak azken ohiko bilkuraz gero emandako dekretu eta ebazpenen zerrenda, bai eta norberaren edo eskuordetutako eskumenez kide bakarreko organoek edo kide anitzekoek emandakoena ere.
3. Udalbatzako kide guztiek ebazpen, dekretu edo akordio zehatz bati buruzko argibideak eskatzen ahalko dizkiote gobernu organo eskudunari; horiek bilkuran berean eman daitezke edo erantzuna geroratu, ahoz edo idatziz emateko hurrengo ohiko bilkuran.
Eztabaidatu, kritikatu edo gaitzetsi egin daitezke, baina inola ere ezin da erabakirik hartu edo aldaketarik egin egintza horiei dagokienez.
4. Halaber, kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atal horren parte izanen dira beste egintza batzuk, honako hauen kontu ematea: epai judizial irmoak edo Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak, udal eragina duten beste erakunde batzuen txostenak, bai eta Osoko Bilkurari jakinarazteko txostenak ere, guztiak Osoko Bilkuraren eskumeneko gaiei buruzkoak.
5. Aktan jasoko da dokumentazio hori udalbatzako kide guztien eskura jarri dela eta dagokion kontu ematea egin dela.
31. artikulua. Galderak eta eskaerak.
1. Galderak eta eskaerak, ahoz edo idatziz, udaleko gobernu organoei zuzenduko zaizkie, baita eskuordetza eta erantzukizuna duten zinegotziei ere, eta udal jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira.
2. Galdera eta eskaeren txandan ez da hiru minutu baino gehiago hitz eginen.
3. Eskaerak egin ditzakete udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez.
Eskaerak ahoz edo idatziz egin daitezke, eta normalean hurrengo bilkuran eztabaidatuko dira, nahiz eta aurkezten diren bilkura berean ere eztabaidatzen ahalko diren, udalburuak egoki ikusten badu.
4. Galderak egin ditzakete udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez.
Bilkura batean ahoz egiten diren galderei, oro har, hurrengo bilkuran erantzunen die hartzaileak, nahiz eta zilegi izanen den galdera hartu duenak berehala erantzutea.
Gutxienez bilkura hasi baino hogeita lau ordu lehenago idatziz egindako galderak bilkura horretan bertan erantzunen dira, salbu eta galderaren hartzaileak hurrengo bilerarako atzeratzea eskatzen badu, behar bezala informatzeko behar diren datuak biltzearren.
Erantzuna emateko informazioa udaletik kanpo jaso behar bada, informazio hori lortu ostean erantzunen da Osoko Bilkuran.
Erantzuna eman ondoren, udalburuak erantzuteko edo berriz galdetzeko aukera emanen ahalko dio galdera egin duen zinegotziari, eta eztabaida interpelatutako zinegotziak berriz hitz egin ondoren amaituko da. Erantzuteko eta interpelazioa amaitzeko denbora ez da bi minututik gorakoa izanen. Nolanahi ere, aztertutako gaiaren arabera, udalburuak epe luzeagoa ezartzen ahalko du esku hartzeetan.
32. artikulua. Mozio ez-ebazleak.
1. Mozio ez-ebazleak borondate politiko baten adierazpenak dira. Udal eskumen hutsak gainditzen dituzten arazoen aurrean Tafallako Udalak jarreraren bat har dezan egiten dira, beste administrazio edo erakunde publiko batzuei eskatzeko eskubidea baliatuz. Gai horiek ez dute txostenik edo barne fiskalizaziorik behar.
2. Mozio horiek ez dute ondorio juridikorik, eta ez da administrazio ahalik egikaritzen. Mozio horien eremutik kanpo geratzen dira udal eskumeneko administrazio jarduera jakin batzuk egitea helburu duten adierazpenak edo gai korporatiboen ohiko kudeaketaren ondorio direnak.
3. Zinegotzien mozioak dagokien udal talde politikoari esleituko zaizkio. Hainbat taldetako kideek sinatzen badute, guztiei esleituko zaizkie.
4. Zinegotziek eta udaleko talde politikoek mozioak idatziz aurkezten ahalko dituzte, ahal dela bide telematikoz, gai zerrendan sartzeko, osoko bilkurarako deia egiten den eguneko 12:00ak baino lehen.
5. Zinegotziek eta udaleko talde politikoek mozioak zuzenean aurkezten ahalko dituzte, idatziz edo ahoz, defendatu eta eztabaidatu nahi diren osoko bilkuran.
Udalburuak etenaldirako gutxieneko denbora bat ezartzen ahalko du, egokitzat jotzen den moduan, udaleko talde politikoen bozeramaileek testua azter dezaten.
6. Udaleko talde politiko bakoitzeko bozeramaileei entzun ondoren, gai zerrendan jasotako eta/edo Osoko Bilkuran zuzenean aurkeztutako mozio bi edo gehiago batera eztabaidatzea erabakitzen ahalko du udalburuak, antzeko edo elkarri lotutako gaiei buruzkoak direnean.
7. Aurkeztutako mozioak edozein unetan botatzen ahalko dituzte atzera proposatzaileek, betiere bozketa hasi aurretik.
8. Osoko Bilkurak honela hartuko ditu mozio ez-ebazleak:
a) Esku hartzen lehena izanen da mozioa aurkeztu duena edo proposamena egin duen talde politikoak parte hartzeko izendatutako bozeramailea edo zinegotzia. Gehienez ere hiru minutuz hitz eginen du.
b) Udaleko talde politiko bakoitzak 3 minutuko txanda izanen du.
c) Modu osagarrian, osoko bilkuran esku hartzeko arau orokorrak aplikatuko dira.
9. Herritarrek udaleko talde politikoren bati proposatzen dizkioten mozioak, Osoko Bilkuran sinatzeko eta aurkezteko, talde politikoek eskuordetuta irakurtzen ahalko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute inola ere eztabaidan eta bozketan parte hartu.
33. artikulua. Adierazpen politikoak eta instituzionalak.
1. Adierazpen politikoak adierazpen edo iritzi politikoak dira, garrantzi politikoko edozein gairen aurrean parte hartzeko eta pentsatzeko askatasunaren eskubideaz baliatuz egiten dira, interes orokorreko alderdiei buruzkoak dira eta Tafallako herritarren gehiengoaren iritzia adierazten dute. Adierazpen edo iritzi horiek ez dute inolako eragin juridikorik ez hartzaileentzat ez hirugarrenentzat., eta udal eskumena gaindi dezakete.
Adierazpen politikoen proposamenak udal talde batek edo gehiagok izenpetuta aurkezten ahal dira, osoko bilkuraren deialdia egiten den eguneko 12:00ak baino lehen, gai zerrendan sar daitezen. Idazkari nagusiari aurkeztuko zaizkio, ahal dela bide telematikoz.
Presako kasuetan –azalpena ematean justifikatu beharko da presa–, zuzenean aurkezten ahalko da Osoko Bilkuraren aurrean.
Eztabaidatu eta bozkatzeko, mozio ez-ebazleetarako ezarritako arau berberak erabiliko dira.
Onetsitakoan, Estatuko, Nafarroako Foru Komunitateko edo beste administrazio batzuetako organo konstituzionalei, agintariei eta organismoei edo adierazpenaren testuan interesa izan dezaketen kolektiboei bidaliko zaizkie. Horrez gain, Tafallako Udaleko hedabide ofizialetan argitaratzen ahalko dira.
2. Adierazpen instituzionalek Tafallako Udalaren aho bateko jarrera adierazten dute interes orokorreko edozein gairi buruz, nahiz eta udal eskumenak edo eskudantziak gainditu. Adierazpen edo iritzi horiek ez dute inolako eragin juridikorik ez hartzaileentzat ez hirugarrenentzat.
Aurkezteko eta argitaratzeko modua eta epea adierazpen politikoetarako ezarritako berdinak izanen dira.
Adierazpen instituzionalaren proposamenak Osoko Bilkuran irakurriko dira, udal taldeen esku hartzerik eta eztabaidarik gabe, eta bertaratuek aho batez onetsiko dituzte. Onartutzat hartuko dira, baldin eta proposamena onartzeak ez badu udalbatzako ezein kideren eragozpenik edo aurkakotasunik eragiten.
34. artikulua. Ordena bilkuretan.
1. Osoko Bilkurako udalburuari dagokio bilkuretan ordena zaintzea, eta zilegi izanen du udalbatzako kideei ohartaraztea kasu hauetan:
a) Udalbatzari edo bertako kideei, erakunde publikoei edo beste edozein pertsona edo entitateri buruzko begirunerik gabeko hitzak esan edo kontzeptuak adierazten dituztenean.
b) Bilkurak behar bezala gauzatzeko ezarritakoaren aurka aritzen badira bere esku hartzeetan.
c) Etenak eragiten dituztenean edo bilkuretako ordena beste edozein modutan nahasten dutenean.
d) Hitza erabili nahi dutenean eman ez zaienean edo kendu ondoren.
