20. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURUZABAL

Udal ordenantza, suteen prebentzioari buruzkoa. Behin betiko onespena

Muruzabalgo Udalak, 2024ko uztailaren 4an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Suteen prebentzioari buruzko Muruzabalgo udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 30ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, 2024ko abenduaren 9an ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Muruzabalen, 2024ko abenduaren 16an.–Udalburua, Alberto Azparren Echeverría.

SUTEEN PREBENTZIOARI BURUZKO MURUZABALGO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Baso-suteak, gaur egun, baso ondareari eta herri-basoei ez ezik, natura-baliabideei eta landa-inguruneko giza jardueraren mantentzeari eta garapenari ere eragiten dien mehatxu bat dira.

Azken urteotan, suteak ugaritu egin dira, eta gero eta bortitzagoak, arriskutsuagoak eta kontrolatzen zailagoak izaten ari dira.

Egoera horrek agerian uzten du ikuspegi orokor berri bat behar dela Nafarroako eta, zehazki, Muruzabalgo baso-suteen aurkako prebentzioan eta borrokan, fenomeno horretan eragiten duten faktoreak kontuan hartuko dituen tratamendu batetik abiatuta.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta lege-oinarria.

Ordenantza honen xedea da hiri-inguruneetan eta hiri/baso interfazean suteak prebenitzea, eta, horretarako, dagozkion administrazio publikoekin koordinatutako prebentzio politika aktiboa sustatzea, hiriguneetan eta inguruko eremuetan jardutean oinarritua.

2. artikulua. Eremu subjektiboa.

Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da Muruzabalgo udal-mugartean dauden finken, lursailen eta orubeen jabe edo erabiltzaile diren pertsona fisiko eta juridiko guztientzat.

Horrez gain, ordenantza honetan jasotako xedapen zehatzaileak aplikatuko zaizkie, orobat, ondasun higiezinen jabe izan gabe ere, beren egintzez sute arriskua eragiten duten edo larrialdi taldeen etorrera eta lana zailtzen duten pertsonei.

II. KAPITULUA.–PREBENTZIO NEURRIAK

3. artikulua. Erantzukizunen araubidea.

Ondasun higiezinen jabeak beren ondasun higiezinen garbitasun eta kontserbazio eta segurtasun egoera egokiaren erantzule izanen dira, bai eta ondasun horiek segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko egoeran mantentzearen erantzule ere, ukatu gabe Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1.b) artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak.

Ondasun higiezin baten zuzeneko jabaria duten pertsonak eta jabari erabilgarria dutenak desberdinak badira, edo gozamen edo errentamenduko eskubideak badaude, ondasun horiek sasitzarik, zaborrik, eta obra hondakinik edo hondarrik gabe mantentzeko erantzukizuna azken horien gain egon daiteke, ukatu gabe Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak eta Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legeak horretarako xedatzen dutena.

Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten ondasun higiezinen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita pertsona hori, ondorio horietarako.

4. artikulua. Hirigunea.

4.1. Hirigunea udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean halakotzat definitutakoa izanen da.

4.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:

1. Eraiki gabeko lurzatiei dagokienez: lurzati horiek landaretzarik, obra hondakinik eta material erregairik gabe egon beharko dute udaberri bukaeratik, uda eta udazken amaiera bitarteko garai lehorrean. Ez da pilatzen ahalko material sukoirik edo su hartzeko arriskua sortzen ahal duenik.

2. Lurzati urbanizatu eta eraikiei dagokienez: lurzati horietan ez da erretxina ugariko espezierik landatzen ahalko, suak aise hartzen baititu, hala nola altzifrea, pinua, etab., ez lurzatiaren itxiturako heskaietan, ez lurzatiaren barneko zuhaiztietan ere. Lurzatiaren mantentze lan egokia eginen da, sasiak agertzea galaraziko da, eta kanpoan ez da metatzen ahalko sua edo sugar azkarrak sor ditzakeen materialik edo objekturik.

3. Egurtegiei dagokienez, kanpoan badaude, ez dira etxeetako teilatu hegalpeetan jarri behar; eraikinetatik aparte dauden partzeletan aldenduta jarri behar dira, eta sukoiak ez diren gauzez estali.

4. Mantentze lan egokia egin behar da teilatu, erreten eta zorrotenetan, eta garbitu beharko dira, material begetal, hosto, adaxka eta abarren metaketak kenduz.

5. Herriko kaleetan pasabidea libre utziko da eta debeku da irtenbiderik gabeko karrika estuetan aparkatzea, larrialdiko ekipoek eta ibilgailuek sarbidea izan dezaten.

6. Debekatuta dago seinaleztatutako ur-harguneak eta ureztatze ahoak oztopatzea, nolanahi dela ere, (ibilgailuak aparkatuz, gauzak eta materialak pilatuz, etab.), eta horien erabilera eragoztea.

5. artikulua. Hirigunearen perimetroaren mugako hiri-ingurumariak.

