20. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1229E/2024 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, 2025erako, udal poligono eta lokalak sustatzeko, haietan jarduera ekonomikoak gara daitezen. DDBN kodea: 805887.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.

Toki erakundeek eskatzen dituzten laguntzak jarduera ekonomikoen poligonoak sustatzeko edo beren hiri azpiegiturak hobetzeko izan ohi dira, bai eta higiezinak egokitzeko ere, bulego, lokal edo lantegi txiki gisa erabiltzeko, eta, hala, proiektu ekintzaileak gauzatzeko espazioak eduki ahal izateko.

Gobernuak 2024ko abenduaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzea, udal poligonoak eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen deialdi bat onesteko 2025erako, jarduera ekonomikoak garatzeko.

2025eko deialdi honek kalkulatutako eskariari erantzuten dio. Asmoa da diruz laguntzea toki erakundeek Nafarroan enpresak ezartzeko eskuratu behar dituzten azpiegiturak eta zuzkidurak, mota guztietakoak, eta kokatuta dauden enpresen deslokalizazioa ekiditea.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza deialdi bat 2025erako, jarduera ekonomikoak garatzeko udal poligono eta lokalak sustatzeko. 2025eko eta 2026ko aurrekontu kredituei eragiten die.

2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. 1.600.000,00 euroko gastua baimentzea, partida hauen kargura:

–1.000.000,00 euroko gastu konpromisoa, 2025eko aurrekontu orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, zeina indarreko aurrekontuko "Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak" izeneko 810001-81100-7609-458100 partidaren baliokidea izanen baita. Konpromiso hori beteko da kreditua baldin badago.

–600.000,00 euroko gastu konpromisoa, 2026ko aurrekontu orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, zeina indarreko aurrekontuko "Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak" izeneko 810001-81100-7609-458100 partidaren baliokidea izanen baita. Konpromiso hori beteko da kreditua baldin badago.

Diru kopuru hori aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, zenbateko hori 300.000 euro arte handitzen ahalko da 2025eko gastuen aurrekontuan onetsitako partidaren kargura, eta 300.000 euro arte 2026ko aurrekontuan dagokion partidaren kargura, baldin eta aurrekontu-baliabideak badaude eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Baimendutako gastua handitzeko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikulua bete beharko da, urte anitzeko gastu-konpromisoa 600.000 eurotik gorakoa bada.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da industria edo zerbitzu poligono berriak sustatzea, udal eraikinak egokitzea bulegoak edo lantegiak jartzeko, gero alokatzeko, eta orobat, poligonoetan azpiegiturak jartzea edo lehendik dauden azpiegituretan konponketa bereziak egitea.

Laguntzen onura publikoa funtsean da Nafarroako lurralde garapena orekatua izan dadin laguntzea, industria edo zerbitzu enpresak hartzeko aukera emanen duten espazio eta azpiegiturak eraikiz, lan eskaintza Foru Komunitate osora zabaldu dadin.

2. oinarria. Onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira 3. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarriak aurrera eramaten dituzten toki erakundeak.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira ondoko jarduketa hauek, gutxienez 15.000 euroko aurrekontua (BEZik gabe) dutenak:

1. Industria edo zerbitzu poligono berriak sustatzea, honako baldintza hauek beteta:

a) Poligonoaren eraikuntzak ukitutako lursailak eskatzailearen jabetzakoak izanen dira.

Eskatzaileak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, edo birpartzelazio proiektu bat onesten bada, non zehazten den eskatzailea ehuneko jakin baten jabe dela, egitate hori justifikatuko da, eta toki erakundeari dagokion ehuneko hori izanen da diruz lagungarria.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lursailen kasuan, ez da beharrezkoa izanen haien jabetza izatea, baina dagozkion ukipen baimenak beharko dira, titularrek sinatuak.

b) Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lursailek honako kalifikazioa izan behar dute indarra duen udal planeamenduan: industriarako, zerbitzuetarako edo jarduera ekonomikorako hiri-lurzorua.

c) Onuradunak konpromisoa hartuko du jarduketaren ondoriozko lurzatiak saltzeko, gutxienez, merkatuko prezioan.

d) Poligono berriek 11. oinarrian jasotzen diren gizarte baldintzak bete beharko dituzte, desgaitasuna duten pertsonei eta genero berdintasunari dagokienez.

