198. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Udal ordenantza, suteen prebentzioari buruzkoa. Behin betiko onespena

Udalbatzak, 2025eko ekainaren 10eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Suteak prebenitzeari buruzko udal ordenantza, eta jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2025eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 1ean.

Alegazio bat jaso zen, baina ezetsi egin zen, 2025eko irailaren 9ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, eta ordenantza behin betiko onetsi zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tebas-Muru Artederretan, 2025eko irailaren 22an.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

TEBAS-MURU ARTEDERRETAKO UDAL ORDENANTZA, SUTEAK PREBENITZEKO

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta lege-oinarria.

Ordenantza hau idatzi da baliatuta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 f) artikuluan ezarritako berezko eskumena. Haren bidez, Tebas-Muru Artederratako Udalak ahalmena aitortua du bere udal-mugarteari eragiten ahal dioten suteak prebenitzeko.

Ordenantza honen xedea da hiri-inguruneetan eta hiri/baso interfazean suteak prebenitzea, eta, horretarako, dagozkion administrazio publikoekin koordinatutako prebentzio politika aktiboa sustatzea, hiriguneetan eta inguruko eremuetan jardutean oinarritua.

Ezarritako xedea bete beharrez, zenbait jarduketa finkatuko dira, Nafarroako Gobernuak ezarritako arauen osagarri, baina baztertu gabe gerora beste neurri batzuk hartzen ahal direla.

2. artikulua. Eremu subjektiboa.

Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean dauden finken, lursailen eta orubeen jabe, erabiltzaile, errentari edo gozamendun diren pertsona fisiko eta juridiko guztientzat. Jaraunspen jasogabe baten parte diren finken, lursailen edo orubeen kasuan, administrariari, albazeari edo etorkizuneko jaraunsleei dagokie ordenantza honetan ezarritakoa betetzea.

Zehapen araubideari buruzko artikuluetan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, ondasun higiezinen jabeak izan gabe ere ordenantza honetan arau-hauste gisa tipifikatutako jokaeraren bat agertzen dutenei.

II. KAPITULUA.–PREBENTZIO NEURRIAK

3. artikulua. Erantzukizunen eta obligazioen araubidea.

Ondasun higiezinen jabeak izanen dira beren ondasun higiezinen garbitasun eta kontserbazio eta segurtasun egoera egokiaren erantzule, bai eta ondasun horiek segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko egoeran mantentzearen erantzule ere, ukatu gabe ezarrita dauden betebeharrak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1.b) artikuluan.

Ondasun higiezin baten zuzeneko jabaria duten pertsonak eta jabari erabilgarria dutenak desberdinak badira, edo gozamen edo errentamenduko eskubideak badaude, azken horien gain gon daiteke ondasun horiek sasitzarik, zaborrik, eta obra hondakinik edo hondarrik gabe mantentzeko erantzukizuna, ukatu gabe horretarako xedatuta dagoena Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak eta Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legean.

Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten ondasun higiezinen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita pertsona hori, ondorio horietarako.

4. artikulua. Hirigunea.

Herriko Udal Planean mugatutakoa izanen da.

1. Eraiki gabeko lurzatiek egon beharko dute landaretzarik, obra hondakinik eta material erregairik gabe, udaberri bukaeratik, uda eta udazken amaiera bitarteko garai lehorrean. Ez da pilatzen ahalko material sukoirik edo su hartzeko arriskua sortzen ahal duenik.

2. Lurzati urbanizatu eta eraikietan, ez da landatzen ahalko erretxina ugariko espezierik, suak aise hartzen baititu, hala nola altzifrea, pinua, etab., ez lurzatiaren itxiturako heskaietan, ez lurzatiaren barneko zuhaiztietan ere. Lurzatiaren mantentze lan egokia egin behar da, sasiak agertzea galarazi behar da, eta kanpoan ez da metatzen ahalko sua edo sugar azkarrak sor ditzakeen materialik edo objekturik.

3. Egurtegiei dagokienez, kanpoan badaude, ez da komeni etxeetako teilatu hegalpeetan jartzea; eraikinetatik aparte dauden lurzatietan aldenduta jarri behar dira, eta sukoiak ez diren gauzez estali.

4. Eraikinei dagokienez, komeni da egoki mantentzea eta garbitzea teilatuak, erretenak eta zorrotenak, eta garbitu beharko dira, horretarako kenduz material begetal, hosto, adaxka eta abarren metaketak.

5. Bide publiko eta pribatuei dagokienez, herriko kaleetan pasabidea libre utzi behar da, eta debeku da irtenbiderik gabeko karrika estuetan aparkatzea, larrialdiko ekipoek eta ibilgailuek sarbidea izan dezaten.