2. a) letran jasotako kasua gertatzen denean, udalburuak esandakoa zuzentzeko eskatuko dio hizlariari. Hizlariak uko egiten badio eskaera horri, ordena gordetzeko deiak egin ahalko dira, eta bilkuratik kanporatzen ahalko da, jarraian datorren apartatuan ezarritakoaren arabera.
3. Hiru ohartarazpen egin ondoren, bigarrenean adierazirik hirugarren deiak ondorioak ekarriko dituela, udalburuak hitza kenduko dio eta zinegotziari agintzen ahalko dio bilkura aretoa utz dezala. Kanporatuak aretoa uzteari uko egiten badio, udalburuak aldi baterako eten eginen du bilkura, gero, hura bertan ez dela, berriro hasiera emateko, eta kanporaketa eraginkor egiteko behar diren neurri guztiak hartuko ditu.
4. Bertaratu diren ikusleen jarrerak ordena urratzen badu edo ikusle horiek behar den jendetasunik erakusten ez badute, udalburuak aretoa erabat edo hein batean husteko agindua ematen ahalko du, eta bilkura egiten jarraitu ala ez erabakiko du. Arrazoi horrengatik edo beste edozeinengatik bilkura ezohiko moduan eteteak hura amaitutzat jotzea ekar dezake; halakoetan, beste bilkura baterako dei eginen da erabakitzeke utzitako gaia lantzeko, atea itxita, beharrezkoa bada.
5. Ikusleek eta udalbatzako kideek, bilkuran zehar, ezin izanen dute pankartarik, ikurrik edo bestelako adierazpiderik erakutsi iraingarriak badira, ez udalbatzako kideek esaten dutena atseginez edo arbuioz hartzekoak, ez beste edozein edukiri buruzkoak. Halakoak agertzen badira, udalburuak kentzeko aginduko du.
Alde horretatik, arbuioa erakusten duten adierazpideak izanen dira alderdi politikoak, udaleko talde politikoak, pertsonak edo kargu publikoak zuzenean eta pertsonalki irainez aipatzen dituztenak; muturreko egoeretan, udalburuak agintzen ahalko du osoko bilkura atea itxita egin dadila, erabakiak eragozpenik gabe hartu ahal izateko.
6. Udalburuak, udaleko gainerako talde politikoen bozeramaileei entzun ondoren, sinboloak, kartelak edo bestelako euskarriak erakusteko baimena ematen ahalko du, babes sozialeko adierazpenak direnean.
35. artikulua. Bertaratutako ikusleen esku hartzea.
1. Jendaurreko bilkuretan, jendea uneoro isilik egotera beharturik dago, inongo onespen edo gaitzespen adierazpenik azaldu gabe.
2. Bilkuretan entzuleek ezin izanen dute eztabaidetan parte hartu, ezta mintzatu ere. Hala ere, Osoko Bilkuraren ohiko bilkura bukatuta, kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atalaren ondoren, udalburuak galdera eta eskaeren txandari bidea ematen ahal dio, bertan dagoen jendearendako, udalaren intereseko gai zehatzei buruz.
3. Galderak egin nahi dituzten bertaratuek zuzenean bilkura berean egiten ahalko dituzte, edo aldez aurretik idatziz, udalbatzak galderen berri izateko.
4. Udalburuaren lana izanen da txanda hori antolatzea eta ixtea.
VI. KAPITULUA.–ERABAKIAK HARTZEA
36. artikulua. Erabakiak.
1. Ohiko bilkuretan ez da erabakirik hartuko gai zerrendako gai bati buruz aldez aurretik informazio batzorde batean aztertu ez bada, salbu eta gai zerrendan jasotako proposamenak, mozio ebazleak eta ez-ebazleak, eta adierazpen politikoak edo instituzionalak.
2. Bilkura berezietan ez da erabakirik hartuko gai zerrendan sartu gabeko gaiei buruz, salbu eta, udalbatzako kide guztiak bertan izanik eta aho batez erabakita, gai zerrendan sartzen bada eta presakoa dela onartzen bada.
3. Gai zerrendan sartu gabeko gaiak direnean eta horiek idazkari nagusiaren, Udal Kontu Hartzailetzaren edo beste edozeinen aginduzko txostena behar dutenean, udalburuari eskatu beharko zaio azterketa geroratu eta mahaian utz dezala hurrengo bilkurara arte. Eskaera hori aintzat hartzen ez denean, idazkari nagusiak espresuki agerraraziko du aktan.
4. Hartutako erabakiak helaraztean eta jakinaraztean, idazkari nagusiak bidezko diren zuzenketa teknikoak egiten ahalko ditu, erabaki horien edukia inola ere aldatu gabe.
37. artikulua. Gehiengoak.
1. Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira, salbu eta legeak boto gehiago eskatzen dituen kasuetan. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean lortzen da gehiengo soila.
2. Gehiengo osotzat hartuko da baiezko botoak udalbatza edo dagokion organoa osatzen duten zinegotzien legezko kopuruaren erdia baino gehiago direnean. Ondorio horietarako, gehiengo osoa izanen da udalbatza edo dagokion organoko kide guztien kopurua zati 2 egitetik ateratzen den emaitzaren berdina, dezimalak daudenean unitate handienera biribilduta.
38. artikulua. Bozketa.
1. Zinegotzi batek une batez alde egiten badu bilkura aretotik behin gai bat eztabaidatzen hasi denean, horrek abstentzioaren balio bera izanen du, salbu eta gaia bozkatzen hasi aurretik sartzen bada berriro aretora. Izan ere, kasu horretan, botoa emateko eskubidea izanen du.
2. Bozketa hasita dagoenean ezin izanen da hura eten, arrazoia edozein delarik ere, eta hura egiten ari den bitartean ezin izanen da udalbatzako kiderik bilkuratik irten edo hara sartu.
3. Zinegotziak gaia eztabaidatzen hasi aurretik uzten badu bilkura aretoa eta ez bada behin betiko itzultzen bilkurara, ezin izanen da haren bozketarik zenbatu.
4. Udalbatzako kide bakoitzari dagokion boto betebeharra baiezko, ezezko edo abstentzio boto gisa eman daiteke. Hala eta guztiz ere, bozketan parte hartuko ez dutela adierazten duten zinegotzien kasuan, abstentzio boto gisa zenbatu behar da.
5. Gehiengo soila behar den gaietan bakarrik, bozketan berdinketa gertatzen bada, bigarren bozketa eginen da, eta berdinketa izaten jarraitzen badu, udalburuaren kalitatezko botoak zehaztuko du emaitza.
39. artikulua. Bozketa mota.
1. Bozketak honelakoak izanen dira:
a) Ohiko bozketak: baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten dira.
b) Izenezko bozketak: deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira, edo osoko bilkuren aretoan duten kokalekuaren arabera deituta, eta azkena udalburua izan ohi da beti; zinegotzi bakoitzak, deitzen diotenean, ozenki esaten du "bai", "ez" edo "abstenitu egiten naiz".
c) Ezkutuko bozketak: boto paperak erabiltzen dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean.
2. Erabakiak hartzeko, oro har, ohiko bozketa erabiliko da, salbu eta Osoko Bilkurak izenezko bozketa egitea erabakitzen duenean kasu jakin baterako.
Izenezko bozketa udalbatzako edozein kidek eska dezake, puntu zehatzaren gaineko eztabaida hasi baino lehen beti.
Nahitaez izenezkoak izanen dira alkatearen aurkako zentsura mozioari buruzko bozketa eta hark berak aurkeztutako konfiantza arazoari buruzkoa, hala baitago xedaturik hauteskundeei buruzko araubide orokorreko legerian. Bozketa isilpekoa izan daiteke, gaiaren eztabaida halakoa izan eta udalbatzak hala erabakitzen badu.
3. Edonola ere, bilkura aktan jasoko da talde politiko bakoitzaren botoa, eta haien artean desadostasunik badago, talde horretako zinegotzi bakoitzaren botoa.
4. Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatu ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten. Nolanahi ere den, zinegotzi guztiek bermaturik dute zer boto eman duten aktan azaltzeko eskubidea.
40. artikulua. Botoa eskuordetzea.
1. Zinegotziek Tafallako Udaleko Osoko Bilkuran duten botoa bilkurara joaten den udalbatzako beste kide baten esku uzten ahalko dute kasu hauetan.
a) Amatasunaren kariaz, erditu ondoko sei astean bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen botoa eskuordetzeko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.
b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Baja medikoa frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.
2. Osoko bilkuretan soilik eskuordetzen ahalko da botoa, inoiz ez batzordeetan edo lan saioetan, eta zinegotzi bakoitzak gehienez ere boto bat har dezake.
3. Beste baten esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.
4. Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.