2. Udal eraikinak egokitzea, haietan jartzeko bulegoak, lantegiak, habia-nabeak edo antzeko espazioak, ondoren bigarren edo hirugarren sektoreko enpresei edo profesionalei alokatzeko, baldintza hauek betez gero:

a) Esku-hartzearen xede den eraikinak eskatzailearen jabetzakoa izan beharko du.

b) Alokatu beharreko espazioak jarduera ekonomikoetarako erabiliko dira, ostalaritza eta turismo jardueretarako izan ezik (azken horiek onartuko dira, soilik, udalerrian industria jarduerak egiteko azpiegiturarik ez badago).

c) Gaitzen diren espazioek 11. oinarrian jasotzen diren gizarte betebeharrak bete beharko dituzte, desgaitasuna duten pertsonei dagokienez.

3. Industria edo zerbitzu poligonoak azpiegiturez hornitzea, poligono horietan azpiegiturarik ez dagoelako, eskasak direlako edo zaharkituak daudelako, eta lehendik dauden azpiegiturak mantentzeko eta konpontzeko obra bereziak ere bai.

a) Eskatzaileak ukitutako poligonoaren jabe izan beharko du, urbanizazioa sustatu zuelako edo bere garaian jaso zuelako.

b) Egin gogo den eraikuntzak ukitutako lursailek eskatzailearen jabetzakoak izan beharko dute. Poligonotik kanpoko azpiegiturak eraikitzeak ukitutako lursailen kasuan, ukipen baimenak beharko dira, haien titularrek sinatuak.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Aipatu jarduketak gauzatzeko, gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Obrak egiteko proiektuen prestaketa eta obra horien zuzendaritza fakultatiboa, beharrezkoak badira.

b) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko egin beharreko obrak.

c) Poligono berri bat sustatzeko lursailak eta, zein den kasua, behar diren zortasun eskubideak erostea. Kontzeptu horregatik diruz laguntzen ahal den aurrekontua lursailen balio katastralen batura izanen da. Eraikinak erostea ez da diruz lagungarria izanen.

d) BEZa diruz laguntzen ahalko da, baldin eta ondoren jasanarazi ezin bada poligono berriko lurzatien salmentan edo udal eraikineko lokalen alokairuan.

2. Gastu diruz lagungarrien fakturek eta ordainagiriek 10. oinarriko epeen barneko data izan beharko dute.

5. oinarria. Obren hasiera.

Jarduketa diruz lagungarriei dagozkien obrek hasita egon behar dute 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko epean.

10. oinarrian ezarritakoaren arabera, inguruabar hori obren zuinketa eta hasiera aktaren bidez egiaztatuko da (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 167. artikulua). Profesional fakultatibo batek sinatutako proiekturik behar ez duten obretan, udal idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztuko da.

6. oinarria. Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntzen zenbatekoa, gehienez ere 400.000 eurokoa, honako hau izanen da, jarduketa motaren arabera:

a) Poligono berriak sustatzea (3.1 oinarria): inbertsio diruz lagungarriaren gastuetatik kendu behar dira lurzatien salmentengatik aurreikusitako diru-sarrerak (abal bidez edo salerosketa-kontratu bidez egiaztatuak); horren emaitzaren %30.

b) Udal eraikinak egokitzea (3.2 oinarria): gastu diruz lagungarrien %30. Etorkizuneko alokairuen errentak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.

c) Poligono bat azpiegiturez hornitzea edo lehendik dauden azpiegituren ezohiko konponketa (3.3 oinarria): gastu diruz lagungarrien %50, edo %60, saneamendu sare banatzailea eraikitzen bada.

2. Laguntzaren portzentajea %5 handitzen ahalko da eskatzaileek diruz lagundu beharreko jarduketaren gaineko inpaktu azterketa bat aurkezten badute, genero ikuspegitik; horren balorazioa egiteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileen aholkularitza baliatuko da.