6. Hidranteetan eta ur-harguneetan, debekatuta dago seinaleztatutako hidranteak eta ur-harguneak oztopatzea, nolanahi dela ere (ibilgailuak aparkatuz, gauzak eta materialak pilatuz, etab.), eta horien erabilera eragoztea.

7. Barbakoak:

–Instalaziorako ezaugarri orokorrak.

Barbakoek baldintza hauek bete beharko dituzte, baldin eta instalatzen edo eraikitzen badira ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera:

Eraikingintzako araudia bete beharko dute (lerrokadurak, ondoko lurzatiekiko eta bestelako eraikuntza-elementuekiko distantziak, etab.).

Egitura finkoa eduki behar dute, obrakoa, eta egoera onean dagoena.

Honako hauek eduki behar dituzte: kanpaia eta tximinia (saretadun ke irteerarekin edo txinparten aurkako beste antzeko sistema batekin).

Obrako hiru pareta itxi eduki beharko dituzte, ez uzteko irteten suari, ilaunei edo partikula goriei.

Erregairik gabeko perimetro bat eduki behar dute; 3 metrokoa, gutxienez.

Barbakoak zuhaitzen adaburuen azpian jartzen ahalko dira, baldin eta txinparten aurkako gailutik adaburura 5 metro, gutxienez, badaude. Bestela, adaburuen proiekziotik kanpo jarri beharko dira.

–Barbakoak erabiltzeko gomendioak.

Sua piztuta dagoen bitartean, haren ondoan egon behar da, zaintzen, eta segituan itzali beharko da egoera arriskutsuren bat suertatuz gero, haizea dela-eta.

Ez da erre behar hostorik, paperik edo bestelako erregai arinik; izan ere, ke-zutabeak halakoak garraia ditzake.

Ez da metatu behar erregai askorik; komeni da pixkanaka-pixkanaka gehitzea.

Eskura eduki behar da nahikoa ur edo suak itzaltzeko bestelako moduren bat.

Ez da erregairik biltegiratu behar barbakoa erabiltzen den tokitik gertu.

Alde egin aurretik, ziurtatu behar da sua eta txingarrak guztiz itzalita daudela.

Ziurtatu behar da 3 metrotik gorako distantzia dagoela sua dagoen tokitik sua zabaltzen ahal duen edozein erregaira.

Ez da surik piztu behar egun haizetsuetan (10 km/h-tik gorako haize-boladak) edo egun oso beroetan (giro-tenperatura 30 gradutik gorakoa izatea).

8. Landarezko itxiturak edo hesiak:

Itxitura edo hesi perimetralek Udal Planean ezarritakoa bete beharko dute.

Prebentzio gisa, eta itxitura perimetraletan arriskua murrizte aldera, jarraian ageri den lehentasun-ordena ezarri da, zer itxitura mota jarri erabakitzeko. Dena den, aldez aurretik aztertu beharko dira etxebizitzaren kokalekuari lotutako alderdi hauek: haizeek nagusiki nondik jotzen duten; ea baso-masarik dagoen gertu eta ondoko etxebizitzak zer egoeratan dauden.

1. Hesi perimetral artifiziala eta ez-sukoia, landarerik gabea.

2. Hesi artifiziala, zeinean landatu baitira estaldurako espeziak edo espezie igokariak, sukoitasun txikikoak. Konpromisoa hartu beharko da prebentziozko behar bezalako mantentze-lanak egiteko.

3. Landarezko hesia, osatua dagoena sukoitasun txikiko espezie batez edo batzuez. Tarteka landaredirik gabeko gune artifizialak izanen ditu, modu estrategikoan kokatuta. Konpromisoa hartu beharko da prebentziozko behar bezalako mantentze-lanak egiteko.

5. artikulua. Hirigunearen perimetroaren mugako hiri-ingurumariak.

Udal planak zehazten duen hirigunearen perimetroan mugakide diren lurzatiak sartzen dira eremu horretan, eta mugakideak izan gabe, mugatik 50 metrora baino hurbilago daudenak ere bai.

1. Nekazaritzako finketan, bi ekintza nagusi hauek ezarri dira: batetik, komeni da zerrenda bat uztea lugorri, edo belar laboreak edo antzekoak jarrita, betiere bilketa goiztiarrekoak, Nekazaritza Politika Erkidearen barruan sartzen direnak, eta, bestetik, nahitaez luberritzea finkako lur guztia, uzta biltzeko lanak egin ondoren.

2. Laborerako erabiltzen ez diren finkak garbitu beharko dira, landare gai lehorren metaketa saihesteko.

3. Ez da bidexka eta bide publikoetan aparkatzen ahalko, ezta pasabidea galaraziko duten elementu edo materialak bertan uzten ahalko ere.

6. artikulua. Nekazaritza-basogintza eremua.

Eremu horretan sartzen dira hirigunetik eta hiri-ingurumaritik kanpo geratzen diren udal mugarteko landa lurrak.

