198. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Ordenantza fiskala, arautzen dituena Udalaren haur-eskoletan jantoki zerbitzua emateko prezio publikoak. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2025eko ekainaren 26kan egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen arau fiskal bat, arautzen dituena Udalaren haur-eskoletan jantoki zerbitzua emateko prezio publikoak.

Hasierako onespenaren erabakia 2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onetsi, eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Zizur Nagusian, 2025eko irailaren 17an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ARAU FISKALA, JANTOKI ZERBITZUA EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN HAUR-ESKOLETAKO HAUR-HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOAN

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko I. tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da jantoki zerbitzua ematea Zizur Nagusiko Udalaren haur-eskoletan.

Zerbitzua emateko mugak

3. artikulua. Aurreko artikuluan adierazitako zerbitzua emanen zaie zerbitzua eskatzen dutenei, Zizur Nagusiko Udalaren haur-eskoletan matrikulatuta egonik.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Zizur Nagusiko Udalaren haur-eskoletan jantoki zerbitzua ematen hastean sortuko da prezio publikoa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Zizur Nagusiko Udalaren haur-eskoletan jantoki zerbitzuaren onuradun direnek ordaindu beharko dituzte ezarritako tarifak.

Tarifak

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak arau honen eranskinean ageri dira, eta barne hartzen dute balio erantsiaren gaineko zerga, hala badagokie.

Ordainketa

7. artikulua. Tarifa hilero ordaindu beharko da, bankuko helbideratzearen bitartez, sortutako zerbitzuak egin eta hurrengo hilabetearen lehenbiziko hamabost egunean.

Borondatez ordaintzeko epean tarifak ordaintzen ez badira, aplikatuko dira Nafarroako toki ogasunen eta tributuen araudi orokorrean adierazitako errekarguak, eta eskatzen ahalko dira premiamenduzko prozedura administratiboaren bidez.

8. artikulua. Sortzen diren bajak idatziz komunikatu beharko zaizkio Zizur Nagusiko Udalari, eta ondorio ekonomikoak sortuko dituzte hurrengo hilabetetik aurrera. Betebehar horretatik salbuetsita daude urgentziazko ospitaleratzeak eta/edo egoitzan sartu beharrak.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Egindako arau-hausteak zehatuko dira Zizur Nagusiko Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako zerga-araudian ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, jarraituko zaio ezarritakoari Udalaren ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta aplikagarri diren xedapen guztietan.

Bigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan jarriko da indarrean.

TARIFEN ERANSKINA

Lehenbizikoa.–Tarifak ordaintzea.

Ordaindu beharreko tarifa ezarriko da familia-unitatearen per capita errentaren arabera, eta erreferentzia hartuta taula hau:

Jantokia

95 euro

Bigarrena.–Familia-unitatearen kontzeptua.

1.–Honako hau izanen da familia-unitatearen kontzeptua: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan araututakoa:

71. artikulua. Familia-unitatearen kontzeptua.

1. Zerga honetarako honako hauek dira familia-unitateak:

a) Honako hauek osatua: legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik izanez gero, adingabeko seme-alabek (salbu, gurasoen baimena izanda, beraiekin bizi ez direnak). Unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

b) Honako hauek osatua: berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik izanez gero, adingabeko seme-alabek (salbu, gurasoen baimena izanda, beraiekin bizi ez direnak). Unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, honako hauek osatuak: aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek, baldin aurreko apartatuetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Aurreko a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, tutoretza edo harrera bitartez subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak seme-alabekin parekatuko dira, aplikatzekoa den legeria zibilean ezarritako moduan. Halaber, seme-alabekin parekatuko dira epailearen aginduz subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean dauden pertsonak, aurrekoez bestelako egoeretan daudenak.

2. Inor ere ezin da aldi berean bi familia-unitatetako kide izan.

3. Familia-unitateko kideen kopurua zehazteko, begiratuko zaio urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoerari, salbu familia-unitateko kideren bat urtean zehar hil bada; izan ere, kasu horretan gainerako kideek baterako aitorpena aukera dezakete, hildakoaren errentak ere sartuta.