5. Artikulu honetan araututako boto eskuordetua balia dezaketen udalbatzako kideek erregelamendu organiko honetan araututako partaidetza telematikoko sistema erabiltzen ahalko dute, baldin eta inguruabarrek horretarako bide ematen badute eta idatziz eskatzen badiote udalburuari edo idazkari nagusiari.
41. artikulua. Erabakiak argitaratzea eta jakinaraztea.
Osoko Bilkurak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak, benetan erabakitzaileak badira, legeetan, araudi sektorialetan eta udal ordenantzetan ezarri bezala argitaratu eta jakinaraziko dira.
42. artikulua. Kopiak eta egiaztagiriak.
1. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek, aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizun eta baldintzen arabera.
2. Udalbatzaren erabaki bati dagokion bilkuraren akta onetsi aitzin ere egiten ahalko dira haren gaineko egiaztagiriak, betiere inguruabar edo muga horretaz ohartaraziz eta kontuan harturik behin betiko aktan alda daitekeela.
II. TITULUA.–TOKIKO GOBERNU BATZARRA
43. artikulua. Osaera.
Alkateak eta zinegotzien legezko kopuruaren herenak, gehienez ere, osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu zinegotzi horiek, eta horren berri emanen Osoko Bilkurari. Kopuruari begira, ez dira dezimalak kontuan izanen zinegotzien kopuru osoa zati hiru eragiketa egin eta gero.
44. artikulua. Maiztasuna.
Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak hamabostean behin eginen dira gutxienez, eta Osoko Bilkurak erabakiko ditu. Alkateak dekretu bidez zehaztuko du ohiko bilkurak zein egun eta ordutan eginen diren.
45. artikulua. Deialdia.
1. Alkateak eginen du bilkuretarako deia, gutxienez 24 ordu lehenagotik, baina, salbuespen gisa eta presako arrazoiak daudenean, epe hori laburtzen ahalko da.
2. Alkateak bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu deialdian, bai eta gai zerrenda ere.
3. Gai zerrendan sartutako gaiei buruzko espediente amaitu eta osoak udalbatzako idazkari nagusiari utzi beharko zaizkio deia egiten den unetik beretik, batzarreko kideen eskura egon daitezen.
4. Alkateak erabakita, eta kide guztiak bertan egonik, aitzinetik deirik egin gabe biltzen ahalko da Tokiko Gobernu Batzarra, betiere berandu gabe ebatzi beharreko aferak eztabaidatzeko. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.
5. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, presako bilkura bereziak egiten ahalko dira, deialdirik gabe, kide guztiak eta idazkaria bertan direla, eta kideek aho batez erabakitzen badute bilkura egitea.
6. Alkateak edozein unetan bil dezake Tokiko Gobernu Batzarra, beharrezkoa iruditzen zaionean batzar horren iritzia jasotzea edo ebazpenak eman aurretik haren partaidetza eskatzea, dagozkion eskudantziak erabiliz.
7. Tokiko Gobernu Batzarraren ohiko bilkurak eta bilkura bereziak baliabide telematikoen bidez deituko dira, hartzaileek jaso dituztela behar bezala egiaztatzeko. Presako bilkura berezietan, eta ebazpen bat eman aurreko iritzia edo partaidetza soilik jakin nahi denean, gailu mugikorrak erabiltzen ahalko dira, eta hartzaileek jaso dituztela egiaztatu beharko da.
46. artikulua. Bilkuren nondik norakoa.
1. Gai zerrendako puntuak beste hurrenkera batean aztertu ahalko ditu alkateak edozein unetan, aldez aurretik justifikatuta.
2. Bilkurak legez egiteko ezinbestekoa izanen da gehiengo osoa izatea bertan, eta quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdia eginen da, ordubete geroago; orduan nahikoa izanen da kideen herenak bertaratzea eta, edonola ere, hiru kide gutxienez.
3. Alkateak eta idazkariak egon beharko dute nahitaez, edo haien legezko ordezkoek.
4. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Dena den, udalbatzaren iragarki taulan ikusgai jarriko da hartzen diren erabakien laburpena, eta dagokion bilkuraren akta bidaliko zaie udalbatzako kide guztiei, hurrengo ohiko bilkura egin baino lehen (bertan onetsiko da). Edozein kidek aldez aurretik eskatzen badu, idazkari nagusiak akta horren zirriborroa bidali beharko du.
5. Erabakiak Osoko Bilkuraren eskuordetzaz hartuko direnean, eztabaidatu eta bozkatu bitartean, bilkurak jendaurrean eginen dira. Kasu horretan, gai zerrendako puntuak bilkuraren izaera mistoa kontuan hartuta ordenatu beharko dira.
6. Gonbidatu gisa joaten ahalko dira, hitzarekin baina botorik gabe, organo horretakoak ez diren zinegotziak eta zuzendaritza organoetako titularrak, alkateak berariaz deitzen dituenean.
7. Gai zerrendako gai zehatz batzuk aztertzeko, alkateak udal teknikariak edo arlo horietako adituak agertzeko baimena eman dezake.
8. Era berean, alkateak batzarraren bilkuretara gonbida ditzake udalbatzako kideak, batzarreko kideak ez izan arren erantzukizunak badituzte aztertuko diren gaiei dagozkien arloetan.
9. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkuretara joaten direnek isilpean gorde behar dituzte bileretan zehar emandako iritziak eta eztabaidak.
10. Alkateak zuzenduko ditu, zuhurtziak agintzen dionaren arabera, Tokiko Gobernu Batzarraren eztabaidak eta deliberazioak.
47. artikulua. Eskuordetutako eskumenak.
1. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten dituen eskumenak ezin izanen dira utzi ez alkateordeen esku, ez beste administrazio organo batzuen esku.
2. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena bereganatu ahalko du noiznahi. Hala ere, horiek berriz hartzeko ebazpena idatziz egin beharko da eta Udalbatzako Osoko Bilkurari jakinarazi, gai zerrendan berariaz sartuta.
Eskuordetzan emandako eskumenak berreskuratzen direnean, jatorriz eskumen hori berea duen organoak berraztertu egin ditzake organo eskuordeak hartutako erabakiak, erabakiak edo administrazio egintzak berraztertzeko ezarriak diren kasuetan eta baldintzetan.
3. Eskuordetutako eskumenak berreskuratzeari buruz adierazitakoa gorabehera, organo eskuordetzaileak ebazpen arrazoitu baten bidez erabaki dezake espediente zehatz batzuen gaineko eskumena bere gain hartzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean edo hura ordezten duen arauan xedatutakoarekin bat etorriz.
4. Eskumena denbora mugarik gabe eskuordetzan uzten dela ulertuko da, salbu eta organo eskuordetzaileak espresuki besterik esaten badu edo salbu eta denbora muga eskumenaren nolakotasunetik beretik badator.
48. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren akordioak.
1. Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumenak erabiliz hartzen dituen erabakiek akordio forma hartuko dute.
2. Tokiko Gobernu Batzarrak, alkateak eskatuta, alkateari babesa eta laguntza emateko organo gisa jarduten duenean, bere erabakiek irizpen forma hartuko dute.
3. Tokiko Gobernu Batzarrak eskuordetzan emandako akordioek organo eskuordetzaileak hartutako eraginkortasun bera izanen dute.
4. Osoko Bilkurak ez du zertan erabaki horiek berretsi, salbu eta Tokiko Gobernu Batzarrak bere gain hartzen dituenean udalbatza osoaren eskudantziak, Osoko Bilkuraren eskuordetzari jarraikiz eta presako arrazoiak direla bide.
5. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako erabaki jakin batzuei buruzko aktak onetsi aurretik luzatzen ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.
49. artikulua. Bilkuren aktak.
1. Tokiko Gobernu Batzarreko idazkariak bilkura bakoitzaren akta eginen du, hartutako erabakiak eta irizpenak jasoz.
2. Bilkuraren aktan jasoko dira data, hasteko eta amaitzeko ordua, bertaratuen izenak, aztertutako gaiak eta hartutako erabakiak eta irizpenak.
3. Bilkurak grabatzeko erabakia hartzen bada, aktak udaleko osoko bilkuren modu berean jasoko dira.
50. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria.
1. Tokiko Gobernu Batzarreko Idazkaritza Tafallako Udaleko idazkari nagusiaren postua betetzen duen pertsonari dagokio.
2. Idazkariak funtzio hauek ditu:
a) Organoko buruari laguntzea.
b) Bilkuren deialdiak bidaltzea Tokiko Gobernu Batzarra osatzen duten pertsonei.
c) Tokiko Gobernu Batzarraren bilkuren deialdi, gai zerrenda eta aktak artxibatu eta gordetzea.
d) Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiak unitate arduradunei behar bezala eta leialki jakinaraztea, izapideak egin ditzaten eta jakinarazpenak dagokion moduan egin ditzaten.
e) Fede publikoa emateko funtzioak.
f) Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako aktak bidaltzea Estatuko Administrazio Orokorrari eta Nafarroako Foru Komunitateari.
g) Indarreko arauek esleitzen dioten beste edozein funtzio.
