Iragarkia
197. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 2a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CINTRUÉNIGO
Deialdia, batetik, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gerokultore-zaintzailearen 9 plaza, lan-kontratu finkodunak, San Francisco de Asís Udal Patronatuaren zerbitzura aritzeko, eta, bestetik, izangaien zerrenda bat eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren
Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarrak 2025eko uztailaren 23ko bilkuran hala erabakirik, deialdi bat onetsi da, txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gerokultore-zaintzailearen 9 plaza, lan-kontratudun finkoen araubidekoak eta lanaldi osokoak, zeinak plantilla organikoan identifikaturik baitaude R21, R29, R46, R47, R48, R49, R50, R51 eta R16 zenbakiekin, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuaren plantillan sar daitezen, bai eta izangaien zerrenda bat eratzeko ere, sortzen diren beharrei erantzutearren.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Cintruenigon, 2025eko irailaren 18an.–Patronatuko burua, Oscar Bea Trincado.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea gerokultore-zaintzailearen 9 plaza, lan-kontratudun finkoen araubidekoak eta lanaldi osokoak, zeinak plantilla organikoan identifikaturik baitaude R21, R29, R46, R47, R48, R49, R50, R51 eta R16 zenbakiekin, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuaren plantillan sar daitezen, bai eta izangaien zerrenda bat eratzeko ere, sortzen diren beharrei erantzutearren.
R21 eta R29 plazak jasota daude Cintruenigoko Udalaren 2022ko lan publikoaren eskaintzan (2022ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa). R46, R47, R48, R49, R50 eta R51 plazak jasota daude Cintruenigoko Udalaren 2023ko lan publikoaren eskaintzan (2024ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 5ekoa). R16 plazarako errelebo-kontratu bat ezarri da, plazaren titularrak erretiroa hartu arte; gero izanen da oposizioa gainditu eta txandaren ordenan plaza hori hautatu duen izangaiarendako.
Halaber, deialdi honen xedea da, 8. oinarrian xedatutakoarekin bat, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako lan kontratazioak egiteko honako zerrenda hauek osatzea:
a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
1.2. Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituztenei lan-kontratudun finkoa eginen zaie, zentroan lan egiteko. Ordainsariak izanen dira 3. mailari dagozkion oinarrizkoak, zehazturik dagoen bezala Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko hitzarmen kolektiboko gerokultore lanpostuan, Udal Patronatuaren plantilla organikoan ezarritako osagarriekin.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udal Patronatuak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla Patronatuak nahi bezala bete.
1.4. Egin beharreko hautaprobak gaindituta hautatuak gertatzen diren izangaiak izendatutakoan, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko lan-kontratudun finko bilakatuko dira ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie.
1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Patronatuan sortzen diren beharrei erantzutearren, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42,2.d) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari buruzkoa).
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horiek lehentasuna izanen dute gerokultore-zaintzaile izateko lanpostuak aldi baterako kontratatzeko eratzen den edozein zerrendaren gainetik –beraz, lehendik dagoen zerrendak izaera subsidiarioa izanen du deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez–, eta gehienez ere bost urteko indarraldia izanen du, hura onesteko ebazpena ematen denetik hasita.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.7. Bete beharko dira deialdiaren xedeko lanpostuaren kategoriarako eta gerokultore-zaintzailearen lanpostuaren zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunak. Kontratatzen diren langileak zuzenean zentroko zuzendaritzaren mendean egonen dira eta haien eginkizun nagusia izanen da eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, ezin dutenean jarduera horiek beren kabuz egin, eta haien arreta pertsonalari nahiz haien ingurunearen arretari loturiko lan guztiak egitea.
Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, gerokultore-zaintzailearen lanpostuaren ohiko eginkizunak:
–Erabiltzaileen higiene pertsonalaz arduratuko da.