3. Azterketak ez du izanen 5 orrialde baino gehiago, eta galdetegi bati erantzun beharko zaio bertan; Nafarroa.eus helbideko tramiteen katalogoan, laguntzen fitxan (aurrerantzean, "laguntzen fitxa") dago galdetegi hori.

Galdetegiaren helburua da emakumeen lan egoeraren gaineko ikuspegi bat izatea, eta aurreikuspenak ezagutzea, emakumeen talentua atxikitzeari eta emakumeen enplegua sustatzeari buruz, batez ere industriaren sektorean.

4. Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 4.c) artikuluan xedatuarekin bat, eskatzaileek %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergako kuotan, poligonoak sortzeko lursailen eskualdaketak zergapetzen badira, eta orobat, toki erakundeek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak.

5. Deialdirako baimendutako gastua diruz lagundu beharreko jarduketekin agortzen ez bada, soberakina onuradun guztien artean hainbanatuko da (emandako laguntza guztien gainean soberakinak egiten duen portzentajea jarduera bakoitzari dagokion laguntza portzentajeari gehituko zaio).

Nolanahi ere, dirulaguntzaren gehieneko portzentajeak honako hauek izanen dira, oinarri honen 1. atalean aipatuekiko: %45 a) eta b) letretarako eta %75, c) letrarako, salbu eta saneamendu sare banatzailea bada; kasu horretan, %90 izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta bukatuko da hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez.

3. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin):

a) Eskaeraren inprimakia, barne hartzen dituena ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan eskatutako erantzukizunpeko adierazpena.

b) Toki erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Jarduketak ukitzen dituen lursail eta eraikinen jabetza (zortasunez bakarrik ukitzen diren lursailen kasuan, frogatu behar da jabetzaren ukipen baimenak dituela).

–Lursailaren hirigintza kalifikazioa, eta hura egin nahi diren obrekin bat etortzea. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena eginen da ziurtagirian.

c) Jarduketa azaltzeko memoria, gehienez 20 orrialdekoa, ondoko hauek jasoko dituena:

–Egin beharreko obren deskribapena, eta kasua bada, jarduketaren ondorioz sortzen diren lurzatien edo lokalen eta haien azaleren zerrenda.

–Jarduketa definitzen duten planoak (ukitutako lursailen edo eraikinen kokapena, jarduketaren ondorioz sortutako lurzatiak edo lokalak, ukitutako azpiegiturak, etab.).

–Jarduketaren aurrekontua, 4. oinarrian emandako gastu diruz lagungarri guztiak barne hartuko dituena; gutxienez 15.000 eurokoa izan beharko du (BEZik gabe).

–Jarduketa gauzatzeko behar diren ekintzen egutegia (kontratazioa, obrak egitea, etab.).

Proiektu tekniko bat aurkezteak ez du salbuesten memoria hau aurkeztetik.

d) Azterketa ekonomikoa, inbertsioari ekiteko finantzabideak, finantza kostua, hala badagokio, eta lurzatiak saltzeagatik edo lokalak alokatzeagatik aurreikusitako diru-sarrerak zehaztuta.

e) Poligono berri baten sustapenaren kasuan (3.1 oinarria), agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Toki erakundearen erabakia, etorkizuneko lurzatietarako onartutako salmenta prezioa agertuta edo, bestela, merkatuko prezioan saltzeko konpromisoa.

–Lurzatiak erosteko eskaerarik baldin badago, gordailuan utzitako fidantzen edo salerosketa-kontratuen kopia.

f) Azpiegituren hornidura edo ezohiko konponketaren kasuan (3.3. oinarria), horiez gain, aurkeztu beharko da udal idazkaritzaren ziurtagiria, gastua jasanarazi edo ez jasanarazteari buruz, jarduketaren onuradun izanen diren enpresen artean, ekarpen berezi baten bidez edo beste edozein tresnaren bidez.

g) Jarduketaren inpaktuari buruzko azterketa, genero ikuspegitik egindakoa, 6.2 oinarrian aipatzen dena, %5eko laguntza gehigarria lortu nahi bada.

h) Beste agiri batzuk, aukera emanen dutenak eskaera 8.3 oinarriko balorazio irizpideen arabera ebaluatzeko eta, hala, horien ondoriozko puntuazioa lortzeko.