Aukera hori ez da bidezkoa izanen baldin ezkontideetako bat hil eta, urtea bukatu baino lehen, alarguna berriro ezkontzen bada.

2.–Per capita errenta eta, ondorioz, aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, familia-unitateko kidetzat hartuko dira, halaber, 2025eko urtarrilaren 1etik matrikula egin den Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean ikasturtea hasten den egunera arte jaiotako haurrak.

3.–Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko puntuetan xedatu dena.

4.–Inguruabar guztiak behar bezala justifikatu beharko dira erakunde ofizialek emandako indarreko agirien bidez.

5.–Matrikula egin eta gero, ez da aldaketarik kontuan hartuko, salbu eta guraso bakarreko familiaren frogagirian.

6.–Era berean, familia-unitatearen diru-sarrerak nabarmen jaitsi badira 2025. urtean, ikasturte hasten denera bitartean, errentak jasotzen zituen familia-unitateko kideren bat hil delako, inguruabar hori jasota utzi beharko da, eta gertaeraren frogagiriak erantsi beharko dira.

7.–Haur bati baja eman ondoan, berriro matrikulatzen bada, ikasturte berean, familia-unitatearen kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean aurkeztu zena.

Hirugarrena.–Errenta kalkulatzea.

1.–Familia-unitatearen per capita errenta hau izanen da: familia-unitateko kide konputagarri izanik PFEZaren aitorpena egitera beharturik dauden familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenean ageri diren likidazio oinarrien batura.

2.–Per capita errenta lortzeko, familia-unitatearen errenta zati eta familia-unitateko kideak eginen da. Familia-unitatea arestian azaldu bezala zehaztuko da.

3.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2024ko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen diru-sarrerak. Aitorpena egitera behartuta ez badaude, hori frogatzen duen dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da eta/edo bestelako errentak edo diru-sarrerak jasotzen direla frogatzen duena, edo, azken buruan, horien gaineko zinpeko aitorpena eta ikastetxearen titularra den toki erakundeak familiaren 2024ko diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

4.–Ezartzen den epearen barrenean 2024ko errenta aitorpena edo diru-sarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei aplikatuko zaie, ikasturte osoan, matrikulatutako ordutegi motari dagokion kuota altuena.

Laugarrena.–Kuota ordaintzetik salbuestea.

1.–Kuota ordaintzetik salbuesteko aukera aztertuko da baldin haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen mende badago eta garapenean atzerapena badu, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Nolanahi ere, salbuespen hori onartzeko, Udalaren gizarte zerbitzuetako taldearen aldeko txostena beharko da, eta, orobat, Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuarena edo Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko (NHBBZ) Arreta Goiztiarreko Taldearena.

2.–Udalaren gizarte zerbitzuek edo Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatu eta igorriko dute kuota ordaintzetik salbuesteko eskaera.

Bosgarrena.–Murriztapenak.

1.–Oro har, lehenbiziko oinarrian ezarritako tarifak per capita errentaren arabera murriztuko dira. Honako taula hauetan jaso dira ordaindu beharreko tarifak:

a) Familia arruntak.

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK

JANTOKIKO TARIFA

Zenbateko honetatik

Honetara

> 15.000

95

12.400,01

15.000

95

10.700,01

12.400

95

9.300,01

10.700

95

7.980,01

9.300

84

6.650,01

7.980

84

5.500,01

6.650

66

4.500,01

5.500

58

3.350,01

4.500

56

< 3.350,01

52

b) Guraso bakarreko familiak.

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEAK

JANTOKIKO TARIFA

Zenbateko honetatik

Honetara

> 15.000

84

12.400,01

15.000

84

10.700,01

12.400

84

9.300,01

10.700

84

7.980,01

9.300

66

6.650,01

7.980

66

5.500,01

6.650

52

4.500,01

5.500

42

3.350,01

4.500

32

< 3.350,01

25

Bi senidek edo gehiagok jantokia erabiltzen dutenean, lehenbizikoak errentaren araberako tarifa ordainduko du, eta hurrengoei gutxieneko tarifa egokituko zaie.

Seigarrena–Hasierako kuota.