–Zentroaren plan funtzionalaren arabera, erabiltzaileen tresnak garbitu eta mantenduko ditu, gelak txukun mantentzen lagunduko du, eta eguneko zentroaren funtzionamendu orokorra zainduko du.
–Erabiltzaileei jaten emanen die, beren kabuz jan ezin dutenean. Horri dagokionez, arduratuko da erabiltzaileen janaria jasotzeaz, haiei banatzeaz eta gero biltzeaz.
–Egoiliarrak jaiki eta oheratuko ditu. Lagun eginen die zentroko instalazio batetik bestera joaten.
–Jarrera aldaketak eta zerbitzu osagarriak eginen ditu, bere prestakuntza teknikoa kontuan harturik agintzen zaizkionaren arabera.
–Erabiltzailearen osasunari buruzko gorabeheren berri emanen du.
–Erabiltzaileei lagunduko die egin behar dituzten irteeretan: medikura, gestioak egitera, aisialdiko irteerak, etab.
–Instalazioak garbituko ditu.
–Sostengua emanen die egoiliarrei beren eguneroko bizitzako jarduera guztietan.
–Garbitu eta prestatuko ditu botikategiko altzariak, materialak eta aparatuak.
–Profesionalen taldearekin elkarlanean arituko da haien zerbitzu espezializatuak osatzeko oinarrizko zereginak eginez, erabiltzaileei autonomia pertsonala emateko eta haiek gizarteratzeko.
–Arreta emanen die erabiltzaileen familiakoei, betiere zuzendaritzak eta plan funtzionalak ezartzen dituzten jarraibideen barnean, eta orobat, lagunduko du haiek zentroko bizitzan integratzen.
–Sustatuko du aplika dadin pertsonarengan zentratutako arretaren (PZA) eredua.
–Parte hartuko du hala nahi duten erabiltzaileen erreferentziazko langilea izanez.
–Parte hartuko du PAISS programetan, zuzendaritzak hala eskatuz gero (gizarte eta osasun arloko arreta integralerako programak).
–Erabiltzaileengan atzematen duen edozein aldaketaren berri emanen dio zuzendaritzari edo arduradunari.
–Erabiltzaileekiko harreman edo jarduera guztietan, lagunduko du haiek profesionalengandik jasotzen duten lana osatzen, arretaren, hezkuntzaren eta prestakuntzaren aldetik.
–Erizaina (OLT/EUD) ez badago, glukosaren proba egiten ahalko du eta azal azpiko bidea erabiltzen ahalko du erabiltzaileei botikak emateko (intsulina, heparina...), betiere tratamenduaren dosia eta segimendua medikuek edo erizainek egiten badute.
–Jantoki-officeko lanak eginen ditu eta arreta berezia jarriko du erabiltzen dituen materialetan.
–Behar izanez gero, garbiketa- eta ikuztegi-lanak egitea.
–Nagusi hurrenari jakinaraziko dizkio bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
–Lagun eginen die erabiltzaileei eguneko zentrotik kanpoko nahiz barruko jardueretan.
–Garraio-ibilgailua gidatuko du ezarritako ibilbideetan.
–Oro har, lehenago zehaztu ez diren arren, agintzen zaizkion jarduera guztiak eginen ditu, baldin eta haren lanbidearen jardunekoak eta haren prestakuntza teknikokoak badira.
–Zentroak harrerako eskuliburua emanen dio langileari kontratua hasten denean.
1.8. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta fitxategiak dauden tokietara sartzeko baimena izanen du. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei buruz eta egindako lanen ondorioz jasotzen duen informazio guztiei buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia-egoera, etab.). Daukan informazioa soilik erabiltzen ahalko du lanpostuaren eginkizun eta beharretarako, eta ez du erabiltzen ahalko lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazten ahalko ere. Konfidentzialtasunaren betekizuna iraunkorra da.