5.1. Hiri-antolamenduko planak zehazten duen hirigunearen perimetroan mugakide diren lurzatiak sartzen dira eremu horretan, eta mugakideak izan gabe, mugatik 50 metrora baino hurbilago daudenak ere bai.

5.2. Eremu horretan, honako debeku, betebehar eta gomendio hauek bete beharko dira:

1. Nekazaritzako finketan 2 ekintza nagusi ezarri dira:

a) Gomendatzen da zerrenda bat uztea lugorri, edo belar laboreak edo antzekoak jarrita, betiere bilketa goiztiarrekoak, NPEren barruan sartzen direnak.

b) Nahitaez bete beharrekoa da lursaileko lur guztia luberritzea, uzta biltzeko lanak egin ondoren.

2. Laborerako erabiltzen ez diren lursailak 2 urtez behin garbituko dira, landare gai lehorren metaketa saihesteko.

3. Ez da bidexka eta bide publikoetan aparkatzen ahalko, ezta pasabidea galaraziko duten elementu edo materialak bertan uzten ahalko ere.

6. artikulua. Nekazaritza-basogintza eremua.

6.1. Eremu horretan sartzen dira hirigunetik eta hiri-ingurumaritik kanpo geratzen diren udal mugarteko landa lurrak.

6.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:

Araudia zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman zuen 222/2016 Foru Aginduan, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu.

http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=37630

7. artikulua. Udal-mugarte osoa.

7.1. Udal-mugarte osoan, inork sute edo su-foku baten berri badu, nahitaezko betebeharra du horren berri ematea berehala. Halakoaren berri duen pertsona orok harremanetan jarri beharko du larrialdi-zerbitzuarekin, 112ra deituta.

Udal-mugarteko lurzoru urbanizaezineko eremuetan, gainera, nahitaez bete beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an emandako 222/2016 Foru Aginduan ezarritako neurriak, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu, edo hura garatzeko ematen direnak.

7.2. Ondoko jarduketa hauek debeku dira Muruzabalgo udal-mugarte osoan:

1. Sua duten edo sua eragin dezaketen suziri edo artefaktuak botatzea (jaietako suziria edo Udalak baimendutako bestelako ekintzak izan ezik).

2. Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bestelako objektuak botatzea.

3. Sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, obra-hondakinak edo bestelako hondakinak nonahi uztea.

4. Txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak baimenik gabe erabiltzea.

5. Obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak) baimendutako lekuetatik kanpo jartzea, edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea galarazten ahal dutenak.

6. Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, modu iraunkorrean nahiz behin-behinean, basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak eragozten edo zailtzen ahal dutenak, trafikoari buruzko arauen beste arau-hauste batzuk alde batera utzita.

7. Beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak nonahi uztea.

8. Lurzatian uztea inausketaren eta bestelako baso tratamenduen hondarrak.

9. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.

10. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumenari edo pertsonen osasunari kalte larria eraginda.

11. Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, erreketa modu kontrolatuan egiteko ezarritako eskakizunak bete gabe (behar den lagun taldea, palak eta bizkarreko itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehienezko abiadura eta abar).

III. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

8. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.

Muruzabalgo Udalak, Alkatetzaren edo hark eskuordetutako zinegotziaren bidez, ordenantza honetan arautu eta ezarritako jarduerak eta betebeharrak betetzen diren begiratuko du, eta kapitulu honetan jasotako zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea izapidetu ondoren.

Alkatetzak, ofizioz edo pertsona partikular batek eskaturik, eta udalaren zerbitzu teknikoen txostena eskuratu ondoren, edo, behar bada, Nafarroako Gobernuak, dagozkion nahitaezko laguntzako eginkizunak betez, eskaintzen ahal dizkion zerbitzu teknikoen txostena hartuta, ebazpena emanen du, lursailetan dauden akatsak adieraziz eta horiek zuzentzeko behar diren neurriak aginduz.

Emandako epea neurri egokiak hartu gabe iraganez gero, Alkatetzak zehapen espedientea irekitzeko aginduko du, eta indarrean dagoen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera izapidetuko da. Ebazpenean, gainera, jabeari edo administratzaileari eskatuko zaio emandako agindua betetzeko, eta hark betetzen ez badu, Udalak eginen du lan hori, behartuaren kontura, betearazpen subsidiarioko prozedura baliatuz.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak hauek dira:

a) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, eta, oro har, ezarritako prebentzio neurrien kontrako jarduketa oro.

b) Sua erabiltzea Nafarroako Gobernuak ezarritako araudia urratuz.

c) Lursailetan belar-sastrakak edo baso landaredia garbitzea edo moztea baimenik gabe.

d) Suteen prebentzio eta konponketa lanak oztopatzea.

e) Udal-mugarteko hiri/baso interfazearen barruan sutea eragiten ahal duen edozein ekintza.