Araudia zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman zuen 222/2016 Foru Aginduan, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu.

http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=37630

7. artikulua. Udal-mugarte osoa.

Debeku da:

1. Sua duten edo sua eragin dezaketen suziri edo artefaktuak botatzea (salbu jaietako suziria edo Udalak baimendutako bestelako ekintzak).

2. Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bestelako objektuak botatzea.

3. Nonahi uztea sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, obra-hondakinak edo bestelako hondakinak.

4. Baimenik gabe erabiltzea txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak.

5. Baimendutako lekuetatik kanpo jartzea obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak), edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea galarazten ahal dutenak.

6. Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, modu iraunkorrean nahiz behin-behinean, eragozten edo zailtzen ahal dituztenak basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak, alde batera utzita trafikoari buruzko arauen beste arau-hauste batzuk.

7. Nonahi uztea beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak.

8. Lurzatian uztea inausketaren eta bestelako baso tratamenduen hondarrak.

9. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.

10. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, kalte larria eraginda ingurumenari edo pertsonen osasunari.

11. Sute baten edo su-foku baten berri izatea, eta haren berri ez ematea.

12. Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, bete gabe erreketa modu kontrolatuan egiteko ezarritako eskakizunak (behar den lagun taldea, palak eta bizkarreko itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehienezko abiadura eta abar).

III. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

8. artikulua. Zehatzeko eta ikuskatzeko eskumena.

Tebas-Muru Artederretako Udalak, alkatearen edo hark eskuordetutako zinegotziaren bidez, begiratuko du ea betetzen diren ordenantza honetan ezarritako eta araututako jarduerak eta betebeharrak, eta dagokion zehapenak ezarriko ditu.

Alkateak, ofizioz edo interesdun batek eskaturik, eta udalaren zerbitzu teknikoen txostena eskuratu ondoren, edo, behar bada, Nafarroako Gobernuak (dagozkion nahitaezko laguntzako eginkizunak betez) eskaintzen dizkion zerbitzu teknikoen txostena hartuta, ebazpena emanen du, lursailetan dauden akatsak adieraziz eta horiek zuzentzeko behar diren neurriak aginduz.

Emandako epea neurri egokiak hartu gabe iraganez gero, alkateak zehapen espedientea irekitzeko aginduko du, eta indarrean dagoen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera izapidetuko da. Ebazpenean, gainera, jabeari edo administratzaileari eskatuko zaio emandako agindua betetzeko, eta hark betetzen ez badu, Udalak eginen du lan hori, behartuaren kontura, betearazpen subsidiarioko prozedura baliatuz.

Alkateak, edo hark eskuordetutako zinegotziak, eskumena izanen du zehapenak jartzeko ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak direla eta.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Suteen arloko arau-hausteak dira honako hauek:

a) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea eta ordenantzako prebentzio-neurriei kontra egiten dieten jarduerak egitea.

b) Sua erabiltzea Nafarroako Gobernuak ezarritako araudia urratuz.

c) Lursailetan belar-sastrakak edo baso landaredia garbitzea edo moztea baimenik gabe.

d) Suteen prebentzio eta konponketa lanak oztopatzea.

e) Udal-mugarteko hiri/baso interfazearen barruan sutea eragiten ahal duen edozein ekintza.

Arau-hausteak sailkatzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 140 artikuluan. Hortaz, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Arau-hauste arintzat joko dira honako hauek:

–Ez luberritzea nekazaritzarako finken lur guztia, uzta biltzeko lanak egin ondoren.

–Ez kentzea landare gai lehorrak laborerako erabiltzen ez diren finketan.

–Udal-mugarteko edozein lurzatitan uztea inausketaren eta bestelako baso tratamenduen hondarrak.

–Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.

Ohartarazpena jaso eta gero, berriro egiten bada beste arau-hauste arin bat, arau-hauste astun bilakatuko da.

Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:

–Eraikinik gabeko hiriguneko lurzatietan, ez kentzea landaretza, obra hondakinak eta material erregaiak udaberriaren amaieratik udazkena arte (udazkena barne).

–Eraikinik gabeko hiriguneko lurzatietan, pilatzea material sukoiak edo su hartzeko arriskua sortzen ahal dutenak.

–Hiriguneko lurzati urbanizatu eta eraikietan landatzea erretxina ugariko espezieak, suak aise hartzen baititu (altzifrea, pinua...), itxitura gisa erabiltzeko edo lurzati barneko zuhaizti gisa.

–Hiriguneko lurzati urbanizatu eta eraikietan pilatzea su hartzen ahal duten materialak edo objektuak, edo sastrakak ez garbitzea.

–Seinaleztatutako hidranteak eta ur-harguneak oztopatzea, eta horien erabilera eragoztea.