Konfidentzialtasun betebeharra. Hautatutako pertsonak nahitaez bermatu beharko du bere lankidetza edo lana dela medio ezagututako datuen konfidentzialtasuna eta tratamendu egokia, eta sekretu profesionalaren betebeharren mendean geratuko da, bai eta honako hauetan jasotakoen mendean ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan–.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo –Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera– langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek ere parte hartu ahalko dute, Espainian bizi eta erroldatuta badaude.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Frogatu behar dute badutela gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa, zeina ezarrita baitago urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuan. Bestela, baldintza hau frogatzeko, honako hauetako bat eduki beharko dute: Erizaintzako Zainketa Teknikariaren titulazioa edo erdi-mailako heziketa zikloa (apirilaren 7ko 546/1995 eta apirilaren 30eko 777/1998 errege dekretuen bidez ezarrita); Arreta soziosanitarioko teknikariaren titulua edo ziurtagiria edo lehenago eskatutako titulazioa eskuratu izanaren gordekina (azaroaren 4ko 1593/2011, maiatzaren 2ko 496/2003 eta abuztuaren 1eko 1379/2008, errege dekretuak).
Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da honako hauetakoren bat edukita: DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, lehen mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat hartutako beste bat gehi honako profesionaltasun ziurtagirietako bat:
Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua.
Zaintzaileen/gerokultoreen lanbide-kategoriarako salbuespenezko lanbide gaikuntzaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo gizarte zerbitzuetan eskumena duten autonomia erkidegoek xedatutako beste erakunde publiko batek emana.
Zaintzaile gerontologikoaren gaitasun profesionalak aitortzen dituen ziurtagiria, gaitasun horiek ebaluatuta lan esperientziaz eskuratutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozeduraren bidez.
Atzerrian lortutako tituluekin batera aurkeztu beharko da Espainian homologatuta daudela frogatzen duen jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, eta, gainera, beharrezkoa bada, tituluari zinpeko itzulpena erantsiko zaio.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
Ulertuko da aurreko baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Aurreko apartatuetan eskatutako tituluak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztuta.
3. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak egin beharko dira eskabide orokorra baliatuta, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko erregistro nagusian.
Eskabideak izanen dira deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
Izangaiek helbide elektroniko bat adierazi beharko dute eskabidean, han jasoko dituzte-eta jakinarazpenak.
3.3. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, hala adierazi beharko dute eskabidean. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.
Denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–IMSERSOk eta autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Patronatuko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan.
Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, horrek galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa, bai eta epaimahaiaren behin betiko osaera, kasua bada. Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Udal Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan.
5. oinarria.–Epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Óscar Bea Trincado, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko burua.
–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Edurne Navascués Muro, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarreko kidea.
–Lehen epaimahaikidea: María Moreno Etayo, i3e-ko aholkularitza eta kudeaketako teknikaria.
–Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Misael Narros Martín, i3e-ko aholkularitza eta kudeaketako teknikaria.
–Bigarren epaimahaikidea: Marcos Navascués Chivite, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarreko kidea.
–Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: M.ª Ángeles García Sesma, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarreko kidea.
–Hirugarren epaimahaikidea: Elisa Martínez García, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko Enpresa Batzordeko kidea.
–Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Julia Alvero Yanguas, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko Enpresa Batzordeko kidea.
–Epaimahaikide-idazkaria: Ana Domínguez Martínez, Cintruenigoko San Francisco de Asís Patronatuko zuzendaria.
–Epaimahaikide-idazkariaren ordezkoa: Ana Isabel Lacarra Ridruejo, Cintruenigoko San Francisco de Asís Patronatuko idazkaria.
5.2. Epaimahaiak eratu beharko du hautaprobak hasi baino lehen, eta haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da, eta bertan epaimahaiburua eta idazkaria egotea, edo haien ordezkoak.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabil dezake.
Halaber, oposizio-lehiaketako proba guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen diren barneko funtzionamendu arauak ebazteko, betiere deialdian azaltzen diren oinarriei jarraikiz.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hala jakinarazi kalifikazio-epaimahaiko buruari, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.