3. Idazkaritzako titularra ez badago, hark izendatutako beste funtzionario batek ordezkatzen ahalko du.
51. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren erantzukizun politikoa.
1. Tokiko Gobernu Batzarrak, alkateari dagozkion gobernu funtzioen jardunean elkarlanerako kide anitzeko organoa den heinean, bere kudeaketa politikoaz solidarioki erantzuten du Tafallako Udalaren Osoko Bilkuraren aurrean, kide bakoitzak bere kudeaketagatik duen erantzukizun zuzenaren kalterik gabe.
2. Tokiko Gobernu Batzarraren erantzukizun politikoa alkatearenetik banaezina izanen da, eta Osoko Bilkuraren aurrean zentsura mozioaren bidez edo alkatearekiko konfiantza arazoa eztabaidatu eta bozkatzearen bidez bakarrik eskatzen ahalko da, Hauteskunde Araubide Orokorra arautzen duen Lege Organikoan aurreikusitakoari jarraikiz.
3. Alkatearekiko konfiantza kenduz gero, nahitaez deseginen da Tokiko Gobernu Batzarra eta gobernu berria izendatuko da.
52. artikulua. Arau osagarriak.
Kapitulu honetan xedatu ez den orotan, aurreko tituluan osoko bilkuretarako ezarritako arau orokorrak aplikatzen ahalko dira.
III. TITULUA.–SISTEMA TELEMATIKOAK
I. KAPITULUA.–IKUS-ENTZUNEZKO BALIABIDEEN ERABILERA
53. artikulua. Kide anitzeko organoen bilkurak grabatzea.
1. Udalak jendaurreko bilkura guztiak grabatzea eta herritarren eskura dauden plataformetan argitaratzea sustatuko du. Grabaketa horiek toki titulartasunekoak izanen dira, eta kide anitzeko organoaren idazkariak ziurtagiri elektronikoaren bitartez izenpetuko ditu, fede publikoa emateko bere eginkizunean.
2. Bilkurak grabatzen direnean edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzen direnean, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.
3. Grabaketaren fitxategia, haren egiazkotasunari n eta osotasunari dagokionez idazkaritzak emandako egiaztagiria, edo, kasua bada, sinadura elektronikoa bilkuretako akta idatziarekin batera aurkeztuko dira, azken horretan bere baitan izandako eztabaidak jaso beharrik gabe.
4. Grabazio horren izena ikus-entzunezko akta da. Osoko bilkuren aktak ikus-entzunezko aktak izanen dira. Gainerako kasuetan, sistema hori erabiliko da, lehentasunez eta ahal den guztietan.
Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:
–Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa.
Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legeriak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin.
–Ikus-entzunezko agiria edo bideoa: bilkuran gertatu denaren bideo grabaketa da, eta audioa eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.
–Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, udalburuak ere sinatuko du akta.
5. Aurreko apartatuaren arabera, ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean. Ondorioz, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik nahikoa dela ikus-entzunezko zatia ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan aurreikusi bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.
6. Xedapen honek aurreikusten ez dituen kasuetan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.
7. Osoko bilkuretan, komunikabideek, zinegotziek eta bertaratutako jendeak, informazioaren profesionalak izan edo ez, saioak grabatu eta Internet edo sare sozialen bidez zabaltzen ahal dituzte, bilkura jendaurrekoa denean, betiere osoko bilkuraren ordena normala aldatzen ez bada. Dena den, beti egonen da bilkura aretoak komunikabideentzat eta jendearentzat den edukieraren muga objektiboa, eta, nolanahi ere, sekretutzat jotzen diren eta legez bidezkoak diren gaien eztabaida eta bozketa isilpekoak izateko muga. Eskubide hori ez du aldez aurretik baimena eskatzeak baldintzatzen, baina aldez aurretik jakinarazi beharko zaio bilkurako buruari.
8. Udaleko kide anitzeko gainerako organoen bilkurak, jendaurrekoak ez badira, ezin izanen dira grabatu ez zabaldu. Aurrekoa gorabehera, Tafallako Udaleko langileek, kide anitzeko organoko buruak hala eskatuta, Tafallako Udaleko kide anitzeko organoek egiten dituzten eta jendaurrekoak ez diren bilkurak grabatzen ahalko dituzte, bilkuren aktak idazteko laguntza gisa erabil daitezen soilik.
54. artikulua. Saioetan ikus-entzunezko baliabideak erabiltzea.
Teknikoki posible den heinean, kideei eta bertaratuei ikus-entzunezko baliabideak emanen zaizkie gaiak azaltzeko eta defendatzeko.
II. KAPITULUA.–UDALAREN GOBERNU ORGANOEN BILKURA EZ PRESENTZIALAK EDO MISTOAK
55. artikulua. Saio presentzialak eta mistoak.
1. Tafallako Udaleko kide anitzeko organoen bilkurak, oro har, aurrez aurre eginen dira.
2. Ezinbesteko kasuetan, arrisku kolektibo larriko egoeretan edo hondamendi publikoetan, Tafallako Udaleko kide anitzeko organoen bilkuretako araubide presentzialaren funtzionamendu normala –eta are bilkurak atea itxita egiteko aukera– neurriz kanpo eragozten edo zailtzen denean, urrutiko bilkurak eratzen, egiten eta erabakiak hartzen ahalko dituzte bitarteko elektroniko eta telematikoen bidez, baldin eta parte hartzaileak Espainiako lurraldean badaude eta haien nortasuna frogatzeko modua badute. Horretarako, deialdia egiteko unean organoaren buru denak, Bozeramaileen Batzarrari edo, Osoko Bilkuraren kasuan, udal taldeetako bozeramaileei edo organoko gainerako kideei entzun eta gero, ebazpena eman beharko du aldez aurretik.
Toki araubidearen oinarrizko legeriak eta sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko legeriak bilkura ez-presentzialetarako araututako segurtasun juridikoaren baldintzak bete beharko dira.
Erabilitako baliabideek parte hartzaileen arteko interaktibitatea eta interkomunikazioa denbora errealean bermatu behar dute; hala, bilkuren izaera publiko edo sekretua bermatzeko beharrezkoa den guztia bideratu beharko dute, kasu bakoitzean legez dagokion gisan.
Ondorio horietarako, bada, baliabide elektroniko baliozkotzat hartuko dira audiokonferentziak, bideokonferentziak edo honako alderdi hauek egokiro bermatzen dituzten bestelako sistema teknologikoak edo ikus-entzunezkoak: segurtasun teknologikoa, kideen nortasuna, kideen benetako partaidetza politikoa, erabakien eztabaida eta bozketaren baliozkotasuna eta horiek gertatzen diren denbora.
Edonola ere, udalbatzako kideren batek eskura dituen tresnek ez badiote aukerarik ematen gainerakoak erabiltzen ari diren baliabidearen bidez parte hartzeko bilkuran, parte hartzen ahalko du aurreko paragrafoan adierazitako baliozko beste tresna horietakoren bat erabiliz, horrela berma dadin deialdian sartutako gaien eztabaidan eta bozketan parte hartzeko daukan eskubidea.
Eskubide hori bermatzeko, bada, udal zerbitzuek ahaleginak eginen dituzte baliabide material egokiak jartzeko hala eskatzen duten udalbatzako kideen eskura.
3. Salbuespen gisa, eta partaidetza demokratikorako eskubidea bermatze aldera, gobernu eta administrazio arloan beharrezkoak diren kide anitzeko organoek saio mistoak egiten ahalko dituzte, partaidetza erdipresentzialarekin, honako kasu hauetan:
a) Boto eskuordetuaz balia daitezkeen zinegotziek, eztabaidan parte hartzea eta azken bozketa eztabaida horren arabera egitea bultzatuz.
b) Aurreko apartatuan jasota ez dauden eta bilkurara bertaratzea eragozten dien ezinbesteko egoera, arrisku profila edo gaixotasuna egiaztatzen duten zinegotziak.
Kasu horietan, udalburuak baimena ematen ahalko du, nortasuna bermatzeko bitarteko egokiak eta baliozkoak baditu, eta deialdian jasotako gaien eztabaidan eta bozketan parte hartzeko eskubidea badu.
Ukitutako udalbatzako kideek udalburuari eta idazkari nagusiari egin beharko diete eskabidea, ahalik eta lasterren, aurreko apartatuan aipatutako bitartekoak gaitu ahal izateko.
4. Osoko Bilkuraren erabaki bidez, erregelamendu hau onesteko eskatzen den gehiengoarekin, eta Bozeramaileen Batzarrari kontsulta egin ostean, artikulu honetan aurreikusitako kasuak gehitzen ahalko dira, modu justifikatuan, kide anitzeko gobernu eta administrazio organoen bilkurak oso-osorik telematikoki edo mistoki egiteko.
5. Gobernu eta administrazio organo osagarriek bilkura mistoak egiten ahalko dituzte, artikulu honetan bildutako mugarik gabe.
