1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
554E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita osasun hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioa Orkoiengo udal mugartean dago eta haren titularra Ainer Gestión de residuos sanitarios SL da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.
2024ko urriaren 25ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, zentroan sortutako hondakinen zerrendan, beste bi hondakin sartzeko, 061301 EHZ eta 180208 EHZ kodeak dituztenak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:
EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
06 13 01* | Produktu fitosanitario ez-organikoak, zuraren kontserbatzaileak eta beste biozida batzuk | Onartu egiten da sartzea osasun arriskutsuen tarteko kudeatzaile gisa duen baimenaren barruan (15G02806090282014, biltegiratzea), zehazki, R130107 eta D150102 prozesuen barruan kudeatu beharreko hondakinen zerrendan |
18 02 08 | Botikak, 18 02 07 kodean zehaztuta daudenez bestelakoak | Ez da bidezkoa sartzea. Hondakin hori sartuta dago instalazioak kudeatzen dituen hondakinen zerrendan; zehazki, R130107 eta D150102 prozesuei dagokienez, zeinak sartuak baitaude osasun arriskutsuen tarteko kudeatzaile gisa duen baimenaren barruan (15G02806090282014, biltegiratzea) |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia, ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea osasun hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Orkoiengo udal mugartean dago eta haren titularra Ainer Gestión de residuos sanitarios SL da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Ainer Gestión de residuos sanitarios SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2418419