4. Eskaerak ez badakar berekin oinarri hauetan ezarritako dokumentazioa, laguntzen organo kudeatzaileak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Balorazio handiena lortu duten jarduketei 6. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuta aterako da eman beharreko dirulaguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte, ondoko aurrekontu ekitaldi hauetan:

2025eko gastuen aurrekontua

1.000.000 euro

2026ko gastuen aurrekontua

600.000 euro

2. Eskaeren lehentasuna ezarri ondoren, laguntza aurrekontu baten edo bestearen kargura emanen da, laguntza eskatzean aurkezten den memorian aurreikusitako amaiera dataren arabera (7.3.c oinarria).

Dirulaguntza bi aurrekontuen kontura ematen ahalko da; halakoetan, dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da zer justifikatu behar den eta noiz.

2025ean aurrekonturik ez egoteagatik ezetsirik geratzen diren eskaerak 2026ko aurrekontuaren kargura diruz laguntzen ahalko dira, lehentasun hurrenkerari jarraituz.

3. Eskaerek balorazioan 41 puntu lortzen ahalko dituzte, guztira, 3.1 eta 3.3 oinarrietan deskribatutako obretarako, eta 36 puntu, berriz, 3.2 oinarrian deskribatutako obretarako, eta irizpideak hauek izanen dira:

a) Poligono berrien sustapenaren kasuan (gehienez 10 puntu):

Egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra justifikatzen denean, kokagune desegokian daudelako edo jarduera handitu behar delako, eta orobat, jarduera berriak instalatzeko eskaerak: 0,1 puntu, fidantza gordailututa edo banku-abala edukita eskatu edo saldu den lurzati azaleraren portzentajezko puntu bakoitzeko: 10 puntu, gehienez ere.

b) Udal eraikinen egokitzapenen kasuan (gehienez 5 puntu):

–Habia-nabeak lortzeko: 5 puntu.

–Bulegoak edo lokalak lortzeko: 3 puntu.

–Egokitze-lan txikiak lehendik dauden nabe edo lokaletan: 1 puntu.

c) Poligono baterako azpiegituren hornidura edo dauden azpiegituretan ezohiko konponketa egiteko (gehienez 10 puntu):

–Saneamendu sare banatzailea: 10 puntu.

–Ur beltzen saneamendu sarea: 9 puntu.

–Euri uren saneamendu sarea: 8 puntu.

–Ur horniduraren sarea: 7 puntu.

–Energia edo telekomunikazio sareak: 6 puntu.

–Zolatzea: 5 puntu.

–Aparkalekuak: 4 puntu.

–Herriko argiak: 3 puntu.

–Bide-seinaleak: 2 puntu.

–Berdeguneak edo hiri altzariak: 1 puntu.

Obrek ukitzen badituzte aurreko kontzeptuetako bat baino gehiago, puntuaziorik altuena emanen da.

d) Sustatutako espazioen hirigintza kalifikazioa industriakoa bada: 5 puntu.

e) Proiektua hiri zerbitzuen edo eremuen beharrera egokitzeagatik, hau da, proiektuaren dimentsioak bat etortzea benetako eskaerekin eta kostuak minimizatzearekin (5 puntu, gehienez ere):

–Obraren dimentsioa beharretara egokitzea: 2,5 puntu.

–Proposamenaren ekonomia: 2,5 puntu.

f) Udal mugartean ez egotea alokatzeko industria lurzatien edo lokalen titulartasun publikoko eskaintza alternatiborik (gehienez 10 puntu):

–Eskaintza publikorik ez izatea: 10 puntu.

–Eskaintza publikoa eskaera baino txikiagoa izatea: 5 puntu.

g) Toki erakundeak gastuaren zati bat jasanarazten dienean 3.3 oinarriaren jarduketaz baliatuko diren enpresei: 1 puntu jasanarazitako gastuaren %10 bakoitzeko; gehienez 3 puntu.

h) Udalerriko biztanleriaren arabera, aintzat harturik Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren otsailaren 1eko 9/2024 Foru Agindua (2024ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa), zeinak eman baitzituen Nafarroako kontzejuen biztanleriaren zifra ofizialak, 2023ko urtarrilaren 1eko erreferentziarekin (gehienez 8 puntu):

–1.000 biztanletik beherako udalerriak: 8 puntu.