–Hirigunearen perimetroaren mugako hiri-ingurumarietan, ibilgailua aparkatzea bidexka eta bide publikoetan edo horietan uztea pasabidea galarazten duten elementuak edo materialak.

–Ez betetzea honako hau: 222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihaneko suteak prebenitzeko, edo Foru Komunitatean aplikatzekoa den etorkizuneko beste edozein araudi.

–Nonahi uztea sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, obra-hondakinak edo bestelako hondakinak.

–Nonahi uztea beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak.

Halaber, arau-hauste astuntzat joko da hamabi hilabeteko epean arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, edo arau-hauste horiek egitea ingurumenean kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.

Arau-hauste oso astuntzat joko dira honako hauek:

–Hirigunean, ez uztea pasabiderik bide publikoetan eta aparkatzea irtenbiderik gabeko kalexka estuetan, halako moduz non sarbidea eragozten baitzaie larrialdietako ekipoei edo ibilgailuei.

–Sua duten edo sua eragin dezaketen suziri edo artefaktuak botatzea (salbu jaietako suziria edo Udalak baimendutako bestelako ekintzak).

–Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bestelako objektuak botatzea.

–Baimenik gabe erabiltzea txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak.

–Baimendutako lekuetatik kanpo jartzea obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak), edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta galarazten ahal dutenak suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea.

–Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, modu iraunkorrean nahiz behin-behinean, eragozten edo zailtzen ahal dituztenak basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak, alde batera utzita trafikoari buruzko arauen beste arau-hauste batzuk.

–Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumenari edo pertsonen osasunari kalte larria eraginda.

–Sute baten edo su-foku baten berri izatea, eta haren berri ez ematea.

–Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, bete gabe erreketa modu kontrolatuan egiteko ezarritako eskakizunak (behar den lagun taldea, palak eta bizkarreko itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehienezko abiadura eta abar).

–Halaber, arau-hauste oso astuntzat joko da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea edo arau-hauste astunak egitea, ingurumenari kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.

10. artikulua. Salaketak.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden agintaritza agenteen salaketek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, frogaren balioa izanen dute, ukatu gabe haien betebeharra dela salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak aurkeztea, eta ukatu gabe, orobat, salatutako pertsonek beren defentsarako aurkezten ahal dituzten frogak erakusteko eskubidea.

11. artikulua. Zehapenak.

1. Titulu honetan agertzen diren arau-hausteei honako isun hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinak: zehapenaren ohartarazpena.

b) Arau-hauste astunak: 100 eurotik 1.000 eurora bitarte.

c) Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 3.000 eurora bitarte.

Zehapenen zenbatekoa eta irismena zehaztean, honako irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Eragindako kaltea: pertsonen osasunean edo segurtasunean, ingurumenean edo legez babestutako bestelako ondasun edo interesetan duen eragina edo garrantzia.

c) Erruduntasun, intentzio eta/edo partaidetza maila.

d) Lortutako onura: zehapenak ezartzean kontuan hartuko da, betiere, arau-haustea egitea ez dadin izan onuragarriagoa arau-hauslearentzat hautsitako arauak betetzea baino.

e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

f) Arau-haustea errepikatzea, arau-haustea egin edo egiten hasi baino bi urte lehenago, arau bereko eta izaera desberdineko arau-hauste bat egin zelako, ebazpen irmo baten bidez halakotzat zehatu ondoren.

g) Aringarritzat hartuko dira arau-haustearen erantzuleak zehapen espedientea ireki aurretik neurri zuzentzaileak bere ekimenez hartzea, eta orobat, araua hausten duen jarduera bertan behera uzten badu arau-hausleak, bere borondatez.

h) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85. artikuluan ezarritako murriztapenak aplikatuko dira.

IV. KAPITULUA.–BETEARAZPEN SUBSIDIARIOA

Muzin egiten bazaie ordenantza honetan ezarritakoa betetzeko betearazpen-agindu edo errekerimenduei, Udalak, aldez aurretik ohartarazpena eginda, jarduketen betearazpen subsidiarioa gauzatuko du, arau-hauslearen kontura. Gastuen zenbatekoa galdegingo da premiamendu bidez.

Alkateak, osasunari edo ingurumenari eraginen dion berehalako arriskua ikusiz gero, beharrezko irizten dituen neurriak hartzen ahalko ditu, horretarako ahalmena aitortzen baitio Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1m) artikuluak. Lehenbailehen eman beharko dio osoko bilkurari neurrion berri.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan ezarritako araubideak ez ditu eragotziko Administrazioko beste erakunde batzuei beren eskumenen eremuan dagozkien esku-hartzeak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egun baliodunean, eta indargabeturik geratuko da bertako manuen aurka egiten duen udal xedapen oro.

Iragarkiaren kodea: L2512451