6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.
6.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da oposizioa.
Oposizioa 2025eko urritik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Ondotik, epaimahaiak behar den garaian emanen ditu argitara gainerako proben iragarkiak, Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan.
6.3. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek haietara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala. Bazterturik geldituko dira probetara agertzen ez diren hautagaiak. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
Probetan gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak Patronatuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak, eta horiekin batera gutun-azal itxiak irekitzeko eguna eta ordua zehaztuko ditu.
Izangaiek alegazioak egin ditzakete behin-behineko kalifikazio horien aurka, hiru egun naturaleko epean, Patronatuaren erregistro orokorrean aurkezturik. Alegazioak ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan.
6.4. Oposizioaldia. (70 puntu).
6.4.1. Lehen proba: proba teorikoa izanen da, eta baztertzailea (60 puntu). Galdera sorta bati erantzun beharko zaio, idatziz, deialdi honen III. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Sortak 30 galdera izanen ditu, eta erreserbako beste 5, eta gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira proba honetan. Hala, zuzen erantzundako galdera bakoitzari 2 puntu emanen zaizkio. Oker erantzundakoek puntu erdia kenduko dute. Zuriz uzten diren erantzunek ez dute ez punturik emanen ez kenduko.
Proba gaindituko dute gutxienez 30 puntuko kalifikazioa lortzen dutenek. 30 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.
Proba hau egiteko ezinen da inolako materialik, testurik edo makinarik kontsultatu. Eramaten ahalko dira bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza soilik.
6.4.2. Bigarren proba: proba praktikoa izanen da (10 puntu). Idatzizko ariketa bat egin beharko da, egiaztatzeko zer trebetasun dituzten izangaiek, bete beharreko gerokultore-zaintzailearen lanpostuari dagokionez.
Probak egun berean eta bata bestearen jarraian, edo egun desberdinetan eginen dira, aurkeztu den izangai-kopuruaren arabera betiere. Kalifikazio-epaimahaiak probei ekin aurretik zehaztuko du zenbatekoa izanen den ariketa teorikoaren eta praktikoaren iraupena.
Probak egiteko eguna, ordua eta tokia proba hasi baino gutxienez 48 ordu lehenago emanen dira aditzera San Francisco de Asís Patronatuaren informazio-taulan eta web-orrian.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.
6.5. Lehiaketaldia: (30 puntu):
Oposizioaldia gainditu duten izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honen I. eranskinari jarraikiz.
Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da.
Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dituzte izangaiek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
Merezimenduak lehen ariketa egin baino lehen aurkeztu beharko dira Patronatuaren bulegoetan.
6.6. Azken kalifikazioa edo balorazioa aterako da batuz proba teorikoaren puntuazioa (gehienez 70 puntu) eta aurkezturiko merezimenduen puntuazioa (gehienez 30 puntu); beraz, azken balorazioa gehienez 100 puntu izanen da.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiak proposaturik.
7.1. Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1.1. Izangaien behin betiko kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda prestatuko du, lortutako puntuazioaren ordenan, eta argitara emanen du Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan. Zerrenda loteslea izanen da eta Udal Patronatuko Batzarrari igorriko zaio espediente osoarekin batera, bai eta puntuazio handiena lortu dutenen aldeko izendapen proposamenarekin batera ere.
Azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, ebatziko da proba teorikoan puntuaziorik handiena duenaren alde. Berdinketak segitzen badu, proba praktikoan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da. Berdinketak segitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.
Izendapen proposamena argitara emanen da Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Zerrenda horiekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, gerokultore-zaintzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioak egiteko, halakorik behar izanez gero.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Patronatuaren erregistro orokorraren bidez:
a) Deialdiaren bigarren oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea. Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Deialdiaren 2. oinarrian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.
Jatorrizko agiria edo haren kopia konpultsatua aurkeztu behar dira kasu guztietan.