6. Bilkurak egitean, telematikoki ari diren zinegotzien ardura izanen da esku hartzeei, eztabaidari eta bozketari arreta osoa ematea, etenik eta distrakziorik gabe, betiere udalburuak, bilkuraren ordena ezartzeko agintari gisa, ematen dituen jarraibideei jarraituz.
IV. TITULUA.–BATZORDEAK
I. KAPITULUA.–INFORMAZIO BATZORDE IRAUNKORRAK
56. artikulua. Xedea.
1. Informazio batzordeen funtzioak dira Osoko Bilkurak erabaki beharreko gaiak aztertu, prestatu eta haien gaineko txostena ematea. Haiei buruz nahitaez egin beharko zaie kontsulta; Osoko Bilkurak presakotzat jotzen dituen gaiak beste salbuespenik ez dago horretarako.
2. Alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren eta eskuordetzak dituzten zinegotzien kudeaketaren jarraipena ere egin behar dute, eta administrazio arlo bakoitzean garrantzitsuak diren gaien berri izan eta horiek idatziz jaso. Halaber, gai horiei buruzko ebazpenak emateko eskumena ere izanen dute.
3. Izaera iraunkorreko informazio batzordeen funtzioak dira Osoko Bilkurak edo Tokiko Gobernu Batzarrak eta alkateak erabaki beharreko gaien gaineko irizpena ematea aurretiaz, azken bi kasuetan organo horiek Osoko Bilkurak eskuordetuta aritzen direnean. Osoko Bilkuraren esku ez dauden beste gaiei dagokienez ere jardun dezakete informazio batzordeek, organo eskudunak irizpena eskatzen dienean, hain zuzen.
57. artikulua. Sorrera eta osaera.
1. Osoko Bilkurak, alkatearen proposamenez eta udalbatza eratzeko bilkura egin eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan, informazio batzorde iraunkorren sorrerari eta osaerari buruzko erabakia hartuko du. Ahal den neurrian, udal zerbitzuak egituratzen diren administrazio arlo handien kopuruarekin eta izendapenarekin bat etor daitezen saiatuko da.
Udalbatzaren agintaldiaren barruan, Osoko Bilkurak, gehiengo soilez, batzorde iraunkor eta orokor horiek sortzen eta aldatzen ahalko ditu, bai eta gai zehatz batzuei buruzko batzorde berezi batzuk sortzea erabaki ere.
2. Batzorde informatiboak udalbatzako kideek soilik osatuko dituzte, eta talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da horiek osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi ager daiteke edozein batzorderen bilkuretara, hitzarekin baina botorik gabe.
3. Zinegotziak informazio batzordeetara atxikitzeko, udaleko talde politiko bakoitzeko bozeramaileak idazki bat bidaliko dio alkateari, eta horren berri emanen zaio Osoko Bilkurari. Titular bakoitzeko ordezko bat ere izendatzen ahal da. Horrelakorik ezean, edo eragozpenen batengatik titularra eta ordezkoa bertaratu ezin direnean, talde politikoko beste edozein kide bertaratzen ahalko da haren ordezkari gisa; kasu horretan, titularrak hartuko du erabakia.
4. Alkatea batzorde guztien benetako buru; hala ere, udalbatzako edozein kideren alde eskuordetzen ahalko du, batzordeak berak proposatuta eta haren baitan bozketa egin ondoren. Inola ere ez da aldatuko ordezkagarritasuna.
5. Udaleko idazkari nagusia batzordeena ere izanen da, baina alkateak –idazkari nagusia entzunda– benetako idazkari izendatzen ahalko du toki administrazioaren zerbitzura dauden funtzionarioen artean, edo, bestela, kide anitzeko organoetarako administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera proposatzen ahalko da.
6. Azterketa batzordeak sortzen ahalko dira Osoko Bilkurak gehiengo soilez hartutako erabakiaren bidez, alkateak, Tokiko Gobernu Batzarrak edo udaleko talde politiko batek proposatuta. Sortzeko erabakiak arautzen ditu, eta, osagarri gisa, batzorde iraunkorrak erregulatzen dituzten arauek. Automatikoki iraungitzen dira behin horiek sortzea eragin zuten funtzioak bete ondoren, bai eta ezarritako epea igaro ondoren ere.
7. Aurrekoari kalterik egin gabe, informazio batzorde bakoitzaren barruan lantalde parte hartzaileak sortzen ahalko dira udalbatzako kideekin, udaleko langileekin eta/edo kanpoko langileekin, berariazko gai puntualak aztertzeko edo informazio batzordearen eskumeneko gai zehatzak aztertu eta proposatzeko. Funtzionamendurako barne araurik ez badago, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean edo hura ordezten duen arauan jasotako kide anitzeko organoen jarraibideen arabera jardunen dute.
58. artikulua. Maiztasuna.
1. Informazio batzorde iraunkorrek ohiko bilkurak eginen dituzte udalbatzak zehazten duen aldizkakotasunarekin, baldin eta bilkuretan jorratzeko gairik bada. Dena den, batzordea eratzeko bilkuran maiztasun zehatza eta horiek zer egunetan eta ordutan eginen diren erabakitzen ahalko da.
2. Batzordekideek edozein informazio batzordetako buruari proposatzen ahalko diote haiei hobekien datorkien egun eta orduetan egitea bilkurak, ahalik eta kide gehien joatea baita helburua. Edonola ere, kontuan hartu behar dute bilkurak nahikoa aurrerapenarekin egin behar direla, irizpena jaso behar duten gaiak dagokion osoko bilkuraren gai zerrendan sartu ahal izateko, eta gainerako informazio batzordeen deialdiekin koordinatuta, zinegotzien presentzia bermatzeko.
59. artikulua. Deialdia.
1. Informazio batzordeetarako deia alkateak edo benetako burutza eskuordetzaz jasoa duen zinegotziak eginen du; horiek, halaber, bilkura berezi edo presakoetarako deia egiten ahalko dute. Batzordekideen laurdenek eskatzen dutenean ere egiten ahalko da deia, deialdiaren arrazoiak azalduz gero.
2. Deialdia eta erantsitako dokumentazioa idatziz bidaliko dira, gutxienez bi egun baliodun lehenago –presako arrazoiak daudenean izan ezik–, eta aztertu behar diren gaiak jasoko dira.
3. Ohiko deialdietan eta deialdi berezietan, ahal dela, bitarteko telematikoak erabiliko dira, entregatu eta jaso direla jasota gera dadin.
Deialdi berezi eta presakoetan telefonoa, SMSak edo antzeko bideak erabiltzen ahalko dira.
4. Gai batek ez badu nahitaezko txosten tekniko, juridiko edo ekonomikorik, ez da informazio batzordeen gai zerrendan sartuko –udalbatzako organo batek onetsi behar dituen gaiei buruzko aurretiko irizpena jasotzeko asmoarekin–.
60. artikulua. Bilkuren nondik norakoa.
1. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu beste baten eskumenekoak diren gaiei buruz, gai komunak ez badira behintzat. Hala ere, informazio batzorde bi edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.
2. Udalburuak herritar edo interesdunen bat gonbida dezake batzordeetara agertzeko eta dagokion afera gehienez ere 15 minutuz azaltzeko (edo denbora luzeagoan, gaia dela-eta justifikatuta badago). Azalpena amaitu eta gero, alde egin beharko du, eta batzordea bilkurari lotuko zaio atzera ere.
3. Batzordeek aukera izanen dute edozein funtzionario, udal langile edo arloko erantzule den udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan, baita teknikariak, aholkulariak edo adituak agertzeko ere.
4. Erabakiak hartzeko prozeduran, batzordearen irizpena, beti ez-loteslea izanen dena, bere xedea den proposamenarekin ados dagoen edo ez adieraztera mugatzen ahalko da.
5. Batzordekideek kontrako beren botoa jaso dadila eskatzen ahalko dute edo boto partikularra azaldu, Osoko Bilkuran defendatzeko.
6. Bilkura bakoitzeko, akta bat idatziko da, bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak jasoko dituena. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteei, bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio.
II. KAPITULUA.–INFORMAZIO BATZORDE BEREZIAK
61. artikulua. Xedea eta eskudantziak.
1. Informazio batzorde bereziak dira Osoko Bilkuraren erabakiz gai zehatz baterako eratzen direnak, gaiaren edozein motatako ezaugarri bereziak kontuan harturik.
2. Osoko Bilkurak xedatuko ditu xedea, osaera, esleitutako funtzioak betetzeko denbora eta, hala badagokio, funtzionamendu arauak.
3. Delako gaiari buruzko irizpena eta txostena eman ondoren automatikoki deseginen dira batzorde horiek, Osoko Bilkurak horiek sortzeko hartutako erabakian bestelakorik ezarri ezean.
III. KAPITULUA.–KONTUEN BATZORDE BEREZIA
62. artikulua. Xedea eta eskudantziak.
