1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
543E/2024 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Berriobeitiko udal mugartean ibilgailuak desegiteko dagoen instalazioaren eta IP04 hornikuntza unitatearen ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Desguaces La Cabaña SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 26ko 0724/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 352E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2021eko urriaren 15ean, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, hondakin kudeatuen zerrendan, EHZ kode nazionalak sartzeko, hain zuzen ere, 265/2021 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean ezarritakoak (265/2021 Errege Dekretua, apirilaren 13koa, Bizitza baliagarriaren amaieran dauden ibilgailuei buruzkoa eta abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra aldatzen duena), lehenengo xedapen iragankorrarekin bat etorriz; zehazki, 160104* 10 eta 160104* 20 EHZ kode bereizia duten hondakinak sartzeko eskatu zuen.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Onartzea eskatutako aldaketa Berriobeitiko udal mugartean ibilgailuak desegiteko dagoen instalazioaren eta horniketarako IP04 unitate baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Desguaces la Cabaña SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Desguaces la Cabaña SLra eta Berriobeitiko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2418250