7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, esandako agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da kontratatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, horrek ezertan galarazi gabe eskabidean eginiko faltsukeriagatik erantzun beharra, halakorik egin badu.
7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, probak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatua) hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua.
7.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio kontratazioari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela probak gainditu dituen eta puntuazioaren arabera hurrengoa den izangaia.
7.6. Hautapen-prozesua bukaturik, eta probak gainditu eta puntuaziorik handienak lortu dituzten izangaiek aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Udal Patronatuko Batzarrak ebatziko du San Francisco de Asís Udal Patronatuko lan-kontratudun finko izendatzea, deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko.
Izendapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu behar dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko langilea izateko.
8. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako zerrenden kudeaketa.
8.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ondotik azaltzen diren zerrendak sortuko dira aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik plazarik lortu ez duten izangaiekin. Kontratazio zerrendak bost urte iraunen du, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.
A) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
B) Probak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
Epaimahaiak espedientea igorrita, Patronatuko Batzarrak aldi baterako lan-kontrataziorako zerrendak onetsiko ditu, eta argitara emanen ditu Patronatuaren iragarki-taulan eta web-orrian.
8.2. Zerrendaren kudeaketaz arduratuko da Cintruenigoko San Francisco de Asís Patronatua erakunde autonomoko burua.
8.3. Behin betiko zerrenda onetsi ondoren, izangaiei dei eginen zaie puntuazio-ordenari zorrotz jarraikiz. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuak egiaztatuko ditu.
8.4. Dei egiteko arau orokorrak:
8.4.1. Deiak egiteko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
8.4.2. Izangaiei deitzeko, jarraikiko zaie aurreko apartatuetan ezarritako lehentasun irizpideei.
8.4.3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
8.4.4. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 8.4.2 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.
8.4.5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.
8.4.6. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehen izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honetako 3. apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.
8.4.7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean izan ezik.
8.4.8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
8.5. Deiak amatasun edo adopzio lizentzien kasuetan.
Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei hura erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.
8.6. Kontratazio eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz itzuliko aktibo egotera, harik eta behar bezala frogatzen duten arte ukorako arrazoia bukatu dela.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz harreran hartua edo adoptatua.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik.
e) Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.
g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.
Aurreko apartatuan azaltzen diren kasuetan izangaiek jakinarazi beharko dute badaudela lanerako prest. Hala jakinarazten ez den artean, dena delako izangaiak ez dira egonen deitzeko moduan, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.
Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.
8.7. Zerrendetatik baztertzea.
Ondoko kasuotan izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada administrazio publiko edo pribatuan sartzea. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azken tokira pasatuko da.
d) Lanpostua bertan behera uztea.
e) Ez gainditzea bi hilabeteko probaldia, edo kontratua azkentzen bazaio diziplina-espediente bat dela-eta; behin betiko baztertuko da dagoen zerrenda guztietatik.
f) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
g) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.
h) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
8.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen-prozesutik baztertuko dira, Patronatuko buruaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
8.9. Datu pertsonalen babesa.
Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin, izangaiei honako hau jakinarazten zaie (Datuak Babesteko Europako Erregelamendua, DBEO):
–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatua da.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratatu aurreko neurriak aplikatzeko), eta DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat betetzeko).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo gardentasun atariaren bitartez, non informazio gehiago baitago eskura.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
9. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
d) Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–LEHIAKETALDIAREN BALORAZIOA
A) Laneko esperientzia. (Gehienez 20 puntu).
–Zaharren egoitza edo eguneko zentro publiko zein pribatuetan gerokultore-zaintzaile gisa lanean emandako zerbitzu-urte bakoitzeko: 5 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.
–Beste baliabide publiko zein pribatu batzuetan gerokultore gisa egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.
Esperientzia denborak urte osoa egiten ez badu, proportzioan dagokiona emanen zaio.
Egin diren zerbitzuak frogatuko dira, soilik, administrazio publikoak edo dagokion enpresak emandako ziurtagirien bidez.