1. Kontuen Batzorde Berezia nahitaez eratu behar da, eta haren eskudantziak indarrean dagoen araudian zehazten dira. Batzorde horren eskumena, funtsean, udalbatzak onetsi behar dituen aurrekontuko eta aurrekontuz kanpoko kontu guztiak aztertzea eta horiei buruzko txostena egitea da.
2. Kontuen Batzorde Bereziak informazio batzorde iraunkor gisa jarduten ahalko du udalaren arlo ekonomikoarekin eta ogasunarekin lotutako beste gai batzuetarako, bai eta eskumen ekonomikoak dituen administrazio arloari lotutako berezko gaietarako ere.
63. artikulua. Kideak eta funtzionamendua.
1. Batzordearen osaera, integrazioa eta funtzionamendua bat etorriko da gainerako informazio batzordeetarako ezarritakoarekin.
2. Batzordeak eska dezake alkatea eta aztertu beharreko gaiaz arduratzen diren udal teknikariak bilkuretan ager daitezela, esku artean daukan informazioa osatzeko.
V. TITULUA.–KIDE BAKARREKO ORGANOAK
I. KAPITULUA.–ALKATEA
64. artikulua. Eskudantziak.
1. Alkatea da udalburua.
2. Honako hau dagokio alkateari:
a) Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen babespean aitortuta dauzkan eskudantziak dagozkio, aplikatzekoa den foru legeriatik datozen berezitasunekin bat.
b) Alkateordeak izendatu eta kenduko ditu, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean. Organo horretako kideak izendatzea eta kentzea ere hari dagokio.
c) Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko legeek oro har Tafallako udalerriari esleitzen dizkioten gainerako eskudantziak dagozkio, titulartasuna zein udal organok hartu behar duen zehaztu gabe.
65. artikulua. Eskuordetzak.
1. Alkateak, komenigarritzat jotzen duenean eta gomendagarri egiten duten inguruabar tekniko, ekonomiko, sozial edo juridikoak daudenean, bere eskumenetako bat Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahal dio berariazko egintzaren bidez.
2. Halaber, eskuordetzea eska ahal die Tokiko Gobernu Batzarreko kideei eta alkateordeei, eta, aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuk udalbatzako edozein kideren esku uzten ahal ditu, organo horretakoa izan zein ez.
3. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritako mugen barruan eskuordetuko dira eskumenak.
4. Eskuordetzak ezarriko du haren norainokoa, hau da, eskuordetze generikoa den edo zeregin jakin baterakoa den zehaztuko da. Argi eta garbi adieraziko dira eskuordetzaren eremu funtzionala, eskuordetzen diren ahalmen zehatzak, ahalmen horiek erabiltzeko baldintza espezifikoak eta eskuordetzak zenbat iraunen duen.
5. Alkatearen eskuordetzek hartzen diren egunaren biharamunetik izanen dituzte ondorioak, non eta ez den bestelakorik xedatzen, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea deusetan galarazi gabe.
6. Eskuordetzaz hartzen diren administrazio erabakiek ebazpen forma hartuko dute, pertsona bakarreko organoak eskuordetzen badu, eta akordio forma, aldiz, kide anitzeko organoaren kasuan, araudiak beste forma bat zehazten duenean izan ezik.
7. Alkateak edozein zinegotziren aldeko sinadura eskuordetzak onesten ahal ditu, administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen araudian ezarritakoaren arabera.
66. artikulua. Alkateak hartutako erabakiak formalizatzea.
1. Oro har, ondorio juridikoak dituzten erabakiek ebazpen forma hartuko dute.
2. Alkatearen ebazpen guztiak alkatearen ebazpenen liburuan sartuko dira, legez eska daitezkeen formalitateekin. Organo indibidualek alkatearen eskuordetzaren ondorioz emandako ebazpenak ere liburu horretan sartu behar dira.
3. Ebazpenen liburua bitarteko elektronikoz prestatzen ahalko da, baita zaindu ere.
II. KAPITULUA.–ALKATEORDEAK
67. artikulua. Izendatzea eta kargutik kentzea.
1. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean nahitaez.
2. Alkateak nahi eran ezarriko du alkateordeen kopurua, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen legezko kopuruaren herenaren barnean betiere.
3. Izendatzeko egintzan berean zehaztuko dira, kasua bada, emaniko eskuordetzaren nondik norakoak. Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.
4. Alkateak alkateordeen esku utzitako funtzioak kentzen ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.
5. Hartzen dituen administrazio erabakiek ebazpen eskuordetuen forma hartuko dute, araudiak beste forma bat zehazten duenean izan ezik.
68. artikulua. Eskudantziak.
1. Alkateordeek toki araubidearen legerian aurreikusitako eskumenak izanen dituzte, eta, betiere, honako hauek:
a) Alkatea ordezkatzea, izendapen hurrenkeraren arabera, hura ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.
b) Alkatea bere funtzio guztietan ordezkatzea, izendapen hurrenkeraren arabera, alkatearen kargua hutsik dagoenean, titularrak kargua utzi duelako, zendu egin delako edo alkate izaera galtzea dakarren epai irmoa dela-eta, harik eta alkate berriak kargua hartzen duen arte.
c) Jarduketa zehatzetan alkatea ordezkatzea, haren esanbidezko aginduz edo legeak hala aginduta alkateak esku hartzeari uko egin behar dionean.
d) Eskuordetutako gobernu arloari dagozkion gaiak zuzendu, koordinatu eta kudeatzea.
e) Toki araubideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera dagokien beste edozein.
2. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, hurrenkeraren arabera dagokion alkateordeak ordeztuko du, bertan bada.
III. KAPITULUA–ZINEGOTZI ESKUORDETUAK
69. artikulua. Erregulazioa.
Alkateak bere eskudantzien zati bat zinegotzien esku uzten ahalko du, dagokion eskuordetze dekretuan ezarritako modu eta baldintzetan eta aplikagarria den araudiarekin bat etorriz, eta eskudantziak egindako eskuordetzaren arabera gauzatuko dira.
VI. TITULUA.–BOZERAMAILEEN BATZARRA
70. artikulua. Izaera.
Bozeramaileen Batzarra organo osagarria, aholku emailea eta eztabaida batzarra izanen da, eta ezin izanen du, inola ere, gobernua eta administrazioa ebazteko eskumenik izan, ez eta udal organorik eskuordetu ere.
71. artikulua. Osaera.
1. Bozeramaileen Batzarra alkateak eta udaleko gainerako talde politikoetako bozeramaileek osatuko dute. Alkatea izanen da burua.
2. Bozeramaile titularrak ez daudenean ordezkoak aritu daitezke.
72. artikulua. Funtzioak.
1. Bozeramaileen Batzarrari honako aholku edo adierazpen funtzio hauek dagozkio:
a) Alkateari laguntzea, hala eskatzen dionean, bilkura bereziak egiteko egunaren eta orduaren inguruan.
b) Kasuan kasuko osoko bilkuran planteatuko diren akordio proposamenak ezagutzea, bai eta gai zerrendan sartutako gaiei dagokienez eztabaidatu nahi diren zuzenketak ere.
c) Osoko bilkura egin aurretik, Tafallako Udalak gertaera garrantzitsuen aurrean dituen jarrera eta adierazpen politiko eta instituzionalak ezagutzea.
d) Ohiko bilkuren egunak edo orduak aldatzeari buruz edo osoko bilkura udaletxea ez den beste leku edo eraikin batean –horretarako bereziki gaitua egonen da– egiteari buruz nahitaez entzuna izatea.
e) Osoko bilkura guztiz telematikoa egitea unean-unean, bai eta osoki telematikoa edo mistoa izan dadin erregelamendu honetan aurreikusitako kasuak areagotzeko proposamenak egitea ere.
f) Udalaren jarduketa lerro orokorrak proposatzea, Osoko Bilkuraren jardueren egutegia prestatzeko.
g) Osoko Bilkuraren eta bere batzordeen lanaren antolamenduak behar dituen erabaki eta neurriak hartzea.
h) Udalaren intereseko gaietan gobernu organoen jarduteko moduari buruzko informazioa biltzea.
i) Udal taldeek beraien barne funtzionamenduari buruz egiten dituzten eskariei erantzutea.
j) Adierazpen politiko eta instituzionalak egitea, baldin eta, presako arrazoiak tarteko, ezinezkoa bada osoko bilkura egin arte zain egotea.
k) Sari proposamenak egitea Osoko Bilkurari.
l) Alkateak udalbatzarentzat garrantzitsuak eta/edo presakoak diren gaietan iritzia eskatzen dionean, gai horiei buruz eztabaidatzea.
m) Udaleko talde politikoek udal lokalak erabiltzeko araubideari buruz alkateak erabakia hartu aurretik entzuna izatea.
n) Legeek esleitzen dioten beste edozein.