Hasierako kuota bat, 35 eurokoa, ezarri da fidantza gisa. Matrikula egiten denean ordaindu beharko da, eta hileko azken ordainketan konpentsatuko da.

Zazpigarrena–Tarifen doikuntza.

1.–Haurrek jantoki zerbitzua erabiltzen badute, oso-osorik ordaindu beharko dute jantoki zerbitzuari dagokion kuota, salbu honako kasu hauetan:

–Matrikula ikasturtea hasita dagoenean egiten bada.

Hileko kuota ordainduko da matrikula formalizatu den hilabetetik aurrera. Hala ere, 15. egunetik aurrera egiten bada (egun hori barne), lehenengo hilabetea dagokion hileko tarifaren %50 izanen da.

–Erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak.

–Harrera-aldian egotea.

Zizur Nagusiko Udalak epeak eta baldintzak ezarriko ditu jantokiko hileko kuota aldatzeko honako arrazoi hauek direla medio: erabiltzailearen borondateari egotzi ezin zaizkion kausak, haurra harrera-aldian egotea eta justifikatutako absentziak.

Tarifa, jantoki zerbitzua egun zehatzetan erabiltzeagatik, izanen da 5 euro eguneko, kalkulatuta gehieneko tarifaren arabera (95 euro) eta hileko zerbitzu egunen arabera (19 egun).

Familiek ekartzen duten janaria besterik hartzen ez duten haurrek ez dute jantokiko kuota ordainduko aldi horretan.

Justifikatutako eta justifikatu gabeko absentziak direla-eta jantokiko tarifak doitu beharra badago, prozedura honi jarraikiko zaio:

Haurra ez bada jantokira joaten, eta horren berri eman bazaio zuzendaritzari menuaren hornidura eteteko behar adinako denborarekin, familiek soilik ordaindu beharko dute jantokiko laguntzaileei dagokien tarifaren zatia. Hau da, hileko tarifatik deskontatu beharko da menuaren edo cateringaren kostua, betiere familia bakoitzak ordaintzen duen tarifaren arabera kalkulatuta.

Zortzigarrena.–Bajak.

Hasierako kuota ez kobratzeko, ikasturtea hasi baino astebete lehenago, beranduenez, aurkeztu behar da zerbitzuan baja emateko eskaera, hala ezarri baitu Zizur Nagusiko Udalak.

Ikasturtea hasi ondoren, haur-eskolan baja emateko eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira, ikastetxeko zuzendaritzak emaniko inprimaki baten bidez. Jantokiko ordainagiria ez igortzea nahi bada, eskola uzteko eskaera aurkezteko azken eguna aurreko hilabeteko azken eguna izanen da. Eskola hilabetea hasi ondoren uzten bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko.

Ikasturtean zehar baja justifikaturen bat gertatuz gero (semea edo alaba gaixotzea, bizilekua aldatzea, langabezia, ustekabeko diru-premia larria suertatzea edo Udalak horien antzekotzat jotzen duen bestelakoren bat), ordaindutako hasierako kuota itzuliko da.

Baja hartu ondoren jantoki zerbitzua berriz erabili nahi bada, ikastetxeak bitarte horretan mantendu duen laguntzailearen zati proportzionala ordaindu beharko da.

Hilabetea hasi ondoren nahitaezko baja gertatzen bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko. Hasierako kuota ere ez da itzuliko.

Haurrek matrikula egina badu Zizur Nagusiko Udalaren haur-eskolan baina ezin bada joan arrazoi justifikatu bat dela eta, plaza gordeko zaio, behar den denborarako, baina agiri bidez frogatu beharko du dena delako arrazoia.

Zizur Nagusiko Udalak eskumena izanen du familiak alegatzen duen arrazoia askitzat hartzeko edo ez hartzeko, baita plaza zenbat denboraz gordeko den erabakitzeko ere.

Eskolara ez joateko arrazoia behin desagertuta haurra ikastetxera joaten ez bada, baja emanen zaio, eta itxaron-zerrendan dagoen lehenbizikoari eskainiko zaio plaza hutsa.

Iragarkiaren kodea: L2512261