–1.001 biztanletik 5.000ra bitarteko udalerriak: 6 puntu.

–5.001 biztanletik 10.000ra bitarteko udalerriak: 2 puntu.

–10.000 biztanletik gorako udalerriak: 0 puntu.

4. Berdinketa gertatuz gero, 2.c) irizpidean lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da.

9. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntzak eman aurretik, txostena eskatuko zaio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, jakiteko ea toki erakundeek ahalmen ekonomiko aski duten dirulaguntzaren xedeko jarduketaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko.

Txostenak ezezkoa ematen badio eskaerari edo txosten hori ezin bada hilabeteko epean egin, toki erakundeak ez duelako aurkeztu 2024ko aurrekontuen likidazio espedientea, dirulaguntza ukatu eginen da.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Industria Lurzoruaren eta Azpiegituren Atalak, ebaluatuko ditu eskaerak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari helaraziko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da zein gastu aurrekonturen kargura ematen diren, 10.2 oinarrian xedatutakoaren ondorioetarako.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko.

10. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, honako frogagiri hauek aurkeztuta, telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Obrak 2024ko urriaren 1a eta 2025eko irailaren 30a bitartean hasi direla egiaztatzen duen agiria: Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 167. artikuluko obren zuinketaren eta hasieraren akta, edo, profesional fakultatibo batek sinatutako proiekturik behar ez duten obren kasuan, udal idazkaritzaren ziurtagiria.

b) Gastu diruz lagungarri guztien fakturak eta ordainagiriak. Gastu horien datak epe hauetako batean sartu behar dira:

–2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 14ra, laguntza eman bada 2025eko gastu aurrekontuaren kargura.

–2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 30era, laguntza eman bada 2026ko gastu aurrekontuaren kargura.

c) Onuradunaren webgunean laguntzari emandako publizitatearen justifikazioa, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz.

d) Ziurtagiria, kontratu guztiak Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.

2. Justifikazio agiriak aurkezteko epea bata edo bestea izanen da, dirulaguntza zer gastu aurrekonturen kargura eman den kontuan hartuta. Aurrekontu hori dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da:

–2025eko azaroaren 14ra arte (barne), laguntza eman bada 2025eko gastu aurrekontuaren kargura.

–2026ko urriaren 30era arte (barne), laguntza eman bada 2026ko gastu aurrekontuaren kargura.

–Dirulaguntza bi aurrekontu horien kargura ematen bada, 2025eko laguntza kobratzeko, 2025eko azaroaren 14rako aurkeztu behar da 1. atalean eskatutako dokumentazio guztia; fakturak eta ordainagiriak b) letrako lehen aldiari dagozkionak bakarrik izanen dira. 2026ko laguntza kobratzeko, berriz, nahikoa izanen da b) letrako bigarren aldiko gastuak eta ordainketak justifikatzea, 2026ko urriaren 30erako.

Adierazitako epean eta moduan justifikatzen ez diren gastuak ez dira diruz lagunduko.

3. Aipatu frogagiriak azterturik, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena helaraziko dio Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari, eta bertan agerraraziko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.

b) Honako betebehar hauek betetzea, desgaitasuna duten pertsonei eta genero-berdintasunari dagokienez, poligono berrien kasuan (3.1 oinarriko jarduketa):

–Gurpil-aulkian dabiltzanen edo mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna bermatuko da egokitutako espazioetan.

–Argiztapenak aski izan behar du ibilbide seguruak lortzeko, eremu ilunak edo ikuspen txarrekoak saihestuta.

Udal eraikinetan egokitutako lokalen kasuan (3.2 oinarriko jarduketa), ahal den guztietan, gurpil-aulkian dabiltzanen edo mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna bermatuko da.

c) Ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako baliatzea; gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunen kasuan.

d) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak jaso duen finantzaketaren izaera publikoaren berri ematea onuradunaren web orrian, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko, hurrengo oinarrian ezarritako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen guztizko zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunek egindako jarduketaren kostua.

13. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erakunde interesdunek eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Lurzoruen eta Azpiegituren Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2500292