9.1. Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

9.2. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

Arau-hauste arintzat hartuko dira betebehar hauei dagozkienak: 4.2 artikuluko 1. eta 2. puntuak; 5.2 artikuluko 1., 2. eta 3. puntuak; 6.2 artikuluko 1. eta 2. puntuak; eta 7.2 artikuluko 8. eta 9. puntuak.

9.3. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

Ondoko betebehar hauei dagozkienak: 4.2 artikuluko 5. eta 6. puntuak; eta 7.2 artikuluko 3. eta 7. puntuak.

Halaber, arau-hauste astuntzat joko da hamabi hilabeteko epean arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, edo arau-hauste horiek egitea ingurumenean kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.

9.4. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

Arau-hauste oso astuntzat joko da 7.2 artikuluko 1., 2., 4., 5., 6., 10. eta 11. puntuetan adierazitako betebeharrak ez betetzea. Halaber, arau-hauste oso astuntzat joko da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea edo arau-hauste astunak egitea, ingurumenari kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.

10. artikulua. Zehapenak.

1. Titulu honetan agertzen diren arau-hausteei honako isun hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinak: zehapenaren idatzizko ohartarazpena.

b) Arau-hauste astunak: 100 eurotik 1.000 eurora bitarte.

c) Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 5.000 eurora bitarte.

2. Zehapenen zenbatekoa zehaztean, honako irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Eragindako kaltea: pertsonen osasunean edo segurtasunean, ingurumenean edo legez babestutako bestelako ondasun edo interesetan duen eragina edo garrantzia.

c) Erruduntasun, intentzio eta/edo partaidetza maila.

d) Lortutako onura: zehapenak ezartzean kontuan hartuko da, betiere, arau-haustea egitea ez dadin izan onuragarriagoa arau-hauslearentzat hautsitako arauak betetzea baino.

e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

f) Arau-haustea errepikatzea, arau-haustea egin edo egiten hasi baino bi urte lehenago, arau bereko eta izaera desberdineko arau-hauste bat egin zelako, ebazpen irmo baten bidez halakotzat zehatu ondoren.

g) Aringarritzat hartuko dira arau-haustearen erantzuleak zehapen espedientea ireki aurretik neurri zuzentzaileak bere ekimenez hartzea, eta orobat, araua hausten duen jarduera bertan behera uzten badu arau-hausleak, bere borondatez.

3. Zehapenaren zenbatekoa %50 murrizten ahalko da, kasu bakoitza baloratuz, arduradunak errekerimenduak betetzeko behar diren jarduketak hamar eguneko epean egiten dituenean.

11. artikulua. Zehapen prozedura.

10.1. Eskumena.

Ordenantza honetan jasotzen diren betebeharrak urratzeari dagozkion zehapenak ezartzea alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo hark horretarako eskuordetza ematen dion zinegotziaren eskumena.

10.2. Izapidetzea.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden agintaritza agenteen salaketek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, frogaren balioa izanen dute, ukatu gabe haien betebeharra dela salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak aurkeztea, eta ukatu gabe, orobat, salatutako pertsonek beren defentsarako aurkezten ahal dituzten frogak erakusteko eskubidea.

10.3. Zehapen prozedura izapidetu eta ebaztean, gaiari buruzko oinarrizko legedian horretarako ezarritako arau guztiak beteko dira.

12. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Hemen aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, Udalak ordenantza betetzeko eskatzen ahalko die jabeei. Horretarako, 1 eta 15 egun arteko epea izanen dute, egoera zuzentzeko. Epe hori unean-unean dagoen sute arriskuaren arabera zehaztuko da.

Larritasuna agerikoa den kasuetan, Muruzabalgo Udalak beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak egiten ahalko ditu, atzematen badu egoera luzatzeagatik pertsonen osasunerako edo ingurumenerako berehalako arriskua sortzen ahal dela. Ekintza horien justifikazioa interesdunak eskaturik eginen da, eta ekintzak abiarazi ondoren.

Errekerimendua jaso duen pertsonak agindua ez badu betetzen, agindutako lanak Muruzabalgo Udalak eginen ditu modu subsidiarioan, eta, horretarako, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 35/2015 Legearen 102. artikuluan ezarritakoa hartuko du aintzat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek ezartzen duen araubidea Administrazioko beste erakunde batzuei dagozkien eskumenen esparruan egin beharreko esku-hartzeak ukatu gabe ulertu behar da; esku-hartze horiek zehazten dira 222/2016 Foru Aginduan, eta 237/2017 Foru Aginduan aldatu ziren, non hobetu beharreko alderdi batzuk zuzendu, epeak egokitu, akatsak zuzendu eta administrazioa sinplifikatu baitzen. Eta orobat, 152E/2022 Foru Aginduaren bidez egindako azken aldaketan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunen buruan jarriko da indarrean, eta bertako manuen kontra egiten duen udal xedapen oro indargabeturik geratuko da.

Iragarkiaren kodea: L2418274