B) Prestakuntza ikastaroak. 10 puntu, gehienez.
–Pertsonarengan zentratutako arretaren arloko prestakuntza programak egiteagatik, prestakuntza ziurtatuko 10 orduko: 0,1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.
–Lanpostuarekin zerikusia duten gaien arloko hobekuntza-ikastaroak egiteagatik, titulu edo ziurtagiri bidez frogatuta. (Mobilizazioak, zainketa aringarriak, jokabide-arazoen maneiua, dementziak, komunikazioa, disfagiak, lehen sorospenak, laneko arriskuen prebentzioa).
–Prestakuntza ziurtatuko 10 orduko: 0,1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.
Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.
Betiere, hautaprobak egin ondotik baloratuko dira merezimenduak, oposizioaldia gainditu duten izangaienak soilik baloraturik, eta bertan jasoko dira izen-deiturak eta puntuazioa.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
2. Osasunaren/gaixotasunaren kontzeptua. Garapena eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.
3. Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.
4. Pazientearen eskubideak, betebeharrak eta autonomia. Sekretu profesionala: kontzeptua eta araudi juridikoa. Historia klinikoa: definizioak, eginkizunak eta historia motak. Historia klinikoaren lege eta osasun alderdiak. Agirien diseinua eta normalizazioa.
5. Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.
6. Mugitzeko arazoak dituen pazienteari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Presio-ultzerak: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena, etiologia eta prebentzio-neurriak. Mobilizazioa eta gorputz-jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia.
7. Pazientea laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan. Higienearen kontzeptu orokorra eta partziala, azalaren eta ilearen higienea, bainu lagunduaren teknika, ohean dagoen pazientearen higienea. Aho osasuna eta higienea.
8. Pazientea lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.
9. Digestio aparatuaren anatomofisiologia eta patologia. Metabolismoa, nutrizioa eta hari lotutako patologiak. Pazientea lagundu eta zaintzea elikaduran eta nutrizioan. Elikaduraren eta nutrizioaren kontzeptua, elikagaiak eta haien sailkapena, dietak eta dieta terapeutiko motak. Elikadura enterala eta parentala: kontzeptua eta teknikak.
10. Medikamentuak emateko arau orokorrak, emateko bideak, neurriak aldez aurretik, bitartean eta eman ondotik. Medikamentuak biltegiratu eta kontserbatzea. Segurtasun klinikoa: gertaera kaltegarriak identifikatzea.
11. Urgentzia/emergentzia kontzeptua. Oinarrizko berpizte kardiopulmonarra, oinarrizko bizi euskarria. Bihotz-biriken geldialdietarako orga. Lehen sorospenak: politraumatizatuak, erreak, shock egoerak, intoxikazioa, zauriak, hemorragiak eta asfixiak.
12. Osasun mentaleko pazientea zaintzea eta laguntzea honako hauetan: komunitate terapeutikoan eta eguneko ospitalean, eta errehabilitazio psikosozialaren esparruan, arreta komunitarioan eta etxeko bisitetan.
13. Pazientea zaintzea eta laguntzea, miaketa bat egiteko eta ebakuntza kirurgiko baterako prestatzerakoan: jarrera anatomikoak. Ebakuntza egin aurretiko eta ondorengo arreta.
14. Zaharra zaintzea eta laguntzea: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zaintza, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.
15. Hil hurren den pazientea zaintzea eta laguntzea, zainketa aringarriak: Gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.
16. Zaintzaren humanizazioa.
17. Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua.
18. Nahigabeko bakardadea, entzute aktiboa, enpatia, erabakiak hartzeko gaitasuna, erresilientzia, jokabidearen nahasmenduak.
19. Mugitzeko arazoak dituen egoiliarrari laguntzea: laguntza teknikoak, higiene beharrak, kanporatze beharrak. Diuresia eta libratzea.
Iragarkiaren kodea: L2512339
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