2. Mozio ebazleak idatziz aurkezten ahalko dira Bozeramaileen Batzarrean, udalbatzako kide guztiek gai publikoetan esku hartzeko bermeen muga murrizteko, bai eta horiek onartzearen egokitasunari eta bideragarritasunari buruzko irizpide pausatua eratzeko ere, sortzen dituen ondorio juridikoak kontuan izanda.
3. Bozeramaileen Batzarrak, edozein kidek eskatuta, kasuan kasuko osoko bilkuran planteatuko diren mozio ez-ebazleen proposamenak ezagutzen ahalko ditu.
73. artikulua. Deialdia.
1. Bozeramaileen Batzarrak ohiko bilkura eginen du osoko bilkuraren aurreko egun baliodunean, organo horretan adostutako orduan, erabaki beharreko gairen bat dagoenean.
2. Bilkura berezia eginen da alkateak horretarako deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo gutxienez bi bozeramailek eskatuta edo udalbatzako kideen laurdena gutxienez ordezkatzen duen talde bateko bozeramaile batek eskatuta. Bozeramaileen Batzarrerako deia bozeramaileek eskaturik egiten denean, aztertu beharreko gaia edo gaiak zehaztu beharko dituzte proposatzaileek.
3. Gaiaren aparteko presa dela-eta, ezin bada itxaron Bozeramaileen Batzarrak presako bilkura berezi formala egin arte, alkateak udaleko talde politikoen bozeramaileak deitzen ahalko ditu.
74. artikulua. Funtzionamendua.
1. Bozeramaileen Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrekoak.
2. Organo horren funtzionamendua lotuko zaio Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak organo osagarrietarako eta, subsidiarioki, beharrezkoetarako ezartzen duenari.
3. Bozeramaileen Batzarraren bilkuretarako deialdia udalbatzako idazkari nagusiari edo haren eskuordetza duenari eginen ahalko zaio, Bozeramaileen Batzarrean hartutako erabakien akta egiteko. Deialdia egiten ez bazaio, Bozeramaileen Batzarreko edozein kidek egiten ahalko ditu idazkari lanak.
4. Bozeramaileen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpen forma hartuko dute, eta dagozkien aktetan jasoko dira. Aktok horretarako eginen dira.
5. Oro har, Bozeramaileen Batzarrak, erregelamendu honetan jasotako eskudantziei dagokienez, bozeramaileen kontsentsuz hartuko ditu irizpenak. Dena den, kasu puntualetan, erabakia edo adierazpena proposatu duenak zera eska dezake: bilkuran dauden botoen gehiengoz onestea.
VII. TITULUA.–ARLOKO KONTSEILUAK
75. artikulua. Eraketa eta funtzioak.
1. Osoko Bilkurak arloko kontseiluak eratzea erabakitzen ahalko du, eta kontseilu horien helburua izanen da herritarrek eta haien elkarteek udal gaietan parte har dezaten bideratzea, erakundeak eskumena duen jarduketa sektoreei dagokienez.
2. Haien funtzioa soil-soilik txosten lanak egitea da eta, hala behar bada, proposamenak aurkeztea, betiere kontseilu bakoitzari dagokion jarduera sektoreari buruzko udal ekimenen inguruan.
3. Udalak herritarrek arloko kontseiluetan parte hartzeko bideak erraztu eta bultzatuko ditu. Horretarako, jendeari haien berri emanen zaio eta herritar elkarteei deiak luzatuko zaizkie, bai talde horietako koordinatzaileen bitartez bai Tafallako gizarte sareekin harreman zuzena duten teknikari guztien bitartez.
76. artikulua. Osaera, antolaketa, funtzionamendua eta jarduketa eremua.
1. Arloko kontseiluen osaera, antolaketa, funtzionamendua eta jarduketa eremua dagokion Osoko Bilkuraren erabakian zehaztuko dira, eta administrazio prozedura erkideari buruzko araudi orokorrean kide anitzeko organoei buruz ezarritako erregulazioa ezarriko da ordezko gisa.
2. Edonola ere, kontseilu bakoitzak udalkide bat izanen du buru, alkateak askatasun osoz izendatu eta kargutik kenduko duena, eta udalbatzaren eta kontseiluaren arteko lotura lana eginen du.
3. Kontseiluek lantaldeak eratzea erabaki dezakete, lurralde esparru edo jarduketa eremu zehatz bati dagozkion auziak jorratzeko, eta haietan kontseilutik kanpoko teknikariak, adituak eta ukitutako sektoreetako ordezkariak aritzen ahalko dira. Lantaldeen ondorio eta proposamenak kontseiluari igorriko zaizkio, behar diren erabakiak har daitezen.
VIII. TITULUA.–UDALEKO TALDE POLITIKOAK
I. KAPITULUA.–ARAU OROKORRAK
77. artikulua. Udaleko talde politikoak.
1. Zinegotziek, udalbatzan jarduteko, udal talde politikoak osatuko dituzte, atxiki gabeko zinegotziek izan ezik. Udal hauteskundeen ondoren udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko dira udal talde horiek. Udaleko talde politiko bakoitzak gutxienez kide bat izan beharko du, behar bezala eratzeko.
2. Zinegotzi bat ez bada sartzen hautatua izan deneko hauteskunde zerrendari dagokion taldean, edo hasieran sartu den taldea uzten badu edo hari uko egiten badio, edo bertatik botatzen badute, bada zinegotzi horrek "atxiki gabeko" izaera izanen du.
78. artikulua. Zinegotzien atxikipena.
Zinegotziak udal talde politikoei atxikitzeko, arau hauei jarraituko zaie:
a) Udaleko talde politiko bat eratuko da udalean ordezkaritza izan duen hauteskunde zerrenda bakoitzeko. Udalkidea zein hauteskunde zerrendatan zegoen, hari dagokion talde politikoan egon beharko du.
b) Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, udalbatzako jardueretan, udaleko talde politikotzat hartua izateko.
c) Zinegotziak ez dira aldi berean talde batean baino gehiagotan egoten ahal.
79. artikulua. Udal taldeak eratzea.
1. Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean udalbatzaren idazkari nagusiari aurkeztuko zaiona.
Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.
Aipatu diren epeak bete ondoko lehen bilkuran, alkateak Osoko Bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.
2. Udalbatza eratzeko bilkura egin ondoan zinegotzi bilakatzen direnak, zer zerrendatan hautatu ziren, hari dagokion taldean sartuko dira. Hala, bada, 5 egun balioduneko epea izanen dute, karguaz jabetzen direnetik, dagokien taldean sartu direla egiaztatzeko, alkateari zuzendu eta dagokion bozeramaileak sinatuko duen idazki baten bidez.
Ez badira sartzen talderen batean aurreko paragrafoan xedatzen den moduan, besterik gabe atxiki gabeko zinegotzi izanen dira.
80. artikulua. Kide anitzeko organoetako kideak izendatzea.
Udaleko talde politiko bakoitzak behar diren taldekideak izendatuko ditu talde horren ordezkari ari daitezen talde desberdinetako udalbatzako kideek osatutako kide anitzeko organo guztietan; horretarako, bozeramaileak idazki bat igorriko dio alkateari.
81. artikulua. Udaleko talde politikoen bitartekoak.
1. Udaleko talde politikoek langela edo lokal bat izanen dute udaletxean beren bilerak egiteko eta herritarrak hartzeko, eta komunikazioak jasotzeko postontzia ere izanen dute; hori guztia, udaletxearen beraren banaketak eskaintzen dituen aukeren arabera.
2. Halaber, udalaren lokalak erabiltzen ahalko dituzte bilerak edo lan saioak egiteko herritarren interes kolektibo, orokor edo sektorialen alde jarduten duten elkarteekin. Alkateak, Bozeramaileen Batzarrari entzun eta gero, agintaldi bakoitzaren hasieran ezarriko du lokal horien erabilerarako araubidea, kontuan hartuta udal antolamendua eta udalean ordezkaritza duten taldeen ordezkari kopurua.
3. Udaleko talde politiko bakoitzak laguntzaile bat izendatzen ahalko du. Izendapena edozein unetan uzten ahalko du bertan behera, udal erregistroan udaleko talde politikoaren bozeramaileak sinatutako idazki bat aurkeztuta. Laguntzaileak, bada, eskubidea izanen du bere taldearen bulegoan sartzeko eta taldeko kideek aldez aurretik eskatutako dokumentazioa jasotzeko.
82. artikulua. Udal talde politikoendako diru kopurua.
Osoko Bilkura, alkatearen proposamenez eta urteko aurrekontuen kargura, talde politikoei diru zuzkidura bat esleitzen ahalko die, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean edo hura ordezten duen araudian xedatutakoaren arabera, talde onuradunen betebeharrak, laguntzaren xedea, laguntza justifikatzeko modua eta, azkenik, ordainketa adieraziz.
Araudi hori aurrekontu orokor bakarra gauzatzeko oinarrietan ere jaso daiteke.
II. KAPITULUA.–ATXIKI GABEKO ZINEGOTZIAK
83. artikulua. Atxiki gabeko izaera.
1. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoarekin bat, atxiki gabeko zinegotziak dira hautatu zituzteneko hauteskunde formazioak eratzen duen talde politikoan sartzen ez diren udalbatzako kideak edo jatorrizko taldea uzten dutenak hartan sartu eta gero. Uzteko erabakia zinegotziak berak har dezake edo jatorrizko taldeak.
Jatorrizko taldea utzi duela ziurtatzeko, horri buruzko idazki bat aurkeztu beharko da udalaren erregistro orokorrean. Haren borondatez utzi badu, udalkideak berak aurkeztuko du idazkia, eta egotzi badute, aldiz, dagokion taldearen bozeramaileak.
Kasu horretan, idazkari nagusiak, egoki irizten badio, hautagaitza aurkeztu zuen alderdi politikoaren legezko ordezkariari eskatzen ahalko dio jakinaraz ditzala aurreko paragrafoetan adierazitako inguruabarren frogak.
2. Atxiki gabeko zinegotziak ezin izanen dira sartu ezein talde politikotan eta legegintzaldi osoan eutsiko diote izaera horri, salbu eta hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagai zerrendako alderdi politikoari dagokion taldera berriz sartzen badira, betiere haren bozeramaileak berariaz horretarako baimena eman ondoren.
84. artikulua. Eskubide ekonomikoak eta politikoak.
1. Atxiki gabeko udalkideen eskubide ekonomiko eta politikoak ezin dira izan jatorrizko taldean segitu izan balute izanen zituzketenak baino handiagoak. Zehazki, ez dute eskubiderik izanen aurrekontuan taldeen funtzionamendurako bideratutako zenbatekoak jasotzeko, eta ezin izanen dute udal eraikinetan bulegoa izatea eskatu.
Udalkide bakoitzari norbanako gisa dagozkion eskubideei eutsiko diete, eta bereziki udalaren gobernu organoak kontrolatzeko funtzioei lotutakoak, erregelamendu honetan arautzen baitira.
Nolanahi ere, atxiki gabeko izaera eskuratuz gero, jatorrizko taldeak proposatuta betetzen dituzten karguak eta lanpostuak galduko dituzte.
2. Atxiki gabeko zinegotzi izendatu eta gero, alkateari eskatzen ahalko dio Osoko Bilkurara igor diezaion parte hartu nahi duen informazio batzordeetako kide gisa aritzeko izendapena, betiere Osoko Bilkuran behar bezalako ordezkaritza proportzionaltasuna bermatuz.
Modu berean, udal organismoetan eta sozietateetan parte hartzea edo kanpo erakunde eta entitateetan udal ordezkaritza izatea berriz aztertzen ahalko da, partaidetza hori ez baita Konstituzioaren 23. artikuluan finkatutako partaidetza politikorako eskubide bat.
IX. TITULUA.–TOKI KORPORAZIOETAKO KIDEEN ESTATUTUA
I. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
85. artikulua. Eskubideak.
Zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak eta, bereziki, honako hauek:
a) Udaleko osoko bilkuretan parte hartzea eta, erregelamendu honetan zehazten diren modalitateetan, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta udaleko beste ordezkaritza organo batzuetan, araudiarekin bat.
b) Dagozkien ordainsariak, kalte ordainak eta sari ekonomikoak jasotzea, udalaren aurrekontuaren kargura.
c) Beren funtzioak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, udalaren gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.
d) Udal erabaki eta xedapenak aurkaratzea, legeria orokorrean eta erkidean ezarritakoaren arabera.
e) Funtzioak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.
f) Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea.
g) Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien aferez jarduteko.
86. artikulua. Betebeharrak.
1. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:
a) Udaleko osoko bilkuretara joatea, baita bestelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.
b) Interesen erregistroan beren ondasunen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.
c) Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, erregelamendu honek ezartzen duen gisara.
d) Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.
e) Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea.
f) Udalerritik kanpo zortzi egun edo epe hori baino gehiago egon behar izanez gero, alkateari jakinarazi beharko zaio idatziz, dela norberak zuzenean dela talde politikoko bozeramailearen bidez. Zehaztuko da kanpoan zenbat egun egoteko asmoa duen zinegotziak.
2. Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legeriak baimendutako baldintzetan.
II. KAPITULUA.–ARDURALDIAK ETA ESKUBIDE EKONOMIKOAK
87. artikulua. Arduraldi esklusiboa edo partziala.
1. Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, zehaztuko du udalbatzako zenbat kidek izanen duten arduraldi esklusiboa edo partziala eta, orobat, xede horretarako osotara erabiliko diren funtsak eta bakoitzari zer ordainsari edo kalte ordain dagozkion, betiere aurrekontuaren barnean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean edo hori ordezten duen araudian jasotako mugak gainditu gabe.
2. Udalbatzako edozein kideri arduraldi esklusiboa nahiz partziala aitortzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio, onets dezan.
Arduraldi esklusiboaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.
Arduraldi esklusiboak berekin dakar pertsona hori osoki ematea haren gain uzten diren udal arloko eginkizunetara, eta bateraezinak izatea irabazi-asmoko bestelako ardura edo lanak, edo udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Salbuespen gisa, onartuko da diruz ordaindutako bazterreko jardueretan edo norberaren edo familiaren ondarearekin zerikusia dutenetan aritzea, baina horretarako Osoko Bilkurak berariazko baimena eman beharko du.
88. artikulua. Ordainsariak.
1. Arduraldi esklusiboa edo partziala aitortuta ez duten zinegotziek ordainsariak jasoko dituzte, kide diren udalbatzako kide anitzeko organoen bilkuretara benetan joateagatik.
2. Finkatzen diren ordainsarietarako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da kide diren organoetako bilkuretara benetan joatea.
3. Toki korporazioko kideek beren karguak betetzean benetan egindako gastuen kalte ordainak jasoko dituzte, administrazio publikoetan orokorrean aplikatzekoak diren arauen arabera eta, haiek garatzeko, osoko bilkurak onesten dituen arauen arabera.
89. artikulua. Mugak.
Aipatu kopuruek ez dituzte gaindituko, osorik zenbatuta, aurrekontuan ezarritako gehiengoak eta, inolaz ere ez, arlo horretako legeria orokorrak xedatutakoa.
III. KAPITULUA.–INFORMAZIO ESKUBIDEA
90. artikulua. Informazio eskubidea.
1. Zinegotziek eskubidea dute beren karguan aritzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeko, eta administrazio espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aurrean, deusetan ukatu gabe bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak. Eskaerei bost egun naturaleko epean erantzun behar zaie. Erantzunik ez jasotzea baiespentzat hartu beharko da.
2. Zinegotziek informazioa jasotzeko duten eskubidea telematikoki gauzatuko da lehentasunez.
3. Informazioa dagoen artxiboan edo administrazio bulegoetan kontsultatu beharko da, eta informazioa zaintzeaz arduratzen den funtzionarioa izanen da horren erantzulea.
91. artikulua. Ukatzeko arrazoiak.
1. Alkateak honako kasu hauetan bakarrik ukatzen ahalko du eskatutako informazioa, betiere arrazoituta:
a) Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.
b) Gaiak herritarren segurtasunari edo babes zibilari dagozkionean, eta horien zabalkundeak eragin negatiboa izan badezake, ordena publikoa asaldatu edo herritarrak larritu daitezkeela aurreikusten delako.
c) Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak.
2. Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak udalbatzako kide batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitzematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.
IV. KAPITULUA.–INTERESEN ERREGISTROA
92. artikulua. Interesen erregistroa.
Interesen erregistroari dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko araudia aplikatzeko xedapenetan ezarritakoa beteko da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.–Testu honetan udaleko talde politikoei egiten zaizkien aipamen guztiak atxiki gabeko zinegotziei ere egin beharko zaizkie, halakorik balego.
Bigarrena.–Erregelamendu hau onestearekin batera, indarrean deklaratzen da Kulturaren Arloko Kontseilua sortzen duen Osoko Bilkuraren erabakia.
Hirugarrena.–Erregelamendu honetako edukiren bat aldatzen duten eta hierarkian gorago dauden arauak argitaratzen badira, zuzenean aplikatuko dira, hargatik eragotzi gabe erregelamendu honetan gerora sartzea, segurtasun juridikoz aplikatzen direla bermatzeko.
Laugarrena.–Administrazio Lokalari buruzko Foru Legean xedaturikoaren arabera, Tafallako Udaleko alkateak erregelamendu hau interpretatzeko eta argitzeko xedapenak ematen ahalko ditu, erregelamenduaren publikotasun baldintza berdinekin, eta horien berri emanen dio Osoko Bilkurari.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Erregelamendu hau indarrean jartzearekin bat, indarrik gabe geratzen da udalaren egungo erregelamendu organikoa, 1986koa, haren aldaketa guztiekin, bai eta hari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Iragarkiaren kodea: L2417777
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
