1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2934/2024 EBAZPENA, 2024ko abenduaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 16an hartutako erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena".
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA
1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen du plantilla organikoa onetsi egin behar dela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei aplikatu beharrekoa, Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, zein diren lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta ezarritako ordainsari osagarriak erregelamenduaren arabera esleituak dauzkatenak ere.
Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen erabaki baten bidez –zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen–, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen plantilla organikoa. Plantilla hori askotan aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2024ko apirilaren 11n argitaratu zen azkenekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 73. zenbakian, errektoreak 2024ko otsailaren 29an emandako 537/2024 Ebazpenaren bidez.
Plantilla 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoan xedatutakora egokitu behar denez, eta zenbait antolaketa-premia berriri aurre egin behar diegunez, beharrezkoa da plantilla organiko horretan aldaketa batzuk egitea.
Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2024ko abenduaren 16an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoaren aldaketak onestea. Eranskin gisa gehitu den memorian daude aldaketa horiek.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ERANSKINA.–MEMORIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK. 2024. URTEKO EKITALDIA
A.–Lanpostuak aldatzea.
A.1. Atxikipena aldatzea.
Lanpostu honen atxikipena aldatu da:
LANPOSTU ZK. | IZENA | HASIERAKO KOKALEKUA | AMAIERAKO KOKALEKUA |
822 | ZERBITZUETAKO OFIZIALA | KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGIA | KUDEATZAILETZA / AZPIEGITUREN ETA ZERBITZU OROKORREN ZERBITZUA / -- / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA |
Justifikazioa:
Promozio prozesuaren ondorioz plantillan egin behar ziren doikuntzei erantzuteko amortizatu beharrekoa zen zerbitzuetako ofizialaren lanpostu bat Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko Zerbitzu Orokorren Unitateari atxiki zaio, unitate horretan lanpostu berri bat sortu beharra baitago.
A.2. Titulazioaren baldintza aldatzea.
Lanpostu honetarako eskatzen den titulazio espezifikoaren baldintza kendu da:
–KUDEATZAILETZA / GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA / OSASUNAREN SUSTAPENERAKO ETA JASANGARRITASUNERAKO ATALA / -
LANPOSTU ZK. | IZENA | HASIERAKO TITULAZIOA | AZKENEKO TITULAZIOA |
594 | ATALBURUA | LAN ARRISKUEN PREBENTZIORAKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA | |
Justifikazioa:
Osasunaren Sustapenerako eta Jasangarritasunerako Atalak hainbat gairi dagozkien funtzioak betetzen ditu, eta funtzio horietako batzuk besterik ez dira laneko osasunaren eta arriskuen prebentzioaren ingurukoak. Zehazki, eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa (LOSU) betez, inklusioaren eta dibertsitatearen inguruko funtzioak hartu ditu bere gain atal horrek. Horregatik, ez da bidezkoa Atalburutzari titulazio tekniko bat eskatzea, titulazio hori haren jarduera-eremuetako bati baino ez badagokio. Izan ere, dagoeneko baditu horretarako behar diren langile kualifikatuak.
B.–Lanpostuak sortzea eta amortizatzea.
B.1. Lanpostuak amortizatzea.
Lanpostu hau amortizatuko da, behin-behinekoa dena:
–ERREKTORETZA / --- / ---- /
LANPOSTU ZK. | IZENA |
892 | ERREKTORETZAKO AHOLKULARI JURIDIKOA |
Justifikazioa:
Lanpostu hori errektoreari aholku juridikoak emateko sortu zen aldi baterako, eta dagoeneko ez da beharrezkoa.
B.2. Sortzea.
Honako lanpostu hau sortu da:
–KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGI ZERBITZUA /
Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzailea.
- Lanpostuaren zk.: 896.
- Maila: C.
- Mailaren osagarria: %12.
- Lanpostuaren osagarria: %14,20.
- Lanaldia: goizez.
- Herria edo hiria: Iruñea.
Justifikazioa:
Azken urteetan, zerbitzu horrek administrazio eskalako lanpostuak liburutegiko eskaletara aldatzeko eskatu du, esleitutako zereginak egungo beharretara egokitzeko.
Liburutegiko mailegu-mahaian egonen da lanpostu hau, non profil teknikoa behar baita kontsulta gero eta konplexuagoak egiten dituzten erabiltzaileei arreta emateko eta liburutegiko informazio-tresnak erabiltzeko.
Gainera, ikasleen aretoko eta gordailuko bildumak katalogatzen eta kudeatzen lagunduko du.
Funtzionalki, bulegoburuaren mende daude (mailegua eta aretoa).
Iragarkiaren kodea: F2418313